Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2026ko apirilaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1517

46/2026 DEKRETUA, martxoaren 24koa, zeinaren bidez zazpigarren aldiz aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostu-zerrenda onartzen duen Dekretua.

Uztailaren 4ko 186/2017 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostu-zerrenda onartu zen (2017ko uztailaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 131. zk.). Dekretu hori zuzendu egin zen, lanpostuen zerrenda osatzen duen eranskina osorik berriro argitaratuta 2017ko abuztuaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (164. zk.).

Ondoren, uztailaren 4ko 186/2017 Dekretu hori honako hauen bidez aldatu zen: martxoaren 6ko 34/2018 Dekretua, apirilaren 24ko 61/2018 Dekretua, martxoaren 31ko 49/2020 Dekretua, apirilaren 20ko 128/2021 Dekretua, apirilaren 12ko 47/2022 Dekretua eta urtarrilaren 17ko 2/2023 Dekretua, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrenda onartzen duen dekretua.

Administrazioaren barne-egiturak antolatzeko tresna dira lanpostuen zerrendak. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Enplegu Publikoaren 11/2022 Legearen 45. artikuluan ezarritakoa betetzeko xedez.

2018ko apirilaren 13an, Administrazioak akordio bat sinatu zuen sindikatuekin, zeinaren bidez Hezkuntza Sailak konpromisoa hartzen baitzuen urtero lanpostuen zerrendan sartzeko egiturazkotzat jotzen ziren lanpostuak, ordezkaritza sindikalarekin negoziatu ondoren.

Ikasleak matrikulatzeko ohiko epea amaitu eta nahitaezko txostenak jaso ondoren, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen arabera (lege horren arabera, gehienez ere bederatzi hilabeteko epean zeregin-kopuru handiegiak edo zeregin-metaketak, hemezortzi hilabeteko epearen barruan, lanpostu hutsak betetzeko bitarteko kontratu bat sortzen du), 261 plaza sortu dira: 253 hezkuntza laguntzako espezialista kategoriakoak, 1 okupazio-terapeuta kategoriakoa eta 7 hizkuntza zeinuetako interpreteen kategoriakoak. Horrez gain, hezkuntza laguntzako espezialisten 4 plaza eta fisioterapeuten 2 plaza aldatu dira.

Azkenik, eta Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Osorik Babesteko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikulua betez, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostu-zerrendan sartutako lanpostu sortu berriak betetzeko, lehendik daudenen kasuan bezala, ezinbestekoa izango da epai irmo baten bidezko zigorrik ez izatea sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako eta gizakien salerosketaren inguruko edozein deliturengatik (Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. eta VII. bis tituluetan tipifikatuta daude, hurrenez hurren). Horretarako, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa eskatzen da.

Horren ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2026ko martxoaren 24an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrendan egindako aldaketak (zerrenda hori uztailaren 4ko 186/2017 Dekretuaren bidez onartu zen, eta dekretu honen eranskinean jasota dago), 261 lanpostu berri sortzeari eta 6 postu aldatzeari dagokionez.

Bigarren artikulua.– Eranskinean jasotako lanpostuak betetzeko araubidea lekualdatze-lehiaketa da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 24an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala