
65. zk., 2026ko apirilaren 9a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (130 KB - 3 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1513
601/2026 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deialdi publikoa egiten baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Estrategiako, Eraldaketako eta Komunikazioko zuzendariorde lanpostua izendapen askez hornitzeko.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Estrategiako, Eraldaketako eta Komunikazioko zuzendariorde lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Zuzendaritza Nagusi honek erabaki du deialdi publikoa iragartzea aipatutako lanpostua izendapen askez hornitzeko, oinarri hauen arabera
OINARRIAK
Lehenengoa.– Ebazpen honen bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Estrategiako, Eraldaketako eta Komunikazioko zuzendariorde lanpostuaren deialdia egiten da, eta bertara hauek aurkez daitezke: A1/A2 lanbide-taldean lanpostua jabetzan daukaten Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeei atxikitako langile finkoak (karrerako funtzionarioak, estatutupekoak nahiz langile lan-kontratudunak), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko nahiz bere erakunde autonomoetako funtzionarioak eta jarraian agertzen diren baldintzak betetzen dituen beste edozein langile:
1.– Titulazio akademikoa: Ingenieritzako, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako edo antzeko lizentzia edo univertsitate-gradua izatea.
2.– Lan-esperientzia: Gutxienez 5 urteko lan-esperientzia izatea A1/A2 lanbide-taldeetako zereginetan.
3.– Deialdiko lanpostuak euskararen 3. hizkuntza-eskakizuna du esleituta, eta derrigortasun-data iraungita du.
Bigarrena.– Deitutako lanpostuak eginkizun hauek ditu:
1.– Plangintza estrategikoa eta jarraipena.
– Plan Estrategikoaren diseinua eta hedapena: Lidergo lanak egitea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren plan estrategikoa egiteko eta eguneratzeko orduan, Euskal Osasun Itunarekin eta Osasun Sailaren gainerako gidalerro eta estrategiekin bat lerrokatuta.
– Kudeaketa estrategikoaren kontrola: Jardunaren adierazle gakoen (KPIak) jarraipena definitzea eta egitea. KPIek helburu estrategikoen betetze-maila neurtzen dute zerbitzu-erakunde guztietan.
– Kontratu-programen koordinazioa: Osasun Sailarekin egindako kontratu-programetan jasotzen diren helburu asistentzialak eta kudeaketakoak zehazten laguntzea.
2.– Sistemaren eraldaketa eta modernizazioa.
– Eraldaketa digitala bizkortzea: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan eraldaketa digitalaren gobernantza definitzea eta berrikuntza- eta ikerketa-proiektuen integrazioa bultzatzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan eraldaketa digitala ahalbidetzeko (teknologia berriak, telemedikuntza adimen artifiziala eta abar).
– Aldaketaren eta prozesuen kudeaketa: Antolaketa-prozesuen berringeniaritza sustatzea, emaitzetan eta balioan oinarritutako eredu baterantz aurrera egiteko osasunaren arloan, burokrazia murriztuta eta fluxu asistentzialak optimizatuta.
3.– Komunikazioa eta harreman instituzionalak.
– Komunikazio korporatiboko estrategia: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren barne-komunikazioko politika definitzea, erakunde osoan mezu instituzionalaren koherentzia ziurtatzeko eta Osasun Sailaren komunikazio eta harreman instituzionalen arloarekin koordinatzeko.
– Nortasunaren eta irudiaren kudeaketa: Marka instituzionalaren erabilera gainbegiratzea eta herritarrei zuzendutako informazio sanitarioko kanpainak koordinatzea.
4.– Dibisioen arteko zeharkako koordinazioa.
– Koordinatzea Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzaren, Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzaren eta Estrategia Ekonomikoko eta Eraldaketako Zuzendaritzaren azpitaldeen eraldaketa-proiektuak, behar den babes operatiboa eta aurrekontua dutela bermatzeko.
Hirugarrena.– Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak. Horretarako 10 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.
Laugarrena.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek, eskabidearekin batera, curriculum vitaea aurkeztu beharko dute, eta bertan honakoa adierazi beharko dute:
– Titulu akademikoak.
– Orain arte betetako lanpostuak.
– Lanbidean eta kudeaketa sanitarioan izandako esperientzia.
– Ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki iritzitako beste edozein merezimendu.
Izangaiek eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera. Halaber, argitalpenak, txostenak edo egoki iritzitako beste edozein agiri ere aurkez dezakete.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan azaldu den moduan; hala ere, izangaiak horren berri eman beharko du eskabidean.
Bosgarrena.– Deialdi hau Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Seigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 17a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.
RSS