
71. zk., 2026ko apirilaren 17a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (168 KB - 3 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
1620
AGINDUA, 2026ko apirilaren 10ekoa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2026ko martxoaren 17ko Agindua. Agindu horren bidez, 24 etxebizitza baztertu eta hasiera ematen baitzaio Hondarribiko udalerriko Biteri kalean araubide orokorreko babes ofizialeko 42 etxebizitza errentamenduan esleitzeko prozedurari.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren 2026ko martxoaren 17ko Aginduaren bidez, 24 etxebizitza baztertu eta hasiera eman zitzaion Hondarribiko udalerriko Biteri kalean araubide orokorreko babes ofizialeko 42 etxebizitza errentamenduan esleitzeko prozedurari.
Bigarrena.– Etxebizitzen esleipen-prozedura hasi ondoren, egiaztatu da prozeduratik kanpo utzitako etxebizitzetako bat ez dela egokia zuzenduta zegoen bizikidetza-unitaterako. Zehazki, mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako etxebizitza bat behar da.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari dagokio agindu hau xedatzea, bat etorrita araudi hauetan ezarritakoekin: martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa –12. artikulua, zehazki–, eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa –48. artikulua, zehazki–.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren 2026ko martxoaren 17ko Aginduaren seigarren aurrekaria moldatzea (agindu haren bidez, 24 etxebizitza baztertu eta hasiera ematen baitzaio Hondarribiko udalerriko Biteri kalean araubide orokorreko babes ofizialeko 42 etxebizitza errentamenduan esleitzeko prozedurari). Era horretan, seigarren aurrekaria honela geratuko da:
«Seigarrena.– Sustapen honetan esleituko diren 42 etxebizitza horietatik 2 mugikortasun urri iraunkorra duten desgaituentzat egokituta daude; bi logelakoak dira eta 90 m2ko azalera dute. Gainerako 40 etxebizitzetatik, 30 etxebizitza bi logelakoak dira eta 63,88 m2 eta 66,51 m2 bitarteko azalera dute; eta 10 etxebizitza hiru logelakoak dira eta 85,11 m2 eta 90 m2 bitarteko azalera dute. Etxebizitzak lagatzeko araubidea errentamendua izango da. Etxebizitza horiek kupotan bananduko dira seigarren ebazpen-zatian ezartzen den bezala.»
Bigarrena.– Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren 2026ko martxoaren 17ko Aginduaren seigarren ebazpen-zatia moldatzea (agindu haren bidez, 24 etxebizitza baztertu eta hasiera ematen baitzaio Hondarribiko udalerriko Biteri kalean araubide orokorreko babes ofizialeko 42 etxebizitza errentamenduan esleitzeko prozedurari). Era horretan, seigarren ebazpen-zatia honela geratuko da:
«Seigarrena.– Esleitu beharreko 42 etxebizitza horietatik, honako hauek gordeko dira:
a) 2 etxebizitza, mugikortasun urriko desgaitasun iraunkorra duten pertsonei egokituak. Etxebizitza horiek esleitzeko, jarraituko zaio Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko 52. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari, bat etorrita 888/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoarekin (888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, desgaitasun-maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena):
Lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak esleituko zaizkie desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatutako desgaitasunen bat duten pertsonei; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatutako desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei eranskin bereko D eta H bitarteko letretan ezarritakoak batuz.
Kupo honetan parte hartuko dute mugikortasun urriko desgaitasun iraunkorra egiaztatzen duten pertsonek.
b) 40 etxebizitza gainerako eskatzaileen artean banatuko dira, kupo hauek errespetatuta:
– 16 etxebizitza esleituko zaizkie (sustapen honetan esleituko direnen % 40) 36 urtetik beherako titular bat gutxienez duten bizikidetza-unitateei.
– 4 etxebizitza esleituko zaizkie (sustapen honetan esleituko direnen % 10) agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duina eta egokia eskuratzeko eta legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten eskatzaileei.
– 11 etxebizitza esleituko dira (sustapen honetan esleituko direnen % 27,50) etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean.
– 9 etxebizitza esleituko dira (sustapen honetan esleituko direnen % 22,50) gainerako eskatzaileen artean (kupo orokorra).»
Hirugarrena.– Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren 2026ko martxoaren 17ko Aginduaren bederatzigarren ebazpena moldatzea (agindu haren bidez, 24 etxebizitza baztertu eta hasiera ematen baitzaio Hondarribiko udalerriko Biteri kalean araubide orokorreko babes ofizialeko 42 etxebizitza errentamenduan esleitzeko prozedurari). Era horretan, bederatzigarren ebazpen-zatia honela geratuko da:
«Bederatzigarrena.– Agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta parte hartu nahi badute sustapen honetako esleipen-prozeduran, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute 2026ko martxoaren 27tik maiatzaren 18ra bitartean (biak barne).
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren 2026ko martxoaren 17ko Agindua argitaratu ostean izena eman duten pertsonek (agindu horren bidez 24 etxebizitza baztertu eta hasiera ematen baitzaio Hondarribiko udalerriko Biteri kalean araubide orokorreko babes ofizialeko 42 etxebizitza errentamenduan esleitzeko prozedurari), ez dute eskaera berririk egin beharko.
Eskaera berria honako bide hauetako baten bidez egin beharko da:
– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.
– Aurrez aurre: Zuzenean zerbitzua (gomendatzen da aurrez hitzordua hartzea), Andia kalea 13, 20004 Donostia, Gipuzkoa.
– Postaz: Bidali dokumentazioa Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara, Andia kalea 13, 6. solairua. 20004 Donostia. Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da, posta bulegoko sarrera-data kontuan har dadin.»
Laugarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Errekurtso biak aurkezteko epea hasiko da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 10a.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
RSS