Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2026ko maiatzaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
1950

EBAZPENA, 2026ko maiatzaren 4koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Bilbo-Donostia lineako 37+154 KPan Torretxoko trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektua»-k ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

2024ko irailaren 11ko Garraio Azpiegituren zuzendariaren ebazpenaren bidez onestsi zen «Bilbo-Donostia lineako 37+154 KPan Torretxoko trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektua». Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2024ko urriaren 1ean, 191 zenbakiarekin.

Bilbo-Donostia lineako 37+154 KPan Torretxoko trenbide-pasagunea kentzea da proiektuaren xedea; horretarako, bide berri bat eraikiko da, Errotatxoko egungo bidearen zati bat ordezteko, oraingo trenbidearen azpian pasagune bat jarriz. Horrela, trazadura berriari geometria eman dakioke hala oinplanoan, nola altxaeran, trenbide-plataformaren azpiko pasaguneari bide emateko, gaur egungo trazadurek eta baldintzatzaileek ezartzen dituzten mugak kenduta.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazio xehea biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.

Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehengoa.– Aurrekarietan aipatzen diren «Bilbo-Donostia lineako 37+154 KPan Torretxoko trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektua»-ren obrak gauzatzeko nahitaezko desjabetzearen espedientea hastea, ebazpen honen eranskinean zehazten diren eraginpeko ondasun eta eskubideak identifikatuz.

Bigarrena.– Jendaurrean jartzea «Bilbo-Donostia lineako 37+154 KPan Torretxoko trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektua»-k ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak aurkezteko Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea, 1, Lakua 1, 01010 – Vitoria-Gasteiz).

Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Berrizko udaletxeko iragarki-oholean ere erakutsiko da jendaurrean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 4a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

ERANSKINA
(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala