Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2026ko apirilaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1516

EBAZPENA, 2026ko martxoaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Leioako eta Erandioko (Bizkaia) Saltuena 39. sektorea urbanizatzeko Eurocis Inmuebles 10, SLk sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2025eko abenduaren 30ean, Leioako Udalak eskabide bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Leioako eta Erandioko (Bizkaia) Saltuena 39. sektorea urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (prozedura Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean araututa dago).

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko urriaren 15ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen pertsona interesdunentzat eta ukitutako administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak dituela, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio, aipatutako legearen II.E. eranskineko E7 taldeko a) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako (Industrialdeetarako lurzorua urbanizatzea eskatzen duten proiektuak). Era berean, proiektua Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan sartzen da, II. eranskineko 7. taldean kokatzen baita, a) epigrafean (Industrialdeen proiektuak) eta b) epigrafean (Urbanizazio-proiektuak), merkataritza-guneen eta aparkalekuen eraikuntza barne.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion; hala ez den kasuetan, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.

Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Leioako eta Erandioko (Bizkaia) Saltuena 39. sektorea urbanizatzeko Eurocis Inmuebles 10 SLk sustatutako proiekturako, honen arabera:

A) Proiektuaren xedea da hirugarren sektoreko industria-sustapeneko lurzoru berria sortzea Leioako Saltuena 39. sektorean eta Erandioko Z sektorean.

B) Leioako eta Erandioko (Bizkaia) Saltuena 39. sektorearen urbanizazio-proiektuaren (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuak antolatutako eremuaren barruan, esparru eraikigarri hauek ezartzen dira:

– Nagusiki hirugarren sektorerako erabiliko den lehen eremu bat definitzen da, beheko solairua gehi beste bost solairuko (BS+5) sei eraikinez osatua. Multzo hori Santi Mami sektorearen eta egoitzaren arteko trantsizio- eta bereizketa-elementua da, Saltuena eremuaren gainerakoarekin alderatuta. Eraikinetatik bost bulego-erabilerarako dira; seigarrenak, berriz, bizitegi-erabilera izango du, eta horrekin bateragarriak diren erabilerak onartzen ditu, hala nola hotel-establezimendua edo egoitza komunitarioa.

– Antolamenduaren bigarren eremua merkataritza-espazioak osatzen du.

– Hirugarren eremua erdiko espazio bat da: industria-erabilerarako eraikinez inguratutako plaza. Plazaren erdian, hirugarren sektoreko erabilerarako dorre bat proiektatu da. Dorre hori, zati batean, erabilera malgua esleitu zaien 4 industria-eraikinez inguratuta dago; hala, merkatuaren eskariak berak erabakiko du haien erabilera xehatua.

Sortutako espazioen antolamenduaren ondorioz, hauek eratuko dira: 14 lurzati pribatu; hirugarren sektoreko erabilerako 5 lurzati, bulegoetarako; hotel/bizitegi-erabilerarako lurzati 1; industria-erabilerarako 6 lurzati; hirugarren sektoreko erabilerako lurzati 1, merkataritzarako; eta hirugarren sektoreko erabilerako lurzati 1, bulegoetarako. Lurzati pribatuen azalera osoa (industria, merkataritza edo hirugarren sektorea) 52.941 m2-koa da; hau da, sektore osoaren (156.648 m2) % 33,8.

Pribatizatu daitezkeen lurzatiez gain, nahitaez laga beharreko lurzati hauek daude: ibilgailuentzako bideak (55.299 m2), ibai-sistema orokorra (4.887 m2), berdeguneak (33.321 m2), erreserba soziala (1.765 m2), kirol-erreserba (4.117 m2), lehendik dauden bideak (3.408 m2) eta bidegorri-sistema orokorra (909 m2). Guztira, 103.707 m2 dira.

Eremuan, halaber, 39.204,67 m2-ko azalera aurreikusten da interes publiko eta sozialeko erreserba-eremuetarako, kirol-, kultura-, merkataritza- edo gizarte-jardueretara bideratuak. Sektoreko sarbidearen ondoan daude Santi Mamitik etorrita, lotura egin ahal izateko sektore horretako eremuekin.

Gizarte-ekipamendutarako eremua bizitegi-lurzatiarekin (hotel-egoitzarekin) mugakide den lurzati batean kokatuko da, bi espazioen arteko harremana hobetzeko, eta Santi Mami inguruaren ondotik.

Tokiko bide-sistema, berriz, hauek osatzen dute: galtzadek, bidegurutzeek eta elkarguneek, aparkaleku publikoetarako espazioek eta oinezkoentzako espaloiek. Lurzoru publikoko aparkalekuek 682 unitate izango dituzte; dena den, 1.797 aparkaleku egongo dira guztira. Minusbaliatuentzako 20 aparkaleku aurreikusi dira.

Berdeguneetarako gordetako eremuek Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen arabera nahitaez laga beharrekoa baino azalera handiagoa dute. Hain zuzen ere, nahitaez laga beharreko % 12a 18.798 m2 dira, eta proiektuak, berriz, 33.321 m2 aurreikusten ditu. Laga beharreko azalera hori erdiko espazioan eta industria-eraikinen inguruan banatzen da nagusiki, eta errekaren ingurunea babestuta egongo dela bermatzen du. Proiektuaren helburua izan da lehendik dauden zuhaitzak mantentzea eta hautatzea, bai eta arboladi horiek indartzea ere, lurraren ezaugarri edafikoetara egokitutako espezieen ale berriak landatuta.

39. sektorearen barruan, urbanizazioko partzelek eraztun bat osatuko dute, BI-747 (lehengo BI-647) errepidearen bihurgunearen erradioari jarraikiz. Errepide horrek antolamendua baldintzatzen du, eta hortik sartuko da sektorera. Bideen antolamenduari dagokionez, hainbat eraztun eta bide erradialez osatutako sare bat sortuko da, eta zeharka edo lerroan aparkatzeko lekuak jarriko dira.

Eremua urbanizatzeak berekin ekarriko du sare hauek instalatzea: drainatze-sarea, saneamendua (banatzailea), hornidura, gasa, energia elektrikoa, argiztapena eta telefonia. Bestalde, eremuaren urbanizazioak eraginpean hartzen dituen zerbitzu-sareak bide asfaltatu baten paraleloan daude ia osorik. Bide hori bat dator Unibertsitateko errepidearekiko lotunetik egingo den sarbidearen trazadurarekin. Eragindako zerbitzuak honako hauek dira: hornidura-sarea, udal-argiteria eta -saneamendua, eta foru- eta udal-bideetako elementu batzuk.

Bestalde, proiektuak aurreikusten duenez, ubideratze-eremuaren paisaia berroneratuko da eta berdegune handiak sortuko dira lurzatien bilbean.

Udondo ibaiari dagokionez, gaur egun lurperatuta dago 350 metro inguruko tarte batean, eta beste ubideratze bat proiektatzen da: 28 metro inguruko tarte bat aurreikusten da sarbidearen azpitik, eta 3 x 2 metroko sekzioa duen hormigoi armatuzko galeria baten bidez gauzatuko da. Puntu horretatik aurrera, ibilguak aire zabalean jarraituko du. Gainazaleko ibilguaren sekzioa trapeziala izango da; metro bateko zabalera izango du hondoan eta 2H:1V ezpondak, biak harri-lubetaz estaliak.

Ur baxuko kanala 4,2 m zabal izango da, eta bideratutako sekzioak, guztira, 13,2 m inguruko zabalera izango du. Izan ere, harri-lubetazko ezpondaren ondoren bi plataforma jarriko dira, bata maldarik gabea eta bestea 10H:1V ezpondarekin. Azken hori proiektuaren eremuko landaredi tipikoaz estaliko da, belar-, zuhaixka- eta zuhaitz-espezieak landatuko baitira.

Proiektuak, 19. eranskinean, Udondo ibaia bideratzeko kanalizazioaren funtsezko ezaugarrien definizioa jasotzen du; hala, gainezka egin gabe, gai izango da 500 urteko errepikatze-denborako uraldia garraiatzeko. Alde horretatik, hau azaltzen du proiektuaren memoriak aurrekarien atalean: «... azterlan hidrauliko eta hidrologiko bat egingo da Lertutxe errekaren hustubidearen ubideratze berrian, egiaztatzeko ea zorrotz betetzen diren Eusko Jaurlaritzako Uren Sailak ezarritako gidalerroak Plan Partzialean agertzen diren sekzioetan».

Proiektatutako egiturei dagokienez, horma ekologiko bat eraikiko da goiko urbanizazioaren eta beheko ubideratzearen artean. Horizontalarekiko 75.º-ko inklinazioa izango du, 395 metroko garapena eta gehienez 6 metroko garaiera. Horrekin batera, barrutik 3 x 2 metroko dimentsioa eta alboetan 0,5 metroko ertza izango duen hormigoizko marko bat eraikiko da, bai eta isuriari eusteko horma bat ere, markoaren hasierako eta amaierako aurpegietan. Gehienez 7,4 metroko altuera izango du horma horrek.

Urbanizazioaren plataformaren kota etorkizuneko kanalizazioaren gainetik jarriko da, zeina urbanizazioaren eta errepidearen artean eraikiko baita. Plataforma horrek luzetarako % 8ko gehieneko maldak izango ditu bideetan, eta % 6koak espaloietan.

Ingurumena lehengoratzeko proposamena proiektuaren 14. eranskinean jasota dago (Ingurumena lehengoratzea eta paisajismoa), eta bi jarduketa-ildo ditu: alde batetik, ibaiaren jabari publiko hidraulikoa berreskuratzea, eta, bestetik, zuhaitzak eta zuhaixkak landatzea ibilguarekiko perpendikularrean eta multzo sakabanatuetan edo ausazkoetan:

– Zuhaitz- eta zuhaixka-landaketak bi tipologiatan banatzen dira: batetik, landaketa lineal bat egingo da kalean, erdibitzailean ezti zilarkarak jarrita (Tilia tomentosa), eta, bestetik, landaketa sakabanatu bat, ausaz jarritako hainbat espeziez osatua. Zuhaixken artean hauek landatuko dira, besteak beste: Japoniako irasagarrondoa (Chaenomeles japonica), zume gorria (Salix purpurea), beltxale japoniarra (Ligustrum japonicum), txorbeltza (Rhamnus alaternus fruticosa) eta ereinotza (Laurus nobilis); eta zuhaitzen artean, berriz, hauek: artea (Quercus ilex), aranondo gorria (Prunus cerasifera nigra), mimosa (Acacia dealbata), zume hauskorra (Salix fragilis), mertxikondoa (Prunus persica), gingondoa (Prunus cerasus) eta pikondoa (Ficus carica). Ausazko landaketa hori multzotan egingo da, orube osoko berdeguneetan zehar.

– Ubideratzea inguratzen duen landaredia hiru serie edo zerrendatan banatzen da ibaiaren inguruan:

• 1. seriean Salix purpurea subsp. Lambertiana espeziea da nagusi, 1 ml-tik behin landatuta. Zuhaitz-espezieak: Salix alba eta Salix neotricha. Espezie belarkarak: Lythrum salicaria, Calystegia sepium, Equisetum arvense, Mentha aquatica, Eupatorium cannabium.

• 2. seriean haltzak dira nagusi (Hyperico androsaemi-Alno glutinosae S.), 4-5 ml-tik behin landatuta. Zuhaitz-espezieak: Corylus avellana, Fraxinus excelsior, Acer campestre eta Salix atrocinerea. Zuhaixka-espezieak: Crataegus monogyna, Cornus sanguinea, Ligustrum vulgare eta Prunus spinosa. Espezie belarkarak: Brachypodium sylvaticum, Carex sylvatica, Calystegia sepium, Lapsana Communis eta Alliaria petiolata.

• 3. seriea haritzaren serie eutrofoaz osatuta dago (Polistycho setiferi-Fraxineto excelsioris S.), 10-15 ml-tik behin landatuta. Zuhaitz-espezieak: Quercus robur eta Fraxinus excelsior. Serie hori osatzeko, haritz txikiak landatuko dira ubideratzearen aldameneko ezpondetan, urbanizazioraino edo bideraino.

Proiektuaren barruan, hondakinen kudeaketari buruzko azterlana dago (18. eranskinean).

Proiektua gauzatzeko 18 hilabeteko epea aurreikusten da.

Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba aurkeztu da, hau da, proiektua ez gauzatzea; bai eta garapen-alternatiba bat ere. Proiektuaren baitan hirigintza-izapideei buruzko hainbat azterlan egin dira, eta aztertutako alternatiba batzuk baztertu dira.

0 alternatibak ez du aurreikusten Saltuena sektorea urbanizatzea; eta horrek, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez luke utziko eremua biziberritzen, eta ez luke konponduko bideragarritasun-arazoa. Bestalde, aukera horrek ez lioke lagunduko udalerrietako hiri-bilbearen antolamenduari. Jarduerak sakabanatuta eta, kasu askotan, biztanleguneetatik hurbil geratzeko arriskua ekar lezake.

Aldiz, proiektuaren garapen-alternatiba justifikatuta dago, modu koherentean biltzen baititu proiektua egiteko prozesuan ezarritako konponbideak, irizpide hauek kontuan hartuta: batetik, lurrean integratzeko eta egokitzeko irizpideak, eta bestetik, lehendik dauden azpiegitura eta instalazioen gaineko eragina minimizatzekoak. Gainera, proiektuak lehentasuna ematen dio jada artifizializatuta dauden lurzoruak erabiltzeari – hala nola Leioako ospitale zaharrekoak eta bide-sarearen ondoko zerrendakoak –, hiri-egitura dentso eta trinkoaren eredua bultzatzen du, eta hiri-segregazioa eta -sakabanatzea eragozten ditu. Proposamenak, halaber, ingurumen-kalitatea hobetzearen alde egiten du, ingurune degradatu bat birgaituta. Izan ere, gaur egun antropizatuta dagoen eremu batean esku hartuko da, zeinean landaredi aloktono eta inbaditzailea baita nagusi, hala nola Cortaderia selloana.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Proiektua joan den mendeko 70eko hamarkadan abiatutako urbanizazio-prozesutik sortutako lurzoruetan gauzatuko da. Hain zuzen ere, ospitale-zuzkidura bat zegoen inguru horretan, baina gerora bertan behera utzi eta eraitsi egin zuten. Gaur egun, proiektuaren xede den eremua abandonatuta dago.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planari dagokionez, hidraulika-osagaiaren arabera, Udondo ibaia 0 mailakoa da; hots, arroaren azalera 1 eta 10 km2 artekoa da. Hirigintza-osagaiaren arabera, linearekin bat datozen ertzak landa-eremuko ertzak dira. Bestalde, linearen trazadurarekin bat egiten duten ertzak ez daude zonifikatuta, ingurumen-osagaiaren arabera.

Proiektuaren jarduketa-eremua Bizkaiko sinklinorioko (ES017MSBT017-005) lurpeko ur-masaren gainean dago. Masa horrek egoera kuantitatibo «ona», egoera kimiko «ona» eta egoera global «ona» izan ditu 2024an eta 2020-2024 urte anitzeko aldian. Eremuan ez dago hidrogeologia-intereseko lekurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da.

Ikuspegi litologikotik, proiektuaren eremuan tuparriak, tuparri-kareharriak, kareharri mikritikoak eta kalkarenitak txandakatzen dira. Mendebaldeko sektorean, bestalde, tuparriak eta kareharri hareatsuak daude txandakatuta. Oro har, deskribatutako materialek iragazkortasun txikia dute.

Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiaren arabera, proiektuaren kokalekuan hiri-eremuak eta lugorriak, nekazaritza-laboreak, sastrakak eta belardiak daude. Leku jakin batzuk 6510 BIHaren (Belardi atlantikoak, larratu gabeak) parte dira. Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren eremua degradatuta dago; lahardiak eta landaredi erruderal nitrofiloa ditu, eta Cortaderia selloana espezie aloktono eta inbaditzaileaz beteta dago. Landare-espezie baliotsuenen artean, tamaina ertaineko zuhaitzak identifikatu dira: haritza, Acer platanoides, pinua eta sahatsa. Gainera, landa-lanean ikusi da proiektuaren eremuan urez betetako leku bat dagoela, eta bertan landaredi helofitikoa da nagusi.

Faunari dagokionez, proiektuaren eremua bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) hobetu beharreko tarte gisa sartuta dago espezie horren kudeaketa-planean (Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua, Bisoi Europarraren –Mustela lutreola (Linnaeus, 1761)– Kudeaketa Plana onartzekoa Bizkaiko Lurralde Historikoan, galzorian dagoen espeziea izanik babes-neurri espezifikoak behar baititu) (2006ko uztailaren 6ko BAO). Era berean, Udondo ibaia Bizkaiko arrain hiruarantzaren Kudeaketa Planaren eremuan dago sartuta (186/2008 Foru Dekretua, Bizkaiko Foru Aldundiarena, abenduaren 9koa, Bizkaiko Lurralde Historikoan Arrain hiruarantzaren –Gasterosteus aculeatus (Linnaeus, 1758)– Kudeaketa Plana onetsi duena, espezie kaltebera delako eta bere babesak berariazko neurriak eskatzen dituelako). Ildo horretatik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi duenez, espezie horren presentzia egiaztatu da proiektuaren kokagunetik ehunka metro batzuk beherago. Gainera, ibaian behera, espezie horrentzat interes berezikoa den Udondo ibaiko eremua dago (Astrabuduako hezegunea). Bestalde, proiektuan ez da identifikatu Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren bidez (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.) izendatutako abifauna babesteko eremurik, ez eta EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko baterako planaren xede den eremurik ere. Ingurumen-dokumentuak dioenez, aztergai den eremuan dagoen fauna urria da, batez ere eremua mugatuta dagoelako, errepidetik gertu, eta egoera txarrean. Landa-lanean zenbait hegazti-espezie eta bi asto ikusi zituztela ere jasotzen du dokumentuak. Proiektuaren kokagunean dagoen faunari dagokionez, eta Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren Lehorreko Espezieen Espainiako Inbentarioa gogoan hartuta, ingurumen-dokumentuak espezie hauek nabarmentzen ditu jarduketa-eremuari buruzko laukian: bisoi europarra (Mustela lutreola), arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus), apo lasterkaria (Bufo calamita), apoarmatu korrontezalea (Mauremys leprosa), txirritxo txikia (Charadrius dubius), argi-oilarra (Upupa epops), Geoffroy saguzarra (Myotis emarginatus) eta ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum).

Eremuan ez dago Natura 2000 Sareko natura-ondarearen eremu babesturik, ez naturagune babesturik, ez eta nazioarteko tresnak aplikatuz babestutako gunerik ere. Era berean, ez dago EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako azpiegitura berdean sartutako natura-guneen katalogoetako beste espaziorik, ez bilbe berdeko edo urdineko elementurik, ez korridore ekologikorik, ez eta onura publikoko mendirik ere. Hala ere, Bilbao Metropolitarraren Lurralde Plan Partzialaren arabera, proiektuaren eremua EHU-Astrabuduako ibarreko hezegunea lotura-korridore ekologiko gisa identifikatutako espazio batean dago. Gainera, Udondo ibaia Bizkaiko Azpiegitura Berde-Urdinaren parte da, eta, haren inguruan, CCA.18 kodea duen konektore urdina dago. Jarduketa-eremutik gertu, intereseko bi naturagune daude: Astrabuduako ibarreko hezeguneak (Hezeguneen LPSko II. taldea), eta Lertutxeko urtegia (Hezeguneen LPSko III. taldea).

Paisaiari dagokionez, azterlanaren xede den eremua Bilbao Metropolitarreko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoan jasota dagoen paisaia-unitate honen parte da: «Txorierri – Leioa. UP19». Proiektuaren eremuan ez dago paisaia-interes bereziko eremurik. EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Inbentarioari dagokionez (Eusko Jaurlaritza, 2005), proiektuaren eremua «Barakaldo» ikuseremuan kokatzen da, eguneroko inguruan, eta ez dago EAEko paisaia berezi edo aparteko gisa katalogatuta. Ingurumen-dokumentuaren arabera, eremuak paisaia-balio ertain-txikia du.

Proiektuaren eremuan ez da identifikatu babestutako kultura-ondarearen elementurik. Proiektuaren eremutik 120 bat metrora, San Mames baseliza dago (20. fitxa), tokiko intereseko elementu eraikia.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du. Bestalde, ez dago sismikotasunaren, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasunaren edo baso-suteen ondoriozko arrisku handirik, eta ez da hauteman salgai arriskutsuak errepidez edo trenez garraiatzearen edo SEVESO III Zuzentarauaren mendeko enpresetatik gertu egotearen ondoriozko arrisku handirik. Gainera, proiektuaren eremuan ez dago Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzorurik.

Zaratari dagokionez, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua betez sustatzaileak aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanarekin, egiaztatu da kanpo-ingurunean aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak gaindituko direla. Horregatik, eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu deklaratu beharko da, eta azterketan aurreikusitako jarduketak gauzatu beharko dira.

Klima-aldaketari dagokionez, giza osasunak bero-boladen aurrean duen kalteberatasuna ertaina da Leioan, eta handia Erandion; dena den, bi udalerriek arrisku oso handia dute. Hiri-inguruneetan itsas mailaren igoeraren ondoriozko uholdeei lotutako arriskuari eta kalteberatasunari dagokienez, txikiak dira Leioan eta oso handiak Erandion. Bestalde, hiri-eremuetako ibai-uholdeei lotutako arriskua eta kalteberatasuna oso txikiak dira Leioan, eta Erandion, berriz, oso handiak. Azkenik, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerei eragiten dieten lehorte-aldiak areagotzeari lotutako arriskua eta kalteberatasuna oso txikiak dira Leioan, eta txikiak Erandion.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektu mota eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik handienak obra-fasean sortuko dira; ibaiaren ibilgua berregituratu, eremua berrurbanizatu eta eraikuntza-lanak egingo direlako, hain zuzen. Aurreikusitako jarduketek ondorio hauek izango dituzte: belar-sastrakak kentzea eta landaredia moztea, lur-mugimenduak, soberakinak sortzea; ibilgailuen eta obrako makinen zirkulazioa, baliabideen kontsumoa; eraikuntza- eta eraispen-hondakinak sortzea, kalitate atmosferikoa murriztea hautsa eta beste kutsatzaile batzuk atmosferara isurtzeagatik; zaratak egitea, lurzoruen eta lurrazaleko uren kalitatea murriztea partikulak arrastatzeagatik eta istripuzko isurketengatik (Udondo ibaia Arrain Hiruarantzaren (Gasterosteus aculeatus) Kudeaketa Planaren eremua da; eta, ibaian behera, Astrabuduako hezegunea interes bereziko eremutzat jotzen da espeziearentzat; gainera, Udondo ibaia hobetu beharreko tartea da bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola), espeziea Bizkaian Kudeatzeko Planaren arabera); paisaiari eragitea; espezie inbaditzaileak zabaltzeko arriskua, Cortaderia selloana izugarri barreiatuta baitago eremuan; zerbitzuak etetea, etab.

Proiektuaren eraginpeko zuhaitz eta landare autoktono gehienak BI-647 errepidearen ertzetan daude, eta lurzatiaren ondotik doan bidearen aldamenean. Bestalde, BI-647 errepidetik urbanizaziorako sarbidea eraikitzeak Batasunaren intereseko 6510 kodedun habitatari eragingo dio («Altitude baxuko sega-belardi pobreak»), eta aurkeztutako dokumentazioaren arabera, BIH hori aldatuta dago. Positiboki baloratzen da jarduketa-eremuan Cortaderia selloana espezie exotiko inbaditzailea desagerrarazteko aukera, gaur egun oso zabalduta baitago inguru horretan.

Ustiapen-fasean, baliabideen eta energiaren kontsumoa areagotzearekin, argiteria berriak eragindako argi-kutsadura handitzearekin eta bide berrien ondorioz trafikoa areagotzearekin lotutako eraginak espero dira.

Gaur egun lurperatuta dagoen ibai-tartea irekitzean eta bere onera ekartzean, ingurumena behar bezala leheneratzen dela bermatu beharko da. Horretarako, ibaiertzeko zerrenda bat berreskuratzea sustatuko da, biodibertsitatea handitzeko eta bisoi europarraren eta arrain hiruarantzaren habitata hobetzen laguntzeko.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutakoa beteko da.

Bigarrena.– Ebazpen honetan babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, Leioako eta Erandioko (Bizkaia) Saltuena 39. sektorearen urbanizazio-proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak nahiz kontrolak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.

Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan jaso beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak adierazitakoaren arabera, Udondo ibaiaren ibilgu berriaren diseinua egokitu egingo da proiektuaren eremuan kudeaketa-plan bat onartuta duen fauna katalogatuaren beharretara, bereziki kontuan hartuta arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus) eta bisoi europarra (Mustela lutreola), eta horretarako ibilguaren sekzio naturalizatuago bat eratuko da.

Arrain hiruarantzaren kudeaketa-planean ezarritakoa betetze aldera, proiektuak Bizkaiko Foru Aldundiaren Natura Ondarearen Zerbitzuaren txostena izan beharko du (186/2008 Foru Dekretua, Bizkaiko Foru Aldundiarena, abenduaren 9koa, Bizkaiko Lurralde Historikoan Arrain hiruarantzaren –Gasterosteus aculeatus (Linnaeus, 1758)– Kudeaketa Plana onetsi duena, espezie kaltebera delako eta bere babesak berariazko neurriak behar dituelako).

– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak adierazitakoaren arabera, proiektuak beharrezkoak diren neurriak jasoko ditu Bilbao Metropolitarraren Lurralde Plan Partzialean (EHU-Astrabuduako ibarreko hezegunea) definitutako lotura-korridore ekologikoaren funtzionaltasuna bermatzeko; adibidez, BI-747 errepidearen gainetik doazen pasabideak diseinatuko dira.

– «Leioako eta Erandioko (Bizkaia) Saltuena 39. sektorearen urbanizazio-proiektuak» lehengoratze-proiektu oso bat jasoko du, zeinak barne hartuko baititu memoria, planoak, preskripzio tekniko partikularren agiria eta aurrekontua; eta justifikatu beharko du proiektua egokitzen dela, Udondo ibaian, arrain hiruarantzaren (Gasterosteus aculeatus) eta bisoi europarraren (Mustela lutreola) habitataren eskakizunetara.

Lehengoratze-proiektuak, erabili beharreko espezieen proposamenean, ez ditu sartuko espezie exotiko inbaditzaileak, eta, zehazki, proposamenetik kenduko da mimosa (Acacia dealbata).

Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak azaldu bezala, harizti-baso misto atlantikoko espezie autoktonoak (Quercus robur, Fraxinus excelsior) landatzea gomendatzen da, a priori birlandaketa horiek aurreikusi ez diren sektoreko espazio libreetako eremu guztietan. Adibidez, etorkizuneko urbanizazioaren iparraldeko partzeletan, non THIC 6510 «Altitude baxuko sega-belardi pobreak» baitaude. Partzela horiei BI-647 errepiderako sarbidearen eraikuntzak eragingo die. Horretarako, Ihobek argitaratutako lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua kontuan hartzea gomendatzen da (Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua. Udalsarea 21 lan-koadernoak. 20b. zkia. Ihobe, 2017. https://www.ihobe.eus/sites/default/files/PUB-2017-017-f-C-001.pdf).

– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak ezarritakoa betetzeko, proiektuan flora aloktono inbaditzailea desagerrarazteko plan bat sartuko da. Plan horretan, obren fase bakoitzean erabili beharreko metodologia, makinak, erremintak, arropa eta bestelako elementuak zehaztuko dira, kokalekuan bertan erauzketa eraginkorra lortzeaz gain, behar diren neurriak har daitezen inbasiorik gabeko beste eremu batzuetara propaguluak eta haziak ustekabean ez barreiatzeko. Aipatutako plana idazteko orduan, bi lan hauek kontuan hartzea gomendatzen da: MITECOk Cortaderia spp. kudeatzeko argitaratutako estrategia-dokumentua (Estrategia de gestión, control y posible erradicación del plumero de la pampa (Cortaderia selloana) y otras especies de Cortaderia.MITECO, 2018. (https://www.miteco.gob.es/content/dam/miteco/es/biodiversidad/publicaciones/estrategias/estretegia_cortaderia_tcm30-478427.pdf eta URA-Uraren Euskal Agentziak gaiari buruz argitaratutako eskuliburua: EAEko ibai-eremuan landare inbaditzaileen espezieak kudeatzeko jardunbide egokien gidaliburua. URA Agencia Vasca del Agua, mayo 2021. https://www.uragentzia.euskadi.eus/contenidos/documentacion/manual_especies_invasoras/es_def/adjuntos/URA_21_Manual_Esp_Veg_Inv_Manual_Web.pdf).

– Baso-mozketaren ondorioz sortzen den sutarako egurra inguruko herritarrek erabiltzea sustatuko da. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2002 Legeak 27.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, «oro har, ez dago baimenduta nekazaritza- edo baso-ingurunean sortutako landare-hondakinak erretzea». Horregatik, eta moztuko den materia organikoaren zati bat lurzoruari emateak dituen onurengatik, tokian bertan birrindu beharko dira egurretarako balio ez duten landare-hondarrak, eta egurra eta hondakinak ez dira utziko jariatze-urak herrestan eraman ditzakeen lekuetan.

Uholde-arriskua txikiagotzeko eta jabari publiko hidraulikoa babesteko neurriak.

– Behar-beharrezko diren azaleretara mugatuko da zoladura edo okupazio iragazgaitza, eta drainatze jasangarriko sistemak erabili beharko dira (zoladura iragazkorrak, andelak edo ekaitzetarako gailuak eta abarrak); lehendik zegoen egoeraren aldean jariatzea handitzen bada, hori konpentsa daitekeela edo garrantzirik gabekoa dela bermatuko dute horien bitartez.

– Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko uholdeen aurkako babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoa beteko da, hargatik eragotzi gabe Uraren Euskal Agentziak zehazten duena Leioako eta Erandioko (Bizkaia) udal-mugarteetan, Elexalden, Saltuena 39. sektoreko jabari publiko hidraulikoko eta Udondo jariatzearen zaintza-eremuko urbanizazio-obrak baimentzeko orduan.

– Plan Hidrologikoaren araudian xedatzen denaren arabera, gogorarazten da ezen hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioek, baldin eta jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dutela.

– Ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea) uholde-arriskua duten eremuetan, uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere.

– Jabari publiko hidraulikoan eta horiekin lotutako babes-eremuetan egiten den jarduera orok Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko baimena beharko du, zeinak, beharrezkoa bada, dagozkion baldintzak ezarriko baititu.

Paisaia babesteko eta eragindako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen eremuetan ekidin egingo da landaredi autoktonoa moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak ezarriko dira nahitaez moztu edo inausi behar ez diren zuhaitzei kalterik ez egiteko.

– Obrak egiteko ezinbestekoa den eremurik txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo ezingo da inolaz ere eraginik sortu, non eta obra-zuzendaritzak eta ingurumen-laguntzak ez duten oniritzia eman sarbideak egiteko, materialak pilatzeko, instalazioak kokatzeko edo beste edozein jarduketa osagarri egiteko; bestalde, muga horietatik kanpo, ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Eremu horietatik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

– Obrak ukitutako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Obrak eremu urbanizatu gabeak ukitzen dituenean, lehengoratze-lan hori egiteko, berriro landatu behar dira landarez bete daitezkeen zonak.

– Lehengoratze edafikoa egiteko lanek dirauten bitartean, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko. Ildo horretatik, obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan koka litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke. Obrek irauten duten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.

– Era berean, kontrolatu egin beharko da landare-estalkia leheneratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria, eta saihestu egingo da flora inbaditzaileko espezieekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea (ingurumen-dokumentuak aipatzen du proiektuaren eremuan flora inbaditzaile ugari dagoela).

– Landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, obrek eragindako eremuak leheneratzeko eta landareztatzeko lanak errazte aldera. Gerora landareztatze-lanetan erabiltzeko kendutako landare-lurra modu egokian biltegiratuko da, eta saihestu egingo da hura trinkotzea, era desegokian pilatzea eta euria egiten duen egunetan manipulatzea. Gainera, metatutako lurrak egoki mantenduko dira, eta, behar izanez gero, hidroereinketa erabiliko da.

– Behin obra amaituta, jarduketa-eremua garbitzeko kanpaina zorrotz bat egingo da, eta ukitutako eremuen kalteak aztertu beharko dira, eta oneratu edo jatorrizko egoerara leheneratu.

– Ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, eta prozedura mekanikoak lehenetsiko dira.

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze naturaleko sarera, eta uren kalitateari eragiten ez zaiola bermatuko da. Gainera, atxikipen-sistema egokiak izan beharko dira, egiten diren balizko isurketek jabari publiko hidraulikoan eraginik ez dutela ziurtatzeko.

– Proposatutako neurrien funtzionamendua egokia dela kontrolatu beharko da, ekarpen solidoak jabari publiko hidraulikora irits ez daitezen.

– Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urik lurrazaleko ur-ibilguetara irits ez dadin.

– Obrako dekantazio-sistema guztietan dekantatutako jalkinak aldizka bildu eta behar bezala kudeatuko dira, haien ezaugarrien arabera. Bestalde, dekantazio-sistemetako efluenteen jarraipen analitikoa egingo da. Isurketa-baimenetan ezarritako mugak betetzen direnean bakarrik isuri ahal izango dira urak ibilgu naturaletara.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta makina horien mantentze-lanak egiteko eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta konponketa-lantegiko jarduerarik egin horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

– Ezinbestekoa den eremurik txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da eraginik izan, sarbideak egiteagatik, materialak biltzeagatik, instalazioak kokatzeagatik edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

– Hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak direla bermatzeko. Zangen, putzuen edo kutxatilen xukatzeetatik datozen urak ezingo dira isuri aldez aurretik iragazteko eta jalkitzeko tratamendurik egin gabe.

– Eremuan debekatuta dago hormigoi-makinen upelak garbitzea.

– Hormigoi-makinen kanaletak edo mahukak garbitu behar badira, berariaz horretarako egokitutako lekuetan egingo da garbiketa, eta erabilitako ura putzu berezietan tratatu beharko da isuri aurretik. Nolanahi ere, ibilgura zuzenean egiten diren isuri guztiek Uraren Euskal Agentziaren baimena izan beharko dute.

– Udondo ibaiaren ibilgua birkonfiguratzeko lanak egiterakoan, ibaira solido esekiak isurtzea eragozteko sistemak jarri beharko dira edo, dagokionean, partikula finen jalkitze- eta iragazte-hesi mugikorrak ipini obrak baino beherago.

– Udondo ibaiaren ibilguan obrak egitean uraren mailatik behera hondeatzen diren materialak berariaz diseinatutako eremuetan utziko dira aldi baterako, proiektuan aurreikusitako mugen barruan, harik eta helmugara garraiatzeko eta han onartzeko hezetasun-mailara iritsi arte.

– Ez da egingo lur-bilketarik ibai-ibilguen ingurumarietan.

– Obrek dirauten bitartean, urak har ditzakeen eremuetan ez da pilatuko materialik edo hondakinik urak husteko sekzioaren murrizketa nabarmena eragin dezakeenik, jabari publiko hidraulikoaren kutsadura edo narriadura ekar dezakeenik edota flotatu dezakeenik edo arrastatua izan daitekeenik eta, hala, drainatze-obrak eta zubiak buxatu.

– Ibilguaren 5 metroko zortasun-zerrendak egoera naturalean eta libre utziko dira, seinaleztapen-zintekin balizatuko dira, eremu horretan ibilgailurik ez sartzeko, materialik eta betegarririk ez pilatzeko, eta etxola, ontzi, itxitura, kutxatila eta bestelakorik ez jartzeko (behin-behinekoak zein behin betikoak).

– Ezingo da ibilguko urik bildu, hondakin-urik isuri eta ibilguan kokatutako ondasunik aprobetxatu aldez aurretik baimen administratiborik izan gabe.

– Zebra-muskuiluak (Dreissena polymorpha) arroa kolonizatu ez dezan, ibilguetatik gertu erabiltzen diren makinek eta elementu osagarriek arroko erakundeak onartutako desinfekzio-protokoloak bete beharko dituzte. Protokolo horiek Uraren Euskal Agentziaren webgunean daude eskuragarri. Uraren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzak, beren eskumenak erabiliz, egoki iruditzen zaizkien ikuskapenak egin ahal izango dituzte, baimendu diren obrak eraikitzeko garaian nahiz obra horiek ustiatzeko garaian.

– Baimenaren titularra den pertsona edo erakundeak husteko ohiko egoeran utzi beharko du ibilgua, baita baimena errebokatzen bada ere, eta behar beste neurri hartu ahal izango dira eginbehar hau beteko dela ziurtatzeko.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Ehiza eta Arrantza Atalak ezarritakoaren arabera, baldintza hidrologiko-hidrauliko hauek beteko dira:

• Ez ibilgura ez ertzetara, ezta horietatik gertu dauden lekuetara ere, ez dira isuriko inguruan eragin kimiko edo mekanikoa izan dezaketen gaiak; besteak beste, karea, zementua, koipeak, gasolina, pinturak, obra-hondakinak edo beste edozein material.

• Udondo ibaiaren jabari publiko hidraulikoaren zortasun- eta zaintza-eremua modu iraunkorrean zuinkatu eta seinaleztatu beharko da, jarduketa mugakidearen perimetro osoan, eta bermatu beharko da makinek ez diotela ibaiertzeko landarediari eragiten. Gainera, berariaz debekatuko da zerrenda horren barruan edozein material mota pilatzea edo biltegiratzea.

• Udondo ibaitik gertu egiten diren esku-hartze guztietan kontu handiz jardungo da, jalkinak arrastatzea eta urak kutsatzea saihesteko. Horretarako, solidoei eusteko teknikak (geotestil-iragazkiak, euste-dikeak) eta babes egokiak ezarriko dira edozein lur-mugimendu hasi aurretik.

• Udondo ibaiaren ibilgu arruntarekiko legezko gutxieneko distantziak errespetatuko dira, bereziki urbanizazioa ibaiaren paraleloan egiten den eremuetan.

• Erabat debekatuta dago makinak edo ibilgailuak garbitzea ibilguaren inguruan edo ibilgura jariatzeko arriskua dagoen eremuetan.

• Ingurumena zaintzeko neurriak hartuko dira obrek dirauten bitartean, eta arreta berezia jarriko da Udondo ibaira aldi baterako edo behin betiko deskargatzeko puntuetan eta proiektuaren ingurumen-dokumentuan identifikatutako eremu kalteberetan.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak murrizteko neurriak.

– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko –bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makinen mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarretan ere.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Proiektuak eragina duen eremuan, obrek eragindako zaratak ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak; hori guztia, aipatutako dekretuaren 35 bis artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe.

Sei hilabete baino gehiago irautekoak diren lanetan, inpaktu akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, zer zuzenketa-neurri behar diren zehazteko.

Obrek irauten duten bitartean Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako muga-balioak eta kalitate akustikoko helburuak gainditzen badira, neurri zuzentzaile egokiak ezarriko dira, eta neurriak ezarri arren gainditzen jarraitzen badira, administrazio eskudunak berariazko baimen bidez aldi baterako eten egingo ditu ezarri daitezkeen mugak, obrak egiten diren bitartean.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio hori Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.

– Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai jarduketa-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako soilduta dauden edo ibilgailuak igarotzean partikulak aireratu daitezkeen pista eta eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

– Obra-eremuetako irteeretan ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak atxikitzeko sistema eta guzti. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, kasuak hala eskatzen badu, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.

– Edozein inguruabar dela-eta hondeaketako soberakinak pilatzeko biltegiak eraiki behar izanez gero proiektuaren eremutik kanpo, betelan-proiektu bat idatzi beharko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari egokituko zaio. Horretaz gain, beste alderdi hauek ere jasoko dira proiektuan: kontuan hartutako kokaleku bakoitzerako ingurumen-eraginaren analisia, hartutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako leheneratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua.

– Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin tipologia desberdinetako hondakinak edo efluenteak elkarren artean edo beste batzuekin nahastea; jatorritik bertatik bereiziko dira, eta biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihur badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.

Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko ontziak edo bilgarriak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Era berean, obrak gauzatzean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lekuak detektatzen badira, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, besteak beste helburu hauek ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.

– Arriskuan dauden fauna-espezieen intereseko eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

– Hondakinen isurpenak saihestea, bai eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ere.

– Obretan sortutako hondakinak modu egokian kudeatzea.

– Proiektuaren eraginpeko eremuaren inguruko biztanleei zaratak eta hautsak eragindako eragozpenak saihestea.

Garbiketa eta obra bukatzea.

Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetan xedatzen dena aplikatuko da.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du.

Ingurumen-aholkulariek, gainera, obra egiteko jardunbide egokiak baliatzen diren begiratuko dute. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko dute, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, isurtzeak, hondakinen kudeaketa eta natura- eta kultura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta adierazitako kontrolak ezartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen Leioako eta Erandioko (Bizkaia) Saltuena 39. sektorea urbanizatzeko Eurocis Inmuebles 10 SLk sustatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Leioako eta Erandioko Udalei.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala