
80. zk., 2026ko maiatzaren 4a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (248 KB - 21 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1803
AGINDUA, 2026ko apirilaren 23koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmeneko lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuak betetzeko hautaketa-prozesuen oinarri orokorrak.
Agindu honen bidez onartzen diren oinarri orokorrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuak betetzeko hautaketa-prozesuen deialdiei aplikatu beharreko araudia jasotzen dute, izendatzaile komun gisa, eta, hartara, homogeneizatu egiten dituzte prozesu horiek.
Horrenbestez, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen VI. tituluan ezarritakoaren arabera eta bat etorriz lege horrek 18.2.q) artikuluan emandako eskudantziekin, bai, halaber, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 3.3.f) artikuluan ezarritakoarekin, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmenean lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuak betetzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak onartzea, zeinak lege honen eranskinean baitaude.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera, edo, bestela, demanda aurkeztu ahal izango dute Gasteizko lan-arloko epaitegietan, Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 23a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOKO LAN KONTRATUDUNEN KOLEKTIBOENTZAKO HITZARMENEKO LAN-KONTRATUDUNENTZAT GORDETAKO LANPOSTUAK BETETZEKO PROZESUAREN OINARRI OROKORRAK
1.– Xedea.
1.1.– Oinarri hauen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmeneko lan-kontratudun finkoa edo txanda-kontratua duen lan-kontratuduna izateko arau orokorrak ezartzea.
1.2.– Hautaketa-prozesu bakoitzaren berezitasunak deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoen bidez arautuko dira, eta, betiere, honako hauek jaso beharko dituzte:
– Eskainiko den plaza kopurua, eta nola banatuko diren hizkuntza-eskakizunen, sarbide-modalitatearen eta, hala badagokio, txandaren arabera.
– Eskabideak aurkezteko epea.
– Langileak hautatzeko deialdietan izena emateko tasaren diru-zenbatekoa.
– Sartzeko titulazioak.
– Oposizio-fasearen deskribapena.
– Zer merezimendu baloratuko den eta zer baremo aplikatuko zaien.
– Deialdiko lanpostuen betekizun espezifikoak.
– Gai-zerrendaren zati espezifikoa.
– Emakumeen lehentasunezko klausula aplikatuko den ala ez.
2.– Hautaketa-sistema eta parte hartzeko txandak eta modalitateak.
2.1.– Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da.
2.2.– Txanda bakarra aurreikusten da, txanda irekia, alegia, eta, haren barruan, bi modalitate: sarbide orokorra eta desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbidea. Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoek zehaztuko dituzte prozesu bakoitzean dauden sarbide-modalitateak.
3.– Parte hartzeko betekizunak.
3.1.– Betekizunak betetzeko datak.
Hautagaiek eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehenago bete beharko dituzte oinarri orokorretan eta espezifikoetan ezarritako betekizunak –9. oinarrian adierazitakoak izan ezik–, eta betekizun horiek betetzen jarraitu beharko dute kontratua formalizatzen duten arte.
3.2.– Betekizunak noiz eta nola egiaztatu behar diren.
Oinarri orokor hauen 9. apartatuan dago ezarrita noiz eta nola egiaztatu behar diren betekizunak.
3.3.– Parte hartzeko betekizun orokorrak.
Iragarritako hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko, betekizun hauek bete beharko dira:
a) Europar Batasuneko kide den edozein estatutako nazionalitatea edukitzea.
Parte hartzeko aukera izango dute, halaber, Europar Batasunaren estatu kideetako herritarren ezkontideek, edozein dutela ere nazionalitatea eta, betiere, zuzenbidez bananduta ez badaude, haien ondorengoek eta, zuzenbidez bananduta ez badaude, ezkontidearenek, baldin eta hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
Era berean, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan dauden pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta tratatu horietan langileen zirkulazio askea aplikatzen bada.
Halaber, aurreko paragrafoetan aipatu ez arren, legezko bizilekua Espainian daukaten atzerritarrek ere parte hartu ahal izango dute.
b) Gaitasun funtzionala izatea, deialdiko lanpostuen berezko zereginak betetzeko.
c) 16 urte beteta izatea eta ohiko erretiro-adina beteta ez izatea.
d) Diziplina-espediente batez zehapenik hartu ez izana Administrazio publiko edo autonomia-erkidegoko organo konstituzional edo estatutarioen zerbitzutik bereizita egoteko; ezta, ebazpen judizialaren arabera, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza erabatekoa edo berezia izatea ere, langile lan-kontratudunen kasuan, bereizteari edo desgaikuntzari lotutako lanpostuaren antzeko eginkizunak betetzeko. Beste estatu bateko herritarra izanez gero, hautagaia ezin izango da desgaikuntza-egoeran edo egoera baliokideren batean egon, eta ezin izango du ezarrita izan diziplina-zehapenik edo baliokiderik, bere estatuan, baldintza berberetan, enplegu publikorako sarbidea eragozten dionik.
e) Oinarri espezifikoetan eskatutako titulazioa izatea edo titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea.
Atzerriko titulazioen kasuan, homologazioa edo lanbide-ondorioetarako tituluaren aitorpena egiaztatzen duen kredentziala eduki beharko da, urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuan xedatutakoaren babesean (889/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, atzerriko hezkuntza-sistemetako unibertsitate-irakaskuntzak homologatzeko, baliokidetzat jotzeko eta baliozkotzeko baldintzak eta prozedurak ezartzen dituena eta aurreko antolamendu akademikoetako unibertsitate-titulu ofizialek Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruan duten baliokidetasuna ezartzeko prozedura arautzen duena).
Aurrekoa gorabehera, titulua lanbide-ondorioetarako homologatzeko edo aitortzeko eskabidea aurkeztu dutela egiaztatzen duten izangaiak kautelaz onartuko dira. Kautelazko onarpen hori bertan behera geratuko da oinarri orokor hauen 18. apartatuan aurreikusitako langile finko gisa edo txanda-kontratua duen langile finko gisa kontratatzeko beharrezkoak diren izapideak egiteko epea amaitzen den unean.
f) Indarrean dagoen araubidearen arabera, ezgaitasun edo bateraezintasuneko lege-kausaren batean sarturik ez egotea; hala ere, araudiak ematen duen aukera-eskubidea errespetatuko da.
g) Langileak hautatzeko deialdietako inskripzio-tasa ordainduta izatea, zeina parte hartu nahi den prozesuaren araberakoa izango baita eta diru-zenbatekoa oinarri espezifikoetan zehaztuko baita.
h) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan Kontratudunen Kolektiboentzako Hitzarmeneko kategoria bereko lan-kontratuko langile finkoak ez izatea.
i) Oinarri espezifikoetan eskatzen den beste edozein betekizun.
4.– Desgaitasuna duten pertsonen sarbidea.
4.1.– Txanda irekian eskainitako plaza guztietatik, plaza hutsen ehuneko bosterainoko kupoa gorde ahal izango da desgaitasunen bat duten pertsonen artean betetzeko.
Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan adieraziko da desgaitasuna duten pertsonentzako sarbide-modalitatea dagoen ala ez, eta, hala badagokio, modalitate horretan zenbat plaza eskaintzen diren.
4.2.– Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako plazetara aurkezten direnek, 3. oinarrian aipatzen diren parte hartzeko betekizunak betetzeaz gain, aitortua izan beharko dute, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna, foru-aldundietako organo eskudunaren, Imsersoren edo erakunde baliokidearen eskutik.
Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitatean parte hartzeko betekizunak betetzen ez badira, eskabidea sarbide orokorreko modalitatean aurkeztu dela ulertuko da, ofizioz.
4.3.– Desgaitasuna duten pertsonentzako txandan hautagairik ez dagoelako edo hautaketa-prozesuak gainditu dituenik ez dagoelako bete gabe geratzen diren plazak sarbide orokorreko modalitatean eskainitakoei gehituko zaizkie, kasuan kasuko prozesuan eta, hala badagokio, kasuan kasuko txandan. Hala ere, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako eta betetako plazak deialdiko plazen % 3ko tasara iristen ez badira, bete gabeko plazak hurrengo enplegu publikoaren eskaintzaren ehuneko zazpiko kupoari gehituko zaizkio, gehienez ere % 10eko mugarekin, bat etorriz, betiere, Desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikorako sarbidea izatea eta lanpostuak betetzea arautzen duen abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuarekin.
5.– Hautaketa egiteko baldintza orokorrak.
Betekizunen bat ezarrita duten lanpostuak betetzeko, hautagaiek ezinbestez egiaztatu beharko dute betekizun horiek betetzen dituztela.
Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan, deialdiko lanpostuei esleitutako betekizun espezifikoak zerrendatuko dira.
6.– Lanpostuak esleitzeko baldintza orokorrak.
Epaimahaiak ezin izango du proposatu gaindituen kopuru handiagoa deitutako plaza-kopurua baino lan-kontratuak formalizatzeko, honako kasu hauetan izan ezik:
a) Lanpostu huts gehiago sortzen badira, deialdikoak baino ehuneko hamar gehiago esleituko dira, gehienez. Lanpostu horiek 15.2 oinarrian aipatzen den lanpostu-zerrendan eskainiko dira.
b) Erretiro partziala hartzeko eskaerarik badago deialdi bakoitzeko lanpostuen titular diren lan-kontratudun finkoen aldetik, betiere erretiro partziala hartzeko arauz ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Lanpostu horiek 15.2 oinarrian aipatzen den lanpostu-zerrendan eskainiko dira.
c) Egoera hauetakoren bat gertatzen denean:
– Hautatutako pertsonek uko egitea, kontratua sinatu aurretik, edo
– Hautagaiek eskatzen zaien dokumentazioa ez aurkeztea oinarrietan xedatutakoaren arabera, edo aurkeztutakotik ondorioztatzen bada 3. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzen ez dutela, edo ez dutela zereginak betetzeko eskatzen den gaitasun fisikoa edo psikikoa.
– Lanpostu-erreserbarik gabeko eszedentzia eskatzea kontratua sinatzeko unean.
Kasu horietan, adierazitako inguruabarren eraginez hutsik geratu diren plaza beste hautagai aukeratuko dira, plaza hasiera batean esleitu zen txanda, modalitate eta hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuta gainditu zutenen zerrendako puntuazio-hurrenkerari eta hautagaiek lanpostuak hautatzeko izapidean adierazitako lehentasunei jarraituz.
Hemen, c) letran, aurreikusitako inguruabarretako bat berriro gertatuz gero, aurreko paragrafoan deskribatutako prozesua errepikatu egingo da, baldin eta prozesu bakoitzeko lanpostuen egiturazko behin-behinekotasuna ehuneko zortzitik gorakoa bada eta beste hautaketa-prozesu baterako deialdirik egin ez bada.
d) Hautaketa-prozesu bakoitzaren beste deialdi bat ebatzi arte, txanda irekiko eta sarbide orokorreko modalitateko gaindituen zerrendako puntuazio-ordenaren arabera egokitzen diren hautagaiak txandako lan-kontratu finko bat formalizatzeko hautatutzat joko dira, baldin eta lanpostuei esleitutako baldintzak betetzen badituzte eta lanpostuan benetan hasteko borondatea adierazten badute, honako kasu hauetan:
– Txandako lan-kontratu finko bat azkentzen bada hura amaitzeko eta lan-kontratu finko bihurtzeko ezarritako data baino lehen, azkentzeko arrazoia edozein dela ere.
– Erretiro partziala hartzeko eskaerarik badago deialdi bakoitzeko lanpostuen titular diren lan-kontratudun finkoen aldetik, betiere erretiro partziala hartzeko arauz ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
– Erretiro partziala hartzeko eskaerarik badago oinarri hauen arabera deitutako hautaketa-prozesuan sartuta ez dauden lanpostuen titular diren lan-kontratudun finkoen aldetik, betiere deitutako prozesuetan lanpostu huts berririk sortu bada eta lanpostu horiek bat badatoz kotizazio-oinarrietan, hala baitago ezarrita urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 215. artikuluan.
7.– Argitaratzeko lekuak eta iragarki-taulak.
Hautaketa-prozesuetarako deialdiak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeaz gain, Enplegu Publikoaren Atarian argitaratuko dira, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/
Hautaketa-prozesuan zehar, aipatutako helbide elektronikoan argitaratuko da prozesuaren garapenaren alderdiekin lotutako informazio guztia, jakinarazpen-ondorioetarako. Abisu bat bidaliko zaie, SMS edo posta elektroniko bidez, mugikorraren zenbakia edo helbide elektronikoa eman duten parte-hartzaileei. Abisu hori egiten ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluan.
8.– Eskabideak aurkeztea.
8.1.– Prozesuan onartua izatea.
Parte hartu nahi dutenek eskabide bat aurkeztu beharko dute parte hartu nahi duten hautaketa-prozesu bakoitzeko.
Onartuak izateko eta, hala badagokio, hautaketa-prozesuetan parte hartzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte: 1) eskabidearen atal guztiak bete, 2) eskabidea epe barruan aurkeztu, eta 3) langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatiko tasak ordaindu.
Halaber, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskatutako betekizun guzti-guztiak bete beharko dituzte, 9.1 oinarrian elkargokide izateari buruz aurreikusitakoak izan ezik.
8.2.– Eskabideak aurkezteko epea eta langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatiko tasa ordaintzea.
Deialdietan parte hartzeko eskabideak hogei egun balioduneko epean aurkeztuko dira, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Oinarri espezifikoetan zehaztuko dira epe horren muga-egunak eta -orduak.
8.3.– Parte hartzeko eskabideak aurkezteko modua.
Parte hartzeko eskabideak eta, oro har, hautaketa-prozesuekin lotutako gainerako izapide guztiak bide elektronikoz egin beharko dira.
Eskabidea bide elektronikoz aurkezteko, Enplegu Publikoaren Atariko helbide elektronikoa erabili beharko da (https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/ eskabidea bete ahala adierazten diren argibideei jarraituz. Horretarako, nork bere burua identifikatu beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoan onartutako edozein bitarteko erabiliz (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak).
Eskabide elektronikoa Eusko Jaurlaritzako KZ–Gunea zentro publikoetan ere egin ahal izango da. KZguneen zerrenda eta kokapena helbide honetan ikus daitezke: www.kzgunea.eus
Izena emateko prozesuan gorabehera teknikoren bat gertatuz gero, Enplegu Publikoaren Atarian (https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/) horretarako adieraziko diren telefonora edo helbide elektronikora jo ahal izango da.
8.4.– Langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatiko tasa ordaintzeko modua.
Zenbatekoa ordainketa-pasabidearen bitartez ordainduko da, egoitza elektroniko honetan: https://euskadi.eus/nireordainketa
Ordaintzeko aukera hori egunean 24 orduz egongo da erabilgarri eskabideak aurkezteko epean, baina, horretarako, ezinbestekoa izango da atxikitako entitateetako banka elektronikoko bezero izatea. Bizum bidez edo kreditu-txartel bidez ere ordaindu ahal izango da.
8.5.– Hautagairen batek langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeko tasak garaiz ordaintzen ez baditu, hau da, eskabideak aurkezteko epearen barruan, prozesutik kanpo geratuko da. Nolanahi ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio hautagaiari akatsa zuzen dezan.
Langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatiko tasa ordaintzea ez da inola ere nahikoa izango prozesuan parte hartzeko: eskabidea behar bezala eta emandako epearen barruan aurkeztu behar da, oinarri honetako aurreko apartatuetan adierazitakoari jarraituz.
9.– Betekizunak eta merezimenduak. Erreferentzia-datak, deskribapena, alegazioa eta egiaztapena.
9.1.– Parte hartzeko eta lanpostuak esleitzeko merezimenduak eta betekizunak betetzeko erreferentzia-datak.
Alegatzen diren merezimenduak izateko eta betekizunak betetzeko erreferentzia-data eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna izango da, salbu eta dagokion elkargo profesionaleko kide izatea, lanbide arautu baten berezko funtzioak betetzen dituzten lanpostuen kasuan; izan ere, kasu horretan, kontratua sinatzeko behar diren aurretiazko izapideak egiteari buruz 18. oinarrian ezarritako epean egiaztatu beharko da.
9.2.– Betekizunak eta merezimenduak alegatzea.
9.2.1.– Hautagaiek dagokion izapidean alegatu behar dituzte, hurrengo apartatuan adierazten den eran, parte hartzeko betekizun orokor eta espezifikoak, lanpostuen betekizun espezifikoak eta merezimenduak.
9.2.2.– Parte hartzeko betekizun orokorrak eskabideak aurkezteko epean alegatu beharko dira.
Merezimenduak eta lanpostuen betekizun espezifikoak IVAPeko zuzendariaren ebazpen baten bidez ezartzen den epean alegatu beharko dira.
9.3.– Betekizunak eta merezimenduak egiaztatzea.
9.3.1.– Hautagaiek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez alegatuko dituzte, parte hartzeko eskabidean, hautaketa-prozesuan parte hartzeko betekizunak. Hala ere, parte hartzeko baldintza gehigarriak dituzten deialdietan, 3.3.i) oinarrian aurreikusitakoaren babesean, oinarri espezifikoetan baldintza horietako bakoitzerako ezartzen den moduan egin beharko da alegazioa.
Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuari (ETZEB) kontsulta eginez egiaztatuko dira euskararen hizkuntza-eskakizunak. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den dataren aurreko egiaztatze-datarekin erregistro horretan inskribatuta dauden hizkuntza-eskakizunak egiaztatutzat joko dira.
Erregistro horretan jasota ez dauden euskararen ezagutza-ziurtagiriak edo -tituluak dituztenek, parte hartzeko eskabidean aurkeztu beharko dituzte egiaztagiriak.
Merezimenduak alegatzeko eta lanpostuak aukeratzeko eskabidea egitean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Langileen Erregistroan jasota daudenak aurkeztuko zaizkie hautagaiei, merezimenduok, oinarrien arabera, prozesu zehatz horietan baloratu ahal izateko aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten heinean. Hala, merezimendu horiek parte-hartzaileek alegatutzat joko dira; salbuespen izango da esperientzia, baldin eta parte-hartzaileak jadanik, hark hala erabakita, beste prozesu batean alegatu badu, horrelakoetan ezin izango baita baloratu.
Prozeduran garrantzitsuak izan daitezkeen gainerako inguruabarrak, baldin eta hautagaiek ez badituzte ikusgai izan merezimenduak alegatzeko eskabidean, beren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez aurkeztu beharko dituzte, agiri hauekin batera:
a) Esperientziaren kasuan, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraz eta haren organismo autonomoez bestelako administrazio edo entitate batean emandako zerbitzuak badira, alegatzen diren zerbitzuak eman diren entitatearen egiaztagiria aurkeztu beharko da. Agiri horretan, emandako zerbitzuen hasiera- eta amaiera-datez gain, datu hauek azaldu behar dira: betetako funtzioak eta eginkizunak eta emandako zerbitzuari dagokion kidego, eskala edo kategoriara sartzeko eskatu zen titulazioa.
b) Titulazioen kasuan, hautagaiak behar den titulazioa daukala egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da.
Atzerriko titulazioen kasuan, beharrezkoa izango da edukitzea titulua homologatuta dagoela egiaztatzen duen agiria, edo titulu hori ondorio profesionaletarako onetsita dagoela egiaztatzen duena, aintzat hartuta 889/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, atzerriko hezkuntza-sistemetako unibertsitate-irakaskuntzak homologatzeko, baliokidetzat jotzeko eta baliozkotzeko baldintzak eta prozedurak ezartzen dituena eta aurreko antolamendu akademikoetako unibertsitate-titulu ofizialek Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruan duten baliokidetasuna ezartzeko prozedura arautzen duena.
Aurrekoa gorabehera, titulua lanbide-ondorioetarako homologatzeko edo aitortzeko eskabidea aurkeztu dutela egiaztatzen duten izangaiei kautelaz onartuko zaie titulazioaren alegazioa. Kautelazko onarpen hori bertan behera geratuko da oinarri orokor hauen 18. apartatuan aurreikusitako langile finko gisa edo txanda-kontratua duen langile finko gisa kontratatzeko beharrezkoak diren izapideak egiteko epea amaitzen den unean.
9.3.2.– Lanpostuen betekizun espezifikoak merezimenduak alegatzeko eskabidean alegatu beharko dira, oinarri espezifikoetan horietako bakoitzarentzat ezartzen den moduan.
10.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, IVAPeko zuzendariak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratzeko. Ebazpen horretan bertan, beste zerrenda bat ere argitaratuko da, baldin eta hautagairen bati errekerimendua egin behar bazaio parte hartzeko eskabidean erantzukizunpeko adierazpen bidez adierazi zuen betekizunen bat betetzen duela egiazta dezan, ezin izan delako egiaztatu.
Zerrenda horiek Enplegu Publikoaren Atarian argitaratuko dira, eta datu hauek adieraziko dituzte: zer txandatan eta modalitatetan onartu diren hautagaiak, zergatik baztertu diren, hala dagokionean, eta zer dokumentazio aurkeztu behar duten betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko.
10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko, aipatutako ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
10 eguneko epe horretan eskatutako dokumentazioa aurkezten ez dutenek eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, eta prozesutik kanpo geratuko dira.
Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta horiek ebatzita, IVAPeko zuzendariaren ebazpen bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, non onartuko baitira onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak.
Hautaketa-prozesuaren garapena ez atzeratzeko, izangaiak kautelaz sartu ahal izango dira onartutakoen zerrendan, eta eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute ondoren, parte hartu ahal izateko. Eskatutako dokumentazioa ezarritako epean aurkezten ez badute, edo parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituztela ikusten bada, prozesutik kanpo geratuko dira.
Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onartzen dituen IVAPeko zuzendariaren ebazpenean, oposizio-faseko lehenengo proba egiteko deialdia egingo zaie hautagaiei. Deialdian, proba egiteko eguna, tokia eta ordua adieraziko dira.
11.– Oposizio-fasea.
Oposizio-fasearen helburua izango da deialdiko plazak betetzeko behar diren ezagutzak eta trebetasunak zenbateraino menderatzen diren ebaluatzea, bai eta konpetentziak ebaluatzea ere. Gehienez, 100 puntuko balorazioa izango du.
11.1.– Titulazio-eskakizunik ez duten lanpostuetarako eta unibertsitatekoaz bestelako titulazio-eskakizuna duten lanpostuetarako deialdietako oposizio-fasea.
11.1.1.– Proben deskribapena eta balorazioa.
Bi proba egingo dira: bata, gai-zerrendei buruzkoa, eta bestea, konpetentziak baloratzekoa.
1. proba: teoriko-praktikoa izango da, eta bi zati izango ditu:
A zatia: prozesu bakoitzaren gai-zerrendei buruzko galdera sorta bat izango da, eta galderek zenbait erantzun-aukera izango dituzte.
B zatia: zenbait erantzun-aukera dituen galdera-sorta bati erantzun beharko zaio hemen ere, eta deialdiko lanpostuetako zereginekin eta gai-zerrenda espezifikoarekin lotutako kasu teoriko-praktikoei buruzkoak izango dira galderak.
Erantzuten ez diren galderek ez dute baloraziorik izango, eta okerreko erantzun bakoitzeko penalizazio bat aplikatuko da: asmatutako erantzun baten heren bat deskontutako da.
Hautaketa-prozesua egokiro garatu dadin, kontuan hartuta eskatutako gutxieneko maila, proban erakutsitako ezagutza-maila eta deialdiko plaza kopurua, hautagaiak nor diren jakin aurretik, epaimahaiak puntuazio-atalase bat ezarriko du, proba gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa zein den zehazteko, eta jendaurrean emango da erabaki horren berri. Gutxieneko zuzeneko puntuazioa ezingo da izan zati bakoitzean gehienez lor daitekeen puntuazioaren ehuneko 35 baino txikiagoa eta ehuneko 65 baino handiagoa.
Proba bakoitza (edo probaren zati bat) gainditzeko epaimahaiak ezartzen dituen gutxieneko zuzeneko puntuazioak horiek gainditzeko behar diren gutxieneko kalifikazioen baliokideak izango dira.
Lor daitezkeen gehieneko zuzeneko puntuazioak proba bakoitzeko edo proba-zati bakoitzeko gehieneko kalifikazioen baliokideak izango dira.
Kalifikazioak kalkulatzeko (puntuazio bihurtuak) honako formula hauek aplikatuko dira:
– Hautagaiaren zuzeneko puntuazioa epaimahaiak ezarritako gutxieneko zuzeneko puntuazioa baino handiagoa bada:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
– Hautagaiaren zuzeneko puntuazioa epaimahaiak ezarritako gutxieneko zuzeneko puntuazioa baino txikiagoa bada:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Non:
e(z): hautagaiaren kalifikazioa (puntuazio eraldatua).
z: hautagaiaren zuzeneko puntuazioa.
Gu: ariketa edo ariketaren zati bat gainditzeko epaimahaiak ezarritako gutxieneko zuzeneko puntuazioa (gutxieneko nota).
Ge: ariketan eta ariketa zati batean gehienez lor daitekeen zuzeneko puntuazioa.
A: ariketan edo ariketaren zati batean gehienez lor daitekeen kalifikazioa (gehieneko puntuazio bihurtua).
Probak gehienez 95 puntuko kalifikazioa izango du: A zatia 0tik 50 puntura baloratuko da eta B zatia 0tik 45era. Proba gainditzeko, 25 puntuko kalifikazioa (puntuazio bihurtua) lortu beharko da A zatian, eta 22,5 puntukoa B zatian.
2. proba: konpetentziak ebaluatzeko proba. Nahitaezkoa izango da, eta ez baztertzailea; hautagaien konpetentzia-profilaren elementuak baloratuko dira, deitutako lanpostuei dagokienez. Galdera sorta bat izango da, eta galderek zenbait erantzun-aukera izango dituzte.
Enplegu Publikoaren Atarian, informazio hau argitaratuko da aurrez: deialdiko lanpostuei dagozkien eta neurketarako baliatu ahal izango diren konpetentzia-profilaren elementuak; haztapen- eta balorazio-irizpideak eta egingo den probaren ezaugarriak. Argitara ematen den informazioan, erabili ahal izango diren proben adibide zehatzak jasoko dira, baita praktikarako baliabideak eta enuntziatuen adibideak ere.
Proba horren balorazioa 5 puntukoa izango da gehienez.
11.1.2.– Probak egiteko denbora.
Probak saio berean egin ahal izango dira. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda onartzen duen IVAPeko zuzendariaren ebazpenean egingo da deialdia.
11.2.– Unibertsitate-titulazioaren eskakizuna duten lanpostuetarako deialdietako oposizio-fasea.
11.2.1.– Proben deskribapena eta balorazioa.
Hiru proba egingo dira, bi fasetan banatuta.
I. FASEA
1. proba: teoriko-praktikoa izango da, eta bi zati izango ditu:
A zatia: gai-zerrenda orokor eta espezifikoei buruzko galdera-sorta bat izango da, eta galderek zenbait erantzun-aukera izango dituzte.
B zatia: zenbait erantzun-aukera dituen galdera-sorta bati erantzun beharko zaio hemen ere, eta deialdiko lanpostuetako zereginekin eta gai-zerrenda espezifikoarekin lotutako kasu teoriko-praktikoei buruzkoak izango dira galderak.
Erantzuten ez diren galderek ez dute baloraziorik izango, eta okerreko erantzun bakoitzeko penalizazio bat aplikatuko da: asmatutako erantzun baten heren bat deskontutako da.
Hautaketa-prozesua egokiro garatu dadin, kontuan hartuta eskatutako gutxieneko maila, proban erakutsitako ezagutza-maila eta deialdiko plaza kopurua, hautagaiak nor diren jakin aurretik, epaimahaiak puntuazio-atalase bat ezarriko du, proba gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa zein den zehazteko, eta jendaurrean emango da erabaki horren berri. Gutxieneko zuzeneko puntuazioa ezingo da izan zati bakoitzean gehienez lor daitekeen puntuazioaren ehuneko 35 baino txikiagoa eta ehuneko 65 baino handiagoa.
Proba bakoitza (edo probaren zati bat) gainditzeko epaimahaiak ezartzen dituen gutxieneko zuzeneko puntuazioak horiek gainditzeko behar diren gutxieneko kalifikazioen baliokideak izango dira.
Lor daitezkeen gehieneko zuzeneko puntuazioak proba bakoitzeko edo proba-zati bakoitzeko gehieneko kalifikazioen baliokideak izango dira.
Kalifikazioak kalkulatzeko (puntuazio bihurtuak) honako formula hauek aplikatuko dira:
– Hautagaiak lortutako zuzeneko puntuazioa epaimahaiak ezarritako gutxieneko zuzeneko puntuazioa baino handiagoa bada:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
– Hautagaiaren zuzeneko puntuazioa epaimahaiak ezarritako gutxieneko zuzeneko puntuazioa baino txikiagoa bada:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Non:
e(z): hautagaiaren kalifikazioa (puntuazio eraldatua).
z: hautagaiaren zuzeneko puntuazioa.
Gu: ariketa edo ariketaren zati bat gainditzeko epaimahaiak ezarritako gutxieneko zuzeneko puntuazioa (gutxieneko nota).
Ge: ariketan eta ariketa zati batean gehienez lor daitekeen zuzeneko puntuazioa.
A: ariketan edo ariketaren zati batean gehienez lor daitekeen kalifikazioa (gehieneko puntuazio bihurtua).
Probak 50 puntu izango ditu gehienez, eta 0 eta 25 puntu bitartean emango dira zati bakoitzean. Horietako bakoitzean 12,5 puntuko kalifikazioa (puntuazio bihurtua) lortu beharko da.
II. FASEA
2. proba: praktikoa izango da.
Lanpostuaren zeregin kritikoak simulatuko ditu; hala, balizko egoera bat edo batzuk azaldu edo aztertu beharko da/dira idatziz, galdera bati edo batzuei erantzun beharko zaie, deialdiko lanpostuko ohiko arazo bati konponbidea emateko diagnostikoa eta proposamena eratu beharko da edota txostena, irizpena edo beste edozein analisi egin, betiere bat etorrita deialdiaren xede diren lanpostuen gai-zerrendetan eta konpetentzia-profiletan jasotako edukiekin, plazari dagozkion abilezia teknikoekin eta hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskatzen den prestakuntza akademikoarekin ere.
Epaimahaiak zehaztuko du zein izango den proba praktiko horren formatu zehatza, deitutako plazei dagozkien trebetasun teknikoen arabera, eta iraupena ezarriko du, gehienez ere hiru ordukoa.
Proba horren balorazioa 45 puntukoa izango da gehienez.
Alderdi hauek baloratuko dira: erantzuna planteatu den egoerari egokitu zaion, dena delako plazari dagozkion abilezia teknikoak eta ezagutzak erakutsi diren, eta ezagutza eta abilezia horiek uztartzeko gaitasuna erakutsi den. Beste alderdi hauek ere baloratuko dira: analisi- eta sintesi-gaitasuna izatea, erantzunak arrazoitzea, kontzeptu eta terminologia doiak erabiltzea, ideiak ordena egokian eta argitasunez garatzea eta idatzizko adierazpen zuzena izatea. Epaimahaiak aurreko balorazio-irizpideak garatzeko beste irizpide batzuk adostuz gero, proba egin aurretik argitaratu beharko ditu.
Epaimahaiak zuzentze-irizpideen arabera kalifikatu beharko du ariketa hau, eta betiere proba egin aurretik argitaratuko ditu deialdiaren oinarrietan berariaz azaldu ez diren alderdiak zuzentzeko, baloratzeko eta gainditzeko erabiliko diren irizpideak.
Bigarren proba gainditzeko, oro har, 22,5 puntu lortu beharko dira gutxienez.
Dena dela, ariketa gainditu duten hautagaien kopurua deialdiko plazen kopurua baino txikiagoa bada, zabaldu egingo da ariketa gainditutzat ematen zaien hautagaien zerrenda, gutxienez 18 puntu lortu dituztenak sartuz.
3. proba: konpetentziak ebaluatzeko proba. Nahitaezkoa izango da, eta ez baztertzailea; hautagaien konpetentzia-profilaren elementuak baloratuko dira, deitutako lanpostuei dagokienez. Ariketan ebaluatu daitezkeen konpetentzien profilaren elementu zehatzak Enplegu Publikoaren Atarian argitaratuko direnetako bat edo batzuk izango dira. Proba egin aurretik, berariaz azalduko da konpetentzien profileko zer elementu neurtu ahal izango diren, zer proba mota egingo den/diren (nortasunari, konpetentziei edo gaitasunei buruzko testak edo galdetegiak, elkarrizketak, sarrera-ontziak, egoera-probak, talde-dinamikak, rol-probak, kasu-azterketak, ahozko aurkezpenak eta beste proba batzuk), zenbat iraungo duen eta haztapen eta baloraziorako zer irizpide erabiliko diren.
Proba horren balorazioa 5 puntukoa izango da gehienez.
11.2.2.– Probak egiteko denbora.
Onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda onartzen duen IVAPeko zuzendariaren ebazpenean egingo da lehen probarako deialdia.
II. faseko probak saio bakarrean egin ahal izango dira, eta oinarri hauetan ezarritakoaz bestelako ordenan. Lehenengo probaren behin betiko emaitzak argitaratzen dituen IVAPeko zuzendariaren ebazpenean, II. faseko probak egiteko deialdia eta probak egitera deitutako hautagaien izen-zerrenda jasoko dira.
11.3.– Proben garapena.
Prozesu bakoitzeko lehiakideei deialdi bakarrean deituko zaie ariketak egiteko. Salbuespena izango dira konpetentziak baloratzeko ahozko probak. Epaimahaiak, hautaproben garapenean aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko xedez, probetarako deialdien baldintzak egokitu ahal izango ditu, hautagairen bat bertaratu ezin bada haurdunaldia, erditzea edo ezinbesteko kasuak direla eta. Era berean, egokitzapena eskatu ahal izango da haurdunaldi aurreratu edo arriskukoagatik, erditze aurreko edo ondorengo aldian egoteagatik, edoskitzeagatik, tratamendu onkologikoan egoteagatik, gerora sortutako inguruabarrengatik edo inguruabar bereziengatik, edota epaimahaiak premiei dagokienez parekagarritzat jotzen dituen beste egoera batzuengatik. Ahal dela, proba egin baino lehen eman beharko zaio epaimahaiari egoera horien berri, eta justifikazio-agiriak erantsi, bai eta Enplegu Publikoaren Atarian eskuragarri egongo den eskabide bat ere.
Epaimahaiak ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokituko dizkie egokitzapenik behar eta eskabidean hala adierazi duten hautagaiei. Horrela, aukera-berdintasunez arituko dira gainerako parte-hartzaileen aldean; hala ere, hori eginda inoiz ez da probaren edukia desitxuratu behar, ezta eskatutako gaitasun-maila jaitsi edo urritu ere. Legez desgaitasuna duten pertsonak ez diren hautagaiek egokitzapenak eskatu ahal izango dituzte probak egiteko, arrazoi medikoengatik. Horretarako, dagokion egiaztagiri medikoa aurkeztu beharko dute, epaimahaiak balora dezan. Dokumentazio hori helbide honetara bidali beharko da: epaimahaiak@ivap.eus
Hautaprobak egitera bertaratu daitezke bai prozesuan onartuta daudenak, bai egiaztatzen dutenak oraindik ebazteke dagoen gora jotzeko errekurtsoa jarri dutela, baztertu gisa azaldu arren. Nork bere burua identifikatzeko, nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko du probetara.
Probak egin bitartean, IVAPek behar diren neurriak hartuko ditu, indarrean dagoen legediaren barruan, jarrera iruzurtiak jazartzeko, enplegu publikora sartzeko berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak urratzen dituzten heinean.
11.4.– Oposizio-faseko puntuazioen zerrenda.
Oposizio-faseko proba egiteko saio bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu, eta 10 egun balioduneko epea emango du erreklamazioak egiteko. Epe hori amaitu eta erreklamaziorik egon bada haiek ebatzi ondoren, behin betiko emaitzak argitaratuko ditu epaimahaiak.
Era berean, epaimahaiak 1. eta 2. proben erantzun zuzenak argitaratuko ditu.
Emaitzak 7. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratuko dira.
11.5.– Oposizio-faseko kalifikazioak gordetzea.
Proba teoriko-praktikoan eta, hala badagokio, oposizio-faseko proba praktikoan lortutako kalifikazioak kategoria berean sartzeko hurrengo prozesuetan gorde eta baliarazi ahal izango dira. Horretarako, hurrengo deialdi horrek aurrekoaren parekoa izan beharko du gai-zerrendari zein kalifikazio-moduari dagokienez. Araudia eguneratu ahal izango da, nolanahi ere.
Era berean, konpetentziak ebaluatzeko proban lortutako kalifikazioa hurrengo prozesuetarako gorde eta baliarazi ahal izango da, betiere deitutako lanpostuetan baloratu den konpetentzia-profila aldatu ez bada.
Hurrengo deialdi horietan zehaztuko da ea aukerarik ematen den onartutakoen kalifikazioak gordetzeko, aipatutako irizpideetan oinarrituta. Aukera hori baliatzeko baldintzak ere zehaztuko dira orduan.
12.– Lehiaketa-fasea.
Lehiaketa-fasean, oposizio-fasea gainditu dutenen merezimenduak aztertu eta baloratuko dira; 45 puntuko balorazioa izango du gehienez.
Emandako zerbitzuengatiko esperientzia eta tituluak baloratuko dira. Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko dira baloratuko diren merezimenduak eta aplikatuko zaien baremoa.
Oposizio-fasea gainditu dutenen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera, 10 egun balioduneko epea emango da merezimenduak alegatzeko, 9. oinarrian xedatutakoari jarraituz. Hala ere, oposizio-fasea bi fasetan banatuta duten hautaketa-prozesuetan, bigarren faseko ariketak egiteko deialdian ezarriko da merezimenduak alegatzeko epea.
Fase hau ez da baztertzailea izango.
13.– Euskara jakitea.
Derrigortasun-datatik aurrera, hizkuntza-eskakizuna bete beharko da dagokion lanpostura iristeko eta bertan jarduteko.
Dena dela, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuaren 37.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, C2 hizkuntza-eskakizuna esleituta duten eta derrigortasun-data igarota duten lanpostuak hautatu eta betetzeko prozesuetan, hautagaietako batek ere ez badu egiaztatzen eskakizun hori, C1 hizkuntza-eskakizuna aplikatuko zaio lanpostu horri, lanpostua hautatzeko edo betetzeko deialdiaren ondorioetarako soilik.
Aurreikuspen hori ez zaie aplikatuko hizkuntza-normalizazioari, itzulpenari edo interpretazioari lotutako lanpostuak direlako lanpostuen zerrendan hizkuntza-eskakizun tekniko-profesionala esleituta duten lanpostuei. Kasu horietan, dagokion deialdiak baldintza gisa ezarriko du hautagaiek C2C2 hizkuntza-eskakizuna izatea.
Euskara jakitea merezimendu gisa baloratuko da derrigortasun-data igarota ez dutelako betekizuntzat eskatzen ez den lanpostuetan.
Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan ezarriko da nola baloratuko den euskara jakitea eta zenbat puntu emango zaion hizkuntza-eskakizun bakoitzari.
14.– Azken kalifikazioa.
14.1.– Hautagai bakoitzaren azken kalifikazioa honako hauetan lortutako puntuen batura izango da: oposizio-fasean eta lehiaketa-fasean, bai eta egiaztatutako euskararen ezagutzaren balorazioan ere (azken hori betekizuna ez, baizik eta merezimendua bada).
14.2.– Lehentasun-klausula.
Bat etorriz martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 21. artikuluan ezarritakoarekin, gaikuntza-berdintasuna egonez gero, emakumeei emango zaie lehentasuna emakumeen ordezkaritza % 40tik beherakoa den lanpostuetarako deialdietan. Salbuespena izango da beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak izatea –sexuan oinarritutako diskriminaziorik eragiten ez badute–, hala nola lanpostuak lortzeko eta mailaz igotzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.
Ondorio horietarako, gaikuntzari dagokionez hautagaien arteko berdinketa dagoela joko da, baldin eta hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan puntu-berdinketa badago –proba guztiak egin eta baloratu, eta dagozkion merezimenduak gehitu ondoren, alegia–.
Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko da artikulu horretan xedatutakoa aplikatuko den ala ez, dagozkien lanpostuetan emakumeek duten ordezkaritzaren arabera.
14.3.– Berdinketak hausteko irizpideak.
Berdinketarik egonez gero, irizpide hauek bata bestearen ondoren aplikatuz ezarriko da lehentasun-hurrenkera:
14.3.1.– Titulazio-eskakizunik ez duten lanpostuetako eta unibertsitatekoaz bestelako titulazioa eskatzen duten lanpostuetako deialdiak.
1.– Puntu gehiago izatea, guztira, oposizio-fasean.
2.– Puntu gehiago izatea 1. probako A zatian.
3.– Puntu gehiago izatea 1. probako B zatian.
4.– Puntu gehiago izatea 2. proban.
5.– Puntu gehiago izatea esperientziarengatik.
6.– Esperientzia konputagarriko egun gehiago izatea balora daitekeen aldian.
7.– Puntu gehiago izatea tituluengatik.
8.– Ordena alfabetikoa, Hezkuntza Sailak 2026-2027 ikasturterako egindako zozketatik ateratako letratik hasita (zozketaren emaitza Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2025eko urriaren 28ko Ebazpenean argitaratu zen, 2025eko azaroaren 5eko EHAA).
14.3.2.– Unibertsitate-titulazioa eskatzen duten lanpostuetarako deialdiak.
1.– Puntu gehiago izatea, guztira, oposizio-fasean.
2.– Puntu gehiago izatea 2. proban.
3.– Puntu gehiago izatea 1. probako A zatian.
4.– Puntu gehiago izatea 1. probako B zatian.
5.– Puntu gehiago izatea 3. proban.
6.– Puntu gehiago izatea esperientziaren ondorioz.
7.– Esperientzia konputagarriko egun gehiago izatea balora daitekeen aldian.
8.– Puntu gehiago izatea tituluengatik.
9.– Ordena alfabetikoa, Hezkuntza Sailak 2026-2027 ikasturterako egindako zozketatik ateratako letratik hasita (zozketaren emaitza Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2025eko urriaren 28ko Ebazpenean argitaratu zen, 2025eko azaroaren 5eko EHAA).
14.4.– Prozedura eta erreklamazioak.
Merezimenduen balorazioa egin ondoren, IVAPeko zuzendariak gainditutakoen behin-behineko kalifikazioen zerrendak argitaratzeko aginduko du, deialdiko plazen txanda, modalitatea (orokorra edo desgaitasuna duten pertsonentzat gordea), horrela badagokio, eta hizkuntza-eskakizuna aintzat hartuta.
Argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko.
Erreklamazioak egiteko epea amaitutakoan, eta aurkeztutakoak ebatzi ondoren, IVAPeko zuzendariak gainditu dutenen azken kalifikazioen eta eskainitako lanpostuen behin betiko zerrendak argitaratzeko aginduko du.
Deialdiko prozesu bakoitzeko, gainditutakoen azken kalifikazioen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, deialdiko plazen modalitatea (orokorra edo desgaitasuna duten pertsonentzat gordea) eta, horrela badagokio, hizkuntza-eskakizuna kontuan hartuta. Zerrenda horietan, hautagai bakoitzaren lehentasun-hurrenkera adieraziko da, lortutako puntuazioaren arabera eta, hala badagokio, lehentasun-klausula eta berdinketak hausteko irizpideak aplikatuz.
15.– Lanpostuak aukeratzea.
Merezimenduak alegatzeko ezarritako epean aukeratu beharko dira lanpostuak.
15.1.– Parte-hartzaileak.
Merezimenduak alegatzeko deitzen diren parte-hartzaile guztiek aukeratu beharko dituzte lanpostuak.
Lanpostuak aukeratzeko deia jaso eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera lanpostuak garaiz eta behar bezala aukeratzen ez dituztenak ezin izango dira, inola ere, hautatutzat hartu.
15.2.– Eskainitako lanpostuen zerrenda.
Prozesu bakoitzerako eskainitako lanpostuen zerrendan honako hauek adieraziko dira: lanpostuaren izena, saila edo organismoa, zentro organikoa, destinoko herria, esleitutako ordainsari-maila, hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data eta lanpostuaren betekizun espezifikoak. Era berean, lanpostu hori langile lan-kontratudun finko baten erretiro partzialari lotuta egongo den adieraziko da, eta, ondorioz, hautatutako pertsonarekin txandakako lan-kontratu finkoa sinatuko den.
15.3.– Lanpostuak aukeratzeko eskabideak.
Lanpostuak bide elektronikoz aukeratzeko, Enplegu Publikoaren Atarian eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/
15.4.– Aukeratutako lanpostuen hurrenkera.
Lanpostuak aukeratzeko prozeduran parte hartzera deitutako pertsonek hurrenkeran ipini beharko dituzte, beren lehentasunen arabera, eskainitako lanpostuak, hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, lanpostuei esleitutako betekizun espezifikoak kontuan hartuta aukeratu baditzakete.
15.5.– Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitateko hautagaientzako arau espezifikoa.
Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitatean parte hartzen duten pertsonek, lanpostuak aukeratzeko eskabideetan, aukera izango dute egokitzapenak eskatzeko dagokien lanpostuan edo lanpostuetan. Eskatutako egokitzapena egokia den eta eskatutako lanpostuek esleituta dituzten zereginekin bateragarria den zehazte aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen Prebentzio Zerbitzuak dei egin ahal izango die hautagaiei.
Era berean, lanpostuak aukeratzeko izapidean lehentasun-hurrenkera aldatzeko eska diezaiokete epaimahaiari. Horretarako:
– Agiri bidez justifikatu beharko dituzte haien arrazoiak, hau da, zer mugikortasun- edo mendekotasun-arrazoitan oinarritzen den haien eskaera (foru-aldundietako sail eskudunaren, Imsersoren edo erakunde baliokidearen txostena).
– Argi zehaztu beharko dute zer-nolako lanpostuak eskatzen dituen lehentasunez esleitzeko (lantoki zehatza, udalerria, etab.).
– Eskabidearen lehenengo lekuetan eskatu beharko dituzte betekizunak betetzen dituzten eta eskatutako esleipen-lehentasunaren ezaugarriei erantzuten dieten eskainitako lanpostu guztiak.
16.– Destinoak esleitzea.
Eskainitako plazen zerrenda bakarra egingo da deialdi eta hizkuntza-eskakizun bakoitzeko. Zerrenda horretan, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitateko parte-hartzaileak sartuko dira, prozesuan lortutako guztizko puntuazioaren arabera, handienetik txikienera ordenatuta. Zerrenda horren hurrenkera erabakigarria izango da lanpostuak esleitzeko, 15.5 oinarrian aurreikusitakoa izan ezik.
Epaimahaiak hala erabakitzen duenean (behar bezala justifikatuta dagoelako), beharrezkoak diren gutxieneko aldaketak egingo dira lehentasun-hurrenkeran, desgaitasuna duten pertsonek lanpostu jakin batzuk eskuratu ahal izan ditzaten, betiere 15.5 oinarrian xedatutakoaren arabera eta bat etorriz Desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikorako sarbidea izatea eta lanpostuak betetzea arautzen duen abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoarekin. Hori guztia, baldin eta desgaitasunak ez badie eragozten lanpostuko zereginak betetzea.
Baldin eta, behin desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako sarbide-modalitateko plazak agortuta, parte-hartzaile gehiago badaude modalitate horretan, sarbide-modalitate orokorreko plaza bat lortu ahal izango dute dagokion txandan eta deialdian, prozesuan lortutako puntuazioaren arabera.
17.– Hautatutakoen zerrenda.
Merezimenduen balorazioaren behin betiko zerrenda argitaratu ostean, hautatutako pertsonen eta esleituko diren lanpostuen zerrenda egingo da, kontuan hartuta eskatutako betekizunak betetzen diren, hautagai bakoitzak zer puntuazio-hurrenkera duen eta zer lehentasun adierazi dituen.
IVAPeko zuzendariaren ebazpen bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta ebazpen horretan adieraziko da 7. oinarrian adierazitako lekuetan egongo direla ikusgai hautatutako pertsonen eta esleitu beharreko lanpostuen behin betiko zerrendak, eta 10 eguneko epea ezarriko da langile lan-kontratudun finko gisa edo txanda-kontratua duen lan-kontratudun finko gisa kontratatzeko behar diren izapideak egiteko.
18.– Lan-kontratudun langile finko gisa edo txandako lan-kontratudun finko gisa kontratatzea.
18.1.– Langile lan-kontratudun finko gisa kontratatzeko behar diren izapideak.
Hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, kontratatzeko beharrezkoak diren izapideak egin beharko dituzte pertsona horiek.
Enplegu Publikoaren Atariaren bidez, zeregin hauek egin beharko dituzte hautatutakoek:
– Ordenamendu juridikoa betetzen dutela dioen erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu.
– Zerbitzutik bereizteko ezintasunik, bateraezintasunik, desgaikuntzarik edo diziplinaz kaleratzeko zehapenik ez dutela dioen erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu.
– Hala badagokio, izendapena egiteko eta Gizarte Segurantzan alta emateko beharrezkoak diren datuak eta dokumentazioa aurkeztu.
– Esleitutako lanpostuan hasteko aukeren artean hautatu. Txandako lan-kontratu finkoa sinatzeko hautatutako pertsonen kasuan, esleitutako lanpostua benetan betetzea izango da aukera, nahitaez, lan-kontratuan zehazten den egunean.
18.2.– Dokumentuak ez aurkeztearen ondorioak.
Ez dira kontratatuko prozeduran zehar baldintzak eta merezimenduak egiaztatzeko emandako epeen barruan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiriak aurkezten ez dituztenak (edo aurkeztutako agiriak aztertuta ondorioztatzen bada eskatutako baldintzaren bat edo deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez dutela), edo alegatutako merezimenduak justifikatzeko dokumentaziorik aurkezten ez dutenak, edo dagozkien zereginak betetzeko eska daitekeen gaitasun fisikoa edo psikikoa betetzen ez dutenak. Kasu horietako bat gertatuz gero, egindako jarduketa guztiak baliogabetuko dira, hargatik eragotzi gabe eskabidea faltsutzeagatik erantzukizunak izatea.
18.3.– Langile lan-kontratudun finko gisa kontratatzea.
Kontratazioa egiteko behar diren izapideak egiteko epea amaituta, Enplegu Publikoko zuzendariaren ebazpena argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Ebazpen horren bidez, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari bidaliko zaio aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duten pertsona hautatuen zerrenda, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen zerbitzurako lan-kontratuak formalizatzeko.
Aukeratutako pertsonek ebazpen horretan ezarritako egunean sinatu beharko dute lan-kontratua.
Txanda-kontratu bat sinatzeko hautatutako pertsonen kasuan, lanpostuan benetan hasi beharko dute lanean, langile baten erretiro partzialarekin duten lotura dela eta.
Ezarritako egunean, ezinbesteko kasuetan izan ezik, kontratua sinatzen ez duenak galdu egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak, deialditik eratorriak, hain zuzen.
19.– Epaimahaia.
19.1.– Osaera.
Epaimahaiak hiru kide edo kide kopuru bakoiti handiago bat izango du; horietako bat lehendakaria izango da, eta beste bat idazkaria.
Epaimahaia modu orekatuan egongo da osatuta trebakuntza, konpetentzia eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonekin, salbu eta behar bezala justifikatzen bada hori ezinezkoa dela. Ordezkaritza orekatua egongo da lau kide baino gehiagoko organoetan sexu bakoitzak, gutxienez, % 40ko ordezkaritza duenean, eta gainerako organoetan, berriz, sexu biak ordezkatuta daudenean.
Epaimahaiak, komeni dela uste badu, aukera izango du adituei aholkua eskatzeko. Pertsona horiek, epaimahaiarekin lankidetzan aritzen direnean, beren espezialitate teknikoaren alorreko aholkularitza eman besterik ez dute egingo.
Epaimahaiko kideen lana modu indibidualean egingo da beti, eta ezin izango da inoren izenean edo inoren ordezkari gisa aritu.
19.2.– Izendapena.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren agindu bidez izendatuko dira epaimahaiko kideak. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
Izendatutako pertsonek egokitu zaizkien epaimahaiak osatu beharko dituzte, salbu eta ezgaitasun, ezintasun edo legezko bateraezintasunen bat, abstentzio-kausaren bat edo ezinbesteko kausaren bat ikusten badu Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak.
19.3.– Abstenitzea eta errekusatzea.
Epaimahaiko kideak jardutetik abstenituko dira, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari jakinarazita, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezarritako kasuetan. Orobat, jardutetik abstenitu beharko dira hautaprobetan parte hartuko duen hautagairen bat prestatzen jardun badute deialdia argitaratu aurreko bost urteetan.
Aurreko kasuren bat gertatzen denean ere, interesdunek noiznahi izango dute aukera epaimahaiko kideak errekusatzeko, aipatutako legearen 24. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
19.4.– Jarduteko arauak.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritako arauen arabera jardungo du epaimahaiak. Nolanahi ere, epaimahaiburuak aginduta eta idazkariak bilerarako deia eginda bilduko da epaimahaia, hautaprobak hasi baino behar beste denbora lehenago, eta, balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da epaimahaiburua eta idazkaria (edo, hala dagokionean, haien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak bertaratzea.
Epaimahaiko kide guztiek izango dituzte hitza eta botoa.
Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Epaimahaiburuaren kalitatezko botoaren bidez ebatziko dira berdinketak.
Epaimahaiburua (edo haren ordezkoa) bertaratu ez bada, gaixo dagoelako, bere kargua hutsik dagoelako edo bestelako lege-arrazoiren bat dagoelako, antzinatasun handiena duen edo adinez zaharrena den epaimahaikideak hartuko du haren lekua, hurrenkera horretan.
Idazkaria (edo haren ordezkoa) bertaratu ez bada, gaixo dagoelako, bere kargua hutsik dagoelako edo bestelako lege-arrazoiren bat dagoelako, epaimahaiak gehiengoaren erabakiz aukeratzen duen epaimahaikideak hartuko du haren kargua.
19.5.– Ahalmenak.
Epaimahaia arduratuko da oposizio-faseko probak prestatzeaz, balorazio-irizpideak ezartzeaz eta parte-hartzaileei dagokien puntuazioa esleitzeaz.
Halaber, balorazio-iritzia agertzea eskatzen duten merezimenduak baloratzeaz ere arduratuko da, diskrezionalitate teknikoan oinarrituta eta deialdian ezarritakoarekin bat etorriz. Horretarako, merezimenduak baloratzeko proposamen bat helaraziko dio IVAPek epaimahaiari, organismo horren irizpide teknikoetan oinarrituta.
Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, eta bera izango da, bere jardun-eremuan, prozeduraren gardentasun eta objektibotasunaren, proben eduki eta konfidentzialtasunaren eta deialdiko oinarriak zorrotz betetzearen erantzulea.
Bere jardun-eremuan eta ordenamendu juridikoarekin bat etorriz, batetik, oinarri hauek eta oinarri espezifikoak aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu; bestetik, deialdia behar bezala garatzeko beharrezko diren erabakiak hartuko ditu, eta, azkenik, behar diren irizpideak ezarriko ditu oinarrietan aurreikusten ez diren kasuetarako.
Epaimahaiburuak behar diren neurriak hartuko ditu oposizio-faseko ariketen edukia isilpean gordetzen dela bermatzeko, eta gauza bera egingo du azterketak zuzentzean azterketa bakoitza norena den ez jakiteko.
19.6.– Egoitza.
Erreklamazioak elektronikoki aurkeztuko zaizkio epaimahaiari, eta, horretarako, Enplegu Publikoaren Atarian, helbide elektroniko honetan dagoen inprimakia bete beharko da: https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/
19.7.– Egindako zerbitzuagatik jaso beharreko kalte-ordainak.
Epaimahaiko kideek dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte beren zerbitzuagatik, bai eta bertaratzeagatik ere, bat etorriz arlo honetako indarreko araudiarekin.
Dagozkion kalte-ordainak jasoko dituzte, era berean, epaimahaiari aholkularitza ematen dioten edo zaintzan edo laguntza materialean laguntzen dioten pertsonek.
20.– Lan-poltsak.
Hautaketa-prozesu bakoitza amaitzean, lan-poltsa berriak sortuko dira.
Lan-poltsak antolatzean, hautaketa-prozesu bakoitzaren emaitzak hartuko dira kontuan lehentasunez.
Lan-poltsa berriak osatzeko eta antolatzeko irizpideak Enplegu Publikoko Sailburuordetzaren ebazpen bidez zehaztuko dira, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren. Bien bitartean, egun indarrean dauden lan-poltsei eutsiko zaie.
21.– Hautaketa-prozesuko datuen babesa eta kudeaketa.
Behar bezala betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua –Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra)–, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa –Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa– eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia, datu pertsonalak «Hautaketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.
– Tratamenduaren arduraduna: Enplegu Publikoko Zuzendaritza. Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saila.
– Tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: Enplegu publikora sartzeko prozesuak kudeatzea, eta lekualdatze-lehiaketak eta zerbitzu-eginkizunak kudeatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako funtzionarioen eta langile lan-kontratudunen lanpostuetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako aldi baterako lan-eskaintzen lan-poltsak nahiz lan-kontratudun langileak kontratatzeko eta bitarteko funtzionarioak izendatzeko lan-poltsak kudeatzea (eraketa, integrazioa eta birbaremazioa).
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko eta lan-zuzenbidearen arloko eta segurtasun eta babes sozialaren arloko betebeharrak betetzeko (11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoarena; 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena; 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena; (EB) 2016/679 Erregelamenduaren 9.2.b) artikulua).
– Informazio-hartzaileak:
– Sindikatuak eta langileen batzordeak.
– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
– Lan-poltsetan dauden langileen datuak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batzuei eta sektore publikoko entitateei eman ahal izango zaizkie.
– Eskubideak: datuetarako irispidea izatea, datuak zuzentzea eta ezereztea, eta informazio gehigarrian azaldutako beste zenbait eskubide.
– Informazio gehigarria: Web-orri honetan kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/128100-capa2-eu.shtml
RSS