
80. zk., 2026ko maiatzaren 4a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (216 KB - 14 orri.)
- EPUB (130 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1811
EBAZPENA, 2026ko martxoaren 30ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Hernaniko (Gipuzkoa) Eziago industrialdeko 19. eta 21. lurzatien hiri-antolamenduko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2026ko urtarrilaren 23an, Hernaniko Udalak «Hernaniko (Gipuzkoa) Eziago industrialdeko 19. eta 21. lurzatien hiri-antolamenduko plan bereziaren» (aurrerantzean, plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskabidea osatu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren esparruan.
Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Hernaniko (Gipuzkoa) Eziago industrialdeko 19. eta 21. lurzatien hiri-antolamenduko plan bereziaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, 2026ko otsailaren 3an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko, eta emaitza espedientean jasota dago.
Era berean, espedientean jasotako dokumentazioa eskuragarri egon zen Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunak ikusita, eta planaren ezaugarriak eta haren ingurumen-inpaktuak kontuan hartuta, txosten honen xedea da zehaztea ea plan horri ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion, balitekeelako ingurumenean eragin nabarmenak izatea, edo, bestela, ez duelako eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoak ezarriko duen moduan, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoaren arabera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren jarraikiz, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozedurari lotu behar zaizkio, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Hiri-antolamenduko plan berezia jasota dago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan, zeinean ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen diren; hain zuzen ere, c) letran: etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten plan eta proiektuak, aurreko paragrafoetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez dituztenean.
Gainera, plana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinaren 3) apartatuko kasuen barruan dago; izan ere, etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezarrita, II.A eranskineko 6. eta 7. apartuetako gainerako baldintzak betetzen ez dituzten plan eta programez.
Araututa dago Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta aintzat harturik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak betetzen dituela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, aztertzen da ea planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Manu hauek kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Hernaniko (Gipuzkoa) Eziago industrialdeko 19. eta 21. lurzatien hiri-antolamenduko plan bereziaren» ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Hernaniko udal-plangintzako arau subsidiarioak berrikusteko dokumentua –testu bategina– behin betiko onartu zen, udalbatzak 2011ko apirilaren 11n egindako bilkuran hartu zuen erabakia dela bide. Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 89.5 artikuluari eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, onarpen-akordioa eta hirigintzako arauak argitaratu ziren 2011ko maiatzaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (90. zk.).
Arestian aipatu den egiturazko plangintza-dokumentuak zedarriztatzen eta antolatzen dituen eremuen artean, ZE.04 egikaritze-eremua dago, eta hiri-lurzoru gisa sailkatuta dago. Kalifikazio orokorra, aldiz, «B.10 Industria-erabilera» da. 97.118,00 metro koadroko azalera dauka, eta lehendik dagoen antolamendua finkatu nahi da. Antolamendu hori Probintziako Hirigintza Batzordeak 1967-02-03an behin betiko onartu zuen Eziago industrialdearen (B sektorea) plan partzialetik dator.
Eremu horri loturiko arau partikularrean, hauek ezartzen dira eremu horretarako helburu gisa:
– Finkatzea lehendik zeuden eraikuntzak, emandako udal-lizentzien arabera eraikitakoak.
– Erregulatzea zer aukera dagoen eraikuntza-ahalmena bete ez duten lau lurzati handitzeko, plan berezi honek horietako bakar bati ere ez baitio eragiten.
– Nafarroara doan errepidea (GI-3410) erabiltzen duten ibilgailuen irisgarritasun-arazoak konpontzea, biribilgune bat eraikiz. Azpiegitura hori partekatu egin beharko da ondoko sektore berriarekin, hots, ZE.09 egikaritze-unitatearekin.
– Araudi xehatuan txertatzea Urumea ibaiaren ibilgua antolatzeko azterlanean ageri diren mugak eta zortasunak; Eusko Jaurlaritzako Uraren Zuzendaritzak idatzi du azterlana.
Talleres Mitxelena S. Coop. merkataritza-sozietatea da mugakide dituen bi lurzatien jabea, eta, gaur egun 21. zenbakian dauden instalazioetan garatzen ari den jarduera zabaltzeko asmoz, eraikuntza berri bat atxiki nahi dio egungo eraikinari.
Hori dela eta, aldatu egin behar dira lurzati horiek dauden eremuko eraikuntza- eta jabari-baldintzei buruzko planoan jasotako zehaztapenak. Izan ere, plano horretan, jabari eta erabilera pribatuko lurzati bien arteko espazio ez-eraikigarri bat aurreikusten da.
Bestalde, gaur egun 21 zenbakiko lurzatian dagoen eraikuntzaren zati bat ez dator bat eraikuntza- eta jabari-baldintzei buruzko planoan jasota dagoenarekin, eta, hortaz, alderdi hori ere erregularizatu egin da.
Azkenik, bi lurzatietan dagoen eraikigarritasuna errespetatuz, alderdi hori bien artean berrantolatu eta banatu da.
Beraz, hiri-antolamenduko plan bereziak errespetatu egiten du antolamendu integraleko dokumentuak egun baimentzen duen eraikigarritasuna, eta lurzati eraikigarri berri bat ezartzen du, zeinak lehendik dauden bi lurzatiak bateratzen baititu. Horrela, lurzati bat eratuko da, ezaugarri hauek izango dituena: 6.718,15 m2-ko azalera, oinplanoko 4.986,72 m2-ko gehieneko okupazioa eta tonako 6.825,31 m2-ko sabai eraikigarria; hau da, 19 zenbakiko lurzatiaren gainean zegoen industria-eraikin eraitsiaren eta gaur egun 21 zenbakikoaren gainean dagoen eraikinaren eraikigarritasunaren batura. Eraikuntzak hartzen ez duen lurzatiaren gainerakoa titulartasun pribatukoa da, eta ibilgailuak sartzeko eta aparkatzeko erabiltzen da.
Kokalekua.
Plan bereziaren eremua 19 eta 21 zenbakietako lurzatietan dago. Lurzati horiek Eziago industrialdearen hego-ekialdean daude, eta 6.718,15 m2-ko azalera dute. Iparraldean eta hegoaldean, 17 eta 23 zenbakietako lurzatiak dituzte mugakide, hurrenez hurren; ekialdean, Urumea ibaia da mugakidea, eta, azkenik, mendebaldean, industrialdeko ibilgailuen bidea da muga.
Proposatutako jarduketak.
Jarraian, jarduketak ageri dira, egiteko hurrenkeran arabera zerrendatuta:
1.– Hirigintzako jarduketa-programa (HJP).
2.– Birpartzelazio-proiektua.
3.– Urbanizazio-proiektua.
Aztertutako aukerak.
– Kokapen-aukerak.
Plan bereziak eta lurzati horretan egikaritzeak zehazten dute kokapena. Horren ondorioz, ez da plan berezia kokatzeko beste aukerarik aztertu.
– Antolamendu-aukerak:
0 aukera: aukerak horrek dakar egungo antolamenduari eustea, dagoen moduan utzita 19 eta 21 zenbakietako lurzatien artean dagoen espazio eraikiezina. Hautu hori bazter utzi da; izan ere, eraikinak bereizita edukiz gero, ez zaio erantzungo enpresaren jarduerak beharrezkoak dituen ekoizpen-prozesuari eta beharrei.
1. aukera: HAPBak hobesten duen aukera honen eskakizunek galdatzen dute errespetatzea antolamendu integralaren dokumentuak egun baimentzen duen eraikigarritasuna, eta lurzati eraikigarri berri bat xedatzea, lehendik dauden bi lurzatiak bateratuko dituena. Horrela, lurzati bat eratuko da, ezaugarri hauek izango dituena: 6.718,15 m2-ko azalera, oinplanoko 4.986,72 m2-ko gehieneko okupazioa eta tonako 6.825,31 m2-ko sabai eraikigarria; hau da, 19 zenbakiko lurzatiaren gainean zegoen industria-eraikin eraitsiaren eta gaur egun 21 zenbakikoaren gainean dagoen eraikinaren eraikigarritasunaren batura. Eraikuntzak hartzen ez duen lurzatiaren gainerakoa titulartasun pribatukoa da, eta ibilgailuak sartzeko eta aparkatzeko erabiltzen da.
Proiektuaren balizko kokapenak aldez aurretik definituta daude hirigintza-plangintzan, eta, beraz, ez dago aldaketa nabarmenik alderdi horren inguruan. Plan berezia egikaritzak egungo baldintzak hobetzea dakar, eta mesede egingo dio Hernaniko industria-ereduari. Ondorioz, plan bereziaren helburuetara hobekien egokitzen denez gero, 1. aukera egokientzat jotzen da.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, erabakitzeko ea plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntari lotu behar zaion ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, ukitutako arloaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean planaren esparruan egikarituko diren proiektuen izaera, ez dago zertan plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntari lotu, horretarako berezitasunik ez duelakoan.
b) Planak beste plan edo programa batzuetan zer-nolako eragina duen, hierarkizatuta dauden planak barne: planaren ezaugarriak kontuan hartuta, planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste ezein plan edo programatan. Ez da bateraezintasunik aurkitu hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-kontsiderazioak txerta ditzan. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean, bai eta klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurriak ere.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: ez da antzeman ingurumenean arazo nabarmenik sortuko denik plana egikaritzearen ondorioz, baldin eta eraginpeko eremuan egin beharreko jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez egiten badira –besteak beste, arlo hauetan: lurzoruak, uholde-arriskua, jabari publiko hidraulikoaren edo haren babes-guneen gaineko eragina, zarata, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena–.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legeria ezar dadin.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen arloaren ezaugarriak:
Klima.
Isurialde atlantikoaren ezaugarri nagusia klima mesotermikoa da. Tenperatura neurritsuak dauzka, eta plubiositate ugaria urtean, 1.400 eta 1.500 mm artekoa. Neguak bereziki leunak dira, eta urteko batez besteko tenperatura 13 ºC ingurukoa da kostaldean. Eguzki-argiaren iraupena nabarmen aldatzen da urtaroaren arabera: 16 ordu udan, eta 9 ordu inguru neguan. Urteko batez besteko intsolazioa 1.645 ordukoa da. Gainera, inguruko erliebe malkartsuak alde nabarmenak dakartza hurbileko tokien arteko intsolazioari dagokionez, batez ere eguneko lehen eta azken orduetan.
Geologia.
Geologiaren ikuspegitik, Hernani Pirinioen mendebaldeko amaieran dago, euskal-kantauriar arroaren barruan eta, zehatzago esanda, Euskal Arkua deiturikoaren barruan, Bortzirietako mendigune paleozoikoaren zati bat udal-mugartearen barruan dela. Udal-lurraldean, hiru unitate handi bereizten dira: Donostiako unitatea, Bortzirietako Paleozoikoa eta Kuaternarioa. Plan bereziaren eremua Kuaternarioko jalkinen gainean dago.
Akuiferoen kalteberatasuna.
Eremua akuiferoen kalteberatasun-arrisku txikiko edo oso txikiko eremu batean dago.
Edafologia.
Plan berezia garatu behar den lurzorua erabat antropizatuta eta iragazgaiztuta dago, eta ez dago lurzoru emankorrik.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak.
Hizpide darabiltzagun bi lurzati horiek kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan agertzen dira, eta, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera, Eziago industrialdeko 21. lurzatia 1.a) kasuan sailkatzen da, kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak hartzen dituen edo izan dituen lurzoru batean baitago; 19. lurzatia, berriz, 1.c) kasuan dago, mota horretako jarduera bat behin betiko uzteari dagokionez. Hala eta guztiz ere, inguruabar horiek ez dute eragozten plan berezia izapidetzea eta behin betiko onartzea.
Hidrologia.
Hernaniko udalerria Urumea Unitate Hidrologikoan dago, nagusiki; mendebaldean, Santa Barbaratik gertu, gune txiki batek baino ez du drainatzen Oria ibaiaren arrorantz. Urumea UHa 302 km2-ko azaleran hedatzen da, eta arro nagusiari 272 km2-ko azalera dagokio; gainerakoa, berriz, itsasertzeko arro txikiei dagokie. Urumea ibaia 57 km luze da, gutxi gorabehera, eta 14,4 km zeharkatzen ditu Hernaniko udalerrian. Han, bi tarte desberdin ditu: bata goikoa, meharra eta V-eran ahokatuta Fagollagaraino, eta bestea, behekoa, zabalagoa da, eta alubioi-ibar zabalak ditu Landarbaso-Epele errekaren bokaletik aurrera. Azterketa-eremua erabat urbanizatuta badago ere eta ibilgurik ez badu ere, ekialdeko muga Urumea ibaia bera da.
Uholde-arriskua.
Eremua Hernaniko udalerriko Uholde Arrisku Nabarmeneko Arloaren (UANA) barruan dago. 2022tik 2027ra bitarteko jarduketen denbora-tartea aintzat hartuta, uholde-arriskuak kudeatzeko planak (UAKP) ez du egiturazko neurri gehigarririk jasotzen UANA horretan. Nolanahi ere den, plan berezi honetan proposatzen diren jarduketak bateragarriak dira UAKParekin.
Landaredia eta lurzoruaren erabilerak.
Azterketa-eremuan diren lurzoruaren erabilerak eta landare-estalkia erabat urbanizatuta daude. Eremuaren barruan ez dago zuhaitz-espezie autoktonorik, eta hazten diren espezieak lorezaintza-arlokoak dira.
Flora mehatxatua.
Azterketa-eremuan, ez da kartografiatu mehatxutako flora-espezierik.
Intereseko habitatak eta lehentasunezkoak.
Azterketa-eremuan, ez dugu aurkitu 92/43/EEE Zuzentarauan jasotako intereseko edo lehentasunezko habitatik. Inguruan, aldiz, Batasunaren intereseko habitatak daude, hala nola haltzadiak eta lizardiak (HIC 91E0*) eta larratzerik gabeko sega-belardi atlantikoak (HIC 6510).
Fauna.
Hernaniko udalerrian, oso modu sintetikoan, giza jarduerarik gabeko faunaren hiru habitat potentzial handi egongo lirateke: baso naturalak, ur-lasterrak eta arroka-azaleramenduak.
Azterketa-eremuan, ez da espezie interesgarririk hauteman, ziurrenik herrigunearen barruan dagoelako eta fauna horrentzako babesgunerik ez dagoelako.
Hala ere, Urumea ibaian badaude hiru arrain-espezie migratzaile maiztasun handiz –besteak beste, izokin atlantikoa eta aingira, eta azkenak berariazko kudeaketa-plana du–, eta, noizean behin, kolaka, espezie arraro gisa katalogatua dagoena. Aipatzekoak dira izokin atlantikoa (Salmo salar), arroan arrakastaz sartu den espeziea, eta aingira (Anguila anguila), EAEn berreskuratzeko kudeaketa-plana duena. Arroko ibai-inguruneak ere habitat baliotsuak dira intereseko beste espezie batzuentzat, eta, haietan, nabarmentzekoak dira martin arrantzalea (Alcedo atthis) eta ur-zozoa (Cinclus cinclus), biak ere interes berezikotzat sailkatuak, bai eta beste hegazti migratzaile batzuentzako igarobideak ere, hala nola lepitzulia (Jynx torquilla), lertxun gorria (Ardea cinerea) edo ubarroi handia (Phalacrocorax carbo). Gainera, Urumea arlo garrantzitsutzat jotzen da igarabarentzat (Lutra lutra), bai habitataren kalitateagatik, bai espeziea berreskuratzen ari den guneetatik gertu dagoelako. Eskuragarri dagoen informazioak agerian uzten du gaur egun Urumea ibaiaren Gipuzkoako tartean ez dagoela bisoi europarraren (Mustela lutreola) populazio egonkorrik. Agian, kontsiderazio hori arro guztira zabaldu behar da. Dena den, Urumea ibaiaren arroak espezie horren banaketa-arloan sartuta jarraitu behar du; izan ere, banako gazteak aldiro iristen dira arlo horretara, ondoko arroetatik barreiatuta. Era berean, eskuragarri dagoen informazioak agerian jartzen du gaur egun Urumea ibaiaren Gipuzkoako zatiak, KBEan, ez duela desman edo muturluzearen (Galemys pyrenaicus) populazio egonkorrik. Gertaera jasota ez dagoen arren, baliteke sakabanatutako banakoak goiko zatitik ibaian behera joatea, KBEak hartzen duen zatira arte; hala ere, azken hamar urteetan ezin izan dute eremua kolonizatu.
Naturagune babestuak.
ES2120015 «Urumea ibaia/Río Urumea» deritzon KBEa Gipuzkoako Lurralde Historikoaren ipar-ekialdean dago. KBE horretan, fauna- eta flora-balio eta -interes handiko bazterrak daude. Haietan, Batasunaren intereseko habitatak daude –esaterako, haltzadiak eta lizardiak (Habitat-kodea: 91E0*)–, bai eta Fauna Mehatxatuaren Euskadiko Katalogoan jasotako hainbat fauna-espezie ere; hain zuzen, interes bereziko eremua da hainbat espezierentzat, hala nola bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) eta desman piriniotarrarentzat (Galemys pyrenaicus). Arrain-komunitatearen barruan, izokin arrunta (Salmo salar) azpimarratu behar da; Habitatei buruzko Zuzentarauaren II. eranskinean jasotako espeziea da. Urumearen arroan arrakastaz sartu da berriro, eta ibaiaren ibilbide nagusian zehar hedatu da; gainera, modu arrakastatsuan ugaltzen da urtero. Noizbehinka, kolaka (Alosa alosa) espeziea ere agertzen da; halere, espezie horrek ez du populazio egonkorrik ibaiaren arroan.
Plan berezia Natura 2000 Sarearen barruan dago. Zehazki, Urumea Ibaia KBEaren barruan.
Ibai-korridore ekologikoa.
Urumea Ibaia KBEa lotura-interes berezia duen ibai-tartea da ibilbide osoan. Lehentasunezko korridore nagusia da, garrantzi handikoa Urumea ibaian bizi diren arrain-espezie guztientzat, baina, bereziki, espezie migratzaileentzat: izokina, aingira, itsas amuarraina eta kolaka (azken hori noizbehinkakoa da). Espezie horietako bi, kolaka eta izokina, Batasunaren interesekoak dira (Habitatei buruzko Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinak). Ibilguko hesiek bereziki eragiten diote desman piriniotarrari (Habitat Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinak); espezie hori galtzeko arriskuan dago, uretako habitataren zatiketak bereziki eragiten baitio. KBEa interes bereziko eremua da espezie horrentzat.
Batasunaren intereseko ibai-habitatak.
Haltzadien eta lizardien habitata lehentasunezko habitata da, eta Habitatei buruzko Zuzentarauaren I. eranskinean eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean jasota dago. Urumea ibaiko erriberako berezko ibai-habitata da. Bertan, mehatxatuta dauden uretako eta erdi-uretako espezieak daude; bereziki, Mustela lutreola (bisoi europarra) eta Galemys pirenaicus (desman piriniotarra). Urumea ibaia babesteko eta elikatzeko lekua da intereseko zenbait fauna-espezierentzat (adibidez, izokina, amuarraina eta aingira), eta, agian, baita Batasunaren intereseko intsektu saproxilikoentzat ere. Kokagune heze txikiak garatzea sustatzen dute, eta espezie askoren babesleku eta ugaltzeko leku izan ohi dira. EAEn, oso gutxi hedatuta dauden beste espezie batzuen habitat bereizgarriak dira, adibidez: Cinclus cinclus (ur-zozoa) eta Alcedo atthis (martin arrantzalea).
Epele auzotik behera, plan bereziaren eremua dagoen lekuan, hirigune- eta industria-garapenek ibaiertzak okupatzen dituztenean, galeria-basoa izugarri bakandu edo guztiz desagertzen da. Hainbat zatitan, ibaia bideratuta dago, eta, jatorrian zegoen basoaren ordez, platano-sailak daude; azken horiek dira, hain zuzen, tarte horretako baldintzatzaile nabarmenenak.
Galeria-basoaren naturaltasunari eta kontserbazio-egoerari dagokienez, azpimarratu behar da KBEko haltzadiek, oro har, gorabehera nabarmenak dituztela aztertutako eremu guztiaren barruan. Gainera, bereziki ugaria da sasiakaziaren (Robinia pseudoacacia) zuhaitz-geruza, KBEaren ibilbide guztia hartzen duena; espezie inbaditzaile horrek oso jokabide erasokorra du. Kartografiatutako landare-orban askotan, zuhaitz-geruzako espezie menderatzailea da. Zuhaitz-geruzan, platano arrunta edo alboa (Platanus hispanica) espeziea ere oso ugaria da, eta KBEaren ibilbide guztian zehar modu erregularrean banatuta dago; kartografiatutako orban askotan agertzen da, eta, beste batzuetan, espezie bakarreko sailak osatzen ditu zuhaitz-geruzan.
Ibai-habitat horien kontserbazio-egoera desegokitzat jotzen da.
Balio estrategiko handiko lurzoruak.
Aztergai darabilgun eremua herrigunean bertan dago, balio estrategiko handiko lurzoruetatik kanpo, eta, beraz, ez du halakoetan eraginik.
Paisaia.
Azterketa-eremua «Industria ibai-jabarian» izeneko unitatean dago, eta paisaia oso eraldatuan dago, baina, herrigunearen barruan dagoenez, paisaia-kalitate ona duen multzo baten zati da.
Kultura-ondarea.
Azterlanaren eremuan, ez dago ez ondasun lokalizaturik ez ustezko arkeologia-gunerik.
Ingurune-zarata.
Zaratari buruzko azterketa bat egin da, eta plan bereziaren dokumentazioarekin batera erantsi da. Bertan, egungo eta etorkizuneko zarata aztertzen da, eta hainbat aukera eta irtenbide planteatzen dira.
Alderdi sozioekonomikoak.
2023ko abenduaren 31n, 24.050 biztanle zeuden udalerrian. Industria-sektoreak hartzen ditu udalerriko lanen erdiak baino gehiago (% 21,7). Nekazaritza-sektoreak, aldiz, pisu txikia du Hernaniko ekonomian. 273 ustiategi daude; haietatik 7k abeltzaintza dute atxikita, eta 2k ez dute abeltzaintzarik.
Mugikortasuna eta irisgarritasuna.
Eziago industrialdera GI-3410 errepidea erabiliz iristen da. Plan bereziak dakarren eremurako irisgarritasuna bermatuta dago.
Beste azpiegitura batzuk.
Gaur egun, 21 zenbakiko lurzatiak edateko uraren hornidura du industrialdetik igarotzen den banaketa-sarearen bidez, eta bi lurzatiek dute lurpeko saneamendu-sarea. Horrela, lurzatiek erdi-tentsioko hartune elektrikoa dute, lurpean kanalizatua, eta gas naturalaren hartunea ere badute.
Balizko ingurumen-arriskuei gagozkiela, lurzati bat identifikatu da, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituena edo izan dituena, eta eremuaren zati bat identifikatu da 10 urteko errepikatze-denborarako uholde-arriskutzat.
Era berean, ingurunearen ezaugarriak eta planaren aldaketa kontuan hartuta, ez da aurreikusten eragin nabarmenik izatea naturagune babestuetan, akuiferoetan, faunarentzat interesgarriak diren guneetan, ondare arkeologikoan eta arkitektonikoan, eta ez da inpaktu akustikorik izango. Era berean, ez dira garrantzitsuak higadura-arriskuaren, arrisku sismikoaren edo SEVESO enpresak (gai arriskutsuak) hurbil egotearen ziozko eraginak.
C) Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezarri behar dira, planak ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta «Hernaniko (Gipuzkoa) Eziago industrialdeko 19. eta 21. lurzatien hiri-antolamenduko plan bereziari» ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar ez dakion, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak plangintzan txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak egikarituko dira indarrean dagoen araudiaren arabera, ingurumen-txosten estrategikoa egiten duen ebazpenean ezarritakoen arabera, eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.
Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:
Ur-baliabideen gaineko eraginei buruzko neurriak:
– URAk egindako txostenaren arabera, sustatzaileak justifikatu beharko du jarduketa horrekin murriztu egiten dela pertsonek edo ondasunek uholdeen aurrean duten segurtasunaren kalteberatasuna, pabiloia arrisku horren arabera diseinatu delako.
– Instalazio berriek ezin izango dute biltegiratu, eraldatu, manipulatu, sortu edo isuri produkturik, diluzioaren edo infiltrazioaren ondorioz giza osasunarentzat eta ingurunearentzat kaltegarria izan daitekeenik.
– Plan Hidrologikoaren 37.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, urak har dezakeen gunean ez da inolako hondakinik pilatuko. Halaber, bermatu beharko da aurreikusitako jarduketek ez dakartela inguruneko uholde-arriskua nabarmen handitzerik, ezta hirugarrenei eragiterik ere.
– Saihestu egin beharko da ibaiertzeko haltzadiaren Batasunaren lehentasunezko intereseko habitata aldatzea, bai eta ibai-korridorearen dibertsitateari eta funtzionaltasun ekologiko eta paisajistikoari laguntzen dioten beste elementu batzuk aldatzea ere, ahal den guztietan sustatuz haiek lehengoratzea, berreskuratzea eta hobetzea.
– Plan bereziaren hirigintza-izapidetzearen esparruan, Añarbeko Urak SAko ur-partzuergoak txostena egin beharko du, azpiegiturak nahikoak diren zehazteko.
– Jabari publiko hidraulikoan eta hari lotutako babes-guneetan (zortasuna eta zaintza) egingo den jarduketa orok Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren baimena izan beharko du aldez aurretik, eta agentzia horretan izapidetuko da.
– Gogoratu behar da ezen, Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.l) artikuluaren arabera, txostena eskatu beharko zaiola Uraren Euskal Agentziari, eta dokumentazioan jaso beharko direla lehen aipatutako gaien ingurukoak.
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren txostenaren arabera, HAPBk espresuki jaso beharko du bere araudian hura garatzeko egiten diren jarduketek beharrezko neurriak hartuko dituztela –balizamenduak, solidoak ibaira ez erortzeko elementuak jartzea eta abar–, zertarako eta bermatzeko industrialdearen mugakide den ibarbasoan (THIC 91E0*) ez dela eraginik sortuko.
– Aztertu beharko da zein ondorio izango dituen urbanizazio-proiektuak Natura 2000 Sarean. Bertan, ikerketa bat egin ahalko da, oinarri hartuta egin beharreko obrei buruzko informazio zehatza (lur-mugimenduak, hondakinen kudeaketa, eraikin berriaren diseinua, ibaiertzera hel daitezkeen hondakinak...), eta, hala badagokio, dagozkion prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira.
– Gipuzkoako Foru Aldundiaren fauna eta flora basatiaren txostenaren arabera, plan bereziak saihestu egin beharko du 19. eta 21. lurzatietan ezarri beharreko jarduerek eragina dutela KBEan kontserbatu beharreko habitat eta espezieetan. Horretarako, neurriak sartu behar dira helburu hauek lortzeko:
• Ibai-habitataren gainean gehiegizko zarata atera dadin saihestea.
• Ibilguaren eta ibarbasoaren gaineko gaueko argiztapena saihestea.
• Ibaira inolako isurketa kutsagarriak egitea saihestea, batez ere gai kutsagarriena, hala nola gasolioa, olioak, margoak, mortairuak edo hormigoia.
Neurri horiek sartu beharko dira plan berezia garatzeko eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuetan.
– Bermatu beharko da ibaiertzak landaredi-zerrenda jarraitua izan dezan, sahastietako eta haltzadi kantauriarretako berezko espezieekin. Horretarako, poligonoa urbanizatzeko proiektuak ingurumena lehengoratzeko atal espezifiko bat izan beharko du, indartzeko Urumea ibaiaren mugakide den eremuaren mugako landarediaren egitura, aniztasuna eta naturaltasuna.
– Lehengoratze-proiektuak aztertu beharko du ea bideragarria den ibaiertzeko zati horretan dagoen harri-lubetan erabiltzea landare-estalkia berreskuratzen lagunduko duten bioingeniaritza-teknikak, hala nola Krainer motako hormak edo, bestela, gerora landareztatzea ahalbidetzen duten harri-lubetak.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.
– Eziago industrialdeko 19. eta 21. lurzatien HAPBren eremua bat dator Geoiker 00063 eta 00064 kodeekin, zeinak jasota baitaude lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan. Hori horrela, bete egin beharko da Kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa.
– Baldin eta aipatutako lurzatietako batean Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako kasuren bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da, 31. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
– Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obretan zehar beste kokaleku batzuk hautematen badira, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituztenak, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko zantzu sendoak badaude, horren berri eman beharko zaie berehala Hernaniko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, hark zehaztu dezan zein neurri hartu behar diren eta nortzuk izango dira neurri horiek betearazi behar dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluak dioena betetzeko.
Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak.
– Planaren eremuaren barruan, proiektuak lehenetsi egingo du lur-mugimendua orekatua izatea. Hori egiterik ez badago, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinak mailegu-premian dagoen hurbileko obra batean balorizatzeari. Balorizazioa ezinezkoa bada, identifikatuko dia zer kokaleku egon daitekeen soberakinak gordetzekora, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, hautatzeko zer lekuk duen ingurumen-inpaktu txikiena. Azken kasu horretan, beti izango da soberakin-biltegi baimendu bat, eta arau hauetan xedatutakoa betez kudeatuko da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Eusko Jaurlaritzako Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren txostenaren arabera, jarduera-eremutik kanpo dago, baina haren ingurune hurbilean, Viguisaren industria-nabea (130. fitxa) dago, Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren inbentarioetan babes ertaineko proposamena duena. Gertu dagoenez, gomendatzen da aurreikusitako eraikuntza berriak kontuan hartzea elementu horren presentzia, saihestuz kalte egitea haren pertzepzioari, osotasun bolumetrikoari edo paisaia industrialaren irakurketari.
– Euskal Kultura Ondarearen Zentroak ezarritako irizpideen arabera, babes ertaineko kultura-ondasun gisa babesteko proposatutako ondareei dagokienez, gomendatzen da esku-hartzeek erreferentziatzat hartzea «zaharberritze kontserbatzailea» izeneko esku-hartzearen kategoria, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren I. eranskinean («Birgaitzeko esku-hartzeak») definitzen denaren arabera.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, zerbait aurkitzen bada, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsatzeko zantzurik duena, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Osasun publikoari buruzko neurriak.
– Jaso egingo da planeko zer ekintza izan daitezkeen garrantzitsuenak edo nabarmenenak eragin-arloan biztanleriarengan duten eragin kaltegarri edo onuragarriagatik, eta hauek deskribatuko dira: eragindako biztanleria, eraikin kalteberen presentzia (ikastetxeak, zentro soziosanitarioak) eta pertsonak egon ohi diren eremuak (parkeak, jolas-eremuak). Kontuan hartu behar da plana abagune bat dela ingurunea aprobetxatzeko eta osasunaren gizarte-baldintzatzaileen gainean jarduteko (hiri-diseinua eta -kalitatea, oinarrizko baliabide eta zerbitzuetarako sarbidea, pertsonen baldintza sozioekonomikoak, etab.).
Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk:
Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak egikaritzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obretako, lurrak eta soberakinak kudeatzeko, hondakinak sortu eta kudeatzeko, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeko, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenean hartzen dituen zehaztapenetan sartuko dira:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makinak, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua okupatzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, gauza egingo dira proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko arloan. Kontratistaren instalazio-arloak (barne hartuta makinak gordetzeko lekuak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko arloa) proiektatzean, kontuan hartuko dira ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideak.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinak (hondeaketetatik eratorritakoak barne) kudeatzeko, aintzat hartuko da zer aurreikusten duten Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak eta aplikatzekoak diren baraudi espezifikoek.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, sustatu behar da hondakinak sortzea prebenitzen dela, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, noiz eta, duten tipologia dela-bide eta isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek bete egin beharko dituzte Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Gune espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko bertan, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, edukiontzi espezifikoak jarriko dira hondakin geldoak biltzeko, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obra osotik zehar eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik segregatuko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek saihesteko.
Olio erabiliak estalpean utziko dira, harik eta kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemak, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere sortuko kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Sortutako olio industrial erabiliak kudeatzeko, bat etorri beharko da Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuarekin.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko, men egingo zaio Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoari.
– Lurzoruak eta urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-fasean, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.). Ustekabeko isurketarik gertatuz gero, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makinak gordetzeko lekuak azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Saihestuko da makinen mantentze-lanak egitea iragazgaitzak ez diren guneetan. Nolanahi ere, obran erabiltzen diren makinei erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira, zeinak hondakinak –bereziki, olio erabiliak– biltzeko sistema bat izango duen, urak ez kutsatzeko.
– Airearen kalitatea babestea: ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak edukiko dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez garraiatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita. Hondeaketa-materiala hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da, hau da, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
– Obrek ateratako zarata: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketaren alde ere.
Obrak eguneko lan-ordutegian egingo dira.
Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak definitzeko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluak dioenarekin bat etorriz. Azterketa horretan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, arlo akustiko eta eraikuntza sentikorretan zarata murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi eduki beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
– Jasangarritasuna eraikuntzan: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoetarako beharrezko ezaugarriei dagokienez, eraikingintza jasangarrirako gidan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauek hartu beharko dituzte kontuan, gutxienez:
• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
• Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea edo hondakin gutxiago sortzea.
• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.
• Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarri eta unibertsala sustatzea. Garraio-prozesuak murriztea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea eta kontserbatzea.
• Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.
• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.
• Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, azken horiek aurrekoen aurkakoak ez badira, zehaztea ez dela aurreikusten «Hernaniko (Gipuzkoa) Eziago industrialdeko 19. eta 21. lurzatien hiri-antolamenduko plan bereziak» ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik, eta, beraz, ez dela planari loturiko ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Hernaniko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Agintzea ebazpen hau argitara dadila Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ez bada onartzen «Hernaniko (Gipuzkoa) Eziago industrialdeko 19. eta 21. lurzatien hiri-antolamenduko plan berezia». Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehazten den moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 30a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS