Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2026ko maiatzaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1865

AGINDUA, 2026ko apirilaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Zarauzko (Gipuzkoa) «Oteitza Lizeoa» Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren baimena aldatzeko dena, batxilergoko unitate bat gehitzeagatik.

Zarauzko «Oteitza Lizeoa» Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren (kode zenbakiak: 013578 eta 20015305) titularra den «Bitoriano Gandiaga Fundazioa» erakundeak eskatuta hasitako espedientea aztertu da. Espediente horretan, ikastetxe horri emandako baimena aldatzeko eskatzen da, unitateen gehikuntzagatik.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen agiriak erantsi zaizkio espedienteari, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek txostena egin dute.

Hauek ikusi dira: 3/2020 Lege organikoa, abenduaren 29koa, honako hauek aldatzen dituena: 2/2006 Lege organikoa, maiatzaren 3koa, hezkuntzakoa; 243/2022 Errege-dekretua, apirilaren 5ekoa, Batxilergoko gutxieneko irakaskuntzak eta antolamendua ezartzen dituena; 332/1992 Errege dekretua, apirilaren 3koa, ikastetxe pribatuei unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak emateko baimenei buruzkoa; 132/2010 Errege-dekretua, otsailaren 12koa, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituena; eta gai horretan aplikatzekoak diren gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2025-2026 ikasturtetik aurrera, batxilergoko unitate bat gehitzeko baimena ematea Zarauzko (Gipuzkoa) «Oteitza Lizeoa» Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuari. Une horretatik aurrera, ikastetxe hori Hezkuntza Saileko unibertsitatez kanpoko Ikastetxeen Erregistroan inskribatuko da, erregistroko datu hauekin:

Ikastetxearen kodeak: 013578 (EAE) eta 20015305 (unibertsala).

Izen generikoa: Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatua.

Izen espezifikoa: «Oteitza Lizeoa».

Titularra: «Bitoriano Gandiaga Fundazioa».

Helbidea: Gipuzkoa, 5.

Udalerria: Zarautz.

Lurralde historikoa: Gipuzkoa.

Baimendutako irakaskuntzak:

– Batxilergoa: Zientziak eta Teknologia, Giza eta Gizarte Zientziak eta Orokorra modalitateak, 12 unitate, bakoitza 35 ikaspostutarako edukierarekin.

Bigarrena.– Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, ikastetxeek ezin izango dute beren burua identifikatzeko beren erregistro-inskripzioetan agertzen direnez bestelako izendapenik erabili.

Hirugarrena.– ikastetxearen erakunde titularrak indarrean dagoen araudia bete beharko du, ikaspostu-kopuruari, ekipamenduari, titulazio akademikoari, irakasleen hizkuntza-eskakizunari eta indarrean dagoen eta aplikagarri den gainerako legeriari dagokienez. Era berean, emandako baimena berrikusteko eskatu beharko du, ikastetxearen erregistroko edozein datu aldatu behar denean. Bestela, emandako baimena baliogabetu egingo litzateke.

Laugarrena.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege-dekretuak onartutako Eraikuntzaren Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarrean dagoen legerian adierazitako higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna ikastetxearen erakunde titularrari dagokio.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan jasotako baimen-emateak ez du esan nahi, inola ere, hezkuntza-itunen araubidearen edo dirulaguntzen deialdien bitartez laguntzarik lortuko denik.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 15a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.


Azterketa dokumentala