Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2026ko maiatzaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKO LEGEBILTZARRA
1850

EBAZPENA, 2026ko apirilaren 21ekoa, Eusko Legebiltzarreko Mahaiarena, Administrazio Elektronikoari buruzko Araua eguneratzen duena.

Mahaiak, 2026ko apirilaren 21eko bileran, agindu du Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila Administrazio elektronikoari buruzko Arauaren eguneraketa.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 21a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

EUSKO LEGEBILTZARRAREN ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOARI BURUZKO ARAUA
ZIOEN AZALPENA
I

Duela bi hamarkada baino gehiagotik, Eusko Legebiltzarra bitarteko elektronikoen erabilera sartzen ari da apurka-apurka Ganberaren kudeaketa administratiboan eta dokumentalean.

2004. urtean, lankidetza-hitzarmen bat formalizatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin, komunikazioen truke elektronikoa eta sinadura elektroniko aurreratuaren erabilera sustatzeko. Gero, 2010ean, Eusko Legebiltzarraren Erregistro Elektronikoa sortu zen, prozedura administratiboen izapidetze elektronikorako eta dokumentuen kudeaketa digitalerako bidea irekiz.

Bitarteko elektronikoen erabilera sendotzeko prozesu horretan, Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2018ko maiatzaren 29ko Ebazpena, Administrazio elektronikoari buruzko arauaren gainekoa, mugarri bat izan zen efizientzian, gardentasunean eta berrikuntzan oinarritutako kultura instituzional bat finkatzeko.

Halarik ere, kontuan hartuta aurrerapen teknologikoak, duela gutxiko arau-erreformak eta instituzio parlamentarioak berak metatutako esperientzia, komeni da indarreko arauketa eguneratzea eta sistematizatzea, testuinguru digital erabat integratu eta seguru batera egokitzeko.

II

Helburu horrekin, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, 2024ko ekainaren 25eko bileran, Administrazio elektronikoari buruzko araua aldatzea onetsi zuen, non erregulatzen baitira Eusko Legebiltzarraren erregistroak, Erregistro Gaietan Laguntzeko Bulegoa, funtzionarioek, behin-behineko langileek eta legebiltzarkideek bitarteko elektronikoak erabiltzeko duten betebeharra, bai eta Eusko Legebiltzarraren Ahalordeen Erregistro Elektronikoaren funtzionamendua ere.

Orobat, Eusko Legebiltzarreko Funtzionario Gaituen Erregistroa sortzea erabaki zen, segurtasun juridikoa indartzeko eta bitarteko elektronikoak erabiltzeko laguntza egokia bermatzeko herritarrei.

III

Ikuspegi instituzionaletik, Eusko Legebiltzarrak bere arauak antolatzeko duen ahalmenari kalterik egin gabe, erreferentzia-esparru dira sektore publikoko prozedurari eta araubide juridikoari buruzko xedapen orokorrak, jarduketa elektronikoa barne hartzen dutenak.

Bereziki, komeni da nabarmentzea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen bosgarren xedapen gehigarria, zeinaren arabera Estatuko organo konstituzionalek eta legegintza- eta kontrol-organo autonomikoek beren jarduketa administratiboa antolatzeko autonomia baitute.

Aurreikuspen horrek bermatu egiten du Eusko Legebiltzarraren ahala administrazio elektronikoaren araubide juridiko propioa ezartzeko, bat etorriz haren izaera instituzionalarekin eta Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan aitortutako autonomia parlamentarioaren printzipioarekin.

IV

Testuinguru horretan, kontuan hartu dira, erreferentziazko arau gisa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, zeinek bitarteko elektronikoen bidezko jarduketa administratiboaren oinarriak ezartzen baitituzte. Horiek garatzen dituen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuak, sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua onartzen duenak, zehaztu egin zituen sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoaren, kudeaketa dokumentalaren eta elkarreragingarritasunaren printzipioak. Halaber, Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen maiatzaren 3ko 311/2022 Errege Dekretua, zibersegurtasunaren eta informazioaren babesaren arloko betebeharrak indartzen dituena.

V

Eremu autonomikoan, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legea erreferentzia garrantzitsua da Eusko Legebiltzarrak bitarteko elektronikoen erabilera arautzeko. Lege horrek Administrazio elektronikoaren jarduketa-esparrua ezartzen du, honako hauek aurreikusiz: kontrol-mekanismoak, elkarreragingarritasunean, segurtasunean eta gardentasunean oinarritutako eredu bat erregelamendu bidez arautzea eta irisgarritasuna eta inklusioa bermatuko dituen herritarrekiko harremanetarako kanal anitzeko sistema bat.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu-kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legeak dokumentuen kudeaketako eta artxibo elektronikoko eredu aurreratu bat sartzen du, memoria instituzionala gordetzera eta gardentasuna bermatzera bideratua.

Bestalde, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak kanal anitzeko sistema hori garatzen du, herritar guztientzako harreman digital irisgarri eta inklusiboa finkatuz.

VI

Azaldutakoarekin bat etorriz, arautegiaren eguneratze honek helburu hirukoitza lortu nahi du: erabat digitala eta segurua izango den Administrazio parlamentarioa sendotzea, Legebiltzarraren ondare dokumentalaren elkarreragingarritasuna eta epe luzerako kontserbazioa indartzea eta bermatzea.

Asmo horri begira, arau honek zortzi titulu, bi xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bost azken xedapen ditu.

I. tituluak, xedapen orokorrei buruzkoak, arauaren xedea eta aplikazio-eremua ezartzen ditu, bai eta Eusko Legebiltzarrean bitarteko elektronikoen erabilera arautzen duten printzipio gidariak, hizkuntza-araubidea eta datuen babesa ere.

II. tituluan, Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoari buruzkoan, gure instituzioaren egoitza elektronikoa arautzen da: titulartasuna eta erantzukizuna, edukia eta zerbitzu minimoak, bai eta irispide- eta erabilera-betekizun teknikoak ere.

III. tituluak, Eusko Legebiltzarraren erregistro elektronikoei buruzkoak, erregistro bakoitzaren xedea eta helburua zehazten ditu, eta Erregistro Gaietan Laguntzeko Bulegoa, Funtzionario Gaituen Erregistroa eta Ahalordeen Erregistro Elektronikoa sortzen ditu. Horrez gain, dokumentuen onarpen-, kudeaketa- eta segurtasun-betekizunak zehazten ditu, bai eta irispide- eta erabilera-betekizun teknikoak ere. Orobat, komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak arautzen ditu.

IV. tituluak identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoari buruzko arauak ezartzen ditu.

V. tituluak gure eremuko prozedura administratiboen kudeaketa eta izapidetze elektronikoari buruzko printzipioak eta betebeharrak zehazten ditu.

VI. tituluak dokumentu elektronikoen kudeaketa eta kontserbazioa arautzen ditu.

VII. tituluak kopia elektroniko autentikoen araubidea ezartzen du.

Azkenik, VIII. tituluak Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialaren formatu elektronikoa ezartzen du.

Azken batean, Eusko Legebiltzarrak, arau honen bidez, beste urrats bat ematen du modernizazio instituzionalarekin, kalitate demokratikoarekin eta kudeaketa publiko ireki, garden eta berritzailearekin duen konpromisoan, eta Euskadiko sektore publikoaren eta inguruko parlamentuen garapen digitalaren abangoardian kokatzen da.

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA
XEDEA, APLIKAZIO-EREMUA ETA DEFINIZIOAK

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Arau honen xedea da bitarteko elektronikoen erabilera arautzea Administrazio parlamentarioaren esparruan.

2.– Arau honen ondorioetarako, Administrazio parlamentariotzat hartzen da barne-prozedurak behar bezala izapidetzeko behar diren funtzioak betetzen dituzten organo, unitate eta zerbitzu administratibo, tekniko eta kudeaketakoen multzoa.

3.– Halaber, arau honek honako hauek arautzen ditu: egoitza elektronikoa, erregistroak, sinadura elektronikoa eta kudeaketa digitalari eta kontserbazioari buruzko gainerako alderdiak.

4.– Lege honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira izaera hertsiki parlamentarioa duten prozedurak, hau da, legegintzako jarduketak, kontrol, sustapen eta ordezkaritza politikokoak, hargatik eragotzi gabe haiek arau bidez garatzeko aukera, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak hala erabakiz gero.

2. artikulua.– Definizioak.

Hona, lege honen ondorioetarako, zenbait definizio:

a) Egoitza elektronikoa: telekomunikazio-sareen bidez herritarrek eskura duten helbide elektronikoa da, eta hortik egingo dira identifikazioa eta, hala badagokio, sinadura elektronikoa behar dituzten jarduketak eta izapideak.

b) Erregistro elektronikoa: eskabide, idazki, komunikazio eta dokumentuen sarrera eta irteerarako sistema ofiziala da, erregistro-idazpenak modu fidagarrian jasotzen dituena.

c) Erregistro Gaietan Laguntzeko Bulegoa: herritarrei hainbat arlotan laguntza emateko unitatea da, hala nola aurkezpen lagunduan, digitalizazioan eta erregistroko idatzoharrak egitean, bai eta identifikazio/sinadura-jarduketetan eta kopia autentikoak egitekoetan ere, arau honetan aurreikusitako irismenarekin.

d) Dokumentu elektronikoa: modu elektronikoan jasota dagoen edozein eratako informazioa da; euskarri elektronikoan artxibatuta dago, formatu jakin batean, eta identifikatu egin daiteke eta tratamendu berezitua izan dezake.

e) Dokumentu administratibo elektronikoa: zuzenbide administratiboaren mendeko eginkizunak betetzean sortu, jaso edo txertatu den dokumentu elektronikoa da, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalaren (EEN) eta aplikatu beharreko arautegiaren araberakoa.

f) Espediente elektronikoa: dokumentu eta jarduketen multzo ordenatua da, ebazpen administratiboaren aurrekari eta oinarri izateko balio duena, arau honetan aurreikusten diren osotasunaren eta aurkibide elektroniko autentifikatuaren betekizunekin.

g) Artxibo elektroniko bakarra: sistema eta zerbitzu multzo bat da, ahalbidetzen duena dokumentu eta espediente elektronikoak kudeatzea, zaintzea eta berreskuratzea, atzematen direnetik behin betiko kontserbatzen diren arte.

h) Kopia autentikoa: organo eskudunak edo funtzionario gaituek egindako kopia da, dokumentuaren edukia eta kopia egin duen organoaren identifikazioa bermatzen dituena eta jatorrizkoaren balio bera duena, aurreikusitako moduan.

i) Egiaztapen-kode segurua (EKS): egiaztapen-sistema bat da, aukera ematen duena dokumentu baten osotasuna egiaztatzeko egoitzan sartuz; dokumentuarekin eta, hala badagokio, sinatzailearekin lotuta dago.

II. KAPITULUA
JARDUKETA-ARAU OROKORRAK

3. artikulua.– Jarduketa elektronikoaren printzipio orokorrak.

Honako printzipio hauek arautuko dute Eusko Legebiltzarraren jarduketa elektronikoa: legezkotasuna, segurtasuna, elkarreragingarritasuna, neutraltasun teknologikoa, irisgarritasun unibertsala, gardentasuna eta hizkuntza-koofizialtasuna.

4. artikulua.– Administrazio parlamentarioarekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko eskubidea eta betebeharra.

1.– Administrazio parlamentarioarekin bitarteko elektronikoen bidez jarri beharko dira harremanetan honako hauek:

a) Pertsona juridikoak.

b) Izaera juridikorik gabeko entitateak.

c) Elkargokide izatea derrigorrezkoa duen jarduera profesional batean ari direnak, Administrazio parlamentarioarekin egiten dituzten izapide eta jardueretarako.

d) Enpresaburu indibidualak edo autonomoak, beren lanbide-jardueran egiten dituzten izapide eta jarduketetarako.

e) Eusko Legebiltzarreko funtzionarioak, behin-behineko langileak eta legebiltzarkideak, beren eginkizun eta eskubideak baliatzean egiten dituzten jarduketa administratiboetarako.

f) Arartekoaren erakundeko titularra, ondokoa eta erakunde horren zerbitzuko behin-behineko langileak, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kideak eta hango behin-behineko langileak.

g) Aurreko edozein ordezkatzen duten pertsonak.

2.– Ahal dela, Administrazio parlamentarioarekin bitarteko elektronikoen bidez jarriko dira harremanetan honako hauek:

a) Funtzionario-kidego edo -eskaletan edo lan-kategorietan sartzeko hautaketa-prozesuetan parte hartzen duten pertsonak, hautaketa-prozesuarekin lotutako izapide guztietarako, deialdietan ezarritakoaren arabera.

b) Aldi baterako langileen lan-poltsetan dauden pertsonak, lan-poltsa horiekin lotutako izapide eta kudeaketa guztietarako.

5. artikulua.– Datuen babesa.

Eusko Legebiltzarrak bermatu egingo du datu pertsonalak babesteko eskubidea erabat errespetatzen dela bitarteko elektronikoak erabiltzean, eskubide hori erregulatzen duen arautegiak ezarritako moduan.

6. artikulua.– Hizkuntza-araubidea, hizkera ez sexista eta hizkera argia.

1.– Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduaren 2. artikuluan xedatutakoak eta Ganberan indarrean dauden hizkuntza-normalizazioari buruzko gainerako arau eta jarraibideek arautuko dute bitarteko elektronikoen erabilera Administrazio parlamentarioan.

2.– Administrazio parlamentarioaren informazio, eduki edo dokumentu orotan, edozein euskarri eta modalitatetan daudela ere, hizkera ez sexista erabiliko da eta bi sexuen presentzia orekatua eta inklusiboa izango da, estereotipo sexistak saihesteko.

3.– Administrazio parlamentarioaren testu eta dokumentu guztiak modu argi, labur eta ulergarrian idatziko dira, herritarrek informazioa erraz aurkitu, ulertu eta erabili ahal dezaten, eta horien beharretara eta profiletara egokituko dira.

II. TITULUA
EUSKO LEGEBILTZARRAREN EGOITZA ELEKTRONIKOA
I. KAPITULUA
IZAERA, TITULARTASUNA ETA ERANTZUKIZUNA

7. artikulua.– Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoa.

1.– Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoa (helbidea: https://egoitza.legebiltzarra.eus) telekomunikazio-sareen bidez herritarrek eskura duten espazio elektronikoa da, eta hortik egingo dira interesdunen identifikazioa eta, hala badagokio, sinadura elektronikoa behar dituzten Eusko Legebiltzarraren prozedurei edo zerbitzuei buruzko jarduketa eta izapide guztiak.

2.– Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoa bakarra izango da hura osatzen duten organo guztientzat.

3.– Egoitza elektronikoa identifikatzeko, komunikazio segurua ezartzeko aukera emango duten webgunearen autentifikazio-ziurtagiri kualifikatuak edo bitarteko baliokidea erabiliko dira.

8. artikulua.– Egoitza elektronikoaren edukien titulartasuna, erantzukizuna eta bermea.

1.– Egoitza elektronikoaren titulartasuna Eusko Legebiltzarrari dagokio.

2.– Eusko Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusiarena izango da egoitzan eskuragarri jarritako edukiak eta zerbitzuak kudeatzeko erantzukizuna. Behar diren neurriak hartuko ditu publikotasun ofizialari, hizkuntza-eskubideei, identifikazioari, irisgarritasunari, eskuragarritasunari, osotasunari eta segurtasunari buruzko baldintzak indarreko arauetan ezarritakoarekin bat etor daitezen.

3.– Halaber, bermatuko da egoitza elektronikoak irispidea ematen duela indarreko arauetan adierazitako zerbitzu, prozedura eta informazio guztietara.

II. KAPITULUA
EDUKIAK, ZERBITZUAK ETA BETEKIZUN TEKNIKOAK

9. artikulua.– Egoitza elektronikoaren edukiak eta zerbitzuak.

1.– Egoitza elektronikoak eduki eta zerbitzu hauek izango ditu, gutxienez:

a) Egoitza elektronikoaren identifikazioa, bai eta organo titularrarena eta egoitzaren kudeaketaz eta bertan eskura jarritako zerbitzuez arduratzen diren organoena ere.

b) Sortze-ebazpenaren identifikazioa eta bertarako irispidearena, zuzenean edo hura argitaratu zuen aldizkari ofizialerako estekaren bidez.

c) Data eta ordu ofiziala, bai eta egun baliogabeen egutegia ere, epeak zenbatzeko.

d) Sistemaren edo aplikazioaren ohiko funtzionamendua eragozten duen edozein gorabehera teknikori buruzko informazioa, bai eta, inguruabar horren ondorioz organo eskudunak hala erabaki badu, amaitu gabe dagoen epea luzatzeari buruzko informazioa ere.

e) Erregistro elektronikoetarako irispidea eta haien arautegi erregulatzailea.

f) Egoitza elektronikoa modu irisgarri eta egokian erabiltzeko behar den informazioa, bai eta Herritarrekiko Arretarako Zerbitzurako irispidea ere.

g) Eusko Legebiltzarrean dokumentazioa aurrez aurre entregatzeko eta erregistro-gaietan eta bitarteko elektronikoen erabileran laguntzeko zerbitzuak emateko prestatuta dauden bulegoen kokapena eta datu eguneratuak, honako hauek adierazita: helbidea, ordutegiak, irisgarritasun fisikoa eta digitala, harremanetarako bitartekoak, aurretiko hitzordua hartzeko aukera, eta laguntza horren xede diren izapide eta prozeduren zerrenda.

h) Egoitzan erabiltzeko moduan dauden izapide eta zerbitzuen katalogoa.

i) Herritarrekiko harremanetarako kanal guztietarako formulario eta eredu normalizatuak.

j) Egoitza elektronikoaren ziurtagiriaren identifikazioa eta egiaztapen-sistema, bai eta egoitzaren eremuan sartzen diren jarduketa administratibo automatizatuetan erabilitako zigilu elektronikoenak ere.

k) Egiaztapen-kode segurua jaso duten dokumentuak berreskuratzeko eta haien autentikotasuna eta osotasuna egiaztatzeko zerbitzua.

l) Sinadura elektronikoaren politika, eta onartzen diren identifikazio, sinadura elektroniko eta ziurtagiri elektronikoko sistemen zerrenda.

m) «Nire karpeta elektronikoa» izeneko karpeta; haren bidez, interesdun bakoitzak bere informazioa irispidean izango du, eta eragiten dioten izapide administratiboen eta jakinarazpen eta komunikazioen jarraipena egin ahal izango du, bere datu pertsonalen osotasuna eta konfidentzialtasuna bermatzen duten prozedura seguruak baliatuta.

n) Kexak eta iradokizunak egiteko izapiderako esteka. Orobat, barneko informazio-sistemaren bitartez arau-hausteen berri emateko bide bat egongo da.

o) Eusko Legebiltzarraren kontratatzailearen profilerako esteka Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataforman.

p) Eusko Legebiltzarraren hornitzailearen atarirako esteka.

q) Datu pertsonalen babesarekin lotutako informazioa, honako hauek adierazita: datuen babesaren arloan indarrean dagoen legerian aitortutako eskubideak baliatzeko ezarritako mekanismoak eta Eusko Legebiltzarreko datuak babesteko ordezkariaren identifikazioa, bai eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren web-atarirako irispidea ere.

r) Egoitza elektronikoaren bidezko informazio eta komunikazioen irisgarritasun-, konfidentzialtasun-, osotasun- eta eskuragarritasun-baldintzak betetzearen gaineko informazioa.

s) Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala eta Bilkuren Egunkaria.

2.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, aldez aurretik erabakita, beste eduki batzuk sartu ahal izango ditu egoitzan.

Nolanahi ere, Idazkaritza Nagusiaren erantzukizuna izango da helbide elektronikoak, organoen izenak eta egoitzan eskuragarri dauden zerbitzuetara iristeko kanalen zerrenda eta ezaugarriak eguneratzea.

10. artikulua.– Betekizun teknikoak, irisgarritasuna eta formatuak.

1.– Egoitza elektronikoaren bidez eskainitako informazioak, zerbitzuek eta prozedura elektronikoek irisgarritasun-, berdintasun- eta erabilgarritasun-printzipioak errespetatuko dituzte.

2.– Egoitza elektronikoan eskuragarri egongo da Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoetara zein erregistro elektronikoetara sartzeko erabili daitezkeen sistema operatiboen eta nabigatzaileen zerrenda, bai eta dokumentu elektroniko onargarrien formatua ere.

III. TITULUA
EUSKO LEGEBILTZARRAREN ERREGISTRO ELEKTRONIKOAK, LAGUNTZA ETA HARREMANETARAKO KANALAK
I. KAPITULUA
ERREGISTRO ELEKTRONIKOAK

11. artikulua.– Eusko Legebiltzarraren erregistro elektronikoak. Xedea eta helburua.

1.– Eusko Legebiltzarrak, bere Administrazio parlamentarioaren izaera berezia dela-eta, honako erregistro elektroniko hauek sortzen ditu:

a) Erregistro Elektroniko Parlamentarioa: dokumentu, eskabide, idazki eta komunikazio parlamentarioak aurkezteko sistema espezifikoa da, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduan eta hura garatzen duen gainontzeko arautegian ezarritako modu eta baldintzen araberakoa.

b) Erregistro Elektroniko Administratiboa: dokumentu, eskabide, idazki eta komunikazio administratiboak jasotzeko eta bidaltzeko tresna da. Erregistro honi dagozkion prozedura eta jarduketetarako irispidea eta haien kontsulta eskuragarri egongo dira Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoaren bitartez (https://egoitza.legebiltzarra.eus).

2.– Bi erregistroak dira eremu parlamentario eta administratiboko eskabide, idazki, komunikazio eta dokumentuen sarrera- eta irteera-bide ofizialak, eta horiek bermatzen dituzte egindako jarduketa elektronikoen baliotasun juridikoa eta trazabilitatea, bai eta erregistro-izendapenak modu elektroniko eta sinesgarrian jasota geratzea ere.

12. artikulua.– Dokumentuak onartzea, idazpenak eta funtzionamendua Eusko Legebiltzarraren erregistro elektronikoetan.

1.– Erregistro elektronikoetan dokumentu elektronikoak soilik sartu ahal izango dira, aplikatzekoa den arautegian xedatutakoaren arabera.

2.– Prozedura bakoitzari buruzko arautegiak berariaz besterik xedatu ezean, dokumentuak, eskabideak, idazkiak eta komunikazioak ez dira erregistratuko baldin eta faxez, posta elektronikoz edo haien autentikotasuna edo igorleen nortasuna egiaztatzeko aukera ematen ez duen beste edozein prozedura baten bidez bidali badira.

3.– Erregistroko idazpen bakoitzean honako hauek jasoko dira:

a) Idazpenaren zenbakia edo kodea, aurkezte-data eta -ordua eta, hala badagokio, jasotze- edo bidaltze-data eta -ordua.

b) Dokumentuak, eskabideak, idazkiak eta komunikazioak egin dituen pertsona edo organoaren identifikazio-datuak, edo haien hartzaileenak, eta, hala badagokio, helbide elektronikoa.

c) Erregistratzen diren dokumentuen mota, nahiz eta gero Legebiltzarreko Mahaiak kalifikatu ahal izango dituen, eta dokumentuen edukiaren eta espediente-zenbakiaren aipamena, ahal bada.

4.– Erregistro elektronikoek automatikoki igorriko du mezu bat dokumentua hartu izana baieztatzeko, datu hauekin:

a) Aurkezpena erregistro elektronikoan egin izanaren identifikazioa.

b) Erregistro elektronikoko sarrera bat delako identifikazioa.

c) Banakako erregistroaren zenbakia edo kodea.

d) Aurkezte-data eta -ordua, bai eta sistemak emandako hurrenkera-zenbakia ere.

e) Aurkeztutako dokumentazioaren zerrenda.

5.– Erregistratutako dokumentu, eskabide, idazki eta komunikazioak eta, halakorik bada, haien dokumentazio osagarria berehala helaraziko zaizkie pertsona edo organo hartzaileei, dena delako izapide edo prozeduraren ondorioetarako.

6.– Erregistro elektronikoaren bidez dokumentuak, eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztu ahal izango dira urteko egun guztietan, eguneko hogeita lau orduetan, nahiz eta beharrezkoa izan daitekeen etenaldiak egitea ezinbesteko arrazoi teknikoengatik. Etenaldi horien berri emango da Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoan.

7.– Arrazoi teknikoengatik ezin bada erregistro elektronikoko sistema erabili, eskuz erregistratzeko sistema bat antolatuko da behin-behinean, aurkezte-hurrenkeraren zenbakia bermatzeko eta erregistro elektronikoan sartzeko hura berrezarri ostean.

8.– Erregistro elektronikoaren funtzionamendua eteten denean, egoitza elektronikoan iragarri beharko dira nola gertatutako gorabehera teknikoa hala amaitu gabeko epearen luzapen zehatza, ahalik eta aurrerapen handienarekin. Etenaldiak dirauen bitartean eperen baten amaiera suertatzen bada, ulertuko da epea luzatu egiten dela, etenaldiak iraun duen denboraz.

9.– Egun baliogabe batean egindako aurkezpen telematikoa hurrengo egun balioduneko lehenengo orduan jasotakotzat joko da.

13. artikulua.– Erregistro Elektroniko Administratibora sartzea eta bertan dokumentuak aurkeztea

1.– Eusko Legebiltzarraren Erregistro Elektroniko Administratibora sartzeko, Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoan gaitutako esteka erabiliko da. Helbide horretan egongo da dokumentuak, eskaerak, idazkiak eta komunikazioak jaso eta horiei irteera eman ahal izateko plataforma teknologikoa.

2.– Eusko Legebiltzarreko Erregistro Elektroniko Administratiboak Erregistro Gaietan Laguntzeko Bulegoaren laguntza izango du, zeinak aukera emango baitie Administrazio parlamentarioarekiko harremanak elektronikoki izatera behartuta ez dauden interesdunei beren eskabideak paperean aurkezteko, hala nahi dutenean. Eskabide horiek arau honen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera digitalizatuko dira.

II. KAPITULUA
LAGUNTZA- ETA GAIKUNTZA-BULEGOA

14. artikulua.– Erregistro Gaietan Laguntzeko Bulegoa.

1.– Erregistro Gaietan Laguntzeko Bulegoa sortzen da. Bulego horrek bermatu egingo du interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzeko laguntza jasotzeko duten eskubidea, eta, bereziki, eginkizun hauek izango ditu:

a) Erregistro Gaietan Laguntzeko Bulegoan paperean aurkezten edo jasotzen diren eskabide, idazki eta komunikazioak digitalizatzea, bai eta Erregistro Elektroniko Administratiboan eta, hala badagokio, Erregistro Elektroniko Parlamentarioan horiei buruzko idatzoharra egitea ere, bere arautegi propioan ezarritakoaren arabera.

b) Hala badagokio, irteera-idazpenen idatzoharra egitea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Eskabide, komunikazio eta dokumentuen aurkezte-data eta -ordua egiaztatzen dituen agiria ematea.

d) Kopia elektroniko autentikoak egitea, behin digitalizatu direnean pertsonek aurkeztutako jatorrizko dokumentuak edo kopia autentikoak –bulegoaren bidez espediente administratibo batean sartuko direnak dagokion erregistro elektronikoan–.

e) Identifikazio eta sinadura elektronikoari buruzko informazioa ematea eskabideak, idazkiak eta komunikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko horretarako gaikuntza eman den izapide eta prozeduretan.

f) Interesdunaren identifikazioa edo sinadura elektronikoa, Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta ez dagoen pertsona bat denean, gaikuntza aurreikusita duten prozedura administratiboetan.

g) Bulego horren jarduketa-eremuan jakinarazpenak egitea, interesduna edo haren ordezkaria bat-batean bulegoan agertzen bada eta komunikazio edo jakinarazpen pertsonala une horretan eskatzen badu.

h) Aurrez aurreko apud acta ahalordetzea izapidetzen hastea, arau honen 16. artikuluan aurreikusitako moduan.

i) Interesdunei informazioa ematea erabilgarri dauden izapide, prozedura eta zerbitzuei buruz, bai eta eskabide, idazki eta komunikazioak aurkezteko eta horien jarraipena egiteko moduei buruzko orientazioa ere.

j) Legez edo erregelamenduz esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

2.– Eusko Legebiltzarreko Erregistroko Gaietan Laguntzeko Bulegoan aurkezten diren paper-euskarriko eskabide, idazki eta komunikazioak Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean eta hura garatzeko arauetan ezarritakoaren arabera digitalizatuko dira.

3.– Aurkeztutako jatorrizko dokumentuak interesdunari itzuliko zaizkio, salbu eta arauren batek agintzen badu dokumentu horiek Administrazio parlamentarioak zaintzekoak direla edo nahitaezkoa bada objektuak edo dokumentuak digitaliza ezin daitekeen euskarri espezifikoren batean aurkeztea.

4.– Paper-euskarrian aurkeztutako dokumentuak, behin digitalizatuta daudenean, aurkeztutako unean bertan interesdunari itzuli ezin zaizkionak, sei hilabetez zainduko dira, eta epe hori igarotakoan ezabatu ahal izango dira.

15. artikulua.– Funtzionario Gaituen Erregistroa.

Eusko Legebiltzarrak Funtzionario Gaituen Erregistro bat du. Funtzionario gaitu horien zeregina da instituzio honekin elektronikoki harremanetan jartzera behartuta ez dauden eta hala eskatzen duten interesdunen identifikazioa eta sinadura elektronikoa baimentzea, bai eta dokumentu publiko administratibo edo pribatuen kopia autentikoak egitea ere.

III. KAPITULUA
ORDEZKARITZA ETA AHALORDEAK

16. artikulua.– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa.

1.– Eusko Legebiltzarreko Ahalordeen Erregistro Elektronikoa zerbitzu elektroniko bat da, ahalordedun gisa inskribatuta dauden pertsonei aukera ematen diena bitarteko elektronikoen bidez jarduteko Eusko Legebiltzarreko Administrazioan, ahalordetzea eman dieten legebiltzarkideen ordezkari gisa.

2.– Ahalordetze hori, Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideei bakarrik dagokiena eta izapide administratiboak egiteko baino ez dena, instituzio horretako Idazkaritza Zerbitzuan emango da, dokumentu normalizatu baten bidez. Dokumentu horretan, berariaz eta modu fede-emailean jasoko da emandako ordezkaritza, bai eta ahalorde-emailearen eta ahalordedunaren identifikazio-datuak eta sinadura ere. Emandako ordezkaritza legealdia amaitzearekin batera bukatuko da, non eta ahalorde-emaileak ez duen aldez aurretik atzera botatzen edo aldatzen, edo ahalordedunak ez dion uko egiten.

IV. KAPITULUA
SEGURTASUNA, BETEKIZUN TEKNIKOAK ETA JAKINARAZPENAK

17. artikulua.– Erregistro elektronikoen kudeaketa eta segurtasuna.

1.– Eusko Legebiltzarreko Idazkaritza Zerbitzuak izango du erregistro elektronikoak kudeatzeko ardura.

2.– Eusko Legebiltzarreko Informazio Sistemen Zuzendaritzak izango du Eusko Legebiltzarraren erregistro elektronikoen segurtasunaren ardura, eta horrek ezarriko ditu informazioaren erabilgarritasuna, autentikotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa bermatzeko aukera emango duten mekanismoak.

18. artikulua.– Erregistro elektronikoetara sartzeko eta horiek erabiltzeko betekizun teknikoak.

Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da Legebiltzarraren erregistro elektronikoetan dokumentuak aurkezteko baliatu ahal diren nabigatzaileen zerrenda, bai eta eransten diren fitxategietarako onartzen diren formatuena ere.

19. artikulua.– Komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak.

1.– Administrazio parlamentarioak bitarteko elektronikoen bidez egingo dizkie komunikazio eta jakinarazpenak Administrazioarekiko harremanak elektronikoki izatera behartuta dauden interesdunei, bai eta kanal hori berariaz hautatu dutenei ere.

2.– Jakinarazpen elektronikoak interesduna Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoan agertuz egingo dira. Jakinarazpenaren edukia eskuratzeko, interesduna aldez aurretik identifikatu beharko da; horrez gain, jakinarazpena balio osoz egin dela ulertzeko, beharrezkoa izango da onartutako sinadura elektronikoko sistemaren baten bidez autentifikatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 9. eta 10. artikuluetan eta egoitza elektronikoa erregulatzen duen arautegian aurreikusitakoaren arabera.

3.– Jakinarazteko betebeharra konplitutzat emango da jakinarazpena egoitza elektronikoan eskura jartzen denean.

4.– Jakinarazpen-sistemak honako hauek egiaztatzeko aukera emango du:

a) Zer egunetan eta ordutan jarri den interesdunaren eskura jakinarazi beharreko egintza.

b) Zer egunetan eta ordutan eskuratu duen interesdunak jakinarazpenaren edukia.

c) Interesdunak berariaz baztertu duela jakinarazpenaren edukia.

d) Jakinarazpena baztertu dela, eskura jarri zenetik hamar egun naturaleko epea igaro delako jakinarazpenaren edukia eskuratu gabe. Ezintasun tekniko edo materialak egon direla egiaztatu ezean, izapidea egintzat joko da, ondorio guztietarako, eta prozedurak aurrera egin ahal izango du.

5.– Jakinarazpenaren edukia eskuratu baino lehen, interesdunari jakinaraziko zaio ezen, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41. eta 43. artikuluei jarraikiz, jakinarazpen-izapidea egintzat joko dela eta prozedurak aurrera jarraituko duela kasu hauetan:

a) Agerraldia egin eta jakinarazpenaren edukia eskuratzen bada.

b) Jakinarazpena berariaz baztertzen bada.

c) Baztertze-presuntzioa badago, jakinarazpena eskura jarri eta hamar egun naturaleko epean jakinarazpenaren edukia eskuratu ez delako.

6.– Egoitza elektronikoan agertuz egindako jakinarazpenetan, jaso-agiri bat jarriko da interesdunaren eskura, eta haren bidez justifikatu ahal izango da jakinarazpenaren edukia eskuratu dela edo hura jasotzea baztertu dela.

Jaso-agirian, gutxienez, datu hauek agertuko dira: jakinarazitako egintzaren eta hartzailearen identifikazioa, zer egunetan eta ordutan jarri zen interesdunaren eskura eta hark zer egunetan eta ordutan eskuratu edo baztertu zuen.

7.– Jakinarazpena paperean edo bitarteko elektronikoen bidez egiten den alde batera utzita, Administrazio parlamentarioak abisu bat bidaliko dio interesdunari edo, hala badagokio, haren ordezkariari, eta adieraziko dio jakinarazpen bat eskura jarri diola egoitza elektronikoan.

Interesdunak edo haren ordezkariak borondatez horretarako adierazi duen gailu elektronikora edo helbide elektronikora bidaliko da abisua.

IV. TITULUA
IDENTIFIKAZIOA, SINADURA ETA EGIAZTAPENA

20. artikulua.– Sinaduraren, zigilu elektronikoen eta ziurtagirien politika.

1.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiak sinadura elektronikoari, zigilu elektronikoei eta ziurtagiriei buruzko politika onartuko du. Hura onartzeko erabakiaren laburpen bat Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta eduki osoa zabalduko da egoitza elektronikoaren bitartez.

2.– Sinadura elektronikoari, zigilu elektronikoei eta ziurtagiriei buruzko politikak zehaztuko ditu sinadura elektronikoak sortu, baliozkotu eta kontserbatzeko prozesuak, eta zer ezaugarri eta betekizun bete behar dituzten sinadura-sistemek, ziurtagiri elektronikoek, data-orduen zigilatze-zerbitzuek eta sinadura elektronikoen erabileraren euskarri diren gainerako elementuek.

21. artikulua.– Egoitza elektronikoaren erabiltzaileen identifikazioa eta sinadura elektronikoa.

1.– Pertsona fisikoek honako hauek erabili ahal izango dituzte Administrazio parlamentarioarekin harremanak izateko: Nortasun Agiri Nazionalean txertatutako ziurtagiri elektronikoak, ziurtagiri elektroniko aitortuak eta Administrazio parlamentarioak onartzen dituen sinadura elektroniko aurreratuko sistemak.

2.– Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek pertsona juridikoaren eta izaera juridikorik gabeko entitateen ziurtagiri elektroniko aitortuak erabili ahal izango dituzte, hurrenez hurren; halaber, Administrazio parlamentarioak onartzen dituen sinadura elektroniko aurreratuko sistemak erabili ahal izango dituzte.

3.– Erregistro Gaietan Laguntzeko Bulegoan herritarrei aurrez aurreko arreta emateko, eskuzko sinadura digitalizatuko sistemak eta sinadura biometrikoko sistemak erabili ahal izango dira, betiere enplegatu publiko baten aurrean, zeinak sinatzailearen identitatea egiaztatuko baitu. Hori guztia, datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen arautegiak ezarritakoaren arabera.

4.– Herritarrek sinadura elektronikoko sistemak erabiltzen badituzte, Administrazio parlamentarioak sinadura-sisteman sartutako datu pertsonalak erabili ahal izango ditu, baina sinatzailearen nortasuna, sinaduraren autentikotasuna eta ziurtagiri elektronikoaren baliozkotasuna egiaztatzeko soil-soilik.

5.– Egoitza elektronikoan argitaratuko dira onartzen diren sinadura-sistemen eta ziurtagiri elektronikoen zerrenda, bai eta horiek erabiliz egin daitezkeen prozedurak ere.

22. artikulua Administrazioaren sinadura elektronikoa.

1.– Eusko Legebiltzarrak sinadura elektronikoko sistema hauek erabili ahal izango ditu:

a) Zigilu elektroniko kualifikatuak.

b) EKS sistema seguruak, dagokion egoitza elektronikoan sartuz dokumentuaren osotasuna egiaztatzeko aukera emango dutenak.

2.– Dokumentu bakoitzak EKS bat izango du, Eusko Legebiltzarra eta, hala badagokio, dokumentua sinatzen duen pertsona lotuko dituena; nolanahi ere, aukera egongo da haren osotasuna egiaztatzeko egoitza elektronikora sartuz.

3.– Dokumentuen multzoa, bai eta EKS sistema aplikagarri zaien jarduera automatizatuak ere, arau honen 27. artikuluan azaltzen den dokumentu elektronikoak kudeatzeko politikan jasoko dira.

23. artikulua.– Legebiltzarkideen eta Administrazio parlamentarioko langileen sinadura elektronikoa.

Eusko Legebiltzarrak ziurtagiri elektroniko aitortuak emango dizkie legebiltzarkideei eta langileei, beren eginkizunak betetzean erabiltzeko. Ziurtagiri horien bidez, sinadura elektronikoaren titularra identifikatu ahal izango da egin beharreko jarduketetan.

V. TITULUA
PROZEDURA ELEKTRONIKOAK KUDEATZEA ETA IZAPIDETZEA

24. artikulua.– Kudeaketa eta izapidetze elektronikoak.

1.– Oro har, prozedura administratibo guztiak elektronikoki kudeatuko dira, eta haien izapidetze integrala bermatuko da, hasieratik artxibatzen diren arte.

2.– Eusko Legebiltzarrak behar diren bitartekoak, sistemak eta aplikazioak antolatuko ditu prozedura eta zerbitzu administratiboen kudeaketa elektroniko integrala ahalbidetzeko fase guztietan, eta egoitza elektronikoaren bidez eskuragarri egongo direla bermatuko du.

25. artikulua.– Informazio publikoa argitaratzea eta berrerabiltzea.

Eusko Legebiltzarrak bultzatu egingo du bitarteko elektronikoen bidez sortutako informazio publikoa formatu berrerabilgarrietan eta erabilera-lizentzia irekien bidez argitaratzea, gardentasunaren eta Parlamentu Irekiaren printzipioen arabera.

26. artikulua.– Organoen erantzukizuna izapidetze elektronikoan.

1.– Administrazio parlamentarioko zerbitzu, atal eta unitateek bitarteko elektronikoen bidez izapidetu beharko dituzte beren prozedurak eta jarduketak, Eusko Legebiltzarrak horretarako ezarritako tresnen eta sistemen bitartez.

2.– Organo horien ardura izango da beren eskumenaren esparruan kudeatutako espedienteetan jasotako informazioaren osotasuna, egiazkotasuna eta zehaztasuna bermatzea informazio hori zaintzen den bitartean, artxibo elektroniko bakarrera transferitu arte.

VI. TITULUA
DOKUMENTU ELEKTRONIKOEN KUDEAKETA
I. KAPITULUA
KUDEAKETA-POLITIKA ETA DOKUMENTU ELEKTRONIKOA

27. artikulua.– Dokumentu elektronikoak kudeatzeko politika.

1.– Eusko Legebiltzarraren dokumentu elektronikoak kudeatzeko politikak ezarriko ditu dokumentu elektroniko fidagarriak, autentikoak, osoak eta denboran zehar eskuragarriak sortu, izapidetu, baloratu eta kontserbatzeko behar diren gidalerroak, Eusko Legebiltzarraren berezko funtzioekin eta jarduerekin bat etorriz.

2.– Dokumentu elektronikoak kudeatzeko politikak honako hauek barne hartuko ditu:

a) Dokumentuak beren bizi-zikloan zehar koordinatzeari, aplikatzeari, gainbegiratzeari eta kudeatzeari dagokienez erantzukizunak esleitzeko gidalerroak.

b) Dokumentuak kudeatzeko eta gordailu elektronikoak administratzeko programen, prozesuen eta kontrolen definizioa.

3.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiari dagokio dokumentu elektronikoak kudeatzeko politika onartzea, Artxibo eta Administrazio Digitaleko Zerbitzuak proposatuta.

28. artikulua.– Dokumentu elektronikoa.

1.– Dokumentu elektronikoa modu elektronikoan jasota dagoen edozein eratako informazioa da; euskarri elektronikoan artxibatuta dago, formatu jakin batean, identifikatzeko eta tratamendu berezitua jasotzeko moduan.

2.– Dokumentu elektroniko batek osagai hauek ditu:

a) Dokumentuaren edukia edo datu- eta informazio-multzoa.

b) Sinadura elektronikoa –bakarra edo gehiago, hala badagokio–.

c) Data-orduen zigilua, hala badagokio.

d) Lotutako metadatuak.

3.– Dokumentu elektronikoen eta metadatuen eskuragarritasuna eta osotasuna bermatuko dira, bien arteko lotura modu iraunkorrean bermatuz.

4.– Izaera parlamentarioko dokumentu elektronikoen baliozkotasun-betekizunak Eusko Legebiltzarreko Mahaiak horri buruz onartzen dituen xedapenen bidez garatu eta zehaztuko dira; nolanahi ere, haien autentikotasuna, osotasuna, fidagarritasuna eta eskuragarritasuna bermatu beharko dira.

29. artikulua.– Dokumentu administratibo elektronikoa.

1.– Dokumentu administratibo elektronikoa hau da: modu elektronikoan jasotako edozein eratako informazioa, euskarri elektroniko batean artxibatuta dagoena, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean eta dagokion arautegian onartutako identifikazioa eta tratamendu berezitua izan ditzakeen formatu jakin batean, eta zuzenbide administratiboaren mendeko eginkizunak betetzean sortu, jaso edo txertatu dena.

2.– Administrazio parlamentarioko organoek balio osoz emandako dokumentu elektronikoak alderdi hauek izango ditu beti:

a) Edukia, dokumentuko datu- edo informazio-multzo gisa ulertuta.

b) Sinadura elektronikoari eta ziurtagiriei buruzko politikan aurreikusitako sinadura elektronikoetako bat.

c) Denborazko erreferentzia bat; alegia, data-orduen zigilu kualifikatua.

d) Ezarritako gutxieneko metadatuak.

3.– Bitarteko elektronikoen bidez izapidetutako prozedura administratibo baten esparruan, organo jardulea behartuta badago interesdunari dokumentu administratibo elektroniko bat ematera, dokumentua eman ordez, hartara bitarteko elektronikoen bidez irispidea izateko behar diren datuak eman ahal izango dizkio.

4.– Interesdunen edo beste administrazio batzuen eskura jarritako dokumentu administratibo elektronikoak irispidean izatea eta deskargatu ahal izatea bermatuko du Eusko Legebiltzarrak, nola egoitza elektronikoaren bidez, hala herritarrei arreta emateko zehaztuko diren kanalen bidez.

5.– Dokumentu administratibo elektronikoaren osagaiek baliozkotasuna emango diote dokumentuari eta bermatuko dute haren autentikotasuna, fidagarritasuna, osotasuna eta erabilgarritasuna mantenduko direla denboran zehar.

6.– Beste administrazio publiko batzuekin trukatuko den edo herritarrek kontsultatuko duten dokumentu administratibo elektronikoak Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean eta hura garatzeko arauetan formatuari, egiturari eta metadatuei buruz ezarritako gutxieneko betekizunak bete beharko ditu.

7.– Dokumentu administratibo elektronikoen eduki-fitxategiak elkarreragingarritasunari buruzko arau teknikoan ezarritako formatuetara egokituko dira. Beste formatu batzuk erabili ahal izango dira hori justifikatzen duten berezitasunak daudenean, dokumentuaren eta bere metadatuen arteko lotura modu iraunkorrean mantenduz.

II. KAPITULUA
ESPEDIENTE ELEKTRONIKOAK

30. artikulua.– Espediente administratibo elektronikoa.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 70. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu-kudeaketa Integralaren eta Dokumentu-ondarearen ekainaren 23ko 5/2022 Legearen 3.f) artikuluan ezarritakoaren arabera, espediente administratiboa dokumentu eta jarduketen multzo ordenatu bat da, ebazpen administratiboaren aurrekari eta oinarri izateko balio duena eta hura betearazteko eginbideak ere jasotzen dituena.

Espediente administratiboak formatu elektronikoa izango du, eta haren osagai izan behar duten dokumentu, froga, irizpen, txosten, erabaki, jakinarazpen eta gainerako eginbideak ordenaturik batuz osatuko da; horrez gain, bidali behar den kasuetan, barnean dituen dokumentu guztien aurkibide zenbakitu bat izango du.

Dokumentu elektroniko bera hainbat espediente administratibo elektronikoren parte izan daiteke.

2.– Espediente elektronikoa osatzeko erantzukizuna espediente hori izapidetzeko eskumena duten organo administratiboena da.

3.– Espediente administratibo elektronikoetan honako hauek jasoko dira:

a) Dokumentu elektronikoak.

b) Aurkibide elektroniko autentifikatua; espedientearen osotasuna eta berreskuratzeko aukera bermatuko ditu.

c) Sinadura elektronikoari eta ziurtagiriei buruzko politikan aurreikusitako sistemak erabiliz aurkibide elektronikoari emandako sinadura.

d) Espediente elektronikoaren metadatuak.

4.– Espediente administratibo elektronikoen orrialdekatzea aurkibide elektroniko autentifikatuaren bidez egingo da, zeinak espedientearen osotasuna bermatuko baitu eta behar den guztietan berreskuratzeko aukera emango. Aurkibide elektroniko autentifikatua espedientea izapidetzeko osatu duen organoaren titularrak sinatuko du, edo elektronikoki zigilatu ahal izango da, haren osotasuna bermatzen duen sistema baten bidez.

5.– Espediente administratiboetako interesdunek eskubidea dute espedientearen edukia eskuratzeko eta kopia bana lortzeko.

6.– Eusko Legebiltzarrarekin harreman elektronikoak dituzten interesdunek espediente elektronikoa irispidean izateko eta, hala badagokie, espedientearen kopia osoa edo partziala lortzeko duten eskubidea, baliatutzat joko da espedientea egoitza elektronikoan eskura jarritakoan.

Horretarako, Eusko Legebiltzarrak espediente elektronikora irispidea ematen duen helbide elektronikoa edo lokalizatzailea helaraziko dio interesdunari edo, hala badagokio, haren ordezkariari.

Bermatuta egongo da haren bidez interesdunak espedientera irispidea izango duela dokumentu elektronikoak kudeatzeko politikak eta agintaritza kalifikatzaileak onartutako kontserbazio- eta irispide-egutegiek zehazten duten denboran, eta ziurtatuko da datu pertsonalen babesari, gardentasunari eta informazio publikorako irispideari, eta dokumentu-, historia- eta kultura-ondareari buruz indarrean dauden arauak betetzen direla.

7.– Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala eta hura garatzeko arauak bete beharko dira espediente elektronikoak bidali eta eskura jartzeko. Salbuespen gisa, posible izango da beste egitura batzuk erabiltzea beste administrazio publiko batzuekin espediente elektronikoak trukatzeko, baldin eta aldez aurretik horri buruzko akordioa egin bada haiekin.

8.– «Nire karpeta elektronikoa» karpetan eskuragarri ez dauden espedienteak Eusko Legebiltzarraren Artxibo Sisteman egongo dira, baldin eta legez onartutako kontserbazio- eta irispide-egutegien arabera ezabatu ez badira.

31. artikulua.– Espediente parlamentario elektronikoa.

1.– Espediente parlamentario elektronikoak sortzeari, izapidetzeari, kontserbatzeari eta kudeatzeari buruzko alderdi espezifikoak Eusko Legebiltzarreko Mahaiak horri buruz onartzen dituen xedapenen bidez garatu eta zehaztuko dira.

2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, espediente parlamentario elektronikoek bermatu beharko dituzte espediente horiek osatzen dituzten dokumentu guztien osotasuna eta aldaezintasuna izapidetzea amaitu edo espedientea itxi ondoren, bai eta Eusko Legebiltzarraren artxibo elektroniko bakarrean epe luzera babestuko/gordeko direla ere.

III. KAPITULUA
ARTXIBATZEA, KONTSERBATZEA ETA EZABATZEA

32. artikulua.– Eusko Legebiltzarraren artxibo elektroniko bakarra.

1.– Eusko Legebiltzarraren artxibo elektroniko bakarra sistemen eta zerbitzuen multzo bat da; horrek sostengatzen du dokumentu eta espediente elektronikoen kudeaketa, zaintza eta berreskurapena, bai eta beste dokumentu- edo informazio-multzo batzuena ere, atzematen edo erregistratzen direnetik modu iraunkorrean kontserbatzen diren arte, eta haien tratamendua bermatzen du behin prozedura parlamentarioak, administratiboak edo dagozkien jarduketak amaitu ondoren, Eusko Legebiltzarrak horretarako sortutako batzorde kalifikatzaileak zehaztutako epeetan.

2.– Jarduketa administratiboetan erabili diren eta espediente administratiboa osatzen duten dokumentu eta espediente elektroniko guztiak kontserbatuko dira artxibo elektroniko bakarrean, bai eta herritarrek eta Administrazio parlamentarioak izandako harremanen froga-balioa duten dokumentuak ere.

3.– Artxibo elektroniko bakarraren kudeaketak biltegiratutako espediente administratiboen eta dokumentuen autentikotasuna, kontserbazioa, osotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna, trazabilitatea eta zaintza-katea bermatuko ditu, bai eta horietarako irispidea ere, honako hauek xedatutako baldintzetan: Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala eta Segurtasunaren Eskema Nazionala, gardentasunaren, informazio publikorako irispidearen eta gobernu onaren arautegia, artxiboen eta ondare historiko eta kulturalaren legedia eta aplikatu behar den arautegi espezifikoa, erregelamendu bidez garatzen denari jarraikiz.

4.– Era berean, jarduera parlamentarioaren esparruan sortutako espediente eta dokumentu guztiak, behin betiko onartu ondoren, edo, hala badagokio, legegintzaldia amaitu delako edo beste edozein arrazoirengatik horien izapidetzeari amaiera eman zaionean, artxibo elektroniko bakarrean sartu eta gorde beharko dira, haien osotasuna, eskuragarritasuna eta haietarako irispidea bermatuz, Eusko Legebiltzarrak horretarako sortutako batzorde kalifikatzaileak ezarritako irizpide eta epeen arabera.

33. artikulua.– Dokumentuen kontserbazioa eta haietarako irispidea.

1.– Eginkizun kalifikatzailea betetzeko sortuko den agintaritza kalifikatzaileak eskumena izango du dokumentuen eta espedienteen kontserbazio-epeak zehazteko, edozein dela ere horien euskarria.

2.– Dokumentu elektronikoak kontserbatzeko modua dela eta, haietarako irispidea bermatu beharko da, eta barnean hartu hauek, gutxienez: dokumentuaren identifikazioa, edukia, metadatuak, sinadura –halakorik baldin badu–, egitura eta formatua.

Era berean, dokumentuei buruzko informazioa datu-baseetan ere sartu ahal izango da, baldin eta irizpide hauek jasotzen badira hor: dokumentuen jatorrizko formulario edo eredu elektronikoak birsortzeko irizpideak eta datu horiek identifikatzeko edo sinadura elektronikoa egiaztatzeko irizpideak.

3.– Artxibatuta dauden dokumentu elektronikoen kontserbazioa, irispidea eta kontsulta bermatzeko –alde batera utzita zenbat denbora igaro den dokumentuak eman zirenetik–, datuak beste formatu eta euskarri batzuetara eraman ahal izango dira, bermatuta, betiere, beste aplikazio batzuen bidez haietara irispidea izango dela.

4.– Dokumentu elektronikoak epe luzera kontserbatzea bermatuko duten babes digitaleko jarduketak planifikatuko dira. Horretarako, babes digitaleko plan bat onartuko da, non birzigilatze-, migrazio-, bihurketa- edo emulazio-estrategiak jasoko diren, bai eta zaharkitze teknologikoa saihesteko formatuen kudeaketa ere.

5.– Kudeaketa dokumentalaren segurtasunaz, artxibo elektroniko bakarra zaintzeaz eta administratzeaz eta dokumentazioa ekoizten duten unitateez arduratzen diren langileen erantzukizuna izango da planak ezartzea eta behar diren bitarteko teknologikoak antolatzea datuak beste formatu eta euskarri batzuetara migratzeko, dokumentuen autentikotasuna, osotasuna, eskuragarritasuna, kontserbazioa eta haietarako irispidea bermatzeko jatorrizko formatuak Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean eta arautegi aplikagarrian jasotakoetatik kanpo geratuko direnean.

34. artikulua.– Dokumentu elektronikoak ezabatzea eta modu seguruan suntsitzea.

1.– Kopia elektroniko autentikoak egiteko erabili diren jatorrizko dokumentuak eta kopia autentikoak, paperean edo beste edozein euskarritan daudenak, ezabatu ahal izango dira dokumentu elektronikoak kudeatzeko politikan eta indarreko arautegian ezarritako moduan. Arau hau indarrean jartzen den unean izapidetzen ari diren prozedura administratiboetan, jatorrizko dokumentu horiek interesdunari itzuliko zaizkio, non eta arauak ez duen zehazten dokumentu horiek Administrazio parlamentarioak zaintzekoak direla.

2.– Ezein kasutan ez dira suntsituko balio historikoa, artistikoa edo bestelako garrantzia duten eta, hortaz, kontserbatu eta babestu beharrekoak diren dokumentuak.

3.– Dokumentu elektronikoak ezabatzeari dagokionez, ezabatze seguruko prozesuen bidez egin beharko da, dokumentua eta haren segurtasun-kopiak berregitea ezinezkoa dela bermatzeko, eta sisteman jasota utzi beharko da haiek ezabatu direla.

VII. TITULUA
KOPIA ELEKTRONIKO AUTENTIKOAK

35. artikulua.– Kopia elektroniko autentikoak.

1.– Kopia autentikotzat hartuko dira Eusko Legebiltzarreko funtzionario gaituek egiten dituztenak, baldin eta dokumentuaren edukia eta dokumentua egin duen organoaren identitatea bermatuta geratzen badira.

2.– Kopia elektroniko autentikoak jatorrizko dokumentu publiko administratibo edo pribatu batetik edo beste kopia autentiko batetik egingo dira beti, edozein euskarritan dagoela ere, eta jatorrizko dokumentuen baliozkotasun bera izango dute.

3.– Paper-euskarria edo euskarri ez-elektronikoa duten dokumentuak digitalizatzeko Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean eta hura garatzeko arauetan ezarritakoaren arabera jardungo da, dokumentuaren kopia fidel eta osoa jasoko duten fitxategi elektronikoak sortuz.

4.– Egiten diren kopia elektroniko autentiko guztietan berariaz adieraz behar da halakoa dela, eta Eusko Legebiltzarraren sinadura elektronikoari eta ziurtagiriei buruzko politikan aurreikusitako sinadura-sistemen bidez sinatuko da.

5.– Jatorrizko dokumentuaren berdin-berdinak diren kopia elektronikoek jatorrizko dokumentu elektronikoaren efikazia juridikoa izango dute.

6.– Formatu-aldaketa dakarten dokumentu administratiboen kopia elektronikoak dokumentu elektronikoen artean bihurketa eginez lortuko dira, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalaren eta hura garatzeko arauetan ezarritakoaren arabera.

7.– Paper-euskarriko kopia autentikoak elektronikoki sortutako egiaztapen-kode edo -sistema bat izango du, haren autentikotasuna egiaztatu ahal izateko egoitza elektronikoan dagokion dokumentu elektronikoa, haren sinadura eta gutxieneko metadatuak eskuratuz. Kode horrek aukera eman beharko du jatorrizko dokumentuaren sinadura elektronikoaren baliozkotasuna egiaztatzeko.

36. artikulua.– Kopia elektroniko autentikoak lortzea.

1.– Prozedura batean interesdun direnek Eusko Legebiltzarrak egindako dokumentu administratibo publikoen kopia autentikoak eskatu ahal izango dituzte.

2.– Jatorrizko dokumentua egin zuen organoari zuzenduko zaio eskaera, eta horrek hamabost eguneko epean egin beharko du kopia autentikoa, eskaera Erregistro Elektronikoan jasotzen denetik hasita.

Kopia ematea mugatu edo ukatu ahal izango da, baldin eta hirugarrenen datu pertsonalei, konfidentzialtasun-betebeharrak babestutako informazioari edo ordenamendu juridikoaren arabera isilpean edo sekretupean gorde beharreko gaiei eragiten badie. Nolanahi ere, hartutako erabakia arrazoitu egin beharko da.

3.– Honako hauek izango dute kopia autentikoak egiteko eskumena:

a) Jatorrizko dokumentua egin duten organoak.

b) Dokumentuak zaintzeaz eta artxibatzeaz arduratzen diren langileak.

c) Funtzionario gaituak.

4.– Aurreko paragrafoan aipatzen diren organoen titularrek izendatuko dituzte kopia elektroniko autentikoak egiteko gaituta egongo diren funtzionarioak.

VIII. TITULUA
EUSKO LEGEBILTZARRAREN ALDIZKARI OFIZIALA

37. artikulua.– Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala.

1.– Honako hauek argitaratuko dira Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean: lege-proiektuak eta lege-proposamenak, boto partikularrak eta zuzenketak, ponentzien txostenak, batzordeen irizpenak, Osoko Bilkuraren erabakiak, legez besteko proposamenak, interpelazioak, mozioak, galderak eta galderen erantzunak isilpean eduki beharrekoak ez direnean, Jaurlaritzaren komunikazioak eta, Erregelamenduko xedapenen batek hala ezarri eta legebiltzarburuak agintzen badu, beste edozein testu edo dokumentu. Orobat, argitaratu egingo dira isilpeko bilkuretan hartutako erabakiak, salbu eta Mahaiak isilpeko izaera dutela erabakitzen badu.

2.– Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialak zabalkunde elektronikoa izango du soilik, eta Legebiltzarraren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

3.– Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialaren zenbaki bakoitza Legebiltzarraren zigilu elektronikoaren bidez sinatuta egongo da, eta egiaztapen-kode seguru bat izango du, haren autentikotasuna egiaztatu ahal izateko egoitza elektronikoaren bitartez.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Erregistroen Interkonexio Sisteman (EIS) integratzea.

Administrazio parlamentarioak beharrezkoak diren jarduketa teknikoak eta administratiboak sustatuko ditu bere Erregistro Elektroniko Administratiboa Erregistroen Interkonexio Sisteman (EIS) integratzeko. Integrazio horrek erregistro-idazpenak eta dokumentuak beste administrazio publiko batzuekin trukatzea erraztuko du, administrazioen arteko komunikazioan elkarreragingarritasuna eta efizientzia hobetuz.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Prestakuntza.

Behar diren prestakuntza-planak garatuko dira legebiltzarkideek eta Ganberako langileek arau honetan erregulatzen diren sistemak, tresnak eta prozedurak erabiltzeko gaitasun egokia dutela bermatzeko.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aurretik hasitako prozedurak.

Arau hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedura administratiboek lehengo arautegiaren mende jarraituko dute. Halarik ere, araua indarrean jarri ondorengo egintzak eta izapideak arau honetan ezarritako bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, teknikoki posible den guztietan.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Sistemak eta zerbitzuak egokitzea.

Arau honetan aurreikusitako zerbitzu eta sistemek, hala nola «Nire karpeta elektronikoa» karpetak edo artxibo elektroniko bakarrak, arian-arian erdietsiko dute erabateko eraginkortasuna, baldintza teknikoek ahalbidetzen duten heinean, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onartzen duen ezarpen-egutegiaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Izaera parlamentarioko prozeduren erregulazio espezifikoa.

Izaera hertsiki parlamentarioko prozeduren izapidetze elektronikoari dagozkion alderdi espezifikoak Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onartuko duen arautegi propio baten bidez garatu eta zehaztuko dira, Ganberaren Erregelamenduan aurreikusita dagoenaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen dira arau honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, hargatik eragotzi gabe Eusko Legebiltzarraren Erregistro Elektronikoa eta egoitza elektronikoa sortzeko akordio eta ebazpenen indarraldia, arau honetan ezarritakoaren aurka ez doan guztian.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araubide juridiko ordeztailea.

Aurreikusita ez dagoen guztirako, ordeztaile gisa aplikatuko dira administrazio publikoen prozedura administratibo erkideari buruzko legeria eta Administrazio elektronikoari buruzko EAEko sektore publikoaren araubide juridikoa –salbu eta Eusko Legebiltzarraren izaera bereziagatik haren araubide instituzionalaren aurkakoa bada–, Ganberaren antolamenduak eta funtzionamenduak eskatzen dituen egokitzapenekin.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA.– Arauak garatzeko gaikuntza.

Baimena ematen zaie Eusko Legebiltzarreko Mahaiari eta legelari nagusiari, bakoitzaren eskumenen esparruan, arau honetan ezarritakoa behar bezala garatzeko eta aplikatzeko behar diren xedapen eta jarraibide guztiak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Dokumentuak, idazkiak, eskabideak eta komunikazioak paper-euskarrian aurkezteko baimena emateko gaikuntza.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak baimena eman ahal izango du dokumentu, idazki, eskabide eta komunikazio jakin batzuk paper-euskarrian aurkez daitezen, edo prozedura jakin batzuetan edo pertsona edo entitate jakin batzuek paper-euskarria erabil dezaten, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Aldizkako ebaluazioa.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak hiru urtean behin ebaluatuko du arau honen ezarpen-maila, eta eguneratzea proposatu ahal izango du.

AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA.– Indarrean jartzea.

Arau hau Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala