Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2026ko maiatzaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
1909

AGINDUA, 2026ko martxoaren 24koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez onesten baitira 2026-2028 aldian egin beharreko oinarrizko ikerketako edo ikerketa aplikatuko proiektuak egiteko laguntzetarako deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra ikusirik, eta ikerketa-taldeek kalitatezko ikerkuntza egin dezaten bermatu eta sustatzeko helburuarekin, deialdi honek indar berezia jartzen du ikertzaile gazteen lidergoaren alde, beren ibilbide profesionala kontsolidatzen ari diren gazteena bereziki. Aitortzen da garrantzitsua dela ikertzaile-belaunaldi gazteei bultzada bat ematea eta haiei laguntzea ikerketa-proiektuetan ardura-postuetara iristen, hartara, EAEko zientzia- eta teknologia-sistemaren berrikuntza eta dinamismoa bultzatzeko.

Lehentasunezko helburuak dira oraindik ere jardueren nazioartekotzea, emaitzak inpaktu handiko foro zientifikoetan eta teknologikoetan argitaratzea eta EAEko gizartearen arazo sozialak, teknologikoak eta ekonomikoak konpontzen laguntzea. Dena den, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak ikertzaile gazteak buru dituzten proiektuak garatzeko konpromisoa sendotu du, sistemaren bikaintasuna eta lehiakortasuna indartze aldera.

Ondorioz, deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistema indartzea, sailak kudeatutako oinarrizko ikerketako nahiz ikerketa aplikatuko proiektu zehatzen garapenari lagunduz eta lidergoko eta kontsolidazio profesionaleko aukerak ikertzaile-belaunaldi berriei ere zuzentzen zaizkiela bermatuz.

Era berean, agindu honek aintzat hartzen ditu Eusko Jaurlaritzaren «Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planean» (ZTBP Euskadi 2030) jasotako estrategiak. Plan horrek koherentea izan nahi du Europa mailan ezarritako helburu estrategikoekiko, hartara, ezagutzan oinarrituta dauden eta modu jasangarrian hazteko gai diren eta enplegua ikuspegi kuantitatibotik nahiz kualitatibotik hobetzeko gai diren ekonomia lehiakorrak eta dinamikoak garatuko dira, arreta berezia jarrita belaunaldi-erreleboari eta euskal sistema zientifikoan talentu gaztea kontsolidatzeari.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak sailaren 2026rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzeko Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren aginduan sartzen dira.

Administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, xedapen hauetan ezarritako eran: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko araudia; 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denaren babespean, deialdi hau elektronikoki izapidetuko da.

Kontuan hartu da lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena (2024ko ekainaren 24ko EHAA, 123. zk.).

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2026-2028 aldian oinarrizko ikerketako edo ikerketa aplikatuko proiektuak egiteko laguntzak deitzea eta horien oinarri arautzaileak onartzea I. eranskinean jasotako baldintzetan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondoreak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 24a.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea oinarrizko ikerketako edo ikerketa aplikatuko proiektuak egiteko 2026-2028 aldian, eta laguntza horiek ematea arautzeko oinarri arautzaileak onartzea.

2. oinarria.– Kreditu erabilgarria.

Agindu honen xede diren laguntzetarako 1.000.000 euro erabiliko dira, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako xedatutako partidaren kargura. Diruz lagundu daitekeen proiektu bakoitzari gehienez 80.000 euro emango zaizkio.

3. oinarria.– Entitate onuradunak eta sartzeko betekizunak.

1.– Entitate onuradunek akreditatuta egon behar dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan (aurrerantzean, ZTBES), zeina Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan jasota baitago. Hona erregistro horretako zer kategoriatan egon behar duten entitate eskatzaileek eskaera egiteko epea amaitu baino lehen eta laguntza egikaritzeko aldia amaitu arte:

a) Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak (BERC).

b) Unibertsitateetako ikerketa-egiturak, zeinek 6. oinarriaren arabera eratutako ikertzaile-taldeak izan beharko baitituzte plantillan. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateen kasuan, ikerketa-taldean ezin izango da egon 2026-2029 aldirako euskal unibertsitate-sistemako ikertzaile-taldeen jarduerak babesteko laguntzen deialdian A edo B talde gisa akreditatutako ikerketa-talderen batekoa izan den inor, baldin eta deialdi horretan dirulaguntzaren bat lortu bazuen.

c) Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZ).

2.– Entitate eskatzaileek, laguntza jasotzen duten aldian, betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dien administrazio- edo zigor-zehapenik duten entitateek eta horretarako gaitasunik gabe uzten dien legezko debekurik duten entitateek ezin izango dute dirulaguntza hau jaso, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tartean.

b) Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuan oinarrituta diskriminatzen duten jarduerei, ezta sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoei eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.

c) Entitate onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Gainera, entitate onuradunek, dirulaguntzak itzultzeko obligaziorik badute, ordainduta izan behar dute.

Betekizun horiek bete beharko dira bai onuradun izateko eta bai izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira, bai dirulaguntza ematen denean eta bai ordainketak egiten direnean.

d) Aipatutako betekizunez gain, ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aipatutako egoeren batean dauden entitateak.

e) Ezingo dira laguntzen onuradun izan LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen dutenak, konbertsio-terapiak egin edo sustatzen dutenak barne.

4. oinarria.– Ikerketa-proiektuen betekizunak.

1.– Proiektuak urtealdi oso 1 eta 3 urtealdi oso artean egiteko eskatu ahal izango dira, eta, azken urtearen ondoren, lau hilabeteko aldi gehigarria egongo da amaitzeko, eta, horretarako, 16. oinarrian deskribatutako amaierako gastu-ziurtagiria eta amaierako txosten zientifikoa entregatu beharko dira.

2.– Deialdiaren ondorioetarako, 2026ko ekitaldian hasiko dira proiektuak egikaritzen, hots, 13.5 oinarrian aurreikusitakoarekin bat, onuradunak emandako dirulaguntza onartzen duenean. Egikaritze-fasearen amaiera proiektuan aurreikusitako iraupenaren araberakoa izango da, baina administrazio-jarduketak 2029ko ekainaren 30a baino lehenago amaitu behar dira.

3.– Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek II. eranskinean aipatzen diren printzipio bioetikoak errespetatu beharko dituzte.

5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.

1.– Diruz lagundu daitekeen jardueraren ezaugarriari inongo zalantzarik gabe erantzuten dioten kontzeptuak lagunduko dira diruz, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta oinarri arautzaile hauetan zehaztutako epean egiten badira.

Diruz lagundu daitezkeen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

2.– Eskaerarekin batera joan behar duen proiektuaren aurrekontua epigrafeka eta urteka egituratu eta justifikatuko da, deialdi honen bidez lagun daitezkeen kontzeptu hauen arabera:

a) Laguntzaileak.

Proiektuko eta urteko, laguntzaile bati ordaintzeko kopurua finantzatu ahal izango da, baldintza hauekin:

a.1.– Doktore ez diren laguntzaileak.

– Doktore ez den langile laguntzaile gisa, lanaldi oso baterako, 25.721 euroko dirulaguntza eman ahal izango da (horietatik 19.380,40 euro izango dira nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik) laguntzaile beraren lehenengo eta bigarren urterokoetan, eta 26.807 eurokoa (horietatik 20.467 euro izango dira nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik) hirugarren urterokoan. Bigarren, edo, hala badagokio, hirugarren urterokoan, proiektuari urtebetekoa baino dedikazio laburragoa eskainiz gero, urteroko bakoitzeko dedikazio horrekiko proportzioa kalkulatuko da zenbatekoa.

Gehigarri bat ezartzen da jarduera uzteagatiko kalte-ordaina estaltzeko, kontratua amaitzean aplikatu beharreko indarreko araudiaren arabera.

Gehigarri horrek lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguni dagokien zenbatekoa estaliko du gehienez, proiektuan parte hartzeari uzten zaion arte. Kontratu bakoitzeko, gehienez 2.018,66 euro ordainduko dira kalte-ordain gisa, eta abonu hori kontratua amaitu eta hurrengo urterokoari dagokion ordainketan egingo da.

– Entitate eskatzailearekin izenpetutako kontratuak gutxieneko ordainsari gisa jasoko ditu diru-kopuru horiek, hargatik eragotzi gabe entitate kontratatzailearen kontura osatzeko aukera; hala bada, entitate kontratatzaileak ordaindu beharko du gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala.

– Laguntzaile horrek gradu, lizentzia, ingeniaritza edo arkitekturako titulua izan beharko du.

– Programa honen babesean kontzeptu horrengatik laguntza bat jasotzea ez da bateragarria, oro har, soldata-izaera duen beste zenbatekorik jasotzearekin.

– Gutxienez, urtebete eman beharko du proiektuan lanean.

a.2.– Doktore diren laguntzaileak.

– Doktore diren laguntzaileen kasuan, lanaldi oso baterako, 44.658 euroko dirulaguntza eman ahal izango da urteroko bakoitzeko (horietatik 33.489 euro izango dira nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu aurretik). Proiektuari eskainitako dedikazioa laburragoa izanez gero, urtekako dedikazioarekiko proportzioan kalkulatuko da kopurua.

Gehigarri bat ezartzen da jarduera uzteagatiko kalte-ordaina estaltzeko, kontratua amaitzean aplikatu beharreko indarreko araudiaren arabera.

Gehigarri horrek lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguni dagokien zenbatekoa estaliko du gehienez, proiektuan parte hartzeari uzten zaion arte. Kontratu bakoitzeko, gehienez, 2.202 euro ordainduko dira kalte-ordain gisa. Abonu hori kontratua amaitu eta hurrengo urterokoari dagokion ordainketan egingo da.

– Entitate eskatzailearekin izenpetutako doktoratu ondoko kontratuak gutxieneko ordainsari gisa jasoko ditu diru-kopuru horiek, hargatik eragotzi gabe entitate kontratatzailearen kontura osatzeko aukera; hala bada, entitate kontratatzaileak ordaindu beharko du gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala.

– Laguntzaile horrek doktore-titulua izan beharko du, bera kontratatzea aurreikusten den urtean erdietsitako doktore-titulua.

– Programa honen babesean kontzeptu horrengatik laguntza bat jasotzea ez da bateragarria, oro har, soldata-izaera duen beste zenbatekorik jasotzearekin.

– Gutxienez sei hilabete igaro beharko du proiektuan lanean.

b) Material inbentariagarria.

Proiektuaren kargura eskuratutako ekipamendu bakoitzak urteko 20.000 euro baino gutxiago balio beharko du, BEZik gabe, eta entitate onuradunaren inbentarioan jasota egongo da, harik eta proiektua egikaritzen amaitu arte, 4. oinarrian deskribatu bezala, eta, nolanahi ere, eskuratzen denetik gutxienez bi urtez. Deialdi honetatik kanpo daude esplizituki altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako ekipamendu informatikoa erostea ere.

Diruz lagundu daitekeen gastua 15.000 eurokoa edo handiagoa bada (BEZik gabe), edo kontratazioaren arloko araudia eguneratzearen ondorioz ezartzen den zenbatekoaren adinakoa edo handiagoa bada, entitateak gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak, ekipamendua eskuratzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta merkatuan ez badago, ekipamenduaren ezaugarri bereziak direla-eta, halakoak egiten, ematen edo hornitzen dituen behar beste entitate, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada. Halaber, aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa –justifikazio-unean edo, hala badagokio, dirulaguntza-eskaeran aurkeztu beharko dira–, efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta ez bada eskaintza ekonomiko onuragarriena aukeratzen, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 30.3 artikulua).

c) Material suntsikorra.

Partida horretan ez da mugarik izango, baldin eta behar bezala justifikatuta badago eta proiektuaren jardueretan beharrezkoa bada, betiere. Kanpo geratzen da bulegoko material orokorraren finantzaketa.

d) Bidaiak.

Proiektuaren jarduerak burutu ahal izateko egiten diren bidaien ondoriozko gastuak onartuko dira. Halaber, proiektuan erdietsitako emaitzak ezagutzera emateko egiten diren bidaia-gastuak ere onartuko dira, proiektua egikaritzeko azken urtean egindakoak. Azken kasu horretan, pertsona bakarrak eginiko gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.

e) Bestelako gastuak.

Aurreko kontzeptuetan sartzen ez diren gastuak finantzatu ahalko dira, finantzatutako aurrekontuaren % 5 gehienez, baldin eta proiektuaren helburuak garatzeko beharrezko direla justifikatzen bada. Finantzatutako aurrekontuan ez da sartuko laguntzaileei jarduera uzteagatik ematen zaien kalte-ordain gehigarria.

3.– Ez dira inola ere aintzat hartuko ez deialdi honen eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak, ez 4. artikuluan adierazitako egikaritze-aldia amaitu ondoren egindakoak.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz oinarri honetan arautu ez den guztirako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan adierazitakoa beteko da.

6. oinarria.– Ikertzaileen betekizunak.

1.– Osaera.

1.1.– Ikertzaileen zerrenda bat jasoko da eskaeran; ikertzaileok, bada, laguntzaren xede den proiektuan lan egingo duen ikerketa-taldea osatuko dute. Gutxieneko ikertzaile-taldea eratuko duten hiru pertsonek osatuko dute, gutxienez, taldea. Horien artean egongo da proiektua zuzenduko duen ikertzaile nagusia, zeinak estatutupeko edo lan-kontratuko lotura izan behar baitu entitate eskatzailearekin. Gutxieneko ikertzaile-taldea osatzen duten pertsonek proiektuan jarraitu beharko dute, gutxienez, proiektua egikaritzeko fase osoan; ikertzaile nagusiaren kasuan, gainera, 4.1 oinarrian aipatzen den lau hilabeteko aldi gehigarrian ere jarraitu beharko du. Horietako bik, gutxienez, doktore-titulua izan beharko dute, eta horien artean egongo da ikertzaile nagusia.

Ikerketa-taldean parte hartzen duten gainerako ikertzaileek gradu-, lizentzia-, ingeniaritza- edo arkitektura-titulua izan beharko dute.

Urteko 1.400 ordukoa izango da ikerketa-taldea osatzen duten ikertzaileek proiektuari eskainitako gutxieneko dedikazioa, eta talde bakoitzeko ikertzaile nagusiaren gutxieneko dedikazioa, berriz, urteko 420 ordukoa.

1.2.– Proiektuko ikertzaile nagusia.

Proiektuko ikertzaile nagusiak jardun osoko dedikazioa eskaini beharko dio, eta zerbitzu aktiboan izan beharko da. Era berean, ikertzaile gazteen lidergoa bultzatzeko, ezinbestekoa izango da eskatzaileak irakasle edo ikertzaile plaza bat betetzea kontsolidazio-bidean, eta entitate eskatzailearekin lotura izatea ikerketa-proiektua amaitu arte gutxienez.

Zehazki, programa edo kategoria hauetako langileak onartuko dira: Ikerbasque Research Fellow programa, irakasle laguntzaile doktorea, irakasle atxikia, Ramon y Cajal programa, Juan de la Cierva programan sartzea, Miguel Servet programa.

Irakasle atxiki, laguntzaile doktore edo Ikerbasque Research Fellow plaza bat betetzen duten ikertzaileen kasuan, baldin eta plaza hori ikerketa-proiektua amaitu baino lehen amaitzen bada, ikerketa-taldeko kide gisa sartu ahal izango dira, baldin eta egiaztatzen badute ikerbasquek (Ikerbasque Research Associate Professor), Unibasqek (Irakasle Osoak, Irakasle Agregatuak, Ikertzaileen Irakasleak, Ikertzaile Doktoreak) edo ANECAk (Unibertsitateko Katedradunak, Irakasle Titularrak, Irakasle Kontratatu Doktoreak) emandako ebaluazio positiboa edo akreditazioa.

1.3.– Gutxieneko betekizun galdagarria izango da ikertzaile-taldeen osaera, eta hori ez betetzea (18.2 oinarria), nahiz eta gerora sortutako arrazoiengatik izan, dirulaguntza eskubidea galtzeko arrazoi izango da.

2.– Entitate bakoitzak nahi beste eskaera aurkeztu ahal izango ditu, ikertzaile nagusien bitartez, 3. oinarrian ezarritako betekizunak betez gero, baina honako muga hauekin, betiere:

– Ikertzaile nagusi bakoitzaren eskaera bat baino ez da onartuko. Eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, zeinetan parte hartuko duen aukeratzeko eskatuko zaio, eta beste eskaera deialditik kanpo geratuko da.

– Era berean, ikertzaile bakoitzak eskaera batean baino ezingo du parte hartu. Eskaera batean baino gehiagotan aurkezten bada, zeinetan parte hartuko duen aukeratzeko eskatuko zaio, eta beste eskaera deialditik kanpo geratuko da.

– Ezingo dute deialdian parte hartu aurreko proiektuetan parte hartu duten eta eskaera aurkezten duten egunean, betebeharrak egiteke dituztelako, oraindik jarduketak amaitu ez dituzten ikertzaileek, alde batera utzita amaierako txosten zientifikoa eta egindako argitalpenak.

– Finantzatutako proiektu bat onartutako amaiera-data baino lehen bertan behera uzten bada, parte hartu duten ikertzaileek ezingo dute beste proiektu berri batean parte hartu, harik eta hasierako proiektu hori onartu zen unean aurreikusitako amaiera-data bete arte. Alderdi hori 18.2 oinarrian deskribatutako gutxieneko betekizun galdagarritzat hartu denez, inguruabar horietan gertatzen diren proiektu-eskaerak ukatu egingo dira, eta gutxieneko horien gerora sortutako ez-betetzeak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen sinatu baten bidez, parte hartzen duen ikertzaile bakoitzak adierazi beharko ditu deialdi honetan eskatutako proiektua garatuko den urteetarako emandako edo eskatutako beste proiektu batzuetan konprometitutako orduak, eta behar adina ordu izan beharko ditu proiektu honetan esleitutako eta konprometitutako jarduerei ekiteko.

4.– Entitate eskatzaileak deialdiko eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen kontratatu beharko ditu ikerketa-taldeko kideak. Halaber, ikertzaile nagusiak kontratu bat izan beharko du entitate eskatzailearekin, proiektuaren iraupen osoa baino luzeagoa, eta hor sartuko dira egikaritze-fasea eta 4.1 oinarrian zehaztutako lau hileko aldi gehigarria, 6.1.2 oinarrian ezarritakoaren arabera. Oinarri honetako 1. apartatuan aipatzen den gutxieneko ikerketa-taldea osatzen duten beste bi ikertzaileek gutxienez proiektuaren iraupen berdineko aldian eta dedikaziorako kontratatuak izan beharko dute, doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsonentzat oinarri honetako 6. apartatuan ezarritakoa salbu.

Gutxieneko ikerketa-taldea osatzen dutenek ezin izango dute aurkeztu entitate eskatzailearen konpromisorik, proiektuak dirauen bitartean kontratuari eutsiko zaiola dioenik. Gainerako taldekideek proiektuan izango duten parte-hartzeari dagokiona baino iraupen txikiagoko kontratua izan dezakete, baldin eta entitate eskatzaileak egiaztatzen badu proiektuan parte hartzen duten aldi osoan zehar kontratuari eusteko konpromisoa hartzen duela.

5.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen (irailaren 5eko 17/2022 Legeak aldatua) 23 bis artikuluaren arabera kontratatutako ikertzaileak badira, entitatearen adierazpen bat aurkeztu beharko da, kontratuak dakarren ordu-dedikazioa zehaztuta; adierazpen horretan, argi eta garbi adierazi beharko du proiektuan konprometitutako jarduerak burutzeko adina ordu baduela.

