Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2026ko apirilaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
1788

EBAZPENA, 2026ko apirilaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten langileentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsiora bideratutako laguntzen 2026ko ekitaldiko deialdia.

Urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa (2023ko urriaren 27ko EHAA, 206. zk.). Bada, dekretu horren II. kapituluaren 3. atalaren 2. azpiatalean arautzen dira, hain zuzen ere, enplegu-zentro berezietan desgaitasunen bat duten langileentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsiora bideratutako laguntzak. Laguntzen onuradun enplegu-zentro berezi hauek izan daitezke: Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako lantokietan diruz lagundu daitezkeen jarduketak egingo dituzten enplegu-zentro bereziak, betiere Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroan gizarte-ekimeneko zentro bezala kalifikatuta eta inskribatuta badaude.

Dekretu hori xedapen orokorra da, eta indarraldi mugagabea du, baina, onartu zenez geroztik, zati batean aldatuta dago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuak onartzeko Dekretuko azken xedapenetako bigarrenaren bidez (93/2025 Dekretua, apirilaren 29koa), haren erregulazioa Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legera egokitzearren (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa). 48. artikuluak idazketa berrian espresuki ezartzen duenez, enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten langileentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsiorako laguntzen deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuek zehazten duten organoaren erabaki baten bidez egingo da, eta, hartan, alderdi hauek zehaztuko dira: finantzaketarako baliatuko diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa, zer alditan izan dezaketen dirulaguntza baliabide horien kargura diruz lagunduko diren inbertsioek, eskabideak aurkezteko epea, eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea.

Laguntza horiek 2026-2029ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude, eta plan hori Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen; zehazki, 4.4 gako estrategikoan daude jasota: «Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako enplegurako aukera-berdintasuna eta merkatu arruntean benetako laneratzea lortzeko tresnak indartzea», Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan xedatutakoa betez. Plan hori argitaratuta dago Lanbideren https://www.lanbide.euskadi.eus/laguntzak-eta-diru-laguntzak/weblan00-ayudasysubvenciones/eu/ webgunean, «Laguntzak eta dirulaguntzak» atalean.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak jasotzen du enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten langileentzat enplegu egonkorra sortzen duen inbertsiorako laguntzak finantzatzera bideratutako kreditua. Beraz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.6 artikuluan xedatutakoa betez, laguntza horien deialdia egin behar da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, 20/2023 Legearen 7.2.a) eta 8.3 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuen 14.2.g) artikuluaren arabera, entearen zuzendari nagusia da programa honetako dirulaguntzen deialdia onartzeko organo eskuduna.

Hori guztia dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea, 2026ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten langileentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsiorako laguntzen deialdia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Ebazpen honek berekin dakar gastua baimentzea, deialdi honen 2. artikuluan xedatutako zenbatekoaren eta aurrekontu-banaketaren arabera.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek organo beraren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
DEIALDIA, 2026KO EKITALDIRAKO, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPLEGU-ZENTRO BEREZIETAN DESGAITASUNA DUTEN LANGILEENTZAKO ENPLEGU EGONKORRA SORTZEKO INBERTSIORAKO LAGUNTZENA

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da, 2026ko ekitaldirako, aktibo ez-korronteen gaineko eta horiei lotutako laguntza teknikoetarako inbertsioetarako laguntzak ematea, enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten langileentzako lanpostu egonkorrak sortzeko, baldin eta zentro horiek gizarte-ekimeneko zentro moduan kalifikatuta eta inskribatuta badaude, urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren II. kapituluaren 3. atalaren 2. azpiatalean xedatutakoaren arabera. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko, guztira 1.000.000 euro bideratutako dira.

3. artikulua.– Epealdia.

Deialdi honetako baliabideen kargura diruz lagunduko diren inbertsioen epealdia 2026ko urtarrilaren 2an hasiko da eta 2026ko urriaren 30ean amaituko da, betiere sortu diren lanpostu egonkorrak honako epe honen barruan sortu badira: inbertsioa egin aurreko bi hilabeteen eta inbertsioa egin osteko bi hilabeteen artean.

4. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa urriaren 17ko 152/2023 Dekretuaren 47. artikuluan ezarritakoa izango da, dekretu horren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa. Erakunde onuradunak ezingo ditu inola ere jaso 100.000 euro baino gehiago.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2026ko urriaren 30ean amaituko da.

2.– Dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus), eta Lanbideren webgunean bertara heltzeko esteka bat egongo da erabilgarri.

Desgaitasuna duten langileentzako enplegu egonkorra sortzeko inbertsiora bideratutako laguntzen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, izapidetzeko jarraibideekin batera, hemen egongo da eskuragarri: (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0137621 eta eskabide-eredua: https://www.lanbide.euskadi.eus/lanbide-hasiera/);

Ordezkari baten bidez ere egin daitezke izapideak elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

6. artikulua.– Dirulaguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak.

1.– Aipatutako laguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan eta ebazpen honen apartatuetan xedatutakoak dira.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluan xedatutakoa aplikatuta, entitate onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, 20/2023 Legearen 49. artikuluaren arabera.

3.– Gainera, laguntzen entitate onuradun izateko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuak aplikatuko dira. Horren ondorioz, ezingo dira onuradun izan egoera hauetako batean badaude:

a) Delitu hauetakoren bat egiteagatik kondenatua izana: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Epai edo administrazio-ebazpen irmo batek kondenatuta edo zehatuta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izana, edo, hala izan bada, igaro gabe edukitzea kondena- edo zehapen-epea.

c) Konkurtso-deklarazio boluntarioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jotzea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu badu salbu), esku-hartze judizialaren menpe egotea, edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, edo hala egon izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

d) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa eragin izana, eta suntsiarazpenaren arrazoiaren errudun deklaratu izana.

e) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak badira, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean egotea edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) xedatutakoaren arabera.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka egiaztatze-lan horri, eta, halakorik egiten badu, ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu betekizun hori betetzen duela frogatzeko.

g) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean izatea.

h) Dirulaguntzei dagokienez, ordaindu gabe izatea itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute, emandako dirulaguntza guztiz justifikatu arte.

i) Zehapen administratibo edo penalak izatea sexuagatiko diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik –zehazki, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa–, eta zehapen-epea igaro ez izana.

j) Dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausak izatea, hauek barnean direla:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta egon.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuagatiko jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitzeko eta haien aurka borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak dauzkan legeek ezarritakoaren arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

k) Zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

l) Desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurririk hartu gabe egotea.

m) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluaren 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.

n) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.

ñ) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

o) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.3 bis artikuluan aurreikusitako moduan.

Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen).

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 3. apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da. Adierazpen hori eskabide-orrian dago.

Dokumentazio hau aurkeztuta egiaztatuko da o) apartatuko eskakizuna:

– Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.

Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

– Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die erakunde eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

5.– 152/2023 Dekretuaren 50.1 artikuluak, apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak emandako idazketa berriaren arabera, espresuki ezartzen du eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko direla, eta laguntzak ordenan emango direla, espedientea osatzen den unearen arabera, aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

Aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, horren berri jakinaraziko da EHAAn argitaratuz, eta ebazteke geratu diren eskaerei dirulaguntzak ukatuko zaizkie.

7. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak memoria bat aurkeztu beharko du 2026ko abenduaren 31 baino lehen, egindako inbertsioa justifikatzeko.

Honako hauek erantsiko zaizkio memoria horri:

– Inbertsioaren zioz desgaitasuna duten pertsonei egindako lan-kontratu mugagabeen kopia.

– Gauzatutako inbertsioak frogatzen dituzten fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan horien frogazko balio bera duten dokumentuak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, bai eta ordaindu izanaren egiaztagiriak ere.

– Kanpoko enpresa espezializatuak emandako laguntza teknikoaren ziozko kostua frogatzen duten fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan horien frogazko balio bera duten dokumentuak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, bai eta ordaindu izanaren egiaztagiriak ere.

– Hala badagokio, diruz laguntzeko modukoak diren kostu berberetara bideratutako beste laguntza batzuen zerrenda xehatua, laguntza horiek jaso badituzte edo eskatu badituzte (ebazteke egon arren).

– Finantza-errentamenduen (leasing) bidez finantzatutako inbertsioen kasuan, leasing-kontratuaren kopia aurkeztu beharko da, eta, bertan, aktiboa amaitzean eskuratzeko konpromiso irmoa, finantza-errentamenduaren amortizazio-taula eta justifikazio-egunera arte egindako ordainketen egiaztagiria agertu beharko dira.

– Aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzeak edo kontratu mugagabeak egiteak ez badakar enplegu-zentro berezian desgaitasuna izanik lan-kontratu finkoa duten langileen kopurua handitzea, edo plantillan dauden pertsonen kopuru osoari eusten ez bazaio, aurreko sei hilabeteetako batezbestekoarekin alderatuta, bajen justifikazioa aurkeztu ahal izango da, baldin eta baja horiek enpresa onuradunari egotzi ezin bazaizkio.

2.– Dirulaguntza justifikatzen duen dokumentazioa aurkezteko, laguntza hauek izapidetzeko baliatutako bitarteko elektronikoak erabiliko dira.

8. artikulua.– Prozedura kudeatzeko eta ebazteko eskumena duen organoa.

Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari dagokio laguntzak kudeatzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria izango da laguntzak ebazteko organo eskuduna.

Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.


Azterketa dokumentala