Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2026ko apirilaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
1662

AGINDUA, 2026ko apirilaren 15ekoa, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektoriala berrikusteko eta egokitzeko prozedura hastea erabakitzen duena.

Trenbidea elementu estrategikoa da mugikortasun-eredu jasangarriago, eraginkorrago eta sozialki ekitatiboago baterantz aurrera egiteko. Klima-arloko nazioarteko konpromisoak nagusitzen diren honetan, ezinbestekoa da euskal trenbide-sistemaren lurralde-plangintza eguneratzea, behar bezala integratuko dela bermatzeko, bai eta eskaera berriei erantzuteko gaitasuna izango duela eta gizarte- eta lurralde-kohesioari ekarpena egingo diola bermatzeko ere. Horri guztiari esker, trenbide-sareak mugikortasun kolektiboaren eta garraio publikoaren funtsezko azpiegitura gisa duen eginkizuna indartu ahal izango da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektoriala (LPS) otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuaren bidez onartu zen behin betiko, eta harrezkero, trenbide-sarearen jarduketak eta garapena zehazteko, lurzoru-erreserbak ezartzeko eta hirigintza-plangintza baldintzatzeko antolamendu-tresna izan da. Ondoren, otsailaren 22ko 34/2005 Dekretuaren bidez, planaren aldaketa bat onartu zen, Bilbao Metropolitarreko eta beste udalerri batzuetako trenbidearen antolamenduari buruzkoa.

Hogei urte baino gehiago igaro direnez plana onartu zenetik, hura berrikusteko unea da, EAEn trenbide-azpiegitura ezartzeko eta garatzeko jarduketak eguneratu eta definitzeko, ukitutako lurzorua behar bezala antolatzeko eta erkidegoko plangintza Europa barneko trenbide-sarean aurreikusitako jarduketekin koordinatzeko.

Berrikuspen horrek bat etorri behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroekin (LAG) –zeinak 2019an onartu baitziren behin betiko eta klima-erronkez eta jasangarritasun-erronkez kontzienteago den plangintza-belaunaldi berri bat adierazten baitute– eta EAEko mugikortasun-estrategiarekin. Halaber, uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuak, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onartzen dituenak, berariaz ezartzen du plan hori egiteko beharra.

Agindu horiek betez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearekin bat etorriz, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorial berria prestatzeari ekingo dio. Plan hori sarea garatzeko beharrezkoa den sektore- eta hirigintza-arloko esku-hartzea planifikatzeko eta arautzeko tresna izango da. Prozeduraren helburu zehatza indarrean dagoen LPS berrikustea eta egokitzea izango da.

4/1990 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, LPS berria lurralde-plan partzialetarako aurreikusitako prozeduraren arabera izapidetu beharko da. Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuak ezartzen du zein diren halako prozedurak eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedurarekin integratzeko prozedurek bete behar dituzten izapidetze-printzipio orokorrak, eta, bereziki, herritarren parte-hartzearen eta informazio publikoaren printzipioa ezartzen du.

Dekretu horren 3.1 artikuluak xedatzen du formulazioa hasteko ebazpenarekin batera herritarren partaidetza-programa bat aurkeztu behar dela, herritarrek eta gizarte-erakundeek prozesuan parte hartzeko duten eskubidea benetan gauzatuko dela bermatuko duten helburuak, estrategiak eta mekanismoak definituko dituena. Hori betetzeko, partaidetza-prozesu bat diseinatu da, Euskadiko trenbide-eredu berriaren oinarriak sozialki modu partekatuan definitzeko hitzarmengune publiko gisa jarduteko balioko duena. Prozesu hori Trenbide Sarearen LPS berria egiteko eta izapidetzeko fase guztietan garatuko da.

Bestalde, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluak ezartzen duenez, lege- edo erregelamendu-mailako arauen proiektuak edo aurreproiektuak egin aurretik kontsulta publikoa egin behar da, herritarren iritzia jasotzeko.

Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorial berria berrikusteko eta egokitzeko prozedura 4/1990 Legearen 13. artikuluan aurreikusitakoari egokitu beharko zaio, lege horren lehenengo xedapen gehigarria eta 46/2020 Dekretuaren 13.-16. artikuluak eta 17.4 artikulua aplikatuz.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, eta maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluak eta martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 17.1 eta 3.1 artikuluek emandako eskumena erabiliz, agindu hau ematen da, eta hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektoriala berrikusteko eta egokitzeko prozedura hastea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legean eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorial berria egitea, indarrean dagoen plana berrikusteko eta egokitzeko –plan hori otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuaren bidez onartu zen, eta otsailaren 22ko 34/2005 Dekretuaren bidez aldatu–.

