Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2026ko apirilaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1607

AGINDUA, 2026ko martxoaren 31koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, hautaketa-prozesu baterako deialdia egiteko dena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko hautagai-zerrenda propio bat osatuko baita Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetako Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko izendapenez betetzeko.

Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 92 bis artikuluaren arabera, toki-korporazio guztiek beharrezko dituzte funtzio publiko hauek: idazkaritza, barnean hartuta fede publikoa eta aginduzko lege-aholkularitza ematea; finantza- eta ekonomia-kudeaketa eta aurrekontuen kudeaketa kontrolatzea eta barrutik fiskalizatzea; eta kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa. Eta horren administrazio-erantzukizuna gordeta dago Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat.

Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 53. artikuluan, bitarteko izendapenak daude araututa, lanpostuak hornitzeko modu gisa, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuetarako.

Horrez gain, artikulu horretan dago adierazita autonomia-erkidegoek hautagai-zerrenda propioa eratu ahal izango dutela, bakoitzak bere lurraldean, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko funtzionarioen bidez betetzeko. Zerrenda hori osatzeko, autonomia-erkidegoek gaitasun-probetarako deialdia egin dezakete, betiere berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioak errespetatuta. Nolanahi ere, martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 53.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, aipatutako hautagaien zerrenda eratzeko, lehentasuna emango zaie kasuan kasuko azpieskalan sartzeko probetako ariketaren bat gainditu duten izangaiei. Hala ere, bakarrik izendatu ahal izango dira autonomia-erkidegoak aldez aurretik hautatutako bitarteko funtzionario horiek, baldin eta toki-korporazioak ez baditu proposatzen berak aldez aurretik hautatutako beste funtzionario batzuk.

Nabarmendu behar da gaur egun lanpostu huts asko daudela funtzionario horientzat gordeta, batez ere azken urteetako erretiroen ondorioz eta gaikuntza duten langile funtzionarioen belaunaldi-erreleboaren faltaren ondorioz. Horrenbestez, oso zaila da Estaturako gaikuntzako eskalako lanpostuak gaikuntza duten langileek betetzea; beraz, askotan, bitarteko izendapenaz baliatu beharra egoten da, Estaturako gaikuntza duten lanpostuak bete egin behar baitira, toki-erakundeetan beharrezkoak direlako.

Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da hautaketa-prozesu baterako deialdia egitea hautagai-zerrenda bat egiteko, Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko izendapenaren bidez aldi baterako betetzeko, Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalarako, hain zuzen.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.l) artikuluan xedatutakoari dagokionez, zeinaren bidez Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailari esleitzen baitzaio toki-araubideari buruzko egitekoa, eta kontuan hartuta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 3.3 artikuluan xedatutakoa, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hautaketa-prozesu baterako deialdia egitea, zeina oposizio-lehiaketa izango baita, Euskal Autonomia Erkidegoko hautagai-zerrenda propio bat osatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetako Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko izendapenez betetzeko.

Bigarrena.– Hautaketa-prozesua arautzeko oinarri espezifikoak onartzea (I. eranskina).

Hirugarrena.– Oposizio-fasearen gai-zerrenda onartzea (agindu honen II. eranskina).

Laugarrena.– Lehiaketa-fasearen merezimenduen baremazioa onartzea (agindu honen III. eranskina).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Agindu hau garatzea.

Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzak behar beste jarraibide eman ahal izango du agindu hau eraginkorra izan dadin.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 114. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari. Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

Horren aurretik eta nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa ere jarri ahal izango zaio Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean. Hala eginez gero, ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik jarri, harik eta berraztertze-errekurtsoa espresuki ebatzi arte edo presuntzioz ezetsi arte.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 31.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

I. ERANSKINA
HAUTAKETA-PROZESUAREN OINARRI ESPEZIFIKOAK (OPOSIZIO-LEHIAKETA), ZEINAREN BIDEZ EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HAUTAGAI-ZERRENDA PROPIOA OSATUKO BAITA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TOKI-ENTITATEETAKO IDAZKARITZA KONTU-HARTZAILETZAKO AZPIESKALAN ESTATURAKO GAIKUNTZA DUTEN TOKI-ADMINISTRAZIOKO FUNTZIONARIOENTZAT GORDETAKO LANPOSTUAK BITARTEKO IZENDAPENEZ BETETZEKO

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Hautagaien zerrenda osatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetako Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak bitarteko izendapenez betetzeko, baldintza hauen arabera:

a) Kokapen geografikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako edozein toki-entitate.

b) Administrazioarekiko harremana: bitarteko funtzionario izendatzea.

Hautagaien zerrenda hori egiteak ez du eraginik izango toki-korporazioek beren funtzionarioak hautatzeko duten eskumenean; beraz, toki-entitateak zerrenda horretaz baliatu ahal izango dira, baina beti erabaki ahal izango dute beraiek egitea Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuak aldi baterako betetzeko hautaketa-prozesuak.

Sortuko den hautagai-zerrendak ez du ezarritako lehentasun hau eragotziko: Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 53,2. artikuluak lehentasuna ematen die azpieskala horretan sartzeko probetan ariketaren bat gainditu duten izangaiei.

Bigarrena.– Hautaketa-prozesuan parte hartzeko betekizunak.

2.1.– Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, parte hartu nahi dutenek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) 16 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea.

c) Titulu akademiko hauetakoren bat izatea edo titulua jasotzeko eskubideak ordainduta izatea: lizentzia, ingeniaritza, arkitektura edo gradua, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginean ezarritakoaren arabera, A1 azpitaldean sailkatutako kidego edo eskaletan sartzeko.

Titulua atzerrian eskuratu duten izangaiek homologazioaren egiaztagutun egokia edo, bestela, baliokidetasun-ziurtagiria eduki beharko dute.

Betekizun hau ez zaie aplikatuko Europar Batasuneko Zuzenbideko xedapenen babesean araututako lanbideen arloan lanbide-kualifikazioaren aitorpena lortu duten izangaiei.

d) Bete beharreko lanpostuari esleitutako eginkizunak betetzeko gaitasun funtzionala izatea.

e) Diziplinazko espediente bidez zerbitzutik kenduta ez egotea, administrazio publikoei edo autonomia-erkidegoetako konstituzio-organoei nahiz estatutu-organoei dagokienez, eta ebazpen judizialaren arabera desgaikuntza absoluturik edo berezirik ez izatea, ez enplegu edo kargu publikoak betetzeko, ez funtzionarioen kidegora edo eskalara iristeko, ezta, langile lan-kontratudunen kasuan, zerbitzutik kendu edo desgaitu duten lanpostuan langileak zituen eginkizunen antzekoak betetzeko ere. Beste estatu bateko nazionala bada, desgaituta edo horren pareko egoera batean ez egotea, eta bere estatuan egoera berean egonda enplegu publikora iristeko eragozpen izango litzatekeen diziplinazko zehapenik edo horren parekorik ez izatea.

f) Indarrean dagoen araudiaren arabera, ezintasuneko edo bateraezintasuneko lege-kausaren batean sarturik ez egotea; hala ere, araudiak ematen duen aukera-eskubidea errespetatuko da.

g) Ez izatea Estaturako gaikuntza duen Toki-administrazioko eskalako karrerako funtzionario, alde batera utzita zein azpieskalatakoa den eta zein administrazio-egoeratan dagoen.

2.2.– Aurreko betekizun guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako. Betekizun horiek prozesu osoan bete beharko dira.

2.3.– Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

a) Betekizun gisa alegatutako unibertsitate-titulazioaren ziurtagiri ofiziala, Administrazioari baimenik ematen ez bazaio Unibertsitateetako Ministerioko Tituluen Erregistroan egiaztatzeko.

Alegatutako unibertsitate-titulu ofizialak aurkeztu egin beharko dira 1992. urtea baino lehen eskuratu badira eta erregistro horretan inskribatzeko eskatu ez bada.

b) Jakinarazpenetarako helbidea, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa.

2.4.– Parte-hartzaileek eskabidean aipatutako titulazio akademikoa egiaztatuko du Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak.

Baten baten titulu akademikoa edo ziurtagiria erregistroetan ez badago, behar diren datu guztiekin batera, titulu horren kopia aurkeztu beharko du epaimahaiak ezarritako epean eta moduan.

Dena egiaztatzeko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa beteko da.

Nolanahi ere, epaimahaiak hala eskatzen badie, hautaketa-prozesuko parte-hartzaileek jatorrizko agiriak aurkeztu beharko dituzte, oinarri honetan hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko.

Hirugarrena.– Instantziak.

3.1.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Parte hartzeko eskabidea telematikoki egin beharko da. Horrenbestez, prozesuan parte hartzeko, izangaiek ziurtagiri elektroniko aitortu bat beharko dute identifikatzeko, eta eskabidea Interneten bidez aurkeztu. Horretarako, helbide elektroniko honetan dagoen eredua bete beharko dute: www.ivap.euskadi.eus (Atala: Enplegu Publikoa, Toki Administrazioa, Estatuko Gaikuntza. Toki Administrazioko Idazkaritza Kontu-hartzailetza lan-poltsa).

www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak helbide elektronikoan kontsulta daiteke zer ziurtagiri elektroniko dagoen onartuta. BakQ ziurtagiria hemen adierazitako eskaera-puntuetan lor daiteke: https://www.izenpe.eus/iee/eu/bakq.shtml.

2.– Halaber, Eusko Jaurlaritzaren KZgune publikoen bidez ere egin ahal izango da eskabide telematikoa. KZguneen zerrenda eta kokapena webgune honetan ikus daitezke: www.kzgunea.eus

3.– Hautagaien zerrenda egokiro kudeatzeko, izangaiek SMS mezuak jasotzeko telefono-zenbaki bat eta helbide elektroniko bat adierazi beharko dituzte eskabidean. Eskabidean adierazitako helbide elektroniko edo telefono horietatik bidali beharko zaizkio administrazio honi poltsaren kudeaketarekin zerikusia duten komunikazioak. Telefono-zenbakia edo helbide elektronikoa aldatuz gero, hautagaien zerrenda kudeatzen duen organoari jakinarazi behar zaio.

3.2.– Tasak ordaintzea.

Diru-zenbatekoa ordainketa-pasabidearen bitartez ordainduko da, egoitza elektroniko honetan: https://euskadi.eus/nireordainketa

Ordainketa eguneko 24 orduetan egin ahal izango da, eskabideak aurkezteko epean, eta ordainketa egin ahal izango da erakunde hauetako baten banka elektronikoko bezeroa izanez gero: Kutxabank, Laboral Kutxa, Caixabank, Banco Santander, BBVA, Sabadell Guipuzcoano, Bankia, Bankoa Abanca, Rural Kutxa. Bizum bidez ere egin ahal izango da, edo txartel bidez, Visa edo Mastercard txartela izanez gero.

Izangairen batek langileak hautatzeko deialdietan inskribatzeko tasak garaiz ordaintzen ez baditu, hau da, eskabideak aurkezteko epearen barruan, prozesutik kanpo geratuko da. Nolanahi ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio izangaiari akatsa zuzen dezan.

Langileak hautatzeko deialdietan izena emateagatiko tasa ordaintzea ez da inola ere nahikoa izango prozesuan parte hartzeko: eskabidea behar bezala eta emandako epearen barruan aurkeztu behar da, oinarri honetako aurreko apartatuetan adierazitakoari jarraituz.

Tasaren zenbatekoa 20,68 eurokoa da.

3.3.– Eskabideak aurkezteko epea.

15 egun balioduneko epea dago agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eskabideak aurkezteko eta tasak ordaintzeko.

Laugarrena.– Kalifikazio-epaimahaia.

4.1.– Kalifikazio-epaimahaia izendatzeko, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak emango du ebazpena. Epaimahaiak emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango du, eta kide hauek izango ditu, guztiak karrerako funtzionarioak:

– Epaimahaiburua: Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak izendatuko du.

– Bokalak:

• Bat, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariak proposatuta.

• Hiru, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru-aldundietako bakoitzak bat proposatuta.

Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko karrerako funtzionario bat izango da idazkaria, eta Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak izendatuko du.

4.2.– Nolanahi ere, kalifikazio-epaimahaiak beste aholkulari batzuen laguntza eskatu ahal izango du hautaketa-prozesuan zehar, eta bakoitzak bere espezialitate teknikoan baino ez du jardungo.

4.3.– Kalifikazio-epaimahaiko kide guztiek hitza eta botoa izango dituzte. Idazkari-lanak egiten dituen pertsonak ez du azken hori izango. Kalifikazio-epaimahaiak, erabakiak hartzeko, botoen gehiengoa beharko du, eta, berdinketarik badago, epaimahaiburuak ebatziko du.

4.4.– Kalifikazio-epaimahaia, gainera, ordezkoek ere osatuko dute, eta titularrekin batera izendatu beharko dira. Ordezkoek titularren kualifikazio bera izan beharko dute.

4.5.– Kalifikazio-epaimahaia behar bezala eratu eta batzarrak egiteko, eztabaidak izateko eta erabakiak hartzeko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo hala dagokionean ordezkoek– eta organoko kide-kopuruaren erdiek gutxienez egon beharko dute, aurrez aurre edo urrutitik.

4.6.– Kalifikazio-epaimahaiko kideak parte hartzetik abstenituko dira eta Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari jakinaraziko diote, eta izangaiek errekusatu ahal izango dituzte, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitako inguruabarretariko baten bat bada.

Bosgarrena.– Hautaketa-prozesuaren garapena.

5.1.– Alderdi orokorrak.

1.– Izangaiek fase guztietan lortutako puntuazioak eta hautaketa-prozesuari buruzko iragarkiak Interneten argitaratuko dira, helbide honetan: www.ivap.euskadi.eus (atala: Enplegu Publikoa, Toki Administrazioa, Estatuko Gaikuntza. Toki Administrazioko Idazkaritza Kontu-hartzailetza lan-poltsa).

2.– Prozeduraren edozein unetan, kalifikazio-epaimahaiak, jakin badaki izangairen batek ez dituela betetzen deialdiko betekizunak, interesdunari entzungo dio eta deialditik kanporatuko du gero. Horretaz gain, egun berean emango dio horren berri Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari.

5.2.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak aginduko du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda argitara dadila webgunean, eta baztertzeko arrazoiak ere adieraziko ditu.

Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bost egun balioduneko epea izango dute izangaiek, egoki iritzitako alegazioak edo erreklamazioak aurkezteko.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako epea amaituta, eta aurkeztutako alegazioak eta erreklamazioak ebatzi ondoren, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak behin betiko bihurtuko du onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda.

5.3.– Oposizio-fasearen garapena.

1.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartu ondoren, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak ebazpena emango du, oposizio-faseko azterketaren eguna, tokia eta ordua adierazita. Ebazpen hori hirugarren oinarrian adierazitako Interneteko helbidean argitaratuko da.

2.– Onartuen eta baztertuen behin betiko ebazpenean prozesurako onartutzat agertzen diren izangaiek egin ahal izango dute lehenengo ariketa. Era berean, baztertutzat agertzen direnek ere egin ahal izango dute, baldin eta, ariketa egiteko unean, baztertzearen aurkako errekurtsoa jarri dutela egiaztatzen badute eta oraindik ebazpena jakinarazi ez bazaie.

3.– Izangaiei deialdi bakarra egingo zaie. Izangai bakoitzak, nork bere burua identifikatzeko, nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko du probetara.

4.– Kalifikazio-epaimahaiak ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokituko dizkie egokitzapenik behar eta eskabidean hala adierazi duten izangaiei; horrela, aukera-berdintasunean arituko dira gainerako parte-hartzaileekin, betiere hori eginda probaren edukia desitxuratzen ez bada eta eskatutako gaitasun-maila jaisten edo okerragotzen ez bada.

5.– Azterketari dagozkion behin-behineko emaitzak hirugarren oinarrian adierazitako Interneteko helbidean argitaratu ondoren, bost egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko.

6.– Erreklamaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko emaitzak behin betiko bihurtuko dira automatikoki.

7.– Erreklamazioak aurkezten badira, horiek ebatzi ondoren, kalifikazio-epaimahaiak azterketaren emaitzen behin betiko zerrenda argitaratuko du lehen adierazitako lekuetan.

5.4.– Azterketaren edukia (100 puntu).

1.– Azterketa test motako bi ariketa izango dira, lau erantzun alternatiborekin. Bi probak II. eranskineko gai-zerrendari buruzkoak izango dira.

2.– Bi ariketetan, galdera bakoitzak puntu 1eko balioa izango du. Erantzun oker bakoitzeko 0,25 puntuko zigorra ezarriko da ariketari dagokion puntuazioan, eta erantzun zuriek ez dute inolako zigorrik ekarriko.

3.– Lehenengo ariketa baztertzailea izango da, eta guztira 50 galdera izango ditu. Galdera horiek gai-zerrendako zati orokorrari buruzkoak izango dira. 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak baztertu egingo dira.

4.– Bigarren ariketa ez da baztertzailea izango, eta guztira 50 galdera izango ditu. Galdera horiek gai-zerrendako zati bereziari buruzkoak izango dira.

5.5.– Lehiaketa-fasearen garapena.

1.– Oposizio-faseko ariketen emaitzak behin betiko bihurtu ondoren, eta gaindituen puntuazioen behin betiko zerrenda argitaratu ostean, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak ebazpena emango du, eta hamar egun balioduneko epea emango die gaindituen behin betiko zerrendan dauden izangaiei, III. eranskinean zerrendatutako merezimendu baloragarriak alegatu eta egiazta ditzaten. Ebazpen hori Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Interneteko helbidean argitaratuko da (hirugarren oinarria).

2.– Ez da beharrezkoa izango hizkuntza-eskakizunari dagokion titulazioa egiaztatzea, baldin eta hura kontsultatzeko baimena eman bada. Alegatutako merezimenduak zenbatzeko data eskabideak aurkezteko epearen amaiera-data izango da.

3.– Izangaiek hautaketa-prozesuan baloratu behar diren merezimenduak alegatu eta, hala badagokio, egiaztatu ondoren, kalifikazio-epaimahaiak merezimendu horien behin-behineko balorazioa egingo du. Behin-behineko emaitzak hirugarren oinarrian adierazitako Interneteko helbidean argitaratuko dira.

4.– Argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek bost egun balioduneko epea izango dute egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko. Epe hori ezingo da inola ere erabili alegatzeko eta egiaztatzeko eman den epean alegatu ez diren eta, hala badagokio, egiaztatu ez diren merezimendu berriak sartzeko.

Seigarrena.– Hautagaien zerrenda osatzea.

6.1.– Kalifikazio-epaimahaiak erreklamazioak ebatzi ondoren, deialdiaren xede den hautagai-zerrendaren proposamena bidaliko dio Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariari, aktak eta espedientea osatzen duten gainerako dokumentuak erantsita. Zerrenda hori oposizio-fasean eta lehiaketa-fasean lortutako puntuazioaren batura osoaren arabera antolatuko da.

Berdinketarik egonez gero, oposizio-fasearen bigarren ariketan lortutako puntuazio handienaren arabera ezarriko da ordena, eta, hori nahikoa ez bada, lehenengo ariketan lortutako puntuazio handienaren arabera, hurrenkera horretan. Berdinketak jarraitzen badu, merezimendu bakoitza hartuko da kontuan, III. eranskinean agertzen diren hurrenkeran.

6.2.– Dokumentazio hori aztertu ondoren, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak ebazpena emango du oposizio-lehiaketaren ondoriozko puntuazioaren arabera ordenatutako hautagaien zerrenda onartzeko. Ebazpen hori hirugarren oinarrian adierazitako Interneteko helbidean eta Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzako Toki Araubidearen Zerbitzuaren webgunean argitaratuko da.

Exijitutako betekizunekin lotuta eskatutako dokumentazioa ezarritako epean aurkezten ez dutenak, edo dokumentazio horretatik betekizunak betetzen ez dituztela ondorioztatzen bada, hautagaien zerrendatik kanpo geratuko dira.

Zazpigarrena.– Hautagaien zerrendak kudeatzeko araudia eta lanpostua eskuratzea.

7.1.– Hautagaien zerrenda osatu ondoren, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak onartutako kudeaketa-arauek ezarritakoa bete beharko da.

7.2.– Lanpostua eskuratu ahal izateko, zerrendako hautagaiek nahitaez bete beharko dituzte lanpostu jakin horretarako ezarritako betekizun espezifiko guztiak. Pertsona horiek, izendatuak izan aurretik, lanpostuaren betekizunak betetzen dituztela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute.

7.3.– Hautagaien zerrendako pertsonek edozein unetan aurkeztu ahal izango dute euskararen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko dokumentazioa. Egiaztatze horrek eragina izango du hizkuntza-eskakizunari dagokion betekizuna betetzeari begira, baldin eta nahitaezkoa bada, baina ez du zerrendaren ordena aldatuko.

Zortzigarrena.– Gorabeherak.

8.1.– Oinarri hauetan ezarri ez den guztirako, kalifikazio-epaimahaiak ahalmena izango du azaltzen den edozein zalantza ebazteko, bai eta hautaketa-prozesua ondo gauzatzeko behar diren erabakiak hartzeko ere.

