Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2026ko maiatzaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1904

AGINDUA, 2026ko apirilaren 23koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, 2026ko urtarrilaren 13ko Agindua indarrik gabe uzten duena (EHAA, 16 zk., 2026ko urtarrilaren 26koa), Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kide bat kendu, kide bat izendatu eta batzordearen osaera jakinarazteko dena.

Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari buruzko 2016ko irailaren 13ko 128/2016 Dekretuaren 2. artikuluaren lehenengo paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, batzordea osatzen duten bi kideak Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak izendatuko ditu, deialdi publikoa egin ondoren.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuari dagokio izendapen hori egitea.

Era berean, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen 2016ko irailaren 13ko 128/2016 Dekretuaren 2. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen duenez, «Haien autonomia bermatzeko, aipatu funtzionarioak lau urterako izendatuko dira eta agintaldia iraungitzeagatik edo batzordeburuak euren betebeharrak larriki ez betetzeagatik, euren eginkizuna betetzeko ezgaitasun iraunkorragatik, gerora sortutako bateraezintasunagatik edo dolozko delituagatiko kondenagatik dagokion prozedura bete ondoren baino ezingo dira kargutik kendu».

Hala ere, bokaletako batek, Urtzi Saratxaga Lozanok, 2025eko azaroaren 5eko Aginduaren bidez izendatu zenak (Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren Agindua, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kide bat kendu eta izendatzen duena, eta haren osaera argitara ematen duena), 2025eko abenduaren 16an jakinarazi zuen uko egiten ziola formalki, gerora sortutako bateraezintasunagatik, 2025eko abenduaren 19tik aurrerako ondorioekin, eta, ondorioz, batzordekide izateari uzten dio.

Deialdi publikoaren bidez hasi zen Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzorderako kide bat izendatzeko prozedura. Deialdi horretan ezartzen zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren agindu bidez egingo zela izendapena (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko zen), gehienez ere hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori 2025eko abenduaren 29an amaitu zen. Izendapenean, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kide gisa hautatutako pertsona zehaztuko litzateke, bai eta deialdiaren gainerako eskatzaileen artean ordezka daitezkeenen zerrenda bat ere, lehentasun-ordenaren arabera.

Prozedura amaitzeko, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 13ko Agindua argitaratu zen EHAAn, 2026ko urtarrilaren 26an (astelehena). Agindu horren bidez, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kide bat kargutik kendu eta beste bat izendatu zen, eta argitara eman zen haren osaera.

Epe eta modu egokian, hautaketa-prozesuan kontuan hartu ez zen hautagai batek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen. Egiaztatu zen, administrazio-akats baten ondorioz, prozeduratik kanpo geratu zen beste hautagai bat zegoela.

2026ko martxoaren 26an, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak aurkeztutako errekurtsoa ebatzi zuen. Errekurtsoa ebazten duen aginduan, errekurtsoa onesteaz gain, ondoriorik gabe uzten da 2026ko urtarrilaren 13ko Agindua, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kide bat kargutik kendu eta izendatzen duena, eta batzordearen osaera jakinarazten duena, eta prozedura eskaerak aztertzen diren unera atzera eramateko agintzen da, denak baldintza berdinetan baloratu ahal izan daitezen.

128/2016 Dekretuaren 2.1 artikuluak ematen didan eskumena baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Indarrik gabe uztea 2026ko urtarrilaren 13ko Agindua (EHAA, 16. zk., 2026ko urtarrilaren 26koa). Agindu horren bidez, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeko kide bat kargugabetu eta izendatu zen, eta haren osaera argitaratu zen. Halaber, prozedura eskaerak aztertzen diren unera atzera eramateko agintzen da, denak baldintza berdinetan baloratu ahal izateko.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen da, jende guztiak horren berri izan dezan.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 23a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala