Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2026ko apirilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1615

49/2026 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Berbako Uribe Kostan Irratigintza Euskalduna Sustatzeko Elkarteari emandako irrati bidezko (FM) ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen lizentzia iraungitzeko Erabakia (98,5 Mhz, Getxo).

Gobernu Kontseiluak, 2026ko martxoaren 31n egindako bilkuran, Berbako Uribe Kostan Irratigintza Euskalduna Sustatzeko Elkarteari emandako irrati bidezko (FM) ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen lizentzia iraungitzeko Erabakia onartu zuen (98,5 MHz, Getxo), eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Berbako Uribe Kostan Irratigintza Euskalduna Sustatzeko Elkarteari emandako irrati bidezko (FM) ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen lizentzia iraungitzeko Erabakiaren testua (98,5 Mhz, Getxo). Erabakia ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 14a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 14KO 49/2026 EBAZPENARENA
ERABAKIA, BERBAKO URIBE KOSTAN IRRATIGINTZA EUSKALDUNA SUSTATZEKO ELKARTEARI EMANDAKO GETXOKO 95.8 MHZ IKUS-ENTZUNEZKO IRRATI-KOMUNIKAZIOKO (FM) ZERBITZUEN LIZENTZIA AZKENTZEKO

Gobernu Kontseiluaren 2019ko otsailaren 19ko Erabaki bidez, besteak beste, Getxoko 95.8 MHz-ri dagokion ikus-entzunezko irrati-komunikazioko zerbitzuen lizentzia eman zitzaion Berbako Uribe Kostan Irratigintza Euskalduna Sustatzeko Elkarteari.

Lizentziak emateko lehiaketa arautu zuten oinarriek, Gobernu Kontseiluak 2012ko otsailaren 28ko bileran onartutakoek, VI. kapituluan zehaztu zituzten titularrek lizentziak eman ondoren bete beharreko jarduerak.

Lizentziak eman ondorengo jarduera horiek honako hauek ziren: administrazio-agiria sinatu, irratiaren proiektu teknikoa aurkeztu, Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzak (aurrerantzean, SETELECO) onar dezan; proiektu teknikoa onartu ondoren, irratiaren funtzionamendurako beharrezkoak diren instalazioei ekin, eta espektro erradioelektrikoa erabili aurretik, SETELECOri zerbitzuan jartzeko eskatu, ikuskapena eginda egiaztatzeko egindako instalazioa onartutako proiektu teknikoarekin bat datorrela.

Azkenik, jarduera hasi baino lehen, ikuskapena eginda zerbitzuan jartzeko eskaeraren aldeko ebazpena eman ondoren, lizentziaren titularrak berariaz jakinarazi behar zion Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari emisioen hasiera.

Horrez gain, oinarriek honako hau ezarri zuten: «Nolanahi ere, lizentziaduna administrazio-agiria sinatzen duenetik hasita urtebeteko epean hasi behar da emititzen.»

Espektro erradioelektrikoaren erabilerari buruzko Estatuko araudian aurreikusitako epeek administrazio-agiria sinatu eta urte beteko epean emisioak hastea bideraezina egiten zutela ikusita, interesdunak hala eskatuta, emisioen hasieraren epea luzatzea erabaki zen, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 32.1 artikuluari jarraikiz.

Hala ere, emisioak hasteko epea luzatzeko eskaera, 2024ko azaroaren 21ean aurkeztua, ukatzea ebatzi zen, interesdunari bakarrik egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, ez baitzuen ikuskapena eginda zerbitzuan jartzeko eskatu. Hortaz, emisioak hasteko legezko betebeharra 2024ko azaroaren 23an hasi zen.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorraren 31.d) artikuluaren arabera, lizentzia baliogabetzearen ondorioz azkenduko da, emisioak hasteko legezko betebeharra dagoenetik hamabi hilabeteko epean erabili ez delako edo lizentzia eman zen helbururako edo modalitaterako ez beste baterako erabili delako.

Espektro erradioelektrikoa erabiltzeko baimenik gabe eta emisioen hasieraren berri berariaz Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzari eman gabe, eta titularrak ez duenez lizentzia 2025eko azaroaren 23a baino lehen erabili, hau da, emisioak hasteko legezko betebeharra (2024ko azaroaren 23) zegoenetik 12 hilabeteko epean, eta, entzunaldi-izapidean ez duenez alegaziorik aurkeztu, Berbako Uribe Kostan Irratigintza Euskalduna Sustatzeko Elkarteari emandako Getxoko 95.8 MHz lizentzia azkentzea dagokio.

Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretuaren 14.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, Gobernu Kontseiluari dagokio, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, ikus-entzunezko lizentziak ematea, eta, beraz, bai eta lizentzia horien azkentzea ere.

Ondorioz, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, 2026ko martxoaren 31n egindako bilkuran gai hau aztertu ostean, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Azkendutzat jotzea Berbako Uribe Kostan Irratigintza Euskalduna Sustatzeko Elkarteari emandako Getxoko 95.8 MHz ikus-entzunezko irrati-komunikazioko zerbitzuen lizentzia eta ofizioz ezereztea zerbitzu-emailearen inskripzioa dagokion erregistroan.

Bigarrena.– Jakinaraztea Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzari (SETELECO) ikus-entzunezko irrati-komunikazioko zerbitzuen lizentziaren azkentzea, Jabari Publiko Erradioelektrikoa Erabiltzeari buruzko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 24ko 123/2017 Errege Dekretuaren 39.2 artikuluari jarraikiz.

Hirugarrena.– Agintzea Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.


Azterketa dokumentala