
71. zk., 2026ko apirilaren 17a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (136 KB - 3 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1616
50/2026 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Lekaio Kultur Elkarteari emandako irrati bidezko (FM) ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen lizentzia iraungitzeko Erabakia (100.7 MHz, Legazpi).
Gobernu Kontseiluak, 2026ko martxoaren 31n egindako bilkuran, Lekaio Kultur Elkarteari emandako irrati bidezko (FM) ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen lizentzia iraungitzeko Erabakia onartu zuen (100.7 MHz, Legazpi), eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lekaio Kultur Elkarteari emandako irrati bidezko (FM) ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen lizentzia iraungitzeko Erabakiaren testua (100.7 MHz, Legazpi). Erabakia ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 14a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 14KO 50/2026 EBAZPENARENA
ERABAKIA, LEKAIO KULTUR ELKARTEARI EMANDAKO LEGAZPIKO 100.7 MHZ IKUS-ENTZUNEZKO IRRATI-KOMUNIKAZIOKO (FM) ZERBITZUEN LIZENTZIA AZKENTZEKO
Gobernu Kontseiluaren 2016ko azaroaren 22ko Erabakiaren bidez Legazpiko 100.7 MHz-ri (hasieran 100.5 MHz) dagokion ikus-entzunezko irrati-komunikazioko zerbitzuen lizentzia eman zitzaion Lekaio Kultur Elkarteari.
Lizentziak emateko lehiaketa arautu zuten oinarriek, Gobernu Kontseiluak 2012ko otsailaren 28ko bileran onartutakoek, VI. kapituluan zehazten zituzten titularrek lizentzia eman ondoren bete beharreko jarduerak.
Lizentziak eman ondorengo jarduera horiek honako hauek ziren: administrazio-agiria sinatu, irratiaren proiektu teknikoa aurkeztu, Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzak (aurrerantzean, SETELECO) onar dezan; proiektu teknikoa onartu ondoren, irratiaren funtzionamendurako beharrezkoak diren instalazioei ekin, eta espektro erradioelektrikoa erabili aurretik, SETELECOri zerbitzuan jartzeko eskatu, ikuskapena eginda, egiaztatzeko egindako instalazioa onartutako proiektu teknikoarekin bat datorrela.
Azkenik, jarduera hasi baino lehen, ikuskapena eginda zerbitzuan jartzeko eskaeraren aldeko ebazpena eman ondoren, lizentziaren titularrak berariaz jakinarazi behar zion Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari emisioaren hasiera.
Horrez gain, oinarriek honako hau ezarri zuten: «Nolanahi ere, lizentziaduna administrazio-agiria sinatzen duenetik hasita urtebeteko epean hasi behar da emititzen.»
Ikusita nazioarteko koordinazioa beharrezkoa izan zela bateragarritasun erradioelektrikoa bermatuko zuen maiztasun berri bat koordinatzeko, 100.7 MHz, eta horrek epeak luzatzea ekarriko zuela, eta, gainera, espektro erradioelektrikoaren erabilerari buruzko Estatuko araudian aurreikusitako epeek ere administrazio-agiria sinatu eta urte beteko epean emisioak hastea bideraezina egiten zutela ikusita, interesdunak hala eskatuta, emisioen hasieraren epea luzatzea erabaki zen, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 32.1 artikuluari jarraikiz.
Hala ere, emisioak hasteko epea luzatzeko eskaera, 2024-12-17an aurkeztua, ukatzea ebatzi zen, eskaera luzatutako epea amaitu ondoren egin zelako, hau da, 2024-09-29a baino geroago. Hortaz, emisioak hasteko legezko betebeharra 2024-09-29an hasi zen.
Emisioen hasieraren jakinarazpena eta zerbitzuan jartzeko eskaera 2025-09-22an egin bazen ere, materialki ezinezkoa zen emisioa hastea zerbitzuan jartzeko eskaera aurkeztu zuten egunean bertan; izan ere, SETELECOk zerbitzuan jartzeko baimena emateko, instalazioaren ikuskapena egin behar zuen, hots, SETELECOko teknikariek Gorostiaga komunikazio-zentrora joan behar zuten egindako instalazioa onartutako proiektu teknikoaren parametroekin bat zetorrela egiaztatzeko.
Kontuan hartuta ikuskapen-bisita 2025-11-14an egin zela, eta zerbitzuan jartzeko SETELECOren baimen-ebazpena 2025-11-20an eman zela, jabari publiko erradioelektrikoaren erabilerari buruzko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 24ko 123/2017 Errege Dekretuaren 54. artikuluaren arabera, estazio jakin bat martxan jartzeko baimen horrek ematen dio titularrari estazio horretarako jabari publiko erradioelektrikoa erabiltzeko ahalmena.
Hortaz, Lekaio Kultur Elkarteak ez zuen 2025-09-22an espektro erradioelektrikoa erabiltzeko ahalmenik; ondorioz, ezin izan zituen emisioak hasi adierazitako egunean, emisioaren hasierak, nolanahi ere, zerbitzuan jartzeko baimenaren ondorengoa izan behar baitu.
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorraren 31.d) artikuluaren arabera, lizentzia baliogabetzearen ondorioz azkenduko da, emisioak hasteko legezko betebeharra dagoenetik hamabi hilabeteko epean erabili ez delako edo lizentzia eman zen helbururako edo modalitaterako ez beste baterako erabili delako.
Lizentziaren titularrak 2026ko otsailaren 10ean aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, ezetsi egin ziren, lehen azaldutako arrazoiengatik. Era berean, lizentzia azkentzeko prozedurarekin jarraitu behar zela ondorioztatu zen.
Horrenbestez, lizentziaren titularrak ez du lizentzia hori erabili 2025-09-29a baino lehen, hau da, 12 hilabeteko epean, emisioak hasteko legezko betebeharra zegoenetik (2024-09-29).
Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko azaroaren 8ko, 231/2011 Dekretuaren 14.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, Gobernu Kontseiluari dagokio, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, ikus-entzunezko lizentziak ematea, eta, beraz, bai eta lizentzia horiek azkentzea ere.
Ondorioz, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, 2026ko martxoaren 31n egindako bilkuran gai hau aztertu ostean, honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Azkendutzat jotzea Lekaio Kultur Elkarteari emandako Legazpiko 100.7 MHz ikus-entzunezko irrati-komunikazioko zerbitzuen lizentzia eta ofizioz ezereztea zerbitzu-emailearen inskripzioa dagokion erregistroan.
Bigarrena.– Jakinaraztea Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzari (SETELECO) ikus-entzunezko irrati-komunikazioko zerbitzuen lizentziaren azkentzea, Jabari Publiko Erradioelektrikoa Erabiltzeari buruzko Erregelamendua onartzen duen, otsailaren 24ko 123/2017 Errege Dekretuaren 39.2 artikuluari jarraikiz.
Hirugarrena.– Agintzea Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
RSS