
82. zk., 2026ko maiatzaren 5a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (238 KB - 20 orri.)
- EPUB (124 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1838
AGINDUA, 2026ko apirilaren 14koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2026. urtean kultura- eta sormen-arloetako jaialdiak antolatzeko dirulaguntzen oinarriak onartu eta deialdia egiten duena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei eta horien sustapenari eta zabalkundeari dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek musikaren, arte eszenikoen, liburuen, ikus-entzunezkoen, ikusizko arteen eta kultura- eta sormen-industrien arloetan gauzatzea Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari esleitzen dio azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak.
Halaber, arau hauek daude indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza eta dirulaguntzetarako: abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzen Erregimena Erregulatzen duena, azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (DLO) eta lege horren Araudia (DAO) onartu duen 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa.
Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzak egoki iritzi dio jardunbide bat ezartzeari, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jaialdiei laguntzeko. Jardunbide hori, bestalde, sail horren eskumenen esparrukoa da, eta hainbat kultura-arlotan jarduerak antolatzeko dirulaguntzak eskainiz gauzatzekoa, bereziki arlo hauetan: musika, arte eszenikoak, liburuak, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak eta kultura- eta sormen-industriak. Neurri horri esker, kultura-eta sormen-ekoizpena gizarte osoaren eskura jarri nahi da, herritar guztiek kultura- eta sormen-adierazpide horiez guztiez goza dezaten.
Deialdi hau jasota dago Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez onartutako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2026ko otsailaren 17ko Aginduaren bidez onartutako 2026ko Dirulaguntzen Urteko Planean. Plan horiek sailaren webguneko esteka honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/sail-plana/pes-2025-2028-dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhk/eu/
Bada nahiko kreditua, eta egokia, deialdi honek onesten dituen dirulaguntzak hornitzeko, abenduaren 22ko 21/2023 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorra onartzen duenak, dioenez.
Horren ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea 2026. urtean kultura- eta sormen-arloetako jaialdiak antolatzeko dirulaguntzen deialdia egiten duen agindu honen eranskinean jasotako deialdia eta oinarriak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen bidez araututako dirulaguntzen programa Europako Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831 EB Erregelamenduan (2023ko abenduaren 15eko EBAO L 2831) ezarritako de minimis araubidearen mende dago. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Ondorioz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak beharrezkoak diren mekanismo guztiak jarriko ditu abian, pertsona edo entitate onuradun bakar batek ere, ondoz ondoko hiru urteetan, dirulaguntza osoaren 300.000 euro baino gehiago jasoko ez dituela bermatzeko.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak lege-arau hauen mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta, halaber, 20/2023 Legea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa, abenduaren 21ekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dezakete interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eskumen hori duen salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 14a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
ERANSKINA
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da 2026ko ekitaldian kultura-jaialdiak antolatzeko dirulaguntzak emateko oinarriak onartzea eta deialdia egitea, kultura-azpisektore hauetan: zuzeneko arteak (arte eszenikoak, musika, bertsolaritza...), ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak, literatura eta sormen-sektoreak (arkitektura, artisautza, diseinua, gastronomia, hizkuntzaren industriak, moda, kultura-ondarea, publizitatea eta bideojokoak).
Jaialditzat hartzen dira genero, esparru edo komisariotza-ildo jakin baten inguruan egituratutako programazio artistikoa eskaintzen duten topaketa kultural antolatuak eta aldizkakoak. Denbora-tarte mugatu eta zehatz batean garatzen dira, hainbat espaziotan eta datatan banatutako jarduerak izan ohi dituzte, eta nortasun propioa eta kultura-ekosistemaren barruan bereizten duen marka bat dute.
Elementu osagarriak izan ditzakete, hala nola merkatu profesionalak, lehiaketak, prestakuntza-jarduerak edo sektore-topaketarako guneak, baina horien muina –eta, beraz, diruz lagundu daitekeen xedea– kultura-erakusketa, -sorkuntza edo -zabalkundea da. Hori antolatzeko, kudeaketa profesionalizatua egin behar da, hainbat publikok parte hartu dezaten eta lurraldean eragin kulturala, soziala edo ekonomikoa sortu dadin.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzak finantzatzera bideratutako kredituaren zenbatekoa seiehun mila (600.000) eurokoa izango da, guztira. Horietatik, 252.000 euro 2026. urteko ordaintze-kredituei dagozkie, eta 348.000 euro 2027. urterako konpromiso-kredituei. Aurkezten diren proiektuak hauetako kategoria batean sailkatuko dira, haien izaeraren arabera, kreditu hau duelarik kategoria bakoitzak:
– 255.000 euro zuzeneko arteen jaialdiak antolatzeko (arte eszenikoak, zuzeneko musika, bertsolaritza...).
– 180.000 euro ikus-entzunezko jaialdiak antolatzeko.
– 97.500 euro arte plastikoen eta ikusizko arteen jaialdiak edo literaturako jaialdiak antolatzeko.
– 67.500 euro diziplina anitzeko edo sormenezko kultura-jardueren jaialdiak antolatzeko. Diziplina anitzeko kultura-jardueratzat hartzen dira kultura- edo sormen-sektore desberdinak konbinatzen dituztenak. Sormenezko jardueratzat hauek hartuko dira: arkitektura, artisautza, diseinua, gastronomia, hizkuntzaren industriak, moda, kultura-ondarea, publizitatea eta bideojokoak.
2.– Gerta liteke kategoria batean eskabide nahikorik ez egotea edo aurkeztutako proiektuek ez gainditzea balorazio-faseko gutxieneko puntuazioa; horrelako kasuetan, kategoria horri esleitutako zuzkidura ez bada agortzen, Kudeaketa Zuzendaritzak geldikina beste kategoria batzuetara bideratzea proposatu ahalko du; hain zuzen, beste kategoria horietan ongien baloratutako proiektuak finantzatuko dira, baldin, zuzkidura amaitzeagatik, hasiera batean ez lagundutzat jo badira. Hau izango litzateke kategorien hurrenkera: ikusizko arteak eta literatura, diziplina anitzeko edo sormenezko kultura-jarduerak, ikus-entzunezkoak eta zuzeneko arteak.
3. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Agindu hau argitaratzen den egunean jarduteko gaitasun juridiko osoa duten eta, edozein delarik ere haien eraketa juridikoa, baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko zein juridiko pribatuek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak agindu honen babesean, betiere 1. artikuluan aipatzen diren jarduerak egiten badituzte.
Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira, bai eta itzultze-betebeharren ordainketa ere, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Aginduan eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 2., 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoarekin.
Dirulaguntzen eskatzaileen Gizarte Segurantzarekiko betebeharren egiaztapena automatikoki egingo du deialdi honen organo kudeatzaileak, haien baimenik gabe. Hala ere, eskatzailea egiaztapen hori egitearen aurka ager daiteke; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du. Zerga-betebeharren egiaztapena egiteko, berriz, eskatzaileen baimena beharko da. Era berean, eskatzailea egiaztapen horren aurka ager daiteke; halakorik eginez gero, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
2.– Ezin izango dira onuradun izan:
Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Aginduaren 13. artikuluaren 1., 2. eta 3. paragrafoetan adierazitakoren bat betetzen ez dutenak, eta kasu hauetan:
a) Administrazio publikoak zein horietako baten sektore publikoko entitateak.
b) Proiektu bera edo haren zati bat egiteko 2026rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura beste dirulaguntza izendunen bat esleituta dutenak.
c) Ikastetxeak, eta arte-, musika- eta dantza-ikastegiak eta bestelako arte-diziplinetakoak.
d) Zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan egunean ez daudenak. Betekizun horiek ematen den dirulaguntza kitatu artean atxiki beharko dira beterik, eta, beraz, laguntzak esleitzeko unean egiaztatuko da betetzen diren, bai eta, hasierako ziurtagiria iraungi delako hala egokitzen bada, ordainketak egiteko unean ere.
e) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duen eskatzailea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat duena, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan 23.2 artikuluan ezarritako zigor eta debekuak ere kontuan hartuta, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez duten 50 langiletik gorako enpresek, ez eta sexu-jazarpenaren edo sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio-neurriak ezarri direla egiaztatzen ez duten enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legerian ezarritako baldintzetan.
f) Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua betetzen ez duten eskatzaileak.
g) Berreskuratzeko agindu baten menpe diren enpresak, Europar Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
h) Pertsona edo entitate eskatzaileak ezin izango du deialdi honetako dirulaguntzarik eskuratu, baldin eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik badu, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik badu.
i) Ezin izango zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penalen bat jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei, dagokion zehapenak ezartzen duen aldian.
j) Eskatutako dirulaguntzaren onuradun izanez gero, enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzen ez dutenak, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
k) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartzen diren eskatzaileak direnean bakarrik, ezingo dira onuradun izan lege horretan aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak. Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu dezaketen sozietateek egiaztatuko dute hori, lege honen Erregelamenduaren 26. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Kontabilitateko araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten sozietateentzat, ordaintzeko legezko epeak betetzen direla egiaztatzeko beharra ezartzen da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri horrek kontuan hartuko du enpresa bezeroaren ordainketen benetako epea, enpresa hornitzaileak aldez aurretik kobratzeko finantzaketa edozein dela ere.
4. artikulua.– Jarduerek bete beharreko baldintzak.
1.– Dirulaguntzak jasotzeko, jarduerek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira, 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta, haien edukia batez ere kulturala izanik, programazio artistikoak espezializazio-maila handikoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-panoramarako interes berezikoa izan beharko du.
b) Dirulaguntzen deialdi honetara aurkezten diren programek edo jarduerek ekonomikoki bideragarriak izan behar dute, eta haien aurrekontuak orekatua izan beharko du.
Gutxienez 20.000 eurokoa izango da aurrekontua; halaber, eskatu beharreko gehieneko dirulaguntza 45.000 eurokoa izango da, eta gutxienekoa, berriz, 7.000 eurokoa. Aurrekontuaren autofinantzaketa-maila gutxienez % 20koa izan beharko da, halakotzat hartuta iturri publikoetatik ez datorren frakzioa (alegia, norberak egindako ekarpena, gehi mezenas pribatuek egindakoa, gehi jarduerak berak emandako diru-sarrerak, hala nola publizitatea, sarrerak nahiz bestelako ondasun eta zerbitzuak saltzeak eragindakoak).
c) Diruz lagundu beharreko jarduerek herritarrei oro har irekiak izan beharko dute, ekitaldi kolektiboetan eta aurrez-aurrekoetan, une oro errespetatuta indarrean dauden arauak.
d) Aurretiko nahiz ondorengo faseak (prestatzeko nahiz ixtekoak edo baloratzekoak) gorabehera, jendaurreko jarduerak epe mugatu batean gauzatu beharko dira: inola ere ez bi egun baino gutxiagoan, ez eta bi hilabete baino gehiagoan ere.
e) Marketin, publizitate eta komunikazio publikoko material guztiak gutxienez bi hizkuntzatan (euskaraz eta gaztelaniaz) argitaratu beharko dira.
f) Jaialdiak aldizkakoak izango dira eta irauteko bokaziodunak.
g) Ez dira jaialditzat hartuko, bira artistikotzat baizik, ikuskizun beraren hainbat emanaldi aurreikusten dituzten proposamenak.
2.– Deialditik kanpo geratuko dira:
a) Urte osoko kultura-programazioak eta kultura-programazio orokorrak. Halakotzat hartuko dira areto baten ohiko programazioa deialdiaren baldintzetara formalki egokitu besterik egiten ez duten proposamenak.
b) Ikastaroak eta prestakuntza-jarduerak, hala nola lantegi, mintegi eta antzekoak.
c) Izaera akademiko zein gremiokoa besterik ez duten ekitaldiak eta promozio- zein oroitzapen-ekitaldi puntualak.
d) Sariak eta galak.
e) Antolakundeen barne-jarduerak, beren ikus-entzuleentzako direnak.
f) Merkatu edo salerosketarako aurreikusitako guneak. Gune horietan burututako kultura-programazio profesionala kontuan hartu dadin, programazio horrek aurrekontu osoaren % 10 baino gehiago hartu behar du.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Agindu honi dagokionez, diruz lagundutako jarduera motari erantzuten dioten gastuak izango dira lagungarriak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri araugarri hauetan, laguntzak emateko ebazpenean eta haren aldaketetan ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da izango sekula ere merkatuan duten balioa baino handiagoa.
Sustatzailearen egiturari, mantentze-lanei eta ohiko jardunari lotutako gastuak, hala nola lokalen alokairua, finantza-gastuak, baimenak, zergak, lege-aholkua, ohiko kontsumoak (argia, ura, telefonia, Internet...) eta abar, ezin izango dira guztizko aurrekontuaren % 5 baino gehiago.
Era berean, egitasmoaren zuzendaritzak zein kontratatutako pertsonalak eragindako gastuek ezin izango dute aurrekontuaren % 30 gainditu.
2.– Lagundu daitezkeen gastuetatik at geratzen dira:
a) Ondasun higiezinak, azpiegiturak eta ekipamendu-ondasun inbentariagarriak erostearekin, erabiltzearekin eta finantzatzearekin lotutako guztiak, amortizazioak barne.
b) Entitate sustatzailearen langileen ordainsariak, aseguru sozialen kotizazioak eta zerga-atxikipenak.
c) Eskatzaileak berak egindako lanengatiko gastuak.
d) Diru bidezko sariak.
e) Protokolo-ekitaldiak, hala nola afari, festa, koktel eta antzekoak.
3.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZ kengarriaren zenbatekoa, eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan, justifikazio-agirien zerga-oinarriari dagokion kopurua bakarrik egotzi ahal izango da gastu gisa. BEZaren aitorpena egin beharretik salbuetsita dauden onuradunek horren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta horiei onartuko zaie BEZa laguntzeko moduko gastu gisa.
4.– Dirulaguntzen Erregimena Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, betiere.
6. artikulua.– Eskatzaileen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Dirulaguntzen eskatzaileen Gizarte Segurantzarekiko betebeharren egiaztapena automatikoki egingo du deialdi honen organo kudeatzaileak, haien baimenik gabe. Hala ere, eskatzailea egiaztapen hori egitearen aurka ager daiteke; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du. Zerga betebeharren egiaztapena egiteko, berriz, eskatzaileen baimena beharko da. Era berean, eskatzailea egiaztapen horren aurka ager daiteke; halakorik eginez gero, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
2.– Egoitza fiskala estatu espainiarretik kanpo izanez gero edo ziurtagiriak elkarreragingarritasun sistemaren bidez lortzea ezinezkoa denean, agiri hauek aurkeztu beharko ditu eskatzaileak: zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela adierazten duten egiaztagiriak, organo eskudunak emandakoak. Kasu bietan ere egiaztagiriek ez dute izango sei hilabetetik gorako antzinatasuna.
3.– Dirulaguntzen Erregimena Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua betez, betekizun hauek bete direla egiaztatuko da eskabidearekin batera aurkeztuko diren erantzukizunpeko adierazpenen bidez:
– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo entitate publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da.
– Eskatzaileak ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor administratibo edo penalik, eta ez egotea horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dakarkion ezein kasutan, ez abenduaren 21eko 20/2023 Dirulaguntzen Erregimena Erregulatzen duen 13. artikuluan xedatutakoetan, ez gizon-emakumeen arteko berdintasunaren gaineko legeetatik eratorrietan.
– Adieraziko da eskatzailea zigortze- nahiz itzultze-prozedura baten pean den, eta, hala bada, hura zein den esan beharko da.
– Aurreko hiru ekitaldi fiskaletan agindu honen lehen xedapen gehigarrian deskribatzen den de minimis erregimenari lotutako beste laguntzarik jaso duten ala ez, eta, jaso badu, haien jatorria, helburua eta zenbatekoa zehaztuta.
– Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu dirulaguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, enpresak berreskuratzeko agindurik ez duela.
– Enpresa-deslokalizazioan ez erortzeko konpromisoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluaren arabera.
– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du, eskabidean bertan, egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, bereziki abenduaren 21eko 20/2023 Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan xedatutakoak.
7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Administrazioko zer organo, zentro edo unitateri zuzendua den adieraziko da eskabidean, gutxienez.
2.– Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira:
– Kanal elektronikoa: euskadi.eus egoitza elektronikora sartuta aurkeztuko dira eskabideak, edota artikulu honetako 5. atalean adierazten diren helbideetan, edota urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
3.– Pertsona juridikoek, autonomoek eta enpresaburu indibidualek bide elektronikoa erabiliz bakarrik aurkeztuko dituzte eskabideak, artikulu honetako 5. atalean adierazitako helbide elektronikoan edo urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
4.– Eskatzaileek eskaera bana besterik ezin izango dute aurkeztu. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, lehenik aurkeztutakoa bakarrik onartuko da, sarrera-erregistroaren arabera.
5.– Eskaera-orria, eta orria bera, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko jarraibideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren URL honetan eta administrazio-egoitzetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0130712 Eskaeraren ondorengo izapide elektronikoak, jakinarazpenak barne, hemen egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dituzte beren eskaera eta hari atxikitako dokumentazioa. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
7.– https://www.euskadi.eus/herritarren-ziurtagiria URLan kontsultatu daiteke zer identifikazio-bide eta sinadura elektronikoko bide onartzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan.
8.– Eskabidea ordezkari baten bitartez aurkeztu nahiz aldatu ahal izango da elektronikoki; horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan inskribatuta egon beharko du ordezkariak: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
9.– Deskargatu daitezkeen ereduak erabiliko dira aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoak betetzeko. Ezinezkoa bada, ahal dela PDF formatuan aurkeztuko dira.
10.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartu izana. Hala ere, haien aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da.
8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
1.– Eskatzaileari berari buruzko agiriak:
Administrazioren bati dagozkion erregistroetan inskribatutako entitateek zein erregistrotan inskribatuta dauden adieraziko dute eskabidean, eta ez da beharrezkoa izango inskripzioa egiaztatzen duen ekarpenik egitea.
2.– Jarduerari buruzko dokumentazioa:
– Proposamena aginduaren 12. artikuluaren 3. atalean xedatutako irizpideen arabera egoki baloratzeko behar diren puntuak zehazten eta garatzen dituen memoria zehatza, bai eta jaialdiaren gauzatze-egutegia ere. Halaber, adieraziko da zer lurralde-eragin aurreikusten zaion jaialdiari. Baldin eta aurkezten den proiektua beste proiektu zabalago baten barruan antolatuta badago, haren deskribapena eta aurrekontua ere gehitu beharko dira.
– Jardueraren gastuen eta diru-sarreren aurrekontu orekatua, banakatua eta xehea. Baldin eta eskaeran 5. artikuluak ez-lagungarritzat jotako gastu edo jarduerarik aurreikusten bada, organo kudeatzaileak horiek zuzentzeko eskatuko du.
– Beren izaera dela-eta hizkuntzarik erabiltzen ez duten diziplinen kasuan, horren inguruko motibazioa, hargatik eragotzi gabe 12.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatzea.
3.– Eskatzailea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, berari ordaindu ahal izateko hirugarrenaren alta izeneko agiria aurkeztuta izan beharko du, dela eskaerarekin batera, dela prozeduraren beste une batean. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan izapidetu daiteke elektronikoi, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute Administrazioaren esku dauden edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak ez aurkezteko. Beraz, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu. Eskubide hori erabiliz gero, eskatzaileek jakinarazi egin beharko dute zein prozeduratan eta zein egunetan sartu diren. Administrazioak kontsulta horren aurka egin ahal izango du; kasu horretan, eskatzaileak egiaztatu beharko ditu agiri horiek.
9. artikulua.– Aurkezten diren eskabideetako akatsak zuzentzea.
Eskabideei dagokienez, ikusten bada izapidetzeko onartzeko agirietan eta eskabideok baloratzeko agirietan akats formalak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari beharrezko agiriak aurkeztu ditzan edo hautemandako akatsak zuzendu ditzan; horrekin batera, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela, eta horren berri ebazpen bidez jakinaraziko zaio.
Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin bat etorriz, administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatera behartuta daudenek, bai eta enpresaburu indibidualek eta autonomoek ere, eskaera aurrez aurre eginez gero, elektronikoki aurkeztuz zuzentzeko eskatuko zaie, eta, horretarako, eskaera elektronikoki aurkezteko eguna hartuko da eskabidea aurkezteko datatzat.
10. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.
11. artikulua.– Dirulaguntzen muga eta bateragarritasuna.
1.– Agindu honetara biltzen diren jarduerek jasoko duten dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango aurrekontu onartu osoaren % 50etik gorakoa.
2.– Diruz laguntzen diren proiektuek gehienez 45.000 euro jasoko dituzte.
3.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste entitate publiko edo pribatu batzuek xede bera betetzeko ematen dituzten laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta nolanahiko baliabideekin, betiere gainfinantzaketarik ez badago; kasu horretan, bidezkoa izango da dirulaguntzaren munta murriztea, dagokion mugaraino.
4.– Agindu honen 3. artikuluko 2.b) apartatuan ezarritakoaren arabera, ez dira bateragarriak izango proiektu bererako Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026rako Aurrekontu Orokorretatik datozen beste dirulaguntzekin.
12. artikulua.– Proiektuak baloratzeko eta hautatzeko eta dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak.
1.– Agindu honetan zehaztutako dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraz emango dira, hurrengo puntuetan jasotako balorazio-irizpideak kontuan izanik. Aurkeztutako eskabideak puntuazio-hurrenkeraren arabera antolatuko dira.
2.– Kategoria bakoitza bere aldetik baloratuko da, eta bateko eta besteko proiektuak beren kategoriako beste proiektuekin baizik ez dira lehiatuko.
3.– Aurkeztutako eta ezetsi gabeko proiektuak baloratzeko, irizpide eta baremo hauek erabiliko dira:
a) Proposamen kulturala (50 puntu).
a.1.– Programazioaren interesa, koherentzia eta kalitate artistiko eta kulturala (gehienez 17 puntu).
Programazioaren kalitatea baloratuko da, bai eta interes artistiko eta kulturala, komisariotza-planteamendua eta aukeraketa artistikoa ere, bai garrantziagatik, bai bikaintasun profesionalagatik.
– 13-17 puntu: kalitate bikaineko eta interes artistiko eta kultural handiko programazioa, komisariotza-planteamendu oso sendo eta artikulatuarekin eta garrantzi eta bikaintasun profesional handiko arte-hautaketarekin.
– 9-12 puntu: kalitate eta interes handiko programazioa, komisariotza-planteamendu sendoarekin eta garrantzi egiaztatua duten proposamen edo artisten presentziarekin.
– 5-8 puntu: programazio zuzena eta interes moderatukoa, proposamen artistiko baliotsuekin; dena dela, gutxi definitutako komisariotza-planteamendua du, gorabeherak dituena edo formatu edo proposamen konbentzionaletan zentratuta dagoena.
– 0-4 puntu: interes txikiko programazioa, koherentzia artistiko baxua, garrantzi gutxiko hautaketa edo kalitate profesional eskasa dituena.
a.2.– Lurraldean duen eragina publikoen garapenaren eremuan (gehienez 13 puntu).
Eragina baloratzeko, emaitzei erreparatuko zaie; adibidez, publikoak sortzeari/dibertsifikatzeari, parte-hartze eraginkorrari edo tokiko bizitza kulturalean ikus daitezkeen aldaketei, eta bereziki gazteei, migratzaileei eta bazterketa-arriskuan dauden kolektiboei zuzendutako estrategia espezifikoei.
– 11-13 puntu: lurralde-eragin oso handia. Errotze handia, parte-hartze komunitario handia, bitartekaritzako eta irisgarritasuneko estrategia sendoak, publikoak sortzeko edo dibertsifikatzeko gaitasun frogatua eta ondorio argiak tokiko bizitza kulturalean.
– 8-10 puntu: eragin nabarmena. Lurraldearekiko harreman ona, publiko definituak eta bitartekaritza- edo partaidetza-ekintzak, baina ez guztiz garatuak edo sistematikoak.
– 5-7 puntu: eragin ertaina. Harreman partziala ingurunearekin eta publikoekin, bitartekaritza-ekimen puntual edo hasiberriekin.
– 1-4 puntu: eragin txikia. Ingurunearekiko eta publikoekiko harreman ahula, estrategia argirik eta emaitza ikusgarririk gabe.
– 0 puntu: ez du inolako eraginik lurralde zein publikoetan.
a.3.– Berezitasuna eta bereizteko gaitasuna (gehienez 10 puntu).
Bere jardun-eremuan nortasun propiorik eta ezaugarri bereizgarririk (ez nahitaez berriak) duen baloratuko da, baita programazioaren ikuspegia ere.
– 7-10 puntu: programazioaren berezitasuna oso nabarmena da, eta ezaugarri bereizgarriak ditu, antzeko beste jaialdi batzuetatik argi eta garbi bereizten dutenak. Programaren nortasuna eta ikuspegia berezkoak, ezagutzeko modukoak eta sendoak dira.
– 4-6 puntu: programazioak ezaugarri berezi batzuk erakusten ditu, beste proposamen batzuekiko nolabaiteko bereizketa ahalbidetzen dutenak, nahiz eta berezitasuna ez den guztiz sendoa edo ez den mantentzen programa osoan.
– 0-3 puntu: programazioak berezitasun gutxi ditu, eta bereizteko ahalmen mugatua; haren identitatea ez dago oso definituta edo nekez bereiz daiteke eremu bereko beste ekitaldi batzuetatik.
a.4.– Originaltasuna, berrikuntza eta kultura-garapenari egindako ekarpena (gehienez 5 puntu).
Berritasuna, esperimentazioa, berrikuntza edo bilakaera kulturala baloratuko da (hizkuntza, formatu edo praktika berriak).
– 4-5 puntu: argi eta garbi berritzailea eta originala den jaialdia, formatu, hizkuntza, perspektiba edo praktika berriak txertatzen dituzten proposamen sortzaileekin. Jaialdiaren ikuspegiak modu nabarmenean bultzatzen du esperimentazio, berrikuntza edo bilakaera kulturala.
– 2-3 puntu: berrikuntzako edo originaltasuneko elementu puntual batzuk dituen jaialdia, planteamendu disruptiborik osatzen ez badute ere edo garapen kulturalean eragin nabarmenik sortzen ez badute ere.
– 0-1 puntu: jaialdi ez oso berritzailea, proposamen konbentzionalekin eta errepikakorrekin, edo ikuspegi kultural berriak sortzen laguntzen duten ekarpen originalik gabe.
a.5.– Presentzia eta eragin mediatikoa (gehienez 5 puntu).
Jaialdiak komunikabideetan (prentsa idatzia, digitala, irratia, telebista) eta sare sozialetan duen ikusgarritasuna eta irismena baloratuko dira, baita presentzia horren kalitatea eta garrantzia ere.
– 5 puntu: ikusgarritasun handia eta eragin mediatiko handia, estaldura handia komunikabide orokorretan eta espezializatuetan, presentzia nabarmena sare sozialetan, eta irismena, interakzioa eta oihartzuna sortzeko gaitasun frogatua.
– 3-4 puntu: presentzia mediatiko ona, estaldura nabarmena duena hedabide garrantzitsu batzuetan eta jarduera sendoa sare sozialetan, baina ez duena irismen edo eragin oso jarraitua.
– 1-2 puntu: presentzia mugatua (agerpen puntualak hedabideetan eta jarduera moderatua sare sozialetan), eragin esanguratsurik sortzen ez duena.
– 0 puntu: presentzia mediatikorik ez izatea, hedabideetan estaldurarik ez izatea eta sare sozialetan gutxieneko jarduerarik edo jarduerarik ez izatea.
b) Jaialdiaren ezaugarriak (25 puntu).
b.1.– Bideragarritasun ekonomikoa (gehienez 8 puntu).
– Autofinantzaketa (4 puntu).
= (PFP/PFPMax.)* 4.
PFP = Eskatzailearen berezko finantzaketaren ehunekoa.
PFPMax. = Finantzaketa-ehuneko handiena duen proiektua.
– Beste finantzaketa-iturri batzuk erakartzeko gaitasuna (4 puntu).
= (PCA/PACMax.)* 4.
UAE = PEPriv. + PAPub. (finantzaketa pribatuaren ehunekoa + finantzaketa publikoko beste iturri batzuen ehunekoa).
PCAMax = Erakarpen-gaitasun handiena duen proiektua.
b.2.– Jaialdiaren ibilbidea eta finkapena (gehienez 4 puntu).
Aurreko edizioen kopurua eta jaialdiak denboran zehar lortutako finkapen-maila baloratuko dira.
Puntuazioa emateko, honako hauek konbinatuko dira:
– Edizio kopurua: 0,5 puntu edizio bakoitzeko, 2,5 puntu gehienez.
– Finkapen-maila: gehienez 1,5 puntu gehiago, honako hauek kontuan hartuta:
• jaialdiaren jarraitutasuna eta erregulartasuna.
• talde antolatzailearen egonkortasuna.
• proiektuaren hazkundea edo bilakaera positiboa.
• beren identitateari modu koherentean eustea urteetan zehar.
Beraz, honela baloratuko da:
– 4 puntu: ibilbide erabat finkatua duen jaialdia, aurreko hainbat ediziorekin eta antolamendu-jarraitutasunaren eta -egonkortasunaren ebidentzia argiarekin.
– 3 puntu: aldez aurreko hainbat edizio eta jarraitutasunaren ebidentzia argia duen jaialdia, antolaketa- eta arte-eredua nolabait finkatuta duena. Taldearen nolabaiteko egonkortasuna du, eta identitate hori baieztatzen hasi da.
– 2 puntu: aurreko edizio batzuk eta jarraitutasun-seinaleak dituen jaialdia, baina partzialki sendotua. Antolaketa-egitura egonkorra da alderdi batzuetan, baina ahuleziak ditu oraindik.
– Puntu 1: edizio gutxi eta ibilbide hasiberria dituen jaialdia, finkapen mugatua duena. Eboluzio-zantzuak daude, baina ereduaren edo ekipoaren egonkortasuna ez dago guztiz frogatuta.
– 0 puntu: aurreko ediziorik gabeko jaialdia, jarraitutasun-asmo ez oso frogatua edo nahikoa ez duena benetan finkatuta dagoen baloratzeko.
b.3.– Entitatearen ibilbidea eta profesionaltasuna (gehienez 2 puntu).
Hauek baloratuko dira: kultura-arloko ibilbidea, talde profesionala, kudeaketa-egitura eta jaialdiaren antolatzaileek kalitatezko kultura-proiektuak diseinatzeko, ekoizteko eta gauzatzeko duten gaitasuna.
– 2 puntu: entitateak ibilbide zabal eta sendoa du kulturaren eremuan, talde profesional kualifikatua eta kudeaketa-egitura sendoa ditu, eta argi eta garbi frogatuta dago gaitasuna duela kalitatezko kultura-proiektuak modu iraunkorrean diseinatu, ekoitzi eta gauzatzeko.
– Puntu 1: entitateak esperientzia egiaztatua du, baina gabezia batzuk ditu kudeaketan, plangintzan edo gaitasun operatiboan. Ibilbidea positiboa da, baina ez erabat finkatua.
– 0 puntu: entitateak esperientzia mugatua edo gutxi egiaztatua du, lanbide-egitura eskasa edo ezegonkorra du, edo ez du egiaztatzen esperientzia kultura-proiektuetan.
b.4.– Euskal Autonomia Erkidegoko eta euskararen lurraldeetako artisten partaidetza-maila (gehienez 5 puntu).
– 5 puntu: partaidetza nagusia, besteen gainetik nabarmentzen dena (% 75-100).
– 2-4 puntu: partaidetza oso esanguratsua (% 40 – 74).
– Puntu 1: partaidetza garrantzitsua baina minoritarioa (% 10-39).
– 0 puntu: partaidetza txikia edo hutsala (% 0-9).
b.5.– Tokiko ingurunearekiko eta eragin-eremu geografikoarekiko harremana (gehienez 2 puntu).
Eragin-eremuarekiko harremana baloratuko da irismenari dagokionez: eragileekiko loturak, lurralde-estaldura (udalerriak/eskualdeak), eskaintza txikiko eremuetan jardutea.
– Jaialdiaren eta ingurune hurbilenaren arteko harremana (puntu 1).
– Jaialdiaren eragin-eremu geografikoa, kultura-eskaintza txikiko eremuak hartzen dituena (puntu 1).
b.6.– Jaialdia zenbat jardunalditan egiten den (gehienez 2 puntu).
Benetako programazio-egunak zenbatuko dira, ez egun naturalak. Formatu etenen kasuan, egun berean egoitza edo mikroprograma bat baino gehiago badaude, egun 1 zenbatuko da.
– 2 puntu: 8-60 eguneko jaialdia (iraupen zabala, programazioaren eta jarduera jarraituen aniztasuna ahalbidetzen duena).
– Puntu 1: 4tik 7 egunera bitarteko jaialdia (batez besteko iraupena, programazio kontzentratua eta askotarikoa eskaintzeko aukerarekin).
– 0,5 puntu: 2 egunetik 3 egunera bitarteko jaialdia (deialdiaren araberako gutxieneko iraupena, formatu trinkoagoetarako egokia).
b.7.– Lankidetza-gaitasuna, sareak eraikitzea eta proiekzioa (gehienez 2 puntu).
Sektore-lankidetza eta lanbide-zirkulazioa baloratuko dira, aliantzei, koprodukzioei, kideei, ibiltaritzei eta abarri dagokienez.
– 2 puntu: jaialdiak aliantza estrategiko sendoak ezartzen ditu (tokikoak, estatukoak edo nazioartekoak), aktiboki parte hartzen du kultura-sareetan eta proiekzio argia erakusten du testuinguru profesional, artistiko edo lurralde-testuinguru berrietan.
– Puntu 1: unean uneko lankidetzekin egindako proiektua, noizean behin kultura-sareetan parte hartzea, nolabaiteko kanpo-ikusgarritasunarekin, baina lankidetza-estrategia erabat garaturik gabe.
– 0 puntu: ekimen isolatu gisa planteatutako jaialdia, lankidetza esanguratsurik eta ekitaldiaz haragoko presentziarik edo proiekziorik gabea.
c) Euskara: programazioan euskararen presentzia baloratuko da. Emanaldietan eta jardueretan egiten den euskararen erabileraren arabera puntuatuko da (gehienez 10 puntu).
– Euskararen presentzia % 90etik gorakoa duen proposamena edo programazioa: 10 puntu.
– Proposamen elebidunak edo gutxienez % 50eko euskarazko eskaintza duen programazioa: 5 puntu.
– % 50etik beherako euskarazko eskaintza duten proposamenak edo programazioa: 0 puntu.
Irizpide hau ez zaie aplikatuko beren izaeragatik hizkuntza-presentziarik ez duten diziplinetako proiektuei, hala nola eskulturari, dantzari, pinturari, grabatuari, musika klasikoari eta abarri. Beraz, proiektu horien balorazio orokorra egiteko, lortutako puntuazioaren x100/90 formula aplikatuko da.
d) Berdintasuna (gehienez 10 puntu):
d.1.– Emakumeek egindako obren programazio artistikoa (gehienez 4 puntu). Emakumeen proportzioa % 40 eta % 60 artekoa bada, 4 puntu; bestela, 0 puntu.
d.2.– Emakumeen presentzia zuzendaritza- eta ekoizpen-taldean (1,5 puntu, gehienez). Emakumeen proportzioa % 40tik gorakoa bada, 1,5 puntu; bestela, 0 puntu.
d.3.– Emakumeen presentzia komisariotza-taldean (1,5 puntu, gehienez). Emakumeen proportzioa % 40tik gorakoa bada, 1,5 puntu; bestela, 0 puntu.
d.4.– Eraso matxistak prebenitzeko protokolo bat izatea (gehienez 3 puntu).
e) Jasangarritasuna (gehienez 5 puntu):
Erronka Garbia ziurtagiria (5 puntu). Erronka Garbia ziurtagiria dutela egiaztatzen duten jaialdiek 5 puntu izango dituzte: https://www.ihobe.eus/erronka-garbia-evento-sostenible
4.– Puntuazio osoaren % 60 (100 puntutik 60, hain zuzen) lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira.
5.– Kategoria bakoitzean, hautatutako proiektuei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, prozedura honi jarraituko zaio:
a) Bere kategorian puntu gehien bildu dituen proiektutik hasita, eskatutako dirulaguntza esleituko zaio hari, betiere muga hauek aplikatuta: (a) eskatutako kopurua, (b) 11.1 artikuluak ezarritakoa eta (c) 11.2 artikuluak ezarritakoa. Hiru mugetan txikiena esleituko zaio eskatzaileari.
b) Prozedura errepikatu egingo da artikulu honen 5. puntuan aipatzen den irizpidea gainditzen duten hurrengo proiektu hautatuekin, lortu duten puntuazioaren arabera handitik txikira antolatuta, delako kategorian aurreikusitako zuzkidura agortu arte. Horretarako, aurreko puntuan aipatu diren mugei egokitze-faktore proportzional bat aplikatuko zaie. Hau da faktore hori: dirulaguntza kalkulatzen ari zaion proiektuak jaso duen puntuazioaren eta puntuazio handienaren arteko arrazoia.
c) Kategoria bakoitzerako adierazitako zuzkidurak alde batera utzi gabe, baldin kategorietako baterako zuzkidura agortzen ez bada proposamenik ez dagoelako edo proposamenek balorazio-fasean eska daitekeen gutxieneko puntuazioa gainditzen ez dutelako, organo kudeatzaileak ebatzi gabe dauden beste kategoria batzuetako proiektuak finantzatzeko bideratuko du soberakina, betiere proiektu horiek, haien kategoriara bideratutako zenbatekoa agortzeagatik, diruz lagundu gabekotzat proposatutakoen artean baloraziorik onena lortu badute.
13. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebazpen-proposamena.
1.– Balorazio-batzorde batek aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta egindako ebaluazioaren emaitza zehazten duen txostena emango du.
2.– Balorazio-batzordearen osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen batek zehaztuko du, eta haren lehen bilkura baino lehenago argitaratuko da EHAAn.
3.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria izango da balorazio-batzordearen presidentea (hura ez dagoenean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan aurreikusitakoaren arabera jardungo da); idazkaria, berriz, zuzendariak zuzendaritza horretako teknikarien artetik izendatuko du, eta hitza izango du, baina botorik ez. Kide anitzeko organoaren jardunaren legezkotasun formala eta materiala bermatzea izango da idazkariaren zeregina.
Batzordeko bokalak gutxienez hiru eta gehienez bost izango dira, eta Kulturako sailburuordeak izendatuko ditu. Kulturaren munduko profesional independenteen artetik aukeratuko dira eta sektore guztien ordezkari adierazgarriak izango dira.
4.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legea, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan xedatutakoa, beteko da balorazio-batzordea eratzean.
5.– Balorazio-batzorde horretarako izendatutako aditu-profesionalek erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: abenduaren 21eko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluaren arabera eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako ezein arrazoitan ez direla; konfidentzialtasuna bermatzen dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egingo dela, eta, balorazioa egin ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.
6.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariari egokituko zaio aurkezten diren eskabideek ezarritako baldintzak betetzen dituztela baieztatzea, bai eta 4. artikuluak ezarritako mugak aintzat hartuz aurrekontua aztertzea eta hala badagokio guztizko aurrekontu onartua zehaztea ere.
7.– Batzordeak, balorazio-irizpideetan oinarrituta eskaerak ebaluatu ondoren, txostena egingo du, eta bertan azalduko ditu egindako ebaluazioaren emaitzak, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluak ezarri bezala.
8.– Balorazio-batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egokiro ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.
9.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak, espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.
14. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira eta horiek ebaztea Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariaren proposamena ikusita, baldin ebazpen horrek deialdiaren oinarrien gutxieneko edukiak jasotzen baditu, hala eskatzen baitu Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 9.4.g) artikuluak.
2.– Hartzen den ebazpenaren bidez zehaztuko da eskatutako dirulaguntza ematen den ala ez; ematen bada, datu hauek adierazi beharko dira: onuradunaren edo sozietatearen izena, diruz lagundutako jarduera, zenbat puntu jaso dituen interesdun bakoitzak (atalka), emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, hori urteka nola banatzen den eta dirulaguntza justifikatzeko modua. Eta ukatzen bada: eskatzailearen edo sozietatearen izena, eta laguntza zergatik ukatu den.
3.– Prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatutako ondorioetarako.
4.– Ematen den ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Interesdunei bide batetik baino gehiagotatik egingo zaienez jakinarazpena, aurrena egin zaion eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat. Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
6.– Ematen diren dirulaguntzak de minimis araubidearen pean direla adieraziko da ebazpenean, haren inguruko erregelamendua aipatuta.
15. artikulua.– Jakinarazpenak.
1.– Jakinarazpen oro, dela eskabideak ez onartzeko ebazpenarena, dela dirulaguntzak esleitzeko eta ukatzeko azken ebazpenarena, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoari jarraikiz joko da egintzat.
2.– Herritarrei Arreta Integrala eta Kanal Anitzekoa eta Zerbitzu Publikoetara Bitarteko Elektronikoen bidez Sartzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena egintzat joko da pertsona edo entitate interesduna edo, hala badagokio, legezko ordezkaria edo pertsona baimendua haren edukian sartzen den unean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hura jakinarazpenaren xede den egintzara sartu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.
Jakinarazpenaren xede-egintza entitate interesdunaren edo, hala badagokio, horren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta entitate edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materiala egon dela egiaztatzen denean.
3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, jakinarazpena paperean nahiz bitarteko elektronikoz egin, administrazio publikoek abisua bidaliko dute interesdunak eman duen gailu elektronikora edo helbide elektronikora, eta, abisu horretan, adieraziko diote jakinarazpen bat eskura jarri diotela dagokion administrazio edo organismoaren egoitza elektronikoan edo eman duen helbide elektroniko bakarrean. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.
4.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren Egoitza Elektronikoko «Nire karpeta» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Prozedura indarrean dagoen bitartean, pertsona eta entitate onuradunek egunean eduki beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Baldintza hori ez betetzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako kopuruak itzuli behar izatea ekarriko du berekin.
2.– Jaialdiaren programazio-katalogoak eta -liburuxkak euskaraz egin beharko dira gutxienez (Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 26. artikuluan aurreikusitakoaren arabera).
3.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte beti:
a) Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dutela berariaz eta nabarmen agertu behar dute, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, webgune, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoan, jasotako dirulaguntzen berri eta finantzaketaren izaera publikoaren berri emanez. Betebehar hori laguntza eman izanaren ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera hasiko da indarrean. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.
b) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
c) Dirulaguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.
d) Diruz lagundutako proiektua eskabidean aurkeztutako baldintzetan garatzea.
e) Ikuskatze-lana egiteko beharrezko duen dokumentazioa ematea Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari, diruz lagundutako proiektuak behar bezala gauzatu direla bermatze aldera.
f) Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
g) Laguntza ematen duen organoari jakinaraztea beste edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik –estatukoak zein nazioartekoak– helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso dituela.
h) Onuradunak ezingo du enpresa-deslokalizaziorik egin 20/2023 Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat.
i) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluak xedatutako gainerakoak.
17. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.
1.– Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko da baldin laguntzaren onuraduna erregistratuta ez badago edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan diren banku-datuak aldatu nahi baditu. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da (dagokion zerbitzuaren bidez) eta egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
2.– Agindu honen kontura esleitzen diren dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, prozedura honen arabera:
a) Lehen ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 42, emate-ebazpena jakinarazi eta dirulaguntza onartu ostean.
b) Bigarren ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 58, Eusko Jaurlaritzaren 2027ko aurrekontuaren kontura: 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera, betiere emandako dirulaguntza justifikatu ostean eta 18. artikuluan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz.
3.– Ez da ordainketarik egingo harik eta onuraduna egunean egon arte Gizarte Segurantzari nahiz Foru Ogasunari egin beharreko ordainketetan eta kitatu arte dirulaguntzaren bat itzuli behar duela dioen ebazpenak adierazitako zorra, halakorik bada.
18. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta kitapena.
1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek diruz lagundutako jarduerak amaitu ondorengo hiru hilabeteko epean beherago zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, 2027ko martxoaren 30a baino lehen:
a) Jarduera egin ondorengo memoria justifikagarria; bertan, jarduera gauzatu dutela azaldu beharko dute eta, gutxienez, agindu honen 12.3 artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak bete direla aipatu.
b) Diruz lagundutako jarduera garatzean izandako gastu eta diru-sarrera guztien behin betiko balantzea eta jardueraren gastuei buruzko zerrenda sailkatua. Gainera, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuarekin bat etorriz, gastu horien faktura edo ordainagiriak aurkeztuko dira.
c) Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako xede bereko beste edozein laguntzaren zerrenda.
d) Jardueraren karietara argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoen hizkuntza-bertsio bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da, bai eta, hala egokitzen bada, dagokion webgunearen helbidea ere.
e) Kultura-programazioan parte hartu duten emakume eta gizonen zerrenda.
f) Euskaraz burututako ekimenen zerrenda.
g) Jaialdian parte hartu duten Euskadiko kultura-sortzaileen eta -eragileen zerrenda.
2.– Justifikazioa bide elektronikoz baizik ez da aurkeztuko https://www.euskadi.eus//nirekarpeta helbide elektronikoan nahiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
3.– Justifikazioak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoan egongo dira eskura, agindu honen 7.5 artikuluan adierazitako helbidean.
4.– Onuradunak aukera izango du justifikaziorako ezarritako epea luzatzeko; horretarako, epean egitea eragozten duten arrazoiak behar bezala justifikatzen dituen eskaera egin beharko du; Kulturako sailburuordeak epe hori luzatzea erabaki ahal izango du, justifikazioa amaitu aurretik eta, betiere, hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie. Epe hori justifikazio-agiriak aurkezteko baino ez da luzatuko, eta inola ere ez du balioko gastua egiteko epea luzatzeko.
19. artikulua.– Emandako dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren helburua bete bada–, eta, hala badagokio, beste edozein entitate publiko edo pribatutatik beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso badira, edo, hala badagokio, beste edozein diru-sarrera edo dirulaguntza jaso bada, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 eta 25. artikuluetan ezarritakoen arabera.
20. artikulua.– Dirua itzultzeko arrazoiak.
1.– Kasu hauetan ulertuko da dirua itzultzeko arrazoiak daudela:
a) Jasotako dirulaguntza, osorik edo partez, ebazpenean onartu gabeko jardueraren bat egiteko erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, esleipen-ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.
c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.
d) Dirulaguntzen Araubideak arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako edozein arrazoi.
2.– Baldin eta onuraduna nabarmen hurbiltzen bazaio proiektua erabat betetzeari eta egiaztatzen badu zalantzarik gabe jardun duela konpromisoak betetzearren, itzuli beharreko kopurua proportzioan oinarritutako irizpide gradual baten arabera xedatuko da.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura laguntza publikoak eskuratzen dituztenentzat ezarrita dagoen arau-hausteen erregimenaren mende egongo dira laguntza hauen onuradunak kasu guztietan.
4.– Artikulu honetan jasotako egoeraren bat gertatu dela egiaztatzen baldin bada, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako baldintzetan eta bertan aurreikusitakoa bete ondoren.
21. artikulua.– Datu Pertsonalen Babesaren Arloko Informazio Klausula (abenduaren 5eko 3/2018 Legea, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Arduraduna: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: 2026. urtean kultura-eta sormen-arloetako jaialdiak antolatzeko dirulaguntza eskabideak kudeatzea.
Lege-oinarria: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren mesedetan eta tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak baliatuz egindako eginkizuna betetzeko (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).
Hartzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta eramateko, bai eta beren datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: Web-helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml
RSS