
82. zk., 2026ko maiatzaren 5a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (238 KB - 16 orri.)
- EPUB (317 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1836
AGINDUA, 2026ko martxoaren 24koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita eta oinarriak onesten baitira Basque Team Fundazioak goi-mailako proiektuetarako laguntzak eman diezazkien 2026an Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-entitateei.
Goi Mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 12. artikuluan, aurreikusita dago Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirola sustatzeko bekak, sariak eta bestelako dirulaguntzak ematea, euskal sektore publikoko Basque Team Fundazioaren bitartez edo Administrazio orokorrak finantzatutako bestelako beka eta laguntzen bitartez.
Basque Team Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio bat da, goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzeko eta sustatzeko interes orokorra duena, euskal ordezkaritza zabala ahalbidetzeko nazioarteko goi-mailako kiroletan, bai eta euskal kirolariek aipaturiko lehiaketa horietan emaitza bikainak lor ditzaten ere.
Arestian adierazitakoaren ondorioz, Basque Team Fundazioak hainbat laguntza eman ditu duela urte batzuetatik hona, munduko nazioarteko kirol-lehiaketa garrantzitsuenetarako eta, bereziki, programa olinpiko eta paralinpikoen barruan dauden kirol-lehiaketetarako euskal kirolariak egoki prestatzea eta kirolariok lehiaketa horietan parte hartzea ahalbidetzea helburu duten bai kirol-entitateei eta bai pertsonei. Kirolariei, teknikariei eta epaileei zuzenean bekak emateaz gain, beharrezkotzat jotzen da kirol-entitateentzako beste laguntza batzuk ezartzea; izan ere, kirol-modalitate eta -espezialitate batzuetan, kirol-entitateek parte hartzen dute aktiboki kirolarien prestakuntzan.
Aurrekontu-kreditua badago oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak emateko.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Baimena ematea Basque Team Fundazioak 2026. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-entitateei laguntzak emateko goi-mailako euskal kirola sustatzea eta babestea helburu duten proiektuetarako.
Bigarrena.– Agindu honen eranskinak dakartzan oinarriak onestea; aginduaren bidez, Basque Team Fundazioak laguntzak emango dizkie goi-mailako euskal kirola sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan 2026. urtean kirol-entitateei.
Hirugarrena.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hori ere.
Laugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak agindu honek.
GEHIGARRIA
GOI-MAILAKO EUSKAL KIROLA SUSTATZEKO ETA LAGUNTZEKO PROIEKTUENTZAKO 2026KO OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da Basque Team Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-entitateei goi-mailako proiektuetarako laguntzak emateko araubidea erregulatzea; goi-mailako proiektu horiek, betiere, aukera eman behar dute nazioarteko goi-mailako kirol-lehiaketan euskal ordezkaritza handia izateko eta emaitza bikainak lortzeko.
2. artikulua.– Definizioak.
1.– Goi-mailako proiektuetarako laguntzen definizio orokorraren barruan, oinarri hauetan jasotzen diren laguntza-motak sartzen dira.
2.– Oinarri hauetako «kirolaz» egiten diren aipamenak goi-mailako kirolari dagozkio, eta hala uler bedi. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Goi Mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 3.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, hau hartzen da goi-mailako kiroltzat: Euskadirentzat interesekoa den kirol-jarduera, Autonomia Erkidegoan kirola garatzeko funtsezkoa dena oinarrizko kirola sustatzeko bultzada emateagatik eta goi-mailako kirol-lehiaketa ofizialetan erkidegoa ordezkatzeko eginkizuna betetzeagatik.
3.– Beka hauen ondorioetarako, definizio hauek ezarri dira:
a) Kirol-entitatetzat hartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera fisikoaren eta kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legean definituta daudenak: EAEko kirol-klubak, kirol-elkarteak eta kirol-federazioak.
b) Goi-mailako kirol-proiektutzat hartzen da kirolari bati baino gehiagori zuzendutako plangintza, hau da, kirol-entitate batek egin beharreko jarduera programatuak eta planifikatuak, euskal kirolarien ordezkaritza handia ahalbidetzekoak nazioarteko goi-mailako kirol-lehiaketetan, bai eta goi-mailako emaitzak lortzekoak ere, betiere aurrekontu baten mugen eta denbora-tarte jakin baten barruan.
c) «Kirol-modalitateak eta -diziplinak» dira Euskadiko Kirol Federazioen urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren I. eranskinean eta dekretu hura garatzeko edo aldatzeko arau-xedapenetan beren-beregi bilduta daudenak.
d) «Kategoria absolutua» da kirol-modalitate jakin batean diziplina bakoitzeko maila goreneko kirol-lehia egiten deneko adin-kategoria.
e) «Kategoria gorena» da, lehiaketa hainbat mailatan antolatuta dagoenean, goreneko maila edo multzoa.
3. artikulua.– Onuradunak izateko betekizunak.
Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte hala eskatzen duten kirol-entitateek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
1.– Legez eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatuta egotea.
Baldintza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroak emandako ziurtagiri edo ebazpenaren bidez egiaztatuko da.
2.– Onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Betekizun hori ziurtagiriekin egiaztatu beharko du entitate eskatzaileak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako moduan edo baldintzetan.
3.– Ezin izango dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako egoeretakoren batean dauden entitateek. Ezin izango dituzte deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat duten entitateek, ez eta horretarako legezko debekuren bat dutenek ere, sexu-orientazioagatiko, sexu-identitateagatiko edo generoagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin.
Baldintza hori erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da, eta entitate eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu beharko du, oinarri hauen I. eranskineko ereduaren arabera.
4.– Goi-mailako kirol-proiektu bat izatea, hauek biltzen dituena:
a) Zioen azalpena.
b) Euskal kirolariek olinpiar jokoetan edo paralinpiarretan parte hartzera bideratutako helburuen zerrenda.
c) Proiektua osatzen duten euskal kirolarien zerrenda; zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, proiektuan parte hartzea onartzen dutela adierazten dena.
d) Proiektuaren ezaugarrien eta garapenaren deskribapena, barnean direla plangintza eta lan-dinamika. Proiektuak berariaz jaso beharko ditu bera osatzen duten jarduera zehatzak –bakoitzaren ezaugarriak eta datu espezifikoak adierazita– eta proiektua osatzen duten jardueretako bakoitza egiteko ohiko ekipamendu edo lekuen zerrenda eta deskribapena.
e) Proiektua garatzeko dituen edo izango dituen giza baliabideen zerrenda, proiektua osatzen duten jardueretako bakoitzean erabiliko direnak berariaz aipatuta.
f) Kirol-entitatearen ezaugarri teknikoen deskribapena; zuzendaritza teknikoa eta teknifikazio-programak zehaztu behar dira.
g) Proiektua osatzen duen jarduera bakoitzaren diru-sarreren eta gastuen edo jarduera batean baino gehiagotan erabiliko diren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza. Proiektua osatzen duten jardueretako batean baino gehiagotan erabilitako baliabide, ondasun edo zerbitzuen kontratazioak edo erosketak badira, adierazi beharko da zer zenbateko zehatz gelditzen den laguntza hauetan aurreikusitako finantzaketari lotuta.
Kirol-proiektua oinarri hauen II. eranskineko ereduaren arabera aurkeztu beharko da.
5.– Liga profesionaletan parte hartzen duten kirol-entitateak laguntza hauetatik kanpo geratzen dira.
4. artikulua.– Goi-mailako kirol-proiektuetarako laguntzak.
1.– Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak euskal kirolariek abian den zikloan (Los Angeles 2028 eta Frantziako Alpeak 2030) parte-hartze olinpiko eta paralinpikoa izatera bideratutako goi-mailako kirol-proiektuak gauzatzeko dira oro har.
2.– Laguntza hauek jaso ditzaketen kirol-entitateek garatutako kirol-proiektuak goi-mailako euskal kirolarientzat sortu eta bideratu beharko dira, bai eta beren kirol-ibilbideagatik edo emaitzengatik eskabidea egiten den unean goi-maila lortzeko zorian dauden euskal kirolarientzat ere.
3.– Kirol-proiektuek Los Angeles 2028ko Olinpiar Jokoak edo Paralinpiarrak egin arte iraungo dute, udako proiektuen kasuan, eta Frantziako Alpeak 2023ra arte, negukoen kasuan, eta programa olinpikoan edo paralinpikoan onartutako probetara zuzenduta egongo dira.
5.– Artikulua.– Laguntza-lerroa. Aurrekontu-zuzkidura.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzetarako gehieneko zenbatekoa 405.000 euro izango da.
2.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 45.000 euro izango da.
3.– Deialdi honetan aurreikusitako goi-mailako kirol-proiektuetarako laguntzen gehieneko kopurua 9 izango da.
4.– Eskabiderik ez dagoelako, eskakizunak betetzen ez direlako edo aurkeztutako eskabideek kalitaterik ez dutelako deialdi honetan aurreikusitako laguntzetarako gehieneko zenbatekoa ahitzen ez bada, Fundazioaren koordinatzaileak baliabide ekonomikoak birbanatzeko proposamena igorriko dio Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari. Birbanaketa horrek kontuan hartuko ditu kirol-proiektuen finantza-premiak, eta bertan lortutako puntuazioak aintzat hartuta egingo da, deialdi honetan aurreikusitako laguntzetarako gehieneko zenbateko osoa errespetatuz betiere.
6. artikulua.– Eskabideak izapidetzea.
1.– Deialdi honen babesean laguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Entitate interesdunek prozedura honen eskabideari buruzko izapide guztiak egin ahal izango dituzte egoitza elektronikoaren bidez: www.basqueteam.eus/
3.– Eskabideak II. eranskina erabiliz aurkeztu beharko dira.
4.– Entitateek euskaraz edo ele bitan (euskaraz eta gaztelaniaz) aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten moduan. Halaber, prozeduran zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
5.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.
6.– Entitate eskatzaileek eskabide bakarra aurkeztu beharko dute kirol-diziplina bakoitzeko. Bat baino gehiago aurkezten badituzte, dagokion zuzenketa eskatuko zaie.
7. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabide-orri normalizatuan, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, betebehar hauek egiaztatu behar dira:
a) Edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu edo jaso badira, hori jakinaraztea.
b) Entitate eskatzailea legez eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatuta egotea.
c) Entitate eskatzaileak proiektuan erabiltzen den edozein hedapen-modutan adieraztea Basque Team Fundazioaren laguntza jaso duela.
d) Entitate eskatzaileak ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, edo ez izatea horretarako legezko debekurik, berariaz aipatuta sexu-bereizkeriagatiko debekuak, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.
e) Dirua itzultzeko prozeduran sartuta ez egotea.
2.– Eskabidearekin batera, goi-mailako kirol-proiektua azaltzeko edo deskribatzeko agiri bat aurkeztu beharko da, oinarri hauen gehigarriaren 3. artikuluaren 4. apartatuan aurreikusitakoaren arabera.
3.– Basque Team Fundazioak eskabidea ebaluatzeko eta laguntza emateko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango du.
4.– Aurkeztutako dokumentazio guztiak hizkuntza inklusiboa eta ez-sexista izan beharko du. Gainera, emandako datu guztiak sexuaren arabera bereizi behar dira.
8. artikulua.– Eskabideetako eta dokumentazioko akatsak zuzentzea.
1.– Ikusten bada eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatutako dokumenturik ez dagoela edo haietan akats formalak daudela, edo alegatutako dokumentazioan akatsak daudela, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, pentsatuko dela eskaeran atzera egin duela edo ez duela baliatuko izapiderako eskubidea, ebazpena emanda.
2.– Entitate eskatzaileren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, aurkezpen elektronikoaren bidez zuzentzeko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea aurkezteko datatzat hartuko da aurkezpen elektronikoa egin den eguna.
9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko eskumena duen organoa.
Basque Team Fundazioaren Patronatuari dagokio, lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak baimena eman ondoren, oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak ematea. Bekak ematearekin lotutako prozedurak Patronatuko idazkariak kudeatuko ditu, eta, horretarako, fundazioaren administrazio-zerbitzuez baliatu ahal izango da.
10. artikulua.– Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.
Eskabideak irizpide eta baremo hauen arabera aztertuko dira:
1.– Bederatzi laguntza-eskabide baino gehiago aurkezten badira, oinarri hauetan aurreikusitako irizpideak aplikatuz balorazio edo puntuazio handiena lortu dutenak izango dira onuradunak.
2.– Kirol-klub edo kirol-elkarte bat laguntza baten onuradun izateko kirol-modalitate eta -diziplina jakin batean, ezinbestekoa izango da dagokion kirol-federazioak laguntza ez eskatzea edo hari ez ematea.
3.– Kirol-modalitate eta -diziplina bereko proiektuei dagokienez, ezingo zaie laguntzarik eman kirol-entitate bati baino gehiagori.
4.– Proiektu bakoitzari emandako puntuazioa honako irizpide eta balorazio hauen emaitza izango da:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Puntuazioak kalkulatzeko, aurreko taulari jarraituz, hauek hartuko dira kontuan:
– Puntuazioak:
• Azken puntuazioa ataletako puntuazioak batuta lortzen da (gehieneko puntuazioa: 150 puntu).
Atal bakoitzaren puntuazioa azpiatalen puntuazioak batuta lortzen da, ezarritako gehienekora arte.
• Azpiatal bakoitzaren puntuazioa itemen puntuazioak batuta lortzen da, ezarritako gehienekora arte.
• 2. azpiatalean, kirolariak item guztietan bil ditzake puntuak, eta, aldi berean, behin baino gehiagotan item berean.
• 3. azpiatalean, item bakar batean puntuatuko da kirolari bakoitzeko, eta puntuaziorik handiena ematen duen itemekoa hartuko da kontuan.
• Kirolari berak 2. eta 3. azpiataletan bil ditzake puntuatu dezake.
• Munduko txapelketak baloratzeko (A.3 azpiatala):
○ Munduko txapelketa 4 urtean behin egiten den kiroletan, azken 4 urteetako emaitzarik onena hartzen da erreferentziatzat.
5.– Edozein proiektuk gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu A atalean, baloratzen jarraitu ahal izateko, eta guztira 80 puntu laguntza bat jaso ahal izateko.
11. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.
Oinarri hauetan araututako laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako beste edozeinekin. Inola ere ezingo da gainfinantzaketarik gertatu; hala, ordaindutako zenbatekoek ezin izango dute gainditu finantzatutako kirol-jardueraren edo -proiektuaren kostua.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, deialdi-agindu hau indarrean jartzen den egunetik zenbatzen hasita.
2.– Ebazteko epea igaro eta interesdunari jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi dela iritziko zaio. Hala ere, 8. artikuluan aurreikusitakoa aplikatzekoa denean, ebazteko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen denboraz, jakinarazpena jaso izanaren eta erantzuteko epearen arabera.
3.– Laguntzen ebazpena entitate eskatzaileei jakinaraziko zaie, jaso dela egiaztatzeko aukera emango duen eta ondorio administratiboetarako baliozkoa izango den mekanismo baten bidez, Basque Team Fundazioari aplikatu beharreko xedapenekin bat etorriz. Era berean, Fundazioak emandako laguntzen zerrenda argitaratuko du, erakunde horrek dituen komunikazio-kanalen bidez eskuragarri egon dadin.
4.– Jakinarazten den ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igaro eta berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek ezin izango dute administrazio-arloko errekurtsorik aurkeztu. Erreklamazio judiziala aurkeztu daiteke jurisdikzio zibil arrunteko bide eta prozeduren bidez.
13. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
1.– Laguntzak emateko ebazpena ematen denean, entitate onuradunak onarpen-agiria sinatu beharko du. Laguntzak onartzeko agiriak laguntzak ordaintzeko modua ezarriko du, artikulu honetan adierazitakoaren arabera.
2.– Eskabidearekin batera bidalitako kirol-proiektuan oinarrituta, entitate onuradunak aldez aurreko baimena aurkeztu beharko dio Basque Team Fundazioari laguntza hauen bidez finantzatu nahi den jarduera edo kontratazio bat justifikagarritzat har dadin. Aurkeztutako justifikazioak bat etorri beharko du 3. artikuluaren 4. apartatuan aurreikusitakoaren arabera igorritako eskabidean jasotako dokumentazioarekin.
3.– Basque Team Fundazioak jarduera edo kontratazioa egiteko baimena ematen badu, justifikagarritzat joko da. Basque Team Fundazioaren baimenik gabe, entitate onuradunak egiten duen inolako gastu ez da justifikagarritzat joko xedapen honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako. Basque Team Fundazioak erabakiko du jarduera edo kontratazio bat finantzagarritzat hartuko den ala ez laguntza hauen bidez, bidalitako kirol-proiektuan oinarrituta, eta bere iritziaren arabera erabakiko du haren egokitasunaz, entitate onuradunak emandako informazioan oinarrituta.
4.– Basque Team Fundazioak jarduera egiteko edo kontratazio jakin bat egiteko baimena ematen dionean entitate onuradunari, haren aurrekontuari dagokion zenbatekoaren % 70 ordainduko da. Bigarren ordainketa –gainerako zenbatekoa– 15. artikuluan aurreikusitako eran aurkeztutako justifikazioaren ondoren ordainduko da, eta jarduera edo kontratazioaren ondoren ordaindu beharko da.
5.– Basque Team Fundazioak entitate onuradun bakoitzari aldez aurretik baimendu eta oinarri hauetan xedatutakoaren arabera justifikatu diren jarduera edo kontratazio guztiengatik eman beharreko zenbateko osoa ezingo da handiagoa izan emakida-ebazpenean agertzen den zenbatekoa baino.
6.– Entitate onuradunek egunean izan behar dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurtasunarekiko betebeharrak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.
14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradun diren entitateek honako hauek bete beharko dituzte:
a) Dirulaguntzak ematea justifikatzen duen jarduera egitea.
b) Fundazioaren aurrean justifikatzea dirulaguntza emateko edo baliatzeko bete behar diren eskakizunak eta baldintzak betetzen direla, bai eta jarduera egin dela ere.
c) Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez, fundazioak egin beharreko egiaztapen-jarduketen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketen mende jartzea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoen mende eta finantzaketaren ondorioz beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenen mende ere.
d) Fundazioari jakinaraztea beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak. Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
e) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea Fundazioari. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
f) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere.
g) Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuak edukitzea, Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-entitateei aplikatu beharreko sektoreko legediak eskatutako eran.
h) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jardueretako beharko direla-eta agian.
i) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.
j) Jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.
k) Hizkuntza eta irudiak ikuspegi intersekzionala errespetatuz erabiltzea, eta, bereziki, sexuaren eta generoaren ikuspegia errespetatuz, diruz lagundutako jarduerak edo proiektuak behar dituen dokumentazio eta material guztietan.
l) Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta, bereziki, diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpen, iragarki eta publizitateetan euskara erabiltzea.
15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, 2026ko abenduaren 15a baino lehen, oinarri hauetan ezarritako jarraibideei jarraituz eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan justifikazioak aurkezteari buruz ezarritakoa kontuan hartuta.
2.– Justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Laguntza ematean ezarritako baldintzak betetzeari buruzko memoria zehatza, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita.
b) Gastuak jatorrizko fakturen bidez eta merkataritza-trafiko juridikoan edo administrazio-eraginkortasun aldetik froga-balio baliokidea duten jatorrizko gainerako dokumentuen bidez egiaztatu beharko dira, erregelamendu bidez ezarritako moduan. Gastuak faktura elektrikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira, baldin eta zerga-arloan onartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Diruz lagundutako jardueraren zenbateko osoaren baliokidea izango da egiaztapena.
c) Finantzatutako jardueraren dokumentazio guztiaren aleak (grafikoa, fotografikoa edo ikus-entzunezkoa). Basque Team Fundazioaren lankidetza berariaz aipatu behar dute, emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.
d) Plan, programa edo proiektuaren kostuaren kontuen behin betiko balantzea. Diru-sarrera eta gastu guztiak jaso behar ditu; bereziki, xede bererako emandako beste edozein laguntzaren zerrenda, baldin eta laguntza horiek jasoko zirela jakinekoa ez bazen eskabideak aurkezteko unean.
16. artikulua.– Laguntzen bidez finantza daitezkeen gastuak.
1.– Gastu finantzagarritzat joko dira kirol-jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten dioten, behar-beharrezkoak diren eta 2026. urtean egiten diren horiek. Laguntza hauen bidez finantzatu daitekeen gastutzat hartzeko, Basque Team Fundazioak aldez aurretik onartu beharko du.
2.– Entitate onuradunek honako kontzeptu hauek finantzatzeko erabili beharko dituzte oinarri hauetan aurreikusitako laguntzak:
– Garatutako proiektua gauzatzeko giza baliabideak jartzea (zuzendaritza teknikoa, entrenamenduan laguntzeko langileak, eta abar).
– Kirol-errendimendua lortzeko zerbitzu profesionalak ematea, baldin eta ez badatoz bat Basque Team Fundazioak entitate onuradunen eskura jarritako zerbitzuekin (hau da, kirol-medikuntza, fisioterapia, berregokitzea eta kirol-psikologia).
– Goi-mailako lehiaketen aurreko kontzentrazioak.
– Altuerako kontzentrazioak.
– Nazioarteko lehiaketa osagarriak, prestakuntzaren barrukoak.
– Beste selekzio edo talde batzuei aurre egiteko kirol-ekitaldi espezifikoak.
– Kirol-errendimendura bideratutako materiala erostea, baldin eta aldez aurretik Basque Team Fundazioak baimendu badu.
3.– Finantzatutako gastuen eskuratze-kostua ezin izango da merkatuko balioa baino handiagoa izan, inola ere ez.
4.– Justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordaindu dena hartuko da egindako gastutzat.
5.– Finantzatutako gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, onuradunak, gutxienez, hiru hornitzaileren eskaintza bana eskatu beharko du, zerbitzua emateko konpromisoaren kontratua egin aurretik, baldin eta hornitzaile horien ezaugarri bereziak ez badira, edo, bestela, zerbitzua emateko behar adina eskaintza ez badaude.
Aurkeztutako eskaintzen artean, zeinak jaso beharko baitira justifikazioan edo hala badagokio laguntza-eskabidean, efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da hautaketa, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da ez bada proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu.
6.– Finantza-gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, notariotza- eta erregistro-gastuak, finantzatutako proiektua egiteko peritu-gastuak eta berariazko administrazio-gastuak diruz lagundu daitezke, baldin eta finantzatutako jarduerarekin zuzenean lotuta badaude eta jarduera behar bezala prestatzeko edo gauzatzeko ezinbestekoak badira.
Honako hauek ezin izango dira ezein kasutan diruz lagundu:
a) Banku-kontuen interes zordunak.
b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.
c) Prozedura judizialen gastuak.
7.– Zergak gastu finantzagarriak izango dira entitate onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Ez dira gastu finantzagarritzat hartuko zeharkako zergak, berreskuratu edo konpentsa badaitezke, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
8.– Zeharkako kostuak oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauen arabera arrazoiz dagokion zatian egotzi beharko dizkio entitate onuradunak jarduera finantzatuari, baldin eta kostu horiek jarduera benetan egiten den aldiari badagozkio.
17. artikulua.– Likidazio-ebazpena.
Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, baldin eta laguntzaren xedea bete dela pentsatzen bada, eta, hala badagokio, edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako beste dirulaguntza eta laguntza batzuk batera eskuratuz gero, laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, araudi erregulatzailean ezarritako epeetan, baldin eta dirulaguntzen arauak onuraduna izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Horretarako, Basque Team Fundazioak likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berregokitzeko.
18. artikulua.– Itzulketa.
1.– Dirulaguntzak itzultzeko arrazoiak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitakoak izango dira.
2.– Itzulketa-prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoaren arabera beteko da.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Datu pertsonalen babesa.
Datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dagoen legedian xedatutakoaren arabera –(EB) 2016/679 Erregelamendua, apirilaren 27koa–, emandako datu pertsonalak Basque Team Fundazioak tratatuko ditu, tratamenduaren arduradun gisa, eta haren aurrean baliatu ahal izango dira datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, aurka egiteko edo eramateko eskubideak, zehazki eskabidearen arrazoia adierazita eta nortasuna egiaztatzen duen agiriaren kopia erantsita. Eskabidea paperean edo bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango da. Erantzunik jaso ezean edo eskaera ezetsi dela ikusiz gero, interesdunak datuak babesteko ordezkariarengana jo ahal izango du, edo, erreklamazioz, Datuak Babesteko Espainiako Agentziara. Basque Team Fundazioak helburu hau betetzeko tratatuko ditu datu pertsonalak: beka-eskaerak kudeatzea eta emandako laguntzak kudeatzea. Basque Team Fundazioa legitimatuta dago datu horiek tratatzeko, beharrezkoak baitira erakunde horren eta laguntza eskatzen duen pertsonaren artean ezarritako harreman juridikoa gauzatzeko. Laguntza eskatzen duen pertsonak Basque Team Fundazioari emandako datu pertsonalen egiazkotasunaren eta eguneratzearen erantzukizuna du. Basque Team Fundazioak ezinbesteko datu pertsonalak jakinaraziko dizkie jasotzaile-kategoria hauei: beste administrazio batzuei eta organismo publiko edo pribatuei, dagozkien eskumenak eta adierazitako helburuekin bateragarriak direnak gauzatzeko. Datu pertsonalak Basque Team Fundazioak tratatu eta gordeko ditu, datuen babesaren arloan indarrean dagoen legediaren arabera. Basque Team Fundazioak ez du aurreikusten datuak hirugarren herrialdeetara transferitzea.
Getxo, 2026ko martxoaren 24a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
RSS