
80. zk., 2026ko maiatzaren 4a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (163 KB - 7 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
1801
2/2026 FORU DEKRETU-ARAUA, apirilaren 14koa, Ekialde Ertaineko krisiaren eragina arintzeko neurriei buruzkoa.
Ekialde Ertaineko egungo krisia Estatu Batuen, Israelen eta Iranen artean piztu den tentsio militar gero eta handiagoaren testuinguruan garatzen ari da, eta horrek gerra giro bizia sorrarazi du erregioan. Ezegonkortasun gero eta handiago horrek garrantzi handiko eremu estrategikoak ukitu ditu, Ormuzko itsasartea esate baterako, munduko petrolio eta gas horniduran giltzarri den funtsezko pasabidea.
Ondorioz, energiaren nazioarteko prezioek nabarmen egin dute gora. Garestitze horrek inportazio energetikoekiko mendekotasun handia duten herrialdeak ukitzen ditu bereziki; haietan, kostuen igoerak zuzeneko eragina du ekonomian eta energiaren fakturan.
Gipuzkoan, biziki nabaritzen da egoera hori, industria sareak pisu handia duelako, eta energia asko kontsumitzen duelako. Energiaren kostuak handitu direlarik, murriztu da lurraldeko enpresa askoren gaitasuna eta lehiakortasuna, eta egoera aldakor berezi bat sortu da, azkar eta arin jardutea eskatzen duena, aldakortasun horren eragina zergaren arlotik arintzeko.
Hala, testuinguru horretan, foru dekretu arau honen bidez, batik bat zerga arloko hainbat neurri ezohiko eta aldi baterako ezartzen dira egungo inflazio egoerak jarduera ekonomikoetan duen eragin ekonomiko negatiboari erantzuteko eta ekonomiaren operadore zaurgarrienetan (mikroenpresa, enpresa txiki eta langile autonomoetan) izan ditzakeen ondorio negatiboak prebenitzeko.
Foru dekretu arauak hiru kapitulu ditu: I. kapituluan Ekialde Ertaineko krisiaren ondorioak arintzeko hartzen diren neurri koiunturalak biltzen dira; II. kapituluan jasotzen dira tributuekin erlazionatutako beste neurri batzuk, aurrekoen helburu berbera izanik indarraldi luzeagoa izateko pentsatuta daudenak; eta III. kapituluak aldaketak sartzen ditu, irauteko bokazioarekin ere, erregelamendu mailako zenbait xedapenetan, behar-beharrezkoak direnak, alde batetik, Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduko 36 bis artikuluaren 3. apartatuak duen idazketa argitzeko, haren aplikazioak ez diezaion kalterik eragin trantsizio energetikoa xede duten proiektuen finantzaketari, eta, bestetik, Kontseiluaren 2021eko martxoaren 22ko (EB) 2021/514 Zuzentarauaren (DAC 7aren) transposizio osoa bermatzeko, eta, horrekin, Europako Batzordearekin hartutako konpromisoa betetzeko.
Aurrenekoen artean, honako hauek dira bereziki nabarmentzekoak:
Autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek zerga zorren gerorapen-zatikapen berezi bat eskatu ahal izango dute, bermerik aurkeztu behar izan gabe eta berandutze interesik sortu gabe, baldin eta beren zerga zorrak borondatezko epean autolikidatu eta ordaintzeko epea foru dekretu arau hau indarrean jartzen den egunetik hasi eta hurrengo hiru hilabete bitartean amaitzen bada. Hau da, zerga zorrak neurri honetara bildu ahal izango dira baldin eta haien sorburu diren hileko edo hiruhileko autolikidazioak borondatezko aldian aurkeztu eta ordaintzeko epea apirilean, maiatzean edo ekainean amaitzen bada. Kuota 4 zati berdinetan zatikatuko da, eta lehenengoa 2 hilabeteko gabealdia igaro ondoren ordainduko da.
Horrez gain, jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunak salbuetsita geratzen dira 2026ko lehen hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatutik.
Aukera ematen da 2026ko ekitaldian eskuratutako ondare elementu berri batzuk modu azkartuan amortizatzeko, amortizazio taulan jasotzen den gehieneko koefizienteari 1,5eko koefiziente biderkatzailea aplikatuta. Neurri horrek ondasunaren balio bizitza osoari eragiten dio. Gaur egun bizi dugun testuinguru ekonomiko konplexuan beren lehiakortasuna berreskuratzeko zergadunek egin behar duten ahalegina sustatzea da haren helburua.
Azkenik, 2026ko ekitaldian enplegua sustatze aldera, 100eko 10 handitzen da enplegua sortzeagatik aplikatzen den kenkariaren zenbatekoa, bai modalitate orokorrean, bai lanean hasteko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei dagokienez. Era berean, emakumeei eta 36 urtetik beherakoei zuzendutako enplegua sortzeagatik aurreikusitako kenkariaren portzentajea 10 puntu handitzen da, urteko soldata gordinaren 100eko 45era iritsi arte.
II. kapituluan, eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergarekin lotuta, salbuespenen artean sartzen dira aurrezpen energetikoen eskualdaketak, Aurrezpen Energetikoko Ziurtagirien Sistemaren esparruan eginak direnean. Horrez gain, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifak aplikatzeko instrukzioaren 14. erregelaren 1. apartatuko A) letran aldatu egiten da potentzia instalatuari buruz jasotzen den definizioa (kanpoan uzten dira labe eta galdara elektrikoak).
III. kapituluak sozietateen gaineko zergaren erregelamenduko 36 bis artikuluaren 3. apartatuari emandako idazketa argitzen du, trantsizio energetikoarekin zuzenean lotuta dagoena, eta egungo zailtasunetan Ekialde Ertainetik datozen lehengaiekiko mendekotasunak dakarren zaurgarritasun egoerari konponbide estruktural bat ematea du helburu. Artikulu horren egungo idazketak zalantzak sortzen zituen haren aplikazioan, eta zalantza horiek oztopo bat izan zitezkeen aipatutako trantsizio energetikoak eskatzen dituen inbertsioak egiteko, finantzatu daitezkeen kostuak mugatzen zituelako. Idazketa berriarekin zehazten da ezen finantzatu daitezkeen kostuen denbora mugak eragina duela, soil-soilik, zergadunak aukeratzen duenean ordainketak egin ahala jotzen duela egindakotzat inbertsioa. Bestalde, dekretu arauarekin amaitutzat ematen da DAC 7 zuzentarauaren transposizio lana, Europako Batzordeari neurriak hartzeko bidali zaion egutegiarekin bat, eta horrekin bete egiten da aldaketa ahalik eta azkarren sartzeko hartutako konpromisoa.
Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 14. artikuluan jasotako aurreikuspenek eta, haiekin batera, botere publikoek egungo egoera bereziari ahal den azkarren erantzun beharrak justifikatu egiten dute foru dekretu arauaren figura erabiltzea, zeinak hemen jasotzen diren neurriek berehalako ondorioak izatea ahalbidetzen baitu. Horrela onesten diren xedapenak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
NEURRI KOIUNTURALAK
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio eremua.
Foru dekretu arau honetan jasotzen diren presazko zerga neurriek helburu bikoitza dute: batetik, Ekialde Ertaineko gatazka belikoak eragindako tentsio finantzarioak arintzea eta, bestetik, lagungarri gertatzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko zergadunek testuinguru horretan inbertsioak egiten eta enplegua sortzen jarraitu dezaten.
2. artikulua.– Zerga zorren gerorapen-zatikapen berezia.
1.– Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek, balio erantsiaren gaineko zergari lotutako eta salbuetsi gabeko errentamenduengatik kapital higiezinaren etekinak lortzen dituzten zergadunek, eta orobat Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 13. artikuluan definitutako mikroenpresa eta enpresa txikiek bermerik zertan aurkeztu gabe eta berandutze interesik sortu gabe geroratu-zatikatu ahal izango dituzte zerga zorrak, artikulu honetan xedatutakoari jarraituz, foru dekretu arau hau indarrean jarri eta ondorengo lehen hiru hilabeteetan amaitzen bada zor horiek sortu dituzten hileko eta hiruhileko autolikidazioak aurkezteko eta borondatez ordaintzeko epea.
