Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2026ko maiatzaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
1898

AGINDUA, 2026ko apirilaren 27koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruan 2026. urtean babes daitezkeen zenbait jarduketetarako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbatekoak iragartzen dituena.

Etxebizitzaren programan jarduera-lerro desberdinak daude, eta egoera horrek berekin dakar Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak edo haren sozietate publikoek merkatuan jarduketa zuzenak egitea, lurzorua erosi eta urbanizatzeko edo etxebizitzak eraikitzeko, saltzeko zein alokairuan emateko. Jarduketa horiek kontratu publiko, programa-kontratu, lankidetza-hitzarmen eta abarren bitartez bideratzen dira, eta prozedura espezifikoak eta bereiziak dituzte haien emaitzak herritarrei jakinarazteko.

Dirulaguntza-politika ugarik deialdi indibidual eta espezifikoa izaten dute –esaterako, itunpeko sustapen bateko dirulaguntzen esleipena– edo deialdi publiko propioak eta bereiziak –irisgarritasuna, eta abar–. Edozein kasutan ere, deialdi horietan ezarrita egoten dira politika horiek finantzatzeko kredituak.

Azkenik, etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan badaude beste laguntza batzuk ezaugarri hauek dituztenak: arau bidez erregulatzen dira eta ez dute aldizkako deialdirik, eta beraz, edozein unetan eska daitezke eta segidan ematen dira. Horiek horrela, aurreikusita dago horiek finantzatzeko aurrekontu-kredituen zenbatekoak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA) argitaratu behar direla. Betebehar hori ezarri da herritarrei emateko informazio-maila hobetzeko, bereziki onuradunei.

2026. ekitaldiko kredituak argitara emateko betebeharrak arau hauei eragiten die zehazki:

a) 39/2008 Dekretua, martxoaren 4koa, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa (2008ko martxoaren 28ko EHAA, 59. zenbakia).

b) Agindua, 2010eko urriaren 6koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitzak erosteko finantza-neurriei buruzkoa (2010eko urriaren 21eko EHAA, 203. zenbakia.).

c) Agindua, 2021eko uztailaren 21ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitzen eta eraikinen birgaitzearen, irisgarritasunaren eta energia-efizientziaren arloko jarduketa babesgarrietarako finantza-neurriei buruzkoa (2021eko irailaren 9ko EHAA, 180. zenbakia.).

d) Agindua, 2021eko abenduaren 7koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, alokairua eta etxebizitzen eta bizitoki-eraikinen bestelako erabilerak sustatzeko jarduketei buruzkoa (2021eko abenduaren 20ko EHAA, 252. zenbakia).

e) Agindua, 2022ko apirilaren 26koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira Gaztelagun programaren etxebizitza-alokairurako laguntzak (2022ko maiatzaren 6ko EHAA, 87. zenbakia).

Horren ondorioz, eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 411/2024 Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoari jarraiki, eta etxebizitza eta lurzoruaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2026ko ekitaldian etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko dirulaguntza lerroei finantza-estaldura emateko ordainketa- eta konpromiso-kreditu hauek iragartzea:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Bigarrena.– «Alokairuaren sustapena» epigrafean sartzen dira babes daitezkeen hurrengo jarduketetarako dirulaguntzak:

a) Errentamendu babesturako etxebizitzak sustatzea eta birgaitzea.

b) Babes publikoko etxebizitzak alokairu eskuragarrirako sustatzea.

c) Etxebizitzak erostea errentamendu babestuan jartzeko.

d) Zuzkidura-bizitokiak sustatzea eta birgaitzea.

e) Etxebizitza pribatuak alokairu babestura mugiaraztea landa-eremuan eta despopulazioaren aurkako neurriak.

Hirugarrena.– «2026ko Finantza hitzarmenaren sorospenak» epigrafean interes-tasaren sorospen-eskubidea duten jarduketa hauek sartzen dira:

a) Errentamendu babestuan lagatzeko etxebizitzak sustatzea eta birgaitzea.

b) Etxebizitzak erostea errentamendu babestuan jartzeko.

c) Zuzkidura-bizitokietarako eraikuntzak sustatzea (sustapena eta birgaitzea).

d) Lurzorua kostu bidez eskuratzeko eragiketak edozein administrazio publikoren mende dauden lurzoru-ondare publikoak eratzeko, eta lehentasunez babes publikoko etxebizitzak sustatzeko.

Laugarrena.– «Gaztelagun Programa» epigrafean jasotzen dira 2025eko abenduaren 31 baino lehenago emandako laguntzen guztizko zenbatekoa, hain zuzen, 2026an ordainduko direnak. 2026ko ekitaldian emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa 2026ko Gaztelagun Programaren aginduan emango da jakitera.

Bosgarrena.– 2026ko ekitaldiaren kontura eman beharreko laguntzen guztizko zenbatekoak ezin izango ditu gainditu lehenengo apartatuan adierazitako diru-kopuruak edo, indarrean dagoen legedi aplikagarriari jarraikiz aurrekontu-aldaketarik onartuz gero, kopuru horiek izango duten igoeraren ondoriozko kopurua. Aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren aginduaren bidez.

Beraz, zenbateko hori agortzen denean, ez da dirulaguntza gehiagorik emango. Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren agindu bidez jakinaraziko da kreditua agortu dela, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BAKARRA.– Efikazia.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 27a.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala