Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2026ko apirilaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
1557

AGINDUA, 2026ko martxoaren 31koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez onesten baitira 2026ko ekitaldian biltzar eta bilera zientifikoak antolatzeko laguntzak emateko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren bidez, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari esleitu zitzaion ikerketa teorikoa eta aplikatua sustatu eta koordinatzea.

Sail honen iritziz, biltzarrak eta, beste ezagutza-arlo batzuetan, bilera zientifikoak tresna egokiak dira ideia eta ezagutza zientifiko eta teknologiko aurreratuenak trukatzeko eta zabaltzeko, eta, oro har, zientziaren ikusgaitasuna handitzeko. Horregatik, uste du interes handikoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako jarduerak egiten laguntzea eta, batez ere, haien kalitate zientifikoa eta arrakasta bultzatzea, ospe handiko ikertzaile eta irakasle nazional eta atzerritarren partaidetzaren bitartez.

Horrelako jarduerak antolatzen laguntzeko, dirulaguntzak emateko kasuan kasuko sustapen-programa erabili da, honako hauetan xedatutakoaren arabera: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

2025eko bigarren seihilekoko ekitaldietarako egindako deialdiak ebatzi ondoren, egokia da jarraipena ematea Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa zientifikoaren arloan biltzarrak eta bilerak antolatzeko laguntzen programari.

Horrenbestez, kontuan hartuta deialdia Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren urtarrilaren 20ko Aginduaren bidez onartutako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuta dago–, eta horrelako laguntzak finantzatzeko gastuak baduela zuzkidura Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026ko Aurrekontu Orokorretan, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 2026an biltzarrak eta bilerak antolatzeko laguntzak deitzea eta horien oinarri arautzaileak onartzea I. eranskinean jasotako terminoetan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 31.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan 2026an ikerketa zientifikoaren arloan aurrez aurreko biltzarrak eta bilerak antolatzeko laguntzak arautzea eta haietarako deialdia egitea parte hartzeko interesa duten entitateei.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, biltzartzat hartuko dira gutxienez bi saio mota egiten diren ekitaldi zientifikoak: ponentziak aurkeztekoak eta ikertzaileak unean-unean ikertzen ari diren lanei buruzko datuen gaineko komunikazioak aurkeztekoak. Izan beharko dute batzorde antolatzaile bat, batzorde zientifiko bat eta hautaketa-batzorde bat, ponentzien eta aurkezpenen maila zientifikoa bermatuko duena, eta inskripzio bidez parte hartzeko deialdi publiko bat egin beharko da.

Bilera zientifikotzat joko dira helburu nagusitzat dutenak informazio zientifikoa eta teknologikoa trukatzea ikertzaileen artean. Bilera horiek ez dute zertan izan ekarpen zientifikoak aurkezteko deialdi irekirik.

3.– Entitate eskatzailearekin batera parte hartzen duten entitate edo elkarte antolatzaileak nazioartekoak edo estatukoak izateak ekarriko du ekitaldia estatukoa edo nazioartekoa izatea.

4.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira, oro har, nagusiki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola: prestakuntza-jardunaldiak, lantegiak eta mintegiak –irakasleak nahiz ikasleak trebatzekoak–; doktorego-, master- edo graduondo-programekin lotutako batzarrak; etengabeko prestakuntzarako jarduerak, eta ate irekien jardunaldiak eta jardunbide egokiak bateratzeko jardunaldiak, ikerketa zientifikoarekin lotura zuzena ez dutenak.

2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdiaren xede diren laguntzak finantzatzeko 400.000 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2026ko aurrekontuen kontura. Horietatik, 200.000 euro urteko lehen seihilekoan egiten diren jardueretara bideratuko dira, eta gainerako 200.000 euroak, bigarren seihilekoan egiten direnetara.

Lehen seihilekoari dagokion esleipenaren ebazpena eta gero, soberako kreditua geratzen bada, ebaluazioa gainditu arren, kreditu-faltagatik bigarren seihilekoan esleipendun gertatu ez diren biltzarrak eta bilera zientifikoak finantzatzeko erabili ahal izango da.

3. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente akreditatuak izango dira soilik laguntza hauen entitate onuradunak, edozein dela ere haien agente-kategoria, betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 3. artikuluari jarraituz (2015eko uztailaren 16ko EHAA, 133. zk.). Kanpoan geratuko dira, ordea, I+G enpresa-unitateak eta eskaintzako eta eskariko bitartekotza-erakundeak.

2.– Ezingo dira laguntzen onuradunak izan entitate hauek:

a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean daudenak.

b) Armen ekoizpenean, merkaturatzean eta finantzaketan jarduten dutenak.

c) Laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela deklaratu duen Europar Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten mende daudenak.

d) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzen dutenak, konbertzio-terapiak egin edo sustatzen dutenak barne.

3.– Ezingo zaie laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexu-bereizkeria eragiten duten jarduerei, ez eta sexu-diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Halaber, laguntzetatik eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira, berdintasun-planik ez duten enpresek, baldin eta halakorik indarrean izan behar badute estatu-araudiaren arabera; era berean, 50 langiletik gorako enpresen kasuan, kanpoan geratuko dira baldin ez badute egiaztatzen neurriak ezarri dituztela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitakoa honela egiaztatuko da:

a) Ikerketa Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko ditu betekizun hauek:

– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean egiaztatutako eragile batek egin duela eskaera.

– Erakundeak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Egiaztatzea Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak ezarritako momentuan eta moduan.

Hala ere, entitate eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betekizun horiek betetzen dituela egiaztatzen duten organo eskudunaren administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu kasu bakoitzean.

b) Eskabidearen formulario elektronikoan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira gainerako betekizunak.

4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta finantza daitezkeen gastuak:

1.– Dirulaguntza honen xede diren biltzarrak eta bilerak, 1. oinarrian definitzen direnak, 2026ko urtarrilaren 1a eta ekainaren 30a bitartean izan beharko dira, lehen seihilekoko jarduerei dagokienez, eta 2026ko uztailaren 1a eta abenduaren 31 bitartean, bigarren seihilekoko jarduerei dagokienez.

2.– Diruz lagundutako ekitaldi zientifikoarekin zerikusia duten gastuak bakarrik lagunduko dira diruz. Justifikazio-aldia amaitu aurretik ordaindutakoak hartuko dira egindako gastutzat.

Diruz lagundu daitekeen gastua 15.000 eurokoa edo handiagoa bada (BEZik gabe), edo kontratazioaren arloko araudia eguneratzearen ondorioz ezartzen den zenbatekoaren adinakoa edo handiagoa bada, entitateak gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak, ekipamendua eskuratzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ekipamenduaren ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago halakoak egiten, ematen edo hornitzen dituen behar beste entitate, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada. Halaber, aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko –justifikazio-unean edo, hala badagokio, dirulaguntza-eskabidean aurkeztu beharko dira–, efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituko zaie, eta ez bada aukeratzen eskaintza ekonomiko onuragarriena, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori memoria batean (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 20/2023 Legearen 30.3 artikulua).

3.– Ekitaldi motaren (biltzarra edo bilera zientifikoa) eta izaeraren (estatukoa edo nazioartekoa) arabera diruz lagundu daitezkeen gastuen tipologia ondoko zerrendan jaso eta zehaztu da:

a) Hauetatik eratorritakoak: ekitaldia antolatzea, alokairuak, web-orriak sortzea edo laguntza-zerbitzuak, itzulpenak, marketina eta seinaleak.

b) Zabalkundekoak, jardueraren argitalpena barne dela.

c) Hizlarien bidaiei, ostatuari eta mantenuari dagozkienak.

d) Diruz lagundutako jardueran parte hartzen duten hizlarientzako haborokinak.

e) Deialdiaren xede diren ekintzetara joateko 30 urtera arteko (adin hori barne) gazte ikertzaileei inskripzioaren oinarrizko kuotaren (gastu sozialak kanpo) prezioetan aplikatutako beherapen osoak edo partzialak.

f) Erakundeak ikertzaile gazte horiei, diruz lagundutako ekitaldira joan daitezen, justifikatutako bidaia- eta ostatu-gastuengatik ordaindutako zenbatekoen ehuneko 20 gehienez. Ez dira inola ere zenbatuko norberaren ibilgailuarekin egindako joan-etorriak.

g) Biltzarretan sariak ematekoak.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

4.– Honako hauek, berriz, ez dira diruz lagunduko:

a) Gastu sozialak, bertaratutakoen otorduak eta ostatua, egintza ludikoak, kafe-etenaldiak, dietak, protokolo-gastuak, ez eta batzorde antolatzaileak ekitaldia hasi aurretik egin dituen gastuak ere.

b) Hizlarien bidaiak, ostatua, mantenua eta haborokina, baldin eta laguntzaren xede den ekitaldiaren programan sartuta ez badaude.

c) Jarduerari egotzitako gastuak, entitate onuradunaren beraren elementuak erabiltzeak sortutakoak.

d) Entitate onuradunaren estatutupeko edo kontratupeko langile finkoen ordainsariak, eta ikerketako bekadunentzako zuzkidurak.

e) Bilera zientifikoetan, ez da inola ere finantzatuko sariak emateko gastua.

f) Enpresa hornitzailea eta erakunde onuraduna lotzen dituzten gastuak, ez badira berariaz justifikatuak, eta justifikazio hori Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baloratu eta baimendu beharko du. Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi entitate edo enpresa lotuta daudela, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.8 artikuluak adierazitako egoeraren batean badaude.

g) Deialditik kanpo utziko dira, berariaz, bisita gidatuen edo turistikoen gastuak.

5.– Entitate onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50era arte, hirugarrenekin egindako azpikontratu guztien prezioak batuta.

6.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira diruz lagundutako proiektua entitate onuradunak berak gauzatzeko egin behar dituen gastuak.

7.– Edonola ere, diruz lagundutako jardueraren kontratuak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan aurreikusitakoa bete beharko du.

8.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruzko gainerako alderdiei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatua aplikatuko da.

5. oinarria.– Eskabideak formalizatzea, dokumentazioa, eta aurkezteko epeak.

1.– Eskaerak egiteko, formulario bat bete beharko da, zeina bide telematikoz eskuratu ahal izango baita Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko egoitza elektronikoan, webgune honetan: (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0057517).

Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak entitate-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua).

Aplikazioan, ziurtagiri elektroniko bidez sartu beharko da (helbide elektroniko honetan argitaratuta daude elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/). Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikako Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bitartez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bitartez.

2.– Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eta oinarri honen 6. apartatuan adierazitako agiriak aplikazioaren bidez erantsi ondoren, erakunde eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; izan ere, sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, jasota geratu behar da erregistratu dela.

Hori ziurtatzeko, entitate eskatzaileak agirien Erregistro-elektronikoa/Aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukeratuta. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu ez den eskabiderik.

3.– Bukatzeko, erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da, eskabidea aurkezteko aplikatibo informatikoan eskuratu baitaiteke.

4.– Entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek ezartzen dutenari jarraituz.

5.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak, aurkaratzea galarazi gabe.

6.– Eskatutako dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira pdf formatuan aplikazio telematikoan:

a) Jarduerari buruzko memoria zientifikoa; honako hauek zehaztuta:

– Ekitaldiaren garrantzia. Ekitaldiaren deskribapena, ezaugarriak, irismena eta tipologia jaso beharko ditu.

– Behin-behineko edo behin betiko programa, egutegia, hizlariak, eta programa argitaratua duen webgunearen esteka.

– Batzorde antolatzailearen, batzorde zientifikoaren eta hautapen-batzordearen osaera, halakorik badago.

b) Eskatzen diren funtsak justifikatzeko memoria ekonomikoa; kontzeptua, unitateak, tokiak, kostuak edota aurrekontuak zehaztu behar dira. Era berean, taula bat erantsi beharko da, non jasoko baita zer gastu eta diru-sarrera zenbatesten diren, hala xehe-xehe nola osotara. Gastu horiek bat etorri beharko dute aplikatiboan egindako eskabidean adierazitakoekin (aplikatibo informatikoan eskuratu daiteke agiri horren txantiloia). Eskabidea inprimaki normalizatuan egin eta behar bezala sinatu beharko da.

c) Entitate deitzailearen edo antolatzailearen saileko kontseiluaren edo maila altuagoko batzordearen akta: espresuki adierazi beharko da ekitaldia antolatzeko eta deialdia egiteko erantzukizuna, konpromisoa eta onarpena, eta behar bezala sinatu.

d) Hizlariek parte-hartzea onartu izanaren egiaztagiria. Horretarako, aplikatibo informatikoak egiaztagiriaren txantiloi bat du eta behar bezala beteta eta sinatuta entregatu beharko du hizlariak. Hizlari bakoitzeko dokumentu bat aurkeztuko da. Balorazioaren ondorioetarako, behar bezala sinatutako txantiloi bidez emandako gonbidapenak baino ez dira kontuan hartuko.

Hizlaritzat hartuko dira ekitaldirako espresuki ponentzia bat aurkezteko eskatu zaien eta programan esplizituki ageri diren horiek, baldin eta biltzarraren edo bilera zientifikoaren batzorde antolatzailearen parte hartzeko gonbidapena onartu badute. Era berean, hizlaritzat jo ahal izango dira beste pertsona batzuk, hasierako programan sartu ez zirenak, eta, azken orduko aldaketak direla-eta, hizlari modura jardungo dutenak, laguntza-eskabidea egiterakoan ziurtzat jo ziren beste batzuen ordez.

Ez dira hizlaritzat hartuko, eta, beraz, ez da bidali beharko akreditaziorik, ez jardueran posterren edo ahozko komunikazioen bidez parte hartzen duten pertsonenik, ez eztabaidak moderatzeko lanetan parte hartzen dutenenik, ez mahai-inguruetara, elkarrizketetara eta lantegietara gonbidatu direnenik ezta ekitaldiaren aurkezpen- edo amaiera-ekitaldietan parte hartzen dutenenik ere.

e) Eskabidean azaltzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiaztatzen dituen dokumentazioa.

7.– Eskabidea aurkezteko epea.

a) 2026ko lehenengo seihilekoan gauzatuko diren jardueren kasuan, eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) 2026. urteko bigarren seihilekoan egitekoak diren ekitaldietarako, berriz, epea ekainaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean amaituko da.

6. oinarria.– Deialdiaren kudeaketa.

Zientzia Politikako Zuzendaritzak kudeatuko du deialdia.

7. oinarria.– Eskaerako akatsak zuzentzea.

Baldin eta agindu honen 5. oinarrian eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikako Zuzendaritzak hamar eguneko epea emango die eskabideen erakunde sinatzaileei hutsak zuzendu ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

Zuzenketak egiteko errekerimenduak 12. oinarriko hirugarren apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiz jakinaraziko dira.

8. oinarria.– Ebaluazioa eta hautaketa.

1.– Eskabideak Hautaketa Batzorde batek ebaluatuko ditu, kide hauek osatutakoa:

Zientzia Politikako zuzendari Amaia Esquisabel Alegría, Berrikuntzako zuzendari Maialen Agirre Pinedo eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari Luis Nebreda Vadillo, idazkari-lanak egingo dituena.

Hautaketa Batzordeak, hurrengo paragrafoan ezarritako esleipen-irizpideak aintzat hartuta, egindako ebaluazioaren emaitza jasotzen duen txostena emango du, eta txosten horretan jasoko ditu eman nahi diren dirulaguntzak, honako hauek adierazita: onuradun izateko proposatutako entitateak, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, dirulaguntza zer jarduketa egiteko ematen den eta emango den zenbatekoa, gastu-kontzeptuen arabera banakatuta. Horrez gain, ukatuko dituen dirulaguntzak ere jasoko ditu proposamenean, ukatzeko arrazoiak adierazita. Era berean, ezetsi egin diren beste eskabideen zerrenda ordenatu bat jaso daiteke, non adieraziko den zer eskabide ezetsi den, onuradun izateko oinarri arautzaileetan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren, deialdian finkatutako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditu dutelako; zerrenda horretan, deialdian aurreikusitako balioespen-irizpideen arabera eskabide horietako bakoitzari emandako puntuazioa adieraziko da.

2.– Eskabideak irizpide eta puntuazio hauen arabera ebaluatuko dira:

a) Ekitaldi mota. Biltzarrek 40 puntuko balorazioa izango dute, eta bilerek, berriz, 20 puntukoa.

b) Ekitaldiaren izaera: nazioartekoa, 20 puntu; estatukoa, 10 puntu.

c) Hizlari-kopurua: 10 puntura arte gehienez. Puntuazio hori emateko, honako hauek hartu beharko dira kontuan:

c.1.– 0,5eko balorazioa emango da hizlari bakoitzeko, baldin eta eskabidearen epea amaitzean haien parte-hartzea baieztatuta badago; 8 puntu, gehienez.

c.2.– Bi puntu gehiago emango zaizkio hizlarien genero-orekari. Talde bakoitzaren genero-oreka baloratzeko, arau hau erabiliko da: bi puntu emango zaizkie sexu bakoitzeko hizlarien % 40 edo gehiago ziurtatzen duten taldeei; puntu bat emango zaie sexuetako bateko kideak % 30 edo gehiago eta % 40 baino gutxiago direnean; eta ez da puntuaziorik lortuko atal honetan sexuetako batek % 30etik behera hartzen duenean.

d) Aurreikusitako bertaratu kopurua: aurrez aurre bertaratutako hogeita bost laguneko, puntu bat emango da; 10 puntu, gehienez.

e) Kanpoko iturriek emandako finantzazioa: bertaratutakoen kuotak eta dirulaguntza publikoak edo pribatuak, jarduera egiteko egiaztatutakoak. Puntu batez baloratuko da adierazitako iturrietatik sortutako finantzaketaren % 4ko; 20 puntu, gehienez.

9. oinarria.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Deialdi hau ebazteko norgehiagoka prozedura baliatuko da, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluak xedatutako lehiaketaren bidez ebatziko da. Horretarako, bi aldietako bakoitzean aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko, 8. oinarrian finkatutako irizpideei jarraituz. Puntu gehien lortzen duten eskabideei, balorazio-fasean lortutako puntuazioari goitik beherako ordenan jarraituz, eta ekitaldiaren modalitatearen eta izaeraren arabera lor daitezkeen puntuen erdiak lortu dituztenei baino ez zaizkie esleituko dirulaguntzak, 8. oinarriak xedatutakoarekin bat, harik eta agindu honen 2. oinarrian seihileko bakoitzerako izendatutako aurrekontu-kreditua amaitu arte.

Puntuazio-berdinketak ebazteko, 8.2. atalean adierazitako irizpide-bloke bakoitzean lortutako puntuazio altuena hartuko da kontuan, honako ordena honetan: a), b) eta c). Berdinketak iraunez gero, eskaerak betetzeko aplikazioak ematen duen ausazko zenbakia erabiliko da ebazteko, goranzko ordenan. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.

10. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa honako hau izango da:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Biltzarretako sarietarako gehieneko zenbatekoak ez du emandako guztiaren % 10 gaindituko.

3.– Emandako zenbateko osoak ez du inola ere gaindituko ez eskatutako kopuru osoa, ez Agindu honen 4. oinarrian zehaztutako diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontuaren herena. Ez da emango eskabidean aurreikusitako gastuen eta sarreren arteko aldea gainditzen duen zenbatekorik.

4.– Kasu bakoitzean eman beharreko laguntzaren zenbatekoa zehazteko, oinarri honen aurreko apartatuek ahalbidetzen duten gehienekoa hartuko da kontuan.

11. oinarria.– Bateragarritasuna.

Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateratu ahal izango dira biltzar edo bilkura bera egiteko xedea duen beste edozein laguntzarekin, izan funts publiko edo pribatu. Alabaina, biltzar edo bilera bererako lortu diren laguntzen guztizko zenbatekoa handiagoa bada kostu osoa baino, gehiegizko kopuru hori murriztu egingo da deialdi honen babesean emandako laguntzatik.

12. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Emandako laguntzak esleitzeko eta dagozkien zenbatekoak zehazteko, organo kudeatzaileak proposamen justifikatua eta arrazoitua egingo du, eta Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak emango du ebazpena, eskabideak aurkezteko epeak amaitu eta hurrengo hiru hilen barruan. Halaber, organo kudeatzaileak txosten bat egingo du non adieraziko baitu onuradunek laguntzak jasotzeko irizpideak betetzen dituela.

Hartzen den ebazpenak erabakiko du eskatutako laguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengoen kasuan, hauek adierazi beharko dira: espedientearen erreferentzia zenbakia, entitate onuradunaren izena, entitatearen IFK, ebaluazioan lortutako puntuak guztira, ekitaldiaren deskribapena eta zuzkidura ekonomikoa. Ukatutako eskabideen kasuan, eskatzaileen izen soziala zein den eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

Halaber, baldin eta ukatzearen arrazoia urteko seihileko bakoitzerako kreditu nahikoa ez egotea bada, ordezkoen zerrenda jaso ahalko da ebazpenean, non balorazio irizpideen arabera ordezko horiek lortu duten puntu kopurua adieraziko baita, horrela, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, oinarri honen 5. apartatuak ezarritakoarekin bat, zerrenda horretako entitate bati esleitu ahalko zaio dirulaguntza.

2.– Oinarri honetako 1. apartatuak jasotako epea pasatu bada eta prozeduraren ebazpena jakinarazi ez, interesdunek ulertu ahalko dute dirulaguntza emateko eskabidea ezetsia izan dela administrazio-isiltasunez, 6. apartatuak jasotako gora jotzeko errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.

3.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartu beharko da bertara.

4.– Alde batera utzi gabe 3. apartatuan ezarritakoa, Zientzia Politikako Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die entitate interesdunei, eurek jakinarazitako SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

5.– Emate-ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan gertatzen diren uko-egiteen kasuan, erreserben zerrendan ageri diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen bidez, baldin eta nahikoa kreditu erabilgarri badago.

Emandako azken laguntzaren ondoren dauden eskabideei emango zaizkie laguntza horiek, baldin eta, 8. oinarriak ezarritakoarekin bat, modalitatearen arabera lor daitezkeen puntuen erdia lortu badute. Esleitu beharreko zenbatekoa, gehienez ere, batzordearen balorazioaren arabera uko egindako eskabideari legokiokeen zenbatekoa izango da.

Organo laguntza emaileak entitate interesdunei jakinaraziko die zein den laguntzak emateko proposamena, 10 egun naturaleko epe luzaezinean onar dezaten. Proposamena onartutakoan, laguntza emateko ebazpena emango da, eta entitate interesdunei jakinaraziko zaie.

6.– Administrazio-bidea amaitzen ez duen ebazpenaren aurka, entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera, hots, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

13. oinarria.– Publikotasuna.

Denek emandako laguntzen berri izan dezaten, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluak ezarritakoaren arabera, emandako laguntzen publizitatea egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuz.

14. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluek xedatutako betebeharrak, besteak beste honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean interesdunak berariaz eta idatziz uko egin ez badio laguntzari, onartu egin duela ulertuko da.

b) Helburua betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarrera hori hartzea.

c) Dirulaguntza ematen duen organoaren edo entitate laguntzailearen aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla frogatzea, eta dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela ere bai.

d) Ukapenak, atzerapenak edo gainerako gorabeherak jakinaraztea, jakinaren gainean egoteko eta, behar izanez gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak berariazko baimena eman dezan.

e) Egiaztapen-jarduerak onartzea, laguntza eman duen organoak egingo dituenak, bai eta deialdi honen kargura jaso dituzten dirulaguntzei buruzko informazioa ematea ere Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

f) Dirulaguntza ematen duen organoari edo erakunde laguntzaileari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu dituela, bai eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatu dela ere. Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, betiere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

g) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

h) Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren logotipoa eta irudi korporatiboa txertatzea, bai karteletan, bai jardueraren publizitatea egiteko erabiltzen diren baliabideetan, bai ondorengo argitalpenetan (Eusko Jaurlaritzaren claim-a aplikatzeko gidaliburua). 2017ko apirilaren 4ko Ebazpena (2017ko apirilaren 12ko EHAA, 72. zk.).

i) Irudi ez-sexistak erabiltzea ekitaldiaren publizitatea egiteko ikusizko edukietan eta seinaleetan, bai eta ekitaldiak iraun bitartean zabaltzen den materialean ere.

j) Hizkera ez-sexista erabiltzea laguntza-eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioan, bai eta aktetan edo baliokideetan ere, halakorik balego.

k) Dirulaguntza ordaintzeko momentuan egiaztatzea egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoarekin bat (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

l) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa.

m) Konpromisoa hartzen du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan aurreikusitako enpresen deslokalizaziorik ez egiteko.

15. oinarria.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi alditan.

a) Lehen zatia aurretiaz ordainduko da kontuan, eta emandako laguntzaren % 50ekoa izango da; 14.a) oinarrian adierazitako epea amaitzen denean ordainduko da, baldin eta laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, berriz, jarduera bukatzean ordainduko da. Zehazki, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da, hurrengo oinarrian eskatutako agiriak aurkeztu ostean, betiere. Bigarren seihilekoan egiten diren jardueren kasuan, bigarren ordainketa 2027. urtean egingo da.

2.– Ordainketarik ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

3.– Ordainketak egin ahal izateko entitate onuradunak inskribatua egon beharko du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan (https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-s2oga/eu/).

16. oinarria.– Laguntzen justifikazioa.

Laguntzaren xede den ekitaldiko ekintzak burutzeak dakartzan gastuak justifikatu beharko dira, agindu honetako 4.1 oinarrian zehaztutakoari jarraituz.

1.– Agindu honetako laguntzen entitate onuradunek justifikatu beharko dute biltzar edo bilera zientifikoa egin dutela, finantzaketaren helburu baita; hartarako, Zientzia Politikako Zuzendaritzan agiri hauek aurkeztu beharko dituzte inprimaki normalizatuan, finantzatutako jarduera bukatzen denetik hiru hileko epearen barruan (aplikazioan eskuragarri dago dokumentu horren txantiloi bat).

a) Emandako laguntzarekin egindako gastuaren ziurtagiria. Zerrenda bat erantsiko zaio, fakturak eta haien zenbatekoa zehaztuko dituena. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta egon behar du dokumentu horrek.

b) Diruz lagundutako jardueraren gastu eta diru-sarrera guztien balantze ekonomikoa. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da dokumentu hori.

c) Azken memoria, balantze zientifikoa duela, eta bertaratutakoei entregatu zaien materiala barnean dela; material hori eskuragarri jartzeko, esteka elektroniko bat edo esteka bat txertatuko da memorian, edukia eskuratzeko aukera emango duena. Horretaz gainera, azaldu beharko da zer neurri hartu diren Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeari eta lagundutako jarduera guztietan Eusko Jaurlaritzaren logotipoa txertatzeari lotutako obligazio guztiak betetzen direla bermatzeko.

d) Biltzarraren akten ale bat, edo, halakorik badago, horien baliokideak. Behin-behinean onartuko dira akten zirriborroak edo baliokideak, haiek argitaratzea aurreikusi bada.

e) Entitate onuradunak, gazte ikertzaileei laguntzeko funtsik jasoz gero, bekadunen zerrenda aurkeztu beharko du (izena eta NAN), bai eta egindako deskontuaren zenbatekoa azaltzen duen inskripzioa ere.

Bidaia-gastuetarako laguntzen kasuan, onartu baldin bada, txartel prezioduna edo faktura aurkeztu beharko da.

2.– Oinarri honetan adierazitako agiri guztiak bide telematikoz aurkeztu beharko dira, 5. oinarriaren 1. apartatuan adierazten den eran.

3.– Zientzia Politikako Zuzendaritzak egiaztatuko du dirulaguntza behar bezala erabili dela, entitate onuradunen % 10eko ausazko lagin bat eginez. Horretarako, entitate onuradunei eskatuko zaie dirulaguntzari egotzitako gastuen egiaztagirien jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak aurkezteko.

