
77. zk., 2026ko apirilaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (129 KB - 4 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
LEHENDAKARITZA
1735
EBAZPENA, 2026ko apirilaren 14koa, Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen idazkari nagusiarena, zeinaren bidez deialdi publikoa iragartzen baita goi-kargudunaren idazkariaren lanpostua (kodea: 520010; dotazioa: 216) izendapen askez betetzeko, Nortasun Korporatiboaren Zuzendaritzan.
Nortasun Korporatiboaren Zuzendaritzan hutsik geratu da goi-kargudunaren idazkariaren lanpostua (kodea: 520010; dotazioa: 216). Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 94.9 artikuluaren arabera, eta Enplegu Publikoko aldeko txostena bidali eta gero, sail honek erabaki du iragartzea izendapen askez beteko dela eranskinean aipatzen den lanpostua, oinarri hauei jarraituz:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako karrerako funtzionarioek eta EAEko administrazio orokorrarekin lotuta dauden zuzenbide pribatuko ente publikoetako karrerako funtzionarioek, baldin eta lanpostu-zerrendan (LPZ) ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztuta daude).
Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdian, egoera hauetan daudenek izan ezik:
– Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.
– Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izango dute parte hartu, baldin eta ez badute bete itzultzeko eskatzen den gutxieneko aldia (2 urte).
Bigarrena.– Eskabideak.
Eskabideak 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
EAEko Administrazio Orokorrean eta haren organismo publikoetan jardunean dauden karrerako funtzionarioek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskabideak. Jakina bidez eta Internet bidez sar daiteke atari horretara, helbide honetatik: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/funtzio-publikoa/hasiera/
Gainerako izangaiek erregistro elektronikoaren bidez bidaliko dituzte eskabideak, Lehendakaritzako Zerbitzu Zuzendaritzara.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.
Ebazpen honen eranskinean ezartzen da zer betekizun eskatzen diren goi-kargudunaren idazkariaren lanpostua (kodea: 520010; dotazioa: 216) betetzeko.
Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:
a) Tituluak.
b) Administrazio publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.
c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.
e) Hizkuntzak.
f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzio eta zereginekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen diren bestelako merezimendu eta konpetentzia guztiak.
Eskabidearekin batera, deialdian eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, baldin eta EAEko administrazio orokorraren Langileen Erregistroan ez badaude.
Izangaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoak egokitzat jotzen dituen bitartekoak erabil ditzake izangaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko: elkarrizketa pertsonal bat edo proba bat egin dezake, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eska ditzake.
Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren datan beteta izan behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte bete beharko dira. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileak ezin izango dira jabetu esleitutako lanpostuaz.
Laugarrena.– Ebazpena.
Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen idazkari nagusiaren ebazpen bidez ebatziko da deialdi hau, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
Lanpostua lortzen duen pertsonak esleipen-ebazpenean ezarritako datan jabetu beharko du lanpostuaz, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.
Ebazpen hori arrazoitzeko, kontuan hartuko da izangaiak deialdian eskatzen diren betekizunak eta zehaztapenak bete dituela, izendapena egiteko eskumena dagoela, eta lanpostuari buruz monografian ezarritako eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia dela. Horretarako, gainerako izangaiekin (baldin badaude) alderatuko dira merezimenduak (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza).
Deialdia hutsik geratu dela deklaratu daiteke, baldin eta izangaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren betekizunak edo izangaietako bat ere ezin bada egokitzat jo, deitutako lanpostua betetzeko behar beste merezimendu eta konpetentzia ez dituelako.
Bosgarrena.– Errekurtsoak.
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 14a.
Koordinazioaren eta Proiektu Estrategikoen idazkari nagusia,
MIKEL IRIONDO BILBAO.
ERANSKINA
Deitutako lanpostua: goi-kargudunaren idazkaria.
Kodea: 520010.
Dotazioa: 216.
Kidegoa eta eskala: EGC101 Administrarien Kidegoa – Administrarien Eskala, edo EGC201 Administrari Laguntzaileen Kidegoa – Administrari Laguntzaileen Eskala.
Lanpostu-mailako osagarria: 18.
Berariazko osagarria: VI-A.
Kokapena: Nortasun Korporatiboaren Zuzendaritza. Lehendakaritza.
Udalerria: Vitoria-Gasteiz.
Hizkuntza-eskakizuna: 2.
Derrigortasun-data: 2024-12-03.
Lanpostu-zerrendako betekizunak edo berariazko ezagutzak:
– Hizkuntza-eskakizuna: arestian aipatutakoa.
RSS