Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2026ko maiatzaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
1813

EBAZPENA, 2026ko apirilaren 23koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita txanda-kontratuaren programarako 2026ko dirulaguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2026ko apirilaren 22ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, 2026rako dirulaguntzen deialdia onartu du txanda-kontratuaren programarako, apirilaren 29ko 93/2026 Dekretuaren bidez onartuta dauzkan estatutuen 11.j artikuluan ezarritakoarekin bat.

Estatutu horien 14.2.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko erakunde publiko horren zuzendari nagusiari dagokio oinarriak argitaratu daitezen agintzea.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea txanda-kontratuaren programarako 2026ko dirulaguntzen deialdia. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak 2026ko apirilaren 22ko bileran hartutako erabakiaren bidez onetsi zen (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena.– Jakinaraztea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituela ondorioak dirulaguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Aditzera ematea, deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 23a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
TXANDA-KONTRATUAREN PROGRAMARAKO 2026KO DIRULAGUNTZEN DEIALDIRAKO OINARRIAK

2024-2028 Gobernu Programaren lehentasunetako bat enplegua da XIII. legegintzaldirako. I. ardatzean («Pertsonak erdigunean»), «Gazteria» jarduketa-eremuan, 51. konpromisoa du: «Gazteen kalitatezko enplegua eta ekintzailetza babestea»). Konpromiso horren barruan, belaunaldi-erreleboko programak indartzeko ekimena dago zahartuta dauden sektoreetan, hala nola lehen sektorean edo saltoki txikietan. Era berean, II. ardatzean («Hazkunde eta ongizate eredua»), «Kalitatezko enplegua eta talentua» jarduketa-eremuan, 60. konpromisoa du: «Kalitate handiagoko enplegua sortzea». Helburua da enpresetan adina kudeatzeko laguntzak zabaltzea aurreikusten duen plan bat egitea, planifikatutako belaunaldi-erreleboa errazteko eta lanbide guztietan talentua galtzea saihesteko.

2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian, helburu estrategiko hau ezarri da: kalitatezko enplegu inklusiboa eraikitzea, gizarte-eragileekin ahalik eta adostasun handiena lortuta, benetako aukera-berdintasunean eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean oinarrituta, langileen eskubideak bermatuko dituena eta enpresen aukeretarako balioko duena, eta gizarte aurreratuagoa eta kohesionatuagoa eraikitzen lagunduko duena. Euskadin dagoen enplegu-tasa altuak erakusten du orain arte garatutako politikak eraginkorrak direla ekintzailetza ere sustatu den krisi-testuinguru batean.

Testuinguruan jartzeko, eta Eustaten datuen arabera, Euskadiko langabezia-tasa orokorra, 2025eko laugarren hiruhilekoan, % 6,3koa izan zen (aurreko urtekoa baino baxuagoa). 45 urtetik gorakoen kasuan, tasa hori % 5ekoa da, eta 30 urtetik beherakoen kasuan, berriz, % 10,3koa. Gazteenei dagokienez, 25 urtetik beherakoen langabezia-tasa % 14,7koa da Europar Batasunean, Eurostaten 2025eko bigarren hiruhilekoko datuen arabera. Espainia da gazteen langabezia-tasa handiena duena (% 24) 2025aren amaieran, eta gazteak lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituen herrialdea da oraindik ere, nahiz eta zifrak murriztu egin diren aurreko urteekin alderatuta. EAEn, Eustaten datuen arabera, 30 urtetik beherakoen langabezia-tasa % 10,3koa zen 2025eko bigarren hiruhilekoan; ehuneko horren heren bat iraupen luzeko langabeziatzat jo zen.

45 urtetik gorako pertsonei dagokienez, adin-tarte horretako langabeziak esan nahi du egitura-arazo larria dagoela Europar Batasunean, eta, bereziki, Estatuan, talde hori langabezian dauden pertsonen ia erdia baita. Beraz, onartu behar da bazterketa-egoera baten aurrean gaudela, Euskadin 45 urtetik gorako langabeen % 50 inguru iraupen luzeko langabeak baitira. Zifra horiei datozen 15 urteetan erretiro-olatu bat izango dela gehitzen badiegu, ezinbestekoa da «erreleboa» aurkitzea. Horixe da, hain zuzen ere, dirulaguntzen programa honen helburua eta beharrezkoa da 2026an berriro irekitzea.

Beraz, bi talde horiek dira txanda-kontraturako dirulaguntza honen hartzaile nagusiak: langabezia-tasa handiagoa duten gazteak eta iraupen luzeko langabezia duten 45 urtetik gorakoak (urtebetetik gora langabezian). Gai horrek lehentasuna izan behar du gure gizartean, eta erronka horri heldu behar diote bai erakundeek bai arlo pribatuak.

Alde horretatik, Enpleguaren Euskal Estrategiak jarraibideetan adierazten duenez, belaunaldi-aldaketen prozesuetarako laguntza publikoa emateko programak ezarri ahal izango dira (laguntza ekonomikoa edo laguntza teknikoa), belaunaldi-aldaketa lan-munduan sartzeko prozesuekin behar bezala lotuta eta belaunaldien arteko jakintzen transmisioari bide emanda, metatutako esperientziak ematen duen balioa deskapitaliza ez dadin.

Ezin da ukatu enpresek talentu gaztea hartu behar dutela, gazteek gaitasuna dutelako enpresetan gertatzen diren aldaketa teknologikoetara eta eskakizun berrietara egokitzeko. Horrela, enpresek, biziraun nahi badute, plantillak gaztetu behar dituzte, eta, aldi berean, hori aukera ona da gazteentzat, kalitatezko enplegu egonkorra lortzeko.

Egia da, halaber, testuinguru sozial eta ekonomiko horretan, 45 urtetik gorako pertsonek langabezia-egoerak pairatzen jarraitzen dutela, bereziki iraupen luzekoak, eta enpresetan esperientziak ematen duen balioa deskapitalizatzen dela. Hori dela eta, egokitzat jo da bi talde horiek modu kohesionatu batean laneratzeko neurriak bultzatu eta sustatzea, belaunaldien artean jakintza eta lanbide-esperientzia transmititzea posible egiten duen modu batean.

Ildo horretan, 2026ko urtarrilaren 14ko Agindua onartu da, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena. Agindu horretan, 4.2 gako estrategikoaren barruan (Gazteei kalitatezko enplegua lortzen laguntzea), dirulaguntza-lerro hau jasotzen da: «Txanda-kontratuak egiteko laguntzak»: Laguntzak eta dirulaguntzak - Laguntzak eta dirulaguntzak

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2026ko apirilaren 22an onesten ditu txanda-programaren bidezko kontrataziorako 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak, zehaztapen hauen arabera:

1. artikulua.– Helburua eta aplikazio-eremua.

1.– Deialdi honen helburua da Langileen Estatutuen Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.7 artikuluan aipatzen dituen txanda-kontratuak egiteko dirulaguntzak erregulatzea.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietan zerbitzuak emateko izenpetzen diren kontratuei aplikatuko zaizkie deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak, 2025eko urriaren 21etik aurrera hasitakoei, hain zuzen.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.350.000 euro dira guztira; horietatik 810.000 euro 2026ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 540.000 euro 2027rako konpromiso-kreditukoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontuko 32110-Enplegurako programan aurreikusita (PEP 4106/2601).

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan daitezke bertan ezarritako baldintzetan txanda-kontratuak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, banako enpresaburuak, ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak, bai eta elkarte eta fundazioak ere (administrazio publikoak, erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeak izan ezik), baldin eta honako baldintza orokor hauek betetzen badituzte:

a) Kondenaturik ez egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administratiborik, edo, halakorik izanez gero, igarota edukitzea zigorraren edo zehapenaren epea.

c) Ez edukitzea eskatuta borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez egotea edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez egotea konkurtsoan deklaratuta edo, hala egonda ere, hitzarmen batek eraginkortasuna lortu izatea, ez egotea esku-hartze judizialaren mende, eta ez izatea desgaikuntzarik Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera edo, hala izanda ere, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaituta edukitzea.

d) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako ezein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin ez izana.

e) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean ez egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea, eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Halaber, Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargu bat ez izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

f) Egoitza fiskala ez izatea paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean.

g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Dirulaguntza eman baino lehen eta hura ordaindu baino lehen, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote diren. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu baldintza hori betetzen duela frogatzeko.

h) Ez edukitzea dirulaguntzen arloko ordaindu gabeko itzulketa-betebeharrik, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA), eta konpromisoa hartzea egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri emateko, emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.

i) Ez jaso izana zehapen administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, edo zehapen-epea igaro izana.

j) Ez edukitzea laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausarik, hauek barne:

– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez izatea ezarrita sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Ez egotea zehatuta Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota betetzea edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak hartzea.

m) Elkartea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean ez egotea.

n) Ez izatea inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu direlako, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, edo, eten bazaio ere, ebazpen judizial irmoa emanda egotea eta, beraz, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera izatea.

ń) Ez egitea enpresa-deslokalizaziorik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

o) 30.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzetarako, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzeko abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketetarako ezarritako epeak beteta edukitzea. Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legeko azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2001 Legean ezarritako gehieneko epean).

p) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babespeko txanda-kontratuaren bidez kontratatzeko asmoaren berri ematea, bete beharreko lanpostua zein den eta kontratuak zenbat iraungo duen adierazita. Enpresak LLOrik ez badu, espresuki adierazi beharko du hori eskabidean.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egiaztatzen ez dituen artikulu honetako betekizunak eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dira. Dokumentazio honen bidez egiaztatuko da o) letran jasotako betekizuna:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aurreikusitako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da, Lanbidek emandako ereduaren arabera. Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Ezin badu galera eta irabazien kontu laburtua aurkeztu 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluaren b) letran aipatzen den dokumentazioaren bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako apartatuaren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Lanbidek entitate onuradunei dokumentazio hori aurkezteko eskatuko die, dirulaguntzak emateko ebazpena eman aurretik.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz lagunduko dira lanaldi osoko eta muga gabeko txanda-kontratuak, edo iraupen mugatukoak baldin eta behin amaituta edo amaitu baino lehenago mugagabe bihurtzeko konpromisoa jasotzen bada.

2.– Edonola ere, dirulaguntza eskuratu ahal izateko, txanda-hartzaile gisa kontratatutako pertsonak lanbidearteko gutxieneko soldataren (LGS) pareko gutxieneko ordainsari gordina izan behar du urteko.

3.– Txanda-kontratuak eskakizun hauek betetzen dituzten pertsonek sinatuko dituzte:

3.1.– 30 urtetik beherakoak edo 45 urtetik gorakoak izatea.

3.2.– Hauetariko egoeraren batean egotea:

3.2.a.– Kontratua hasi aurreko egunean, langabeak izatea, dagokion enplegu-zerbitzu publikoan inskribatuta eta alta emanda egotea.

3.2.b.– Enpresarekin iraupen jakineko kontratu bat hitzartuta izatea. Kasu horretan, enpresak, txanda-kontratuaz gain, beste kontratu gehigarri bat egin beharko du, txanda-hartzailearen aldez aurreko aldi baterako kontratua amaitzeko falta den denboraren baliokidea, gutxienez, hilabetez. Kontratazio gehigarria hauetariko egoeraren batean dauden pertsonei egingo zaie:

– 45 urtetik gorakoei edo 30 urtetik beherakoei, baldin eta kontratua hasi aurreko egunean langabeak badira eta enplegu-zerbitzu publikoan inskribatuta eta alta emanda badaude.

– 30 urtetik beherakoei, baldin eta enpresa berean prestakuntzako edozein kontratu mota badaukate hitzartuta (Lan-erreformarako, enplegu-egonkortasunaren bermerako eta lan-merkatuaren eraldaketarako presako neurrien abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldatu zuen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututakoen artetik), edo Enpresetan egiten diren eta lan-arlokoak ez diren praktikak arautzen dituen urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan araututako praktikaldian badaude, kontratazioaren ondorengotza ahalbidetzeko xedez.

3.2.c.– 30 urtetik beherakoak izanez gero, batetik, enpresa berean prestakuntzako edozein kontratu mota edukitzea hitzartuta (Lan-erreformarako, enplegu-egonkortasunaren bermerako eta lan-merkatuaren eraldaketarako presako neurrien abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldatu zuen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututakoen artetik), edo Enpresetan egiten diren eta lan-arlokoak ez diren praktikak arautzen dituen urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan araututako praktikaldian egotea, eta, bestetik, kontratuen edo lan-arlotik kanpoko praktikaldien indarraldian zehar edo amaieran txanda-hartzaile bihurtzea.

4.– Enpresan aurretiko akordioren bat badago erretiro partzialen ondorioz enpresako jarduneko langileei txanda-kontratuak egiteko prozeduraren gainean, sinatutako txanda-kontratu horiek dirulaguntza jaso ahal izango dute, nahiz eta 3.1 apartatuan aurreikusitako adin-eskakizunak betetzen ez dituzten pertsonei egin, betiere txanda-hartzailearen aurretiko aldi baterako kontratua amaitzeko falta den denbora adinako kontratazio gehigarria egiten bada gutxienez, 3 hilabeteko gutxieneko iraupenarekin, eta honako baldintza hauetako bat betetzen duen pertsona batekin:

a) 30 urtetik beherakoa edo 45 urtetik gorakoa izan, eta kontratua hasi aurreko egunean langabezian eta dagokion enplegu-zerbitzu publikoan inskribatuta eta alta emanda egotea.

b) 30 urtetik beherakoa izan, eta enpresa berean prestakuntzako edozein kontratu mota amaitzea (Lan-erreformarako, enplegu-egonkortasunaren bermerako eta lan-merkatuaren eraldaketarako presako neurrien abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren lehenengo artikuluak aldatu zuen Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututakoen artetik), edo Enpresetan egiten diren eta lan-arlokoak ez diren praktikak arautzen dituen urriaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan araututako praktikaldian egotea.

5. artikulua.– Dirulaguntzatik kanpo utzitako jarduteak.

Deialdi honetan, honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Banako enpresaburuaren ezkontidearen kontratazioa, haren aurreko edo ondorengo ahaideen kontratazioa, edo odol-ahaidetasun bidezko, ezkontza bidezko zein adopzio bidezko alboko ahaideen kontratazioa, bigarren mailara artekoak barne.

b) Edozein sozietate, elkarte edo korporazio gisa sortutako entitateetako bazkideen kontratazioak, ezta euren ezkontideen, aurreko ahaideen, ondorengo ahaideen edo alboko ahaideen kontratazioak ere, bigarren mailara artekoak barne; ezta entitate horietako gobernu-organoetako eta zuzendaritzetako kideen ahaideen kontratazioa ere.

c) 4. artikuluan aipatutako kontratazio gehigarria. Hala ere, hala badagokio, indarreko arauetan aurreikusitako dirulaguntzen xede izan daiteke.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Txanda-hartzailea 4. artikuluko arauen arabera kontratatuz gero, 8.400 euroko dirulaguntza emango da. Txanda-hartzailea emakumea bada, zenbateko hori % 10 handiagoa izango da.

7. artikulua.– Eskabideak eta nahitaezko dokumentazioa aurkezteko epea.

1.– Hauek izango dira dirulaguntzaren eskabidea aurkezteko epeak:

a) Deialdia EHAAn argitaratu aurretik hasitako kontratuak: hiru hilabete, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Deialdia EHAAn argitaratu den egunean edo ondoren hasitako kontratuak: hiru hilabete, txanda-kontratua hasi den egunetik aurrera.

Edozein kasutan ere, eskabideak aurkezteko azken eguna 2026ko urriaren 20a da.

2.– Dirulaguntza-eskaerak bide elektronikotik aurkeztu eta izapidetuko dira.

Izapidetze-jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0136412. Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren webgunean.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, izapideak ordezkari baten bidez egin daitezke; baina, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada eta dirulaguntza jasoko duen jarduera Jarduera ekonomikoen gaineko zergen tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesional bat bada, zerga arautzen duen araudia aplikatzean egokitu litekeen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak kendu egingo dira dirulaguntzaren zenbatekotik, eta jarduera hastearen ondorioz PFEZren kontura egiteko den atxikipen-tasa aplikatzeko (jarduera-hasieraren zergaldia eta hurrengo biak), eskatzaileak Lanbideri jakinarazi beharko dio hori aplikatzeko baldintzak betetzen direla. Horretarako, jakinarazpena bidali beharko du, sinatuta. Azken hori hemen dago eskuragarri, eskabidearekin batera: http://www.lanbide.euskadi.eus

b) Dagokionaren arabera, txanda-hartzaile gisa eta kontratu gehigarridun gisa kontratatutako pertsonen nortasun-agiri nazionalaren kopia edo atzerritarren identifikazio-zenbakia.

c) Txanda-kontratuaren kopia eta erretiro partziala hartzen duen pertsonaren lanaldi partzialeko kontratuaren kopia. Txanda-kontratuari iraupen mugatua ematen bazaio, mugagabe bihurtzeko konpromiso sinatua, enpresak eta kontratatutako langileak sinatua.

d) Enpresako langileria finkoaren egiaztagiria, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietakoa, txanda-kontratua hasten den unekoa. Horretarako, Gizarte Segurantzaren dokumentu hau aurkeztu behar da (RED sistematik hartua): «altako langileen txostena» (ALT), enpresak eremu horretan dituen kotizazio-kontuen kode guztietarako.

e) Txanda-kontratua enpresako langileren bati eginez gero, horren aurretik zuen kontratu mugatuaren kopia aurkeztu behar da, 4. artikuluan aipatutako kontratu gehigarriaren kopiarekin batera.

Hala badagokio, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan araututako prestakuntza-kontratuetatik egindakoaren kopia, edo lan-arlokoak ez diren praktikak egiteko akordioa.

f) Halakorik badago, 4.4 artikuluan aipatutako enpresa-akordioaren kopia.

4.– Aurreko ataleko a) letran jasotakoa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, salbu eta pertsona edo erakunde eskatzailea berariaz aurka agertzen bada; kasu horretan, dagozkion dokumentuak eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu.

5.– Dirulaguntzetarako eskabideak guztiz betetzen ez badira edo aginduzko dokumentazioa atxiki ez bazaie, pertsona edo entitate eskatzaileari eskatuko zaio hutsegitea hamar eguneko epean zuzentzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, aldez aurretiko ebazpena emango da administrazio-prozedura erkidearen arabera.

8. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, ebazteko epeak eta errekurtsoak.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendaria izango da deialdi honetako dirulaguntza-eskabideak kudeatu eta izapidetzeko organo eskuduna.

2.– Kasuan-kasuan, deialdi honetako dirulaguntzak emateko zein ukatzeko, banakako eta berariazko ebazpena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak. Dirulaguntza emateko ebazpenean, dirulaguntzari buruzko datu hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua, eta justifikazioa. Dirulaguntza ukatzeko ebazpenean arrazoiak azaldu behar dira, hau da, berariaz adierazi behar da eskaera zergatik ukatu den.

3.– Eskaerak aurkezteko hurrenkeraren arabera aztertuko dira, eta ordenan emango dira, dagokion espedientea osatuta dagoen unearen arabera, harik eta aurrekontu-zuzkidura amaitu arte. Aurrekontu-zuzkidura bukatzen denean, geratzen diren eskabideei ukatu egingo zaie dirulaguntza, eta horren berri argitaratuko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez. Era berean, www.lanbide.euskadi.eus webgunean ere argitaratuko da.

4.– Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea egongo da, eskaera aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori amaitutakoan esanbidezko ebazpena ematen ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsitzat hartuko da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean dirulaguntza zer enpresak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein enpresari emandako dirulaguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua eta dirulaguntzaren justifikazioa.

Honela ordainduko dira deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak:

– % 60 eskabidea ontzat hartzen den unean ordainduko da.

– Gainerako % 40a dirulaguntza hori eman eta urtebetera ordainduko da; aldez aurretik, egiaztatu beharko du enpresak langileria finkoari eutsi diola Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan. Horretarako, enpresak Gizarte Segurantzaren «altako langileen txostena» aurkeztu beharko du (RED sistematik hartua), eta Lanbidek egiaztatu beharko du kontratatutako langileak enpresan jarraitzen duela.

Entitateak ez badu Lanbideren ordainketarik jaso edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenen altarako online inprimakia bete beharko du, zeina Lanbideren web-orrian baitago eskuragarri.

Dirulaguntzaren xede den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionaletako bat bada, dirulaguntza-zenbatekoari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) konturako atxikipenak kenduko zaizkio, zerga horren gaineko arauen arabera dagokiona, hain zuzen.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Langileen egonkortasuna bermatzea. Jasotako dirulaguntzak itzuli beharko dira langilearen kontratua suntsituz gero edo, lantoki mugikor edo ibiltaririk ez duten enpresetan, autonomia-erkidegotik kanpoko lantokiren batera aldatuz gero, eta eraginpeko langilea ordezkatzen ez bada 4. artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituen beste langile baten aldibereko kontratazioaren bidez. Kontratazio berri horrek ez du sorraraziko beste dirulaguntzarik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak enplegua sustatzeko dituen arauetan programatutakoetatik.

b) Diruz lagundutako kontratazioak hasten diren unean Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan dagoen langileria finkoaren enplegu-mailari eustea, txanda-kontratua egin osteko 20 hiletan. Ondorio horietarako, kasu hauetan ez da ulertuko betebeharra ez dela bete: erretiroen ondorioz lan-kontratuak azkentzeagatik; bidezko deklaratutako kaleratzeengatik, dimisioagatik, heriotzagatik, langileen ezintasun iraunkor osoagatik, absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik, edo probaldian zeharreko suntsiarazpenengatik. Hala ere, enpresak bere langileria finkoaren lanpostuen % 65i eutsi beharko dio edozein kasutan ere. Enplegu-mailei eusteko betebeharra bete ezean, dirulaguntza itzuli beharko da.

Betebehar hori bete dela egiaztatzeko, erreferentziako 20 hilen buruan, enpresa onuradunak Gizarte Segurantzaren «altako langileen txostena» aurkeztu beharko du (RED sistematik hartua), enpresak EAEn dauzkan lantokiei dagokiena.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea langile txanda-hartzailearen lan-kontratua mugagabe bihurtu dela.

d) Langileen legezko ordezkaritzari edo, halakorik ez badago, langileei beraiei jakinaraztea zer-nolako neurriak garatu nahi dituen enpresak deialdi honetako dirulaguntza izan dezaketen jarduketen gainean; berariaz zehaztu beharko du zer pertsonari eragiten dion eta zer kontratazio aurreikusten diren, erretiro partzialeko baldintzekin batera.

e) Kontabilitate-kodeketa egoki bat izatea, jasotako dirulaguntzei eta euren trazabilitateari loturiko transakzio horiek modu argian identifikatzeko modua ematen duena.

f) Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.

g) Diruz lagundutako jardueraren xedeari edo izaerari nabarmen eragiten dien edozein gertaeraren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Horretaz gain, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunen jardunean eskatzen duten informazio guztia ematea, arau honen oinarrien arabera eskuratutako dirulaguntzei buruzkoa.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei eta finantza-kontrolari baiezkoa ematea eta eskatutako informazio oro ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila, eta Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.

i) Diruz lagundutako kontratazioen gaineko dokumentazio guztia gorde eta zaintzea, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen direla egiaztatu ahal izateko.

j) Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du artikulu honetako betebeharrak betetzen direla.

11. artikulua.– Bestelako dirulaguntza edo laguntzekiko bateraezintasuna.

Deialdi honetan ezarritako kontratazio-laguntzak ezin izango dira bateratu beste dirulaguntza batzuekin, baldin eta kontratazio bererako badira, erakunde honek zein beste erakunde publikoren batek eman arren, eta ez badira Gizarte Segurantzako kotizazioetarako.

12. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzek hauetan xedatutakoa bete beharko dute: Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman «minimis» laguntzetan, hiru urteko edozein alditan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den "enpresa bakarra" Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Laguntzaren eskatzaileak aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko «minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

13. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har ezarritako betebeharrak, edo deialdi honetan berariaz aurreikusitakoak, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean badaude, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dituzte, bai eta laguntzak ordaintzen diren unetik aurrera aplikatzekoak diren dirulaguntzen arloko berandutze-interesak ere. Horretarako, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritako prozedura beteko dute. Aipatutako diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

14. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen gertaera –edo gertaerak– jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egoki ikusten dituen alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko. Prozedura hasten denean, eten egingo dira artean egin gabe dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan, halakorik aurkeztu ez bada edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak ebazpena emango du. Hamabi hilekoa izango da itzultzeko prozedurari buruzko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea.

3.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

4.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik eskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

15. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.

Bi xedapen hauen mende egongo da datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren jarduera: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurrari jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak gauzatzeko eta dituen lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez, zeina www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean baitago argitaratuta.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago eta zehatza dago hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/065100-capa1-eu.shtml

16. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Laguntza-deialdi honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko araudian aurreikusitako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoan eta lege hori garatzen duen erregelamenduan bildutakoa aplikatu behar zaio (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).


Azterketa dokumentala