Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2026ko maiatzaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1979

IRAGARKIA, Ingurumenaren Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baitira Limpiezas Industriales Morga, SL enpresak Lemoako udalerrian (Bizkaia) hondakin-urak tratatzeko jarduerari buruz aurkeztutako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duenak, ezartzen du ingurumen-baimen bateratua eskuratu beharra dagoela 1. eranskinean jasotako jardueretako batzuk egiten diren instalazioetan eraikuntza-, muntatze-, ustiapen- edo lekualdatze-lanak egiteko edo horietan funtsezko aldaketaren bat egiteko.

Ingurumen-baimen bateratuaren xedea da atmosfera, ura eta lurzorua ez kutsatzeko edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura murriztu eta kontrolatzeko baldintzak ezartzea, kutsadura prebenitzeko eta kontrolatzeko sistema integratuak ezarriz; horrela, ingurumen osoa ahalik eta hoberen babestu ahal izango da.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluaren arabera, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkeztu denean, horiek jendaurrean erakusteko epealdi bat ezarri behar dela, gutxienez 30 egunekoa.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, obrak, instalazioak edo 1. eranskinean jasotako jardueretako bat egin beharra dakarten proiektuei (publiko zein pribatuei) ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaie, legeak ezarritako moduan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arruntak aurreikusten du organo substantiboak proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jartzeko izapidea egitea, gutxienez hogeita hamar egun balioduneko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean eta haren egoitza elektronikoan iragarri ondoren.

Bestalde, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeak 23. artikuluan ezartzen du ingurumen-inpaktuaren adierazpena edo ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoarena denean, eta jarduera ingurumen-baimen integratuaren edo ingurumen-baimen bakarraren araubidearen mende dagoenean, bi erregimen horiei dagozkien administrazio-prozedurak eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura integratu egingo direla.

Hondakin-urak tratatzeko jarduera denez, ingurumen-baimen integratua eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen arrunta lortze aldera, proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aldi bakarrean jarri behar dira, biak batera, jendaurrean.

Adierazitako guztiagatik, AAI00485_SOL_2025_001 espedientea jendaurrean jarriko da hogeita hamar egun balioduneko epean, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egoki deritzeten alegazioak eta oharrak egin ditzaten.

Jendaurreko izapidean jarriko den instalazio-espedientea Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) argitaratuko da, jendeak eskura izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 30a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala