Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2026ko maiatzaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
1828

1/2026 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, apirilaren 14koa, Ekialde Ertaineko krisiari aurre egitea helburu duten zerga arloko zenbait neurri hartzen dituena.

Ekialde Ertaineko egungo krisia Estatu Batuen, Israelen eta Iranen artean piztu den tentsio militar gero eta handiagoaren testuinguruan kokatzen da, zeinaren ondorioz gerra giroa sorrarazi baita erregioan. Egoera horrek giltzarri diren puntu estrategikoak ukitu ditu, Ormuzko itsasartea esate baterako, munduko petrolio eta gas horniduran funtsezkoa den pasabidea. Horren ondorioz, energiaren nazioarteko prezioek gora egin dute, eta horrek Espainiari eragiten dio bereziki, inportazio energetikoekiko duen mendekotasuna handia den aldetik.

Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuak martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretua onetsi du, Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duenak, krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egitea helburu duten premiazko neurriak hartzeko.

Besteak beste, energiaren kostua arintzera bideratutako neurri koiunturalak jasotzen ditu Planak. Horien artean, energiaren fiskalitatearen murriztapen orokor bat nabarmentzen da, hainbat tributuri eragiten diena, hala nola zerga bereziei, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari eta balio erantsiaren gaineko zergari.

Esan beharra dago zerga horiek zerga itunduak direla, eta Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak 33., 23 quater eta 26. artikuluetan xedatzen duenez, zerga bereziak, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga eta balio erantsiaren gaineko zerga, hurrenez hurren, Estatuak une bakoitzean ezarritako arau substantibo eta formal berberei jarraituta arautu behar dira.

Ekonomia Itunean xedatutakoa betetzeko, Estatuak onetsitako neurriak Gipuzkoako zerga ordenamendura ekartzen dira ukitutako zergen araubide juridikoa haietara egokitu dadin.

Zehazki, produktu energetikoen igoeraren ondorioak arintze aldera, gehien kontsumitzen diren produktuen kasuan (gasolioaren eta berunik gabeko gasolinen kasuan) jaitsi egiten da hidrokarburoen gaineko zergarengatik ordaindu beharreko tasa, eta hori Kontseiluaren 2003/96/EE Zuzentarauak baimentzen duen minimoraino egiten da (2003ko urriaren 27ko Zuzentaraua, produktu energetikoak eta elektrizitatea zergapetzeko araubide komunitarioa berregituratzen duena). Gauza bera egiten da fuel-olioarekin, PGLarekin, gas naturalarekin eta erregai gisa erabilitako kerosenoarekin.

Bestalde, elektrizitatearen prezioek izandako igoerari aurre egiteko, errege lege dekretua indarrean jartzen denetik 2026ko ekainaren 30era bitarte, elektrizitatearen gaineko zerga bereziaren zerga tasa 100eko 5,11269632tik 100eko 0,5era murrizten da, salbuespen gisa eta modu iragankorrean. Murriztapen horren ondorioz, gutxieneko zergapetze mailak ezingo dira izan megawatt-orduko 0,5 euro baino txikiagoak, elektrizitatea helburu profesionaletarako erabiltzen bada, edo megawatt-orduko euro bat baino txikiagoak, gainerako kasuetan, Kontseiluaren 2003ko urriaren 27ko 2003/96/EE Zuzentarauan ezarritakoarekin bat.

Horrez gain, elektrizitatearen prezioa handizkako merkatuan zehazten duten enpresek produktu energetikoen garestitzeagatik jasaten dituzten kostu handiagoak konpentsatzeko, eta kontsumitzaileentzat onuragarriak izango diren prezio lehiakorragoak eskaini ahal izan ditzaten, minorazio batzuk ezartzen dira energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga oinarria kalkulatzeko eran.

Aldi berean, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan, 2026ko ekainaren 30era arte 100eko 21etik 100eko 10era murrizten da, aldi baterako eta aparteko eran, elektrizitatea hornitzeko kontratuei aplikatzen zaien BEZa, haien potentzia termino finkoa 10 kW-etik beherakoa denean. Izatez, horrek esan nahi du tasa hori aplikatzekoa izango zaiela azken kontsumitzaile ia guztiei eta, elektrizitatea hornitzeko kontratuen titularrak izanik, gizarte bonua jasotzen duten eta, gainera, kaltebera larriaren edo gizarte bazterkeriako arriskuan dagoen kaltebera larriaren izaera aitortua dutenei ere, azken kasu horretan, kalteberatasun handiagoko kontsumitzaileen pobrezia energetikoko egoerak arintzeko. Era berean, indarraldi berberarekin, gas naturalari, biomasatik datozen briketa eta pelletei eta sutarako egurrari 100eko 10era jaisten zaie aplikagarri duten BEZa.

Denbora tarte horretan ere, 100eko 21etik 100eko 10era jaisten da karburante eta erregaiei aplikatzen zaien BEZa. Neurri horrek aurrezpen handi bat ekarriko du familientzat, joan-etorrien kostua murriztuko dielako.

Dena den, ezohiko neurriak direnez, hidrokarburoen gaineko zergaren, elektrizitatearen gaineko zerga bereziaren eta balio erantsiaren gaineko zergaren tasek 2026ko ekainean izango dituzten murriztapenak ukitutako produktuen kontsumorako prezioen indizeak duen bilakaeraren mende geratzen dira.

Gorago esan bezala, aldaketa horiek foru araudian jasotzea ezinbestekoa da zerga itunduen araudia eguneratuta mantenduko bada, Estatuak une bakoitzean ezartzen dituen arau substantibo eta formal berberei jarraituta erregulatu behar direla aintzat hartuta.

Alde horretatik, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) 8. artikuluan xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen normatiboak onetsi ditzakeela, foru arau baten mailarekin, Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzeko ez beste ezertarako, baldin eta, Ekonomia Itunean ezarritakoa betetze aldera, lurralde horretan lurralde erkideko arau substantibo eta formal berberak aplikatu behar badira.

Eskuordetza normatiboa martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau horrek emandakotzat jotzen da, baldin eta aurreikusita dagoen helbururako erabiltzen bada.

Foru Aldundiak eskuordetza horretan baliatuta ematen dituen xedapenei foru dekretu arauemaile deituko zaie, eta xedapen horiek atzeraeragina izaten ahalko dute, haien indarraldia eta egokitu beharreko araubide erkideko arauen indarraldia bat etor daitezen.

Bestalde, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 13.5 artikuluan dio Foru Aldundiak zerga arloko foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela gorago aipatu den 8. artikuluko kasu berdinetan.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Hidrokarburoen gaineko zergaren zerga tasak.

Bat.– 2026ko martxoaren 22tik 2026ko ekainaren 30era bitarte, Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 50. artikuluko 1. apartatuaren 1. tarifan araututako zerga tasak honako hauek izango dira:

1.1 epigrafea. Gasolina berundunak: 433,79 euro 1.000 litroko (tasa orokorra) eta 72 euro 1.000 litroko (tasa berezia).

1.2.1 epigrafea. 98 O.I. (oktanaje indizea) edo handiagoa duten berunik gabeko gasolinak: 307,71 euro 1.000 litroko (tasa orokorra) eta 51,29 euro 1.000 litroko (tasa berezia).

1.2.2 epigrafea. Berunik gabeko gainerako gasolinak: 304,32 euro 1.000 litroko (tasa orokorra) eta 54,68 euro 1.000 litroko (tasa berezia).

1.3 epigrafea. Erabilera orokorreko gasolioak: 267,31 euro 1.000 litroko (tasa orokorra) eta 62,69 euro 1.000 litroko (tasa berezia).

1.4 epigrafea. 54. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako erabileretan karburante gisa erabiltzekoak diren gasolioak eta, oro har, erregai gisa erabiltzekoak direnak: 17,09 euro 1.000 litroko (tasa orokorra) eta 3,91 euro 1.000 litroko (tasa berezia).

1.5 epigrafea. Fuel-olioak: 12,35 euro tonako (tasa orokorra) eta 2,65 euro tonako (tasa berezia).

1.6 epigrafea. Erabilera orokorreko PGLak: 57,47 euro tonako.

1.8 epigrafea. Karburantea ez den erabileretara zuzendutako PGLak: 0 euro tonako.

1.9 epigrafea. Erabilera orokorreko gas naturala: 1,15 euro gigajulioko.

1.10.1 epigrafea. Karburantea ez den erabileretara zuzendutako gas naturala, eta motor finkoetan karburante gisa erabiltzeko gas naturala: 0,30 euro gigajulioko.

1.10.2 epigrafea. Erabilera profesionaletara zuzendutako gas naturala, betiere energia elektrikoa zuzenean edo zeharka produzitzeko edo kogenerazioz sortzeko prozesuetan erabiltzen ez bada: 0,15 euro gigajulioko.

Epigrafe honetan aurreikusten denaren ondorioetarako, erabilera profesionaletara zuzendutako gas naturaltzat hartuko da planta eta instalazio industrialetan kontsumitzeko egiten diren gas naturaleko hornidurak. Kanpoan geratzen da energia termiko erabilgarria ekoizteko erabiltzen dena, haren amaierako aprobetxamendua planta edo instalazio industrialak ez diren establezimendu edo lokaletan egiten denean. Era berean, erabilera profesionaletara zuzendutako gas naturaltzat hartuko da nekazaritzako laboreetan erabilitako gas naturala.

1.11 epigrafea. Erabilera orokorreko kerosenoa: 306 euro 1.000 litroko (tasa orokorra) eta 72 euro 1.000 litroko (tasa berezia).

1.12 epigrafea. Karburantea ez den erabileretara zuzendutako kerosenoa: 0 euro 1.000 litroko.

1.13 epigrafea. Karburante gisa erabiltzekoak diren bioetanola eta biometanola:

a) 98 O.I. edo handiagoa duten berunik gabeko gasolinekin nahastutako bioetanola eta biometanola: 307,71 euro 1.000 litroko (tasa orokorra) eta 51,29 euro 1.000 litroko (tasa berezia).

b) Berunik gabeko gainerako gasolinekin nahastutako edo nahastu gabeko bioetanola eta biometanola: 304,32 euro 1.000 litroko (tasa orokorra) eta 54,68 euro 1.000 litroko (tasa berezia).

1.14 epigrafea. Karburante gisa erabiltzeko biodiesela: 267,31 euro 1.000 litroko (tasa orokorra) eta 62,69 euro 1.000 litroko (tasa berezia).

1.15 epigrafea. 54. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako erabileretan karburante gisa eta, oro har, erregai gisa erabiltzekoa den biodiesela, eta erregai gisa erabiltzekoa den biometanola: 17,09 euro 1.000 litroko (tasa orokorra) eta 3,91 euro 1.000 litroko (tasa berezia).

Bi.– Apirilean erregaien KPIaren bariazio indizea ez bada aurreko urteko hilabete bereko KPIa baino 100eko 15 handiagoa Estatistikako Institutu Nazionalak maiatzean argitaratzen duen informazioaren arabera, artikulu honetako lehen apartatuan araututako murriztapena ekainean aplikatzeari utziko zaio.

2. artikulua.– Itzulketa partziala erabilera profesionaleko gasolioagatik.

2026ko martxoaren 22tik 2026ko ekainaren 30era bitarte, Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 52 bis.6 artikuluan arautzen den itzulketa tasa zero eurokoa izango da.

3. artikulua.– Elektrizitatearen gaineko zerga berezian aplikatu beharreko zerga tasa.

Bat.– 2026ko martxoaren 22tik 2026ko ekainaren 30era bitarte, elektrizitatearen gaineko zerga bereziaren zerga tasa 100eko 0,5 izango da.

Zerga tasa horren aplikaziotik ondorioztatzen diren kuotak ezingo dira izan zenbateko hauek baino txikiagoak:

a) 0,5 euro megawatt-orduko (MWh), baldin eta hornitutako edo kontsumitutako elektrizitatea industria xedeetarako, pribatuak ez diren aisiako ontzi porturatuen xedeetarako edo trenbide bidezko garraiorako erabiltzen bada.

b) 1 euro megawatt-orduko (MWh), hornitu edo kontsumitutako elektrizitatea beste xede batzuetarako erabiltzen bada.

Aurreko letretan aurreikusitako baldintza betetzen ez denean, haietan adierazitako zenbatekoak zerga tasatzat hartuko dira, eta epealdian izandako hornidura edo kontsumo osoaren gainean aplikatuko dira, hornidura edo kontsumo hori orduko megawatt-etan (MWh) adierazita.

Ondorio horietarako, honako hauek joko dira industria erabileratzat:

a) Goi tentsioan edo industria gune eta instalazioetan egindakoak.

b) Behe tentsioan egindakoak, nekazaritzako ureztapenetarako badira.

Aurreko a) eta b) letretan adierazitako gutxieneko zerga ez da aplikatuko Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemaileak 98.1 artikuluko a), b), c) eta d) letretan aurreikusten dituen kasuetan.

Bi.– Apirilean elektrizitatearen KPIaren bariazio indizea ez bada aurreko urteko hilabete bereko KPIa baino 100eko 15 handiagoa Estatistikako Institutu Nazionalak maiatzean argitaratzen duen informazioaren arabera, artikulu honetako lehen apartatuan araututako murriztapena ekainean aplikatzeari utziko zaio.

4. artikulua.– Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga oinarria eta ordainketa zatikatuen zenbatekoa zehaztea 2026ko ekitaldian.

1.– 2026ko ekitaldian, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga oinarria honako hau izango da: zergadunak energia elektrikoa –zentraleko barretan neurtua– ekoizteagatik eta sistema elektrikora eramateagatik, zergaldian instalazio bakoitzeko jaso behar duen zenbateko osoa, bi hauek murriztuta: lehen hiruhileko naturalean sistemara eraman den elektrizitateari dagozkion ordainsarien 100eko 10 eta bigarren hiruhileko naturalean sistemara eraman den elektrizitateari dagozkion ordainsari guztiak.

2.– Lehen hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua kalkulatzeko, aintzat hartuko da zergaldiaren hasieratik urteko lehen hiru hilabeteak amaitu arte ekoiztutako eta sistema elektrikora eramandako energia elektrikoak –zentraleko barretan neurtuak– duen balioa, hiruhileko natural horretan sistemara eraman 100eko 10 murriztuta. Kalkuluan, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari buruzko uztailaren 26ko 8/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 8. artikuluan aurreikusitako zerga tasa aplikatuko da.

Bigarren hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua kalkulatzeko, aintzat hartuko da zergaldiaren hasieratik urteko lehen sei hilabeteak amaitu arte ekoiztutako eta sistema elektrikora eramandako energia elektrikoak –zentraleko barretan neurtuak– duen balioa, honako hauek murriztuta: lehen hiruhileko naturalean sistemara eraman den elektrizitateari dagozkion ordainsarien 100eko 10 eta bigarren hiruhileko naturalean sistemara eraman den elektrizitateari dagozkion ordainsarien zenbateko osoa. Kalkuluan, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari buruzko uztailaren 26ko 8/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 8. artikuluan aurreikusitako zerga tasa aplikatuko da, betiere 2026ko ekitaldiaren kontura aurrez egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoa kenduta.

Hirugarren eta laugarren hiruhilekoei dagokien ordainketa zatikatua kalkulatzeko, aintzat hartuko da zergaldiaren hasieratik urteko bederatzi edo hamabi hilabeteak, kasuan kasu, amaitu arte ekoiztutako eta sistema elektrikora eramandako energia elektrikoak –zentraleko barretan neurtuak– duen balioa, honako hauek murriztuta: lehen hiruhileko naturalean sistemara eraman den elektrizitateari dagozkion ordainsarien 100eko 10 eta bigarren hiruhileko naturalean sistemara eraman den elektrizitateari dagozkion ordainsarien zenbateko osoa. Kalkuluan, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari buruzko uztailaren 26ko 8/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 8. artikuluan aurreikusitako zerga tasa aplikatuko da, betiere 2026ko ekitaldiaren kontura aurrez egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoa kenduta.

3.– Sistemaren oreka bermatzearren, sistema elektrikoak konpentsazio bat jasoko du artikulu honetan aurreikusitako neurriak dakarren bilketa txikiagoagatik, baina haren zenbatekoak ezingo du gainditu sistema elektrikoaren karguekin erlazionatutako diru-sarreren eta gastuen artean oreka lortzeko beharrezkoa den zenbatekoa.

5. artikulua.– Produktu energetikoen entrega, inportazio eta batasun barruko eskurapen jakin batzuei balio erantsiaren gaineko zergan aplikatu beharreko zerga tasa.

2026ko martxoaren 22tik 2026ko ekainaren 30era bitarte, entregei, inportazioei eta batasun barruko eskurapenei 100eko 10eko tasa aplikatuko zaie balio erantsiaren gaineko zergan, produktu hauen kasuan:

a) Energia elektrikoa, hartzaileak honako hauek direnean:

– Elektrizitatea hornitzeko kontratuen titularrak, kontratatutako potentzia (potentzia termino finkoa) 10 kW-etik beherakoa bada, horniduraren tentsio maila eta kontratazio modalitatea edozein direla ere.

– Elektrizitatea hornitzeko kontratuen titularrak, elektrizitatearen gizarte bonua jasotzen badute eta kaltebera larriaren edo gizarte bazterkeriako arriskuan dagoen kaltebera larriaren izaera aitortu bazaie urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat (Kontsumitzaile kalteberak zein diren, gizarte bonua eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileentzako beste babes neurri batzuk arautzen dira bertan).

Apirilean elektrizitatearen KPIaren bariazio indizea ez bada aurreko urteko hilabete bereko KPIa baino 100eko 15 handiagoa Estatistikako Institutu Nazionalak maiatzean argitaratzen duen informazioaren arabera, letra honetan araututako murriztapena ekainean aplikatzeari utziko zaio.

b) Gas naturala, biomasatik datozen briketak eta pelletak, eta sutarako egurra.

Apirilean gasaren KPIaren bariazio indizea ez bada aurreko urteko hilabete bereko KPIa baino 100eko 15 handiagoa Estatistikako Institutu Nazionalak maiatzean argitaratzen duen informazioaren arabera, letra honetan araututako murriztapena ekainean aplikatzeari utziko zaio.

c) Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 50.1 artikuluko 1. tarifaren 1.2.1, 1.2.2, 1.3, 1.4, 1.5, 1.6, 1.8, 1.12, 1.13, 1.14 eta 1.15 epigrafeetan aipatutako gasolinak, gasolioak eta bioerregaiak, karburante gisa erabiltzekoak direnean.

Apirilean erregaien KPIaren bariazio indizea ez bada aurreko urteko hilabete bereko KPIa baino 100eko 15 handiagoa Estatistikako Institutu Nazionalak maiatzean argitaratzen duen informazioaren arabera, letra honetan araututako murriztapena ekainean aplikatzeari utziko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Itzulketa partziala 2026ko ekitaldian nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako gasolioagatik.

2026. urtean, Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailearen 52 ter artikuluan ezarritako itzulketa 2026ko martxoaren 22tik 2026ko ekainaren 30era bitartean egindako gasolio eskurapenei badagokie, Kontseiluaren 2003ko urriaren 27ko 2003/96/EE Zuzentarauan aurreikusitako gutxieneko tributazioa errespetatu beharko du (2003/96/EE Zuzentaraua, energiaren eta elektrizitatearen produktuak zergapetzeko araubide komunitarioa berregituratzen duena).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru dekretu arauemaile hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.

Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, eta bere artikuluetan adierazitako eran sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2026ko apirilaren 14a.

Diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

MIREN ITZIAR AGIRRE BERRIOTXOA.


Azterketa dokumentala