
76. zk., 2026ko apirilaren 24a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (386 KB - 24 orri.)
- EPUB (127 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELANKIDETZA-LANKIDETZARAKO ETA ELKARTASUNERAKO EUSKAL AGENTZIA
1720
EBAZPENA, 2026ko martxoaren 18koa, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baitira garapenerako lankidetza-programen identifikazio- eta exekuzio-faseetarako laguntzen oinarri arautzaileak eta 2026ko ekitaldiko laguntzen deialdia egiten baita.
Azken hamarkadan, programak txertatuta dauden testuingurua asko aldatu da. Egungo globalizazio-fasean, bat egiten dute krisi ekonomikoek, instituzionalek, politikoek, sozialek, humanitarioek, ekologikoek, sanitarioek, balio-krisiek eta abarrek. Krisi horiek, izaera globala edukita ere, ezberdin eragiten diete lurralde, kolektibo eta pertsonei. Krisiak zenbait aldaketaren emaitza dira. Izan ere, tokiko, estatuko eta nazioarteko mugak lausotu egin dira, eta garapen-arazoek estatuz gaindiko dimentsioa hartu dute; hala, munduko herri eta gizarte gehienek dituzten erronka global izatera pasatu dira. Hain zuzen ere, agertoki hori hartzen dute abiapuntutzat 2030 Agendak eta 2015ean Nazio Batuen Batzar Nagusian onetsi ziren Garapen Jasangarriko Helburuek. Agendaren ezaugarri nagusiak hauek dira: proiekzio unibertsala, zeinak Iparraldea eta Hegoaldea binomioa gainditzeko gonbita egiten baitu; maila anitzeko izaera, aintzat hartuta toki-maila eta maila globala elkarren mendekoak direla eta errealitate beraren zati direla; integraltasunaren aldeko apustua, hau da, helburu komunetara bideratutako politika sektorialak elkarrizketan jartzea, eta herrialde guztiei erantzukidetasunez jokatzeko eskatzea, nork bere agenda garatuz, erantzukizun komunak baina bereiziak hartuta.
Erronka globalei hobeto erantzuteak nahitaez esan nahi du berrikuntzaren ikuspegia txertatu behar dela garapenerako lankidetzaren esparruan. Hori lan-estrategietara eta dirulaguntza-tresnetara eraman behar da aipatutako erronketara moldatzeko. Ildo horretatik, garapenerako lankidetza-programen erregulazioak eutsi egiten dio giza garapen jasangarria bultzatzeko xedeari, baina ikuspegi tokiko-globala izatea ezinbestekotzat hartzen du lan-estrategiak planteatzeko, eta horixe da, hain zuzen ere, bere bereizgarri nagusia. Horren harira, garapenerako lankidetza-programetan ikuspegi tokiko-globala txertatzeak bideratuta egongo da egiturazko arazo eta erronka global partekatuei aurre egitera; Iparraldeko eta Hegoaldeko antolakundeen arteko koordinazioa eta antolakuntza hobetzera, arazoei eta erronkei aurre egin ahal izateko; eragile desberdinen arteko aliantza zabalak ezartzera; tokiko, estatuko eta nazioarteko mailetan ekintza antolatua bultzatzera, eta banakoentzako laguntza eta herritartasun globalaren eraikuntza sustatzera.
Deialdi honen arabera, garapenerako lankidetza-programek bi finantzaketa-fase izaten dituzte, bereiziak eta ondoz ondokoak: a) Identifikazio-fasea: hasierako fasea da, eta, bideratuta dago, batetik, zer errealitate, arazo eta erronka aldatu nahi diren, haiek zehaztera, bai eta, testuingurua eta eragile parte-hartzaileak kontuan hartuta, esku hartzeko estrategia egokiena eta bideragarriena zehaztera ere; b) Exekuzio-fasea: ondoz ondoko fasea da, eta bideratuta dago hautatutako esku hartzeko estrategia garatzera.
2026rako ebazpen honek bi laguntza-ildo biltzen ditu: laguntzak deitzen dira programen identifikazio-faserako eta programen exekuzio-faserako. 2026ko exekuzio-fasean parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da 2025eko edo 2024ko identifikazio-fasean parte hartu eta onuradun izatea. 2026ko identifikazio-fasea hasierako fasea da, eta, beraz, entitateek, dirulaguntzaren onuradunak badira, eskabidea aurkeztu beharko dute 2027ko exekuzio-fasearen deialdian parte hartzeko.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak –2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.– erregulatzen du zein araubide juridiko orokor duten Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek ematen dituzten dirulaguntzek.
Deialdi hori 2025-2026 biurteko planaren esparrukoa da, eta plan hori eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian argitaratu da: www.elankidetza.euskadi.eus zehazki, «Nortzuk gara» atalaren «Plangintza» eremuan. Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, deialdia jasota dago eLankidetza Agentziaren 2026-2029ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina Artezkaritza Kontseiluaren 2026ko otsailaren 3ko erabakiaren bidez onartu baitzen:
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren 2026ko ekitaldirako aurrekontua 7/2025 Legearen bidez onartuta dago (abenduaren 23ko 7/2025 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena, 2025eko abenduaren 30eko EHAA, 251. zk.), eta aurrekontuan behar besteko kreditua dago deialdia finantzatzeko.
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Artezkaritza Kontseiluak, ente hori sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b artikuluan ematen zaizkion eskumenak baliatuta, 2026ko otsailaren 3an egindako bilkuran hartu zuen erabakia, zertarako eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariari proposatzeko onar zitzala bi laguntza-faseak eta laguntzak emateko oinarrizko irizpideak.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Deitzea garapenerako lankidetza-programetarako identifikazio- eta exekuzio-faseetarako 2026ko ekitaldirako laguntzak, eta onartzea bi fase horietarako laguntzen deialdiaren oinarriak –oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean jasota daude (I. kapitulua, zati orokorra; II. kapitulua, identifikazio-fasea, eta III. kapitulua, exekuzio-fasea)– eta II. eta III. eranskinetan jasotzen diren esleipen-irizpideak.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen honetan deitzen diren laguntzek bete egingo dituzte ebazpen honi erantsitako deialdietako oinarriak; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritako oinarrizko manuak eta hura garatzeko erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartuta), garapen jasangarrirako lankidetzaren eta elkartasun globalaren arloko dirulaguntzak eta laguntzak arautzen dituen martxoaren 11ko 188/2025 Errege Dekretua, eta, hala dagokionean, hura ordezkatzeko ematen den araudia.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Artezkaritza Kontseiluaren 2026ko otsailaren 3ko bilkuran erabakitakoaren arabera, entitate eskatzaile bakoitzak gehienez ere eLankidetzaren funtsen 3.100.609,12 euroko zenbatekoa jaso ahalko du 2026an, onartutako dirulaguntza guztiak kontuan hartuta, nahiz eta dirulaguntza horiek etorkizuneko ekitaldietan ordaindu.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 18a.
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendaria,
FRANCISCO JAVIER CORTÉS FERNÁNDEZ.
ERANSKINA
I. KAPITULUA
ZATI OROKORRA
1. oinarria.– Xedea.
1.– Deialdi honen xedea da erregulatzea garapenerako lankidetza-programak finantzatzera bideratutako 2026ko ekitaldirako laguntzen oinarriak.
2.– Garapenerako lankidetza-programak ekimenak dira, Iparraldeko eta Hegoaldeko ekintzak modu koherente eta osagarrian integratzeko, eta helburu dute giza garapen jasangarrirantz aurrera egitea, ikuspegi tokiko-global batetik.
3.– Ikuspegi tokiko-globalak elementu nagusia izan behar du diruz lagunduko diren programetan. Ondorioz, ikuspegi horren txertatze-maila funtsezko irizpidea izango da aurkeztutako laguntza-eskabideak baloratzeko. Programetan, eta dekretu honen ondorioetarako, honako elementu osatuko dute ikuspegi tokiko-globala:
a) Egiturazko arazoak eta erronka globalak jorratzea: tokiko arazoak pobreziaren eta desparekotasunaren egiturazko kausekin erlazionatzea; toki-mailako eta maila globaleko garapen-erronkak erlazionatzea; haiei lurralde bakoitzetik aurre egiteko estrategia egokiak definitzea, eta estrategia desberdinen arteko koherentzia.
b) Iparraldeko eta Hegoaldeko entitateen arteko antolakuntza: baterako lana eta lan osagarria helburu komun batzuen inguruan; erantzukidetasuna identifikatutako erronkak jorratzean, eta sinergiak eta balio erantsia sortzea.
c) Aliantzak: aliantza zabal eta askotarikoak eratzea eragile eta antolakundeen artean, hainbat mailatan.
d) Maila anitzeko ekintza: tokiko, estatuko eta nazioarteko mailetan eragin eta antolatzea, eta lurralde-dinamikak estatuko zein nazioarteko esparruko estrategiekin erlazionatzea.
e) Banakoei laguntza ematea eta herritartasun globala eraikitzea: analisi-gaitasunak indartzea eta kontzientzia kritikoa hartzea; errealitateak eta eraldaketa-borondatea konektatzea, eta ikuspegi politiko-pedagogikoak txertatzea.
2. oinarria.– Garapenerako lankidetza-programak finantzatzeko faseak.
1.– Garapenerako lankidetza-programek bi finantzaketa-fase izaten dituzte, bereiziak eta ondoz ondokoak:
a) Identifikazio-fasea: hasierako fasea da, eta bideratuta dago aldatu nahi den errealitatea, arazoak eta erronkak ezaugarritzera, eta, testuingurua eta eragile parte-hartzaileak zein diren, esku-hartze estrategia egokiena eta bideragarria xehe definitzera.
b) Exekuzio-fasea: ondorengo fasea da, eta bideratuta dago hautatutako esku hartzeko estrategia garatzera. Finantzaketa-ondorioetarako, ebaluazioa ere sartzen da fase horren barruan.
2.– Identifikazio-fasearen deialdian laguntza emateak ez du bermatuko ondorengo exekuzio-fasearen deialdian laguntza emango denik.
3.– Exekuzio-fasearen deialdian parte hartzeko, beharrezkoa izango da programaren identifikazio-fasea diruz lagunduta egotea 2025eko deialdian edo 2024koan.
4.– Identifikazio-fasearen deialdian laguntzaren onuradun diren entitateek dagokien eskabidea aurkeztu beharko dute ondorengo exekuzio-fasearen deialdian parte hartu ahal izateko. Entitateek deialdi horretan laguntza emateko esleipena jasotzen ez badute, berriro aurkeztu ahal izango dute eskabidea, baina soilik exekuzio-fasearen hurrengo deialdian.
3. oinarria.– Finantzaketa.
2026ko ekitaldirako, 90.000 euro bideratzen dira deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzen identifikazio-fasea finantzatzeko, eta 1.800.000 euro, exekuzio-fasea finantzatzeko.
4. oinarria.– Afrikan egiteko ekimenak.
1.– Esleipen baten erreserba ezartzen da identifikazio-faserako, baldin eta ekimena garatzeko Hegoaldeko herrialde nagusia Afrikakoa bada, nahiz eta puntuazio handiagoa duten beste eskabide batzuk kendu behar izan esparru horretan garatzen ez direlako.
2.– Ezinezkoa baldin bada erreserbatutako esleipena egitea aurkeztutako eskabideek ez dituztelako betetzen eskatutako betekizunak, ez direlako bideragarriak, ez dutelako genero-ikuspegia txertatuta, edo gutxienez 50 puntu lortu ez dituztelako, laguntzak esleitu ahal izango zaizkie beste esparru geografiko batzuetan egitea proposatzen duten eskabideei.
5. oinarria.– Esleitzeko prozedura.
1.– Deialdi honetan erregulatzen diren laguntzak norgehiagoka-prozeduraren bidez esleituko dira, lehiaketa bidez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusten den bezala. Entitate bakoitzak gehienez ere ekimen bat aurkeztu ahalko du identifikazio-fasean zein exekuzio-fasean.
2.– Eskatu eta esleituko diren laguntzen zenbatekoek ezin dituzte gainditu muga hauek:
a) Identifikazio-fasean, ekimen bakoitzari emateko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 30.000 euro izango da.
b) Exekuzio-fasean, ekimen bakoitzari emateko dirulaguntzaren gutxieneko zenbatekoa 600.000 euro izango da, eta gehienekoa, 900.000 euro.
3.– Diruz lagundu daitezkeen programen fase bakoitzerako aurreikusitako zuzkiduran esleitu gabeko soberakina geratzen bada, aurrekontu-ekitaldi horretan bertan bideratu ahalko da eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren beste laguntza-deialdi batzuetara. Soberakin hori sortu ahal izango da ez delako jaso zuzkidura agortzeko proposamen nahikorik, aurkeztutako proposamenek ez dituztelako betetzen ezarritako betekizunak, ez dutelako lortu eskatutako gutxieneko puntuazioa, edo soberakin erabilgarria txikiagoa delako ezarritako gutxieneko zenbatekoak baino.
6. oinarria.– Entitate eskatzaileak bete behar dituen betekizunak.
1.– Entitate eskatzaileak betekizun hauek bete beharko ditu dirulaguntza eskatu ahal izateko:
1.1.– Izaera juridikoa zein den, dagokion erregistro publikoan inskribatuta egotea; Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza edo ordezkaritza izatea; funts publikoekin finantzatutako jarduerak kudeatzeko antolaketa-egitura nahikoa izatea, eta irabazi-asmorik ez izatea, ekonomia sozial eta solidarioko entitateen estatutuetan ez badago espresuki baztertuta mozkinak beren kideen artean banatzea.
1.2.– Kudeaketa-gaitasuna izatea. Horretarako, entitate eskatzaileak betekizun hauek bete beharko ditu:
a) eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziatik gutxienez bi dirulaguntza jaso izana identifikazio-deialdiaren aurreko hiru ekitaldietan, edo, bestela, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren dirulaguntzak exekuzioan izatea identifikazio-deialdiaren aurreko bost ekitaldietako bakoitzean.
b) Identifikazio-deialdiaz aurreko hiru ekitaldietan, garapenerako lankidetzako helburuekin loturiko laguntza publikoak justifikatu izana, eta, guztira, programaren exekuzio-faserako eskatu nahi den zenbateko berdinekoak edo handiagokoak izatea.
c) Bermatzea Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez pertsona bat kontratatzen dela exekuzio-fase osoan programa kudeatzeko.
1.3.– Gaitasun estrategikoa izatea. Horretarako, entitate eskatzaileak betekizun hauek bete beharko ditu:
a) Plangintza estrategiko bat indarrean edukitzea, bertan jasota entitateak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Hegoaldeko herrialdeekin egiten duen lana bideratuko duten helburu eta ekintza-ildo espezifikoak, eta plangintza hori bat etortzea aurkeztutako ekimenarekin.
b) Genero-ekitatearen aldeko ekintza-plan bat izatea indarrean, genero-desparekotasunak ezabatzeko, generoaren zeharkako izaera garatzeko eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko, bai entitatearen barruan, bai bultzatutako ekimenetan.
Genero-ekitatearen aldeko ekintza-planak eduki hauek izan beharko ditu, gutxienez:
– Erreferentziatzat hartzen den esparru teorikoa, entitate eskatzaileak generoaren arloan dituen arazoen eta erronken laburpena, eta haiek konpontzeko hartutako estrategia.
– Helburu espezifikoak.
– Espero diren emaitzak.
– Ekitatearen aldeko ekintzak, emaitzak lortzeko (haietako bat gutxienez antolakunde-kulturara bideratuta).
– Adierazleak.
– Kronograma.
– Ekintza bakoitza egiteko giza baliabideak –pertsona eta arlo arduradunak– eta baliabide materialak.
– Planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema.
c) Identifikazio-fasearen deialdia argitaratu aurreko hiru urteetan gizarte-eraldaketarako gutxienez bost hezkuntza-jarduera gauzatu izana Euskal Autonomia Erkidegoan.
d) Gutxienez hiru urteko lan-esperientzia izatea programako gaien esparruan, kontuan hartuta identifikazio-fasearen deialdia argitaratu aurreko bost ekitaldiak.
e) Gutxienez hiru urteko lan-esperientzia edukitzea diruz lagundu daitekeen programaren exekuzioan entitate eskatzailearekin batera gehien parte hartzen duen elkarteko entitatean, kontuan hartuta identifikazio-fasearen deialdia argitaratu aurreko bost ekitaldiak.
2.– Ezin izango dira dirulaguntza hauen onuradunak izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debekuen eta inguruabarretan bat duten entitateak.
3.– Bidegabe jasotako laguntzek itzultzeko arrazoiak eta haiek azkentzeko eta itzultzeko prozedurak bete egingo dute Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan eta hirugarren xedapen gehigarriaren laugarren apartatuan ezarritakoa.
7. oinarria.– Garapenerako lankidetza-programen betekizunak.
1.– Oro har, edozein fasetako laguntzak eskuratzeko, garapenerako lankidetza-programek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Entitate-elkarte baten bidez garatzea; elkarte horretan, entitate eskatzaileaz gainera, Hegoaldeko herrialde bateko gutxienez entitate batek parte hartu beharko du.
Deialdi honen ondorioetarako, Hegoaldeko herrialdeen barne hartzen dira garapenerako laguntza ofiziala jasotzeko hautagarri diren Hegoaldeko herrialdeak eta lurraldeak, baita beste herrialdeak eta lurraldeak ere, baldin eta, pobrezia-, desparekotasun-, indarkeria- eta diskriminazio anizkoitzen mailak direla-eta, bertan jardutea egokitzat jotzen baita eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak egiten duen testuinguru- eta aukera-analisiaren arabera.
b) Jarduerak egitea, eraldaketak sustatzea eta inpaktuak aurreikustea, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai, gutxienez, Hegoaldeko herrialde batean.
2.– Oinarri honetako aurreko paragrafoetan aurreikusitako betekizunak egiaztatzeko, laguntzak eskatzeko formularioak erabiliko dira, baita, deialdiaren ebazpenean ezartzen den moduan, horiekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak ere.
8. oinarria.– Eskatzaileaz bestelako elkarteko entitateen betekizunak.
1.– Eskatutako dirulaguntzaren % 20an baino gutxiagoan programa exekutatzea beren gain hartzen duten elkarteko entitateek betekizun hauek bete beharko dituzte:
1.1.– Nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan formalki inskribatuta egotea identifikazio-fasearen deialdira aurkeztu baino urtebete lehenagotik, gutxienez.
1.2.– Irabazi-asmorik ez izatea, edo, bestela, bermatzea programara egindako ekarpenak –egungoa edo etorkizunekoa, zuzenekoa edo zeharkakoa– irabazteko interesik ez duela, eta parte hartzea justifikatuta egotea esku-hartzearen izaeragatik.
2.– Eskatutako dirulaguntzaren % 20an baino gehiagoan programa exekutatzea beren gain hartzen duten elkarteko entitateek betekizun hauek bete beharko dituzte:
2.1.– Nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan formalki inskribatuta egotea identifikazio-fasearen deialdira aurkeztu baino bost urte lehenagotik, gutxienez.
2.2.– Irabazi-asmorik ez izatea, edo, bestela, bermatzea programan irabazteko interesik ez dutela –ez egun, ez etorkizunean, ez zuzenean, ez zeharka–, eta parte hartzea justifikatuta egotea esku-hartzearen izaeragatik.
2.3.– Kudeaketa-gaitasuna izatea. Horretarako, egiaztatu beharko du justifikatu duela identifikazio-fasearen deialdiaz aurreko hiru ekitaldietan garapenerako lankidetzako helburuekin loturiko dirulaguntzak jaso izana, eta haien zenbatekoa, guztira, programaren exekuzio-fasean kudeatzea aurreikusten duen zenbatekoaren % 80 edo gehiago dela.
2.4.– Gaitasun estrategikoa izatea. Horretarako, betekizun hauek bete beharko ditu:
a) Plangintza estrategiko bat izatea indarrean, zeina koherentea izango baita aurkeztutako ekimenarekiko.
b) Genero-politika instituzional bat izatea indarrean, sustatutako ekimenetan genero-ikuspegia txertatzeko orientazioa emateko.
Genero-politika instituzionalak eduki hauek izan beharko ditu, gutxienez:
– Erreferentziako teoriaren eta araudien esparrua.
– Antolakundeak dituen aurrekariak genero-ikuspegia txertatzeari buruz.
– Helburuak, emaitzak eta ekintza-ardatzak.
c) Gutxienez hiru urteko lan-esperientzia izatea programako gaian, kontuan hartuta identifikazio-fasearen deialdia argitaratu zen dataren aurreko bost ekitaldiak.
d) Gutxienez hiru urteko lan-esperientzia izatea laguntza exekutatuko den xede-biztanleriarekin, kontuan hartuta identifikazio-fasearen deialdia argitaratu zen dataren aurreko bost ekitaldiak.
9. oinarria.– Elkarteko entitateen arteko hitzarmena.
1.– Bai identifikazio-faserako, bai exekuzio-faserako, elkarteko entitate guztien eskubideak eta betebeharrak hitzarmen batean zehaztuko dira.
2.– Elkarteko alderdi bakoitzak izenpetutako hitzarmenak alderdi hauek jasoko ditu, gutxienez:
a) Entitate-elkarteak programa nola kudeatuko duen.
b) Elkarteko entitate bakoitzaren kudeaketa-ardurak, adieraziz haietako bakoitzak zein zenbateko kudeatu beharko duen.
c) Elkartearen barnean sor daitezkeen gatazkak ebazteko sistema.
d) Elkartea desegitea eta programa amaitzea eragin dezaketen kasuak.
3.– Elkarteko entitate bakoitzak izenpetu duen identifikazio-faserako hitzarmena eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziara bidali beharko da bi hilabeteko epean, identifikazio-faseko emate-ebazpena argitaratzen denetik zenbatzen hasita.
4.– Elkarteko entitate bakoitzak izenpetu duen exekuzio-faserako hitzarmena eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziara bidali beharko da bi hilabeteko epean, exekuzio-faseko emate-ebazpena argitaratzen denetik zenbatzen hasita.
10. oinarria.– Betekizunak betetzea.
Laguntza hauek emateko betekizunak identifikazio- eta exekuzio-faseetarako eskabideak aurkezten diren unean bete behar dira, ezarritako epeetan egiaztatu beharko dira, eta une oro mantendu beharko dira, diruz lagun daitekeen jarduketa amaitu arte.
11. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruzko kontsiderazio orokorrak.
1.– Diruz lagun daitezkeen gastuak dira diruz lagundutako esku-hartzearen izaerari erantzuten diotenak, hertsiki beharrezkoak direnak, eta ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatu-balioa baino handiagoa.
2.– Elkarteko entitateek, ahal den neurrian, tokiko baliabide materialetara eta giza baliabideetara jo beharko dute programan aurreikusitako ekintzak garatzeko. Baliabideek egokiak izan behar dute efizientzia ekonomikoaren ikuspegitik, eta, gainera ingurumenaren aldetik jasangarriak eta gizartearekiko arduratsuak izan behar dute.
3.– Gastuak zuzen sailkatzeko eta egozteko, bai aurrekontuan, bai justifikazio-kontuetan, bete egin beharko da deialdi honen fase bakoitzaren oinarrietan adierazitakoa.
4.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean eta hirugarrenekin kontratatzea eragiten duenean, entitate onuradunak, edo, hala badagokio, elkarteko entitateak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, salbu eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago haiek egiten, ematen edo hornitzen dituen behar adina entitate, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada. Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko dituzte), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean espresuki justifikatu beharko da proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez denean.
12. oinarria.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Eskabidea bitarteko elektronikoen bidez soilik aurkeztu beharko da, entitate eskatzailearen legezko ordezkariak sinadura elektroniko kualifikatua emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera. Eskabideaz gain, oinarri hauetan eskatutako dokumentazioa eta, hala badagokio, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak eskatzen duena aurkeztu beharko dira.
Eskabidea ordezkariak aurkeztu ahal izango du, eta ordezkaritza Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera egiaztatu beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatzeko aukerarekin (https://www.euskadi.eus/ordezkariak).
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da identifikazio- zein exekuzio-faseetarako, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
2.– Eskabidea elektronikoki ere izapidetu ahalko da, ordezkari baten bidez, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Agentziak ofizioz frogatuko, ziurtatuko edo egiaztatuko du legezko ordezkariaren egiaztapena administrazio eskudunean. Hala ere, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, eta haren izenean jardungo du bitarteko elektronikoen bidez ebazpen honi dagozkion jarduketa guztietan. Horretarako, hauek erabiliko dira:
– Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan baitago (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/).
– «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, zeina eskabidearekin batera aurkeztu beharko baita. Entitateek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko diote, edo, bestela, ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko beste edozein dokumentu.
Ordezkariak egoitza elektroniko horretan onartzen den identifikazio-bitarteko elektroniko eduki beharko du.
3.– Entitate interesdunak espedientean sartu, dokumentazioa aurkeztu, zuzenketak egin, jakinarazpenak gauzatu eta prozedura honekin lotutako gainerako izapideak egin nahi baditu, erabili ahalko duen aplikazio bakarra «Nire karpeta» izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikokoa (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).
4.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharko da, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsona edo entitatearen sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu behar den dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.
5.– Eskatzaileak berak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko ditu laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa.
6.– Eskabideak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.
7.– Profilen aurrekontuak eta programaren behin betiko dokumentuak eurotan aurkeztuko dira, baita programen kokagunea izango diren herrialde(eta)ko legezko txanponetan ere. Eurotako korrespondentzia kalkulatzeko, kontuan hartuko da Europako Banku Zentralak edo dagokion herrialde(eta)ko banku zentralak ezarritako kanbio-tasa. Kontuan hartuko den kanbio-tasaren data deialdi honen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunekoa izango da.
13. oinarria.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Eskabideetan, apartatu bat dago erantzukizunpeko adierazpenei buruz, eta, bertan, betebehar hauek egiaztatu beharko dira:
1) Adieraztea ea eskatu eta, hala badagokio jaso diren helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik.
2) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako ezein inguruabarretan.
3) Egotea edo ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehapen-prozeduretan. Halako prozeduraren batean badago, adierazi beharko du zer prozedura den.
4) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
5) Ez edukitzea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
6) Ez egotea Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikuluan aurreikusitako inguruabarretan edo kasuetan.
7) Eskabidean eta aurkeztutako gainerako dokumentazioan emandako datuen egiazkotasuna eta zehaztasuna aitortzea, eta hala ez bada, dagokion ardura hartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 28.7 artikuluan ezarritakoaren arabera.
8) Exekuzio-fase guztian programa kudeatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez pertsona bat kontratatzen dela bermatzea, eskatzaileak dirulaguntza jasotzen badu.
9) Identifikazio-fasearen deialdian dirulaguntzaren onuraduna izanez gero, eskabidea aurkeztea ondorengo exekuzio-fasearen deialdian parte hartu ahal izateko.
10) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Adierazpen hori egin ezean, ziurtagiri egokiak aurkeztu beharko dira.
11) Baimena ematen duela behar diren datu pertsonalak tratatzeko deialdi hau izapidetzeko, kudeatzeko, ebazteko, justifikatzeko eta kontrolatzeko, bai eta, hala badagokio, datuok beste administrazio publiko batzuei komunikatzeko ere, beharrezkoa denean oinarri hauetan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, (EB) 2016/679 Erregelamenduan (DBEO) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.
12) Baimena ematen duela datuak elektronikoki kontsultatzeko eta egiaztatzeko, gaitutako elkarreragingarritasun administratiboko plataforma eta sistemen bidez, datu-bitartekaritzako plataforma barne, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Espresuki aurka eginez gero, entitate eskatzaileak konpromisoa hartzen du zuzenean aurkezteko dagokion dokumentazioa, aipatutako legearen 28.3 artikuluaren arabera.
14. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea.
Entitateek zuzen jokatu beharko dute funtsak erabiltzean; horrela, esku-hartzearen xedeak exekutatzeko baino ez dituzte aplikatuko, eta horien trazabilitatea bermatuko dute. Identifikazio- eta exekuzio-faseetarako ordainketa-modua eranskin honetako dagokion kapituluan ezartzen da, oinarri espezifikoetan.
15. oinarria.– Justifikazioa.
1.– Justifikazio-kontuak bat etorri beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian argitaratutako ereduekin.
2.– Gastuaren egiaztagiriak izango dira fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten dokumentuak. Programen kokagunea diren lekuen inguruabarrek eragozten badute fakturak lortzea, ordainagiriak erabili ahal izango dira justifikatzeko.
3.– Behar bezala egiaztatutako salbuespenezko egoerak gertatzen badira –kausa naturalen, gatazka armatuen, edozein krisi humanitarioren ondoriozko hondamendiak edo gerora sortutako salbuespenezko beste kausa batzuk–, eta haiek zailtzen edo eragozten badute gastua justifikatzeko dokumentazio egokia edukitzea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak beste justifikazio-modu batzuk onartu ahal izango ditu, hala nola behar bezala egiaztatutako eta dagokion erregistro ofizialean inskribatutako tasatzaileen txostenak, lekukoen adierazpena, garatutako emaitzak edo jarduerak egiaztatzea, hornitzaileen erantzukizunpeko adierazpena, faktura bakarraren bidezko justifikazioa edo antzeko froga-balioa duten beste dokumentu batzuk.
16. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.
1.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko Zerbitzuari dagokio deialdi honetan erregulatutako dirulaguntzak kudeatzea.
2.– Eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, kide anitzeko organo bat eratuko da, hautaketa-batzordea izenekoa, eta pertsona hauek osatuko dute:
– Diruz laguntzeko programak (identifikazio-fasekoak) hautatuko dituen batzordea:
Batzordeburua: Iker del Río Lahidalga.
Kidea: Arkaitz López Sánchez.
Idazkaria: Mónica Fernandez Vidal.
– Diruz laguntzeko programak (exekuzio-fasekoak) hautatuko dituen batzordea:
Batzordeburua: Iker del Río Lahidalga.
Kidea: Mónica Fernandez Vidal.
Idazkaria: Arkaitz López Sánchez.
17. oinarria.– Laguntzak emateko prozedura.
1.– Laguntzak esleitzean, bete egingo dira deialdi honetan zehaztutako hautaketa-prozesua eta balorazio-irizpideak. Edonola ere, ezarritako betekizun guztiak betetzen dituzten, bideragarriak diren eta genero-ikuspegia txertatuta duten eskabideek soilik jasoko dute dirulaguntza, baldin eta gutxienez 50 puntu lortzen badituzte, deialdiaren ebazpenean diruz lagun daitekeen fase bakoitzerako ezarritako aurrekontu-zuzkiduraren muga bete arte, gehienez ere.
2.– Bai identifikazio-fasean, bai exekuzio-fasean, partzialki baietsiko da deialdian ezarritako kreditua nahikoa ez delako baietsi ezin diren eskabideen artean puntuaziorik onena lortu duen eskabidea, eta horren zenbatekoa txikitu egingo da, erabilgarri dagoen zenbatekora iritsi arte. Exekuzio-fasean, edonola ere, zenbateko horrek handiagoa izan beharko du deialdiaren ebazpenean ezarritako gutxieneko zenbatekoa baino.
18. oinarria.– Ebazpen-proposamena.
1.– Kontuan hartuta hautaketa-batzordearen txostena, koordinazio teknikoko zerbitzuak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, eta bertan jasoko du dirulaguntza zer entitate eskatzaileri ematea proposatzen den, baita dirulaguntzaren zenbatekoa zein den ere.
2.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak agertzen badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertu eta gero, behin betiko ebazpena emango da.
3.– Interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik ez badago, eta, hartara, entzunaldi-izapide hori egitea beharrezkoa ez bada, ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
19. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Behin betiko ebazpen-proposamenak eman ondoren, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak ebatziko du dagokion deialdia. Ebazpen horretan, eskatutako laguntza eman ala ukatuko da, eta ezarriko da zenbat puntu lortu diren eta zein den onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da. Txosten horretan, jasota geratuko da, organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera, entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak.
2.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak modalitate bakoitzean ematen duen laguntza esleitzeko ala ukatzeko ebazpena banaka jakinaraziko zaio entitate interesdunari, eta une horretatik aurrera izango ditu ondorioak. Hala ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ahalko da, denek jakin dezaten.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluaren arabera, eskabidea aurkeztu eta sei hilabeteko epea igaro ondoren ebazpeni espresurik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.
4.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Hiru hilabeteko epea igaro ondoren ebazpen espresurik eman ez bada, gora jotzeko errekurtsoa ezetsitzat joko da.
5.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluan ezarritakoaren bat etorrita, emandako dirulaguntzen zerrenda egoitza elektronikoan argitaratuko da.
20. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Laguntzaren entitate onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak, bai eta deialdi honetan aipatzen diren laguntzak jasotzeagatik eska daitezkeen legezko gainerako betebehar guztiak ere, eta, bereziki, honako hauek:
a) Identifikazio-fasearen deialdian dirulaguntzaren onuradun diren entitateek dagokien eskabidea aurkeztu beharko dute ondorengo exekuzio-fasearen deialdian parte hartu ahal izateko. Betebehar hori bete ezean, identifikazio-faserako jasotako dirulaguntza itzuli beharko da.
b) Exekuzio-faserako laguntza onartzearekin batera, entitate onuradunek fasearen hasiera- eta amaiera-data adierazi beharko dituzte. Edonola ere, hasierako datak oinarri hauetan ezarritakoaren araberakoa izan beharko du.
21. oinarria.– Ez-betetzea.
Laguntzaren entitate onuradunak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13., 14. eta 42. artikuluetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako debeku edo betebeharren bat betetzen ez badu, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak, onuradunari entzun eta dagokion prozedura gauzatu ondoren, ezabatutzat joko du emandako laguntza ordaintzeko eskubidea.
22. oinarria.– Itzulketarako kausak eta prozedura.
Bidegabe jasotako laguntzak itzultzeko arrazoiek eta haiek azkentzeko eta itzultzeko prozedurak bete egingo dute Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan eta hirugarren xedapen gehigarriaren laugarren apartatuan ezarritakoa. Itzultzeko modua aipatutako arauaren 40. artikuluan ezarritakoa izango da.
23. oinarria.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Dekretu honen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo entitate publiko edo pribatu batzuek emandako beste laguntza batzuekin, xede bera badute.
2.– Beste administrazio publiko edo entitate pribatu edo publiko batzuek (estatukoak edo nazioartekoak izan) emandako laguntzekin edo dirulaguntzekin bat eginez gero, laguntza horien zenbatekoa ez da izango entitate onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, emandako laguntzari kenduko zaio garatu beharreko jardueraren kostua gainditzen duen zenbatekoa.
24. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatuetatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, eta, hala badagokio, xede bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta betetzen badira dirulaguntzaren entitate onuradun izateko deialdi honetan ezarritako betekizunak.
2.– Ondorio horietarako, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak dagokion ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egoera berrira egokitzeko. Hala ere, emandako dirulaguntza handitzea ekar dezaketen baldintza-aldaketek ez dute eragingo hasiera batean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa aldatzerik.
3.– Hori guztia bat dator Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin.
25. oinarria.– Funtsezko aldaketak.
1.– Entitate onuradunak baimen-eskabidea bidali beharko du eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Agentziara, esku-hartzean aldaketa nabarmenak eragiten dituen eraldaketa oro egin aurretik.
2.– Funtsezko aldaketatzat hartzen dira, betiere, helburu eta emaitzei, kokapenari, programa kudeatzeko eta garatzeko elkartea osatzen duten entitateei eta xedeko biztanleriari buruzkoak. Era berean, funtsezkotzat hartuko dira programaren exekuzio-fasean sei hilabetetik gorako luzapenak pilatzea eta aurrekontu-partidetan egindako edozein aldaketa, aurrekontuan jasotakoaren % 10etik gorakoa bada, baldin eta 6.000 eurotik gorako aldeak sortzen badituzte.
3.– Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutako zenbatekoa baino baxuagoa bada, entitate onuradunak esku-hartzea birformulatu beharko du, esleitutako zenbatekoaren arabera, eta egindako esku-hartzea jakinaraziko dio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Agentziari.
4.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Agentziak ebazpena emango du proposatutako aldaketei buruz, eta, aldaketa egiteko eskabidea ukatuz gero, prozesuarekin entitate onuradunak jarraitu beharko du hasieran ezarritako baldintzetan.
5.– Exekuzio-fasean sei hilabetetik beherako luzapenak badaude, ez da beharko eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Agentziaren aurretiazko baimenik, baina jakinarazi eta justifikatu egin beharko dira, hasierako exekuzio-epea amaitu aurretik. Identifikazio-fasean ez da luzapenik onartuko.
26. oinarria.– Abaletik salbuestea.
Ordainketa aurreratuei dagokienez, garapen jasangarrirako lankidetzaren eta elkartasun globalaren arloko programetarako laguntzak salbuetsita egongo dira bermeak eratzetik.
27. oinarria.– Entitate onuradunek kontratatzea diruz lagundutako jarduerak.
1.– Exekuzio-fasean, entitate onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50eraino kontratatu ahal izango du, kontratu guztien prezioak batuta. Identifikazio-fasean, ekimenaren % 100 kontratatu ahalko da.
2.– Edonola ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie entitate onuradunari eta kontratistari.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.3 artikuluan aipatzen den kontratazioa egiteko, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariaren aldez aurreko baimena beharko da.
28. oinarria.– Datuen babesa.
Eskabideko datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «Garapenerako lankidetzarako laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Datu pertsonalak tratatzean, kontuan izango dira 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
II. KAPITULUA
IDENTIFIKAZIO-FASEA
29. oinarria.– Entitate eskatzaileak bete behar dituen betekizunak eta haiek egiaztatzeko modua.
1.– Seigarren oinarrian ezarritako betekizunak identifikazio-fasean egiaztatuko dira.
2.– Entitate eskatzailearen betekizunak egiaztatzea:
2.1.– 6.1.1. oinarrian ezarritako betekizuna egiaztatzeko, estatutuen kopia eta inskripzio-ziurtagiria aurkeztuko dira. Egoitza edo ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoan izateko eta administrazio-egitura nahikoa izateko betekizuna eskabide-inprimakian justifikatu behar da. Hala ere, akreditazio fede-emailea eskatu ahal izango da.
2.2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da 6.1.2c) oinarriko betekizuna, zeina instantzia normalizatuaren parte izango baita.
2.3.– Seigarren oinarrian jasotako gainerako betekizunak egiaztatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Betekizunak egiaztatzeko memoria bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian argitaratutako ereduaren araberakoa. Memoria baliatuko da egiaztatzeko bete egiten direla 6.1.2 a) eta b) oinarrietako betekizunak eta 6.1.3 c), d) eta e) oinarrietako betekizunak eta azaltzeko zein den ekimenaren eta 1.3a) betekizunean ezarritako plangintza estrategikoaren arteko koherentzia.
b) Indarrean dagoen plangintza estrategikoaren dokumentua, 6.1.3a) oinarriaren betekizuna egiaztatzeko, aurreko puntuan aurreikusitakoaren osagarri.
c) Indarreko genero-ekitatearen aldeko ekintza-plana, 6.1.3b) oinarriaren betekizuna egiaztatzeko.
30. oinarria.– Eskatzaileaz bestelako elkarteko entitateentzako betekizunak eta haiek egiaztatzeko modua.
1.– Zortzigarren oinarrian ezarritako betekizunak identifikazio-fasean egiaztatuko dira.
2.– Eskatzaileaz bestelako elkarteko entitateen betekizunak egiaztatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
2.1.– Ehuneko 20tik beherako partaidetza duten elkarteko entitateen akreditazioa egiteko:
a) Estatutuen kopia eta dagokion erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria.
Baldin eta, herrialdeko inguruabarren ondorioz, eratzeko eta erregistroan formalki inskribatzeko eragozpen juridiko edo politikoren bat badago, horren ordez entitateen esperientzia eta jarduera egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
b) Irabazi-asmoa duten entitateek memoria aurkeztu beharko dute justifikatzeko ez dutela programan irabazteko interesik eta parte hartu dutela esku-hartzean.
2.2.– Ehuneko 20tik gorako partaidetza duten elkarteko entitateak egiaztatzeko:
a) Estatutuen kopia eta dagokion erregistroaren inskripzioaren ziurtagiria, 8.1.1. eta 8.1.2. oinarrietako betekizunak egiaztatzeko.
Baldin eta, herrialdeko inguruabarren ondorioz, eratzeko eta erregistroan formalki inskribatzeko eragozpen juridiko edo politikoren bat badago, horren ordez entitateen esperientzia eta jarduera egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
b) Betekizunak egiaztatzeko memoria bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian argitaratutako ereduaren araberakoa. Memoria baliatuko da egiaztatzeko bete egiten direla 8.1.2. –irabazi-asmoa duten entitateak baldin badira–, 8.1.3 eta 8.1.4c) eta d) oinarrietako betekizunak eta azaltzeko zein den ekimenaren eta 8.1.4a) oinarrian ezarritako plangintza estrategikoaren arteko koherentzia. Irabazi-asmoa duten entitateak baldin badira:
c) Indarrean dagoen plangintza estrategikoaren dokumentua, 8.1.4a) oinarriaren betekizuna egiaztatzeko, aurreko puntuan ezarritakoaren osagarri.
d) Indarreko genero-berdintasunaren aldeko politika instituzionala, 8.1.4b) oinarriaren betekizuna egiaztatzeko.
Emakumeen antolakundeak eta antolakunde feministak baldin badira, indarrean dagoen plangintza estrategikoak ordeztu ahal izango du genero-politika instituzionala, baldin eta lehenetsitako helburuak eta ekintza-ildoak bideratzen badira genero-desberdinkeria murriztera, emakumeak ahalduntzera edo haien eskubideak defendatzera.
31. oinarria.– Garapenerako lankidetza-programen betekizunak.
Identifikazio-faserako, garapenerako lankidetza-programek, oinarrizko betekizunak betetzeaz gain, sei hilabeteko gehieneko iraupena izan beharko dute, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen den unetik zenbatzen hasita. Aldi horretan, identifikazioaren emaitzak aurkeztu beharko dira.
32. oinarria.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.
1.– Identifikazio-faserako, diruz lagun daitezkeen gastuak honela sailkatzen dira:
a) Langile-gastuak.
Pertsona fisikoak edo juridikoak kontratatzearekin loturikoak, identifikazio-jarduerak egitearekin zuzenean lotuta daudenak.
b) Bidaietarako, egonaldietarako eta ondasun suntsikorretarako gastuak.
Kontratatutako langileen zein tokiko biztanleen ostatu-, mugikortasun- eta mantenu-gastuak, identifikazio-jarduerak garatzeko, eta ekintza horietarako beharrezkoak diren material suntsikorren gastuak.
c) Kudeaketa-gastuak.
Entitateen elkarteak egiten dituen gastuak, identifikazio-jardueren koordinazio eta jarraipenerako.
Kudeaketa-gastuek identifikazio-faserako eskatutako guztikoaren % 10 osatuko dute, gehienez. Ez da beharrezkoa izango gastuak banantzea, eta justifikatutzat joko dira gainerako gastuak justifikatzen direnean eta identifikazio-fasean konprometitutako ekintzak garatzen direnean.
33. oinarria.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.
1.– Identifikazio-fasean parte hartzeko, entitate eskatzaileek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, eta, haiekin batera, programen profilak eta dagozkien eranskinak aurkeztu beharko dituzte, egoitza elektronikoan dauden eta deialdi honetan onartu diren formularioen bidez.
2.– Programaren profila laburpen-dokumentu bat da, eta bideratuta dago proposatutako esku-hartzea eta parte hartzen duten eragileak oro har azaltzera. Bertan zehaztuko dira, besteak beste, kokapena, testuingurua, helburuak, xede-biztanleria, programaren lan-ildoak eta -estrategiak eta aurrekontua, baita garapenerako entitateen elkartzeari eta planteatutako identifikazio-prozesuari buruzko informazioa ere.
3.– Eskabidean, identifikazio-faserako eskatzen den dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da, bai eta exekuzio-faserako eskatzea aurreikusten dena ere. Bi kasuetan adieraziko da zein ehuneko kudeatu behar duen elkartea osatzen duen entitate bakoitzak.
4.– Eskabidearekin batera, 6., 7. eta 8. oinarrietan adierazitako betekizunak ere egiaztatuko dira, ezarritako baldintzak betez.
5.– Oinarrietan ezartzen denarekin bat, identifikazio-fasearen deialdian dirulaguntzaren onuradun diren entitateek dagokien eskabidea aurkeztu beharko dute ondorengo exekuzio-fasearen deialdian parte hartu ahal izateko. Betebehar hori bete ezean, identifikazio-faserako jasotako dirulaguntza itzuli beharko da.
34. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea.
Programen identifikazio-fasea ordainketa bakarrean ordainduko da, laguntza onartu ondoren.
35. oinarria.– Justifikazioa.
Identifikazio-faseko justifikazioa sei hilabeteren buruan egingo da, fase horretarako laguntzak emateko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Horretarako, egindako gastua justifikatzeko kontua eta gastu-egiaztagiriak aurkeztu behar dira, hau da, dokumentu hauek:
a) Azalpen-memoria bat, zeinak identifikazioaren emaitzak eta helburuak bete ziren espezifikatuko baitu.
b) Finantza-memoria bat, zeinak aurrekontua exekutatu den zehaztuko baitu.
III. KAPITULUA
EXEKUZIO-FASEA
36. oinarria.– Entitate eskatzailearen betekizunak eta haiek egiaztatzeko modua, eta eskatzaileaz bestelako elkarteko entitateek betekizunak eta haiek egiaztatzeko modua.
1.– Exekuzio-fasean parte hartzeko, zer programaren exekuzioa eskatzen den, programa horren identifikazio-faserako dirulaguntzaren esleipenduna izan behar izan da 2024ko edo 2025eko deialdietan.
Laguntza izapidetzen duen organoak ofizioz egiaztatuko du betekizun hori betetzen den.
2.– Seigarren oinarriko 1.1, 1.2 eta 1.3 apartatuetan entitate eskatzaileari ezartzen zaizkion betekizunak laguntzaren sorburu den identifikazio-faserako eskabidearekin batera egiaztatu ziren, eta ez da beharrezkoa izango berriz ere betekizun horiek egiaztatzea exekuzio-faserako eskabidean. Hala ere, betekizun horiek betetzen jarraitu beharko da exekuzio-faserako eskabidea aurkezten denean, baita une oro ere, diruz lagundu daitekeen jarduketa amaitu arte. Betekizun horiek egiaztatzeko oinarri izan ziren dokumentuetan aldaketak eginez gero, entitateek indarrean dauden dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.
3.– Exekuzio-faserako eskabidearekin batera, berriro egiaztatuko da seigarren oinarriaren 1.2b) eta 1.3e) apartatuetan aurreikusten diren betekizunak betetzen direla, behin fase horretarako eskatutako dirulaguntzaren zenbateko zehatza eta elkarteko entitateen arteko banaketa ezarritakoan. Laguntzak izapidetzen dituen organoak ofizioz egingo du egiaztapena, eta, ofizioz egiaztatu ezin bada, entitate eskatzaileari eskatu ahal izango zaio hori egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa.
4.– Exekuzio-fasean diruz lagundutako programetarako, oinarri orokorrean aipatzen den lan-kontratuaren kopia aurkeztu behar da programaren exekuzio-faseko lehen batzorde mistoa baino lehen.
5.– Zortzigarren oinarriko 2.3 apartatuan entitate eskatzaileaz bestelako entitate elkartuentzat ezarritako betekizuna berriz ere egiaztatuko da exekuzio-faserako eskabidearekin batera, entitateak exekutatuko duen dirulaguntzaren azken zenbatekoa zehaztu ondoren. Laguntzak izapidetzen dituen organoak ofizioz egingo du egiaztapena, eta, ofizioz egiaztatu ezin bada, entitate eskatzaileari eskatu ahal izango zaio hori egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa.
6.– Exekuzio-faseko eskabidean identifikazio-faserako eskabidean adierazi ez diren entitateak elkartean sartzea proposatzen bada, edo hasiera batean eskatutako dirulaguntzaren % 20 baino gutxiago exekutatu asmo zuten entitateek zenbateko hori edo handiagoa betetzen badute, entitate horiek 8. oinarrian aurreikusitako betekizunak exekutatu beharko dituzte. Betekizun horiek betetzen direla egiaztatuko da exekuzio-faserako eskabidearekin batera. Edonola ere, aldaketa guztiek jaso behar dute organo emailearen aldez aurretiko baimena.
37. oinarria - Garapenerako lankidetza-programen betekizunak.
Exekuzio-faserako, garapenerako lankidetza-programek, gainera, oinarri orokorretan ezarritako betekizun hauek bete behar dituzte:
a) Identifikazio-fasean aurkeztutako proposamenarekin koherenteak izatea, baita egindako identifikazioko emaitzekin ere.
b) Gutxienez hogeita lau hilabeteko eta gehienez hogeita hamasei hilabeteko iraupena izatea (beste hamabi hilabetez luzatu ahalko da). Exekuzio-faseari dagozkion funtsak jaso eta hurrengo bi hilabeteetan hasi beharko da, salbu eta egiaztatzen bada agertu direla entitateari berari egotz ezin dakizkiokeen eta jarduketak hastea ahalbidetzen ez duten salbuespenezko inguruabarrak.
c) Azken ebaluazioa (kanpokoa edo mistoa) eta gastuak aurreikustea, Hegoaldeko herrialdeetako jatorrizko elkarteko entitateen indartze instituzionalaren kontzeptuan.
38. oinarria.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.
1.– Exekuzio-faserako, diruz lagun daitezkeen gastuak honela sailkatzen dira:
a) Lursail eta eraikinetarako gastuak.
Hegoaldeko herrialdeetan lursail edo eraikinak erostearekin eta eraikin eta azpiegiturak eraiki edo birgaitzearekin loturikoak.
Apartatu honetan jasotako gastuak dira, besteak beste, lursailak edo eraikinak erostea, zerbitzuak eta eskulana kontratatzea, eraikinak eta beste azpiegitura batzuk eraikitzearekin edo birgaitzearekin lotutako materialak eta ekipamenduak erostea edo alokatzea, eta nekazaritzako eta abeltzaintzako lanei lotutako eskulana ordaintzea.
Lursailak edo eraikinak erosteko eta eraikinak eta azpiegiturak eraikitzeko edo birgaitzeko gastuak egozteko, xede-biztanleriaren jabetza-araubidea eta titulartasuna zehaztu beharko dira, eta, hori ezinezkoa bada, dagokion elkarteko entitatearena, behar den froga-dokumentazioa aurkeztu. Halakorik ezean, gutxienez 30 urterako erabilera-lagapena dokumentatu beharko da xede-biztanleriaren alde, eta, ezinezkoa bada, dagokion elkarteko entitatearen alde.
b) Ekipamendu eta materialen gastuak.
Zuzenean programako jarduerekin erlazionatutako ekipamenduak erostearekin edo alokatzearekin loturikoak, baita Hegoaldeko herrialdeetako xede-biztanleriari intsumoak banatzearekin loturikoak ere.
Apartatu honetan aurreikusitako gastuak dira, besteak beste, programaren jardueren exekuzioarekin zuzenean lotutako ekipamenduk erostea edo alokatzea –salbu eraikinak eta azpiegiturak eraikitzeko eta birgaitzeko lanekin eta funtzionamendu orokorreko ekipamenduekin lotutakoak–, Hegoaldeko herrialdeetan xede-biztanleriari banatu beharreko intsumoak erostea –gaikuntza-materialak izan ezik–, eta Hegoaldeko herrialdeetan xede-biztanleriari txandakako funts gisa egin behar zaizkion maileguak, monetarioak zein gauzazkoak.
Xede-biztanleriarentzako maileguen edo txandakako funtsen kontzeptupeko gastuak aurreikusiz gero, azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian argitaratutako ereduaren arabera.
c) Xede-biztanleriaren gaitasunak indartzeko gastuak eta haien eragina.
Xede-biztanleriaren prestakuntzarekin eta gaikuntzarekin eta haien antolakundeei laguntzearekin lotuta daudenak, baita eragin-, komunikazio- eta sentsibilizazio-ekintzekin lotutakoak ere.
Apartatu honetan aurreikusitako gastuak dira, besteak beste, kanpoko zerbitzuak kontratatzea; xede-biztanleriaren gaitasunak indartzeko eta haien antolakundeei laguntzeko bidaia- eta egonaldi-gastuak; hedapenarekin, sentsibilizazioarekin, eragin politikoarekin eta abarrekin lotutako lan espezifikoak egiteko gastuak, eta gaikuntza-materialak erosteko eta egiteko eta prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduerekin lotutako espazioak alokatzeko gastuak.
d) Indartze instituzionaleko gastuak.
Elkarteko entitateen gaitasunak indartzearekin lotutako gastuak, bereizita.
Apartatu honetan aurreikusitako gastuak dira, besteak beste, kanpoko zerbitzuak kontratatzea, materialak eta intsumoak erostea, eta elkarteko entitateen indartze instituzionalarekin lotutako bidaia- eta egonaldi-gastuak.
Hegoaldeko herrialdeetako jatorrizko elkarteko entitateak badira, gastuak barneko indarra sustatzera bideratu ahal izango dira ikuspegi integral batetik, haien gaitasunak epe luzean sendotzeko ikuspegitik. Ildo horretatik, hainbat eremu jorratu ahal izango dituzte, hala nola politikak eta plangintza egitea; gaitasun teknikoak, jarraipenekoak eta kudeaketakoak indartzea; zeharkako ikuspegiak eta ikuspegi tokiko-globala txertatzeko prozesuan sakontzea, eta abar.
Hegoaldeko herrialdeetakoez bestelako elkarteko entitateak badira, gastuak soilik bideratu beharko dira beren lan-dinamika eta -estrategietan ikuspegi tokiko-globala txertatzeko gaitasunak indartzera.
e) Langileen gastuak.
Zuzenean programako jardueren koordinazioari eta exekuzioari atxikita dauden langileak kontratatzearekin loturikoak.
Apartatu honetan aurreikusitako gastuak programaren jarduerak garatzearekin zuzenean lotutako pertsona fisikoak kontratatzera bideratzen dira, eta lan- edo lanbide-kontratua eduki dezakete. Hala ere, kontratu profesionala duten langileak badira, lotutako gastuak ez dira apartatu honetan sartuko, elkarteko entitateek programa garatzeko egiten dituzten lan-dinamiketan modu iraunkorrean edo esanguratsuan sartu ezean. Apartatu honetan sartzen dira, era berean, atzerriratutako langileak kontratatzearen eta ordaintzearen ondoriozko gastuak, langile horiek bizi diren lekutik lantokira eramatearen ondoriozkoak, aseguru-gastuak, bisa lortzeko gastuak eta txertoak jartzeko gastuak.
Ez dira apartatu honetan sartuko aholkularitzak eta kanpoko zerbitzu zehatzak kontratatzearekin lotutako gastuak. Era berean, ez dira apartatu honetan sartuko programaren kudeaketa eta funtzionamendu orokorreko langileak kontratatzearekin lotutako gastuak.
Atzerriratutako langileen parte-hartzea aurreikusiz gero, azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian argitaratutako ereduaren arabera. Edonola ere, lehentasuna eman beharko zaie tokiko giza baliabideei.
f) Ebaluazio-, auditoretza- eta sistematizazio-gastuak.
Esku-hartzearen ebaluazioarekin, auditoretzarekin eta sistematizazioarekin lotutakoak. Gastu horiek egin ahalko dira programa amaitu ondorengo sei hilabeteetan.
Apartatu honetan aurreikusitako gastuak dira, besteak beste, auditoretza eta kanpo-ebaluazioa edo ebaluazio mistoa egiteko kanpo-zerbitzuak kontratatzearekin lotutakoak eta sistematizazio-lanak egiteko langileak kontratatzearekin lotutakoak. Era berean, ebaluazio-, auditoretza- eta sistematizazio-lanekin lotutako bidaia- eta egonaldi-gastuak ere barne hartzen dira, lan horiek egiten dituzten langileenak zein horietan parte hartzen duten xede-biztanleriarenak, bai eta emaitzak zabaltzearekin eta sozializatzearekin eta kontuak ematearekin lotutako gastuak ere.
g) Kudeaketa-gastuak Hegoaldean.
Hegoaldeko herrialdeetako elkarteko entitateek programaren kudeaketan eta funtzionamendu orokorrean egiten dituzten gastuak.
Apartatu honetan aurreikusitako gastuak dira, besteak beste, programaren kudeaketa, jarraipen eta funtzionamendu orokorrerako langileen kontratazioarekin lotutakoak, higiezinen alokairua, zerbitzu publikoen ordainketa eta entitateen funtzionamendu orokorreko ekipamendu eta materialen erosketa edo alokairua, jarduera eta helburuen jarraipena egiteko bidaia- eta egonaldi-gastuak, eta banku-gastuak.
h) Kudeaketa-gastuak Iparraldean.
Hegoaldeko herrialdeetakoak ez diren elkarteko entitateek programaren kudeaketan eta funtzionamendu orokorrean egiten dituzten gastuak.
Iparraldeko kudeaketa-gastuak bi zatitan banakatzen dira, gainerako gastuen baturaren ondoriozko zenbatekoaren gainean zenbatuta. 200.000 euroko lehen tartean, % 10 gehienez; eta zenbateko horretatik aurrera, gastuen % 7, gehienez.
Edonola ere, ez da beharrezkoa izango apartatu honetan aurreikusitako gastuak bereiztea, eta justifikatutzat joko dira gainerako gastuak justifikatzen direnean eta exekuzio-fasean konprometitutako ekintzak garatzen direnean.
2.– Exekuzio-faserako, eskatutako zenbateko osoaren % 25 izango da gehieneko muga ikuspegi kritikoa duten Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrak sortzera bideratutako jarduerekin zuzenean lotutako gastuetarako.
39. oinarria.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.
1.– Exekuzio-fasean parte hartzeko, 2025eko identifikazio-deialdian dirulaguntzaren onuradunak izan ziren entitateek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute bitarteko elektronikoen bidez, eta, horrekin batera, programaren behin betiko dokumentuak aurkeztuko dituzte, dagozkien eranskinekin batera, deialdian zehazten diren eta egoitza elektronikoan dauden formatuak erabilita.
2.– Programaren behin betiko dokumentuak dokumentu xehatuak dira, behin identifikazioa egin ostean prestatuak, xehetasun handiz deskribatzeko jorratuko diren arazoak eta horretarako aurreikusten den esku hartzeko estrategia. Profiletan adierazitako puntuak zehazteaz gain, informazioa emango dute, besteak beste, garatutako identifikazio-prozesuari, aurkeztutako profilarekin erkatuta egin dituzten aldaketei, planteatutako helburuei eta jarduerei, eta haiek garatzeko erabilgarri dauden metodologia eta baliabideei buruz.
Eskabidean adierazi beharko da elkartea osatzen duen entitate bakoitzak zenbat exekutatu behar duen exekuzio-faseko dirulaguntzatik.
3.– 2024ko identifikazio-fasearen deialdian dirulaguntzaren onuradunak izan arren 2025eko exekuzio-fasearen deialdian dirulaguntzaren esleipendunak izan ez ziren entitateek berriro aurkeztu ahal izango dute exekuzio-fasearen deialdian parte hartzeko eskabidea. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Lehenago egiaztatu den egoerarekiko egon den edozein aldaketari buruzko dokumentazioa.
b) Programaren behin betiko dokumentu eguneratua, dagozkion eranskinekin, deialdiaren ebazpenean zehaztuko diren formatuen arabera.
40. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Programen exekuzio-fasea honela eran ordainduko da:
a) Diruz lagundutako zenbatekoaren % 50eko lehenengo ordainketa laguntza onartu ondoren egingo da.
b) Bigarren ordainketa, falta den zenbatekoarena, emandako dirulaguntzaren % 25 justifikatzen denean egingo da, exekuzio-faserako laguntza onartu den aurrekontu-ekitaldiaren hurrengoa amaitu baino lehen betiere.
2.– Ordainketa aurreratu horiek aldez aurreko berme edo abaletik salbuetsita egongo dira, Garapen jasangarrirako lankidetzaren eta elkartasun globalaren arloko dirulaguntzak eta laguntzak arautzen dituen martxoaren 11ko 188/2025 Errege Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.
41. oinarria.– Justifikazioa.
1.– Exekuzio-fasea justifikatzeko, egindako gastuaren justifikazio-kontu hauek aurkeztuko dira:
a) Tarteko justifikazio-kontu bat, gastu-egiaztagiriekin batera, zeina emandako dirulaguntzaren % 25 exekutatu ostean aurkeztu beharko baita, exekuzio-faserako laguntza onartu ondorengo aurrekontu-ekitaldia amaitu baino lehen.
Justifikazio-kontu horretan, dokumentu hauek sartuko dira:
– Azalpen-memoria bat, esku-hartzearen emaitzak eta helburuak bete direla espezifikatuz.
– Finantza-memoria bat, aurrekontu-betearazpena zehaztuz.
b) Azken justifikazio-kontua, auditoretza-txostenarekin batera, zeina programaren exekuzioa amaitu eta ondorengo sei hilabeteetan aurkeztu beharko baita.
Justifikazio-kontu horretan, dokumentu hauek sartuko dira:
– Azalpen-memoria bat, esku-hartzearen emaitzak eta helburuak bete direla espezifikatuz.
– Finantza-memoria bat, aurrekontu-betearazpena zehaztuz.
– Programaren azken ebaluazio-txostena.
– Kontu-auditoretzaren txostena, programaren exekuzio-fase guztiena, pertsona batek edo gehiagok edo kontu-auditoretzako entitateek egina, exekuzioko herrialdeetako araudiekin bat. Auditoretza-txostena zenbait txosten partzialez osatuta ere egon daiteke; exekuzioko herrialde bakoitzeko bana.
2.– Kontu-auditoreek jardule gisa egon behar dute inskribatuta Kontu Kontabilitate eta Auditoretza Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean. Kontu-auditoretzaren txostena atzerrian egiten bada, herrialde horretan edo herrialde horietan jarduleak diren kontu-auditoreek egin ahalko dute, baldin eta kontu-auditoretzan aritzeko gaikuntza-araubide bat baldin badute. Gaikuntza-sistemarik ez badago, herrialdean ezarritako kontu-auditoreek egin ahal izango dute txostena, baldin eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak izendatzen baditu, edo agentziak berresten baditu, entitate onuradunak hala proposatu ondoren.
3.– Kontu-auditoretzaren txostena egitea ezinezkoa denean, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak baimena eman ahalko du, esku-hartzea exekutatzeko testuinguruaren arabera eta entitate onuradunak behar bezala arrazoitutako justifikazioa eman ondoren, dirulaguntzaren guztizko edo zati bateko justifikazioa justifikazio-kontuaren modalitatean egin dadin, gastuen egiaztagiriak ere aurkeztuta, baina kontu-auditoretzaren txostenik gabe.
42. oinarria.– Eskuratutako ondasunen jabetza eta erabilera. Proiektua ikusaraztea.
1.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren aurrekontu-esleipenen funtsen ekarpenaren bidez erositako ondasun higigarri eta higiezin guztiak dirulaguntzaren xede den biztanleriaren jabetzakoak izango dira, edo, hori ezinezkoa bada, proiektuan sartutako zerbitzuak ematen dituen elkartearen entitatearen jabetzakoak, eta bermatu egin beharko da laguntzek ematen zireneko erabilerarekin jarraitzen dutela.
2.– Onartutako proiektu guztietan ikusaraziko dira eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak emandako babesa eta agentziaren korporazio-irudia.
3.– Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, birgaitu eta hobetzeko kasuetan, arau hauek bete behar dira:
Pertsona edo entitate onuradunek dirulaguntza zertarako eman zen, xede zehatz horretarako erabili beharko dituzte ondasunak. Erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunak direnean, epea hogei urtekoa izango da gutxienez, eta bi urtekoa, gainerako ondasunak badira.
Erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunak direnean, inguruabar hori agerrarazi beharko da eskrituran, baita emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere. Bi alderdi horiek erregistratu egin behar dira dagokion erregistro publikoan.
4.– Edonola ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 27. artikuluetan jasotako publizitate-betebeharrak aplikatuko dira.
43. oinarria.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Exekuzio-fasean dirulaguntza jasotzen duten programetan, Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da. Batzorde hori osatuko dute eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren ordezkari batek eta entitate onuradunaren beste batek.
Halaber, beste pertsona batzuek ere parte hartu ahalko dute, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, elkarteko entitateak edo xede-biztanleria ordezkatzen, baita egokitzat jotzen den beste edozeinek ere.
2.– Jarraipen Batzorde Mistoa gutxienez urtean behin bilduko da exekuzio-fasean, baita programa amaitutakoan eta azken justifikazio-kontua aurkeztutakoan ere. Aurrekoari eragin gabe, batzordea bildu ahal izango da bertako kideek nahi adina aldiz.
3.– Exekuzio-fasean, Jarraipen Batzorde Mistoa osatu aurretik, entitate onuradunak, urte natural bakoitzeko lehenengo bi hilabeteetan, aurreko urtean egindako ekintzen txosten sintetikoa eta urte horretan garatuko diren ekintzen kronograma entregatu beharko dizkio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziari.
RSS