Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2026ko apirilaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1785

EBAZPENA, 2026ko apirilaren 21ekoa, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearena, argitara ematen duena handitu egiten direla enpresen I+G bultzatzeko Hazitek programarako 2026ko ekitaldiko baliabide ekonomikoak.

2025eko abenduaren 16ko Aginduak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarenak, enpresen I+G bultzatzeko Hazitek programaren 2026ko ekitaldiko oinarriak ezarri zituen eta deialdia egin zuen (2025eko abenduaren 29ko EHAA, 250. zk.).

Hazitek programak ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak gauzatzen laguntzen du; proiektu horiek eraldatzaileak, estrategikoak edo lehiakorrak izan daitezke, eta enpresak lehiakorragoak izatea dute helburu.

Agindu horren (hots, 2025eko abenduaren 16ko Agindua, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, 2026ko ekitaldian enpresen I+G bultzatzeko Hazitek programaren oinarriak ezarri eta deialdia egiten duena) 2. oinarriaren (Baliabide ekonomikoak) 2. puntuan ezartzen denez, «deialdiaren guztizko zenbatekoari beste % 50 gehitu dakioke gehienez, eta, hala egiten bada, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez. Zenbatekoa handitzeak ez du ekarriko ez eskabideak aurkezteko beste epe bat ezartzea, ez ebazteko epea berriz hastea».

Hazitek enpresen I+G jarduerari laguntzeko programa bat da, eta haren deialdira –oraindik ebazpen-fasean dago– proiektu asko aurkeztu dira; horren ondorioz, laguntza-eskaria hasieran aurreikusi zena baino askoz ere handiagoa da. Aurkeztu diren proiektuak balioetsi ondoren, guztira 169.000.000,00 euro behar dira benetako premiei erantzuteko (dirulaguntza-deialdian 119.000.000,00 euro finkatu ziren).

Laburbilduz, 50.000.000,00 euro bideratuko dira Hazitek programaren 2026ko deialdiaren baliabide ekonomikoen gehikuntzara: 10.800.000,00 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, 18.700.000,00 euro 2027ko konpromiso-kredituari, 17.000.000,00 euro 2028ko konpromiso-kredituari eta 3.500.000,00 euro 2029ko konpromiso-kredituari.

Horiek horrela, 2025eko abenduaren 16ko Aginduaren 2. oinarrian xedatutakoaren arabera (2025eko abenduaren 16ko Agindua, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, 2026ko ekitaldian enpresen I+G bultzatzeko Hazitek programaren oinarriak ezarri eta deialdia egiten duena), hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hazitek laguntza-programaren 2026ko deialdirako aurreikusita dauden baliabide ekonomikoen gehikuntza argitara ematea (50.000.000,00 euro); Hazitek programaren deialdia 2025eko abenduaren 16ko Aginduaren bidez egin zen.

Bigarrena.– Xedatzea agindu hau argitara eman dadila Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 21a.

Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,

JAIONE GANZARAIN EPELDE.


Azterketa dokumentala