Hirugarrena.– Agindu honen eranskinean jasota dagoen Herritarren Partaidetza Programa onartzea, martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Laugarrena.– Plana idazteko beharrezkotzat jotzen duten informazio orokor eta espezifiko guztia eskatzea foru-aldundiei, ukitutako udalerriei, Eudeli eta Estatuko Administrazioari, Gobernuaren Ordezkaritzaren bidez, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian eta 13. artikuluaren 2. apartatuan eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 13. artikuluaren 2. apartatuan adierazitakoarekin. Informazio hori bi hilabeteko epean emango da.

Bosgarrena.– Plana idazteko beharrezkotzat jotzen duten informazio orokorra eskatzea Eusko Jaurlaritzako sailei, bai eta gai horri buruzko aurreikuspenei eta programei buruzko informazio espezifikoa ere. Informazio hori gehienez ere bi hilabeteko epean emango da.

Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoetan gehien saltzen diren bi egunkarietan argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 15a.

Mugikortasun Jasangarriaren sailburua,

SUSANA GARCÍA CHUECA.

ERANSKINA
HERRITARREN PARTAIDETZA PROGRAMA

1.– Sarrera.

Eranskin honek laburbiltzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektoriala egiteko esparruan herritarrek parte har dezaten garatu beharreko programa.

Gure helburua etorkizuneko trenbide-azpiegitura diseinatzea da, Euskadiko erronka demografiko, teknologiko eta ingurumenekoei erantzuteko.

2.– Xedea eta helburuak.

Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren, gizarte zibilaren eta sektore profesionalaren informazio garrantzitsua eta kalitatezkoa jasotzea hasieratik, planaren idazketan haien ikuspegiak txertatzeko.

Lurralde Plan Sektoriala idazteko partaidetza-prozesua Eusko Jaurlaritzak sustatutako hitzarmengune publikoaren mekanismoa da, Euskadiko trenbide-azpiegituraren esparruan eredu berriaren oinarriak gizartearen partaidetzarekin garatzeko.

Herritarren Partaidetza Programa, beraz, Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozesuan Eusko Jaurlaritzak parte-hartze publikorako duen estrategia definitzen duen dokumentua da. Programa horrek ezartzen du nola garatuko den parte-hartzea Plana idazteko prozesuaren fase bakoitzean.

Partaidetza-prozesu hori, Planaren zirriborro-fasean zentratua, funtsezko tresna da, plan berria erabilgarria, errealista eta adostua izango dela bermatzeko.

Parte-hartze publikoaren proposamenak oreka bilatu behar du: batetik, irekia eta malgua izan behar du, herritar guztiek eta sektore profesionalak parte har dezaten, eta, bestetik, egituraketa operatibo praktikoa eta zehatza izan behar du, Lurralde Plan Sektoriala idatziko duten taldekideek eta hura egiteko eta onartzeko organo eskudunek parte-hartze hori ezagutu, sintetizatu eta aintzat hartu ahal izan dezaten.

Hauek dira aurkeztu den partaidetza-prozesuaren helburu espezifikoak:

– EAEko Trenbide Sarearen II. Lurralde Plan Sektoriala herritarrei eta sektore profesionalari ezagutaraztea.

– Proiektua hedatzeko beharrezkoak diren komunikazio-espazioak diseinatzea eta erraztea.

– Helarazi beharreko mezuak proposatzea, bai eta partaidetza-prozesuaren komunikazio- eta kaptazio-faserako erabili beharreko komunikazio-euskarriak ere.

– Herritarrentzat eta sektore profesionalarentzat mezu eta informazio egokia sortzea, haien premia eta interes partikularrak kontuan hartuta.

– Egingo den partaidetza-saio bakoitzean garatu beharreko ekintzak eta jarduerak diseinatzea, bai herritarrentzat, bai sektore profesionalarentzat.

– Gizarte zibilaren eta sektore profesionalaren ekarpenak jasotzea, planaren diagnostiko-fasean.

– Euskadiko trenbidearen erabiltzaileen eta horretan interesa duten pertsonen ekarpenak jasotzea.

