Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2026ko maiatzaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
1952

EBAZPENA, 2026ko martxoaren 26koa, Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita hasiera ematea Getariako udal-mugarteko (Gipuzkoa) Malkorbe hondartzako kantina eta terraza instalatzeko eta ustiatzeko emakida adjudikatzeko prozedurari eta onartzen baitira prozedura hori arautuko duten oinarriak eta emakidaren baldintzak.

Lehenengoa.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen du zenbait aldaketa egitea Malkorbe hondartzako kantinaren eta terrazaren kudeaketan –orain arte, sasoiko zerbitzuak eman ditu herrian–, ekipamendua hobetu eta zerbitzuaren egungo eskarietara egokitzeko.

Bigarrena.– Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak haren erabilera eta ustiapena adjudikatzeko lizitazio bat sustatu nahi du, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa okupatzeko emakida baten bidez. Horretarako, lehiaketa honen deialdia egiten da, erabat beteta publikotasun, objektibotasun, inpartzialtasun, gardentasun eta norgehiagokaren printzipioak, halaxe ezartzen baitute Kostaldeei buruzko Legeak 75. artikuluan eta Kostaldeei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen urriaren 10eko 876/2014 Errege Dekretuak aurrekoarekin bat datozen artikuluetan.

Hirugarrena.– Abenduaren 23ko 1310/2024 Errege Dekretuak (zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen baitzaizkio Estatuko Administrazioak itsasertzaren antolamenduaren eta kudeaketaren arloan dituen eginkizunak eta zerbitzuak) Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dio itsasertza antolatu eta kudeatzeko eskumena, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazio- eta erabilera-tituluak kudeatzeari dagokionez, administrazioaren, ikuskaritzaren eta zehatzeko ahalaren eremuan.

Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 64. artikuluak esleitzen ditu, besteak beste, jabari publikoko emakiden kudeaketarekin zerikusia duten eginkizunak. Azken horien barruan sartzen da emakidak ematea, berritzea, luzatzea, aldatzea eta azkentzea.

Laugarrena.– Aurrekoarekin bat etorriz, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 438/2024 Dekretuaren 7.h) eta 15.1.g) artikuluek zuzendaritza honi ematen dizkioten ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Getariako udal-mugarteko (Gipuzkoa) Malkorbe hondartzako kantina eta terraza okupatu, egokitu eta ustiatzeko administrazio-emakida adjudikatzeko prozedurari.

Bigarrena.– Erabakitzea kantina ustiatzeko emakida adjudikatzeko prozedura lehiaketa izan dadila.

Hirugarrena.– Onartzea prozedura arautuko duten oinarrien agiria; oinarriok ebazpen honen I. eranskinean agertzen dira.

Laugarrena.– Onartzea emakida arautuko duten baldintzak; baldintzok ebazpen honen II. eranskinean agertzen dira.

Bosgarrena.– Ebazpen hau argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformako Kontratatzailearen Profilean.

Seigarrena.– Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 26a.

Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren zuzendaria,

KOLDOBIKA GOITIA MARKUERKIAGA.

I. ERANSKINA
OINARRIEN AGIRIA, GETARIAKO UDAL-MUGARTEKO MALKORBE HONDARTZAN TERRAZA DUEN KANTINA BAT INSTALATZEKO ETA USTIATZEKO EMAKIDA BAT EMATEKO LEHIAKETA ARAUTZEN DUENA
I
XEDAPEN KOMUNAK

1.– Xedea.

Lehiaketaren xedea da hautatzea itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoko ondasunak okupatzeko administrazio-emakida bat emateko eskaintzarik onena, Malkorbeko hondartzan terraza atxikia duen kantina bat instalatu eta ustiatzeko.

2.– Izaera.

1) Agiri honen bidez, oinarriak ezartzen dira aurreko apartatuan aipatu den administrazio-emakida emateko deitzen den lehiaketa arautzeko.

2) Hemen erregulatzen den prozedurak izaera administratiboa du, eta emakida horren prozedura prestatzen du. Hala, prozedura horren aurreko fase moduan txertatzen da, eta lehiaketan hautatzen denari izapidetze-eskubidea ematen dio, kostaldeei buruzko araudian emakida emateko ezarritakoaren arabera, hautatuak aurkeztu duen dokumentazioan oinarrituta.

3) Lehiaketa hemen ezarritakoaren arabera arautuko da: baldintza orokorren eta preskripzio teknikoen agiri hau, kostaldeei buruzko legeria (22/1988 Legea, uztailaren 28koa, Kostaldeei buruzkoa; 876/2014 Errege Dekretua, Kostaldeei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duena, eta 41/2010 Legea, abenduaren 29koa, Itsas Ingurunea babestekoa), 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

4) Lehiaketaren adjudikaziodunak uko egiten badio emakida izapidetzeari edo ez baditu onesten emakida emateko ezarritako baldintzak, espedientea baliogabe deklaratuko da, eta eratutako fidantza galduko da. Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak aukeran izango du prozedura huts deklaratzea; emakidaren izapideak lehiaketako hurrengo sailkatuarekin hastea, beste bat deitu beharrik gabe; beste lehiaketa bat deitzea, edo emakidaren xedea beste era batera kudeatzea.

3.– Emakidaren kokapena eta azalera.

1) Oinarrien agiri honen bidez adjudikatu nahi den azalera Getariako udal-mugarteko Malkorbe hondartzako arkupeetan dago. Azalera hori terraza duen kantina bat instalatu eta ustiatzeko erabiliko da, eta ezin izango ditu azalera hauek gainditu: eraikuntza itxiak 62 m2, terraza itxiak 40 m2 eta terraza irekiak, elementu desmuntagarriekin batera, 25 m2 –atxikitako planoaren arabera banatuta (IV. eranskina)–.

2) Azaleran, hainbat hamarkadatan instalatu da kantina bat hondartzak ustiatzeko denboraldian, eta, hortik abiatuta, tokiko biztanleek adierazi dute hondartzako erabiltzaileei zerbitzua urte osoan zehar emango dien instalazio bat nahi dutela inguruan, ezaugarri horiekin, nahiz eta instalazio horiek soilik ireki baldintza meteorologikoak ezin hobeak diren egunetan. Zuzendaritzak kontuan hartu du interes hori. Horretarako, janaria eta edariak saltzen dituen establezimendu bat instalatu beharko da, zeinak sukaldaritzaren, ostalaritzaren eta aisialdiaren arloan indarrean dagoen legeria bete beharko baitu.

3) Kostaldeei dagokienez, establezimenduak eta hari lotutako terraza-guneak Kostaldeen Erregelamendu Orokorra onartzen duen urriaren 10eko 876/2014 Errege Dekretuaren 69. artikuluko zehaztapenak bete beharko dituzte.

4) Lehiaketa honetatik kanpo geratzen da arestian adierazitakoez bestelako zeinahi azalera, eta, beraz, ez da inolako aldaketarik onartuko okupatzekoa den erabilera esklusiboko gehieneko azaleran, bederen guztiz ezinbestekoa ez bada baimenak eta lizentziak lortzeko (hala nola ke-irteerak eta antzekoak); edozein kasutan, gehikuntzak behar bezala justifikatuta egon beharko du.

4.– Hondartzen zerbitzurako janaria eta edariak saltzen dituzten establezimenduen baldintzak.

1) Kostaldeei buruzko Erregelamendu Orokorrak horrelako establezimenduak erregulatzen ditu 68. artikuluan (hondartza naturalei buruzkoa) eta 69. artikuluan (hiri-hondartzei buruzkoa). Instalazio finko horien okupazioa 200 metro koadrokoa izan daiteke gehienez, behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik; haietatik 150 metro koadro eraikuntza itxiarenak izan daitezke, eta gainerakoak terraza itxiarenak, bisten iragazkortasuna bermatuko duten elementu desmuntagarrien bidez. Azalera horri okupazio ireki eta desmuntagarriko beste 70 metro koadro gehitu ahal izango zaizkio, baita komun-gune bat ere –gehienez 30 metro koadrokoa izango da, publikoa eta doakoa bada–. Kasu honetan, ez da aurreikusten komunak jartzeko beharrik, inguruan badaudelako komun publikoak. Azalera bat itxia izango da estalkia badu eta lau paramentuetako bik baino gehiagok inguratzen badute alboetan; halakotzat hartuko dira, halaber, toldoak edo posizio okerrenean airearen zirkulazioa eragozten duten antzeko elementu mugikorrak.

2) Terrazak ostalaritza-establezimenduekin lotutako espazioak izango dira, zolatuak edo ez, eraikuntza itxitik kanpokoak eta establezimenduen ustiapenaren aldi baterako edo etengabeko osagarri direnak. Ondasun higigarriak edo instalazio desmuntagarriak kokatu ahal izango dira eta, batzuetan, jarduera gauzatzea errazten duten elementu hertsiki lagungarriak –ez da baimenduko haien izaera hertsiki lagungarria desitxuratzen duen beste inolako erabilerarik–.

3) Instalazioetarako zerbitzu-eroanbide guztiek lurpekoak izan beharko dute.

