Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2026ko apirilaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1512

558/2026 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Bidasoko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Administrazioko Taldeko buru (Kontabilitateko Arloa) lanpostu bat izendapen askez hornitzeko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bidasoko Erakunde Sanitario Integratuan.

Bidasoko ESIko Administrazioko Taldeko (Kontabilitate Arloa) buru lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du deialdi publikoa iragartzea, lanpostu hori izendapen askez hornitzeko, oinarri hauen arabera

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

– Estatutupeko, funtzionario edo langile lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetan eta lanpostua jabetzan edukitzea C2/D2 lanbide-taldean.

– C2/D2 lanbide-taldeko titulua edukitzea.

– Gutxienez 2 urteko lan-esperientzia izatea C2/D2 lanbide-taldean.

– 2. hizkuntza-eskakizuna (derrigortasun-data iraungita).

– Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

– Arloaren kudeaketari buruzko proiektu-memoria egitea.

– Prestakuntza edota esperientzia izatea kontabilitate orokorrean eta kontabilitate analitikoan.

– Ezagutza edota esperientzia izatea zordunen fakturazioak kudeatzen (espedienteen kudeaketa, hirugarrenentzako fakturazioa).

– Ezagutza edota esperientzia izatea programa-kontratuen fakturazioak eta atzerriko herrialdeei egindako fakturazioak kudeatzen.

– Prestakuntza eta/edo esperientzia diruzaintzaren kudeaketa egiten (Cash-Pooling), diruzaintzaren aldizkako aurreikuspenak egiten eta ordainketak egiten eta kontrolatzen: nomina-fitxategia, atxikipen judizialak, hornitzaileei ordaintzeko sorta, transferentziak eta diru-sarreren kudeaketa.

– Esperientzia izatea kontabilitate eta diruzaintzaren arloarekin lotutako txostenak egiten (sozietate arteko likidazioa, zordunei kobratzea, balantzea, emaitzen kontua).

– Zerbitzuaren jarduerari lotutako taldeak zein prozesuak planifikatzeko eta antolatzeko gaitasuna, bai eta jarduera horren garapenari lotutako bitartekoak koordinatzeko gaitasuna ere.

– Prestakuntza eta/edo esperientzia aplikazio informatiko hauetan:

a) SAP logistika eta finantzak. (SAP ERP Kudeaketa Ekonomiko-Finantzarioa).

b) Aplikazio informatiko klinikoak (EOsabide, Osabide AP, etab.).

c) Business lntelligence tresnak: OBIEE/OAS (ekonomiko-finantzarioa, asistentziala), Qlikview, beste batzuk.

d) Aurrekontuak egiteko tresnak (SAP BWP BI Aurrekontuen kudeaketa-Analyzer).

e) Hirugarrenei eta atzerriko herrialdeei fakturatzeko tresnak (CEXIL, TIREA, FISSWEB, etab.).

f) SAP Invoice Management (SAP VIM) (fakturazio elektronikoa) erabiltzen jakitea.

g) Ofimatika: Word, Excel, Access, PowerPoint, Outlook.

Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

4.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bidasoko ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak (Zubieta finka, Mendelu auzoa z.g., 20280 Hondarribia). Horretarako 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.

Interesdunek Bidasoko ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Zubieta finka, Mendelu auzoa z.g., 20280 Hondarribia), beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.

– Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.

– Unitatearen kudeaketari buruzko proiektu-memoria.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Curriculum Vitae aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan azaldu den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman beharko du eskabidean.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horien berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.

6.– Hautaketa-prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bidasoko ESIko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren intranetean zein webgune korporatiboan argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hondarribia, 2026ko martxoaren 16a.

Bidasoko ESIko zuzendari-gerentea,

PEDRO MORRONDO VALDEOLMILLOS.


Azterketa dokumentala