Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2026ko maiatzaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
1861

52/2026 DEKRETUA, apirilaren 21ekoa, zeinaren bidez kredituak gaitzen baitira 4514 – Ondare Historiko Artistikoa programan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2026ko ekitaldiko aurrekontuko 9311 – Europar Batasunarekiko Finantza Harremanak programan diru-sarrerak izateagatik, 33.792,91 euroko zenbatekoarekin.

«Gizarteratzeko artea» (ARTIS+) proiektua kudeatzeko eta gauzatzeko mugaz gaindiko elkartzeko akordioaren bidez, 2024ko urtarrilaren 9koa, Euskadiren, Kataluniaren eta Frantzia hegoaldearen arteko lankidetza-modalitateak zehaztu ziren, mugaz gaindiko kultura-ekipamenduen inklusio- eta irisgarritasun-erronkei erantzuteko, desgaitasun-arrazoiengatik (ikusmena, entzumena, kognizioa edo mugimendua) edo gizarte-arrazoiengatik baztertuta geratzeko arrisku handiena duten kolektiboei zuzendutako programa espezifikoak sortuz. Proiektu horrek gizarte-kohesiorako tresna izan nahi du, kultura-jardueretan ahulenak diren kolektiboen parte-hartzea areagotzeko.

ARTIS+ proiektua Europar Batasuneko Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programak (POCTEFA 2021-2027) lurralde-lankidetzako programak jasotzen du. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko eremuaren integrazio ekonomiko eta soziala sendotzea da.

2026. urtean justifikatutako zenbatekoaren % 65 jaso da Europar Batasunarengandik, hau da, 33.792,91 euro. Horrenbestez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 33.792,91 euroko zenbatekoa gaitzeko eskatzen du, desgaitasun-arrazoiengatik zein gizarte-arrazoiengatik baztertuta geratzeko arrisku handiena duten kolektiboei zuzendutako proiektu horren kultura-ekipamenduen inklusio- eta irisgarritasun-erronkei erantzuteko.

Horregatik guztiagatik, kreditu horiek gaitu egiten dira, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bateginaren 82. eta 83. artikuluetan ezarritakoa betez.

Hori dela eta, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko apirilaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren 2026ko ekitaldirako aurrekontuan kreditu-gaikuntza bat onartzea, gastuen egoera-orri honetan:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Kreditu hori sortu da diru-kopuru bera lortu delako honako diru-sarreren egoera-orri honetan:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Kultura-ekipamenduen inklusio- eta irisgarritasun-proiektuak, desgaitasun-arrazoiengatik zein gizarte-arrazoiengatik baztertuta geratzeko arrisku handiena duten kolektiboei zuzendutakoak, finantzatzera bideratuko dira funtsak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarra hartzea.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko apirilaren 21ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.


Azterketa dokumentala