
75. zk., 2026ko apirilaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (239 KB - 19 orri.)
- EPUB (505 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
1681
EBAZPENA, 2026ko apirilaren 17koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Lanbideko lanpostuak betetzeko prozesuaren deialdia egiten baita, adjudikaziodunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoko langile lan-kontratudun gisa integratzeko, eta prozesuaren oinarri orokorrak eta espezifikoak onartzen baitira.
Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legeak Lanbide zuzenbide pribatuko ente publiko bilakarazi zuen. Horrek honako hau dakar, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 44.6 artikuluaren arabera: «Dagokion sortze-legeak kontrakoa esaten ez badu, langile lan-kontratudun izango dira zuzenbide pribatuaren mendeko ente publikoen zerbitzuko langileak [...]; nolanahi ere, funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuak izango dira, beti, agintaritza edo ahal publikoak baliatzea dakartenak».
Ondorioz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuak onartzen dituen apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez, konpromisoa hartu zen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren lehen lanpostu-zerrenda onartzeko lanak egiteko, dekretuaren indarraldiaren lehen urtean (2025eko ekainaren 1ean jarri zen indarrean).
Gauzak horrela, deialdiko lanpostu hutsek, ahalmen publikoak baliatzea ez dakartenek, lehen aipatutako lanpostu-zerrenda aldatzeko prozesuaren xede izaten ari dira.
Lanpostu horiek, gaur egun, bitarteko funtzionarioek betetzen dituzte, eta, Lanbideren antolamendu-eraldaketa gertatu ez balitz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak betetzeko deialdiaren xede izango ziratekeen, dagokien lan-eskaintza publikoan sartu aurretik.
Era berean, kontuan hartu behar da ezen, lanpostu horiek lan-kontratudunentzat gordetako lanpostutzat jotzen dituen lanpostuen zerrendaren onarpena atzeratuz gero, behin-behinekotasun luzeko egoerak sor daitezkeela lanpostu horiek betetzeko orduan, eta, ondorioz, zerbitzuaren antolaketa egokiari eta gaur egun lanpostu horiek betetzen dituzten langileen egonkortasunari eragiteko arriskua egon daitekeela, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 10. artikuluan aurreikusitakoaren esparruan.
Horregatik guztiagatik, lanpostuak betetzeko prozesu honen deialdia egiten da, eta jasota uzten da, deialdiaren xede diren lanpostuei gaur egun esleitutako eginkizunen arabera, lanpostu horiek ez dakartela ahal publikoak baliatzea enplegu publikoaren araudiak eskatutako baldintzetan.
Izaera funtzional horrekin bat etorriz, langileak antolatzeko tresna horretan deialdiko lanpostuak langile lan-kontratudunen lanpostu gisa konfiguratzen dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoan.
Testuinguru horretan, prozesu honetan parte hartzen duten funtzionarioek berariaz baliatu beharko dute, plazak adjudikatzeko eskaerarekin batera, Lanbiden langile lan-kontratudun gisa integratzeko aukera, Enpleguaren Legearen bosgarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa.
Adjudikaziodunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoko langile lan-kontratudunen plantillan sartuko dira; EAEko Administrazio Orokorrean aitortuta duten antzinatasuna aitortuko zaie ondorio guztietarako, eta, azken horretan, interes partikularragatiko borondatezko eszedentziaren administrazio-egoeran geratuko dira.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuen 14.1.h) eta 28.1.b) artikuluetan ezarritakoaren arabera, erakundearen zuzendari nagusia da prozesu honen deialdia egiteko organo eskuduna.
Horrenbestez,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lanpostuak betetzeko prozesuaren deialdia egitea, adjudikaziodunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoko langile lan-kontratudun gisa integratzeko, eta prozesuko oinarri orokorrak eta espezifikoak onartzea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean jasota daude.
Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote organo berberari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 17a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA ZUZENBIDE PRIBATUKO ENTE PUBLIKOAN LANPOSTUAK BETETZEKO ETA LANGILE LAN-KONTRATUDUN GISA INTEGRATZEKO OINARRI OROKORRAK ETA ESPEZIFIKOAK
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Oinarri hauen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoan (aurrerantzean, Lanbide) lanpostuak betetzeko prozesua erregulatzeko arauak ezartzea. Horren barruan sartzen da adjudikaziodunak langile lan-kontratudun bihurtzea, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletako funtzionarioentzat gordetako lanpostuei dagokienez.
2.– Prozesu honetan lanpostu bat behin betiko adjudikatzen bada, adjudikazioduna nahitaez sartuko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan langile lan-kontratudun finko gisa, dagokion lan-kontratua formalizatu ondoren, Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen bosgarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.
Bigarrena.– Deialdi bakoitzeko lanpostuak.
Deialdiaren xede diren lanpostuak I. eranskinean identifikatutako lanpostu hutsak dira, zeinak gaur egun funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak baitira, eta prozesu honetan integratzen dira langile lan-kontratudun gisa hornitzeko eta integratzeko, lanpostuen zerrendan dagokion aldaketa egitea onartu ondoren.
Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak betetzeko epea.
Deialdi honetan eskatutako betekizun guztiak eta merezimenduak beteta izan beharko dira deialdia argitaratzen den egunean, eta adjudikatutako lanpostuaz jabetu arte eutsi beharko zaie, salbu eta dagokion elkargo profesionaleko kide izatearen betekizuna, zeina kontratua sinatzen den unean egiaztatu beharko baita.
Laugarrena.– Parte-hartzaileak.
Hauek hartu ahal izango dute parte, beren borondatez, lanpostuak betetzeko eta lan-kontratudun bihurtzeko prozesu honetan, baldin eta oinarri hauetan ezarritako betekizun orokorrak eta deitutako lanpostuei dagokienez lanpostu-zerrendan jasotako betekizun espezifikoak betetzen badituzte:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko karrerako funtzionarioek, baldin eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren 2025eko maiatzaren 21eko Aginduan zerrendatuta badaude Lanbideko lanpostu baten titular gisa edo lanpostu bat gordetzeko eskubidea dutela.
– Ondorengo hautaketa- edo hornidura-prozesuen bidez, Lanbideko lanpostu bat eskuratu duten edo Lanbideko lanpostu bat gordeta duten karrerako funtzionarioek.
– Deialdiko lanpostuetarako ezarritako baldintzak betetzen dituzten Lanbideko langile lan-kontratudun finkoek.
Bosgarrena.– Argitalpenak eta jakinarazpenak.
Lanpostuak betetzeko eta lan-kontratudun bihurtzeko prozesuen deialdia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ez ezik, Lanbideren webgunean ere argitaratuko da: https://www.lanbide.euskadi.eus
Prozesuan zehar, aipatutako helbide elektronikoetan argitaratuko da prozesuaren garapenaren alderdiekin lotutako informazio guztia, jakinarazpen-ondorioetarako. Argitalpen bakoitzarekin, mugikorraren zenbakia edo helbide elektronikoa eman duten parte-hartzaileei abisu bat bidaliko zaie, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu hori egiten ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluan.
Seigarrena.– Eskabidea betetzeko modua.
1.– Lanpostuak betetzeko eta lan-kontratudun bihurtzeko prozesuan parte hartzeko, zazpigarren oinarrian adierazitako lekuetan eskuragarri dagoen eskabide elektronikoa bete beharko da.
2.– Karrerako funtzionario izan eta eskala bat baino gehiagokoak direnek eskabide bakarra aurkeztuko beharko dute, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean zerbitzu aktiboan dauden eskalatik aurkeztuko dira prozesura.
3.– Eskabidean, deialdian eskainitako nahi beste lanpostu sartu ahal izango dituzte beren lehentasunen arabera, betiere lanpostu horietarako eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte, bereziki titulazioari dagozkionak eta langile lan-kontratudunen lanpostuetarako aurreikusitako gainerako baldintzak.
4.– Lanpostua esleitzeak berekin ekarriko du, nolanahi ere, adjudikazioduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoko langile lan-kontratudun gisa integratzea.