4.– Nolanahi ere, erakunde onuradunek fakturak eta laguntzaren xede izan diren gastuak egiaztatzeko gainerako agiriak gorde beharko dituzte gutxienez bost urtez, justifikazio-epea amaitzen denetik aurrera. Epe horretan, faktura eta agiri horiek laguntzak eman dituen organoaren eskura egongo dira eta eskatu ahal izango ditu egiaztatzeko.

5.– Oinarri honetan adierazitako dokumentuak aurkeztu ostean, Zientzia Politikako Zuzendaritzak berriro egiaztatuko du ea emandako dirulaguntzak gainditzen duen entitate onuradunari diruz lagun dakiokeen gastuaren herena, ez eta entitate onuradunak dirulaguntzaren xede den jarduera gauzatzean izan dituen gastuen eta diru-sarreren arteko diferentzia ere. Kasu bi horietan, nolako superabita sortzen den, halako murrizketa aplikatuko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari. Era berean, emandako dirulaguntza baino gutxiagoko gasturik justifikatuz gero, justifikatu gabeko zenbatekoaren adinako murrizketak aplikatuko dira.

Baldin eta gutxitu behar bada hasieran emandako kopurua, jasotako dirulaguntzak proportzio berean itzuli beharko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak amaituko du ebazpen baten bidez, non hasierako ebazpena aldatuko baita.

17. oinarria.– Jarraipena.

Zientzia Politikako Zuzendaritzak egin behar du dirulaguntza-deialdiaren jarraipena. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki iritzitako organo, batzorde edo adituak izendatuko, laguntzaren aplikazioaren jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, bai eta egoki jotzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko ere, alde batera utzi gabe agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezarritako jarraipen-jarduerak.

18. oinarria.– Ikuskapena eta kontrola.

Zientzia Politikako Zuzendaritzak ikuskapen eta kontrolak egin ahal izango ditu, bermatzeko ea betetzen diren agindu honen helburuak.

19. oinarria.– Ez-betetzeak, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzea eta, hala badagokio, laguntza itzultzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 35.4 eta 36. artikuluek ezarritakoa aplikatuko da, ez-betetzeei eta laguntza itzuli beharrari buruzkoak baitira, eta 40. artikuluak ezarritakoa, laguntza itzultzeko prozedurari buruzkoa baita.

2.– Emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake dirulaguntzaren organo emaileak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, betekizun hauek betetzen direnean:

a) Dirulaguntzen oinarri erregulatzaileetan aurreikusita egotea aldatzeko aukera.

b) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, 14.e) oinarrian adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

c) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

d) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

e) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

f) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

g) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, lege honen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

3.– Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko 20/2023 Legearen, abenduaren 21ekoaren, 40. artikuluarekin bat etorriz –artikulu horrek arautzen du dirulaguntza itzultzeko prozedura orokorra–, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak adieraziko du, ebazpen baten bidez, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, jasotako diru-zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola. Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta, behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.

4.– Bestalde, aipatutako zenbateko horiek zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira, ondorio guztietarako.

20. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin ahal izango du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik, eta agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzen dituen organoari aurkeztu beharko dio atzera egiteko eskaera hori. Atzera egiteko eskaera Zientzia Politikako zuzendariaren ebazpen baten bidez onartuko da, zeinak prozedura amaitutzat emango baitu dagokion erakundearentzat.

2.– Erakunde onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere egin ahal izango du hori. Uko egiteko eskaera laguntzak kudeatzen dituen organoari aurkeztu beharko zaio, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoa itzuli beharko da. Baldintza horietan, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez, uko-egitea onartuko da, eta uko egin zaion dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da.

3.– Aurkeztutako uko-egitea ez da onartuko, baldin eta entitate interesdunari jakinarazi bazaio ez-betetzea edo zehatzea deklaratzeko prozedura hasi dela deialdi honen esparruan. Prozedura horrek aurrera jarraituko du, ebatzi arte.

21. oinarria.– Datuen babesa.

Datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa-sustatzeko).

– Arduraduna: Zientzia Politikako Zuzendaritza; Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.

– Xedea: ikerketarako finantzaketa eta bultzada.

– Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

• 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

• 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

• 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

– Hartzaileak:

• Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

• Ogasun eta Finantza Saila. Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

– Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: Gure webgunean kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

– Araudia:

• Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala