Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2026ko apirilaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
1790

EBAZPENA, 2026ko apirilaren 22koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena. Honen bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2026rako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak argitaratzen dira. Lehen Aukera izeneko programa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2026ko apirilaren 22ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, ekintzaileei laguntzeko 2026ko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia bera onartu ditu. Hori guztia Lanbideren estatutuen 14.2 artikuluaren n) apartatuan xedatutakoarekin bat (93/2025 Dekretua, apirilaren 29koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuak onartzen dituena).

Azaldutakoa dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2026rako laguntzen deialdiaren oinarriak (Lehen Aukera programa), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak 2026ko apirilaren 22ko bileran hartutako Erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean daude jasota).

Bigarrena.– Aditzera ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak 2026rako dirulaguntzei buruzko deialdia egiteko oinarriak onartzeko hartutako erabakiak.

Hirugarrena.– Aditzera ematea 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onartzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 22a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN KONTRATATZEKO 2026RAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK. «LEHEN AUKERA» PROGRAMA

Gazteek langabeziak eragindako biztanleria-taldeetako bat izaten jarraitzen dute; aldeak daude gizonen eta emakumeen artean, osagai demografikoak ere badira, bai eta migrazioak eragindako kontuak ere, eta horrek zuzenean edo zeharka eragiten du lanpostu bat lortzean, irteera profesionalean eta, azken batean, gazte bakoitzak lortutako lanpostuaren kalitatean eta egonkortasunean. Horregatik guztiagatik, errealitate hori kontuan hartu behar da gazteen enpleguari buruzko edozein politika aktibo mahai gainean jartzerakoan.

Bestalde, errealitate horrek berak agerian uzten du prestakuntzak eta kualifikazioak denboran zehar jarraitu behar dutela prebentzio-jarduketa gisa, kolektibo horrentzako arazoen egiturazko osagaia saihesteko, eta ondorio negatiborik izan ez dezan ekonomiak epe luzean hazteko duen potentzialean.

Horregatik, gazteen langabezia murriztea da gure gizartearen erronka nagusietako bat, eta erronka horri aurre egin behar diote bai erakunde publikoek bai enpresa pribatuek. Arazo honen konponbidean arrakasta, hein handi batean, inplikatutako erakunde eta sektore guztien laguntzaren eta koordinazioaren araberakoa eta ekimen pribatuak neurri egokiak diseinatu, hartu eta abiarazteko duen partaidetzaren araberakoa izango da.

Ildo horri jarraituz, lanik ez duten eta hezkuntza- zein prestakuntza-jardueretan parte hartzen ez duten gazteen kolektiboarentzako neurriak hartzeko beharrizana hauteman da, gazteak lan-munduratzeko eta lan-merkatuan kalitatezko enplegu batekin mantentzeko. Kolektibo hori heterogeneoa da, egoera pertsonal eta prestakuntza-maila oso desberdinak baitaude; horrenbestez, hezkuntzaren eta prestakuntzaren hobekuntzari heldu beharko diote neurriek, eta kontratazioa eta autoenplegua sustatu.

Susperraldi ekonomiko inklusiboan jarraitzeko eta kalitate eta egonkortasuneko gazteen enplegua bultzatzeko etengabe eraldatzen ari den lan-munduan, beharrezkoa da EGIF+en baliabideen zenbateko egoki bat inbertitzea gazteen enplegua eta gaitasunak babesteko neurrietan, baita Gazte Bermearen esparruan ekimenak aplikatuz ere. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1304/2013 (EB) Erregelamenduari jarraikiz, 2021etik 2027ra bitarteko programazio-aldian Gazte Enplegurako Ekimenak babestutako jarduketetan oinarrituta (jarduketa horiek pertsona fisikoei zuzenduta daude) eta ikasitakoa kontuan hartuta, estatu kideek berrintegraziorako ibilbideak sustatzen jarraitu behar dute, kalitatezko hezkuntzan eta enpleguan oinarrituta, eta gazteen prebentzio goiztiarrean eta komunikazio eraginkorrean inbertituta, lehentasuna emanez, hala dagokionean, denbora luzez langabezian, inaktibo eta baztertuta dauden gazteei; eta hori guztia, gazteei zuzendutako lanaren bitartez. Estatu kideek, halaber, eskolatik lanera dagoen trantsizioa ahalbidetzeko neurrietan inbertitu behar dute, eta enplegu-zerbitzuen gaitasunak egokitu behar dituzte, gazteei laguntza pertsonalizatu eta integrala emateko eta haientzat eskaintza zehatzagoak aurkezteko. Gazte Enpleguaren Ekimena EGF+ delakoan erabat txertatzean, gazteen enplegurako ekintza espezifikoen eskaintza eraginkorragoa eta efizienteagoa izango da, eta aplikazio-esparrua neurri eta erreforma estrukturaletara hedatuko da; horrela, Batasunaren babes finantzarioaren eta Gazte Berme indartuaren betearazpenaren arteko egokitzapena handiagoa izango da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bat egiten du Europako Enplegu Estrategiarekin; hain zuzen ere, estrategia hori erreferentziatzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategia 2030ek aukera-berdintasuna du enplegurako euskal politikaren funtsezko ardatz, era zabalean ulertuta: lan-arloan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna abiapuntutzat hartuta, beste dimentsio batzuk ere hartzen ditu, hala nola belaunaldien arteko berdintasuna, aniztasun funtzionala eta kultura-aniztasuna. Enpleguaren Euskal Estrategia 2030en estrategia-gakoetako bat da gazteei laguntza ematea, kalitatezko enpleguak lor ditzaten. Horretarako, laneratzea ahalbidetuko dieten programak sustatuko dira, hainbat dimentsiotan zeharkako ekintzak eginez; hartara, arlo profesionalean eta pertsonalean garatzeko behar dituzten kualifikazio, konpetentzia eta esperientziak eskuratuko dituzte. Hori dela eta, ikasketak amaitu berri dituzten gazteei lehen lan-aukera ematea da deialdi honen xedea, hezkuntza-bizitzatik bizitza profesionalera igarotzen laguntzeko, gazteek kalitatezko enpleguak lor ditzaten lagunduz. Lan-merkatuaren erronka bat da, eta berdintasun-printzipioa kontuan hartuta egin behar zaio aurre, genero-desberdintasunak benetan murriztea eta oraindik dauden genero-arrakalak ixtea helburu hartuta.

Horrenbestez, titulua edo prestakuntza duten baina beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak kontratatzea da deialdi honen xedea. Lan-kontratu mugagabea edo heziketa-kontratua egingo zaie, praktika profesionala eskuratu dezaten eta, horrela, haien enplegagarritasuna bultzatu eta laneratzea finkatzeko. Beraz, gazteen lan-aukerak bultzatzea eta hobetzea da Lehen Aukera Programaren azken helburua, euskal ekonomiaren lehiakortasuna eta lan-merkatuaren kalitatea hobetzen laguntzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea enplegua lortzeari eta garapen profesionalari eta ordainsariei dagokienez, eta gizarte-bazterkeriari aurre egitea.

Hala ere, oro har, guztizko langabezia % 6,8ra jaitsi da EAEn 2025eko hirugarren hiruhilekoan, eta adin-tarte guztietan jaitsi da, % 10etik behera 30 urtetik beherako pertsonen kasuan. Ohikoa denez, gazteen langabezia-tasa biztanleria osoaren batezbestekoa baino handiagoa da.

Estatuan, langabezia-tasa orokorra % 10,4 ingurukoa da 2025ean. 2025aren amaieran, 30 urtetik beherako langabeak langabezian zeuden guztien % 14,55 ziren Estatuan. Ehuneko hori % 25era igotzen da 25 urtetik beherakoen kasuan, eta EBko handiena da; Eurogunekoa, berriz, % 15,2koa da.

Genero-arrakala. Deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden aldeak eta desberdinkeriak. Emakume gazteen langabezia-zifrak gizon gazteenak baino zertxobait handiagoak dira, % 10,3ko eta % 8,5eko tasekin, hurrenez hurren (Eustat). Datu horiek zuzenean lotuta daude Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030 Agendaren 8. helburuarekin: «Lan duina eta hazkunde ekonomikoa», eta, zehazkiago, 8.5 helburua: «2030. urterako, enplegu osoa eta produktiboa eta lan duina lortzea emakume eta gizon guztientzat, gazteak eta desgaitasuna duten pertsonak barne, bai eta balio bereko lanagatik ordainsari bera jasotzea ere».

Ildo horretan, 2026ko urtarrilaren 14ko Agindua onartu da, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026-2029 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena. Agindu horretan, 4.2 gako estrategikoaren barruan (Gazteei kalitatezko enplegua lortzen laguntzea), dirulaguntza-lerro hau jasotzen da: «Gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzen deialdia. Lehen Aukera programa». Laguntzak eta dirulaguntzak – Laguntzak eta dirulaguntzak.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2026ko apirilaren 22an onesten ditu euskal enpresetan gazteak kontratatzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak (Lehen Aukera programa) 2026rako, zehaztapen hauen arabera:

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da titulua edo prestakuntza izanik beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak euskal enpresetan edo 4. eta 12. artikuluetan aurreikusitako bestelako erakundeetan kontratatzeko dirulaguntzak ematea, gazte horien enplegagarritasuna hobetzeko neurri gisa, lanbide-esperientzia lortuta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta haien kalitatezko laneratzea sendotuta.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak finantzatzeko, 8.800.000 euro bideratu dira. Horietatik, 4.325.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontuaren 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 4.475.000 euro, 2027ko konpromiso-kredituari.

2.– Honela banatuko dira deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak:

a) 8.650.000 euro, lan-kontratu mugagabeak eta lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuak finantzatzeko. Aurrekontu horretatik, 4.325.000 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 4.325.000 euro 2027 ekitaldirako konpromiso-kredituari.

b) 150.000 euro 12. artikuluan adierazitako erakunde laguntzaileek lan-eskaintzak jaso, erregistratu eta kudeatzeko, bai eta trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko ere, 2027ko ordainketa-kredituaren kontura.

3.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izan dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

II. KAPITULUA
GAZTE LANGABEAK KONTRATATZEKO DIRULAGUNTZAK

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izango dira EAEn dauden lan-zentroetako lanpostuetan jarduteko lan-kontratu mugagabeak eta lanbide-praktika eskuratzeko heziketa-kontratuak, gutxienez 6 hilabeteko iraupena dutenak, eta, betiere, gazteek kontratua hastean 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.

Kontratu horiek 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 15era bitartean hasi beharko dira.

2.– Deialdi honen babesean diruz lagundu daitezkeen kontratuak Langileen Estatutuko aurreikuspenetara egokitu beharko dira, baita aplikatzekoak diren gainerako arauetara ere, eta kasu guztietan eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Kontratuko lanpostuek kontratatutako pertsonaren ikasketa- edo prestakuntza-mailaren araberakoak izan beharko dute.

b) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eta berariaz jaso beharko dituzte honako datu hauek: langilearen titulua, kontratua noiz hasi eta, halakorik balitz, noiz amaituko den, lanaldia eta haren iraupena, eta zein den bete beharreko lanpostua.

c) Urteko ordainsari gordinak kontratuan agertu beharko du, eurotan, eta enpresari aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan finkatutakoa izango da. Inolaz ere ezingo dira zenbateko hauek baino txikiagoak izan, titulazio akademikoaren arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

d) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan daitezke; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.

3.– Dirulaguntza izateko, kontratazio mugagabeek edo lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuek enplegua sorrarazi behar dute, enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietan, diruz lagunduko diren kontratuen xede diren langileak lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan lantoki horietan dagoen batez besteko plantillaren gainean. Kontratu berriaren ondorioz, esandako batezbestekoak gora egin beharko du kontratazio-egunean.

Baldintza hori betetzearen ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko amaitutako kontratuak, lan-kontratua honako arrazoi hauetakoren batean oinarrituta azkendu duenean, probaldia amaitutakoan: arrazoi objektiboak edo diziplinazko kaleratzea, eta bata zein bestea bidezko deklaratu badira; langilearen dimisioa, heriotza, erretiroa, edo ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.

4.– Kontratu hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:

a) Enpresaburuaren, enpresen kontrola duten pertsonen, enpresetan zuzendaritza-karguak dituztenen edo enpresetako administrazio-organoetako kideen –edozein dela ere haien forma juridikoa– ezkontideak, ondorengoak edo bigarren mailara arteko (hura barne) odol- edo ezkontza-ahaidetasuna duten bestelako ahaideak kontratatzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren edozein deialditan diruz lagundu daitezkeen jarduerei lotuta formaliza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak.

1.– Deialdi honetan zehaztutako kontratu mugagabeak edo lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuak egiteagatik dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte bai enpresa pribatuek (edozein dela ere haien forma juridikoa), bai banakako enpresaburuek, bai ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek, bai eta elkarte eta fundazioek ere, baldin eta 17. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak eta honako hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza soziala eta fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.

b) Administrazio publiko batek edo gehiagok % 50 edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa ez izatea.

c) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoaren berri ematea, kontratu mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko postua adierazita. Enpresak berariaz adierazi beharko du eskabidean langileen legezko ordezkaritzarik duen ala ez.

2.– Honako hauek ezingo dira izan lan-kontratu mugagabeak edo lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuak egiteko dirulaguntzen onuradun: erakunde autonomoak eta sozietate publikoak; administrazio publiko baten edo gehiagoren mendeko elkarteak edo erakundeak, eta enpleguak lagatzeko aldi baterako laneko enpresak.

5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontrataturiko gazteek bete beharreko eskakizunak.

1.– Deialdi honen xedea da 16 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago duten gazteak kontratatzea, eta, horretarako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dagokion zerbitzu publikoan izena emanda eta enplegu-eskatzaile gisa alta emanda egotea, eta kontratua hasi aurreko egunean langabezian egotea.

b) Multzo hauetakoren batean zehaztutako tituluren bat izatea:

– Lizentzia, ingeniaritza, arkitektura edo masterra (Bolonia plana).

– Unibertsitateko diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo unibertsitateko gradua (Bolonia plana).

– Lanbide Heziketa arautuko eta berariazko lanbide-heziketako goi-mailako edo erdi-mailako teknikaria. Teknikari laguntzailearen (LH1) eta teknikari espezialistaren (LH2) tituluak horien baliokideak izango dira.

– Ofizialki aurrekoen baliokidetzat hartutako beste titulazio batzuk.

– Profesionaltasun-ziurtagiria.

c) Tituluarekin lotutako enpleguetan, gehienez 6 hilabeteko esperientzia izatea.

2.– Gazteen Bermerako Sisteman izena emanda egon behar dute:

a) Enpresak zuzenean egindako hautaketa-prozesuan –7.1.a) artikuluan arautua–, Gazteen Bermerako Sisteman izena emanda egon beharko dute kontratatutako gazteek, kontratua hasi bezperatik gutxienez, bat etorriz Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legean xedatutakoarekin.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, bere bulegoen edo zentro kolaboratzaileen bidez, hautaketa-prozesua egitean –deialdi honen 7.1.b) artikuluan arautua–, lehentasuna emango zaie Gazte Bermea Sisteman izena emanda daudenei, bat etorriz Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legean xedatutakoarekin.

3.– Gazteek prestakuntza duala egin duten enpresak zuzenean hautatutako gazteekin egiten diren kontratuek mugagabeak izan beharko dute, edo lanbide-praktika eskuratzeko 12 hilabeteko prestakuntza-kontratuak, baldin eta hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako titulu bat lortzeko egiten bada prestakuntza.

6. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa titulazio akademikoaren arabera zehaztuko da, era honetara:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Aipatutako diruz lagundutako zenbateko guztiak % 10 handituko dira, emakumeak kontratatzen badira.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

3.– Aipatutako dirulaguntzen zenbatekoak lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Denbora partzialeko kontratuetan, zenbatekoak lanaldiaren arabera doituko dira.

7. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.

1.– Programan parte hartuko duten gazteen hautaketa eskaera aurkeztu baino lehenago egingo da, honela:

a) Ikasketak amaitu dituzten prestakuntza-zentroaren bidez, enpresak zuzenean hautatuta, baldin eta enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan duen zentroren batean prestakuntza-aldia amaitu duten gazteak kontratatzen badira, bai prestakuntza dualaren formula baliatuta (hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko prestakuntza bada), bai enpresetan prestakuntza-aldia egiteko bekak emateko Eusko Jaurlaritzaren programaren baten babesean (hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko edo unibertsitate-esparrutik lan-esparrurako trantsizioa egiteko) 2025-2026 ikasturtean zehar. Titulua 2025ean edo ondoren eskuratu duten gazteak kontratatu ahal izango dira.

Kontratatu aurretik, kontratatuko den pertsonak ikasketak egin dituen prestakuntza-zentrora jo beharko du enpresak, baldin eta trantsizio-prozesua kudeatzeko eta haren jarraipena egiteko erakunde kolaboratzailearen izaera lortu badu, zentroak egiazta dezan 5.1 eta 5.2.a) artikuluetan ezarritako eskakizunak betetzen direla eta 13.5 artikuluan deskribatutako gainerako inguruabarrak betetzen direla.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bidez edo haren laguntzaile den erakunde baten bitartez, aurreko apartatuan jasota ez dauden kasuetan.

Hautaketa-mota honetarako, eskaintza kudeatzeko eskaera bat aurkeztu beharko da bete beharreko lanpostu-profil bakoitzeko. Eskaera hori inprimaki normalizatu baten bidez aurkeztu behar da, «Lehen Aukera deituriko eskaintza eskaera», eta horretan datu hauek adierazi beharko dira, gutxienez: izen-abizenak edo enpresaren izen soziala, IFK/IFZ, enplegatzailearen kotizazioaren kontu-kodea (halakorik bada), lantokiaren udalerria, lanpostuaren izena eta langintza, lanpostuen kopurua, lanpostuaren deskribapena eta enpresariaren, legezko ordezkariaren edo baimena duen pertsonaren sinadura.

Lanbideen Sailkapena erreferentziatzat hartuta adieraziko da langintza. Sailkapen hori Lanbideren webgunean jarriko da (https://www.lanbide.euskadi.eus). Eskaintza kudeatzeko eskabide bakoitza jasotzen duen bulegoak edo erakunde kolaboratzaileak erregistratuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartekaritza-sisteman identifikatuta geldituko da. Eskaintza erregistratu ondoren, enpresari jakinaraziko zaio haren erreferentzia.

Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ezarritako prozedurei jarraikiz kudeatuko dira, eta lehentasuna emango zaie Gazte Bermea Sistemako datu-basean identifikatuta dauden pertsonei, 5. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako baldintzetan.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, eskaintzak biltzeko, erregistratzeko edo kudeatzeko edo trantsizio-prozesuaren jarraipena egiteko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erakunde kolaboratzailetzat joko dira 12. artikuluan aurreikusitakoak, eta haien zerrenda webgune honetan argitaratuko da: http://www.lanbide.euskadi.eus

3.– Kontratu bakoitzaren komunikazio-prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri dagokion eskaintzaren erreferentzia.

8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko era eta epea, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Kapitulu honetako laguntzen eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/servicios/1015921 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabide-orria.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, izapideak ordezkari baten bidez egin daitezke; baina, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bideak helbide hauetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak

2.– Lan-kontratuak egiteagatik dirulaguntza jasotzeko eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Egindako kontratuaren kopia.

b) Senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, deialdi honetako 3.4.a) artikuluan aurreikusitako moduan.

c) Bi txosten, «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» izenekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoak: bat, kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurreko sei hilabeteko aldiari dagokiona, eta bestea, kontratazioaren alta-egunari dagokiona.

Baldin eta bi txosten horiek alderatuta ikusten bada plantilla ez dela handitu, 3.3 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko, dokumentuak aurkeztu beharko dira egiaztatzeko aurreko sei hilabeteetan zenbait kontratu amaitu dela, arrazoi hauek tarteko: langileen bidezko diziplinazko kaleratzea, dimisioa, desgaitasuna, adinagatik erretiroa hartzea, lan-denbora borondatez murriztea, ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.

d) Gainera, enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan duen zentroren batean prestakuntza-aldia amaitu duten gazteak izanez gero, bai prestakuntza dualaren formula baliatuta, hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko prestakuntza baldin bada, bai enpresetan prestakuntza profesionala egiteko bekak emateko Eusko Jaurlaritzaren programaren baten babesean, hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko edo unibertsitate-esparrutik lan-esparrurako trantsizioa egiteko, 2025-2026 ikasturtean zehar, kasu horietan guztietan hauek aurkeztuko dira:

Aurkeztutako kontratuan adierazitako titulua eskuratu izana egiaztatzen duen dokumentua.

Kontratua egin den enpresan prestakuntza-aldia egin izana egiaztatzen duen dokumentua (enpresa, lantokia, aldia, modalitatea eta abar adierazita).

e) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, organo eskudunaren ziurtagiria, ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea adierazten duena. Jarduera hastearen ondoriozko atxikipen-tasa murriztua (jarduerak hasteko zergaldia eta hurrengo biak) aplikatzeko Bigarren eta Hirugarren ataletan sartuta badago, eskatzaileak inguruabar horren berri eman beharko dio Lanbideri, jakinarazpen sinatua aurkeztuz helbide honetan dagoen ereduaren arabera: http://www.lanbide.euskadi.eus

3.– Aurreko ataleko e) letran jasotakoa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, salbu eta pertsona edo erakunde eskatzailea berariaz aurka agertzen bada; kasu horretan, dagozkion dokumentuak eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu.

4.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 2. puntuan adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari hamar egun balioduneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta horrek administrazio prozedura erkidearen araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu.

5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasi eta 2026ko urriaren 15ean amaituko da.

9. artikulua.– Lan-kontratua azkentzea.

1.– Funts publikoak efizientziaz erabiliko direla bermatzeko, lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuen kasuan, kontratuen gutxieneko iraupenak eskatutakoa edo diruz lagundutakoa izan beharko du, eta kontratu mugagabeen kasuan, berriz, 24 hilabetekoa izango da, gutxienez.

2.– Kontratazioa egin ondoren, kausa jakin batzuk direla-eta kontratua amaitzen bada (probaldia ez gainditzea, lana borondatez uztea, arrazoi objektiboak edo diziplinazko kaleratzea bata zein bestea bidezko deklaratu badira, edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna) idatziz jakinarazi beharko dio enpresak Lanbideri, kontratua amaitu eta gehienez ere zazpi eguneko epean, azken dirulaguntza egokitu dezan kontratatutakoak benetan lan egindako aldiaren arabera.

3.– Kontratu-harremana aurreko paragrafoan aurreikusi ez den beste kausaren batengatik amaitu bada, dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, deialdi honen 23. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

4.– Enpresak beste pertsona bat edo batzuk kontratatu nahi izanez gero, nahitaez eskatu beharko du berriro dirulaguntza, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera, betiere deialdian adierazitako epeen barruan baldin badago.

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko zaizkie enpresa kontratatzaileei:

a) Emandako dirulaguntzaren % 50 dirulaguntza ematen den unean ordainduko da, 2026ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura.

Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda dagoela langilea eta plantilla handitu egin dela.

b) Bigarren ordainketan, gainerakoa emango da (% 50, edo diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren dagokion kopurua), 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2027ko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura.

2.– Dirulaguntzaren xedea den jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren tarifen bigarren eta hirugarren ataletan sailkatutako jarduera profesionala bada, dirulaguntzatik kenduko dira Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion atxikipenak (PFEZ), zerga erregulatzen duen araudia aplikatuz egin behar direnak alegia.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako dirulaguntza entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.

Entitateak ez badu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren ordainketarik jaso, edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren datuen fitxa bete beharko du; Lanbideren web-orrian aurkituko du fitxa hori.

11. artikulua.– Kontratuak egiteagatiko dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

Kontratuak justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko ditu enpresa onuradunak:

Egindako lanbide-praktika jasotzen duen memoria.

«Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena», Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egina (RED sistemaren bidez eskuratua), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoa, eta diruz lagundutako kontratuen aldiari dagokiona (12 hilabete, kontratu mugagabeen kasuan).

Hori aurkezteko epea hau izango da:

a) Lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuen kasuan, kontratua amaitu eta hilabeteko epea.

b) Lan-kontratu mugagabeen kasuan, hasi eta urtebete igaro ondoren.

Kasu batean zein bestean, zerrenda aurkezteko azken eguna 2027ko urriaren 15 izango da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ofizioz egiaztatuko du lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuen benetako iraunaldia, bai eta kontratu mugagabeak gutxienez 12 hilabete iraun dutela ere, horren ostean bigarren ordainketa egiteko.

Halaber, 9.1 artikuluan adierazitakoa betetzen dela egiaztatuko du. Hogeita lau hilabeteren buruan ondorioztatzen bada ez zaiola eutsi kontratazioari, enpresa onuradunak dirulaguntza itzuli beharko du, 9. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako baldintzetan.

III. KAPITULUA
ERAKUNDE LAGUNTZAILEAK

12. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Lan-eskaintzak biltzeko, erregistratzeko eta kudeatzeko onuradun izan daitezke jarduketa horiek egiteko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile direnak.

Baldintza hori betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren 2022ko urriaren 27ko Ebazpenean aurreikusitako prozedurari jarraituko zaio (2022ko azaroaren 7ko EHAA, 212. zk.), zeinean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erakunde laguntzaile izateko prozedura ezartzen baita, bitartekaritza-zerbitzua emateko, lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan soilik.

2.– Halaber, honako erakunde hauek izendatu ahalko dira erakunde laguntzaile, deialdi honi zehazki lotutako enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko, baldin eta egoitza EAEn badute:

a) Unibertsitateak.

b) Lanbide-heziketako ikastetxe publikoak eta pribatu itunduak, bai eta ikastetxe horiek biltzen dituzten elkarteak ere.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erakunde laguntzaileak, 2025-2027 deialdiko lanerako prestakuntza emateko dirulaguntzen eta 2023-2025 deialdiko lanerako orientazioa emateko dirulaguntzen onuradun badira.

d) Udalak, mankomunitateak, kuadrillak, tokiko garapenerako agentziak eta Behargintzako zentroak.

3.– 13.5 artikuluan definitutako trantsizio-prozesuaren kudeaketa- eta jarraipen-jarduerak egiteko erakunde laguntzaile izan daitezke unibertsitateak, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak eta pribatu itunduak.

4.– «Lehen Aukera» programari lotutako lan-eskaintzak bildu eta erregistratzeko, eta trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko erakunde laguntzaile izateko eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://euskadi.eus. Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak helbide honetan egongo dira eskuragarri:

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira.

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasi, eta 2026ko uztailaren 31n amaituko da.

5.– Erakunde laguntzaile bakoitzean, gehienez 3 lagunek izango dute baimena eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko edo trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko.

6.– Erakunde laguntzailearen izendapena eraginkorra izateko, ezinbestekoa izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langileek ematen duten prestakuntza-ekintzetara joatea eta prestakuntza horri onura ateratzea, horretarako ezarritako egunetan, erakundeak eskatutako baimena eskuratuko duten pertsona guztiek. Horren aurretik, http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean prestakuntza-ekintzen tokiak eta ordutegiak argitaratuko dira, baita ekintza horietan parte hartuko duten erakundeen zerrenda ere.

Aurreko puntuan aipatutako prestakuntza-ekintza egin beharrik ez dute izango «Lehen Aukera» programako aurreko urteetako laguntzen deialdietan enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko kolaboratzaile izan ziren zentroek, baldin eta egiaztatzen badute prestakuntza jasotako eta, ondorioz, aipatutako deialdi horretan enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko jarduerak egiteko baimendutako pertsona hori edo horiek enpresako plantillan daudela orain ere.

7.– Prestakuntza-ekintzak bukatutakoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enpresa eta Ekintzailetzako Zuzendaritzak ebazpen bat emango du, erakunde laguntzaile izaera emateko adierazitako eskakizunak betetzen dituzten erakundeei, deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako.

13. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz lagundu ahal izango da 12. artikuluan araututako erakunde laguntzaileek lan-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea, bai eta trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egitea ere, prozesu horiek, azkenean, eta deialdi honen babesean, diruz lagun daitezkeen kontratuak formalizatuta amaitzen badira.

2.– Lan-eskaintzen bilketatzat jotzen da, zenbait enplegu eskaintzailerekin harremanetan jartzen den prozesuaren bidez, lanpostu bateko edo batzuetako estaldura-beharra identifikatzea eta identifikazio horretatik eskaintzen den profila duen horri dagokion kudeaketa-eskaera lortzea.

3.– Lan-eskaintzen bilketa-prozesuan lortutako datuak kodetzen diren prozesua da lan-enplegu baten erregistroa. Datu horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren informazio-sisteman sartzen dira eta, horrela, sisteman enplegu-eskaintza berri bat sortzen da.

4.– Lan-eskaintzen kudeaketa da prozesu hauek guztiak egitea:

a) Aldez aurretik Lanbideren informazio-sisteman erregistratutako eskaintza bat aztertzea eta, hala badagokio, osatzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emanda daudenen artetik, une bakoitzean eskatutako lanpostuak betetzeko pertsona egokiak identifikatzea, eskaintza parekatzeko modu desberdinak erabilita.

c) Eskainitako lanpostuetan sartzeko identifikatutako izangaiak horretarako prest ote dauden egiaztatzea.

d) Izangai bakoitza enpresara bidali ostean, horren emaitza jasotzea. Enpresak egin duen balorazioa eta horren arrazoia jakitea da emaitza jasotzea, bidalitako izangaia bete beharreko lanpostura egokitu den ala ez jakiteko.

5.– Trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena dira entitate kolaboratzailearen jarduera hauek:

a) Enpresak zuzenenean hautatzen dituen gazteen lan-eskaerak berreskuratzea, berritzea, berrikustea eta aldatzea.

b) Egiaztatzea kontratatutako gazteak Gazteen Bermerako Sisteman izena emanda daudela, kontratua hasi bezperatik, gutxienez.

c) Enpresak zuzenean hautatzen dituen gazteek, kontratua sinatzeko unean, 5.1 artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituztela ziurtatzea eta bermatzea.

d) Egiaztatzea kontratatutako pertsonak egindako ikasketa- edo prestakuntza-mailari egokitutako praktika profesionala lortzea ahalbidetuko duen lanpostu baterako dela kontratua.

e) Prestakuntza duala enpresan bukatu duten pertsonen kasuan, prestakuntza hori hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako titulu bat lortzeko bada, egiaztatzea kontratua mugagabea dela edo lanbide-praktika eskuratzeko 12 hilabeteko heziketa-kontratua dela.

f) Kontratatutako pertsona Lanbideko informazio-sisteman identifikatzea, Lehen Aukera programaren bidez sustatutako kontratu bati lotutako pertsona gisa.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Erakunde kolaboratzaileek, deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratu bakoitzeko, zenbateko hauek jasoko dituzte, eskaintzak biltzeko edo erregistratzeko edo trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko jardueren ondorio bada:

– 120 euro, eskaintza bildu eta erregistratu duen erakunde laguntzaileak.

– 80 euro, eskaintza kudeatu duen erakunde laguntzaileak.

Erakundeak % 10eko gehigarri bat jasoko du deialdi honen babesean diruz lagundutako hogei kontratuko, enplegu-eskaintzak hartu, erregistratu edo kudeatuko baditu.

– 120 euro, hezkuntza-esparrutik lan-esparrurako trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egin duen erakunde laguntzaileak.

15. artikulua.– Eskaerak aurkezteko era eta epea, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Programa honetan entitate laguntzaile gisa parte hartzeko eskabideak, eta dagokion dirulaguntza eskatzekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak eta ereduak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/servicios/1015920 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabide-orria.

Eskaera aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Deialdi honen babesean diruz lagundu daitezkeen kontratuak formalizatuta amaitu diren lan-eskaintzak kudeatu dituzten erakunde kolaboratzaileek, dirulaguntza eskabidearekin batera, erregistratu edo kudeatu dituzten lan-eskaintzen zerrenda bat aurkeztu beharko dute, eta, deialdi honen babesean, lan-eskaintza horietako bakoitzean kontratatutako pertsonek ere agertu beharko dute.

3.– Trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egin duten erakunde laguntzaileek aurkeztu beharko dute, dirulaguntza eskabidearekin batera, deialdi honen babesean kontratatutako pertsonen eta enpresa kontratatzaileen zerrenda.

4.– Eskatzailea pertsona fisikoa bada, organo eskudunaren ziurtagiria, ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea adierazten duena. Jarduera hastearen ondoriozko atxikipen-tasa murriztua (jarduerak hasteko zergaldia eta hurrengo biak) aplikatzeko Bigarren eta Hirugarren ataletan sartuta badago, eskatzaileak inguruabar horren berri eman beharko dio Lanbideri, jakinarazpen sinatua aurkeztuz helbide honetan dagoen ereduaren arabera: https://www.lanbide.euskadi.eus

5.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 1. puntuan adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari hamar egun balioduneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta horrek administrazio prozedura erkidearen araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu.