– Ikuspegi aditua duten eragileen begirada txertatzea, mugikortasunari lotutako erronka demografiko, teknologiko eta ingurumenekoei begira.

– Bildutako informazioa hautatu, antolatu eta egituratzea, plana idazteko prozesuaren egiturara eta terminologiara egokituz.

– Plana idatziko duen taldeari ekarpenak helaraztea, planean sartu ahal izateko.

3.– Egitura eta irismena.

Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorialaren Herritarren Partaidetza Planak Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzen duen partaidetza-prozesu bat planteatzen du, eta hiru lurraldeen artean dauden aldeak kontuan hartzen ditu.

Izan ere, lurralde bakoitzak ezaugarri geografiko, sozial eta ekonomiko desberdinak ditu. Desberdintasun hori eskura dauden trenbide-azpiegituren garapenean eta trenarekin duten harreman historikoan ere islatzen da. Horregatik, egingo diren topaketa-saioetan, II. Lurralde Plan Sektorialari buruzko informazio guztia helaraziko da, eta lurralde bakoitzean lantalde espezifikoak sortuko dira.

Herritarrekin ez ezik, sektore profesionalarekin ere lan egingo da, hau da, enpresa- eta industria-sarearekin, logistika-enpresekin eta EAEko kluster eta elkarte profesionalekin.

4.– Partaidetza-prozesuaren faseak.

Partaidetza-prozesua elkarren segidako 5 fasetan egituratzen da. Prozeduraren fase bakoitzean egokiak diren tresnak eta ekintzak ezarriko dira, eta horietako zenbait ekintza aldi berean garatuko dira.

Prozesua fase hauetan egituratuta dago:

0 fasea. Prestaketa.

1. fasea. Komunikazioa eta kaptazioa.

2. fasea. Parte-hartzea.

3. fasea. Dokumentuak lantzea.

4. fasea. Itzultzea.

0 fasea. Prestaketa.

Prozesuaren zenbait alderdiren oinarriak planifikatzeko eta ezartzeko hasierako etapa da: parte-hartzearen egitura, ekintzak, hedapena edo komunikazioa, eragileen koordinazioa eta informazio-bilketa.

Fase honetan, herritarrekin eta sektore profesionalarekin egin beharreko lana zehaztuko da, parte hartzeko saioak diseinatuko dira, eta prozesuaren behin betiko kronograma egingo da; orobat, saio bakoitzerako beharrezkoak diren baliabideak ezarri eta definituko dira.

1. fasea. Komunikazioa eta kaptazioa.

Fase honetan, herritarrei eta eragile sozial eta profesionalei partaidetza-prozesuaren berri emango zaie.

Sozializatu beharreko informazioa eta eskura dauden euskarriak aztertu ondoren, komunikazio-plan bat egingo da. Plan horretan, erabiliko diren komunikazio-kanalen proposamena, partekatu beharreko dokumentazioa egokitu beharra edo ez, eta horretarako formatu eta kanal egokienak jasoko dira.

Komunikazio-planak bi atal izango ditu:

– Herritarrei eta gizarte zibilari zuzendutako komunikazioa.

– Sektore profesionalera bideratutako komunikazioa.

Fase honetan dibulgazio-dokumentuak prestatuko dira, eta saioetarako lagungarri izango diren euskarriak diseinatuko. Dokumentu horiek LPSaren informazioan oinarrituta sortuko dira, eta ahaleginak egingo dira hizkera teknikoa ulergarria izan dadin, hartzaileen, herritarren edo sektore profesionalaren arabera.

EAE osoa hartzen duen prozesua izanik, komunikazioa Irekiaren eta ETSren webgunearen bidez zentralizatuko da, eta, horrez gain, zuzeneko mailinga egingo zaie bitartekari diren kolektibo sozial eta profesionalei.

Topaketetan izena emateko, inprimaki digitalak bete beharko dira, baliatutako web-euskarrietan egongo direnak. Inskribatzeko unean, izena eman nahi duten pertsonei datu orokorrak eskatuko zaizkie, haien aurretiko profila sortzeko, eta egoitzako udalerria adierazteko ere eskatuko zaie, saioen azpitaldeak aldez aurretik antolatu ahal izateko.

Sektore profesionalerako, webgunea erabiliko da erreferentzia-espazio gisa, eta dokumentazio osagarria sortuko da, etorkizuneko jardueran eragin handiena izan dezaketen alderdiekin.

