
88. zk., 2026ko maiatzaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (256 KB - 13 orri.)
- EPUB (388 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
1997
AGINDUA, 2026ko apirilaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Batxilergoko Sari Berezien oinarri arautzaileak eta 2025-2026 ikasturterako deialdia onartzen dituena.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak Batxilergoko irakaskuntzen arauketa berri bat ezartzen du, ikasleei gizarte-funtzioak garatzeko eta bizitza aktiboan arduraz eta gaitasunaz txertatzeko aukera emango dieten prestakuntza, adimen-heldutasuna eta giza heldutasuna, jakintzak eta trebetasunak emateko.
Arau-oinarri hauen arabera egin dituzte ikastetxeek beren hezkuntza eta curriculum-proiektuak: 23/2022 Errege Dekretua, apirilaren 5ekoa, Batxilergoko gutxieneko irakaskuntzak eta antolamendua ezartzen dituena, eta 76/2023 Dekretua, maiatzaren 30ekoa, Batxilergoaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa.
Batxilergoan oinarrizko batasuna dauka prestakuntza orokorrak, jakintzagai komunak lantzen direlako, baina nolabaiteko berezitasuna eskuratzeko aukera ere ematen du, gustuko modalitateak aukeratuz hezkuntza-etapa honen egituratik. Gainera, ondorengo ikasketetarako berariazko prestakuntza ematen du, izan unibertsitate-ikasketak, goi-mailako lanbide-heziketako zikloak edo arte-ikasketetakoak, baita lan-munduan sartzeko aukera ere.
Batxilergoko ikasketak amaitzean, ikasleek amaitu egin behar dute goi-mailako ikasketak hasi aurreko prestakuntza-etapa, eta Batxilergoko titulua lortu. Betidanik, Batxilergoko Sari Bereziak antolatu dira, ibilbide akademiko bikaina egin duten ikasleen ahalegina eta dedikazioa aitortzeko eta hurrengoentzako pizgarri izateko.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako Batxilergoko Sari Nazionalak arautzen dituen maiatzaren 4ko ECD/482/2018 Aginduak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak badu eskumenik Batxilergoko Sari Bereziak emateko, deialdi-aginduak berak ezartzen dituen baldintzetan.
Deialdi honen oinarri den dirulaguntza Hezkuntza Sailaren 2026rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota.
Bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako xedapenekin nahiz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak 2023ko otsailaren 13an emandako Aginduarekin –Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa–, eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta, Hezkuntza Politiketako Sailburuordeak proposatuta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea eranskinean agertzen diren Batxilergoko Sari Berezien oinarri arautzaileak eta 2025-2026 ikasturterako deialdia.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan aurreikusi ez den guztirako, eta ezertan eragotzi gabe aplikatzekoak diren oinarrizko xedapenak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, hura garatzeko xedapenetan eta administrazio-zuzenbideko gainerako arauetan ezarritako araubidearen mende geratuko da laguntza hau, eta, halakorik ezean, zuzenbide pribatuko arauak aplikatuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 30a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
ERANSKINA
2025-2026 IKASTURTERAKO BATXILERGOKO SARI BEREZIEN OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehenengoa.– Xedea, aplikazio-eremua eta organo kudeatzailea.
1.– 2025-2026 ikasturteari dagozkion Batxilergoko 16 Sari Berezitarako deia egiten da, baldintza hauetan: Batxilergoko Sari Berezi bat eman ahal izango da deialdiaren xede den ikasturtean Batxilergoko bigarren mailan matrikulatutako mila ikasleko edo bostehun ikasletik gorako frakzio bakoitzeko. Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritza arduratuko da deialdi honen kudeaketaz eta izapidetzaz.
2.– Batxilergoko Sari Berezia eskuratzen dutenek sari horren egiaztagiria jasoko dute. Gainera, 1.235 euroko dirulaguntza gordina emango zaie, indarrean dauden atxikipenak aplikatuta.
3.– Batxilergoko Sari Berezia lortzeak eskubidea emango du dagokion Batxilergoko Sari Nazionalean parte hartzeko, aldez aurretik izena emanda.
4.– Batxilergoko Sari Berezia eta Batxilergoko Sari Nazionala lortuz gero, eginbidea idatziko da saritutako ikaslearen espediente akademikoan eta historia akademikoan; probarako izena emateko hautatu den ikastetxeko idazkariak idatziko du eginbide hori.
Bigarrena.– Ikasleek proba egiteko bete behar dituzten betekizunak.
1.– Batxilergoko Sari Bereziak jaso ahal izateko, betekizun hauek bete beharko ditu ikasleak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeren batean egin izana Batxilergoko bigarren maila, edozein modalitatetan.
b) Deialdiari dagokion ikasturtean amaitu izana ikasketa horiek.
c) Batez besteko nota 8,75 puntukoa edo gehiagokoa izatea Batxilergoko edozein modalitatetako bi ikasturteetako kalifikazioetan.
d) Batxilergoko espedienteko batez besteko nota kalkulatzeko, ikasleak Batxilergoko bi mailetan ikasitako jakintzagai komunetan, modalitatekoetan eta hautazkoetan lortutako kalifikazioak bakarrik hartuko dira kontuan. Batez besteko nota horretan ez da kontuan hartuko erlijio-irakaskuntzetan lortutako kalifikazioa.
e) Aurreko apartatuan aipatutako jakintzagai guztietako noten batezbesteko aritmetikoa (bi dezimalekin kalkulatuta) izango da batez besteko nota. Ikastetxeko idazkariak bermatuko ditu datu akademikoak eta pertsonalak, eta ez da onartuko batez besteko nota zenbakitan adierazita jasotzen ez duen izen-ematerik.
2.– Betekizun akademikoak ofizioz egiaztatuko dituzte ikastetxeek, Hezkuntza Sailak horretarako duen Ikasgunea aplikazio informatikoan formalizatzen dutenean ikasleen izen-ematea.
Hirugarrena.– Izena emateko prozedura eta epea.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako datak eta jarduerak jasotzen dituen egutegia I. eranskinean dago jasota: «Jardueren egutegia. 2025-2026 ikasturtea». Maiatzaren 18tik maiatzaren 22ra (14:00ak arte) egongo da irekita izena emateko epea.
2.– Batxilergoko bigarren mailako amaierako ebaluazio-saioa egin eta ikasleei azken kalifikazioak jakinarazi ondoren, Batxilergoko Sari Berezietara aurkezteko aukeraren berri emango diete ikastetxeek agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak betetzen dituzten ikasleei.
3.– Aurreko oinarriko betekizunak betetzen dituzten eta Batxilergoko Sari Berezietara aurkeztu nahi duten ikasleek honela egin dezakete izena emateko eskabidea:
a) Nork bere ikastetxeko idazkaritzan aurkeztuta izena emateko eskabidea, behar bezala sinatuta, II. eranskineko ereduaren arabera: «Izena emateko eskabidea».
b) Bitarteko elektronikoak erabiliz emanda izena, Ikasgunea plataforman sartuta ziurtagiri digitala edo itsasontzi-jokoa erabiliz.
Bitarteko elektronikoak erabiliz gero, elektronikoki sinatu behar da eskabide-inprimakia, eta automatikoki erregistratuko da aurkeztu dela.
Aukera hori erabiliko duten eskatzaileek gorde egin beharko dute elektronikoki aurkeztu izanaren egiaztagiria, eta ez dute inolako inprimakirik aurkeztu beharko ikastetxean.
4.– Nolanahi ere, eskatzaileak alderdi hauek egiaztatu beharko ditu II. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez:
a) Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere:
a.1.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
a.2.– Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
a.3.– Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
a.4.– Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
a.5.– Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan (Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 2. eta 3. artikuluen arabera egiaztatzen da).
a.6.– Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.
a.7.– Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan (Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluaren arabera).
a.8.– Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
a.9.– Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
a.10.– Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
b) Onartzen dituela eskatutako dirulaguntzaren xede den deialdiaren oinarriak.
c) Egiazkoak direla eskabidean adierazitako datuak.
Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du ikasleak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, ikasleak uko egin ahal izango dio organo kudeatzaileak egiaztapen hori egiteari, eta, hala eginez gero, kasu bakoitzean eskumena duen organoak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
5.– Ikastetxeko idazkaritzak sarrera-erregistroa emango dio eskabideari, eta ikastetxeko zuzendariak digitalki sinatutako kopia bat emango dio ikasleari. Idazkaritza arduratuko da eskabidea Hezkuntza Sailak horretarako ezarri duen aplikazioaren bidez izapidetzeaz.
6.– Izena emateko inprimakia, eskatzaileak berak sinatuta, ikasleari dagokion ikastetxeko idazkaritzan gordeko da. Izan ere, probaren epaimahaiak eskatu ahal izango du, probak irauten duen bitartean edo proba amaitu ondoren. Era berean, ziurtagiri akademikoa ere gordeko da eskabidearekin batera, behar bezala beteta eta ikastetxeko zuzendariak sinatuta.
7.– Desgaitasunen bat duten eta proba egiteko egokitzapenen bat behar duten ikasleek, II. eranskinean aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera.
8.– 2026ko maiatzaren 25ean argitaratuko da, Hezkuntza Sailaren webgunean (https://www.euskadi.eus/batxilergoko-sari-bereziak/web01-a3hakade/eu/), onartutako eta baztertutako ikasleen behin-behineko zerrenda, baztertzeko arrazoia adierazita. Halaber, 10 eguneko epea emango da egon litezkeen akats edo omisioak zuzentzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
9.– Aurreko apartatuan adierazitako epea amaituta, Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko da onartutako eta baztertutako ikasleen behin betiko zerrenda, baztertzeko arrazoiak adierazita.
Laugarrena.– Epaimahaia.
1.– Funtzionamendu-arauak betetzeko eta probaren ebaluazioa egiteko, epaimahai bat eratuko da; kide hauek izango ditu:
a) Epaimahaiburuaren lanak egingo dituen ikuskari bat.
b) Idazkariaren lanak egingo dituen ikuskari bat.
c) 19 irakasle funtzionario, proban ebaluatu beharreko jakintzagai guztietan aditu direnak.
2.– I. eranskinean agertzen den probaren eguna baino 15 egun lehenago emango da epaimahaiaren osaeraren berri Hezkuntza Sailaren webgunean (https://www.euskadi.eus/batxilergoko-sari-bereziak/web01-a3hakade/eu).
3.– Prozeduraren izapidetzearen edozein unetan balia dezakete ikasleek epaimahaiko kideak errekusatzeko eskubidea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Bosgarrena.– Probaren edukia eta balorazioa.
1.– Proba euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango da, eskabidean egindako aukerari jarraituz. Epaimahaiak prestatuko du proba, eta honela egituratuko da:
a) Lehenengo zatia: modalitateko berezko nahitaezko jakintzagaia: idatziz ebaztea Batxilergoko bigarren mailako modalitateko berezko nahitaezko jakintzagaiaren (izena emateko eskabidearen II. eranskinean agertzen den jakintzagaia) edukiei buruzko galderak edo ariketa praktikoak.
b) Bigarren zatia:
b.1.– Lehenengo ariketa: Gaztelania eta Literatura edo Euskara eta Literatura: Batxilergoko bigarren mailan lantzen den hizkuntzan (gaztelania edo euskara, parte-hartzaileak izena emateko eskabidean egindako aukeraren arabera) idatzitako testu orokor, zientifiko edo literario bati buruzko idazlana edo iruzkina.
b.2.– Bigarren ariketa: Atzerriko hizkuntza: Batxilergoko bigarren mailan nahitaez egin den atzerriko hizkuntzan idatzitako testu orokor, zientifiko edo literario bati buruzko idazlana edo iruzkina. Dagokion hizkuntzan egingo da ariketa. Ezin izango da hiztegirik erabili.
2.– Ezertan eragotzi gabe agindu honen 6.5 oinarrian ezarritakoa, alderdi hauek baloratuko dira ariketetan: erantzunak zuzenak izatea, azalpena edo ekoizpena argia eta kalitatezkoa izatea, ondo egituratuta egotea, hiztegia egokia izatea eta hizkuntza zuzena izatea.
3.– Ez da inolako aldaketarik onartuko hautagaiak izena emateko inprimakian aldez aurretik hautatu dituen probako jakintzagai edo aukeretan.
4.– Probako ariketa bakoitza 0 eta 10 puntu artean kalifikatuko da, bi dezimalekin gehienez ere. Probaren azken kalifikazioa honela kalkulatuko da: lehenengo zatiko ariketan (modalitateko nahitaezko jakintzagaia) lortutako kalifikazioa bider bi, gehi bigarren zatiko ariketa bakoitzean lortutako kalifikazioen batura.
5.– Saria eskuratu ahal izateko, ariketa bakoitzean gutxienez 5 puntu lortu beharko dute hautagaiek, eta 32 puntutik gorako kalifikazio orokorra.
6.– Proban kalifikaziorik altuena lortu duten hautagaiei emango zaizkie sariak.
7.– Berdinketarik egonez gero, lehenengo, bigarren eta hirugarren ariketetan eskuratutako puntuazioa hartuko da kontuan, hurrenkera horretan. Berdinketak bere horretan badirau, Batxilergoko batez besteko notaren bidez ebatziko da, eta, hala ere, berdinduta jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da, eta epaimahaiburuak horren berri emango du.
8.– Ariketak anonimoak izango dira, eta epaimahaiburuaren ardura izango da anonimotasuna bermatzeko neurri egokiak hartzea. Horretarako, ikasgelan esleitutako eserleku-zenbakiari lotutako zenbakizko kode baten bidez identifikatuko dira ikasleak, eta, ondorioz, zuzenketa egitean, konfidentziala izango da nor den hautagai bakoitza.
9.– Deialdi honetan, honela banatuko da ariketak egiteko denbora:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Seigarrena.– Probak egitea.
1.– Proba bakarra izango da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta I. eranskinean ageri den egoitzan, egunean eta orduan egingo da.
2.– Proba egiteko, NANa, AIZa edo pasaportea aurkeztu beharko dute hautagaiek, bai eta probako ariketak egiteko behar diren tresnak ere, III. eranskinean ezarritakoaren arabera.
3.– Epaimahaiak probatik baztertu ahal izango du ariketetan jarraitu beharreko etika-, errespetu- eta ordena-arauak betetzen ez dituen hautagaia. Baztertuz gero, 0 puntuko kalifikazioa izango du ariketa guztietan.
4.– Hala ere, epaimahaiak komenigarria dela iritziz gero, aurreko puntuetako edozein zehaztapen jakinaraziko du, behar besteko aurrerapenaz, jarraibide gehigarrien bidez Hezkuntza Sailaren webgunean.
5.– Proba egin aurretik, Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko dira ariketa bakoitzaren ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak.
6.– Deialdi honi buruzko informazioa Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko da:
https://www.euskadi.eus/batxilergoko-sari-bereziak/web01-a3hakade/eu/
Zazpigarrena.– Kalifikazioak argitaratzea.
1.– Parte-hartzaileek Ikasgunearen bidez kontsultatu ahal izango dituzte emaitzak: https://ikasgunea.euskadi.eus/eu/
2.– Behin-behineko kalifikazioei alegazioak egin ahal izango zaizkie, behin-behineko kalifikazio horiek argitaratu eta bost egun balioduneko epean.
3.– Alegazioak ebatzi eta akatsak konpondu ondoren, sarituak izateko proposatutako hautagaien zerrenda argitaratuko da Hezkuntza Sailaren webgunean.
Zortzigarrena.– Ebazpena.
1.– Hezkuntza Politiketako sailburuordeak ebatziko du deialdia, Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzak proposatuta. Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik jakinarazi, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoaren arabera. Ebazpena sarituei jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko dira ebazpena bera eta behin betiko zerrenda, guztiek horren berri izan dezaten.
2.– Prozedurako interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo ebazteko epea igaro eta ebazpen espresurik eman ez bada.
Bederatzigarrena.– Ordainketa.
Administrazioak saria ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du sarituak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
RSS