
77. zk., 2026ko apirilaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (125 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
1740
AGINDUA, 2026ko martxoaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Eibarko (Gipuzkoa) «Jazinto Olabe Haurreskola» udal haur-eskola irekitzeko eta abian jartzeko baimena emateko dena.
Eibarko Udalak eskatuta, Eibarren (Gipuzkoa) udal haur-eskola bat irekitzeko eta martxan jartzeko baimena emateko hasitako espedientea aztertu da.
Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarrean dagoen araudiak eskatzen duen dokumentazioa erantsi zaio, eta gai horretan eskumena duten organismoek horri buruzko txostena egin dute.
Arau hauek hartu dira kontuan: Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoa; Unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak eskaintzeko baimenak ikastetxe pribatuei emateari buruzko apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua (otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretuak aldatua); 215/2004 Dekretua, azaroaren 16koa, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazten dituena —azken dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan—, eta gai horretan aplikatzekoak diren indarreko gainerako legeak. Beraz, horiek guztiak aztertu ondoren, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Baimena ematea Eibarko (Gipuzkoa) «Jazinto Olabe Haurreskola» udal haur-eskola irekitzeko eta abian jartzeko.
2026ko martxoaren 1etik aurrera, ikastetxe hori Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen erregistroan inskribatuko da, erregistro-datu hauekin:
Ikastetxearen kodeak: 013718 (EAE) eta 20015810 (unibertsala).
Izen generikoa: Udal Haur-Eskola (UHE).
Izen espezifikoa: «Jazinto Olabe Haurreskola».
Titularra: Eibarko Udala.
Helbidea: Jazinto Olabe plaza, 2.
Udalerria: Eibar.
Lurralde historikoa: Gipuzkoa.
Baimendutako irakaskuntzak:
– Haur Hezkuntzako lehenengo zikloa:
• 1-2 urte bitarteko haurrentzako 2 unitate, gela bikoitz batean kokatuak, 10 ikaspostuko edukierakoa bakoitza.
Bigarrena.– Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren hamahirugarren artikuluan ezarritakoaren arabera, ikastetxeak ezingo du erabili erregistroko inskripzioan agertzen den izena ez den beste izenik.
Hirugarrena.– Hezkuntza-administrazioari zuzendutako eskaera edo komunikazio guztietan, norberaren dokumentazioan eta ikastetxeari buruzko publizitatean, hori egiteko bidea edozein dela ere, ikastetxearen entitate titularrak izen generikoa erabili beharko du, eta, ondoren, espezifikoa eta ikastetxearen kodea, erregistro-inskripzioan jasotako datuen arabera.
Halaber, ikastetxearen publizitateak Estatuz kanpoko ikastetxeen izenak eta publizitatea arautzen dituen otsailaren 13ko 401/1979 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoa bete beharko du.
Laugarrena.– Ikastetxearen entitate titularrak indarrean dagoen araudia bete beharko du ikaspostu-kopuruari, ekipamenduari, titulazio akademikoari, irakasleen hizkuntza-eskakizunari eta indarrean dagoen eta aplikatzekoa den gainerako legeriari dagokienez, eta emandako baimena berrikusteko eskatu beharko du, legezko ordezkariaren bidez, ikastetxearen erregistro-daturen bat aldatu behar denean. Bestela, emandako baimena baliogabetu egingo litzateke.
Bosgarrena.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutako Eraikingintzaren Kode Teknikoa bete behar du, bai eta indarrean dagoen legerian adierazten diren higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna ikastetxearen entitate titularrari dagokio.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 30a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
RSS