Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2026ko apirilaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

DATUAK BABESTEKO EUSKAL AGINTARITZA
1626

EBAZPENA, 2026ko apirilaren 7koa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariarena, zeinaren bidez sortzen eta arautzen baita egoitza elektronikoa, bai eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarekiko izapidetze elektronikoa ere.

AURREKARIAK

Urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, eta urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoak, ezartzen dute pertsonek eskubidea dutela administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko, ekainaren 22ko 11/2007 Legean, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoan ezarritako oinarrien arabera, sarbidea sinplifikatuz eta administrazio publikoetan informazioaren eta komunikazioen teknologien erabilera indartuz, bai kudeaketaren efizientzia hobetzeko, bai administrazioen arteko lankidetzako eta elkarlaneko harremanak sendotu eta bideratzeko.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 38. artikuluan, honela definitzen da egoitza elektronikoa: «helbide elektroniko bat da, herritarrek telekomunikazio-sareen bitartez balia dezaketena. Haren titulartasuna administrazio publiko bati dagokio, edo organismo publiko edo zuzenbide publikoko entitate bati edo batzuei, bere eskumenen egikaritzan».

Artikulu horren 3. apartatuan eta martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuaren 10. artikuluan (Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretua) xedatuta dagoenaren arabera, administrazio publiko bakoitzak zehaztu behar ditu egoitza elektronikoak sortzeko baldintzak eta tresnak, gogoan hartuta gardentasun, publizitate, erantzukizun, kalitate, segurtasun, eskuragarritasun, irisgarritasun, neutraltasun eta elkarreragingarritasun printzipioak.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak bere zerbitzuak eta eskumenen egikaritzapena esparru elektronikoan herritar guztiengana helarazteko konpromisoa dauka; horretarako, esparru teknikoan eta juridikoan eta antolakuntzaren esparruan ahalegina egin du, segurua eta kalitatezkoa izateaz gain prozeduren izapideen kudeaketa sinplifikatuko duen plataforma bat eskaintzeko.

Aurreko guztiagatik, eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 8. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenak egikarituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren egoitza elektronikoa eta irispide-puntu elektroniko orokorra sortzen dira eta horiek identifikatzeko helbide elektronikoa https://egoitza.avpd.eus izan dadila ezartzen da. Helbide horretara sartzea egongo da zuzenean edo https://www.avpd.eus atariaren bitartez.

Aplikazio-eremuaren barruan daude Datuak Babesteko Euskal Agintaritza osatzen duten organoak eta administrazio-unitateak. Halaber, aplikazio-eremu horretara biltzen dira ikertzeko, arautzeko eta zuzentzeko ahalen esparruan egiten diren izapide guztiak, bai eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 6. artikuluan jasotako eginkizun eta ahaletatik eratortzen direnak ere.

Bigarrena.– Titulartasuna.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritza da egoitza elektronikoaren titularra.

Hirugarrena.– Egoitza elektronikoaren kudeaketa.

Egoitza elektronikoaren kudeaketaz eta egoitzan pertsonen eskura jarritako zerbitzuen kudeaketaz Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Idazkaritza Nagusia arduratzen da. Egoitza elektronikoaren kudeaketa teknologikoa Eragin Teknologikoak eta Segurtasun Arriskuak Ebaluatzeko Unitateak egingo du.

Laugarrena.– Egoitzaren edukia eta zerbitzuak.

Egoitza elektronikoak honako informazio eta zerbitzu hauek jarriko ditu eskura:

Eskuragarri dauden prozedura eta zerbitzuen katalogoa.

Kexak eta iradokizunak egiteko lotura.

Identifikazio eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak.

Espedientearen izapideen egoera jakiteko sarbidea, hala badagokio.

Bitarteko elektronikoen bidez jakinarazteko sistemak.

Organoen zigilu elektronikoak egiaztatzeko sistema bat.

Igorritako dokumentuen autentikotasuna eta osotasuna egiaztatzeko zerbitzu bat.

Erregistro elektronikorako kontuan hartu beharreko egun baliogabeen eta data eta ordu ofizialen adierazpena, epeen zenbaketaren ondorioetarako.

Erregistro-gaietan laguntzeko bulegoen direktorio geografikoa kontsultatzeko zerbitzu bat.

Agintaritzak indarrean dauzkan identifikazio-kodeen zerrenda bat.

Egoitza elektronikoa zuzen erabiltzeko behar den informazioa, bai eta pribatutasunari, datu pertsonalen babesari eta irisgarritasunari buruzko informazioa ere.

Bosgarrena.– Erregistro elektroniko orokorra.

Organismoaren erregistro elektroniko orokorra sortzen da, erregistroen interkonexio-sistemaren barruan, organismoari zuzendutako edozein administrazio-izapidetarako eskabideak, idazkiak eta komunikazioak jaso eta bidaltzeko. Erregistro elektroniko hori guztiz elkarreragingarria izango da gainerako administrazio publikoen erregistroekin.

Seigarrena.– Epeen zenbaketa.

Erregistroak urteko egun guztietako 24 orduetan onartuko ditu dokumentuak, data eta ordu ofiziala zehaztuta.

Urtero, egun baliogabeen egutegia argitaratuko da egoitzan, eta egun baliogabean aurkeztutako dokumentua hurrengo egun balioduneko lehen orduan aurkeztutzat joko da.

Zazpigarrena.– Segurtasuna eta datuen babesa.

Egoitzak eta bere informazio-sistemek Segurtasunaren Eskema Nazionala eta Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala beteko dute, bai eta datu pertsonalen babesaren arloan indarren dagoen araudia ere (DBEO eta DPBEDBLO).

Zortzigarrena.– Ondorioak.

Formulario eta prozedura eskuragarriak apurka txertatuko dira, erabilgarri dauden neurrian, eta egoitza elektronikoan bertan agertuko dira.

Bederatzigarrena.– Elebitasuna.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren egoitza elektronikoan edukiak eta zerbitzuak euskaraz eta gaztelaniaz berdintasun-baldintzetan bermatuko da edukietarako sarbidea.

Pertsona guztiek eskubidea dute Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren egoitza elektronikoaren bidez Euskadiko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan jarduteko eta izapideak egiteko, euskararen erabilera normalizatzeko araudiaren arabera.

Hamargarrena.– Publiko egitea.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren webgunean argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 7a.

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria,

UNAI ABERASTURI GORRIÑO.


Azterketa dokumentala