
79. zk., 2026ko apirilaren 30a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (174 KB - 6 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
1791
EBAZPENA, 2026ko apirilaren 22koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita, 2026ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu-zentro berezietako lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak finantzatzeko laguntzetarako deialdia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2026ko apirilaren 22ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, 2026rako laguntza batzuetarako deialdia egin du, Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro berezietan lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak finantzatzeko, apirilaren 29ko 93/2026 Dekretuaren bidez onartuta dauzkan estatutuen 11.j artikuluan ezarritakoarekin bat.
Estatutu horien 14.2.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko ente publiko horren zuzendari nagusiari dagokio argitaratu daitezen agintzea.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak finantzatzeko 2026rako laguntzen deialdia. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2026ko apirileko 22ko bilkuran hartutako erabakiaren bitartez onartu zen, eta ebazpen honen eranskin gisa dator.
Bigarrena.– Jakinaraztea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.
Hirugarrena.– Aditzera ematea, deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 22a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
LAGUNTZA-DEIALDIA, 2026RAKO, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPLEGU-ZENTRO BEREZIETAKO LANBIDE-JARDUERARI LAGUNTZEKO UNITATEAK FINANTZATZEKO
Urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta enplegu zentro berezien Euskal Erregistroa (2023ko urriaren 27ko EHAA, 206. zk.). Bada, Dekretu horren II. kapituluaren 3. atalaren 4. azpiatalean arautzen dira, hain zuzen ere, lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak finantzatzera bideratutako laguntzak. Laguntzen onuradun enplegu-zentro berezi hauek izan daitezke: Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako lantokietan diruz lagundu daitezkeen jarduketak egingo dituzten enplegu-zentro bereziak, betiere kalifikazio hori badute eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroan inskribatuta badaude.
Dekretu hori xedapen orokorra da, eta indarraldi mugagabea du, baina, onartu zenez geroztik, zati batean aldatuta dago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuak onartzeko Dekretuko azken xedapenetako bigarrenaren bidez (93/2025 Dekretua, apirilaren 29koa), haren erregulazioa Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legera egokitzearren (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa). Bada, 65. artikuluaren idazketa berriak dionez, Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateak finantzatzeko laguntzen deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuek zehazten duten organoaren erabaki baten bidez egingo da, eta hartan, alderdi hauek zehaztuko dira gutxienez: eskabideak aurkezteko epea, finantzaketarako baliatuko diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa, eta dirulaguntza justifikatzeko epea eta horretarako beharrezkoa den dokumentazioa.
Laguntza horiek 2026-2029ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude, eta plan hori Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen, zehazki, 4.4 gako estrategikoan: «Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako aukera-berdintasuna enpleguan, eta merkatu arruntean benetan sartzea lortzeko tresnak indartzea», Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan xedatutakoa betez. Plan hori argitaratuta dago Lanbideren https://www.lanbide.euskadi.eus/laguntzak-eta-diru-laguntzak/weblan00-ayudasysubvenciones/eu/ webgunean, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak laguntza hauek finantzatzeko kreditua jasotzen du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.6 artikuluan xedatutakoa betez. Beraz, laguntza hauek deitu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar dira, 20/2023 Legearen 7.2.a) eta 8.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Hori guztia aintzat hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, zuzenbide pribatuko ente publiko horretako Administrazio Kontseiluak 2026ko apirilaren 22ko bileran onartu du enplegu-zentro berezietako lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak finantzatzeko laguntzen 2026ko deialdia -eta deialdiak gastu-baimena ere berekin dakar-, urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Hona deialdiaren ezaugarriak:
1. artikulua.– Xedea.
Enplegu-zentro berezietako lanbide-jarduera babesteko unitateei laguntzak ematea da deialdi honen xedea. Laguntza horiek, zehazki, 2026ko ekitaldiko langileen kostuak finantzatzeko erabiliko dira, eta urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren II. kapituluaren 3. atalaren 4. azpiatalean arautzen dira. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko, guztira 5.500.000 euro bideratutako dira.
2.– Urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren 67.1 artikuluaren arabera, programa hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak nahikoa ez badira onartutako eskari guztiak estaltzeko, horien guztien artean banatuko dira funtsak, baliabide ekonomikoen muga kontuan hartu gabe, bakoitzari legokiokeen laguntzaren proportzioan.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.– Laguntzak eskuratzeko eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus), eta, bertara heltzeko, esteka bat egongo da erabilgarri Lanbideren webgunean.
Helbide honetan eskura daitezke prozedurari buruzko informazioa, izapidetzeko jarraibideak, eskaera-orria, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.eus/servicios/1035412 Bertara sartzeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.
Ordezkari baten bidez ere egin daitezke izapideak elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
4. artikulua.– Dirulaguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak.
1.– Aipatutako laguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan eta ebazpen honen apartatuetan xedatutakoak dira.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoari jarraikiz, entitate onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du lege horren 49. artikuluaren arabera.
3.– Laguntzen entitate onuradun izateko, gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuak aplikatuko dira. Horren ondorioz, ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean badaude:
a) Delitu hauetakoren bat egiteagatik kondenatua izana: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenatuta edo zehatuta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, edo, hala izan bada, igaro gabe edukitzea kondena- edo zehapen-epea.
c) Konkurtso-deklarazio boluntarioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jotzea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu), esku-hartze judizialaren menpe egotea, edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, edo hala egon izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.
d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, eta suntsiarazpenaren arrazoiaren errudun deklaratu izana.
e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak badira, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean egotea edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) xedatutakoaren arabera.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu betekizun hori betetzen duela frogatzeko.
g) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.
h) Dirulaguntzei dagokienez, ordaindu gabe izatea itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute, emandako dirulaguntza guztiz justifikatu arte.
i) Zehapen administratibo edo penalen bat jaosa izatea sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, edo zehapen-epea igaro izana.
j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak izatea, hauek barne:
– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitzeko eta haien aurka borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak dauzkan legeek ezarritakoaren arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
l) Desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.
m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.
n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
ń) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.
o) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. 3 bis artikuluan aurreikusitako moduan.
Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-inprimakian dago.
Dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da o) apartatuko eskakizuna:
– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.
Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.
5. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko du, eta lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak dirulaguntzaren aldian egindako jarduerak deskribatu beharko ditu, egindako jarduketei buruzko informazioa zehaztuta. Honako hauek erantsiko zaizkio memoria horri:
a) Laguntza-unitateak osatzen dituzten pertsonen izen-zerrenda, gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko langileak eta lanbide-jardueraz arduratzen direnak bereizita –horien kostuak diruz laguntzen dira programa honetan–. Horrekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira: lan-kontratuen kopia, diruz lagundutako aldiko nominen kopia eta dagokion aldiko Gizarte Segurantzaren kotizazio-dokumentuen kopia, kotizazioen likidazio-ordainagirien kopia eta langileen izen-zerrendaren kopia (KLA eta LIZ), ordainketa-frogagiriak barnean direla. Halaber, kontratatu bakoitzari buruzko kotizazio-datuen txostena aurkeztu beharko da, hau da, IDC dokumentua.
Gainera, gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko langileen kasuan, eskatutako titulazioa edo gutxieneko esperientzia egiaztatu beharko da.
b) Programa honen azken hartzaile diren desgaitasuna duten pertsonen izen-zerrenda, kontratu mota –mugagabea edo aldi baterakoa– justifikatuta, kontratua errendimendu txikikoa den adierazita eta diruz lagundutako aldian egindako lanaldiaren ehunekoa zehaztuta. Gainera, desgaitasun-maila eta mota egiaztatzen duen indarreko dokumentua aurkeztu beharko da.
Dena dela, kontratazioaren gutxieneko iraupena egiaztatzeko, Gizarte Segurantzako lan-bizitzaren erregistroa kontsultatuko da.
2.– Justifikazio-memoria osatzen duten agirien multzoa aurkezteko, laguntza hauek izapidetzeko baliatutako bitarteko elektronikoak erabiliko dira.
3.– 2027ko martxoaren 24a izango da aurreko paragrafoetan adierazitako dokumentuak jasotzeko azken eguna.
6. artikulua.– Prozedura kudeatzeko eta ebazteko eskumena duen organoa.
Laguntzak kudeatzeko organo eskuduna Enplegu eta Prestakuntzako zuzendaria izango da, eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
RSS