6.– Eskabideak aurkezteko epea 2026ko azaroaren 1etik 17ra izango da.

16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Erakunde laguntzaileek ordainketa bakarrean jasoko dute dirulaguntza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariak dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren.

2.– Emandako dirulaguntza entitate onuradunak horretarako adierazitako banku-kontuan ordainduko da.

3.– Entitateak ez badu Lanbideren ordainketarik jaso edo banku-datuak aldatu nahi baditu, hirugarrenaren datuen fitxa bete beharko du, zeina Lanbideren web-orrian egongo baita eskuragarri.

IV. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK

17. artikulua.– Dirulaguntzen enpresa eta erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen enpresa eta erakunde onuradunek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Kondenaturik ez egotea delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administratiborik, edo, halakorik izanez gero, igarota edukitzea zigorraren edo zehapenaren epea.

c) Ez edukitzea eskatuta borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez egotea edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez egotea konkurtsoan deklaratuta edo, hala egonda ere, hitzarmen batek eraginkortasuna lortu izatea, ez egotea esku-hartze judizialaren mende, eta ez izatea desgaikuntzarik Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera edo, hala izanda ere, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaituta edukitzea.

d) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako ezein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin ez izana.

e) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean ez egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea, eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Halaber, Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargu bat ez izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

f) Egoitza fiskala ez izatea paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean.

g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu betekizun hori betetzen duela frogatzeko.

h) Ez edukitzea dirulaguntzen arloko ordaindu gabeko itzulketa-betebeharrik, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA), eta konpromisoa hartzea egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri emateko, emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.

i) Ez jaso izana zehapen administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, edo zehapen-epea igaro izana.

j) Ez edukitzea laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion legezko kausarik, hauek barne:

– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatuko araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.

– Ez izatea ezarrita sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko neurririk, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobiaz jokatzea edo LGTBIfobia bultzatzea edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Ez egotea zehatuta Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota betetzea edo, bestela, hori betetzeko neurri alternatiboak hartzea.

m) Elkarteen kasuan, elkartea ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean.

n) Ez izatea inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu direlako, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, edo, eten bazaio ere, ebazpen judizial irmoa emanda egotea eta, beraz, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera izatea.

ñ) Ez egitea enpresa-deslokalizaziorik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

o) 30.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzetarako, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzeko abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketetarako ezarritako epeak beteta edukitzea.

Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legeko azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90 abenduaren 29ko 3/2001 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen ordainduta).

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egiaztatzen ez dituen artikulu honetako betekizunak eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu beharko dira. Dokumentazio honen bidez egiaztatuko da o) letran jasotako betekizuna:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aurreikusitako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da, Lanbidek emandako ereduaren arabera. Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Ezin badu galera eta irabazien kontu laburtua aurkeztu 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluaren b) letran aipatzen den dokumentazioaren bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukiarekin; edo ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, aipatutako apartatuaren 2. zenbakian eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Lanbidek entitate onuradunei dokumentazio hori aurkezteko eskatuko die, dirulaguntzak emateko ebazpena eman aurretik.

18. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, emate-prozedura eta ebazpena.

1.– Prozedura kudeatzeko eta izapidetzeko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendaria izango da; eta ebazteko organo eskuduna, berriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria.

2.– Deialdi honetako dirulaguntzak segidako lehiaketaren prozeduraren bidez izapidetuko dira. Horrela, aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta ordenan ebatziko dira, dagokion espedientea osatzen den unearen arabera, harik eta finantzaketarako funtsak agortu arte. Aurrekontu-zuzkidura bukatzen denean, geratzen diren eskabideei ukatu egingo zaie dirulaguntza, eta horren berri argitaratuko da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez. Era berean, www.lanbide.euskadi.eus webgunean ere argitaratuko da.

3.– Eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira.

Dirulaguntza emateko ebazpenean, datu hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntzaren justifikazioa, hala badagokio.

4.– Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskaera aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori amaitutakoan esanbidezko ebazpena ematen ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsitzat hartuko da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko asmoz eta dirulaguntzak emateko ebazpenak berariaz eta banaka jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren enpresen zerrenda, eta jasoko duten zenbatekoa ere adieraziko da. Halaber, entitate bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da, eta berariaz aipatuko da EGFren kofinantzaketa izan dela, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan.

Halaber, dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49.3 artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.

19. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

1.– Oro har, erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, deialdi honetan berariaz aurreikusitakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Kontratuak 7.1.a) artikuluan jasotako hautaketa-prozeduraren bidez egingo dituzten enpresek, kontratuak egin aurretik, kontratatuko den pertsonak ikasketak egin dituen prestakuntza-zentrora jo behar dute, ikastetxeak egiazta dezan 5.1 eta 5.2.a) artikuluetan ezarritako eskakizunak eta 13.5 artikuluan adierazitako kudeaketaren eta prozesuaren jarraipenaren gainerako xehetasunak betetzen direla.

b) Kontratuak 7.1.b) artikuluan jasotako hautaketa-prozeduraren bidez egingo dituzten enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan edo haren erakunde laguntzaile batean aurkeztu beharko dute enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabidea.

c) Dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

d) Plantillaren enplegu-mailari eustea 9. artikuluan adierazitako kontratuen gutxieneko iraunaldian. Betekizun hori betetzearen ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko amaitutako kontratuak, lan-kontratua honako arrazoi hauetakoren batean oinarrituta azkendu denean, probaldia amaitutakoan: arrazoi objektiboak edo diziplinazko kaleratzea, eta bata zein bestea bidezko deklaratu badira; langilearen dimisioa, heriotza, erretiroa, edo ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari justifikatzea betetzen direla dirulaguntza emateko edo erabiltzeko eskakizunak eta baldintzak.

f) Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.

g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan izan den edozein baldintzaren aldaketa, baita diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmen eragiten dion edozein gorabehera ere.

h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari laguntzea jarduera horiek egiaztatzeko, haien jarraipena egiteko eta kontrolatzeko.

i) Baiezkoa ematea erakundeon egiaztatze-jarduketei: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritza, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

j) Gastuaren kontularitza-erregistro bat izan behar dute erakunde onuradunek, eta kontularitza-kode espezifiko baten bidez kontabilizatu behar dute dirulaguntza eman zaiela eta kobratu dutela, hain zuzen ere diruz lagundutako gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-eskakizunak bete ditzaten.

k) Kontuan izanda laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa jaso dezaketela, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 82.1 artikuluak araututako epean gordeko dira egiaztagiriak (dokumentu elektronikoak barne).

l) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:

– Bermatzea emakumeen eta gizonen tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzen dela lanpostuei loturiko hautaprobetan, elkarrizketetan eta hautaketetan.

– Dokumentu, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

m) Kontratatutako pertsonen adostasuna lortzea, haien datuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskura jartzeko, eskatutako dirulaguntza kudeatzeko soil-soilik, eta deialdi honen 24. artikuluan xedatutako edukiaren berri ematea kontratatuei.

n) Ekintzek Europako kofinantzaketa jasoko dutela aurreikusita, erakundeek berariaz adierazi beharko dute hori. Horrela, Europar Batasunaren (EB) ikurra, «Europar Batasunak kofinantzatutakoa» formularekin batera, nabarmen agertu beharko da sortutako material didaktiko guztietan eta bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jarduketen komunikazio-, hedapen- edo publizitate-ekintzetan ere. Halaber, dirulaguntza jasotzen duten erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan adierazten den webgunean.

2.– Era berean, lanbide-praktika egiteko prestakuntza-kontratu bat amaitzean bete beharko den betebehar espezifiko gisa, enpresa onuradunak ziurtagiri bat egin behar dio langileari, gutxienez honako hauek jasota:

– Kontratuaren iraupena.

– Betetako lanpostua/k, eta bakoitzean egindako zeregin nagusiak.

20. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren Zuzendaritzak, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsen kontrol-instantziek beharrezkoak diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egingo dituzte, deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko, eta bereziki egiaztatuko dute betetzen direla enplegua benetan sortzeko eta kontratuen iraupena ezartzeko eskakizunak.

Horretarako, diruz lagundutako kontratazioei buruzko dokumentu guztiak gorde eta zaindu beharko ditu enpresak, gutxienez 2032ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.

21. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzulketa-prozedurari.

22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrerekin, ez ordea lan-kontratu mugagabeetarako edo lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuetarako legez ezarritako Gizarte Segurantzari egindako kotizazioetako hobariekin edo murrizketekin.

23. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek ez badituzte betetzen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarri zaizkien betebeharrak, edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enpresa eta Ekintzailetzako zuzendariak, dagokion ebazpenaren bidez, erabakiko du jaso gabe dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jasotako kopuruak itzuli behar zaizkiola, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera bitarte edo zordunak itzulketa egiten duen arte –itzulketa egin behar duela erabaki aurretik egiten badu– dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola xedatu ere, egokiak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin.

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta, erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan zehaztutako araubideari jarraituko zaio.

Ez-betetze partzialen kasuan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enpresa eta Ekintzailetzako zuzendariak entitate onuradunak itzuli beharreko kopurua zehaztuko du, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuta, justifikatutako kostuen eta egiaztatutako jarduketen arabera, hasieran aurrez ikusitako eperako kontratatzeko betebeharra edo ezarritako eran kontratatzekoa betetzen ez bada, zenbatekoa osorik itzuli behar denean salbu.

2.– Dirulaguntzak itzultzeko prozedurak bat etorri beharko du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendari nagusiak abiaraziko du itzulketa-prozedura, eta idazkia bidaliko dio entitate onuradunari, ez-betetzea eragin duen gertaera –edo gertaerak– jakinarazteko, eta adieraziko dio hamabost eguneko epea duela egoki ikusten dituen alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko. Prozedura hasten denean, eten egingo dira artean egin gabe dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

4.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan, halakorik aurkeztu ez bada edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak ebazpena emango du. Itzulketa-prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero eta dirulaguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesatuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

6.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik eskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

24. artikulua.– Datu-babesari buruzko informazioa.

Bi xedapen hauen mende egongo da datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren jarduera: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurrari jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak gauzatzeko eta dituen lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez, zeina www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean baitago argitaratuta.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago eta zehatza dago hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/065100-capa1-eu.shtml

25. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan gazteak kontratatzeagatik zehaztutako dirulaguntzek bat etorri beharko dute Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EE) Erregelamenduarekin, Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruz. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «minimis» laguntzetan ezin zaio guztira 300.000 euro baino gehiago eman, hiru urteko edozein alditan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» erregelamendu horretako 2.2 artikuluan.

2.– Laguntza eskatzen duenak aurreko hiru urteetan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena egin beharko du, ziurtatzeko «minimis» laguntza berriak ez duela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.

26. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko araudian eta lege hori garatzen duen erregelamenduan bildutakoa aplikatu behar zaio (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Dirulaguntzek Europako Plus Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren mende ere badaude. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Integraziorako Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1057 Erregelamenduaren mende ere badaude (erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua).


Azterketa dokumentala