
75. zk., 2026ko apirilaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
1690
48/2026 DEKRETUA, apirilaren 14koa, zeinaren bidez Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoari baimena ematen baitzaio «Finkatze Kapitala Finkatuz, SA» merkataritza-sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko.
Finantzen Euskal Institutuaren Administrazio Kontseiluak, 2026ko otsailaren 13an, «Finkatze Kapitala Finkatuz, SA» sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeari buruzko erabakia hartu zuen, bai baitauka horretarako ahalmena, hala aurreikusita egonik Finantzen Euskal Institutua arautzen duen abenduaren 21eko 19/2023 Legearen 4.3 artikuluko e) letran eta Finantzen Euskal Institutuaren estatutuak onartzen dituen abenduaren 23ko 218/2008 Dekretuaren 8. artikuluko k) letran.
Kapital-zabalkuntza hori dela-eta, «Finkatze Kapitala Finkatuz, SA» sozietateak hiru mila eta bostehun (3.500) akzio berri jaulkiko ditu, bakoitza ehun mila (100.000) euroko balio nominalekoa, hots, guztira, hirurehun eta berrogeita hamar milioi euroko zenbatekoa (350.000.000). Akzio horien % 25, formalizatzen den unean ordainduko da, akziodun bakarraren diru-ekarpenaren bidez, hau da, Finantzen Euskal Institutuaren diru-ekarpenaren bidez; eta, zabalkuntzaren gainerako % 75, berriz, diru-ekarpenen bidez ordaindu beharko da, gehienez ere 5 urteko epean, administrazio-organoak zehazten duen egunean eta zenbatekoan.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean; doako eskurapena ez baldin bada behinik behin, dekretuak nahitaez adieraziko du zein den sozietatearen xedea, bai eta autonomia-erkidegoak sozietatean zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Zentzu berean, urriaren 3ko 143/2023 Dekretuko 127.5 artikuluan jartzen duenez (haren bidez onartu da Euskadiko Ondarearen Erregelamendua), Gobernu Kontseiluaren aurretiko baimena ere eskatuko da, ondarearen arloko eskumena duen sailburuak eta, zuzenean edo bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea lotuta daukan edo lotuta izango duen saileko sailburuak elkarrekin proposatuta. Eta, 6. apartatuan zehazten duenez, eskuraketa baimentzen duen dekretuak helburu soziala eta sozietatean Euskadiko Autonomia Erkidegoak izango duen zuzeneko edo zeharkako partaidetza-portzentajea adieraziko du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, ematen den datatik eraginkortasuna izan badezake ere.
«Finkatze Kapitala Finkatuz, SA» sozietatearen estatutuetako 2. artikuluaren arabera, sozietatearen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa handietan epe luzeko partaidetza finantzarioak eskuratzea, besterentzea eta kudeatzea, enpresa horiek Euskadin errotuta jarrai dezaten eta EAEko ekoizpen-ehun osoaren eragile izan daitezen.
«Finkatze Kapitala Finkatuz, SA» sozietatearen estatutu sozialetan badira irizpide batzuk jarriak, sozietateetan nola inbertitu jakiteko. Irizpide horiek betetzearren egiten da kapital sozialaren zabalkuntza hau, hurrengo ekitaldietarako aurreikusita dauden eragiketei aurre egiteko behar adina baliabide eman behar baitzaio sozietate horri. Eragiketa horien ezaugarria da inbertsio-bolumen gero eta handiagoa behar dela teknologia- edo energia-eraldaketaren edo nazioarteko lehiakortasunaren menpe dauden sektore estrategikoetan, bai eta enpleguan, balio-katean eta trakzio-ahalmenean eragin handia duten enpresetan ere, betiere Eusko Jaurlaritzaren helburuekin eta indarrean dagoen industria-politikarekin bat etorriz. Halaber, eragiketak dibertsifikatzeko mugei eutsi beharra ere badago, enpresa edo sektore bakar batean gehiegi kontzentratu ez daitezen, eta, inbertsio berriak egiteko orduan, aipatutako inbertsio-irizpideetan ezarritako atalaseak gainditu ez daitezen. Horrela, «Finkatze Kapitala Finkatuz, SA» sozietateak, aurrerantzean ere, akzio-egonkortasunerako, errotzearen defentsarako eta EAEren intereseko inbertsioei laguntzeko tresna gisa jarduten jarraitu ahal izango du.
Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2026ko apirilaren 14an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoari baimena ematea «Finkatze Kapitala Finkatuz, SA» sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte har dezan, hirurehun eta berrogeita hamar milioi euroko (350.000.000) guztizko zenbatekoarekin (zabalkuntzaren % 100). Eragiketa honen ondoren, Finantzen Euskal Institutuak % 100eko partaidetza izango du Finkatze Kapitala Finkatuz, SA sozietatean.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko apirilaren 14an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
RSS