8.2.– Deialdia, oinarriak eta oinarriotatik zein kalifikazio-epaimahaiaren jardunetik eratorritako administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dira, betiere, hemen aurreikusitako kasuetan eta moduan: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8., 14. eta 46. artikuluak.

Bederatzigarrena.– Datu pertsonalak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia betez, jakinarazten da datu pertsonalak tratamendu-jarduera honetan sartuko direla: «Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak hautatzea eta betetzea». Jarduera horren arduraduna Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza da, eta horren helburua da «Euskal Autonomia Erkidegoan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak behin-behinean edo behin betiko betetzeko hautaketa-prozesuak deitzea eta kudeatzea». Bildutako datuak beharrezkoak dira aplikatu beharreko lege-betebeharrak betetzeko eta botere publikoak egikaritzeko.

Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak egikaritzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean argitaratu da.

Esteka honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/131900-capa2-eu.shtml

II. ERANSKINA
GAI-ZERRENDA
I.– Zati orokorra.
I.1.– Antolaketa politiko-administratiboa.

1.– Espainiako Konstituzioa. Egitura eta funtsezko edukia. Konstituzioaren erreforma.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua: aurrekari historikoak. Atariko titulua. Estatutuaren erreforma.

3.– Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean eskumenak banatzeko sistema. Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko harremanak. Jurisprudentzia konstituzionala.

4.– 27/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko Harremanei buruzkoa. Printzipioak, egitura eta edukia.

5.– Administrazio Publikoa Konstituzioan. Administrazio Publikoa: kontzeptua. Administrazio Instrumentala. Organismo publikoak. Organismo autonomoak eta enpresa-entitate publikoak. Merkataritza-sozietateak eta fundazio publikoak.

6.– Ekonomia Ituna: Harmonizazio-arauak. Kupoa: Metodologia.

7.– 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoa.

8.– 19/2024 Dekretua, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa.

I.2.– Administrazio-Zuzenbidea: Zati orokorra.

9.– Ordenamendu juridiko-administratiboa: Europar Batasuneko zuzenbidea. Konstituzioa. Legea. Motak. Foru Arauak. Nazioarteko tratatuak. Erregelamendua: Kontzeptua eta motak. Erregelamenduak egiteko ahala. Prestatzeko prozedura. Mugak. Erregelamendu-ahalaren kontrola.

10.– Herritarra administratu gisa: kontzeptua eta motak. Administratuen ahalmena eta ahalmena aldarazten duten arrazoiak. Herritarrek administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak.

11.– Administrazio-egintza. Kontzeptua. Elementuak. Motak. Betekizunak: arrazoitzea eta forma. Administrazio-egintzen efikazia: autobabes deklaratiboaren printzipioa. Baldintzak. Jakinarazpena: edukia, epea eta praktika. Jakinarazpen akastuna. Argitaratzea. Beste administrazio batek onartzea. Efikaziaren berandutzea eta atzera-eragina.

12.– Administrazio-egintzaren baliogabetasuna. Erabateko deuseztasuna eta deuseztagarritasuna: kasuak. Administrazio-egintza kontserbatzeko printzipioa. Egintzak eta xedapenak Administrazioak berak berrikustea: kasuak. Deuseztasun-akzioa, prozedura, mugak. Kaltegarritasun-deklarazioa. Egintzak errebokatzea. Akats materialak eta egitezkoak zuzentzea.

13.– Administrazio-prozedurei buruzko xedapen orokorrak eta prozedurak erregulatzeko arauak. Prozeduran interesdun direnak: motak. Administratuen eskubideak. Prozedura hastea: eskaera-motak, horiek zuzentzea eta hobetzea. Eskabideen, idazkien eta komunikazioen aurkezpena. Administrazio-erregistroak. Epemugak eta epeak: zenbatzea, luzatzea eta presaz izapidetzea. Antolamendua. Instrukzioa: interesdunen esku-hartzea, froga eta txostenak.

14.– Prozeduraren amaiera. Ebazteko betebeharra. Ebazpen espresuaren edukia: ebazpena eskatutakoaren harikoa izateko printzipioa (kongruentzia) eta hasierako egoera ez okerragotzeko printzipioa. Amaiera itundua. Ebazpen espresurik eza: administrazio-isiltasunaren araubidea. Atzera egitea eta uko egitea. Iraungitzea.

15.– Derrigortze administratiboa: autobabes betearazlearen printzipioa. Administrazio-egintzen nahitaezko betearazpena: baliabideak eta erabilera-printzipioak. Zuzeneko derrigortze administratiboa. Egitate-bidea.

16.– Administrazio-errekurtsoak: printzipio orokorrak. Administrazio-errekurtsoa jarri ahal zaien egintzak. Administrazio-errekurtsoak izapidetzeko arau orokorrak. Errekurtso-motak.

17.– Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa. Izaera, hedadura eta mugak. Jurisdikzioaren organoak eta beren eskumenak. Alderdiak: legitimazioa. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren objektua. Administrazioarekiko auzien prozedura.

18.– Nahitaezko desjabetzea. Subjektuak, objektua eta kausa. Prozedura orokorra. Berme jurisdikzionalak. Desjabetutakoa itzultzea. Presaz izapidetzea. Prozedura bereziak.

19.– Administrazio Publikoaren erantzukizuna: ezaugarriak. Erantzukizunaren oinarriak. Ordaintzeko moduko kalteak. Erantzukizunaren arloko administrazio-ekintza eta -prozedura. Administrazio publikoetako agintarien eta langileen ondare-erantzukizuna.

20.– 1/2023 Legea, martxoaren 16koa, Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzkoa.

21.– Datu pertsonalen babesa, oinarrizko eskubidea. Printzipioak eta oinarrizko kontzeptuak. Herritarren eskubideak. Administrazio publikoen betebeharrak. Datu pertsonalen lagapenak eta jakinarazpenak.

22.– Sektore publikoko kontratuak: kontratazio publikoaren arloko Europar Batasunaren zuzentarauak. Sektore Publikoko Kontratuen Legea: xedea eta aplikazio-eremua. Sektore publikoko kontratu-motak. Erregulazio harmonizatuko kontratuak. Administrazio-kontratuak eta kontratu pribatuak.

23.– Sektore publikoko kontratazioari buruzko xedapen orokorrak: arrazionaltasuna eta funtsa, itunak egiteko askatasuna eta kontratuaren gutxieneko edukia, kontratua burutzea eta kontratuaren forma.

24.– Baliogabetasun-araubidea: baliogabetasun-kasuak, deuseztasun-kausak, deuseztagarritasun-kausak, ofizioz berrikustea eta ondoreak. Kontratazio-arloko errekurtso berezia.

25.– Sektore publikoko kontratuetako alderdiak. Kontratazio-organoak. Enpresariaren gaitasuna eta kaudimena. Kontratistaren ondorengotza. Toki-erakundeen kontratazio publikoa: kontratazioaren arloko eskumenak eta arau bereziak.

26.– Objektua, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, balio zenbatetsia, kontratuaren prezioa eta kontratuaren berrikuspena. Sektore publikoko kontratuetan eska daitezkeen bermeak. Administrazio publikoen kontratuak prestatzea: kontratazio-espedientea, administrazio-klausula partikularren agiria eta preskripzio teknikoen agiria.

27.– Administrazio publikoen kontratuak adjudikatzea: arau orokorrak eta adjudikatzeko prozedurak. Kontratatzailearen profila. Toki-erakundeen kontratazio publikoa: arau espezifikoak.

28.– Kontratuen ondorioak. Administrazio Publikoak administrazio-kontratuetan dituen prerrogatibak. Kontratuak egikaritzea. Kontratuak aldatzea. Kontratuak etetea eta azkentzea. Kontratuak lagatzea eta azpikontratatzea.

29.– Obra-kontratua. Obra-kontratua prestatzeko jarduketak. Obra-kontratua egikaritzea. Kontratua aldatzea. Betetzea eta suntsiaraztea.

30.– Hornidura-kontratua. Hornidura-kontratua egikaritzea. Betetzea eta suntsiaraztea. Hornidura-kontratu jakin batzuen erregulazioa.

31.– Zerbitzu-kontratua. Zerbitzu-kontratua egikaritzea. Suntsiaraztea. Obra-proiektuak egiteko kontratua: espezialitateak.

32.– 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoarena.

II.– Zati berezia.
II.1.– Tokiko Administrazio-Zuzenbidea.

33.– Udalerria: kontzeptua eta osagaiak. Udal-mugartea: barne-antolaketaren arazoa. Udal-mugarteak aldatzea. Oinarrizko legeria eta autonomia-erkidegoetakoa. Udal-biztanleria. Biztanleen errolda. Herritarren estatutua. Atzerritarren eskubideak.

34.– Udalaren antolamendua. Araubide komuneko udalerriak. Beharrezko organoak eta organo osagarriak. Biztanleria handiko udalerriak: berezitasunak araubide organiko eta funtzionalean. Talde politikoak. Herritarren parte-hartzea udal kudeaketan. Kontzeju irekia. Beste araubide berezi batzuk.

35.– Udalaren eskumenak: zehaztapen-sistema. Eskumen propioak eta delegatuak. Gutxieneko zerbitzuak. Zerbitzuen erreserba.

36.– Tokiko zuzenbidearen iturrien sistema. Estatuko oinarrizko arauketa eta 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa. Legeria sektorialak toki-araubidean duen eragina. Toki-erakundeen arautzeko ahala: erregelamenduak eta ordenantzak. Prestatzeko prozedura. Erregelamendu organikoa. Bandoak.

37.– Probintzia toki-entitate gisa. Antolaketa eta eskumenak. Udal-lankidetza. Bestelako toki-entitateak. Oinarrizko legeria eta autonomia-erkidegoetakoa. Udalerriarena baino eremu txikiagoko toki-entitateak. Eskualdeak. Udalerrien mankomunitateak. Metropolialdeak.

38.– Tokiko hauteskunde-sistema. Hautaezintasun- eta bateraezintasun-arrazoiak. Zinegotziak eta alkatea aukeratzea. Probintziako diputatuak eta probintzietako diputazioetako lehendakariak aukeratzea. 1/1987 Legea, martxoaren 27koa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kondaira Lurraldeetako Batzar Nagusietarako Hauteskundeei buruzkoa. Zentsura-mozioa udaletan. Hauteskunde-auzietako errekurtsoa. Toki-korporazioetako kide hautetsien estatutua.

39.– Tokiko gobernu-organoen bilkurei eta erabakiei buruzko araubidea. Erabakien aktak, ziurtapenak, komunikazioak, jakinarazpenak eta argitalpena. Dokumentuen erregistroa.

40.– Toki-erakundeen jarduteko moduak. Toki Administrazioak jarduera pribatuan esku hartzea. Administrazio-lizentziak eta -baimenak: motak. Aurretiazko komunikazioa eta erantzukizunpeko adierazpena. Tokiko sustapen-jarduera.

41.– Toki-entitateen ekimen publiko ekonomikoa eta zerbitzu-erreserba. Toki-entitateetako zerbitzu publikoa. Kudeaketa-moduak. Zerbitzuak emateari eta tokiko enpresa publikoari buruzko aipamen berezia. Partzuergoa.

42.– Toki-entitateen ondasunak. Motak. Jabari publikoko ondasunak. Ondare-ondasunak. Toki-erakundeek beren ondasunei dagokienez dauzkaten prerrogatibak eta ahalak. Herri-ondasunak. Inbentarioa.

43.– Hirigintzaren esparru konstituzionala. Konstituzio Auzitegiaren doktrina. Estatuaren eskumenak, autonomia erkidegoenak, lurralde historikoenak eta toki-entitateenak.

44.– Herritarren oinarrizko estatutua lurralde- eta hirigintza-antolamenduan. Herritarren hirigintza-jarduerako ekimenaren eta parte-hartzearen oinarrizko estatutua.

45.– Lurzoruaren jabetzaren estatutu juridikoa. Hirigintza-jarduketen sustapenaren oinarrizko estatutua.

46.– Lurzoruaren araubidearen oinarriak: lurzorua erabiltzeko oinarrizko irizpideak, lurzoruaren oinarrizko egoerak, hiri-garapenaren jasangarritasunaren ebaluazioa eta jarraipena. Prozedurazko arau erkideak eta arau zibilak.

47.– Lurzoruaren balorazioen araubidea. Nahitaezko desjabetzea eta ondare-erantzukizuna lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren ondorioz.

48.– Udal politikak: lurzorua eta babes publiko etxebizitzak. Lurzoru-ondare publikoak. Azalera-eskubidea.

49.– Jabetza-erregistroa eta hirigintza. Hirigintzako egintzak jabetza-erregistroan inskribatzea.

50.– Hirigintza-plangintza. Plan-motak. Plangintza-tresnen izaera juridikoa.

51.– Hirigintza-plangintza egikaritzea. Planak egikaritzeko sistemak.

52.– Lurzoruaren erabilera eta eraikuntzaren esku-hartzea. Hirigintza-diziplina. Hirigintzako legezkotasuna babestea.

53.– Toki-korporazioetako langileak: motak eta araubide juridikoa. Giza baliabideen kudeaketa. Giza baliabideen planifikazio-tresnak.

54.– Eskubideak, eginbeharrak eta administrazio-egoerak. Eskubide ekonomikoak eta Gizarte Segurantza. Negoziazio kolektiboa. Bateraezintasun-araubidea.

55.– Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintza: kontzeptua. Sailkapena. Eginkizunak. Araubide juridikoa.

II.2.– Ogasun Publikoa eta Zerga-Zuzenbidea.

56.– Toki-erakundeen aurrekontu orokorra: kontzeptua eta edukia. Aurrekontua exekutatzeko arauari buruzko aipamen berezia. Aurrekontua egitea eta onartzea. Aurrekontua luzatzea.

57.– Aurrekontu-egitura. Gastuen aurrekontuko kredituak: muga, egoera eta lotura juridikoko mailak. Kreditu-aldaketak: motak, kontzeptua, finantzaketa eta izapidetzea.

58.– Gastuen eta sarreren aurrekontua exekutatzea: faseak. Justifikatu beharreko ordainketak. Kutxa finkoko aurrerakinak. Urte anitzeko gastuak. Gastuak aurretiaz izapidetzea. Gastu-proiektuak. Finantzaketa lotuko gastuak: finantzaketa-desbideratzeei buruzko aipamen berezia.

59.– Aurrekontuaren likidazioa. Izapidetzea. Kreditu-gerakinak. Aurrekontuaren emaitza: kontzeptua, kalkulua eta doikuntzak. Diruzaintza-gerakina: kontzeptua eta kalkulua. Analisia: finantzaketa lotuko gastuetarako diruzaintza-gerakina eta gastu orokorretarako diruzaintza-gerakina. Aurrekontu-kontsolidazioa.

60.– Aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-jasangarritasuna. Printzipio orokorrak. Aurrekontu-egonkortasunaren, zor publikoaren eta gastu-arauaren helburuak toki-korporazioetan: horiek ezartzea, eta ez betetzearen ondorioak. Plan ekonomiko-finantzarioak: edukia, izapidetzea eta jarraipena. Toki-erakundeei buruzko finantza-informazioa ematea.

61.– Toki-erakundeen diruzaintza. Araubide juridikoa. Kutxa bakarraren printzipioa. Diruzaintzaren eginkizunak. Antolaketa. Funtsen egoera: kutxa eta banku-kontuak. Ordainketak egitea: ordainketen hurrenkera eta prozedurak eta ordainbideak. Ordaintzeko epeak betetzea: ordaintzeko batez besteko aldia. Berdinkatzeko egoera-orria.

62.– Finantza-plangintza. Diruzaintza-plana eta funtsak erabiltzeko plana. Diruzaintzako gerakinak errentagarri egitea. Diruzaintza-eragiketak.

63.– Toki Administrazioaren kontabilitate-sistema: printzipioak, eskumenak eta helburuak. Kontabilitate-jarraibidea. Kontabilitate-agiriak.

64.– Toki-entitateen kontu orokorra: edukia, prestatzea, onarpena eta kontu-ematea. Udalbatzari, kudeaketa-organoei, barruko kontrol-organoei eta beste administrazio publiko batzuei eman beharreko bestelako informazioa.

65.– Barne kontrola: kontzeptua eta aplikagarritasuna sektore publikoan. Toki-entitateen eta beren mendeko edo atxikitako enteen jarduera ekonomiko-finantzarioaren barne kontrola. Kontu-hartzailetzaren funtzioa: eremu subjektiboa, eremu objektiboa eta modalitateak. Aipamen berezia: eragozpenak.

66.– Finantza-, efikazia- eta efizientzia-kontrolak: eremu subjektiboa, eremu objektiboa, prozedura eta txostenak. Auditoretza finantza-kontrola egiteko bide gisa. Sektore publikoaren auditoretzako arauak.

67.– Sektore publikoaren jarduera ekonomiko-finantzarioaren kanpoko kontrola. Kontuen Euskal Epaitegiak toki-entitateak fiskalizatzea: antolamendua eta eginkizunak. Kontabilitateko jurisdikzioa: prozedurak.

68.– Toki ogasunen baliabideak. Tokiko tributuak: printzipioak. Toki-entitateen ahala tributuen arloko erregelamenduak egiteko: ordenantza fiskalen edukia, tributuak ezarri eta ordenatzeko egintzak izapidetzea eta horiek aurkaratzeko araubidea. Tributuz besteko baliabideak ezartzea.

69.– Toki ogasunen baliabideak kudeatzea, likidatzea eta biltzea. Bidegabeko diru-sarrerak. Diru-bilketaren kudeaketa borondatezko aldian eta aldi exekutiboan. Toki-entitateek tributuak kudeatzeko ematen dituzten egintzak administrazio-bidean berrikustea. Baliabideak beste erakunde publiko baten bitartez kudeatzea eta biltzea.

70.– Tributuak ikuskatzea. Eginkizunak eta ahalmenak. Ikuskatzeko jarduketak. Tributuen arloko arau-hausteak eta zehapenak. Tributuak ikuskatzeko prozedura. Tributuz besteko baliabideen ikuskapena.

71.– Tributuen arloko erlazio juridikoa: kontzeptua eta elementuak. Zerga-egitatea. Sortzapena. Salbuespenak. Subjektu aktiboa. Subjektu pasiboak. Erantzuleak. Solidaritatea: hedadura eta ondorioak. Zerga-egoitza. Ordezkaritza. Zorra eskualdatzea.

72.– Ondasun higiezinen gaineko zerga. Izaera. Zerga-egitatea. Subjektu pasiboa. Salbuespenak eta hobariak. Zerga-oinarria. Oinarri likidagarria. Kuota, sortzapena eta zergaldia. Katastro-kudeaketa. Tributu-kudeaketa. Katastro-ikuskapena.

73.– Jarduera ekonomikoen gaineko zerga. Izaera. Zerga-egitatea. Subjektu pasiboa. Salbuespenak. Kuota: tarifak. Sortzapena eta zergaldia. Errolda-kudeaketa eta tributu-kudeaketa. Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga.

74.– Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga. Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga.

75.– Tasa eta prezio publikoak. Desberdintasun nagusiak. Kontribuzio bereziak: kuotak aurreratzea eta geroratzea eta herritarren laguntza izatea.

76.– Partaidetza tributu itunduetan. Banatzeko irizpideak. Hirigintza-kudeaketatik eratorritako diru-sarrerak eta zuzenbide pribatuko beste diru-sarrera batzuk.

77.– Tokiko kreditua. Kreditu-eragiketak: motak. Kontratuen izaera juridikoa: izapidetzea. Epe luzerako kreditu-eragiketak: xedea eta iraupena; kreditu-eragiketak hitzartzeko eskumena, mugak eta betekizunak. Epe laburrerako kreditu-eragiketak: betekizunak eta baldintzak. Toki-entitateek abalak ematea.

*Oharra: jakin beharreko legeria agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean indarrean dagoena izango da.

III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA (35 PUNTU)

Epaimahaiak deialdian baloratu beharreko merezimenduek baremo hauek beteko dituzte:

A) Hizkuntza-eskakizuna: 20 puntu, gehienez.

1. hizkuntza-eskakizuna: 5 puntu.

2. hizkuntza-eskakizuna: 10 puntu.

3. hizkuntza-eskakizuna: 15 puntu.

4. hizkuntza-eskakizuna: 20 puntu.

B) Esperientzia. 15 puntu, gehienez.

Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalan, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuetan, organo eskudunak izendatuta, bitarteko edo halabeharrezko langile gisa egindako esperientzia-hilabete oso bakoitzeko: 0,2 puntu.

Idazkaritzako eta Idazkaritza Kontu-hartzailetzako azpieskalan, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuetan, organo eskudunak izendatuta, bitarteko edo halabeharrezko langile gisa egindako esperientzia-hilabete oso bakoitzeko: 0,1 puntu.

Zenbaketa egiteko, lanean emandako aldiak batuko dira eta, batu ondoren, hilabetetik beherako zatikiak kenduko dira, azpieskaletako bakoitzean. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.

Lanbide-esperientzia egiaztatzeko, behar den toki-entitateko idazkaritzak egindako ziurtagiria aurkeztu behar da, eta, horrekin batera, autonomia-erkidegoetako edo foru-aldundietako organo eskudunak egindako izendapenaren kopia autentikoa edo jatorrizkoa.


Azterketa dokumentala