Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2026ko apirilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
1621

EBAZPENA, 2026ko apirilaren 9koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, 2025eko maiatzaren 27ko Ebazpenaren bidez onartutako «Errenteriako trakzioko azpiestazio elektrikoa eraikitzeko proiektua»n antzeman diren akats materialak zuzentzen dituena.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2025eko maiatzaren 27ko Ebazpenaren bidez, «Errenteriako trakzioko azpiestazio elektrikoa eraikitzeko proiektua» onartu zen; lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 4.874.346,96 eurokoa da (BEZa barne), eta burutzeko epea hamabost (15) hilabetekoa. Halaber, deklaratu zen obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla, lursailak okupatzeko premia dagoela eta eraikuntza-proiektuaren desjabetzeei buruzko eranskinean zerrendatutako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla.

Bigarrena.– 2025eko irailaren 5ean, proiektua burutzeko behar ziren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedura hastea eta ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zen. Horretarako, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta prentsa idatzian argitaratu zen hori, bai eta Errenteriako udaletxeko iragarki-oholean ere.

Hirugarrena.– 2025eko azaroaren 28an, «Errenteriako trakzioko azpiestazio elektrikoa eraikitzeko proiektua»k eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda onartu zen, eta titularrei dei egin zitzaien okupatu aurreko aktak egiteko.

Laugarrena.– Obrak egiten hasi aurretik, onartutako ondasunen eta eskubideen zerrendaren eta eraikuntza-proiektuan jasotako diseinuaren ondoriozko benetako beharren artean koherentziarik dagoen aztertu da. Azterketa horren emaitza gisa (5. txostenean jasoa), Desjabetze-azaleretan akatsak zuzentzeko txostena, eraikuntza-proiektuaren baldintzatzaileen arabera. Akatsak antzeman dira 6. eranskinean (Desjabetzeak) definitutako desjabetze-azaleretan.

Bereziki, txostenak agerian uzten du, besteak beste:

«proiektuak berez definitzen du ondasunen eta eskubideen zerrendan zehaztutako desjabetze-azalera gainditzen duen lan-azalera baten beharra»,

«ondasunen eta eskubideen lehen zerrendan jasota ez dauden lursail horiek aldi baterako okupatu behar dira»,

«6. eranskinak... ez du aurreikusten jabari osagarri osoa desjabetzea, azpiestazioko eraikinaren mendebaldeko fatxadaren ondotik doan kanalizaziorako beharrezkoa dena»,

«... lur-konexioko lurperatutako sareak jabari osoko desjabetze-azalera handitu beharko du».

Bosgarrena.– Aurrekoarekin bat etorriz, jabari osoko desjabetze-azalerak, zortasun iraunkorra eta aldi baterako okupazioa birdefinitu dira, bai eta ondasunen eta eskubideen zerrenda eta desjabetzeen planoa zuzendu ere. Horiek 6. eranskinean eta eguneratutako desjabetze-planoan jaso dira, eta ebazpen honen zati dira.

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Garraio Azpiegituren zuzendaria da euskal trenbide-sarearen proiektuak onartzeko eta bere egintzetako akats materialak zuzentzeko organo eskuduna, Mugikortasun Iraunkorraren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.b) artikuluaren arabera.

Bigarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluak aukera ematen die administrazio publikoei edozein unetan zuzentzeko beren egintzetako errakuntza materialak, egitezkoak edo aritmetikoak, ofizioz edo interesdunek eskatuta.

Hirugarrena.– Ebazpen honen bidez egiten diren aldaketen helburua da desjabetzeen ondasun eta eskubideen eta azaleren zerrenda eraikuntza-proiektuaren benetako beharretara egokitzea, ezertan aldatu gabe onartutako proiektuaren funtsa, onura publikoko edo intereseko deklarazioa eta okupazio-beharra. Beraz, aldaketa horiek akats materialak dira.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 6. eranskinean dauden akats materialak zuzentzea. Desjabetzeak, «Errenteriako trakzioko azpiestazio elektrikoa eraikitzeko proiektua», 2025eko maiatzaren 27ko Ebazpenaren bidez onartua. Hasieran onetsitako ondasun eta eskubideen zerrenda eta desjabetzeen planoa, zuzendutako ondasun eta eskubideen zerrendarekin eta zuzendutako desjabetzeen planoarekin ordeztuko dira. Plano hori ebazpen honen eranskin gisa erantsi da.

Bigarrena.– Jabari osoko, zortasun iraunkorreko eta aldi baterako okupazioko desjabetze-azalera berriak ondasun eta eskubideen zerrendan eta zuzendutako desjabetzeen planoan jasotakoak izango dira, eta honako beharrizan hauei erantzuten diete:

– Eraikineko plataformaren indusketa eta saneamendua eta kanpoko urbanizazioa,

– hornidura-, saneamendu- eta euri-sareak,

– kanpoko kanalizazio elektrikoak (30 kV-ko eta BTko hartuneak, ETSren 13,2 kV-ko sarea),

– eta azpiestazioko lur-sare lurperatua, hori guztia 5. txostenaren arabera. Desjabetze-azaleretan akatsak zuzentzeko txostena, eraikuntza-proiektuaren baldintzatzaileen arabera.

Hirugarrena.– «Errenteriako trakzioko azpiestazio elektrikoa eraikitzeko proiektua» onartu zuen Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2025eko maiatzaren 27ko Ebazpenaren gainerako edukiari eustea, barne direla obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak izateari buruzko deklarazioa, lursailak okupatzeko beharra eta eraginpeko ondasun eta eskubideak berehala okupatzeko premia.

Laugarrena.– Ebazpen hau interesdunei eta Errenteriako Udalari jakinaraztea, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, dagozkion ondorioetarako.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 9a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala