Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2026ko maiatzaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
1908

EBAZPENA, 2026ko apirilaren 30ekoa, Bizitza Beterako Laguntzen zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita 2025eko gizarte-bonu termikorako esleitutako zuzkidura, urriaren 10eko 149/2023 Dekretuan aurreikusitakoa. Dekretu horrek arautzen ditu Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako presako neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuak sortutako gizarte-bonu termikoaren kudeaketa, ebazpena eta ordainketa Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

Urriaren 10eko 149/2023 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoan trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileak babesteko premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren bidez sortutako gizarte-bonu termikoa kudeatzeko, ebazteko eta ordaintzeko prozedura ezartzen du (2023ko urriaren 23ko EHAA, 202. zk.).

3.2 artikuluan honako hau adierazten da: «Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpenaren bidez (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da), Estatuko Aurrekontu Orokorretatik eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik gizarte-bonu termikorako esleitutako urteko zuzkidura jakinaraziko da (azken horren kasuan, halaxe egingo litzateke, baldin eta Estatuko zuzkidura ekonomikoa handitzea erabakiko balitz)».

Bonu termikoko laguntza hau 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago –plana Ongizateko, Gazteriako eta Erronka Demografikoko sailburuaren 2025eko otsailaren 21eko Aginduaren bidez onartu zen–, eta 2024-2028 Gobernu Programaren I. ardatzean jasotako kalteberatasun eta babesgabetasun bereziko egoerei erantzuteko 12. konpromisoan sartzen da.

Dirulaguntza hau Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoaren mende dago (2023ko abenduaren 29ko EHAA, 247. zk.). Lege hori 2023ko abenduaren 30ean sartu zen indarrean.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Publizitate-printzipioa betetze aldera adierazten da 2026ko ekitaldian 14.463.744,17 euroko zenbatekoa erabiliko dela urriaren 10eko 149/2023 Dekretuan aurreikusitako 2025eko gizarte-bonu termikoa finantzatzeko. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoan trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileak babesteko premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren bidez sortutako gizarte-bonu termikoa kudeatzeko, ebazteko eta ordaintzeko prozedura ezartzen du.

Laguntza hori osorik finantzatuko da Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari dagozkion Estatuko Aurrekontu Orokorren zuzkiduraren kontura, zeina zuzenean Euskal Autonomia Erkidegora transferitu baita, bai eta aipatutako ministerioak aintzat hartu dituen aurreko ekitaldietako gerakinen kontura ere, 2025eko gizarte-bonu termikorako Euskal Autonomia Erkidegoari transferitutako kopuruak kalkulatzeko, Energia-trantsiziorako eta kontsumitzaileak babesteko premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuaren 10.6 artikuluan ezartzen den bezala.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ongizateko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratzea, hala xedatzen baita urriaren 10eko 149/2023 Dekretuaren 3. artikuluaren hirugarren paragrafoan (Euskal Autonomia Erkidegoan trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileak babesteko premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege Dekretuak sortutako gizarte-bonu termikoa kudeatzeko, ebazteko eta ordaintzeko prozedura ezartzen du dekretu horrek).

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 30a.

Bizitza Beterako Laguntzen zuzendaria,

MARÍA ANTONIA OLABARRIETA IBARRONDO.


Azterketa dokumentala