Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2026ko apirilaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
1468

EBAZPENA, 2026ko martxoaren 4koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baitira kontsumitzaileen erakundeei 2026ko ekitaldian dirulaguntzak emateko oinarriak eta deialdia.

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erakundeak irabazi-asmorik gabeko entitateak dira, eta haien helburua kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interes legitimoak defendatzea da, bai eta pertsona horiei informazioa, prestakuntza eta hezkuntza ematea ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10. artikuluan ezartzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestearen arloan.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko 4/2023 Legearen 61. artikuluan, asoziazionismoa aitortu eta sustatzen da, eta, zehazki, aitortzen da Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak ordezkaritza- eta partaidetza-bide izango direla kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak defendatzeko.

Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutua 9/2007 Legearen bidez sortu zen, Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatu eta babesteko baliatzen dituen politikak zehaztu, planifikatu, sustatu eta gauzatzeko. Institutuaren eginkizunen artean dago kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteko eta babesteko elkarteen eta entitateen garapena indartzea eta sustatzea, eta aktiboki eta diruz lagunduz lan egitea elkarteekin aholkularitza-, defentsa- eta informazio-lanetan.

2024ko abenduaren 17an, Kontsumobideren zuzendariaren ebazpen baten bidez, organismo autonomo horren Dirulaguntzen plan estrategikoa onartu zen, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 6.1 artikuluan ezarritakoa betez. Plan estrategiko hori organismo autonomoaren web-orrian argitaratuta dago.

Azaldutakoak oinarritzat hartuta eta kontuan izanik Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorrean xedatutakoa, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Azaldutako helburuak kontuan hartuta, kontsumitzaileen erakundeei 2026ko ekitaldian dirulaguntzak emateko deialdia arautu eta onartuko da, publizitate-, eta objektibotasun-printzipioei jarraituz, hala aurreikusten baita Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariaren 2024ko abenduaren 17ko Ebazpenean, zeinaren bidez onartzen baita Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa (2025-2028).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetako dirulaguntzak arau hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako erregulazioa eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek administrazio-bidea agortzen du, eta beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatu aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 4a.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,

ANA MARÍA SÁNCHEZ HERRÁEZ.

ERANSKINA
KONTSUMITZAILEEN ERAKUNDEEI 2026KO EKITALDIAN DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA

1. artikulua.– Eremua eta xedea.

Ebazpen honen bidez, kontsumitzaileen erakundeei 2026ko ekitaldian dirulaguntzak emateko deialdia arautuko eta onartuko da. Dirulaguntzak erakunde horien instalazioetako funtzionamendu- eta mantentze-gastuetarako emango dira, jarduera hauek egiteko:

1. lerroa, "Kontsumitzaileei arreta ematea»: diruz lagunduko dira kontsumitzaileen erakundeen funtzionamendu orokorraren ondoriozko gastuak, jarduera hauek egiteko:

– Kontsumitzaileek aurkezten dituzten kontsultei erantzutea.

– Erreklamazioak kudeatzea eta kontsumo-harremanei dagozkien gatazketan bitartekotza-lanak egitea.

– Kontsumitzaileei zuzendutako prestakuntza- eta informazio-ekintzak.

2. lerroa, «Laguntza juridikoa»: diruz lagunduko dira erakundeek kontsumitzaileei emandako laguntza juridikotik eratorritako gastuak; esate baterako, honako hauek:

– Elkarteko aholkulari juridiko batekin izandako kontsultak.

– Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren epaiketetan kontsumitzaileen eskubideak eta interesak defendatzea.

– Kontsumitzaileen multzoari zuzendutako orientazio juridiko orokorrak.

– Bukarazte-akzioak aurkeztea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 505.820 eurokoa da: 379.365 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 126.455 euro 2027ko konpromiso-kredituari, zeinak programan aurreikusita baitaude.

2.– Aurreko paragrafoan jasotako ekonomia baliabideen kopuru osoa honela banatzen da, 1. artikuluan ezarritako kontzeptu diruz lagungarri bakoitzerako:

1. lerroa («Kontsumitzaileei arreta ematea») finantzatzeko: 277.160 euro; horietatik 207.870 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 69.290 euro, 2027ko konpromiso-kredituari.

2. lerroa («Aholkularitza juridikoa») finantzatzeko: 228.660 euro; horietatik 171.495 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 57.165 euro, 2027ko konpromiso-kredituari.

3.– Diruz lagundu daitezkeen lerroak finantzatzeko baliabide ekonomikoei dagokienez, lerro bateko kreditua agortu gabe geratzen bada, geldikina beste lerro bateko laguntzak finantzatzeko erabili ahal izango da.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradun izateko, kontsumitzaileen erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Beren helburu bakarra Kontsumobideren eskumeneko kontsumo-eremuetan kontsumitzaileak defendatzea izatea.

b) Eskabidea aurkezteko unean izena emanda egotea EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan (abenduaren 28ko 262/2021 Dekretuan aipatzen da erregistro hori), bat etorriz Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko apirilaren 27ko 4/2023 Legearen 75. artikuluan ezarritakoarekin.

c) Beren jardun-eremuak Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzea.

d) Kontsultak egiteko, arreta emateko eta kontsumitzaileek aurkeztutako erreklamazioak kudeatzeko zerbitzu bat izatea.

e) Aholkularitzako eta laguntza juridikoko zerbitzu bat izatea; zerbitzu horretan, zuzenbideko lizentziatura edo gradua duten pertsonak arituko dira.

2.– Entitate eskatzaileek baldintzak bete beharko dituzte, eta ezin dute eduki Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekurik.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Lerro bakoitzean, gastu hauek lagundu daitezke:

1. lerroa: kontsumitzaileei arreta ematea.

Lokalen alokairuak, gehienez ere hiru alokairu erakunde eskatzaileko; horiek publikoari irekitako bulegoak izan beharko dute.

Langileen gastuak.

Finantza-gastuak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 30.7 artikuluan ezarritakoarekin bat datozenak.

Beste gastu orokor batzuk, eskabidearen aurrekontu-apartatuan behar bezala zehaztuta (zerbitzu profesionalak, bulegoko materiala, kontserbazioa eta garbiketa, aseguruak, hornidurak, kanpoko kontratazioak eta beste batzuk).

2. lerroa: laguntza juridikoa.

Aholkularitza juridikoko eginkizunak betetzen dituzten langileak. Aholkulari juridiko profesionalen minutak. Adituen azterlanak.

Bukarazte-akzioak egikaritzetik eratorritako beste gastu batzuk.

2. lerroko jarduera gauzatzeko lanak osorik kontratatu ahal izango dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritako baldintzak betez.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen muga kuantitatiboa merkatuaren balioa izango da, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira.

Diruz lagun daitekeen gastu bakoitzeko, baldin eta zenbatekoa 15.000,00 eurokoa (BEZik gabe) edo handiagoa bada, gutxienez hiru aurrekontu eskatu direla egiaztatu beharko da. Proposamen onuragarriena hautatzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da zergatik hautatu den hori, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Prozedura honetako izapide guztiak elektronikoki egingo dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-tramite/eu/

3.– Eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta 7. artikuluan eskatutako dokumentazioa erantsi beharko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira eskabideak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028311

4.– Eskabidearen ondoko izapideak, hemen egin daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa. Prozeduran, entitateak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Izapidetze-lana ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://euskadi.eus/ordezkariak

6. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.

1.– Kontsumobidek ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak EAEko kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan inskribatuta daudela. Halaber, ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eskatzaileak berariaz baimena ukatzen ez badu; uko eginez gero, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, baldintza hauek betetzen direla ziurtatu beharko da:

a) Eskatzailearen helburu bakarra Kontsumobideren kontsumo-eremuetan kontsumitzaileak defendatzea dela.

b) Bere jardun-eremuak Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzen duela.

c) Aholkularitza emateko eta laguntza juridikoa emateko zerbitzua eskaintzen duela.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

e) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez duela, ez eta horretarako legezko debekurik ere.

f) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako gainerako debekurik ez duela.

g) Eskatzailea itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta dagoen edo ez.

h) Ez duela gainfinantzaketarik, eskatutako laguntza jarduera berberetarako onartuta edo ordainduta dauden besten laguntza batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonda. Nolanahi ere, etorkizunean edozein administraziotik edo ente publiko zein pribatutik helburu bererako laguntzarik jasoz gero, laguntza likidatu arteko aldian, horren berri eman beharko da.

Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datuen egiazkotasuna edozein unetan egiaztatu ahal izango da. Adierazpen horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako betekizunak bete behar ditu.

Entitate eskatzaileak edo horren ordezkari gisa jarduten duen pertsonak bere erantzukizunpean adierazi beharko du eskabidean jasotako datuak egiazkoak direla, indarrean dagoen legedian eskubidea izateko ezarrita dauden eskakizunak betetzen dituela eta hori egiaztatzen duten dokumentuak dauzkala, eta, dirulaguntza jasoz gero, dirulaguntzari dagokion aldian aipatu baldintzak betetzeko konpromisoa hartzen duela.

7. artikulua.– Dokumentazioa.

Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpena barne, agiri hauekin batera aurkeztu beharko da. Oro har:

2025eko abenduaren 31ko egoera ekonomikoaren balantzea, bazkide-kuotetatik ez datozen beste diru-sarrera propio batzuk jasotzen dituena.

Horrez gainera, 1. lerroko eskabideetarako:

2026an eskaini nahi den kontsumitzaileentzako arreta-zerbitzuari buruzko memoria zehatza. Memoria horretan, honako hauek jaso beharko dira: zerbitzuaren ardura izango duten langileen zerrenda, dedikazio-orduak eta jardueraren deskribapena. Prestakuntza-jardueren kasuan, prestakuntza-plan bat aurkeztu beharko da. Plan horretan, hitzaldiak eta ikastaroak sartuko dira, eta horietako bakoitzean gutxienez 8 lagun bertaratzea eskatuko da.

Horrez gainera, 2. lerroko eskabideetarako:

2026an eskaini nahi den zerbitzu juridikoari buruzko memoria zehatza. Memoria horretan, honako hauek jaso beharko dira: zerbitzuaren ardura izango duten langileen zerrenda, dedikazio-orduak eta jardueraren deskribapena.

Txosten bat, zeinean jasoko baita 2025ean zenbat demanda aurkeztu ziren kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko. Aurkeztutako demanda judizialak izapidetzeko onartu direla egiaztatzen duen frogagiria erantsi beharko zaio txosten horri, bai eta, egonez gero, dagozkion epaien kopia ere.

2025ean gauzatu diren eta deialdiaren urtean gauzatzea espero diren bukarazte-akzioei buruzko txostena eta kopia.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsen zuzenketa.

Dirulaguntzetarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Institutuak falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko du, eta, horretarako, hamar egun balioduneko epea –jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita– emango du. Horretaz gainera, eskatzaileari ohartaraziko zaio eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela, aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak emateko prozedura lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozedura izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 19. artikuluarekin bat.

10. artikulua.– Organo kudeatzailea eta balorazio-batzordea.

1.– Deialdi honetan jasotako laguntzen organo kudeatzailea Kontsumobideko Plangintza, Azterketa, Informazio eta Prestakuntzarako Unitatearen arduraduna izango da.

2.– Aurkezten diren eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko, Hautaketa Batzorde bat eratuko da, honako hauekin osatuta:

– Batzordeburua: Merkatuaren Kontrolerako Unitateko arduraduna.

– Erreklamazioetarako, Bitartekaritzarako eta Arbitrajerako Unitatearen arduraduna.

– Plangintza, Azterketa, Informazio eta Prestakuntzarako Unitateko kontsumo-teknikaria.

– Zerbitzu Orokorretako Unitateko aholkulari juridikoa; idazkari arituko da.

3.– Batzorde horrek gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak, ebazpen honen 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideekin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17. artikuluan xedatuarekin bat etorriz.

4.– Batzordeak beharrezko irizten badio, informazio eta agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkie entitate eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak hobeki ulertu ahal izateko.

5.– Batzordeak, garaiz eta behar bezala aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta eskabideak ebaluatu ondoren, txosten bat egingo du ebaluazioaren emaitza zehazteko.

6.– Organo kudeatzaileak, balorazio-batzordearen txostena ikusita, ebazpen-proposamena egin du.

11. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Entitate onuradunek lerro bakoitzerako lor dezaketen gehieneko zenbatekoa onartutako aurrekontuaren % 100 izango da; gehienez, 102.000 euro.

12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Ebazpen-proposamen bat egiteko, balorazio-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

– 1. lerroa: kontsumitzaileei arreta ematea.

2025ean kudeatutako erreklamazioen kopurua: 20 puntu gehienez; 0,05 puntu erreklamazio bakoitzeko. Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako erreklamazioak soilik hartuko dira kontuan. Ez dira onartuko bikoiztasunik edo irregulartasunik badute.

2025ean jaso eta artatutako kontsulten kopurua: 15 puntu gehienez; 0,01 puntu kontsulta bakoitzeko. Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako kontsultak soilik onartuko dira.

Kontsumobiden aurkeztutako eta zehapen-prozedura administratiboak eragin dituzten salaketen kopurua: 5 puntu gehienez; 1 puntu salaketa bakoitzeko.

Astean gutxienez 15 orduz publikoari irekitako bulego bakoitzeko, zeinetan 2025ean gutxienez 50 erreklamazio izapidetu baitira: 5 puntu; 15 puntu gehienez.

2025ean kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko aurkeztutako bukarazte-akzio judizialen kopurua: 5 puntu akzio bakoitzeko; 20 puntu gehienez.

Elkarteko kuota ordaindua duten bazkideen kopurua 2025ean. Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan eskabideak aurkezteko azken egunean ageri diren moduan hartuko dira datuak.

200 eta 400 bazkide bitartean: 5 puntu.

401 eta 600 bazkide bitartean: 7 puntu.

601 eta 800 bazkide bitartean: 10 puntu.

801 bazkide baino gehiago: 15 puntu.

2024arekin alderatuta bazkide kopurua igotzeagatik:

% 10era arteko igoera: 2 puntu. % 20ra arteko igoera: 4 puntu. % 40ra arteko igoera: 6 puntu. % 40tik gorako igoera: 7 puntu.

Entitate eskatzaileak deialdiaren aurreko urtean izandako diru-sarrerak: 1 puntu emango da entitatearen 4.000 euroko diru-sarrera bakoitzeko; 15 puntu gehienez. Ez dira kontuan hartuko Kontsumobidek emandako dirulaguntzetatik eratorritako diru-sarrerak eta bazkideen kuotetatik eratorritakoak.

2025ean egindako prestakuntza- eta informazio-ekintzengatik:

Hitzaldiengatik, betiere gutxienez 8 lagun bertaratu badira, 1 puntu; 5 puntu gehienez.

Ikastaroengatik, betiere gutxienez 4 orduko iraupena izan badute eta gutxienez 8 lagun bertaratu badira, 3 puntu; 9 puntu gehienez.

Hitzaldiak eta ikastaroak egin aurretik, ezinbestekoa izango da Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutura deialdia bidali izana.

Komunikazio-ekintzengatik, 3 puntu; 15 puntu gehienez.

Puntuazio guztia batu ondoren, 100 puntuko eskalara ekarriko da, hiruko erregela aplikatuz.

– 2. lerroa: laguntza juridikoa.

2025ean kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko aurkeztutako bukarazte-akzio judizialen kopurua: 30 puntu gehienez; 5 puntu akzio bakoitzeko.

2025ean kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko aurkeztutako demanda judizialen kopurua: 70 puntu gehienez; 1 puntu demanda bakoitzeko.

1.– 1. eta 2. lerroen kalkulua.

Eskatzaile bakoitzak lerro bakoitzean lortutako puntuazioa lerro bakoitzaren ataletan lortutako puntuazio guztien batura izango da. Lerro bakoitzean puntuazio handiena lortu duen eskatzaileari aurkeztu eta onartutako aurrekontuaren % 100eko dirulaguntza esleituko zaio, 11. artikuluan jasotako mugak kontuan hartuta. Gainerako eskatzaileei proportzionalki kalkulatuko zaie dirulaguntzaren ehunekoa.

Behin aurkeztutako eta onartutako aurrekontuen balorazioan lortutako ehunekoak aplikatuta, eta 2.2 artikuluko lerroetako bakoitzarentzat aurreikusitako mugak kontuan hartuta, baldin eta eman beharreko dirulaguntzen guztirako zenbatekoak eskuragarri dagoen aurrekontu-kreditua gainditzen badu, kontsumitzaileen erakunde onuradun guztiei dagokien banaketa proportzionala aplikatuko zaie.

13. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1.– Deialdi honetan ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek mota bereko gastuak finantzatzeko emandako edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, bai eta helburu bera duen beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.3 artikuluaren arabera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen bada –beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– edo deialdi honetan ezarritako finantzaketa publikoaren gehieneko ehunekoa gainditzen bada, jaso beharreko dirulaguntza dagokion kopurura murriztuko da. Bazkide-kuoten bidez lortzea aurreikusten diren diru-sarrera guztiak 1. eta 2. lerroetarako aurrekontuei egotzi beharko zaizkie, baldin eta biak eskatzen badira, edo eskatzen den lerrokoari, bat bakarrik eskatzen bada.

3.– Gainfinantzaketa itzulketa-betebehar bera aurreikusita duten beste laguntza batzuekin konkurrentzian sortzen bada, itzuli beharreko kopurua proportzionala izango da diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean emandako laguntzaren ehunekoarekiko.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eskabideak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko ditu, organo kudeatzaileak proposatuta.

2.– Emango den ebazpenak eskatu dirulaguntzak emango diren edo ukatuko diren zehaztuko du. Ematea erabakiz gero, honako hauek adieraziko dira: entitate onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua eta emandako zenbatekoa, urtez urteko banaketarekin. Dirulaguntzak ukatuz gero, entitate eskatzailearen izena eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.

3.– Deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.

4.– Ebazpenak elektronikoki jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, aurreko apartatuan ezarritako jakinarazpenik egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako zenbatekoaren % 75, aldeko ebazpena hartzen den unean, behin 17. artikuluan aipatzen den epea igarota. Gainerako % 25a, ebazpen honen 4. artikuluan jasotako gastuen guztizkoa justifikatu ondoren.

2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/altaterceros

3.– Ez da ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutakoak betetzen ez baditu edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpen baten ondorioz zorduna bada.

16. artikulua.– Dirulaguntzak justifikatzea.

1.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, onuradunak fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan balioa duten edo eraginkortasun administratiboa duten froga-balio baliokidea duten dokumentu digitalizatuak aurkeztu beharko ditu, bai eta ordainketaren frogagiriak ere, Administrazio Prozedurari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 27. artikuluan xedatutakoaren arabera. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza ere aurkeztuko du, zenbatekoa eta jatorria adierazita. Justifikatzeko azken eguna 2027ko martxoaren 15a izango da.

1. lerroaren («Kontsumitzaileei arreta ematea») justifikazio-agiriak:

a) Egin diren ekintzen memoria.

b) Jardueren memoria ekonomikoa, jardueraren gastuak jasoko dituena. Honako hauek zehaztuko dira: hartzekoduna, haren IFZa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data, hala badagokio. Gastuak eta inbertsioak honela sailkatuko dira: a) zerbitzu profesionalak; b) lokalen alokairua; c) bulegoko materiala; d) kontserbazio- eta garbiketa-gastuak; e) aseguruen primak; f) hornidurak (telefonia, ura, elektrizitatea); g) kanpoko kontratazioak; h) finantza-gastuak, eta i) beste batzuk.

c) Langileen gastuak egiaztatzeko, kasuan-kasuan dagokion ordainagiria aurkeztu beharko da, eta, orobat, dokumentazio hau: a) nominen eredu ofiziala; b) Gizarte Segurantzako kotizazioaren frogagiriak, eta c) dagokion zerga-eredua, langile bakoitzaren banakapena adierazita.

d) Aldi baterako lankidetzak justifikatzeko, ordainagiriak aurkeztu behar dira, datu hauek jasoko dituztenak: a) hartzailearen datuak; b) hartzailearen NANa; c) zer kontzepturengatik ordaintzen zaion, eta d) PFEZari dagokion atxikipena, hala badagokio.

e) Prestakuntza-ekintzak egin izana egiaztatzeko, Kontsumobideri deialdia egin izanaren justifikazioa aurkeztu beharko da.

2. lerroaren («Aholkularitza juridikoa») justifikazio-agiriak:

a) Egin diren ekintzen memoria.

b) Jardueren memoria ekonomikoa, datu hauek biltzen dituena: jardueraren gastuak, hartzekodunaren identifikazioa, haren IFZa, zenbatekoa, jaulkipen-data, ordainketa-data eta ordainketa-dokumentua, hala badagokio. Gastuak honela sailkatu beharko dira: a) aholkularitza juridikoko eginkizunak dituzten langileak; b) zerbitzu profesionalak, eta c) beste gastu batzuk.

c) Laguntza juridikoko zerbitzuak betetzen dituzten langileei dagozkien gastuak justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da: a) nominen eredu ofiziala; b) Gizarte Segurantzako kotizazioaren frogagiriak, eta c) dagokion zerga-eredua, langile bakoitzaren banakapena adierazita, baita ordainketa-frogagiria ere.

d) Aldi baterako lankidetzak justifikatzeko, ordainagiriak aurkeztu behar dira, datu hauek jasoko dituztenak: a) hartzailearen datuak; b) hartzailearen NANa; c) zer kontzepturengatik ordaintzen zaion, eta d) PFEZari dagokion atxikipena, hala badagokio.

Fakturak eta dokumentazioa digitalizatuta bidaliko dira. Fakturetan eta dokumentazioan, Erakundeko buruaren adostasuna eta zigilua agertu beharko dira. Jatorrizkoak entitate onuradunak gordeko ditu. Data ez da 2026ko abenduaren 31 baino geroagokoa izango.

Jasotako finantzaketari publizitate egokia emateko, egiaztatu beharko da erakundeak jarri duela Kontsumobideren logoa webguneetan, idatzizko jakinarazpenetan eta abarretan. Pantaila-argazkia erantsiko da, eta zuzeneko esteka bidaliko, egiaztatzeko. Idatzizko bitartekoetan, publizitatea jasotzen duen dokumentazioaren kopia erantsiko da, eta beste material edo baliabide batzuetan, publizitatearen argazkia.

2.– Kontsumobidek egoki irizten dien adina egiaztapen egin dezake emandako dirulaguntzaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko jatorrizko dokumentazio guztia azter dezake.

3.– 4. artikuluan aipatutako gastuak justifikatzerakoan dirulaguntza emateko onartutako aurrekontutik % 8tik gorako eta gehienez ere % 25eko desbideratzea gertatu dela ikusten bada, emandako dirulaguntza gutxitu egingo da aldaketak egiteko ebazpen baten bitartez; hain zuzen ere, benetan gastatutako zenbatekoari aplikatuko zaion ehunekoa dirulaguntza kalkulatzeko aurrekontuari aplikatu zitzaion berbera izango da.

4.– 4. artikuluan aipatutako gastuetan % 25etik gorako desbideratzea jazoz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, ebazpen honen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, non eta ez den justifikatzen dirulaguntza emateko izandako helburu guztiak bete direla. Horrela gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan gutxituko da.

17. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak jasotzen dituzten kontsumitzaileen erakundeek betebehar hauek izango dituzte:

Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta 10 eguneko epean entitate onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, onartu egiten dutela esan nahiko du.

Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –dirulaguntzen inguruko eginkizunetan dihardutela– eskatzen dieten informazioa eman beharko diete.

Kontsumitzaileen elkarteen bulegoetan Kontsumonet informazio-aplikazioaren bitartez jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak behar den epean eta moduan kudeatzea (erregistratu, izapidetu eta ebaztea). Kontsumitzaileei informazioa eta arreta emateko zentroen CIAC sarean dauden zentro guztien jarduerak biltzen ditu Kontsumonet informatika-aplikazioak.

Diruz lagundutako jarduerak garatzeko Kontsumobideren laguntza jaso izanaren jakinarazpena bermatzea, dagokion logoa erakutsiz. Logo horren ondoan, honako hau jarriko da: «Kontsumobide –Kontsumoko Euskal Institutuak diruz lagundutako programa. Programaren edukia elkarte onuradunaren erantzukizun esklusiboa da». Logoa eta legenda ikusgai egongo dira bulegoetan, bai eta argitalpen eta material guztietan ere.

Elkartearen jarduerak sustatzean eta horien berri ematean, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.

Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak dirulaguntzaren helburuarekin lotutako harremanen eremuan bete direla bermatzea.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako inguruabarren bat aldatu bada, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea Kontsumobideri.

Beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu edo, hala badagokio, jaso badira, horren berri ematea.

Dirulaguntzaren entitate onuradunak, behar baino zenbateko handiagoak jasotzen baditu, horiek itzultzeko betebeharra izango du. Horretarako, bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaion egunetik aurrera, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarri bezala. Hain zuzen ere, dekretu horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta berak ezartzen ditu horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14, 26. eta 42. artikuluetan aurreikusitako gainerako betebeharrak beteko dituzte.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako kasuez gain, erakunde onuradunak betebeharrak betetzen ez baditu, gastuak justifikatzen ez baditu, laguntza eskabidean esandako xederako erabili beharrean beste zerbaitetarako erabiltzen badu edo, oro har, ebazpen honetan eskatutako baldintzaren bat betetzen ez badu, kendu egingo zaizkio dirulaguntzak, eta lortutako zenbatekoak eta legezko interesak itzuli egin beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.


Azterketa dokumentala