Araubide bera berdin aplikatuko zaie honako hauei: errentak esleitzen dituzten entitateen zerga zorrei, entitate horiek jarduera ekonomikoak egiten badituzte, eta fiskalki babestuta dauden kooperatibenei, baldin eta, kooperatiba horiek tamaina txikikoak izanik, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 13. artikuluan mikroenpresa edo enpresa txikitzat hartzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauaren 26. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.
Entitatearen tamainari buruzko beharkizuna betetzen dela egiaztatzeko garaian, aintzat hartu beharko da nolako entitatea den geroratu beharreko zorra aurkeztu eta ordaintzeko epearen amaiera egunean borondatezko autolikidazio epea amaitzen zaion azken ekitaldian.
Entitate berrien kasuan, lehen ekitaldia autolikidatzeko borondatezko epea amaitu gabe badago, lehen ekitaldi horretan den entitate motari erreparatuko zaio, ekitaldi hori amaituta egon ala ez.
2.– Gerorapen-zatikapen berezi hori lortzeko, zergadunek egunean eduki beharko dituzte beren zerga betebeharrak, eta autolikidatzeko borondatezko epean aurkeztu beharko dute eskaera.
3.– Zerga zorra ordaintzeko, artikulu honetan aipatzen diren zergapekoek zorra zenbateko bereko 4 kuotatan zatikatzeko eskatu ahal izango dute, bana hileko, eta kuota horietako lehena 2 hilabeteko gabealdia igaro ondoren ordaindu beharko dute.
Gerorapen-zatikapen horien zenbatekoa ez da kontuan hartuko bermerik gabeko gainerako zatikapen espedienteen ondorioetarako.
4.– Autolikidazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuan aurkezten den unean egingo da eskaera.
5.– Artikulu honetan aipatzen diren gerorapen-zatikapen bereziak Zerga-bilketako zuzendariorde nagusiak ebatziko ditu.
6.– Artikulu honetan araututako gerorapen-zatikapen bereziei, artikulu honetan arautzen ez den guztian, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean eta abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretu bidez onetsitako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketa Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko zaie. Hala ere, haiek eskatzen direnean, ez da beharrezkoa izango dokumentaziorik aurkeztea, eta 44.1.A.b) artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoa ere ez da aplikatuko.
7.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, ondarearen gaineko zergaren, fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkor bidez jarduten duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren ondorio diren aitorpen edo autolikidazioengatik zergadunek ordaindu behar dituzten zerga zorrak gerorapen-zatikapen berezi honetatik kanpo geratzen dira.
3. artikulua.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan ordainketa zatikatuak egitetik salbuestea.
Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek ez dute Gipuzkoako Foru Ogasunean derrigor autolikidatu eta ordaindu beharko 2026ko lehen hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 124. artikuluak arautzen duena (urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsia).
Beren borondatez ordainketa zatikatu horien autolikidazioa aurkezten badute, ezingo dute eskatu dagokion zenbatekoaren ordainketa geroratu edo zatikatzea, eta ez dute eskubiderik izango ordainketa hori bidegabeko diru-sarrera gisa itzul dadila eskatzeko.
4. artikulua.– Aparteko amortizazio azkartua eskuratutako aktibo berrietarako.
Ibilgetu materialeko elementu berriak –kanpoan utzita Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 31. artikuluko 3. apartatuaren a) letran eta c) letraren bigarren paragrafoan eta 4. apartatuaren lehen eta bigarren paragrafoetan adierazitako arauak aplikatzen zaizkien eraikinak eta garraiobideak– 2026. urtean zehar eskuratzen badira, funtzionamenduan jartzen direnetik aurrera eta haien balio bizitzan zehar amortizatu ahal izango dira, aipatutako foru arauaren 17. artikuluan jasotzen den taulako gehieneko amortizazio koefizientea bider 1,5 eginez ateratzen den koefizientea aplikatuta. Barruan sartzen dira enpresak berak eraikitako ibilgetu materialeko elementuak eta 2026ko ekitaldian sinatutako obra kontratuen bidez enkargatutakoak, betiere kontratua amaitu eta hurrengo hamabi hilabeteen barruan jartzen badira enpresaren eskura.
5. artikulua.– Kenkari handitua enplegua sortzeagatik.
1.– Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 66. artikuluan enplegua sortzeagatik arautzen den kenkaria aplikatzearen ondorioetarako, 2026ko ekitaldian formalizatzen diren lan kontratu mugagabeen kasuan artikulu horren 1. apartatuko bigarren paragrafoan aurreikusitako kenkariaren zenbatekoa 100eko 10 handituko da.
2.– Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 66 octies artikuluan emakumeen eta 36 urtetik beherakoen enplegua sortzeagatik arautzen den kenkaria aplikatzearen ondorioetarako, 2026ko ekitaldian formalizatzen diren lan kontratu mugagabeen kasuan artikulu horren 2. apartatuko lehen paragrafoan aurreikusitako kenkariaren portzentajea 10 puntu handituko da.
II. KAPITULUA
ZERGA NEURRIAK
6. artikulua.– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Instrukzioa aldatzea.
Apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onetsitako Jardueren gaineko Zergaren Testu Bategineko II. eranskinean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari buruz jasotzen den Instrukzioan 14. erregelaren (elementu zergapegarriak) 1. apartatuko A) letra aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:
«A) Instalatutako potentzia.
Potentzia instalatu zergapegarritzat jotzen da, tipifikatutako arauen arabera, industria ekipamenduari lotutako energia elementu elektriko edo mekanikoen potentzia nominalen baturatik ateratzen dena.
Beraz, potentziak ez dira konputagarriak izango berokuntzarako, argiztapenerako, airea egokitzeko, kutsaduraren aurkako instalazioetarako, pertsonen igogailuetarako, gizarte edo osasun zerbitzuetarako bideratutako elementuenak badira eta, oro har, ekoizpenarekin zer ikusirik ez duten elementuei badagozkie, energia elektrikoa eraldatzeko eta zuzentzeko direnak barne.
Erregai solido, likido edo gaseosoekin funtzionatzen duten labeak eta galdarak ere ez dira kontuan hartuko ondorio horietarako, ezta labe eta galdara elektrikoak ere.
Industriaren kuotak lortzeko erabiliko den potentzia fiskala instalatutako potentzia konputagarri guztia kilowattera murriztearen emaitza matematikoa izango da, I CV = 0,736 kW baliokidetasuna erabilita, hala badagokio.
Saiakuntza bankuetan, entsegu plataformetan eta antzekoetan instalatutako potentzia benetan instalatutako potentziaren 100eko 10ean konputatuko da.
Fabrika instalazioetan dauden erreserba ekipoak ez dira elementu zergapegarriak izango, Zerga Administrazioari izaera horretakoak direla aitortu zaionean.»
7. artikulua.– Aldatzea abenduaren 30eko 18/1987 Foru Araua, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarena.
47. zenbaki bat gehitzen zaio Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren 41.I.B) artikuluari, honela dioena:
«47.– Aurrezpen energetikoen eskualdaketak, Aurrezpen Energetikoko Ziurtagirien Sistemaren esparruan egindakoak. Sistema hori urtarrilaren 24ko 36/2023 Errege Dekretuak arautzen du, Aurrezpen Energetikoko Ziurtagirien Sistema ezartzen duenak.»
III. KAPITULUA
ERREGELAMENDU MAILAKO XEDAPENAK ALDATZEA
8. artikulua.– Aldatzea Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua, ekainaren 16ko 17/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsia.
36 bis artikuluko 3. apartatua honela geratzen da idatzita:
«3.– Garapen jasangarria, ingurumen inpaktuaren murriztapena, trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra sustatzen dituen proiektua zergaren foru arauaren 65 bis artikuluaren arabera finantzatzen bada, beharrezkoa izango da haren kostuak gertatzea gauzatzen diren inbertsioak funtzionamenduan jarri aurretik.
Zergadunak zergaren foru arauaren 67. artikuluko 4. apartatuaren bigarren paragrafoan aurreikusitako hautua egiten badu, ekarpena jasotzen den zergaldian, edo, halakorik ezean, aurreko lehen zergaldian gertatu behar dira kostuak.»
9. artikulua.– Aldatzea Zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen Erregelamendua, abenduaren 17ko 47/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia.
2024ko martxoaren 2tik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen Erregelamenduan, zeina abenduaren 17ko 47/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen:
Bat.– Azken paragrafo bat gehitzen zaio 72 ter artikuluaren 4. apartatuko a) letrari, eduki hau duena:
«Era berean, "informazioa ematera behartuta dauden plataforma operadoreek" apartatu honetako b) eta c) letretan aipatzen den informazioa emango diote kasuan-kasuan "informatu beharreko saltzaileari", "saltzailea" "informatu beharreko saltzailetzat" hartzen den urte naturala amaitu eta ondorengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen beranduenik».
Bi.– 72 ter artikuluaren 4.a) apartatuko 1. zenbakia honela geratzen da idatzita:
«1.a Entitatearen sozietate izena eta egoitza sozialaren helbidea.»
10. artikulua.– Aldatzea 13/2024 Foru Dekretua, otsailaren 27koa, zeinaren bidez garatzen baitira plataforma digitaletako operadoreek komunikatutako informazioaren nahitaezko truke automatikoan egoki jarduteko aintzat hartu beharreko arauak eta prozedurak, eta zeinaren bidez aldatzen baita Zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen Erregelamendua, abenduaren 17ko 47/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia, Kontseiluaren 2021eko martxoaren 22ko 2021/514 (EB) Zuzentaraua, fiskalitatearen arloko administrazio lankidetzari buruzko 2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen duena, gure ordenamendura ekartzeko.
2024ko martxoaren 2tik aurrerako ondorioekin, otsailaren 27ko 13/2024 Foru Dekretuaren 5. artikuluko 2. apartatua aldatu, eta ondoren zehazten den moduan geratzen da idatzita (Foru Dekretua, zeinaren bidez garatzen baitira plataforma digitaletako operadoreek komunikatutako informazioaren nahitaezko truke automatikoan egoki jarduteko aintzat hartu beharreko arauak eta prozedurak, eta zeinaren bidez aldatzen baita Zerga betebehar formal jakin batzuk garatzen dituen Erregelamendua, abenduaren 17ko 47/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia, Kontseiluaren 2021eko martxoaren 22ko 2021/514 (EB) Zuzentaraua, fiskalitatearen arloko administrazio lankidetzari buruzko 2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen duena, gure ordenamendura ekartzeko):
«2.– Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, "informazioa ematera behartuta dagoen plataforma operadorea" ez da egongo behartuta 1.a) apartatuko 2. zenbakitik 5.era bitarte eta 1.b) apartatuko 2. zenbakitik 6.era bitarte adierazitako informazioa lortzera, baldin eta "saltzailea" nor den eta egoitza non duen zehazteko zuzeneko baieztapen bat erabiltzen bada estatu kide batek, Europar Batasunak, "Jurisdikzio elkartu" batek edo ELGAk "saltzailearen" nortasuna eta egoitza zehazteko eskura jarritako identifikazio zerbitzu bat dela medio.»
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Geroratutako eta zatikatutako zorrak dirulaguntzekin ez konpentsatzea.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 72.1 artikuluan eta abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketa Erregelamenduko 38.3 artikuluaren c) letran eta 44.1.A artikuluaren b) letran aurreikusitakoa gorabehera, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak ebatzi ahal izango du geroratutako edo zatikatutako zorrak ez konpentsatzea Gipuzkoako Foru Aldundiak deitutako laguntza edo dirulaguntzekin, horien xedea Ekialde Ertaineko Krisiaren eragina arintzea denean eta ez-konpentsazio hori deialdi horiek egiteko eskumena duen departamentuko foru diputatuak modu arrazoian eskatu duenean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erregelamenduzko xedapenen maila babestea.
Foru dekretu arau honen III. kapituluaren bidez aldatutako erregelamenduetan sartu diren zehaztapenak foru dekretu maila duten arauen bidez aldatu ahal izango dira.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.
Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru dekretu arau hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.
Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuari baimena ematen zaio foru dekretu arau honen 2. eta 3. artikuluetan jasotako zerga neurrien indarraldia foru agindu bidez luza dezan, betiere neurri horiek onesteko arrazoi izan diren zirkunstantzia berezien iraupenak hala justifikatzen badu.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.
Foru dekretu arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, eta bere artikuluetan adierazitako eran sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2026ko apirilaren 14a.
Diputatu nagusia,
EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,
MIREN ITZIAR AGIRRE BERRIOTXOA.
RSS