5.– Eskatzaileek hartu-agiri bat lortu beharko dute, eta interesdunek egoera egiaztatu beharko dute. «Itxita» egoeran dauden eskaerak bakarrik onartuko dira.
6.– Inskripzio-prozesuan intzidentzia teknikoren bat gertatuz gero, zazpigarren oinarrian adierazitako lekuetan horretarako adieraziko den telefonora edo helbide elektronikora jo ahal izango dute.
7.– Alegatutzat joko dira Langileen erregistroan jasotako merezimendu guztiak, zeinak eskabidean ikusi ahal izango baitituzte parte-hartzaileek.
8.– Langileen erregistroan jaso gabe dauden merezimenduak espresuki alegatu beharko dira. Horretarako, egiaztagiriaren kopia bat erantsi beharko dute, Lanbideko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari zuzendua, «Lehiaketa» hitza adieraziz.
9.– Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira agiri horiek. Agiriren bat beste hizkuntza batean idatzita badago, agiriarekin batera, haren zinpeko itzulpena erantsi beharko da.
Zazpigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
Lanpostuak betetzeko eta lan-kontratudun bihurtzeko prozesuan parte hartzeko eskabideak oinarri hauek argitaratu eta hamabost eguneko epean aurkeztuko dira.
Eskaera aurkezteko epea 2026ko apirilaren 24an hasi eta 2026ko maiatzaren 18ko 23:59an amaituko da.
Epe hori amaitu ondoren, ez da onartuko eskaeretan eta alegatutako merezimenduetan aldaketarik egitea.
Zortzigarrena.– Eskabide baldintzatuak.
Baliteke, familiako elkarbizitza-arrazoiak direla eta, bi pertsonak lanpostuak lortu nahi izatea lehiaketa berean, herri berean edo hurbileko herrietan; halakoetan, eskabideetan, baldintza gisa adierazi ahal izango dute lanpostua biek hala biek lortu beharra, eta, hala ez bada, dena delako herriko lanpostuetarako egin dituzten eskabide biak indarrik gabe geratuko dira.
Bederatzigarrena.– Baloratuko diren merezimenduak.
Oinarri hauen II. eta III. eranskinetan zehaztuko dira baloratuko diren merezimenduak eta baremoa.
Alderdi hauek baloratuko dira: esperientzia, titulazioak, hobekuntza-ikastaroak, euskararen ezagutza-maila, ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea –dagokion lanpostua betetzeko eskakizuna ez bada–, gradu pertsonal finkatua, eta antzinatasuna.
Oinarri espezifikoek zehaztu ahal izango duten zein den lanpostuak adjudikatzeko behar den gutxieneko balorazioa.
Hamargarrena.– Merezimenduak baloratzeko irizpide orokorrak.
Merezimenduak baloratzeko, bi irizpide hartuko dira kontuan: lanpostuarekiko lotura eta merezimenduaren balio formala.
1.– Lanpostuarekin duen lotura: baloratu beharreko merezimenduaren edukiaren eta lortu nahi den lanpostuak dituen eginkizunen artean loturaren bat dagoenean baloratuko dira merezimenduak. Lotura-maila egiaztatu den merezimenduaren eta lortu nahi den lanpostuaren jakintza-arlo eta -esparruen artean dagoen harremanaren araberakoa izango da. Ez dira baloratuko lortu nahi den lanpostuarekin loturarik ez duten merezimenduak.
2.– Merezimenduaren balio formala.
Hauek dira merezimendu baten balio formala edo garrantzia neurtzeko faktoreak:
a) Titulua bada: graduondokoen ordu kopurua edo kreditu kopurua.
b) Ikastaroa bada: ikastetxea eta ebaluazioa.
3.– Aurreko apartatuko merezimenduei esleitutako bi irizpide horiek –lotura eta balio formala– konbinatuta, honako koefiziente hau aplikatuko da merezimendu jakin baten balorazioan, dagokion baremoaren arabera: Handia (1), Ertaina (0,75), Txikia (0,25) edo ezin da baloratu (0). Lehiaketa bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko diren baremoetan kategoria bakoitzari esleitutako gehieneko balioarekin biderkatuko da koefiziente hori.
4.– Merezimendu bakoitzari balorazio-irizpideak zehazki aplikatzeko modua zazpigarren oinarrian adierazitako lekuetan argitaratuko da.
5.– Ziurtagirietan egiaztapen-lanak egiteko funtsezkotzat jotzen diren alderdi guztiak jasotzen dituzten merezimenduak soilik baloratuko dira.
5.1.– Langileen Erregistroan jasota ez dauden tituluak alegatu egin beharko dira, eta Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan kontsulta eginez egiaztatuko dira horiek.
Titulu ofizialak eta atzerriko tituluak homologatzeko ziurtagiriak Hezkuntza Ministerioak edo unibertsitateetako errektoreek egin behar dituzte.
Unibertsitateetako graduondoko berezko tituluak egiaztatzeko, unibertsitateko errektoreak egindako diplomak aurkeztu beharko dira. Horietan, gainera, berariaz jaso behar da zenbat ordu edo kreditu egin diren.
Goi-mailako gainerako irakaskuntza-programak egiaztatzeko, dagokion erakundeak egindako diplomak aurkeztu beharko dira; eta denetan jaso behar da ikasketa-planak zenbat ordu edo kreditu izan dituen.
Araututako lanbide baten lanbide-prestakuntza aitortzen duen egiaztagutuna aurkeztu ahal izango da, Europar Batasunaren xedapenen babesean, dagokion titulu akademikoaren egiaztagiriaren ordez.
5.2.– Prestakuntza- edo hobekuntza-ikastaroak. Langileen Erregistroan jasota ez dauden ikastaroak alegatu egin beharko dira, eta horiek egiaztatzeko, IVAPi kontsulta egingo zaio, edo ikastaro horiek antolatu edo iragarri dituen organo edo erakundearen kopia konpultsatuaren edo ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dira; funtsezko eduki hau eduki beharko dute egiaztagiriek:
a) Izenburua.
b) Hasiera- eta amaiera-datak, eta iraupena (orduak).
c) Ziurtagiria egin duen erakundea.
Hamaikagarrena.– Lehiaketaren kudeaketa.
1.– Lanbideko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari dagokio lanpostuak betetzeko eta lan-kontratudun bihurtzeko prozesuak kudeatzea.
2.– Lanbideko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari, prozesuen kudeatzailea denez, zeregin hauek dagozkio:
Parte hartzeko betekizunak eta adjudikatu beharreko lanpostuetarako baldintza espezifikoak betetzen direla egiaztatzea, eta haien egiaztapena baliozkoa dela frogatzea.
Merezimenduen baremoak aplikatzeko zeregin materialak eta zeregin arautu hutsak egitea. Gradua, antzinatasuna, esperientzia, hizkuntzak eta hizkuntza-eskakizuna baloratzea.
Merezimenduen balio formala ezartzea.
Balorazio-batzordeak egindako merezimenduen balorazioa gehitzea.
Deialdiko lanpostuen adjudikazioa proposatzea.
Hamabigarrena.– Balorazio-batzordeak. Izendapena eta osaera.
1.– Balorazio-batzordeari dagokio balorazio-iritzia agertzea eskatzen duten merezimenduak baloratzea, diskrezionalitate teknikoan oinarrituta eta bat etorriz oinarri hauetan ezarritakoarekin.
2.– Prozesuen balorazio-batzordeak bost kidek osatuko dituzte, eta guztiek izango dute hitza eta botoa.
3.– Balorazio-batzorde bakoitza osatuko duten pertsonen izen-abizenak Lanbideren webgunean (https://www.lanbide.euskadi.eus) eta EHAAn argitaratuko dira.
4.– Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legean eta urriaren 13ko 190/2004 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko araudian ezarritako betekizunak eta baldintzak bete beharko dituzte izendatutakoek.
5.– Balorazio-batzordeetako kideek dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte haien zerbitzuagatik, bertaratzeak barne hartuta, bat etorriz arlo horretako indarreko araudiarekin.
Halaber, dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte aholkularitza ematen dieten pertsonek.
Hamahirugarrena.– Balorazio-batzordearen jarduketa-arauak.
1.– Balorazio-batzordeak independentzia osoz, diskrezionalitate teknikoz eta objektibotasunez jardungo du.
2.– Hargatik eragotzi gabe haren jarduketek duten diskrezionalitate teknikoa, ematen dituen ebazpenek arrazoituak izan beharko dute, lanpostuak betetzeko eta lan-kontratudun bihurtzeko prozesuen arauak eta oinarriak betez.
3.– Balorazio-batzordearen erabakiak lotesleak izango dira Administrazioaren organo guztientzat, hargatik eragotzi gabe erabaki horiek berrikusi hala izatea, administrazio-prozeduraren arloan indarrean den legerian aurreikusitakoaren arabera.
Hamalaugarrena.– Onartuen eta baztertuen zerrendak.
1.– Parte-hartzaileen analisia egin ondoren, Lanbideko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko du, ebazpen baten bidez, zazpigarren oinarrian adierazitako lekuan; baztertuen kasuan, orobat adieraziko du zergatik izan diren baztertuak.
2.– Aipatutako ebazpenak hamar egun balioduneko epea ematen du, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, alegazioak egiteko edo parte hartzeko baldintzak egiaztatzean egin diren akatsak zuzentzeko.
Era berean, eta epe berean, parte hartzeko eskaera hasi eta zortzigarren oinarriko 3. apartatuan aurreikusitako gisan bideratu ez zutenek izapide-akatsa zuzendu ahal izango dute.
Ez da inola ere onartuko merezimendu berriak edo lanpostuen betekizun espezifikoak alegatzea. Eskatutako lanpostuetan ere ez da aldaketarik onartuko; hau da, ezin izango dira lanpostuak gehitu edo ezabatu, ezta haien ordena aldatu ere.
3.– Alegazioak eta zuzenketak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzi ondoren, Lanbideko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak behin betikotzat joko du onartuen eta baztertuen zerrenda. Zazpigarren oinarrian aurreikusitako lekuetan argitaratuko da ebazpen hori.
Hamabosgarrena.– Merezimenduak baloratzeko zerrendak.
1.– Balorazio-batzordeak merezimenduak baloratu ondoren, Lanbideko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak honako hauek argitaratuko ditu, ebazpen baten bidez, zazpigarren oinarrian adierazitako lekuan:
a) Merezimenduen behin-behineko balorazioa; hor jasoko da onartutako parte-hartzaile bakoitzak zer puntuazio lortu duen baremoaren apartatu bakoitzean, eskatutako lanpostu bakoitzari dagokionez –baldin eta betetzen baditu dena delako lanpostuak lanpostu-zerrendan ezarriak dituen baldintzak–.
b) Merezimenduak eta betekizunak zuzentzeko errekerimendua, behar den kasuetan.
2.– Aipatutako ebazpenak hamar egun balioduneko epea emango du, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, alegazioak egiteko edo merezimenduak eta betekizunak egiaztatzean egin diren akatsak zuzentzeko.
3.– Alegazioak eta zuzenketak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzi ondoren, Lanbideko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak ebazpen bat emango du, merezimenduen balorazioa behin betikotzat jotzeko, eta zazpigarren oinarrian adierazitako lekuan argitaratuko da.
Hamaseigarrena.– Lanpostuak adjudikatzeko behin betiko proposamena.
1.– Lanbideko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez, lanpostuak adjudikatzeko behin-behineko proposamena onartuko da, zeina merezimenduen behin betiko balorazioarekin batera argitaratuko baita.
2.– Lanpostuak adjudikatzeko behin-behineko proposamenak lehiaketako parte-hartzaileei adjudikatutako lanpostuak jasoko ditu, eta, parte hartuta ere, lehiaketan destinoa eskuratu ez zutenei adjudikatutakoak.
3.– Hemeretzigarren eta hogeigarren oinarrietan jasotako irizpideen arabera egingo dira adjudikazioak.
4.– Lanpostuak adjudikatzeko behin-behineko proposamena onartzen duen ebazpenak hamar egun balioduneko epea ezarriko du alegazioak aurkezteko, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Epe berean, lehiaketan borondatez parte hartzen dutenek parte hartzeari uko egin ahal izango diote lehiaketa osoan. Epe hori amaituta, ez da atzera-egiterik onartuko. Atzera-egiteak eskatutako lanpostu guztiei eragingo die.
Hamazazpigarrena.– Adjudikatzeko baldintza orokorrak.
1.– Lanpostu jakin baten adjudikaziodun izateko, beharrezkoa izango da integrazio-prozesuan behar bezala parte hartu izana eta esleitu beharreko lanposturako eskatutako baldintzak betetzea, oinarri hauetan eta lanpostuen zerrendan aurreikusitakoaren.
2.– Betekizun espezifikoren bat ezarrita duten lanpostuak adjudikatzeko, izangaiek ezinbestez egiaztatu beharko dute betekizun horiek betetzen dituztela.
Hemezortzigarrena.– Parte-hartzaileei lanpostuak adjudikatzeko irizpideak.
1.– Lanpostuak betetzeko prozesuetako parte-hartzaileei irizpide hauen arabera adjudikatuko zaizkie lanpostuak: batetik, lortutako puntuazio osoa –betiere, oinarrietan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu beharra daukate–, eta, bestetik, parte-hartzaileek eskaerak egiteko erabili duten lehentasun-hurrenkera.
2.– Lehiaketaren amaierako puntuazioan berdinketarik egonez gero, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren, berdinketa argitzeko:
– Emakumeei emango zaie lehentasuna, emakumeak % 40 baino gutxiago diren lanpostuetan. Salbuespena izango da beste izangaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten arrazoiak izatea, sexuagatiko diskriminaziozkoak ez izanagatik ere, hala nola enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.
– Baremoaren apartatu bakoitzean lortutako puntuaziorik handiena, han ageri diren hurrenkeraren arabera.
– Azpiapartatu bakoitzean lortutako puntuaziorik handiena, han ageri diren hurrenkeraren arabera.
Bi kasuetan, apartatu bakoitzean kontuan hartuko den puntuazioak ezin izango du gainditu baremoan horietako bakoitzerako ezarrita dagoen gehieneko puntuazioa, ez eta, azpiapartatuen kasuan, haiei dagokien apartatuari gehienez dagokion puntuazioa ere.
– Antzinatasun handiena karrerako funtzionario gisa.
– Antzinatasun handiena behin betiko azken lanpostuan.
– Antzinatasun handiena Administrazioan.
Hemeretzigarrena.– Lanpostuak adjudikatzeko behin betiko proposamena.
Erreklamazioak aztertu eta, hala badagokio, aurkeztutako atzera-egiteak onartu ondoren, Lanbideko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak ebazpena emango du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari lanpostuak adjudikatzeko behin betiko proposamena helarazteko.
Hogeigarrena.– Lanpostuetan integratzea eta lan-kontratu finkoa sinatzea.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Zuzendaritza Nagusiari dagokio deialdiko lanpostuetan integrazioa formalizatzea. Deialdia argitaratzeko erabiltzen den modu bera erabiliko da adjudikazioa argitaratzeko.
2.– Lanpostuak betetzeko prozesuan parte hartzeko baldintzak edo lanpostuaren eskakizun espezifikoak betetzeari utzi dioten pertsonak ezin izango dira lan-plantillan integratu.
3.– Lanpostu batean integratu diren pertsonek dagokion lan-kontratua formalizatu beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko langile lan-kontratudun finko gisa, lanpostuak esleitzeko ebazpenean zehaztutako datan, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
Funtzionario adjudikaziodunek, bosgarren xedapen gehigarrian eta oinarri hauetan aurreikusitakoaren arabera, berariaz baliatzen dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko langile lan-kontratudun gisa integratzeko aukera, eta zuzenbide pribatuko ente publikoko langile lan-kontratudunen plantillan sartuko dira, EAEko Administrazio Orokorrean aitortuta duten antzinatasuna aitortuta ondorio guztietarako. Aldi berean, interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia egoeran azken horretan geratuko da.
Ondorio horietarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Enplegu Publikoaren Zuzendaritzari helaraziko dio behar den dokumentazioa, Enplegu Publikoaren zuzendariak adjudikaziodunen administrazio-egoera aldatzeko ebazpena eman dezan.
4.– Lehiaketaren behin betiko adjudikazioan ezin izango zaio adjudikatutako lanpostuari uko egin, eta ez du eskubiderik emango zerbitzuagatiko kalte-ordainak jasotzeko.
Hogeita batgarrena.– Deialdiko lanpostuen izaera eta izena.
1.– Prozesu honen xede diren lanpostuak I. eranskinean identifikatutako lanpostu hutsei dagozkie, eta, Lanbideren Administrazio Kontseiluak onartutako lanpostu-zerrendaren aldaketaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa zuzenbide pribatuko ente publikoko langile lan-kontratudunen lanpostuak izango dira.
2.– «Administrari orokorra» eta «Obra eta eraikuntzetako teknikaria» izeneko lanpostuek izen horri eta funtsezko eginkizunei eutsiko diete, hargatik eragotzi gabe lan-arloko araubide juridikora atxikitzea.
3.– Gaur egun «orientatzaile» deitzen diren lanpostuak langile lan-kontratudunen lanpostu gisa eratuko dira; «enpleguko eta enpresetako teknikari» izena hartuko dute, eta lanpostu horren berezko eginkizunak hartuko dituzte beren gain, Lanbideren lanpostuen antolamenduaren arabera.
4.– Prozesu hau deitzeak eta izapidetzeak ez dakar, berez, lanpostuak sortu, eraldatu edo aldatzeko ondoriorik. Lanpostuak behin betiko esleitzeko, Lanbideren Administrazio Kontseiluak lanpostu-zerrendaren aldaketa onartu beharko du aldez aurretik, bere Estatutuen 11. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Hogeita bigarrena.– Adjudikazioaren ondorioak eta langile lan-kontratudun gisa integratzea.
1.– Langile lan-kontratudun finko gisa integratzeak berekin ekarriko du, ondorio guztietarako, adjudikaziodunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean karrerako funtzionario gisa aitortuta duen antzinatasuna aitortzea.
2.– Integrazioaren ondorioz, adjudikazioduna interes partikularragatiko borondatezko eszedentzian geratuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, lanpostua gorde gabe.
3.– Esleitutako lanpostuari ezin izango zaio uko egin behin betiko esleipen-ebazpena eman ondoren, eta ez du eskubiderik emango inolako kalte-ordainik edo konpentsazio ekonomikorik jasotzeko.
Hogeita hirugarrena.– Lehiaketetako datuak babestea eta kudeatzea.
Datu pertsonalak «Hautaketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, honako hauek behar bezala betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra); abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia.
Tratamenduaren arduraduna: Administrazio eta Zerbitzu Zuzendaritza.
Tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilerak:
Enplegu publikora sartzeko prozesuak kudeatzea, eta lekualdatze-lehiaketak eta zerbitzu-eginkizunak kudeatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko funtzionarioen eta langile lan-kontratudunen lanpostuetan.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aldi baterako lan-eskaintzen eta aldi baterako langile lan-kontratudunen kontratazioen lan-poltsak kudeatzea (eratzea, integratzea eta barematzea).
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde egindako misio bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzean (11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoarena; 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena; 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena).
Informazioaren hartzaileak:
Sindikatuak eta langileen ordezkariak.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Eskubideak: datuak irispidean izatea, zuzentzea eta ezereztea, bai eta informazio gehigarrian azaltzen diren beste eskubide batzuk ere. Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/128100-capa2-eu.shtml
RSS