
64. zk., 2026ko apirilaren 8a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (103 KB - 3 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1482
45/2026 DEKRETUA, martxoaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko Dekretua aldatzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legeak jasangarritasun energetikoaren batzordeak sortzen ditu administrazio bakoitza osatzen duten erakundeak koordinatzeko organo izateko; legeak lortu nahi dituen helburuak lortze aldera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko azaroaren 10eko 254/2020 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Jasangarritasun Energetikorako Batzordea izeneko organoaren osaera, funtzioak eta funtzionamendua arautzen ditu.
Ondoren, Eusko Legebiltzarrak Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren otsailaren 8ko 1/2024 Legea onartu zuen. Lege horrek, lehen aipatutako Jasangarritasun Energetikorako Batzordeari esleitzen zion azken lege horren helburuak lortzeko koordinazio-eginkizuna. Aurrerantzean, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Batzordea izena hartu zuen.
Azkenik, otsailaren 8ko 1/2024 Legearen 5. artikuluaren bosgarren apartatuak adierazten du erregelamendu bidez zehaztuko dela Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Batzordearen osaera, gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatua bermatuz. Horrenbestez, dekretu honen xedea da, kide berriak sartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Batzordean; eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko azaroaren 10eko 254/2020 dekretuan behar diren aldaketak egitea.
Hori horrela, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 24an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko azaroaren 10eko 254/2020 Dekretuaren 10. artikuluaren 1. apartatuaren c) azpiapartatua aldatzea.
Batzordekide berriak gehitzen zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko azaroaren 10eko 254/2020 Dekretuaren 10. artikuluaren 1. apartatuaren c) azpiapartatuari, eta honela geratuko da idatzita:
«10. artikulua.– Osaera.
c) Batzordekideak:
• Energiaren alorreko eskumena duen sailburuordea.
• Ingurumenaren alorreko eskumena duen sailburuordea.
• Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia.
• Ihobe SA Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko zuzendari nagusia.
• Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren energia-jarduketako unitate bakoitzeko pertsona bat, erabakitzeko eta jarduteko gaitasuna duena, otsailaren 21eko 4/2019 Legeak ezarritako betebeharren betetze tekniko, legezko eta ekonomikoaren esparruan.
Energia-jarduketako unitatea Eusko Jaurlaritzako sail bati dagokionean, dagokion sailak bere sailburuordetzen edo zerbitzu-zuzendaritzaren titularren artean izendatutako pertsona izango da batzordekidea.
Energia-jarduketako unitatea Eusko Jaurlaritzako sail bateko sailburuordetza jakin bati dagokionean, batzordekidea sailburuordetza horretako titularra izango da, edo, bestela, zerbitzu zuzendaritzako titularra, aurrez dagokion sailak izendatu ondoren.
Energia-jarduketako unitatea erakunde autonomo, ente edo sozietate publiko bati dagokionean, bertako zuzendaritza nagusiko edo antzeko organoko titularra izango da batzordekidea. »
Bigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko azaroaren 10eko 254/2020 Legearen 15 artikulua aldatzea.
1.– Paragrafo bat gehitzen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko azaroaren 10eko 254/2020 Dekretuaren 15. artikuluaren 1. apartatuari, eta honela idatzita geratzen da:
«15. artikulua.– Lantalde teknikoa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Batzordearen lantalde teknikoa sortzen da, batzordeari laguntza eta babesa emateko.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa banatuta dauden energia-jarduketako unitateak koordinatzen dituzten pertsonek osatuko dute lantaldea.
Era berean, energiaren eta ingurumenaren arloan eskumena duten sailburuordetzek, Energiaren Euskal Erakundeak eta Ihobe SA Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak izendatutako beste kide batzuek ere osatu ahal izango dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Batzordearen jarduketa-unitatearen izenean jarduten duen batzordekideak proposatuko du jarduketa-unitatearen izenean lantalde teknikoan parte hartuko duen pertsona.
Lantalde teknikoko kide izateko pertsonaren proposamena lantalde teknikoko buruari bidaliko zaio, izenda dezan, eta, onartzen badu, izendapen hori lantalde teknikoaren hurrengo bilerako gai-zerrendan sartuko du.»
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko azaroaren 10eko 254/2020 Dekretuaren 15. artikuluari 8. apartatua gehitzen zaio, eta honela idatzita geratuko da:
«8.– Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskal Bulegoak babesa eta laguntza emango dizkio lantalde teknikoari, gai horiekin lotutako eginkizunak bete ditzan».
XEDAPEN GEHIGARRIA BAKARRA
Indarreko araudiak «Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeari» egiten dizkion aipamen guztiak «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Batzordeari» egindakotzat joko dira.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 24an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
RSS