Enpresekin eta elkarte profesionalekin, ahal dela, zuzeneko komunikazioa erabiliko da, eta haien interes-eremuak identifikatzeko eskatuko zaie, topaketa hobeto bideratu ahal izateko.

2. fasea. Parte-hartzea.

Parte-hartze fase honetarako lau topaketa proposatzen dira, bi ordu ingurukoak:

– 3 topaketa presentzial eta telematiko herritarrekin, lurralde bakoitzean: Bilbon, Vitoria-Gasteizen eta Donostian.

– Topaketa birtual bat sektore profesionalarekin.

Herritarrekin eta sektore profesionalarekin egingo diren topaketen egitura antzekoa izango da, baina ikuspegia aldatu egingo da, edukia parte hartzen duen publiko motara egokitzeko. Bilera horietan diagnostikatu beharreko alderdien planteamendua aurkeztuko da, eta ekarpenak jasoko dira, hala badagokio, Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorialean sartu ahal izateko.

Gainera, herritarren ekarpenak jasotzeko topaketetan, formulario digital bat eskuragarri jarriko da, proposamenak egin ahal izateko. Sektore profesionalaren kasuan, helbide elektroniko bat jarriko da proposamenak helarazteko.

Herritarren ekarpenetarako saioek eskema orokor honi jarraituko diote:

1. ZATIA: INFORMAZIO OROKORRA ETA SAIOAREN AURKEZPENA.

Proiektuaren aurkezpena eta helburuak.

II. LPSko diagnostiko-eremuen aurkezpena.

Saioan parte hartzeko arauak eta garatu beharreko dinamikak ezartzea.

2. ZATIA: EZTABAIDA ETA EKARPENAK.

Taldeko eztabaida, eremu geografikoaren arabera.

Beharrak identifikatzea.

Ideiak egituratzea.

Saioan jasotako ekarpenen laburpena.

3. ZATIA: SOZIALIZAZIOA.

Lantalde bakoitzak jasotako ekarpenak osoko bilkurara eramatea.

4. ZATIA: ITXIERA ETA HURRENGO URRATSAK.

3. fasea. Dokumentuak lantzea.

Fase honetan, amaierako memoria egingo da, non partaidetza-prozesuaren xehetasun guztiak jasoko baitira eta herritarren ekarpenak eta sektore profesionalarenak bereiziko baitira.

Azken dokumentu bat egingo da, aurreko faseetako emaitzak antolatu eta egituratuko dituena, horiek baloratzeko eta EAEko Trenbide Sarearen LPSaren aurrerapen-dokumentua egiteko prozesuan sartzeko.

4. fasea. Itzultzea.

Itxiera-etapan, egindako lan guztia itzuliko da, eta aurrerapen-dokumentuan txertatuko diren ondorioak idatziko dira. Helburu horrekin, EAEko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorialaren aurrerapen-dokumentua eta hasierako dokumentua idazteaz arduratuko den talde teknikoak prozesuaren memoria publiko bat sortuko du. Memoria horrek honako hauek jasoko ditu:

– Garatutako prozesuaren azalpena.

– Prozesuaren adierazle kuantitatibo nagusiak.

– Jasotako iritzien eta ekarpenen deskribapena.

– EAEko Trenbide Sarearen Lurralde Plan Sektorialaren aurrerapen-dokumentuan eta hasierako dokumentuan txertatu diren eta txertatu ez diren ekarpenen deskribapena; txertatu ez diren ekarpenen kasuan, erabaki hori justifikatzen duten arrazoiak emango dira.

– Prozesuaren balorazio globala; hau da, erantsi duen balioa.

Dokumentu hori behar bezala zabalduko da, prozesuaren web-kanalen eta Sailaren kanal orokorren bidez.

Dokumentua zabaltzeko, komunikazio- eta kaptazio-fasean erabilitako kanal berberak erabiliko dira. Topaketetan parte hartu duten edo ekarpenak egin dituzten pertsonen kasuan, helbide elektroniko bat eman badute, mezu elektroniko baten bidez bidaliko zaie dokumentua.

Aurreko faseetan deskribatutako partaidetza-prozesua aurrerapenaren aurreko fasearekin hasiko da (oinarrizko dokumentua), eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailak LPSaren Hasierako Onarpen dokumentuarekin amaituko da.


Azterketa dokumentala