
89. zk., 2026ko maiatzaren 14a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (247 KB - 25 orri.)
- EPUB (554 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2010
51/2026 EBAZPENA, maiatzaren 5ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako hezkuntza-lankidetzarako esparru-hitzarmena, kanpoko praktika akademikoak egiteko eta gradu amaierako edo master amaierako lanak garatzeko eta/edo zuzentzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hezkuntza-lankidetzarako esparru-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako hezkuntza-lankidetzarako esparru-hitzarmena, kanpoko praktika akademikoak egiteko eta gradu amaierako edo master amaierako lanak garatzeko eta/edo zuzentzeko. Hezkuntza-lankidetzarako esparru_hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 5a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 5EKO 51/2026 EBAZPENARENA
HEZKUNTZA-LANKIDETZARAKO ESPARRU-HITZARMENA, UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN OSASUN SAILAREN ARTEKOA, KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK EGITEKO ETA GRADU AMAIERAKO ETA/EDO MASTER AMAIERAKO LANAK GARATZEKO ETA/EDO ZUZENTZEKO
BILDURIK:
Alde batetik, universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU, aurrerantzean) ordezkari modura, Urtza Garay Ruiz andrea/jauna, esparru-hitzarmen hau sinatzeko eskumena duen organoaren (Gradu eta Eraldaketa Digitalerako Errektoreordetza) izenean eta hura ordezkatuz (Helbidea:Sarriena Barrio z / g, Leioa, Bizkaia, 48940, Bizkaia; IFK zenbakia: Q4818001B), , 2025eko urtarrilaren 27koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen ebazpenak (BOPV 34 zbk 2025eko otsailaren 19), izendatzeko Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen gobernu taldeko errektoreordeak eta idazkari nagusia. aitortzen dizkion eskudantzien arabera.
Bestetik, Gontzal Tamayo Medel jauna, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, urtarrilaren 12ko 4/2021 Dekretuz egindako izendapenaren ondorioz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Osasun Sailaren (Osasun Saila edo erakunde laguntzailea, aurrerantzean) izenean eta ordezkaritzaz (IFK zenbakia: S483301C, eta jakinarazpenetarako helbidea: Donostia Kalea, 1-01007,Vitoria-Gasteiz, Araba), Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuak ematen dizkion eskudantzien arabera.
Esparru-hitzarmen hau sinatzeko lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri alde biek.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– EHU zuzenbide publikoko erakunde bat da, irakaskuntzan, ikerketan eta garapen zientifiko-teknologikoan diharduena, sektore anitzekoa eta diziplina anitzekoa, eta haren helburuen artean dago «Kalitatezko goi mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen heziketa osoa bultzatzea, eta lanean hasteko beharrezkoa den prestakuntza ziurtatzea». (EHUren Estatutuen 4.1.c artikulua).
Bigarrena.– Irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak, unibertsitate-irakaskuntzen antolaketa eta kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituenak, 11.1 artikuluan ezartzen du kanpoko praktika akademikoak unibertsitateko ikasleek egindako eta unibertsitateek gainbegiratutako prestakuntza-jarduerak direla, eta haien helburua dela ikasleei aukera ematea prestakuntza akademikoan eskuratutako ezagutzak aplikatzeko eta osatzeko, lanbide-jarduerak egiteko prestatzeko, enplegagarritasuna errazteko eta ekintzailetza-gaitasuna sustatzeko gaitasunak eskuratzen lagunduz.
Era berean, 822/2021 Errege Dekretuak ezartzen du kanpoko praktika akademikoak egiteko Hezkuntza Lankidetzako Hitzarmen bat sinatu beharko dela unibertsitatearen, edo bere zentro propio eta atxikien, eta erakunde, enpresa, erakunde sozial eta sindikalen edo administrazioaren artean, uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuak, unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituenak, 7. artikuluan aurreikusten duen bezala. Hitzarmen horretan jasoko dira praktika horiek garatzen dituzten prestakuntza-proiektua eta praktika horiek inplementatzeko baldintzak.
Hirugarrena.– 822/2021 Errege Dekretuaren 14.6 artikuluak ezartzen du gradu amaierako lana nahitaezkoa dela titulu ofiziala lortzeko. Ikasketa-planaren azken fasean garatu behar diren lan horien helburu nagusia da ikasleak graduko unibertsitate-titulu ofiziala definitzen duten ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak menderatzen eta aplikatzen dituela erakustea.
Era berean, EHUko Gradu Amaierako Lana egin eta defendatzeari buruzko Araudiak, 6.4 artikuluan, aukera ematen die ikasleei GRALk EHU ez den beste erakunde edo erakunde batzuetan garatzeko, eta unibertsitatetik kanpoko langileek zuzentzeko, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badira.
822/2021 Errege Dekretuaren 17.4 artikuluak ezartzen du master amaierako lana nahitaezkoa dela titulu ofiziala lortzeko.
Era berean, EHUn masterraren amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko araudiak aukera ematen du masterraren amaierako lana zati batean edo osorik EHU ez den beste erakunde edo organismo batean egiteko, betiere bertan aurreikusitako baldintzak betetzen badira, eta ezartzen du masterraren amaierako lana kanpoko erakunde batekin lankidetzan garatu eta/edo zuzentzeko dagokion hitzarmena sinatu beharko dela. Hitzarmen hori araudian bertan ezarritakoaren arabera izapidetuko da, EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamenduari buruzko Araudiaren 25. artikuluko f) idatz-zatian ezarritakoaren babesean (2009ko maiatzaren 26ko EHAA).
Laugarrena.– Bi aldeek, jakitun unibertsitate-ikasleak lanbideratzearen berezitasunaz, lankidetzarako esparru-hitzarmen hau sinatu nahi dute, helburua izanik EHUko Gradu eta Master ikasleen prestakuntza eta gaitasunak integratzea, kanpoko praktika akademikoen bidez edo gradu edota master amaierako lanak garatuz edo zuzenduz.
Hori guztia kontuan harturik, bi aldeek:
HITZARTU DUTE:
Bakarra.– Esparru-hitzarmen hau sinatzea praktikak egiteko unean indarrean dagoen legediaren arabera. Bereziki, eta aplikatzekoa den bitartean, prestakuntza praktiko hori irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuan, unibertsitate-irakaskuntzen antolaketa eta kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituenean, eta uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuan, unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituenean, eta EHUren barne-araudian (Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen Araudia, Euskal Herriko Unibertsitatean gradu amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko Araudia eta Euskal Herriko Unibertsitatean masterraren amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko Araudia) jasotako aurreikuspenen arabera egingo da. Klausula hauek izango ditu:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Esparru-hitzarmen honen xedea da lankidetza programa bat adostea EHUren eta Osasun Sailaren artean, EHUko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiteko eta, hala badagokio, titulua lortzeko ikasketetako gradu guztien amaierako lanak (GRAL, aurrerantzean) edo masterra lortzeko graduondoko ikasketetako master guztien amaierako lanak (MAL, aurrerantzean) zuzentzeko.
Horrela, Osasun Saileko langileek aipatutako irakaskuntzetako ikasleek egin beharreko prestakuntza-jarduerak garatzen lagundu ahal izango dute, indarrean dagoen araudian ezarritakoari kalterik egin gabe eta TFG eta/edo TFM zuzentzeko eta egiteko baldintza eta betekizunekin bat etorriz.
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 319/2024 Dekretuan zehaztutako funtzioetara eta jardun-arloetara mugatzen da bere eragin-eremua.
Bigarrena.– Konpromiso akademikoak eta administratiboak.
1.– GRAL/MAL.
GRALak edo MALak egiten edo zuzentzen hasi aurretik, aldeek sinatuko dute esparru-hitzarmen honen GRAL eranskina edo MAL eranskina. Datu hauek emango dira gutxienez:
– Ikaslea egiten ari den gradu edo master programa.
– GRALa edo MALa erakunde laguntzailean zer ikasturtetan hasi den.
– Ikaslearen datuak.
– GRALa edo MALa erakunde laguntzailearen zer laborategitan edo ikerketa-unitatetan garatuko den.
– GRALak edo MALak erakunde laguntzailean duen zuzendaria edo zuzendarikidea, hala badagokio.
– GRALak edo MALak EHUn duen zuzendaria edo zuzendarikidea, hala badagokio.
– GRALaren edo MALaren egutegi- eta ordutegi-proposamena.
– Konfidentzialtasun baldintzak.
– Jabetza intelektualaren eta jabetza industrialaren baldintzak.
– Ikaslearen adostasuna.
2.– Kanpoko praktika akademikoak.
Kanpoko praktika akademikoak egiten hasi aurretik, aldeek sinatuko dituzte esparru-hitzarmen honi erantsi zaizkion EHUren Kanpoko Praktika Akademikoen Araudiaren II. eranskina (curriculum praktikak) eta IV. eranskina (curriculumez kanpoko praktikak).
Ikastegiak eta erakunde laguntzaileak adostuko dituzte praktiken iraupena eta ordutegiak, kontuan izanik haien ezaugarriak eta erakundearen ahalmena, praktikak ahalik eta eraginik txikiena izan dezan erakunde laguntzailearen ohiko jardunean.
Dagokion ikasketa-planean oinarrituta, tutore arduradunak prestakuntza proiektu bat egingo du praktikak hasi aurretik.
Proiektu horrek atal hauek izango ditu gutxienez:
– Ikaslearen datuak.
– Erakundearen datuak.
– Tituluaren datuak.
– Erakunde laguntzaileko instruktorea.
– Tutore akademikoa.
– Praktiken programaren arduraduna.
– Praktikaren iraupena (orduak).
– Oinarrizko gaitasunak, generikoak eta espezifikoak.
– Zehaztutako gaitasunekin lotutako ikaskuntza emaitzak.
– Ikasleak egin beharreko jarduerak eta lanak (praktika egiten ari den erakundean edo unibertsitate-ikastegian).
Hirugarrena.– EHUren konpromiso espezifikoak.
– Espresuki aipatzea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren lankidetza EHUko ikasleen kanpoko praktika akademikoetan eta, hala bada, GRAL/MALaren garapenean edo zuzendaritzan, baita horiekin zerikusia duten jarduera guztietan ere.
– Informazioa ematea erakunde laguntzaileari gradu eta master ikasketak erregulatzen dituen unibertsitate araudiari buruz.
– Sinatutako dokumentuaren kopia bat ematea erakunde laguntzaileari.
– Esparru-hitzarmen honen berri ematea ikasleari (eragiten dioten atal guztien berri).
– Ikasleak esparru-hitzarmen honek eta dagokion araudiak ezartzen dizkioten betebeharrak bere gain hartzen dituela zaintzea.
– Ikasleak baimena ematea espresuki bere datuak 14. klausulan aipatutako xedeetarako erabiltzeko.
– Indarrean dagoen araudiak aipatutako beste edozein konpromiso.
Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren konpromiso espezifikoak.
– Ikaslea hartzea bere instalazioetan dagozkion jarduerak egin ditzan: GRAL edo MAL. Eta hala badagokio, lan horiek zuzentzea (zuzendaria edo zuzendarikidea izanik) eta ikaslearen praktiketan instrukzio funtzioa betetzea (instruktorea).
– Erakundeko pertsona bat izendatzea ikaslearen jardueraren arduradun, baita praktiken tutore bat edo GRAL/MAL zuzendari bat ere, hala badagokio.
– Indarrean dagoen gradu- eta master-ikasketen unibertsitate-araudia betetzea, baita ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituena ere.
– GRAL/MALa eta garatu beharreko praktikak egokiro garatzeko ikasleek behar duten materiala eta azpiegitura jartzea, eta zenbat ikasle har ditzakeen zehaztea.
– Praktikak egiteko behar duen dokumentazioa ematea ikasleari; bereziki, GRAL/MALari buruzkoa.
– Idatzizko txosten bat egitea GRAL/MALaren defentsaren aurretik, baita praktikei loturiko txostenak ere.
– Indarrean dagoen araudiak aipatutako beste edozein konpromiso.
Bosgarrena.– Praktiken instruktorea.
1.– Erakunde laguntzaileak instruktore bat izendatuko du ikasle bakoitzarentzat, eta haren eginkizunak izango dira prestakuntza jarduerak antolatzea, ados jarrita Praktika Programaren arduradunarekin eta ikaslearen tutorearekin, eta praktikaren garapenari buruzko informazioa ematea tutoreari, Prestakuntza Proiektua betez.
2.– Erakunde laguntzailearekin lotura duen norbait izango da instruktorea, eta tutoretza lan egokia egiteko behar diren esperientzia profesionala eta ezagutzak izango ditu. Instruktorea eta unibertsitatearen tutoretza lana egingo duena ez dira pertsona bera izango.
3.– Praktika Programaren arduradunaren onespena beharko du instruktoreak, eta onespen horrek emango dio «venia docendi»-a, zein EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak erregulatzeko Araudian ezarritako prozedura bidez gauzatuko baita.
4.– Kontuan hartuta instruktoreari eginkizun batzuk eta eskubide eta betebehar batzuk esleitzen zaizkiola esparru-hitzarmenaren xede diren jardueren jarraipenari dagokionez, eta haren lanpostuari dagozkionak baino eginkizun gehiago bete behar dituzten Osasun Saileko funtzionarioak direnez, ezinbestekoa da instrukzio-egileak zeregin horiek aldez aurretik eta borondatez onartzea. Gainera, Osasun Sailak kontuan hartuko du eginkizun horiek betetzeak eragina izan dezakeela normalean egiten dituen zereginetan.
Seigarrena.– Praktiketako instruktorearen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Erakunde laguntzaileko instruktoreak eskubide hauek izango ditu:
a) Laguntzaile gisa egingo duen lana aitortua izatea, aurreko klausulan ezarritako moduan.
b) Kanpoko praktiken araudiari buruzko informazioa jasotzea, baita prestakuntza proiektuari eta garapen baldintzei buruzkoa ere.
c) Unibertsitatera jo ahal izatea, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazio eta laguntza eske.
2.– Gainera, betebehar hauek izango ditu:
a) Ikasleari harrera egitea eta egin behar dituen jarduerak antolatzea, prestakuntza-proiektuaren arabera.
b) Ikaslearen lana gainbegiratzea eta praktika orientatu eta kontrolatzea, elkar errespetuan eta ikaskuntzarekiko konpromisoan oinarrituko den harreman baten bitartez.
c) Erakunde laguntzailearen antolakuntzari eta funtzionamenduari buruzko informazioa ematea ikasleari; bereziki, laneko arriskuei eta segurtasunari buruzkoa.
d) Unibertsitateko tutorearekin koordinatzea prestakuntza-proiektuko jarduerak egiteko; gainera, sor daitezkeen gorabeheren berri ematea eta horiek konpontzea, eta azterketak egiteko baimenak kontrolatzea.
e) Ebaluazio-prozesuan parte hartzea (ikastegiak emango dio prozesu horren berri).
f) Praktiketarako behar duen prestakuntza osagarria ematea ikasleari.
g) Praktiketarako behar dituen baliabide materialak ematea ikasleari.
h) Ikasleak akuilatzea berrikuntza, hobekuntza eta ekintzailetza arloetan proposamenak egin ditzaten.
i) Erakundearen ateak zabaltzea EHUko tutoreari, bere eginkizunak bete ditzan.
j) Konfidentzialtasunez gordetzea instruktore lanetan eskura dezakeenikasleari buruzko edozein informazio.
k) Ikasleari laguntzea erakundean egingo duen egonaldian, bertan betetzen dituen jardueretan sor daitezkeen gorabehera profesionalak konpontzeko.
Zazpigarrena.– Gradu amaierako lana edo master amaierako lana egin behar duten ikasleen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Honako hauek dira esparru-hitzarmen honen arabera ikasleen eskubideak eta betebeharrak:
a) GRALa edo MALa hastea, adostutako datan eta baldintzetan.
b) Erakunde laguntzaileak finkatutako ordutegiak eta arauak betetzea.
c) GRALa edo MALa arduraz eta probetxuz egitea, GRAL/MALaren jarduera planaren arabera eta onartu diren baldintza espezifikoetan.
d) GRAL/MAL zuzendariaren idatzizko txostena jasotzea lana defendatu aurretik.
e) GRAL/MALean izandako edozein gorabeheraren berri ematea erakunde laguntzaileko GRAL/MAL zuzendariari (edo, hala badagokio, erakundeak jarduera horietarako izendatutako arduradunari) eta EHUko zuzendariari edo zuzendarikideari.
f) Erabateko sekretu profesionalez eta konfidentzialtasunez gordetzea erakunde laguntzailean eskuratutako informazioak.
g) Jabetza intelektual eta industrialeko eskubidea, gai hau arautzen duen legediak ezarritakoaren arabera.
h) Esparru-hitzarmen honen klausulek ez dute inola ere eragingo inori lagatzea edo transmititzea erakunde laguntzailearen jabetza intelektual edo industrialeko eskubideak.
i) Indarrean dagoen araudian aurreikusitako beste edozein eskubide edo betebehar.
2.– Aurreko apartatuan aipatutako betebeharrak bete ezean, bertan behera utzi ahal izango dira jarduerak. Horretarako, gertatutakoaren berri emango dio EHUk edo erakunde laguntzaileak esparru-hitzarmen honen bidez sortutako Jarraipen Batzordeari, eta honek hamar egun izango ditu, gehienez, jarduerak hutsaldu ala ez erabakitzeko.
Zortzigarrena.– Praktiketako ikasleen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Ikasleek eskubide hauek izango dituzte kanpoko praktika akademikoak egitean:
a) Tutoretzarako eskubidea praktikaren iraupen-aldian, unibertsitateko irakasle baten edo praktika egiten ari den enpresa, instituzio edo erakundeko profesional baten eskutik.
b) Ebaluatua izateko eskubidea, unibertsitateak ezarritako irizpideen arabera.
c) Erakunde laguntzailearen praktikei buruzko txostena jasotzea, bereziki aipatuta egin den lana, haren iraupena eta, hala badagokio, errendimendua, unibertsitateak ezarritako prozeduraren arabera.
d) Hala agintzen den kasuetan, diru-ekarpena jasotzeko eskubidea, lan-poltsa edo ikasketa-laguntza gisa.
e) Jabetza intelektual eta industrialeko eskubidea, legediak arlo honetan ezartzen dituen baldintzetan, ikasleak dagokion lagapen edo transmisio dokumentua sinatu duenean izan ezik.
f) Informazioa jasotzea erakunde laguntzailearen eskutik laneko segurtasun eta arriskuen prebentzioaren araudiari buruz.
g) Haien jarduerak egitea (akademikoak, prestakuntza arlokoak eta ordezkaritza nahiz partaidetza arlokoak), horien berri emanez garaiz erakunde laguntzaileari.
h) Desgaitasunak dituzten ikasleen kasuan, beharrezko baliabideak eskuratzea, tutoretza, informazio eta ebaluazio alorretan, praktikak baldintza berberetan egiteko.
i) Desgaitasunak dituzten ikasleen kasuan, praktikak bateragarri egitea desgaitasunetik eratorritako jarduerekin eta egoerekin.
j) Indarrean dagoen araudiak eta unibertsitateak erakunde laguntzailearekin hezkuntza-lankidetzarako sinatu dituen esparruhitzarmenek aurreikusitako beste eskubide guztiak.
2.– Bestetik, ikasleek betebehar hauek izango dituzte kanpoko praktika akademikoak egitean:
a) Unibertsitatearen kanpoko praktikei buruzko araudia betetzea.
b) Praktiken prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, kontuan izanik erakunde laguntzaileak – unibertsitateko tutorearen gainbegiradapean– izendatutako instruktorearen jarraibideak.
c) Harremanetan egotea unibertsitateko tutorearekin praktikak egin bitartean eta edozein gorabeheraren berri ematea. Gainera, eskatzen zaizkien dokumentu guztiak entregatzea.
d) Lanean hastea erakunde laguntzailean, aurrez adostutako egunean; hezkuntza-proiektuan ezarritako ordutegia betetzea; praktikei dagozkien arropak janztea eta higiene arauak betetzea; eta erakundearen funtzionamendu, segurtasun eta lan arriskuen prebentziorako arauak errespetatzea.
e) Pertsonen eta instalazioen segurtasuna bermatzeko moduan jokatzea praktiketan.
f) Prestakuntza proiektua garatzea eta arduraz aritzea erakunde laguntzailearekin hitzartutako jardueretan, proiektuan ezarritako lan ildoen arabera.
g) Praktikak arautzen dituen EHUren araudian ezarritako dokumentuak, txostenak eta memoriak egitea eta entregatzea, baldin eta unibertsitateko tutoreak edo erakundeko instruktoreak eskatzen badizkio.
h) Konfidentzialtasunez gordetzea erakunde laguntzailearen barne informazioa eta sekretu profesionalaz jokatzea, inoren esku ez uzteko praktiketan (praktiken aurretik, praktikak egin bitartean eta ondoren) lortutako datuak eta informazioa.
i) Segurtasun-neurriak eta jarraibideak betetzea baliabide informatikoak erabiltzean, informazioa tratatzean eta dokumentuak zaintzean, baita instalazioen segurtasunaren arloan ere.
j) Errespetuz jokatzea beti erakunde laguntzailearen politikarekin, partaide diren unibertsitatearen izen ona zainduz.
k) Indarrean dagoen araudiak eta unibertsitateak erakunde laguntzailearekin hezkuntza-lankidetzarako sinatu dituen esparruhitzarmenek ezarritako beste betebehar guztiak.
3.– Aurreko ataleko betebeharrak bete ezean, bertan behera utzi ahal izango dira praktikak. Horretarako, gertatutakoaren berri emango dio EHUk edo erakunde laguntzaileak esparru-hitzarmen honen bidez sortutako Jarraipen Batzordeari, eta honek hamar egun izango ditu gehienez erabakitzeko praktikak hutsaldu ala ez.
4.– Ikasleek aukera izango dute praktiketara ez joateko azterketarik egin behar izanez gero, horren berri emanez instruktoreari hiru egun lehenago. Arrazoi akademiko edo beste arrazoi batzuengatiko gainerako huts egiteak ahalik eta lasterren jakinaraziko zaizkie instruktoreari eta tutoreari, eta honen onespena beharko dute.
Bederatzigarrena.– Ikasleen eta eusko jaurlaritzako osasun sailaren arteko harremanaren izaera.
1.– Kanpoko praktika akademikoen helburua dela eta (hau da, ikasleen prestakuntza), ez da sortuko inola ere lan-harreman bati dagokion betebeharrik, eta ezin izango dira erabili lanpostu bati dagokion lanprestazioaren ordezko gisa.
2.– Gainera, ikaslea erakunde laguntzailearen lantaldean sartzen bada ikasketak amaitzean, praktikak edo GRAL/MALa egiteko denbora ez da aintzat hartuko antzinatasuna kalkulatzeko orduan, eta ez du probalditik salbuetsiko, esparru-hitzarmen kolektiboak besterik adierazi ezean.
3.– Prestakuntza-praktikak egitea ez da merezimendutzat hartuko funtzio publikoan sartzeko, eta ez du ekarri behar emandako zerbitzuak aitortzea.
4.– Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, prestakuntza programetan sartutako prestakuntza-praktikak edo kanpoko praktika akademikoak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren sisteman sartuko dira, unibertsitateko eta lanbide-heziketako ikasleek egindakoak barne. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHUk) hartuko ditu bere gain Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, hau da, alten eta bajen prozeduraren kudeaketa, bai eta prestakuntzaren kotizazioaren kostua ere.
5.– Erakunde laguntzaileak ez du inolako diru-kopururik jasoko bere bulegoetan egiten diren jarduera praktikoengatik konpentsatzeko.
Hamargarrena.– Gradu amaierako lanaren eta master amaierako lanaren zuzendaria.
1.– GRAL.
EHUko irakasle batek edo erakunde laguntzaileko kide batek zuzenduko ditu erakunde laguntzailean eginiko GRALak. Zehazki:
– GRALa EHUko irakasle batek zuzentzen duenean, erakunde laguntzaileak izendatuko duen pertsona baten laguntza izango du ikasleak, eta pertsona hori arduratuko da enpresan egingo duen egonaldiaz. Bi pertsona horiek zein diren adieraziko da esparru-hitzarmen honen GRAL eranskinean.
– GRALa erakunde laguntzaileko kide batek zuzentzen duenean, zuzendarikide bat izango du: gradua irakasten duen sail bateko edo gradua ematen duen ikastegiari atxikitako irakasle bat. Bi pertsona horiek zein diren adieraziko da esparru-hitzarmen honen GRAL eranskinean.
Oro har, GRAL zuzendariak edo zuzendarikideek –elkar koordinaturik eginkizun hauek izango dituzte:
– Lanaren ezaugarriak azaltzea ikasle bakoitzari.
– Lana egiteko aholkuak ematea.
– Helburuak betetzen direla zaintzea.
– Jarraipen-lana egitea, eta ikasleari entregatuko zaion idatzizko txosten bat egitea defentsaren aurretik.
GRALak Jabetza Intelektualari buruzko legearen babesa duenez, lana eginduenari dagokio jabetza intelektualeko eskubideen titulartasuna. Hala eta guztiz ere, ikasleak aukera izango du, egiletza errespetatuz beti, osoki edo partzialki lagatzeko jabetza ukiezin horien ustiapen eskubideak, akordio espezifikoak eginez enpresarekin (esparru-hitzarmen honen GRAL eranskinean zehaztuko dira akordio horiek).
2.– MALM.
EHUko irakasle batek, erakunde laguntzaileko kide batek edo biek batera zuzenduko dituzte erakunde laguntzailean eginiko MALak. Zehazki:
– MALa EHUko irakasle batek zuzentzen duenean, erakunde laguntzaileak izendatuko duen pertsona baten laguntza izango du ikasleak, eta pertsona hori arduratuko da ikasleak enpresan egingo duen egonaldiaz. Bi pertsona horiek zein diren adieraziko da esparru-hitzarmen honen MAL eranskinean.
– MALa zuzentzen badu erakunde laguntzaileko kide batek, doktorea izango da eta masterraren MALak zuzendu ditzaketen irakasleen zerrendan egongo da.
Doktore titulurik ez badu, EHUko irakasle doktore batekin batera zuzenduko du MALa (masterraren MALak zuzentzeko gaitasuna izango duena). Master profesionaletan izan ezik, non, salbuespen modura, dagokion justifikazioa aurkeztuta, Graduondoko Batzordeak MALak zuzentzeko baimena emango dion.
Oro har, MAL zuzendariak edo zuzendarikideek –elkar koordinaturik– eginkizun hauek izango dituzte:
– Lanaren ezaugarriak azaltzea ikasle bakoitzari.
– Lana egiteko aholkuak ematea.
– Helburuak betetzen direla zaintzea.
– Jarraipen-lana egitea eta ikasleari entregatuko zaion idatzizko txosten bat egitea defentsaren aurretik.
MALak Jabetza Intelektualari buruzko legearen babesa duenez, lana egin duenari dagokio jabetza intelektualeko eskubideen titulartasuna. Hala eta guztiz ere, ikasleak aukera izango du, egiletza errespetatuz beti, osoki edo partzialki lagatzeko jabetza ukiezin horien ustiapen eskubideak, akordio espezifikoak eginez enpresarekin (esparru-hitzarmen honen MAL eranskinean zehaztuko dira akordio horiek).
Hamaikagarrena.– Jarraipen batzordea.
Esparru-hitzarmen hau sinatu duten erakundeek Jarraipen Batzorde bat sortuko dute, paritarioa eta lau lagunek osatua: titulazioaren ardura duten ikastegiko bi ordezkarik eta erakunde laguntzaileko beste bik. Esparru-hitzarmenaren sinatzaileak batzordeburu izango dira txandaka, eta EHUri egokituko zaio lehen txanda.
Jarraipen Batzordearen zeregina izango da ebaztea gradu edo master amaierako lanak egitean edo praktiketan sor daitezkeen interpretazio arazoak eta gorabeherak. Gorabeherak gehienez 10 eguneko epean ebatzi beharko dira, gehiengo soilez hartuko diren erabakien bidez.
Jarraipen Batzordeak ebatzi gabeko eztabaidak izanez gero, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren irizpenaren mende jar daitezke.
Hamabigarrena.– Laguntzen poltsa.
Oro har, ikasleek ez dute inongo kopururik jasoko, erakunde laguntzaileen aldetik, kanpoko praktika akademikoak edo GRAL/MALak egiteagatik.
Hamahirugarrena.– Aseguruak.
a) EHUko ikasleen asegurua.
1.– EHUk erantzukizun zibileko aseguru poliza bat du, ikasleek kanpoko praktika akademikoetan edo GRAL/MALak egitean eragindako kalteak estaltzeko.
2.– Unibertsitateak eta ikasleek ez dute erantzukizunik izango kalteak sortu badira erakunde laguntzaileak izendatu duen pertsonaren aginduen ondorioz eta agindu horiek ez badaude prestakuntza planean/jarduera planean.
3.– Titulu ofizialetan matrikulatutako 28 urtetik beherako ikasleek –espainiar nazionalitatekoak nahiz bizileku-baimena duten europarrak edo atzerritarrak– eskola-aseguruaren estaldura dute. Gainera, EHUk «EHU Ikasle Asegurua» dauka, istripu eta osasun asistentziarako asegurua, EHUn matrikulatutako ikasle guztiak barne hartzen dituena Espainiako estatuan.
4.– Praktikak eta GRAL/MALak atzerrian egiteko, IBILI poliza kontratatu behar da, edo antzeko estaldura duen beste poliza bat.
5.– Mugikortasun programa baten bidez atzerriko unibertsitateetatik EHUra kanpoko praktika akademikoak egitera datozen ikasleek IBILI poliza beharko dute (edo antzeko estaldura duen beste bat), baita erantzukizun zibileko poliza bat ere, praktiketan eragin ditzaketen kalteak estaltzeko.
b) Prestakuntza-jardueretan lagunduko duten Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko pertsonalaren asegurua.
Aipatutako irakaskuntzetako ikasleek egin beharreko prestakuntza-jarduerak garatzen laguntzen duten Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko pertsonala behar bezala aseguratuko du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eginkizun horiek betetzen dituzten bitartean; eta horien bidez unibertsitatearekin lankidetzan arituko da, aipatutako erakundearekin lan-harremana duen erakundea ordezkatuz.
Hamalaugarrena.– EHUko Ikasleen Datuak Babestea.
Esparru-hitzarmen hau sinatzean, baimena ematen da datu pertsonalakerabiltzeko, soil-soilik esparru-hitzarmenean aipatutako xedeetarako eta aintzat harturik abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa, eta 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio libreari buruzkoa, zeinak indargabetu egiten baitu 95/46/CE Zuzentaraua (datuak babesteko erregelamendu orokorra).
Ezin ezingo da inola ere daturik erabili esparru-hitzarmenean eta haren eranskinetan aipatzen ez diren zereginetarako.
Datu pertsonalak ez zaizkie hirugarrenei lagako edo jakinaraziko, non eta ez den esparru-hitzarmenean adierazitako eta indarrean dagoen legedian aurreikusitako helburuak artatu, garatu, kontrolatu eta betetzeko.
Datuen titularrek eskubidea izango dute datuetara sartzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, eramateko, tratamendua mugatzeko eta aurkaratzeko. Eskubidea izango dute, halaber, soilik beren datuen tratamendu automatizatuan oinarritzen diren erabakien pean ez egoteko. Eskubide horiek gauzatzeko EHUra joko dute, datuen babesaren ordezkariarengana (Sarriena auzoa, z/g 48940 Bizkaia edo dpd@ehu.eus helbide elektronikoa erabilita).
Gainera, aldeek konpromisoa hartzen dute neurri teknikoen eta antolakuntza arlokoen bidez datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko eta haien aldaketa, galera, tratamendua edo baimenik gabeko erabilera saihesteko, kontuan izanik teknologia aurrerapenak, biltegiratutako datuen ezaugarriak eta arriskuak (giza jardueratik edo ingurune fisikotik eratorritakoak).
Hamabosgarrena.– Esparru hitzarmena interpretatzeko erregimena.
Esparru-hitzarmen hau administratiboa da eta dagokion administrazio-ordenamendu juridikoak arautuko ditu haren interpretazioa eta garapena.
Esparru-hitzarmenean edo hitzarmena betetzean sor daitezkeen arazoak hamaikagarren klausulan aipatutako Jarraipen Batzordeak ebatziko ditu.
Hamaseigarrena.– Esparru hitzarmenaren indarraldia.
Esparru-hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, sinatzen den egunetik hasita. Aurreikusitako epea amaitu aurreko edozein unetan, esparru-hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute esparru-hitzarmena beste lau urtez luzatzea edo, hala irudituz gero, azkentzea.
Esparru-hitzarmenaren salaketa idatziz jakinaraziko zaio beste aldeari eta ez du inolako eraginik izango abian dauden jardueretan, nahiz eta aintzat hartu beharko den zazpigarren eta zortzigarren klausuletan aldez aurreko hutsaltzeari buruz ezarritakoa.
Curriculumez kanpoko praktiketan, praktikak erakunde laguntzailean duen iraupenera mugatuko da hezkuntza lankidetzarako akordioaren indarraldia (EHUren Kanpoko Praktika Akademikoen Araudiaren IV. eranskina).
Hamazazpigarrena.– Suntsiarazteko arrazoiak.
Honako hauek izango dira esparru-hitzarmena azkentzeko arrazoiak:
– Alde sinatzaileek ados jarrita hala erabakitzea edo alde batek esparru-hitzarmenaren salaketa eskatzea, hamaseigarren klausulan ezarritako moduan.
– Esparru-hitzarmenaren xede diren ikasketa ofizialak desagertzea.
Hemezortzigarrena.– Jarduerak amaitzea esparru hitzarmena azkenduz gero.
Esparru-hitzarmena azkenduz gero, aldeek bermeak emango dizkiete ikasleei hasita dituzten jarduerak amaitzeko.
Eta, adostasunaren eta onespenaren erakusgarri, aldeek esparru-hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, dokumentuaren hasieran adierazitako lekuan eta egunean.
Egoitza elektronikoa, 2026ko apirilaren 23a.
EHUko Gradu eta Eraldaketa Digitalerako errektoreordea,
URTZA GARAY RUIZ.
Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,
GONZALO TAMAYO MEDEL.
RSS