6.– Doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsona bat bada (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera), berau finantzatzen duen organismoaren izendapena aurkeztu beharko du, finantzaketa-aldi osoa adierazita; horrez gain, deialdi honetan eskatutako proiektuari urtean zenbat ordu eskain diezazkiokeen azaltzen duen ziurtagiria ere aurkeztu beharko du –doktore-tesiaren proiektuarekin bateragarria izateko gisan–, bai eta tesiaren eta proiektuko jardueraren arteko gainjartze-ehunekoa eta tesia zer zentrotan egin behar duen ere. Entitate eskatzailea BERC bat bada, aski izango da aurreko ziurtagiria, zeinetan, gainera, barne hartuko baita finantzaketa-aldi osoa.

Prestatzen ari den doktoratu aurreko ikertzaile bakar bat baino ez da onartuko proiektu-eskaera bakoitzean.

7.– Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor, Research Associate edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta entitate bati atxikita badaude, entitate horretako langileak direla ulertuko da.

7. oinarria.– Dirulaguntzak kudeatzeko organoa.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Zientzia Politikako zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.

8. oinarria.– Eskaerak formalizatzea eta aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ondoren, ezingo dira aldatu.

Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskaeraren aplikazio telematikoan sartutako agiriak manipulatzeak eskaera ezestea ekarriko du.

2.– Eskaeraren edukia agindu honen II. eranskinean dago. Eskaera egiteko inprimakia V. eranskinean dago jasota, eta eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0120707

Eskaera bi urratsetan egin beharko da:

Lehenik, proiektuko ikertzaile nagusia ziurtagiri elektroniko pertsonalaren bitartez sartu beharko da aplikazioan (esate baterako, NAN elektronikoa erabiliz), eta zehaztutako jarraibideak jarraitu beharko ditu, harik eta eskaera erabat bete arte.

Ondoren, aipatutako aplikazioaren bitartez eskaeraren alderdi guztiak beteta (aurreko urratsari jarraikiz) eta agindu honen III. eranskinean azaldutako agiri osagarriak gehituta, entitateak edo legezko ordezkariak eskaera elektronikoki sinatu beharko du; horrela soilik geldituko da erregistratuta. Horretarako, entitate eskatzaileak eskaera elektronikoki sinatzeko entitatearen txartela eduki beharko du, edo, bestela, legezko ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda egon beharko du (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua), esteka honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikako Zuzendaritzari, aurkeztutako agiriak egiazkoak diren egiaztatzeko beste organismo publiko batzuetan.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Parte hartuko duten gainerako ikertzaileek beren NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dute eskaeran. Administrazio eskudunak automatikoki egiaztatuko du zenbakia aipatutako aplikazioan, elektronikoki.

5.– Eskaerak barne hartuko ditu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako ezein egoerei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak.

6.– Dirulaguntza-eskaera aurkezteak berarekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera.

Dena dela, eskatzaileak berariaz erabili ahal izango du baimen horri aurka egiteko eskubidea. Hala eginez gero, beharrezko egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.

9. oinarria.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskaerako hutsak zuzentzea.

Hutsak zuzentzeko errekerimenduaren eta deialdia ebazteko eskaeraren jakinarazpenak, eta gerta litezkeen bestelakoak, prozedura honen arabera egingo dira:

1.– Dirulaguntza-eskaerak oso-osorik beteta etorri ezean edo aginduzko agiri guztiekin batera aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko eskatuko zaie entitate eskatzaileei. Epe horretan ez badituzte akatsak zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da organo eskudunak emandako ebazpen espresu bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hutsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera bidaliko zaio eskatzaileari (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

2.– Hargatik aurrekoa eragotzi gabe, eginiko jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helaraziko dizkie organo kudeatzaileak interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidalita. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.

10. oinarria.– Hautaketa-batzordea eta ebaluazio-prozedura.

1.– Hautaketa-batzordeak egingo du emaitzetatik deribatutako ondorioak laburbiltzeko txostena, betiere agindu honetan jasotzen diren baldintzak behar bezala ezartzen direla zainduz, batez ere ebaluatzeko irizpideei dagokienez. Aurrez erabaki beharko dute zein eskaera onartu izapidetzeko, eta zein ez.

2.– Batzorde hori hauek osatuko dute: Amaia Esquisabel Alegria, Zientzia Politikako zuzendaria (batzordeburua izango da); Maialen Agirre Pinedo, Berrikuntzako zuzendaria; eta Luis Nebreda Vadillo, Zientzia Politikako Zuzendaritzako teknikaria (idazkaria izango da).

3.– Proiektuen ebaluazioak bi urrats izango ditu. Lehenik, onartu den eskaera bakoitzari buruzko txostenak eskatuko dizkio Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari, zeinak 11.1 oinarrian aipatzen diren irizpideen araberako puntuazioa eman beharko baitu, 8 zenbakia duen irizpiderako izan ezik, hurrengo oinarrian azaltzen denaren arabera.

Bigarrenik, hautaketa-batzordeak berak baloratuko du 8. irizpidea, proiektu bakoitzak EAEko ikerketarako estrategiei eta plangintzei begira duen garrantziari buruzkoa.

Ebaluazioaren bi faseon emaitza izango da puntuazio orokorra.

11. oinarria.– Ebaluatzeko irizpideak.

1.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatzeko xedez, hautaketa-batzordeak jarraian aipatzen diren irizpideak izango ditu kontuan, eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Ikertzaileen curriculum vitaeren balorazioan, azken 6 urteetako merezimenduak soilik aurkeztuko dira.

Baldin eta hautagaitza batean ikerketa-lana eten egin bada egoera hauetakoren baten ondorioz, hots, iraupen luzeko aldi baterako lanerako ezintasuna; amatasuna; aitatasuna; edoskitze-aldiko arriskua; adopzioa edo harrera; edo liberazioagatik, honako kargu hauetakoren bat betetzeko bada: unibertsitateko pertsona bakarreko kudeaketa-karguak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko zuzendaritza-karguak eta administrazio publikoetako karguak, bada, halakoetan, ziurtatutako etenaldi horrekiko proportzioan luzatuko da ebaluatzeko ikerketa-jardueraren aldia, non eta ez den 10 astetik gorako amatasun edo aitatasunagatiko etenaldia (kasu horretan, ebaluatzeko aldia urtebete luzatuko da seme edo alaba bakoitzeko).

3.– 8. irizpidea baloratzeko –EAEko estrategiei eta plangintzei begira proiektu bakoitzak duen garrantziari buruzkoa–, hautaketa-batzordeak agindu honen IV. eranskinean deskribatutako itemei jarraituko die.

4.– Ebaluazio-sistema homogeneizatzeko eta irizpideak aplikatzean objektibotasun handiagoa lortzeko xedez, deialdiaren IV. eranskinean jaso dira balorazio-irizpideen xehetasunak, bai ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta bai ebaluazio-prozedura gardenagoa izan dadin.

5.– Puntuazio orokorrean berdinketarik egonez gero, 1. irizpidearen arabera erdietsi den kalifikazio handiena hartuko da aintzat, lehenik; berdinketak jarraitzen badu, 2. irizpidearen araberakoa; gero 3. irizpidearen araberakoa eta, azkenik, 4. irizpidearen araberakoa. Hala ere, berdinketak jarraitzen badu, eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakia erabiliko da ebazpena emateko irizpide gisa. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskaera-inprimakian agertuko da.

12. oinarria.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Dirulaguntzak lehiaketaren bidez emango dira lehia bidezko konkurrentzia-prozeduran, eta proiektuaren iraunaldi osorako izango dira. Horretarako, hautaketa-batzordearen espedientea eta txostena ikusirik, organo kudeatzaileak organo eskudunari laguntzen ebazpen-proposamena egingo dio prozedura ebazteko.

2.– Ebaluazioan, 50 puntu edo hortik gorako balioespena erdiesten duten eskaerak bakarrik lagundu ahal izango dira diruz.

3.– Onartutako aurrekontua eskatutako aurrekontua izango da, 5. oinarrian ezarritakoari jarraituz, diruz laguntzekoak diren kontzeptu eta gastuetara egokitzen dela egiaztatu ondoren. Eman beharreko dirulaguntza bat etorriko da onartutako aurrekontuaren gehieneko zenbatekoarekin, baldin eta dagokion prozeduran adierazitako kredituak agortu ez badira eta 2. oinarrian ezarritako mugarekin. Urteka banatuko da dirulaguntzaren guztirako zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planaren arabera.

4.– Laguntzak lehentasun-ordenari jarraikiz esleituko dira, balorazio-fasean proiektu bakoitzak kasuan-kasuan erdietsitako puntuazio orokorraren arabera.

13. oinarria.– Ebaztea eta onartzea edo ukatzea.

1.– Organo kudeatzaileak, eskuragarri daukan informazioaz entitate onuradunek eskatutako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio, eta sailburuordeak esleitu egingo ditu, eskuragarri dagoen kreditua agortu delako dirulaguntzarik eskuratu ez duten eskaerekin erreserba-zerrendak egingo ditu, eta, hala badagokio, eskaerak ukatu, eta bazterketak zehaztuko ditu, ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri oinarri honetako 3. apartatuaren arabera jakinaraziko da.

2.– Onartzen den proiektu bakoitzari buruzko datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:

Finantzatutako eskaeretarako:

– Eskaeraren kodea.

– Ikerketa-proiektuaren izenburua.

– Entitate eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Entitate onuraduna.

– Proiektua burutuko den urteroko bakoitzari zer diru-zenbateko esleituko zaion.

Finantzatuko ez diren edo baztertu diren eskaeretarako, hau adieraziko da:

– Eskaeraren kodea.

– Ikerketa-proiektuaren izenburua.

– Entitate eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Entitate eskatzailea.

– Ez finantzatzeko edo baztertzeko arrazoia.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartuko da bertara.

Hargatik aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jakinarazpenaren argitalpenari buruzko abisuak helarazi ahal izango dizkie interesdunei, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.

Emandako beken berri denek izan dezaten, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluak ezarritakoaren arabera, emandako bekei publikotasuna emango zaie aipatutako iragarki-taulan argitaratuta.

4.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Deialdi hau argitaratzen denetik aurrera sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen edo jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat jo ahal izango dira administrazioaren isiltasunagatik. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, ebazpena emateko epe hori eten egin ahal izango da, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak 10.3 oinarrian xedatutakoari jarraikiz egin beharreko txostenak direla medio, txosten horiek eskatu eta jaso bitarteko aldian. Etenaldiak ezin izango du inola ere hiru hilabete baino gehiago iraun.

5.– Entitate onuradunak dirulaguntzari espresuki uko egiten ez badio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ebazpena argitaratzen denetik aurrera 10 eguneko epean, onartu egiten duela ulertuko da. Une horretatik aurrera hasiko da proiektua egikaritzen, urtebeteko, bi urteko edo hiru urteko aldian, ebazpenean zehaztutakoaren arabera.

Emate-ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan gertatzen diren uko-egiteen kasuan, erreserben zerrendan ageri diren eskaerei emango zaizkie laguntzak Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Emandako azken laguntzaren ondoren dauden eskaerei emango zaizkie laguntza horiek, baldin eta, 12. oinarriak ezarritakoarekin bat, beharrezko puntuak erdietsi badituzte. Esleitu beharreko zenbatekoa hautaketa-batzordearen balorazioaren arabera uko egindako eskaerari legokiokeen zenbatekoa izango da gehienez.

Organo emaileak entitate interesdunei jakinaraziko die zein den laguntzak emateko proposamena, 10 egun naturaleko epe luzaezinean onar dezaten. Proposamena onartutakoan, laguntza emateko ebazpena emango da, eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie.

6.– Deialdi honetan parte hartu duen entitate onuradunen batek beste instituzioren baten finantzaketa lortu badu ikerketa-proiektu bererako, eskaera aurkeztu edo ebazpena eman eta gero, Zientzia Politikako Zuzendaritzari eman beharko dio horren berri, baldin eta gainfinantzaketarik suertatuz gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa behar beste murrizteko.

14. oinarria.– Beste dirulaguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da helburu bererako beste ezein administrazio edo ente publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak eskuratzearekin, salbu eta sail honek euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerei laguntzeko deialdian ematen dituen dirulaguntzekin. Baldin eta ikerketa-proiektu batek beste instituzio baten deialdian edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, beste instituzio horren finantzaketak estaltzen ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztirako finantzaketak ezingo ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, dagokion diru kopurua murriztuko da deialdi honen bidez emandako finantzaketan. Eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

15. oinarria.– Dirulaguntza igortzeko baldintzak.

1.– Entitate onuradunari ordainduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Urterokoak aurretik ordainduko dira, egikaritze-faseko urte bakoitzean. 13.5 oinarrian deskribatutako dirulaguntza onartzeko aldia igaro ondoren egingo da lehen urtekoari dagokion ordainketa. Bigarren eta hirugarren urterokoen ordainketa aurreratuak egin baino lehen, aurreko urteko txostena aurkeztu beharko da, baita helburuen betetze-mailaren eta dirulaguntzaren egikaritzearen justifikazio zuzena ere, onartutako proiektu-planean aurreikusitako eran. Halaber, justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko da nahitaez, aplikazioan eskuragarri dagoen txantiloiaren bidez.

Proiektua egikaritzeko azken urteari dagokionez, dirulaguntzaren % 75 ordainduko da aurrez. Azken urterokoari dagokion bigarren ordainketa –likidatu ondoren gelditzen den zenbatekoa– entitate onuradunak dagozkion agiri guztiak bidali –aginduaren 16. oinarriko 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan zehaztutakoa– eta Zientzia Politikako Zuzendaritzak oniritzia eman ondoren onartutakoan egingo da.

Hala badagokio, laguntzaileek jarduera uzten badute, entitateari kalte-ordainak ordainduko zaizkio, azken urteko bigarren ordainketarekin batera.

3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

16. oinarria.– Proiektuaren garapenari eta dirulaguntzaren justifikazioari buruzko agiriak.

Dirulaguntza 13.5 oinarrian zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, dirulaguntza egikaritzeko fasea hasiko da, baita haren jarraipena egitekoa ere. Horretarako, entitate onuradunak jarraipenerako eta justifikaziorako honako agiri hauek entregatu beharko ditu aplikazio telematikoa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin, adierazitako epeetan (aplikazio telematikoak eskainiko ditu behar diren txantiloi edo ereduak):

1.– Laguntzaileen kontratua, 5.2.a) oinarriaren arabera: dirulaguntzak laguntzaileentzako diru-hornidurarik badu, laguntzaileari buruzko proposamena bidali beharko da, zeinean ikertzailea nor den, haren ibilbide akademikoa edo CVa eta adostasuna jasoko baitira. Geroago, organo kudeatzaileak proposamena onartutakoan, laguntzailea entitate onuradunarekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da. Kontratuan zer proiektutan parte hartuko duen zehaztuko da, eta urteko dedikazioa berariaz jaso beharko da. Kontratu hori ezingo da ebazpenaren argitalpena baino lehenagokoa izan, eta, zein urtetarako zehazten den, harexen lehen sei hilabeteetan aurkeztu beharko da.

2.– Urteko txostenak: 15.2 oinarrian aurreikusitako bigarren ordainketa edo ondorengoak egin baino lehen aurkeztu beharko dira nahitaez. Entitate onuraduneko ikertzaile nagusiak, egikaritze-urte bakoitza amaitzean, justifikazio-kontu bat aurkeztu beharko dio organo kudeatzaileari, aplikazioan sartutako txantiloiaren arabera, bai eta dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko ekintzen inguruko memoria bat ere, egindako jarduerak eta erdietsitako emaitzak adierazita. Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten bestelako agiriak aurkeztuko dira. Horiek guztiek merkataritzako trafiko juridikoan baliodunak izan behar dute edo eraginkortasun administratiboa eduki behar dute.

Jarduera-planaren ezein apartatutan aldaketak egin nahi izanez gero, ikerketa-zentroko edo unibertsitateko legezko ordezkariak baimena eskatu beharko dio Zientzia Politikako Zuzendaritzari. Egindako eta baimendutako aldaketek errespetatu egin behar dituzte Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemako Kalitate Agentziak eta hautaketa-batzordeak dagokion puntuazio-kalkulua egiteko erabili dituzten elementuak. Zientzia Politikako Zuzendaritzak zehaztuko du baimendutako aldaketek eragindako dirulaguntzak aldarazten edo indargabetzen dituzten ala ez, aurretik dagokion espedientea egin ostean.

3.– Amaierako gastu-ziurtagiria: proiektua egikaritzeko azken urtea amaitzerakoan, aurreko apartatuan eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, egindako gastu guztiaren ziurtagiriarekin batera, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, aplikatu gabeko gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiektu bererako edo proiektuaren helburu partzialetarako jasotako sarreren balantzea –halakorik balego– eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du. Ziurtagiri hori proiektua amaitu osteko lau hilabeteko epean aurkeztu behar da. Gastuak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten bestelako agiriak aurkeztuko dira. Horiek guztiek merkataritzako trafiko juridikoan baliodunak izan behar dute edo eraginkortasun administratiboa eduki behar dute.

Guztira gastuaren % 40 baino gehiago egikaritzen ez bada gutxienez eska daitekeen betekizuntzat hartzen denez, dirulaguntza-eskubidea galdu egingo da (18.2 oinarria).

4.– Amaierako txosten zientifikoa: formatu askea du, eta nahitaez egin behar da, azken urtea ordainduko bada. Proiektua egikaritzeko azken urtea amaitu ondoren lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa aurkeztu beharko du, eta, bertan, zehaztasun handiz adierazi zein diren aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabalkundea emateko eta jendarteratzeko jarduerak.

5.– Argitalpenak: baldin eta liburu, monografia, artikulu, doktore-tesi, lizentzia-tesina, kongresuetarako komunikazio edo abarretan argitaratu badira proiektuaren emaitzak, edo patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar eragiten badituzte, zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren babesletzaren berri eman beharko da, proiektuaren kodea ere aipatuz. Argitalpenen kopia bat bidali beharko da Zientzia Politikako Zuzendaritzara.

6.– Zientzia Politikako Zuzendaritzak berrikusiko ditu amaierako txosten zientifikoa eta egindako argitalpenak, eta, gainera, egiaztatuko du ikerketa-proiektuaren hasierako eskaeran onetsitako helburuak eta lan-plana bete direla. Desadostasunik ikusiz gero, txosten horien ebaluazio zientifikoa egin ahal izango zaie, 10. oinarrian aurreikusitako ebaluazioaren ildo beretik. Aipatu ebaluazioan 100 puntutik 50 ez lortzea itzultzeko kausa izango da, eta 19. oinarriari jarraikiz jardungo da.

Salbuespenez, ikerketa-proiektua bukatzea eta, ondorioz, dirulaguntza osorik erabiltzea eragotzi duten arrazoiak egon badira, ikertzaile nagusiak, entitateko legezko ordezkariaren oniritziarekin, proiektua egikaritzeko eta kreditua gastatzeko epealdia luzatu dadila eskatu ahal izango dio Zientzia Politikako Zuzendaritzari. Luzapenak ez du gaindituko hiru hilabeteko epea proiektua egikaritzeko materialari dagokionez, eta ez dio inolaz ere eragingo emandako urterokoen betearazpenari. Egikaritzea amaitzeko aurreikusitako eguna baino lehen egin beharko da eskaera.

Luzapen-eskaeran emandako arrazoiak hirugarrenek esku hartzeko aurreikusitako epeak luzatzeari buruzkoak izango dira soilik (hornidurak eta argitalpenak), edo laguntzaileek beren jarduera aurreikusitako epeetan egiteko ezintasunari buruzkoak, behar bezala justifikatuz gero, betiere.

17. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. oinarrian xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:

1.– Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

2.– Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.

3.– Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

4.– Beste ezein administrazio edo ente publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea entitate emaileari.

Dirulaguntza edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

5.– Laguntza ematerakoan kontuan izan zen ezein egoera objektibo nahiz subjektibo aldatu izanaren berri ematea entitate emaileari.

Dirulaguntza edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

6.– Dirulaguntza ordaintzeko unean egiaztatzea egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoarekin bat, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa baita.

7.– Izaera juridikoak hala eskatzen badu, behar bezala ikuskatuta dituela kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, baldintza hauek betetzen dituela bermatzeko behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla.

8.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

9.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan adierazitako zabalkunde-neurriak aplikatzea.

10.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora eskuratutakoa itzultzea.

11.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

12.– Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

18. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea. Gutxieneko betekizun galdagarriak.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua bete dela ulertuta, eta, hala badagokio, beste ezein instituzio publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzarik edo laguntzarik eskuratu bada, dirulaguntzak emateko ebazpeneko diru-kopuruak ere aldatu ahal izango dira, 20/2023 Legearen 25. artikuluaren arabera. Dirulaguntza jasotzeko baldintzen aldaketatzat joko dira, halaber, behar bezala justifikatzen edo egiaztatzen ez diren gastuak; kasu horretan, beraz, egokiro justifikatu edo egiaztatu ez diren gastuak laguntzeko diru kopuruak aldatzeko ebazpena emango da.

Horretarako, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako dirulaguntzen zenbatekoak, honela:

– Dirulaguntzaren xede diren gastuak ez badira behar bezala justifikatzen, ebazpenaren zenbatekoa murriztu egingo da, justifikatu ez den gastua adina, eta, hala dagokionean, bidegabe jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, aldez aurretik jadanik ordaindu badira.

– Entitate onuradunak ikerketa-proiektu bererako beste ezein administrazio edo ente publiko nahiz pribaturen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso baditu eta deialdi honen ebazpenean esleitutako zenbatekoak hautaketa-batzordeak onartutako aurrekontuari kofinantzaketaren bidez eskuratutako zenbatekoa kenduta geratzen dena gainditzen badu, emandako dirulaguntza behar beste murriztuko da.

2.– Aldaketa horiek bidezkotzat jo daitezke, baldin eta agindu honen bitartez lagundutako proiektuek honako gutxieneko betekizun hauek betetzen badituzte:

– 6.1 oinarrian deskribatutako ikerketa-taldeen osaera.

– Aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuetan parte hartu duten ikertzaileen bateraezintasuna, 6.2 oinarriaren laugarren paragrafoan deskribatua.

– Proiektuaren guztizko gastuaren % 40 baino gehiago egikaritzea, (16.3 oinarrian deskribatutako amaierako gastu-ziurtagirian jasotakoa).

Betekizun horietakoren bat betetzen ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak gehi bidezkoak diren berandutze-interesak ordaindu beharko zaizkio.

19. oinarria.– Dirulaguntzarako eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko arrazoia.

1.– Ikusiz gero dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat ez dela betetzen, jasotako dirua eta dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, xedapen hauen arabera: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikulua; arau-hausteen eta administrazio-zehapenen arloko oinarrizko araudia; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

2.– Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean laguntzen eta dirulaguntzen arloan ezarritako arau-hauste eta zehapenen araubidea aplikatuko da.

3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduren 21eko 20/2023 Legean azaldutako kausez gain, honako hauek ere dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo dirulaguntza itzultzeko kausatzat hartuko dira:

3.1.– Proiekturako eskaera egin duen ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo ikertzaile hori entitate onuraduna ez den beste entitate batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

3.2.– Ikerketa-proiektu bererako, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo, ikerketa-proiektuaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste entitate, ente edo zentro publiko nahiz pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Zientzia Politikako Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

3.3.– Ikerketa-proiektua ez garatzea proposatutako helburuen eta onartutako epeen arabera.

3.4.– Deialdi honetako oinarriak larriki ez betetzea –osorik edo partez–, hauei buruzkoak barne: urteko txostenen, gastuaren ziurtagiriaren eta amaierako txostenaren ebaluazioari buruzko kontuak (16. oinarria) eta gastuaren justifikazio-agiriak gordetzeari buruzkoak (17.6 oinarria).

3.5.– Laguntzen izaera publikoari buruzko zabalkunde-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea, agindu honen 16. oinarriko 1.5 apartatuan eta 17.7 oinarrian jasotako neurriak, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin.

3.6.– Datuak larriki ezkutatzea edo aldatzea, edo eskaera manipulatzea.

4.– Aurreko apartatuetan ezarritakoa gorabehera, jada ordaindutako dirulaguntza baino zenbateko txikiagoko gastuak justifikatzeak berarekin ekarriko du dirulaguntza murriztea, justifikatu gabeko zenbatekoaren baliokidea izango dena, eta jasotako dirulaguntzak proportzionalki itzuliko dira.

5.– Dirulaguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko betekizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

20. oinarria.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa sustatzekoak).

Arduraduna: Zientzia Politikako Zuzendaritza; Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.

Helburua: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

– Beharrezko tratamendua interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den misio bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ogasun eta Finantza Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: entitate eskatzaileak eskubidea du datuak eskuratzeko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: entitate eskatzaileak datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea kontsultatu dezake gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

II. ERANSKINA
DEIALDIAN AURKEZTEN DIREN PROIEKTUEK BETE BEHARREKO PRINTZIPIOAK

Deialdian aurkezten diren proiektuek printzipio hauek bete beharko dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea); Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena; Giza genomari eta giza eskubideei buruzko Unescoren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari buruz Espainiako legedian ezarritako betekizunak.

b) Gizakiekin ikerketak egitea edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek Ikerkuntza Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean xedatutakoa bete behar dute.

Era berean, lege horri lotuta egongo dira gizakien enbrioietan jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek abenduaren 4ko 1090/2015 Errege Dekretuan xedatutakoa bete behar dute, zeinak arautzen baititu sendagaiekin egiten diren saiakuntza klinikoak, sendagaien ikerketarako etika batzordeak eta Azterketa Klinikoen Espainiako Erregistroa.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan ezarritakoa, ezartzen baititu esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako nahiz irakaskuntzarako erabiltzen diren animaliak babesteko oinarrizko arauak.

e) Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko dira, batetik, apirilaren 25eko 9/2003 Legea, Genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzkoa, eta, bestetik, urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua, zeinak onesten baitu lege hori garatzen duen arau orokorra.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, Laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hori garatzen duten errege-dekretuetan ezarritakoari egokitu beharko zaizkio, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.

g) Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena; Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Mintegiko Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

III. ERANSKINA
ESKAERAREN EDUKIA

1.– Eskaeran honako informazio hau jasotzen da:

a) Entitate eskatzailearen nortasuna, sinadura elektronikoaren bidez, eta ikertzaile nagusiaren sinadura, NANaren edo AIZaren bidez.

b) Ikerketa-taldeak egingo duen lan-planari buruzko informazioa: helburuak, zereginen esleipena eta ikertzaile bakoitzaren ordu-dedikazioa.

c) Eskatutako proiektua garatzen ari den bitartean, ikerketa-taldeak aktibo dauden edo eskaera-fasean dauden beste ikerketa-proiektu batzuetan parte hartu behar badu, haien identifikazioa eta ikertzaile bakoitzak zenbat ordu eskainiko dien.

d) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren nortasuna, NANaren edo AIZren bidez; gainera, datu pertsonalak, titulazio akademikoa, kontratu-mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.

e) Aurrekontua: informazio ekonomikoa, diruz lagundu daitekeen kontzeptuaren arabera; eta kostu ekonomikoa, urtearen arabera, biak ere 5. oinarriari jarraikiz.

f) Entitate eskatzailearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, 8.6 oinarrian jasotako betekizunei buruzkoa. Adierazpen horretan jasoko du, halaber, aurkeztutako proiektuak printzipio bioetikoei buruz 4.3 oinarrian ezarritakoa betetzen duela.

2.– Eskaerarekin batera, agiri teknikoak nahiz administratiboak aurkeztu behar dira:

2.1.– Agiri teknikoak:

Agiri administratibotik bereizita, eta aplikazioak sortzen duen eskaerarekin batera, agiri teknikoetan jasotako informazioaren bidez egingo da aurkeztutako proposamen zientifikoaren ebaluazio teknikoa.

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, honako hauek jasotzen dituena:

– Laburpena.

– Gaiaren aurrekariak eta oraingo egoera.

– Bibliografia aipagarriena.

– Proiektuaren interes orokorra.

– Hipotesiak eta helburu orokor eta operatiboak.

– Proiektuaren azken emaitza eta emaitza hori ustiatzeko plana.

– Helburuei lotutako mugarriak. Lan-plana. Kronograma. Ikertzaileek zereginei eskainiko dieten denbora.

– Mugarri bakoitzean erabilitako metodologia.

– Proiektua burutzeko eskuragarri dauden instalazioak, tresnak eta teknikak.

– Arduren banaketa.

– Ikerketa-taldeak gaiaren inguruan duen esperientzia.

– Egindako azken 5 proiektuen emaitzak eta erdietsitako errendimendua.

– Eskatutako dirulaguntzaren justifikazio zehatza.

– Bi entitateren edo gehiagoren arteko lankidetza, hala dagokionean.

b) Ikertzaile-taldea osatzen duten ikertzaileetako bakoitzaren curriculum vitae laburtua, formatu normalizatuan, horretarako prestatutako txantiloian aurkeztua (azken 6 urteei buruzkoa, deialdiaren datatik aurrera). CVa titularrak sinatu beharko du. Ezaugarri horiek betetzen dituzten CVak bakarrik hartuko dira kontuan, eta ezaugarri horiek betetzen ez dituztenei agiriak zuzentzeko eskatuko zaie. Hala badagokio, 11.2 oinarrian aipatzen diren ikerketa-jardueraren etenak frogatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira.

c) Eskatutako material inbentariagarriaren proformako fakturak, hala dagokionean.

d) Ezaugarri teknikoetan oinarrituta proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen diren agiri teknikoak.

2.2.– Agiri administratiboak:

e) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako agiria (erantzukizunpeko adierazpena), 2026-2028 aldian aktibo dauden proiektuei zenbat denbora eskainiko dien adierazita; horrez gain, zehaztu behar da bakoitzak zenbat denbora eskainiko dion eskatutako proiektuari, 6.3 oinarriaren arabera.

f) Ikertzaile bakoitzak entitate eskatzailearekin duen lan-egoera egiaztatzen duten agiriak.

– Kontratu mugagabea duten langileak badira, dagokion kontratua edo Gizarte Segurantzako kotizazio-datuen txostena aurkeztu beharko da.

– Gutxieneko ikerketa-taldeko langileak badira, gutxienez proiektuaren egikaritze-fasearen iraupen bera izango duen kontratu bat aurkeztu beharko dute, eta, proiektuko ikertzaile nagusia izanez gero, 4 hilabeteko aldi gehigarria, 4.1 oinarrian ezarritakoaren arabera. Gutxieneko taldea osatzen duten pertsonek EZIN izango dute aurkeztu entitate eskatzailearen konpromisorik, proiektuak irauten duen bitartean kontratuari eutsiko zaiola dionik, 6.4 oinarriaren arabera. Baldin eta ikertzaile nagusiek proiektuaren iraupena baino iraupen luzeagoa duen kontratuaren iraupenaren betekizuna betetzen ez badute, lanpostu iraunkor bat eskuratzeko aukera ematen dien egiaztagiria aurkeztu beharko dute, 6.1.2 oinarrian ezarritakoaren arabera.

– Ikerketa-taldeko langileak badira, baina ez gutxieneko taldekoak, kontratua aurkeztu beharko dute, non zehaztuta agertuko baitira hasiera- eta amaiera-datak, urteko dedikazioa eta, hala badagokio, entitate eskatzailearen konpromisoa, proiektuan parte hartzen duten aldi osoan kontratuari eutsiko zaiola diona, 6.4 oinarriaren arabera. 23 bis artikuluari jarraikiz kontratatutako langileen kasuan, gainera, kontratatu den obrari dagokion ordu-dedikazioa adierazi beharko da, 6.5 oinarriaren arabera.

– Baldin eta Ikerbasquek kontratatutako eta erakunde eskatzaileari atxikitako ikertzaileak badira, Ikerbasquek egindako kontratua eta erakunde eskatzaileari egindako atxikipen-agiria aurkeztu beharko dituzte.

g) Hala badagokio, doktoratu aurreko laguntza emateko edo izendatzeko agiria, proiektuan parte hartzeko baimenaren ziurtagiria eta laguntza aplikatzeko zentroarena, 6.6 oinarriaren arabera.

h) Hala badagokio, dirulaguntzak eta laguntzak eskuratzeko desgaitzeei eta zehapenei buruz 3.2.a) oinarrian xedatutakoarekin lotutako agiriak.

i) Entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, 3.2.c) oinarrian aipatutakoak, baldin eta eskatzaileek, 8.6 oinarrian aurreikusi bezala, aurka egiteko eskubidea erabili badute.

j) Betekizun administratiboetan oinarrituta, proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen diren agiri administratiboak.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala