Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2026ko maiatzaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
1827

2/2026 LEGEA, apirilaren 23koa, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legea aldatzekoa.

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legea aldatzen duen apirilaren 23ko 2/2026 Legea.

ZIOEN AZALPENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.3 artikuluak Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboa esleitzen dio Eusko Legebiltzarrari eragiten dion hauteskundeetarako barne-legegintzaren arloan. Estatutuko aurreikuspen horren garapenean kokatzen da Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legea aldatzeko lege hau.

Arau honen helburu bakarra da hauteskunde-prozesu bakoitzean behin eta berriz planteatzen den errealitate zehatz bat arrazionalizatzea: kasu bakoitzean aurkeztutako hautagai-zerrendak aldarrikatzeko ordena.

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legeak, arau honen aurreko idazketan, ez du gai horri buruzko xedapenik jasotzen, eta segurtasun juridikorik eza sortzen da, hauteskunde-prozesua arautzen duen funtsezko arau bati ez dagokiona.

Hala, segurtasun juridikoa indartzeko eta lotura-irizpide objektibo eta homogeneoak ezartzeko asmoz, aldatzeko lege-proposamen hau aurkezten da; helburu horretara bideratutako artikulu bakar bat eta berehala indarrean jartzeari buruzko azken xedapen bat ditu.

Artikulu bakarra.– Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 55. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«55. artikulua.–

1.– Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, aurkeztutako eta, hala badagokio, aldarrikatutako hautagai-zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, dagokion barrutian Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan alderdi, federazio eta koalizioek lortutako boto-kopuruaren arabera. Boto gehien lortu duena lehena izango da, eta azkena, boto gutxien lortu duena. Hautesle-elkarteen hautagaitzak, bai eta Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan parte hartu ez duten alderdi, federazio edo koalizioenak ere, jarraian agertuko dira, barruti bakoitzean zozketaz zehaztuko den hurrenkeran.

2.– Aurkeztutako hautagai-zerrendak eta barruti guztietako hautagai aldarrikatuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, aurreko apartatuan ezarritako hurrenkeran.

3.– Zehaztutako hurrenkera lurralde historikoko hauteskunde-batzordeak gordeko du argitalpen ofizial guztietan, bai eta lurralde historiko bakoitzeko hauteskunde-batzordeetako dokumentazioan ere.

4.– Lurralde historikoko hauteskunde-batzordeko idazkaritzak eginbidea egingo du hautagai-zerrendak zein egunetan eta zein ordutan aurkeztu diren jasotzeko, eta hautagai-zerrendaren egiaztagiria emango du».

AZKEN XEDAPENA

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 23a.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.


Azterketa dokumentala