Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2026ko maiatzaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
1949

EBAZPENA, 2026ko apirilaren 30ekoa, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez gazteen emantzipaziorako 2026rako Emantzipa Programako laguntzen deialdia egiten baita.

2023ko abenduaren 30ean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea jarri zen indarrean. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzen du, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua indargabetzen ditu.

Bestalde, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen azken xedapenetako lehenaren 1. apartatuak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legearen azken xedapenetako bigarrenak emandako idazketan, ezartzen du indarraldi mugagabea duten laguntzen eta dirulaguntzen oinarri arautzaileak lege horretan xedatutakora egokitu beharko direla hogeita lau hilabeteko epean, legea indarrean jartzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta egokitzapena gauzatu ez bada, indargabetutzat jo beharko dira.

Hori dela eta, aipatutako araudian xedatutakoa betez, martxoaren 17ko 42/2026 Dekretua onartu eta argitaratu da, Gazteen Emantzipaziorako Emantzipa Programarako laguntzak arautzen dituena (2026ko martxoaren 31ko EHAA, 61. zk.). Dekretu horrek laguntza horien oinarri arautzaileak ezartzen ditu, eta, era berean, berariaz indargabetzen du abenduaren 26ko 191/2023 Dekretua, Gazteen Emantzipaziorako Emantzipa Programarako laguntzak arautzen dituena.

XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programak, legegintzaldiko konpromisoen artean, gazteei bizi-proiektu berri bati ekiten laguntzea jasotzen du, eta Emantzipa Programaren helburua gazteen emantzipazio-prozesuak erraztea edo sendotzea da, bultzada edo laguntza baten bidez, eta hori da, hain zuzen ere, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak lortu beharreko helburu estrategikoetako bat.

Gazteen emantzipazioa babesten eta sustatzen jarraitu behar denez, eta aurkeztutako eskaeren kopurua handia denez, komeni da lehen aipatutako programaren beste laguntza-deialdi bat egitea, gazteen emantzipazioa bultzatzeko 2030erako Euskal Estrategiak lortu nahi dituen helburuak lortzeko.

Deialdi honek berariaz jasotzen ditu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako aurreikuspenak, bereziki onuradunen betebeharrei (14. artikulua), laguntzak kudeatzeko eta izapidetzeko prozedurari (21. eta 22. artikuluak) eta III. tituluan aurreikusitako itzulketa- eta kontrol-araubideari dagokienez. Era berean, guztiz egokitzen da martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren bidez onartutako oinarri arautzaileetara (42/2026 Dekretua, martxoaren 17koa, Gazteen Emantzipaziorako Emantzipa Programarako laguntzak arautzen dituena). Oinarri arautzaile horiek ezartzen dute zer esparru juridiko aplikatu behar zaien Emantzipa Programako laguntzei, eta bermatzen dute deialdiak errespetatzen duela Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen araubide juridikoa.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan aurreikusitakoa betez, deialdi hau erabat sartuta dago Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan hori Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren 2025eko otsailaren 21eko Aginduaren bidez onartu zen, eta 2026ko ekitaldirako eguneratu, 2026ko urtarrilaren 27ko Aginduaren bidez. Plan horren helburuen artean daude, besteak beste, zeharkako gazte-politika bultzatzea eta gazteen emantzipazioa sustatzea. Deialdi honek helburu horiei zuzenean laguntzen die, eta guztiz bat dator.

Horrenbestez, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Gazteen emantzipaziorako 2026ko ekitaldirako laguntzen deialdia egitea. Programa hori gazteen emantzipaziorako laguntzak arautzen dituen martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren dirulaguntza-jarduerari oro har aplikatu beharreko araudian xedatutakoaren arabera arautuko da, bai eta ebazpen honen eranskinean jasotako oinarrien arabera ere. Oinarri horiek abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 20.3 artikuluan ezarritako gutxieneko edukiak barne hartzen dituzte.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 30a.

Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordea,

XABIER LEGARRETA GABILONDO.

ERANSKINA
2026. URTERAKO GAZTE EMANTZIPAZIORAKO EMANTZIPA PROGRAMAKO LAGUNTZEN DEIALDIA

Lehenengoa.– Zuzkidura ekonomikoa.

Laguntzak emateko, 36.250.000 euro bideratu dira. Zenbateko horretatik, 13.900.000 euro 2026ko ekitaldiko ordainketa-kredituarekin finantzatuko dira, 15.000.000 euro 2027ko ekitaldirako konpromiso-kredituarekin eta 7.350.000 euro 2028ko ekitaldirako konpromiso-kredituarekin.

Aurrekontu-ekitaldian emandako laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko kontsignazio hori edo, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira, kontsignazio hori eguneratzetik ateratzen dena. Zenbateko gehigarri bat ezarriz gero, zenbateko hori ezingo da izan onartutako aurrekontu-kredituaren % 20 baino handiagoa.

Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da laguntza hauetara bideratutako funtsak agortu eta eguneratu direla, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bigarrena.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren 6.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, zeinaren bidez arautzen baitira gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programarako laguntzak, laguntzaren zenbatekoa hilean 300 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko, eta gehienez ere 24 hilekotan, betiere hura eskuratzeko baldintza guztiak betetzen jarraitzen bada.

Hirugarrena.– Eskatutako urteko diru-sarrerak.

2026. urteko Emantzipa Programaren deialdirako, laguntza horiek eskuratzeko urteko diru-sarrerak, Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programaren laguntzak arautzen dituen martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren 3.3 artikuluan aurreikusitakoak, 3.000 eurotik gorakoak eta 30.000 eurotik beherakoak izan beharko dira.

Eskatzaileak bere ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin batera egiten badu aitorpena, eskatutako urteko diru-sarrerak 3.000 eurotik gorakoak eta 36.500 eurotik beherakoak izan beharko dira.

Urteko diru-sarrerak zenbatzeko, eskabidea aurkeztu aurreko ekitaldi fiskalean lortutakoak hartuko dira kontuan, martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren 3.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Laugarrena.– Onuradun izateko betekizunak.

Deialdi honen onuradun izateko betekizunak martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoak izango dira (42/2026 Dekretua, martxoaren 17koa, Gazteen Emantzipaziorako Emantzipa Programarako laguntzak arautzen dituena), bai eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan horretan ezarritako debekuetan erori gabe.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko azaroaren 30ean amaituko da, biak barne, hargatik eragotzi gabe epe hori lehenago itxi ahal izatea, aurrekontu-kreditu erabilgarria agortzen bada, martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren 7.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Laguntza ekonomikoen eskabideak elektronikoki aurkeztu ahal izango dira https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1236203 helbidean, edo aurrez aurre Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan –Zuzenean: (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/zuzenean-herritarrentzako-zerbitzua/)– edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

3.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: (https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/).

Eskabideak, horiekin batera aurkeztu behar den dokumentazio osagarriarekin batera, interesdunaren legezko ordezkari baten bidez aurkeztu ahal izango dira. Ordezkaritza zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez egiaztatu ahal izango da, modu fidagarrian jasota geratzen bada, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritako baldintzetan.

Eskabidea elektronikoki ere izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/).

4.– Eskabideak aurkezteko inprimakia eta administrazio-izapideak formalizatzeko gainerako eredu normalizatuak, martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren 8.2 artikuluan aipatzen direnak (42/2026 Dekretua, Gazteen Emantzipazio Programarako laguntzak arautzen dituena), helbide honetan egongo dira eskuragarri: (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1236203).

Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Era berean, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzeko arreta eta laguntza eskatu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 12. artikuluan, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean eta Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren 8.5 artikuluan aipatzen den prozedura-fitxa helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1236203 (42/2026 Dekretua, martxoaren 17koa, Gazteen Emantzipaziorako Emantzipa Programarako laguntzak arautzen dituena).

Bosgarrena bis.– Dokumentazioa, erantzukizunpeko adierazpenak eta ofiziozko egiaztapenak.

Martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren 3. eta 4. artikuluen eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 20.3.f) artikuluaren arabera, eskatutako betekizunak egiaztatzeko, sistema hauek erabiliko dira, deialdi honetan aurreikusitakoak.

1.– Organo kudeatzaileak zuzenean egiazta ditzakeen betekizunak.

Eskatzaileak berariaz aurka egiten ez badu edo hura lortzeko bideragarritasun teknikorik ez badago, organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko ditu alderdi hauek, bitartekaritza-plataformei eta gaitutako gainerako sistemei kontsulta eginez:

• Eskatzailearen identitatea (Poliziaren Zuzendaritza Nagusia).

• Zerga-betebeharrak egunean izatea (EAEko foru-ogasunak, Nafarroa eta Estatuko Zerga Agentzia).

• Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia).

• Errolda historikoaren datuak, daten artean (EAEko udalak).

• Ondare-mailari buruzko datuak (EAEko foru-aldundiak).

• Kontu-mailari buruzko datuak (EAEko foru-aldundiak).

• Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) errenta-aitorpena eta zenbatetsitako datu fiskalak (foru-aldundiak).

• Jabetza Erregistroetan inskribatutako ondasun higiezinen datuak.

• Azken bost urteetako lan-bizitza (GSDN).

• Errenta-maila (PFEZ).

• Hiri-finken errentamendu-kontratuen eta fidantza-gordailuen erregistroa (Eusko Jaurlaritza).

Berariaz aurka egiten bazaio edo hori lortzeko bideragarritasun teknikorik ez badago, eskatzaileak dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du, kontsultatu nahi ez diren edo lortu ezin diren datuak egiaztatzeko.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatzen diren betekizunak (dokumenturik aurkeztu gabe, ad hoc errekerimendua izan ezik).

Eskabide-inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da jarraian adierazten diren betekizunak egiaztatzeko, bai eskaera egiten den unean eskatzaileak dituen edo ez dituen zirkunstantzien adierazpena, bai laguntza jasotzen duen aldian baldintza horiei eusteari dagokionez bere gain hartzen dituen konpromisoak barne, honako alderdi hauei dagokienez:

• Ez izatea babes publikoko etxebizitzarik alokairuan edo alokairu partekatuan.

• Alokairuan edo alokairu partekatuan etxebizitza pribaturik ez izatea ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) merkatu libreko etxebizitzak alokatzeko bitartekaritza-programaren bidez, ezta Bizigune Etxebizitza Hutsen Programako etxebizitzarik ere.

• Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatua ez izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

• Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

• Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez izana, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.

• Laguntza hau arautzen duen oinarrietan ezarritako baldintzak betetzea.

• Adinez nagusiak diren bizikidetza-unitateko edo familia-unitateko kideek badakite kontsultatuko direla eskaera honetan adierazitako PFEZari, ondareari, kontu-mailari eta ondasun higiezinei buruzko datuak, bai eta zerga-betebeharrak egunean dituztelakoa ere, eta kontsulta hori egiteko baimena ematen dute.

• Eskabidean eta aurkeztutako dokumentazioan jasotako datu guztiak egiazkoak eta osoak dira, eta bere gain hartzen dute urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikuluan aurreikusitako erantzukizuna.

• Laguntza hau jasotzen duten bitartean, konpromezua hartzen dute ohiko bizilekutzat izatekoa dirulaguntza emateko ebazpenean edo ondorengo aldaketetan agertzen den erroldatze-etxebizitza.

• Aldaketak egonez gero, laguntzak kudeatzen dituen organo kudeatzaileari hilabeteko epean jakinarazteko konpromezua hartzen dute, bai eskabidean adierazitako datuetan zein laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan izandako edozein aldaketarengatik.

Erantzukizunpeko adierazpenean funtsezko zehaztasunik eza, faltsutasuna edo omisioa badago, edo adierazpen horren edukia egiaztatzeko eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da laguntza izapidetzen jarraitu gertakari horien berri izaten den unetik bertatik, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikuluaren arabera.

3.– Egiaztatzeko dokumentazio espezifikoa behar duten betekizunak (nahitaez aurkeztu beharrekoak).

Eskatzaileak, nolanahi ere, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, ezinbestekoa baita martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako sarbide-betekizunak egiaztatzeko:

• Etxebizitza-kontratua egiaztatzea.

– Errentamenduan: errentamendu-kontratua, non jasoko baitira kontratatzaileen nortasuna, etxebizitzaren identifikazioa, itundutako iraupena eta hasierako errenta, edo, hala badagokio, inskripzio-ziurtagiria edo Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroko fidantza-gordailuaren frogagiria.

– Salerosketan: salerosketa-kontratua; edo, inskribatuta badago, erregistroko informazio-ohar soila.

• Alokairua, hipoteka edo partikularren arteko mailegu-kontratu pribatua ordaindu izanaren egiaztagiria, zerga-agintaritza eskudunaren aurrean formalizatua.

– Eskaera egin aurreko azken hilabeteko banku-egiaztagiria, agindu-emailearen eta onuradunaren identifikazioarekin, zenbatekoarekin, kontuekin eta erakundearen baliozkotzearekin.

• Beste etxebizitza baten titular ez dela egiaztatzen duen agiria.

– Kokapen-oharra edo Jabetza Erregistroko Indize Zerbitzuaren ziurtagiria.

• Diru-sarreren egiaztapena, kasu hauetan bakarrik:

– Administrazioak oraindik ez izatea aurreko ekitaldiko zerga-informazio osoa, edo

– eskatzaileak kontsultaren aurka egitea.

Kasu horietan, honako hauek aurkeztu ahal izango dira: PFEZaren atxikipenen ziurtagiri ofiziala (10T dokumentua), zerga-administrazio eskudunak emandako errenta-ziurtagiria edo lortutako diru-sarreren zenbatekoa zehazteko aukera ematen duen zuzenbidean onartutako beste edozein egiaztagiri baliokide.

Seigarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Laguntzaren onuradunek, martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren 12. artikuluan zehaztutako betebeharrez gain Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta programa honetan aipatzen diren laguntzak jasotzeagatik eska daitezkeen legezko beste betebehar guztiak ere.

Zazpigarrena.– Laguntzen kudeaketa eta ebazpena.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak kudeatzeko lanak Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzari dagozkio, eta hura izango da prozedura kudeatuko duen organoa, martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Organo kudeatzaileak egiaztatuko du eskabideak behar bezala bete direla, bai eta laguntza-eskabidea izapidetzeko behar den dokumentazioa aurkeztu dela ere.

3.– Organo kudeatzaileak, halaber, gazteen emantzipazioa errazteko laguntza lortzeko baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, eta txostena egin eta dagokion ebazpen-proposamena egingo du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

4.– Gazteriaren arloan eskumena duen sailburuordetzaren titularraren ebazpen baten bidez emango edo ukatuko dira eskatutako laguntzak.

5.– Aurreko apartatuan adierazitako ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek gazteriaren arloko sail eskuduneko titularrari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

6.– Ebazpena sei hilabeteko epean jakinarazi beharko da, espedientea osatu eta hurrengo egunetik aurrera, eta administrazio-isiltasuna ezeslea izango da. Hala ere, zuzentzeko errekerimendua eginez gero, epea etenda geratuko da martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren 10.2 artikuluaren eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1 artikuluaren arabera.

7.– Organo kudeatzaileak 10 egun balioduneko epea emango dio eskatzaileari dokumentazioa osatzeko edo atzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko dio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluekin bat etorriz.

8.– Ebazpena eskatzaileak aukeratutako kanalaren bidez jakinaraziko da. Ebazpena ematekoa bada, jakinaraziko zaio 15 egun naturaleko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat joko dela, martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren 10.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

9.– Kanal elektronikoa aukeratuz gero, jakinarazpenak eta komunikazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuaren 9.5 artikuluari jarraikiz.

Era berean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, ohar bat bidaliko da eskatzaileak adierazitako gailu elektronikora edo helbide elektronikora, eta jakinaraziko da jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri jarri dela.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluan ezarritakoa betez, emandako dirulaguntzen zerrenda Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, eta bertan jasoko dira, gutxienez, onuradunaren identifikazioa, emandako zenbatekoa eta finantzatutako jarduketa, azken hori martxoaren 17ko 42/2026 Dekretuan aurreikusitako gazteen emantzipazio-prozesua dela ulertuta.

Zortzigarrena.– Laguntzak itzultzeko arrazoiak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera arautuko dira bidegabe jasotako laguntzak itzultzeko arrazoiak eta haiek azkentzeko eta itzultzeko prozedura.

Bederatzigarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Emantzipaziorako laguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.

• Arduraduna: Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila.

• Helburua: gazteentzako laguntzak kudeatzea.

• Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da lege-betebehar aplikagarriak betetzeko.

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

• Hartzaileak:

– Ekonomia eta Ogasun Saila (Kontrol Ekonomikoko Bulegoa).

• Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/).

• Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia:

www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/

Araudia:

• Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).


Azterketa dokumentala