4) Zuzendaritzak kokapena aldatzea baimendu ahal izango du interes publikoko arrazoiengatik. Ezartzen diren azalerak gehienekoak dira. Lizitatzaileek, eskatzen duten ustiapen-azalera zehazteko, konfigurazioa behar bezala mugatzen duen krokis bat definitu beharko dute, eta, eskabidean terraza irekiaren instalazioa sartuz gero, bertan kokatuko diren elementu higigarrien gehieneko kopurua (mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak) zehaztu beharko dute. Instalazioen tipologiak ingurunearekin harmonizatu beharko du. Kalitate oneko material egokiak eta itxura estetikoa izango ditu, eta kontserbazio-egoera onean egongo da.

5) Nolanahi ere, martxan jartzeko beharrezkoak diren obra edo ekipamenduen instalazioa adjudikaziodunaren kargura izango dira, eta lehiaketatik kanpo geratuko da arestian aipatutakoez bestelako edozein azalera; beraz, ez da inolako aldaketarik onartuko okupatu beharreko erabilera esklusiboko gehieneko azaleraren gainean.

5.– Deialdiaren publikotasunari buruzko informazioa.

1) Lizitazio-iragarkia Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformako Kontratatzailearen Profilean argitaratuko da. Era berean, Kostaldeen Erregelamendu Orokorra onartzen duen urriaren 10eko 876/2014 Errege Dekretuaren 160. artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskadiko Kontratazio Publikoko Plataformaren Kontratatzailearen Profilean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, balizko lizitatzaileek dokumentu hauek izango dituzte eskura plataforma horretan, azter ditzaten: oinarrien agiri hau, okupazio- eta ustiapen-emakida arautuko duen baldintza-agiria eta dagozkion eranskinak. Horrez gain, informazio hori guztia eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzako Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzaren web-orrian.

2) Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak emandako dokumentazioari buruzko kontsultak idatziz egin beharko dira Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bitartez, proposamenak jasotzeko epearen barruko azken eguna amaitu baino zazpi (7) egun lehenago, gutxienez. Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak lizitatzaileen eskura jarriko du erantzundako kontsulten zerrenda, aipatutako plataforman.

6.– Aurkeztu behar den proiektua.

1) Administrazioak adjudikaziodunari entregatuko dizkio arestian adierazitako azalerak, egun dauden egoeran, eta, beraz, adjudikaziodunak beharrezkoak diren jarduketak eta obrak egin beharko ditu haiek egokiro ustiatzeko. Aukeratutako eskaintzaren araberakoak izango dira egin beharreko obrak. Obrok aurreproiektuan edo oinarrizko proiektuan –entregatu behar den dokumentazio teknikoaren parte da– definituta egon beharko dute.

2) Eskaintzaren egileak obra eta jarduketen programazioa proposatu beharko du. Azken horiek behe-denboraldian egingo dira, hondartzara jende gehien joaten den garaian hondartzako erabiltzaileei ez eragiteko.

3) Instalazioa amaituta –emakidaren bidez onartu beharko da aldez aurretik–, emakidaren titularrak hura aitortzeko eskatuko dio zuzendaritza honi, idatziz. Planoa jaso, akta egin, eta, ondoren, onartu egingo da.

7.– Eskabidea egiteko betekizunak.

1) Lehiaketan parte hartu ahal izango dute jarduteko gaitasun osoa duten pertsona fisiko edo juridiko espainiar edo atzerritar guztiek, baldin eta kaudimen ekonomiko eta finantzarioa eta kaudimen tekniko eta profesionala egiaztatzen badituzte eta kontratatzeko debekurik ez badute.

2) Pertsona juridikoak emakiden adjudikaziodun izan ahalko dira soil-soilik beren estatutuen edo sortze-arauen arabera berezkoak dituzten helburu, xede edo jarduera-eremuaren barruan jasotzen diren prestazioen emakidei gagozkiela, eta emakida behar bezala egikaritzeko behar besteko giza elementuak eta elementu materialak dituen antolamendua izan beharko dute.

3) Europar Batasuneko estatu kideetako enpresa ez-espainiarrek kontratatzeko gaitasuna dute, baldin eta, enpresa horiek ezarrita dauden estatuko legeriaren arabera, kontratuaren xede den prestazioa egiteko gaituta badaude.

4) Europar Batasunekoak ez diren estatuetako pertsona fisiko edo juridiko atzerritarrek lehiaketan parte hartu ahal izango dute, baldin eta, aurreko paragrafoan ageri diren betekizunak betetzeaz gain, hauek ere betetzen badituzte:

– Espainiako nazionalitatea duten pertsonentzat elkarrekikotasuna duen estatu batekoa izatea.

– Egoitza fiskala Espainiako Estatuan izatea.

– Estatuko kontratuen legeriak atzerritarrekin kontratatu ahal izateko eskatzen dituen baldintzak betetzea.

Horrek guztiak ez du ezertan eragotziko atzerritarrei emakida emateko lege berezietan ezarritakoa.

5) Lehiaketan aurkeztu ahalko dira xede horretarako aldi baterako eratzen diren enpresa-elkarteak, baina ez da beharrezkoa izango eskritura publikoan formalizatzea, harik eta emakida beren alde adjudikatu arte.

6) Lizitaziotik kanpo geratuko dira, automatikoki, Sektore Publikoko Kontratuen Legeak aurreikusten duen kontratatzeko debekuren bat daukaten pertsona fisikoak edo juridikoak eta hauek:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako baimenei edo emakidei dagokienez ezarritako betebeharrak bete ez dituztenak.

– Aipatutako tituluren bat izan edo eduki arren, ordainketa-betebeharrak egunean ez dituztenak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin edozein motatako zorrak dituztenak.

7) Arestian xedatutakoak eragina izango du, era berean, baldin eta, enpresok gobernatzen dituzten pertsonak edo beste inguruabar batzuk direla-eta, sumatu badaiteke aipaturiko debekuren bat izan duten enpresen jarraipena direla edo, eraldaketaz, bat-egitez edo oinordetzaz, halako enpresetatik eratortzen direla.

II
ADJUDIKAZIO-PROZEDURA

8.– Proposamenak aurkeztea.

Proposamenak aurkezteak badakar agiri honetako oinarriak eta emakidaren baldintzak onestea, bai eta erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea ere, adieraziz parte hartzeko eskabidea egiten duenak betetzen dituela emakida eskuratzeko eskatzen diren baldintza guztiak.

9.– Proposamenak aurkezteko epea eta tokia.

1) Deialdi honen bidez deitzen den lehiaketan parte hartzeko eskabideak Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataforman aurkeztu beharko dira:

https://www.contratacion.euskadi.eus/hasiera/

2) Horretarako, 15 egun baliodun izango dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformako Kontratatzailearen Profilaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3) Eskatzaile bakoitzak ezin izango du proposamen bat baino gehiago aurkeztu, ezta aldi baterako enpresa-elkarteetan proposamenik sinatu ere, baldin eta bakarka aurkeztu badu, edo, halaber, ezin izango du aldi baterako enpresa-elkarte batean baino gehiagotan agertu. Baldintza hori betetzen ez bada, ez da onartuko baldintza betetzen ez duenak aurkeztutako proposamenik.

4) Prozedura izapidetzen ari den bitartean, betiere adjudikazioa egin aurretik, enpresa lizitatzaile baten nortasun juridikoa azkentzen bada bat-egitearen, zatiketaren edo enpresa-ondarea eskualdatzearen ondorioz, sozietate xurgatzaileak, bat-egitearen ondoriozkoak, zatiketaren onuradunak edo ondarea eskuratzearen ondoriozkoak ordeztuko du lehengoa prozeduran, Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzaren aurrean egiaztatzen baditu agiri honetan eskatzen diren betekizunak.

10.– Proposamenak aurkezteko modua.

1) Lizitazio hau elektronikoa baino ez da; beraz, lizitatzaileek formatu elektronikoan prestatu eta aurkeztu beharko dituzte eskaintzak, nahitaez, Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren lizitazio elektronikoko zerbitzuak erabiliz. Ez da onartuko horrela aurkezten ez den eskaintzarik.

2) Hiru (3) gutun-azal elektronikotan bidaliko dira proposamenak eta haiekin batera doazen gainerako dokumentuak (guztiek osatzen dute eskaintza), 1., 2. eta 3. zenbakia adierazita gutun-azaletan.

3) Dokumentu eta gutun-azal guztiak lizitatzaileak edo haren baliozko ordezkariak izenpetu beharko ditu. Lizitatzaileek izenpe elektroniko aitortua erabiliz izenpetu beharko dute. Izenpe hori ziurtapen-zerbitzuen emaile batek eman behar du, eta lizitatzailearen proposamenaren zein hari lotutako dokumentu guztien nortasuna eta osotasuna bermatu beharko ditu.

4) Aldi baterako enpresa-elkartea bada, elkarte bakoitzaren datuak adierazi behar dira, eta gutun-azalak elkartea osatzen duten enpresa bakoitzeko ordezkariek izenpetu behar dituzte.

5) Lizitatzaileei gomendatzen zaie proposamenak plataformaren bidez aurkezteko software-betekizunak behar besteko aurrerapenaz egiazta ditzaten, eskaintzak izenpetu eta bidali aurretik.

6) Eskaintzek ez dute birus informatikorik izango, ez eta programa edo kode maltzur zein kaltegarririk ere. Lizitatzaileei dagokie dokumentu guztiak aztertzea antibirusen bat erabiliz; bestetik, Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak dokumentuen edukia eskuratu ezin badu, lizitatzailearen erantzukizuna baino ez da izango.

7) Balorazioan, eskaintza baztertzeko arrazoia izango da adierazitako dokumentazioa ez aurkeztea. Bestalde, ez dira onartuko, ez-egiteak, akatsak edo ezabaketa-zirriborroak dituztelako, proposamenak dakarren eskaintza egokiro ezagutzea eragozten dutenak; hala eta guztiz ere, balorazio-batzordeak egokitzat jotzen dituen argibideak eskatu ahalko ditu.

8) Lizitatzaileren batek uste badu haren eskaintzak dokumentazio konfidentziala dakarrela, adierazpen osagarri bat erantsi beharko du 1. gutun-azalean, eta bertan adierazi beharko du zer dokumentu administratibo eta tekniko eta datu diren, lizitatzailearen ustez, konfidentzialtzat hartzeko modukoak. Inguruabar hori, gainera, argi eta garbi jaso beharko da (gaininprimatuta, bazterrean idatzita edo beste edozein modutan) halakotzat adierazitako dokumentuan bertan. Enpresa lizitatzaileek aurkeztutako dokumentuak eta datuak isilpekotzat edo konfidentzialtzat jo daitezke, baldin eta dokumentu eta datu horiek hirugarrenei zabaltzea beren merkataritza-interes legitimoen aurkakoa gerta badaiteke, sektoreko enpresen arteko lehia leialari kalte egin badiezaioke edo DBLOn ezarritako debekuen barruan badaude. Esandako adierazpen hori aurkezten ez bada, ulertuko da ezein dokumentuk edo datuk ez duela izaera hori.

9) Lizitatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztuko dituzte eskatutako dokumentu guztiak, baina dokumenturik aurkezten bada beste hizkuntza batean, itzulpen ofiziala aurkeztu beharko da aipatutako hizkuntzetatik batean.

11.– Proposamenen edukia.

Gutun-azal bakoitzean, dokumentu hauek jasoko dira:

– 1. gutun-azal elektronikoa. Administrazio-dokumentazioa. Jarduteko gaitasuna. Kaudimen ekonomiko eta finantzarioa eta kaudimen tekniko eta profesionala:

a) Eskabidea aurkezten duenaren nortasuna egiaztatzen duen dokumentazioa (NAN/IFZ), bai eta eskatzaileak ordezkaritza-ahalordea baduela egiaztatzen duena ere, hala badagokio.

b) Administrazioarekin jarduteko eta kontratatzeko gaitasun osoa duela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena edo dokumentazioa, II. eranskineko ereduaren arabera.

Pertsona juridikoak diren enpresaburuen jarduteko gaitasuna hauen bidez egiaztatuko da: eratze-eskritura edo -dokumentua, estatutuak edo fundazio-akta; halakoetan, jaso beharko da jarduera erregulatzen duten arauak zein diren, dagokion erregistro publikoan behar bezala inskribatuta, pertsona juridiko motaren arabera.

Espainiarrak ez diren eta Europar Batasuneko estatu kideetako edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duten estatuetako herritarrak diren enpresen jarduteko gaitasuna egiaztatzeko, enpresa horiek inskribatuta egon beharko dute finkatuta dauden estatuko legeriaren arabera dagokien erregistroan, edo, bestela, zinpeko aitorpen bat edo ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan, aplikatzekoak diren Europako Erkidegoko xedapenekin bat etorriz.

Gainerako enpresaburu atzerritarrek jarduteko gaitasuna egiaztatu beharko dute, Espainiak dena delako estatuan daukan Diplomaziako Misio Iraunkorraren edo enpresaren egoitza dagoen lurralde-eremuko bulego kontsularraren txostena aurkeztuta.

c) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda dagoela eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen dokumentua, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztuz. Halaber, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuta egiaztatu ahalko da. Azken kasu horretan, eskatzailea adjudikaziodun gertatzen bada, bost egun balioduneko epea emango da betekizun horiek behar bezala egiaztatzeko.

d) Eskabidea egiten duenaren kaudimen ekonomiko eta finantzarioari eta gaitasun tekniko edo profesionalari buruzko irizpidea ezagutzeko eta osatzeko aukera ematen duen dokumentazioa edo, hala badagokio, egiaztapen-memoria, proposatutako erabilerei lotutako lanetan esperientzia duela egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera, zerbitzuak noiz eta non eman diren adierazita.

e) Bideragarritasuna justifikatzen duen azterketa ekonomiko eta finantzarioa; bertan, behintzat, ustiapen-kontuaren aurreikuspena jaso beharko da, Kontabilitate Plan Orokorraren arabera, gutxienez ere bost urtekoa.

f) Adierazpen espresua, oinarrien agiri honetan eta emakidaren baldintza-agirian jasotako baldintzak ezagutzen eta onesten dituela dioena eta, hautatu den eskaintza onartu ezean, Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak inolako erantzukizunik hartzen ez duela dioena, ez eta, hala badagokio, beharrezkoak diren lizentziak edo baimenak eskuratzeko ezintasunak eragindako kalte-galeren ziozko erantzukizunik ere, interesdunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik gertatuta ere.

g) Emakida garatzeko behar diren baimen eta lizentzia guztiak eskuratzeko konpromiso espresua, bai eraikuntza-fasean, bai ustiapen-fasean.

h) Toki Ogasunei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak aurreikusitakoa betetzeko konpromiso espresua, katastroko titularrak administrazio-emakidaren titulartasuna eskuratu duela Katastroaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazteko duen betebeharrari dagokionez.

– 2. gutun-azal elektronikoa. Formulak aplikatuz automatikoki ebaluatzen den eskaintza. Gutun-azal horretan, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

• Egingo den guztizko inbertsioa, I.1 eranskinean agertzen den ereduaren arabera aurkeztuta.

• Emakidaren eskatzailearen prestakuntza, I.2 eranskinean agertzen den moduan azalduta.

• Emakidaren eskatzailearen esperientzia, I.3 eranskinean jasotakoaren arabera azalduta.

• Zerbitzuaren ordutegiak, I.4 eranskinean agertzen den ereduaren arabera azalduta. Aurrekoarekin batera, urteko egutegiaren gutxi gorabeherako proposamena erantsi beharko da, hilabeteka banakatuta, eta, bertan, eskainitako ordutegia justifikatzen duten urteko irekiera- eta itxiera-ordutegi guztiak jasoko dira.

• Kontratatu beharreko langileez denaz bezainbatean, hartutako konpromisoari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, I.5 eranskineko 13.2.2 apartatuko 2. irizpideko 4. azpi-irizpidean adierazitakoa.

– 3. gutun-azal elektronikoa. Ebaluatzeko balio-judizioa behar duen eskaintza.

Dokumentuaren izena: Getariako Malkorbe hondartzako kantinaren memoria teknikoa, aurreproiektua edo oinarrizko proiektua.

Zer irizpideri lotzen zaion: Espazioen erabileren banaketa.

Dokumentuan gehitu beharreko informazioa edo datuak: Dokumentuak oinarri honetako 13.2.1 apartatuko 1. irizpideko adjudikazio-irizpideari erantzun beharko dio, eta dokumentazio hau jaso beharko du:

• Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazioari buruzko azalpen- eta deskribapen-memoria. Gutxienez, hauek bildu beharko ditu:

– Jarduera garatzeko beharrezkoak diren instalazioen eta obren ezaugarriak; nolanahi ere, hondartzatik kanpo kokatu beharko dira.

– Okupazio-espazioen eta -azaleren erabileren banaketa (metro koadrotan).

– Proiektuak kostaldeei buruz indarrean dagoen araudia betetzen duela dioen adierazpena, eskatzaileak berak sinatua (ikus Kostaldeei buruzko Erregelamendu Orokorraren 97. artikulua).

– Ustiatzean sortzen diren hondakin-urak husteko aurreikusten den sistema.

– Sortutako hondakinen kudeaketa.

• Planoak: kokapen-planoak, eskala egokian, bertan adierazita mugatze- eta itsasertz-lerroa eta bide- eta babes-zortasuna, eta oinplanoak, gutxienez 1/1000 eskalan, bertan modu zehatz eta kotatuan adierazita okupatuko den azalera, instalazioak, proiektatutako obrak eta aurreikusitako erabilerak, altxaerak eta sekzio bereizgarriak. Teknikari eskudun batek behar bezala izenpetu beharko ditu planoak.

• Inguruaren argazkiak.

• Azterketa ekonomiko eta finantzarioa, erregelamendu orokorraren 89. artikuluak zehazten duenaren arabera.

3. gutun-azalean aurkeztuz gero 2. gutun-azalean ebaluatu beharreko irizpideei buruzko dokumentuak edo datuak, lizitatzaileak aurkeztutako eskaintza automatikoki baztertuko da.

Eskaintzan aurkezten diren dokumentuak lotesleak dira. Era berean, gutun-azal bakoitzean jasotako apartatuak egokiro identifikatu beharko dira, dokumentu erantsietan atxikitako ereduen arabera (2. gutun-azalari buruzko dokumentazioa) eta apartatu honetan ezarritako hurrenkerari jarraituz.

Halaber, eskabidea aurkezten duenak intereskotzat jotzen dituen ustiapen-baldintza guztiak eskaini ahal izango ditu. Baldintzok, Administrazioak kontuan hartuz gero, zuzenean aplikatuko zaizkio.

Lizitatzaileek eskaintzaren zenbait apartatutan adierazten dituzten datuak –horiek erabakigarriak dira eskaintza baloratzeko, 11. apartatuan jasotako baldintzetan– ezin izango dira aldatu baimena indarrean dagoen bitartean. Egileek izango dute emandako datu tekniko eta urbanistikoen zehaztasunaren eta egiazkotasunaren erantzukizuna (Kostaldeei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen 876/2014 Errege Dekretuaren 97. artikulua).

12.– Balorazio-batzordearen osaera.

Balorazio-batzordeak ebaluatuko ditu eskaintzak. Kide hauek osatuko dute batzorde hori, azterketaren objektibotasuna bermatzeko:

– Portuen eta Itsas Gaien Zuzendaritzako Herri Lanetako arduraduna, mahaiburua izango dena, kalitateko botoarekin. Ordezkoa: Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzako arkitekto teknikoa.

– Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna, idazkari jardungo duena. Ordezkoa: arlo horretako aholkulari juridikoa.

– Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzako Itsasertzaren Arloko Gipuzkoako arduraduna, batzordekide jardungo duena.

Hizpide darabilgun lehiaketaren Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformako Kontratatzailearen Profilaren iragarki-taulan argitaratuko dira proposamenak aurkezteko azken eguna eta ordua, bai eta 1., 2. eta 3. gutun-azalak irekitzeko egunak eta orduak ere. Hala berean, argitaratuko dira saio bakoitza amaitu ondoren batzordeak/mahaiak egindako aktak, 3. gutun-azalari buruzko balorazio-txostena eta behin betiko adjudikazio-proposamena. Azkenik, Kontratatzailearen Profilaren barruan, dagokion lehiaketaren espedientearen «Ebazpena» deritzon erlaitzean, lehiaketa honen xede den emakida ematen duen Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren zuzendariaren ebazpena ere argitaratuko da.

13.– Balorazio-irizpideak.

13.1.– Adjudikazio-irizpide bakarra dago: ez.

13.2.– Adjudikazio-irizpide ugari daude: bai.

13.2.1.– Balio-judizio batean oinarrituta kuantifikatzen diren irizpideak: bai.

Irizpidea: espazioen erabileren banaketa.

Haztapena: 11 puntu.

Irizpidea baloratzeko metodoaren deskribapena:

Malkorbe hondartzako kantinako jarduera garatzeko instalazioetako espazioen erabileren banaketaren proposamena (irismena eta deskribapena) baloratuko da. Zehazki, hauek baloratuko dira: proposamenaren zehaztasun-maila, egokitasuna eta garapena, espazioen banaketaren argitasuna eta zehaztasuna, barne-mugimenduen logistikaren egokitzapena eta instalazio osoaren koherentzia estetikoa. Enpresa lizitatzaile bakoitzak aurkeztu behar duen memoriak, aurreproiektuak edo oinarrizko proiektuak dokumentazio grafiko aski jaso beharko du dakarren proposamena ulertzen dela bermatzeko.

Talde honen haztapena, guztira: 11 puntu.

13.2.2.– Formulak aplikatuz automatikoki ebaluagarriak diren irizpideak:

– 1. irizpidea: guztira egingo den inbertsioa.

Haztapena: 20 puntu.

Gehieneko puntuazioa emango zaio eraikinean inbertsiorik handiena egitea aurreikusten duen eskaintzari. Gainerako eskaintzak proportzionalki baloratuko dira.

– 2. irizpidea: ustiapen-plana.

Haztapena: 54 puntu.

Irizpidea baloratzeko metodoaren deskribapena:

• 1. azpi-irizpidea: emakidaren eskatzailearen prestakuntza.

Haztapena: Gehienez ere, 15 puntu.

Irizpidea baloratzeko metodoaren deskribapena:

6 puntu emango dira jatetxeetako, sukaldaritzako edo, oro har, ostalaritzako zerbitzuei lotutako goi-mailako ziklo egiaztatu bakoitzeko.

4 puntu emango dira jatetxeetako, sukaldaritzako edo, oro har, ostalaritzako zerbitzuei lotutako erdi-mailako ziklo egiaztatu bakoitzeko.

0,5 puntu emango dira jatetxeetako, sukaldaritzako edo, oro har, ostalaritzako zerbitzuei lotutako prestakuntzan egiaztatutako 10 ordu bakoitzeko, baldin eta aurreko bi kasuetan sartzerik ez badute; gehienez ere, bost puntu emango dira. Ordu guztiak batu eta metatu ahalko dira, ikastaro batean edo gehiagotan egin diren kontuan hartu gabe.

(Ikus I.2 eranskina)

• 2. azpi-irizpidea: emakidaren eskatzailearen esperientzia.

Haztapena: Gehienez ere, 20 puntu.

Irizpidea baloratzeko metodoaren deskribapena:

2 puntu emango dira ostalaritzaren sektorearekin zuzenean lotuta dauden jardueretan egiaztatutako esperientzia-urte bakoitzeko.

(Ikus I.3 eranskina)

• 3. azpi-irizpidea: zerbitzuaren ordutegia.

Haztapena: 10 puntu.

Irizpidea baloratzeko metodoaren deskribapena:

Gehieneko puntuazioa, 10ekoa, emango zaio urtean zerbitzu-ordu gehien dakarren eskaintzari, eta proportzioan emango zaizkie puntuak gainerako eskaintzei, urteko 1.825 orduko gutxieneko eskaintzatik aurrera. Halako eskaintzari 0 puntu emango zaizkio. (Ikus I.4 eranskina).

Urteko egutegiaren gutxi gorabeherako proposamena aurkeztu beharko da, hilabeteka banakatua, urtea irekitzeko eta ixteko ordutegi guztiak jasotzen dituena.

Oharra: ordutegiak urtaroaren arabera alda daitezke.

• 4. azpi-irizpidea: kontratatuko diren langileak.

Haztapena: Gehienez ere, 9 puntu.

Irizpidea baloratzeko metodoaren deskribapena:

Enplegua sortzea (gehienez ere, 3 puntu): 2 pertsona kontratatzeagatik, puntu 1; 3 pertsona edo gehiago kontratatzeagatik, 3 puntu.

Enplegua sortzea kolektibo jakin batzuetako pertsonak kontratatuz (gehienez ere, 6 puntu):

– Dibertsitate funtzionala duten pertsonak: 0,5 puntu emango dira % 33tik gorako desgaitasun-mailako dibertsitate funtzionala duten pertsonei esleitutako lanpostu bakoitzeko; gehienez ere, 1,5 puntu emango dira.

– Emakumeak: 0,5 puntu emango dira kontratatutako emakume bakoitzeko; gehienez ere, 1,5 puntu emango dira.

– 35 urtetik beherakoak: 0,5 puntu emango da kontratatzen den 35 urtetik beherako pertsona bakoitzeko; gehienez ere, 1,5 puntu emango dira.

– Langabezian dauden 55 urtetik gorako pertsonak: 0,5 puntu emango dira langabezian dauden 55 urtetik gorakoei esleitutako lanpostu bakoitzeko; gehienez ere, 1,5 puntu emango dira.

(Ikus I.5 eranskina)

Talde honen haztapena, guztira: 75 puntu.

14.– Emakidari buruzko izapideak.

1) Oro har, ohartarazten da eskainitako zerbitzuak huts deklaratu ahal izango direla agirira egokitzen den eskabiderik aurkezten ez bada; lehiaketa hau izapidetzeko aldian udalaren edo gaian interesa izan dezakeen beste organismoren baten aurkako txostena jasotzen bada edo, azkenik, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren defentsarekin eta kudeaketarekin edo onura publikoko beste xede batzuekin zerikusia duten eta emakida huts deklaratzea gomendatzen duten arrazoi gerora sortuak badaude.

2) Pertsona edo entitate adjudikaziodunak nahitaez onetsi beharko ditu aurkeztutako eskaintzaren ondoriozko baldintza partikularrak eta Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak dagokion ebazpenean ezarritakoak, bai eta agiri honen I. eta III. eranskinetan jasotakoak eta kontsultatutako administrazioek beren eskumenen eremuan ezar ditzaketenak ere.

3) Adjudikazioa ebatzi ondoren, adjudikaziodun suertatu den pertsonak edo entitateak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoko ondasunak okupatzeko emakida-eskabide formala aurkeztu beharko du, eta Kostaldeei buruzko Erregelamendu Orokorraren 152. artikuluan ezarritakoaren arabera izapidetuko da.

4) Pertsona edo entitate adjudikaziodunak klima-aldaketaren ondorioen bilakaera aurkeztu beharko du, urriaren 10eko 876/2014 Errege Dekretuaren bidez onartutako Kostaldeei buruzko Erregelamendu Orokorraren 92. artikuluari jarraikiz.

5) Ofizialki jendaurrean jarri ondoren edo Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak hautatutako proiektua aztertu ondoren, eskatzaileak aurkeztu duen berariazko proiektuaren alegazio edo txostenetan oinarrituta, ezinezkoa bada emakida formalizatzea, eta, betiere, proiektua agiri honetan ezarritako baldintza eta preskripzioetara egokituz gero, pertsona edo entitate adjudikaziodunak ez du eskubiderik izango inolako kalte-ordainik jasotzeko lehiaketa eta baimena izapidetzean izandako gastuengatik, eta ez da inolako interesik sortuko itzulitako zenbatekoengatik.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala