Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2026ko maiatzaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREA
1868

EBAZPENA, 2026ko apirilaren 29koa, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiarena, «Euskal Trenbide Sareko Donostia-Hendaia lineako 11. tunelean hobetzeko eta sendotzeko jarduerak definitzeko eraikuntza proiektua» onartu duena.

Donostia-Hendaia lineako 11. tunelak 539 metro ditu eta Lezo udalerrian dago, inguru oso antropizatuan. Tunelaren gainetik GI-636 errepidea igarotzen da, eta, duela gutxi galiboa handitu dioten tren-tunel bat du oso hurbil eta paraleloan.

Tunelen inbentarioa eguneratzearen esparruan egindako ikuskapen bisualek hainbat patologia daudela egiaztatu dute, eta nagusia estaldurako hormigoia pixkanaka degradatzea da. Era berean, hormigoizko horma pitzatu bat duen zati bat identifikatu da, baita harlangaitzezko ganga hondatuta dagoen gune bat ere.

Proiektu honen xedea tunelaren kontserbazio-egoera hobetzeko beharrezkoak diren jarduketak definitzea eta gauzatzea da, hormigoi armatuaren degradazioak eta zartadurak konpontzea, hormigoizko horma sendotzea eta harlangaitzezko ganga azpiberritzea barne.

Egikaritze materialaren aurrekontua berrehun eta laurogeita bederatzi mila bederatziehun eta hirurogeita hamahiru euro eta hogeita hemeretzi zentimokoa (289.973,39) da.

Kontrata bidezko Egikaritze Aurrekontua, % 6ko mozkin industriala eta % 13ko gastu orokorrak gehituta, 345.068,33 eurokoa da.

«Euskal Trenbide Sareko Donostia-Hendaia lineako 11. tunelean hobetzeko eta sendotzeko jarduerak definitzeko eraikuntza proiektuko» obren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, dagokion % 21eko BEZa gehitu ondoren, laurehun eta hamazazpi mila bostehun eta hogeita hamabi euro eta hirurogeita zortzi zentimokoa (417.532,68) da.

Obrak egiteko aurreikusitako epea hamabi (12) astekoa da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) zerbitzu teknikoek egiaztatu dute proiektuak bere xedeari erantzuten diola, Trenbide Sektorearen Erregelamenduaren 11. artikuluan (abenduaren 30eko 2387/2004 Errege Dekretua), Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 233. artikuluan eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorraren 126-132 artikuluetan (urriaren 12ko 1098/2001 Errege Dekretua) adierazitako dokumentuak biltzen dituela, eta kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen dituela. Beraz, aldeko txostena eman dute.

Organo honek Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren eskumeneko trenbide-azpiegituren eraikuntza-proiektu jakin batzuk onartzeko eskumena du, organo horrek Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2020ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez eskuordetuta.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatzekoak direnak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

«Euskal Trenbide Sareko Donostia-Hendaia lineako 11. tunelean hobetzeko eta sendotzeko jarduerak definitzeko eraikuntza proiektua» onartzea. Laurehun eta hamazazpi mila bostehun eta hogeita hamabi euro eta hirurogeita zortzi zentimoko (417.532,68) lizitazioaren oinarrizko aurrekontua du, BEZ barne. Obrak egiteko epea hamabi (12) astekoa izango da.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Horretarako, idazkia bidali beharko diote organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari.

Herri-administrazioek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, 2 hilabeteko epean. Nolanahi ere, aldez aurretik errekerimendua egin ahal izango dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Guztiek jakin dezaten ematen da horren berri.

Bilbao, 2026ko apirilaren 29a.

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusia,

ANTONIO LÓPEZ PALENZUELA.


Azterketa dokumentala