Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

61. zk., 2026ko martxoaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
1387

42/2026 DEKRETUA, martxoaren 17koa, zeinaren bidez arautzen baitira gazteen emantzipaziorako Emantzipa programarako laguntzak.

I

Gazteen emantzipazio-adina aurreratzeak duen garrantzi estrategikoak lehentasunezko tokia du Eusko Jaurlaritzaren politika publikoen aurreikuspen-tresnetan. Gazteriaren arloan, XIII. legegintzaldiko Gobernu Programak bere konpromisoen artean sartu zuen zeharkako estrategia bat definitzea, bultzatzea eta koordinatzea, gazteen emantzipazioa errazteko. Konpromiso hori betez, 2023ko martxoaren 21ean, Gobernu Kontseiluak Gazteen Emantzipazioa laguntzeko 2030 Euskal Estrategia onartu zuen.

Estrategia horren oinarrian dagoen diagnostikoak hainbat faktore identifikatzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen emantzipazio-prozesuen atzerapena azaltzen dutenak. Kultura-baldintzatzaileak badaude ere, elementu materialak dira erabakigarrienak: lan-ezegonkortasuna, etxebizitza arrazoizko baldintzetan eskuratzeko zailtasuna –bai alokairuan, bai salerosketan–, eta gazteen autonomia ekonomikoa mugatzen duten errenta eskuragarrien eskasia, baita enplegua dutenean ere.

Egoera horren aurrean, Estrategiaren lehentasunezko helburua da emantzipatzeko batez besteko adina murriztea eta bizitza independentea hastea lortzen duten gazteen tasa pixkanaka handitzea. Horretarako, egokitzat jo da jarduketak esku-hartze publiko eraginkor eta eraldatzailea izan daitekeen adin-tarteetan bideratzea. Ildo horretan, laguntza ekonomikoa 23 eta 29 urte bitarteko gazteengana zuzentzea erabaki da.

Erabaki hori Euskadiko Gazteen Egoeraren Diagnostikoan (2024) jasotako datuek indartzen dute. Bertan egiaztatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteek uste dute emantzipatzeko adin egokiena 23 urte ingurukoa dela. 2023an, pertzepzio hori gutxieneko historikora iritsi zen –23,3 urte, batez beste–, eta atalase hori ekintza publikorako erreferentzia argi gisa ezartzen duen joera finkatu zuen. Hala ere, emantzipatzeko benetako adinak oso gainetik jarraitzen du–29,7 urte–, sei urtetik gorako arrakala sortzen da une idealaren eta posiblearen artean, eta horrek testuinguru sozioekonomikoaren egiturazko zailtasunak eta esku-hartze espezifikoen beharra islatzen ditu.

2030 Euskal Estrategiak helburu gisa planteatzen du emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtetik beherakoa izatea eta gazteen emantzipazio-tasa % 50era igotzea, Europako herrialdeen batezbestekoarekin bat etorriz. Programa garatzeko definitutako hamar trakzio-proiektuen artean, aurreikusten da Emantzipa programa abian jartzea, emantzipazio goiztiarragoa, jasangarriagoa eta egonkortasun handiagokoa sustatzeko laguntza ekonomikoko neurri zehatz gisa.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6.1 eta 7.1 artikuluetan aurreikusitakoa betez, dekretu hau osorik sartzen da Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeinaren helburua baita, besteak beste, gazteriaren zeharkako politika eta gazteen emantzipazioa bultzatzea. Dekretu honek zuzenean laguntzen du bere helburuak lortzen, eta bat dator plan horretan ezarritako lehentasun estrategikoekin.

Aipatu beharra dago emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioaren garrantzia. Dekretu hau genero-ikuspegiarekin eta ikuspegi intersekzionalarekin egin da, helburua baita denek aukera berdinak edukitzea beren emantzipazio-prozesuei aurre egiteko.

Dekretu honen bidez, Emantzipa programa ezartzen da. Programa horrek hilean 300 euroko zuzeneko lagunazo ekonomikoa aurreikusten du, bi urtez. Laguntza hori 23 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, baldin eta urtean 3.000 eta 30.000 euro bitarteko diru-sarrerak badituzte, edo 36.500 euro arte, ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin zergak batera ordaintzen dituzten kasuan. Neurri horren helburua da bizitza autonomora igarotzeko laguntza eta erraztasunak ematea, errealitate diagnostikoari zein gazteek adierazitako itxaropenei erantzunez, eta Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipaziorako politika publiko integralarekin duen konpromisoa indartuz.

II

Dekretuaren egiturari dagokionez, I. kapituluak (Xedapen Orokorrak) honako hauek ezartzen ditu bere artikuluetan: araudiaren xedea, Emantzipa programaren ezaugarriak eta programa horri eusten dioten kontzeptuak.

II. Kapituluak (baldintzak eta bateragarritasun-esparrua) honako hauei buruzko artikuluak biltzen ditu: eskuratzeko baldintzak; laguntza hau bateragarria, bateraezina eta konputagarria izatea onuradun berberek jaso ditzaketen beste laguntza batzuekin; eta etxebizitza bakoitzeko onuradunen gehieneko kopurua eta zenbatekoa.

III. Kapituluak (deialdia) 7. artikuluan zehazten du urteko deialdia, eta aurreikusten du zer baliabide ekonomiko bideratu behar diren laguntza horren aurrekontua egiteko.

8. artikulutik 17. artikulura bitartean, prozedurari buruzko IV. kapitulua dago. Honako hauei buruzko aurreikuspenak garatzen ditu: eskaera, kudeaketa, ebazpena, prestazioen ordainketa, onuradunen betebeharrak, laguntzaren aldaketa, azkentzeko eta itzultzeko prozedura, ikuskapena, kontrola eta zehapen-araubidea.

Lehenengo Xedapen Gehigarriak laguntzak izapidetzea eta kudeatzea zuzeneko ekintzatzat jotzea ezartzen du, eta bigarren xedapen gehigarriak, berriz, datu pertsonalak babesteko politika ezartzen du.

Xedapen indargabetzaile bakarrak indargabetu egiten du 191/2023 Dekretua, abenduaren 26koa, zeinaren bidez arautzen baitziren gazteen emantzipaziorako Emantzipa programaren laguntzak. Era berean, azken xedapenak ezartzen du dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hilaren 1etik aurrera sartuko dela indarrean.

Dekretu honetan aurreikusitako emantzipaziorako laguntzek Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen printzipioak betetzen dituzte, eta Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategian eta Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategian ezarritako helburuak lortzen laguntzen dute. Gainera, bat datoz Europar Batasunaren Gazteentzako Estrategiarekin eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin.

Gazteriaren Legearen 23.3 artikuluak Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea sortzen du, eta zehazten du Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailak izapidetu eta kudeatuko dituela Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipaziorako ezartzen dituen laguntzak edo beste organismo edo erakunde batzuekin adosten direnak.

Gazteriaren Legearen 8.4 artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ekintza zuzena egin dezake gazteei zuzendutako jardueretan, zerbitzuetan eta ekipamenduetan, interes orokorragatik edo berezko ezaugarriengatik lurralde osoan modu bateratuan eman beharrekoak direnean.

Hala ere, 9.1.i) artikuluak ez du eskumen horien artean sartzen gazteen emantzipaziorako laguntzen kudeaketa. Horregatik, 8.5 artikuluaren arabera, beharrezkoa da dekretu honetan justifikatzea zuzeneko ekintza berri hori deklaratzeko legezko baldintzak betetzen direla, Euskadiko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoaren txostenarekin.

Zioen azalpen honen aurreko paragrafoetan jasotzen den bezala, dekretu honetan arautzen diren laguntzen hartzaile diren gazteek behar dute Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategian sartutako neurri guztiak modu bateratuan diseinatu eta kudeatzea Euskal Autonomia Erkidego osorako.

Ondorioz, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak proposatuta, Euskadiko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoak aldeko txostena eman ondoren, gazteen emantzipaziorako laguntzak izapidetzea eta kudeatzea zuzeneko ekintzatzat deklaratzeari dagokionez, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 17an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen xedea da Emantzipa programaren laguntzak arautzea. Eusko Jaurlaritzak, gazte-politikaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, laguntzok erabiliko ditu dekretu honetan aurreikusitako egoeretan dauden gazteen emantzipazio-prozesuak abiaraztea edo finkatzea sustatzeko.

2.– Laguntza hauek emateko, gaztetzat hartuko da 23 eta 29 urte bitartekoa, bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan duena eta urteko diru-sarrerak dekretu honetan zehazten diren gutxieneko eta gehieneko mugen barruan dituena.

3.– Era berean, zehazten da emantzipazio-prozesu bat abiarazten edo finkatzen duen gazte batek dekretu honetan araututako prestazioa eskuratu ahal izango duela, baldin eta, laguntza-eskabidea aurkezten duen unean, egiazta badezake bere bizilekua etxebizitza libre batean dagoela, gurasoena, legezko tutoreena edo bigarren mailarainoko senideena ez dena.

Ondorio horietarako, baldintza hori ez da betetzat joko, laguntza eskatzen den etxebizitza juridikoki lotuta badago aipatutako pertsonetako edozeinekin, jabetza-eskubidearen edo gozamenerako beste eskubide errealaren bidez, elkarrekin bizi ala ez. Gainera, etxebizitzaren erabilerak hileko gastu egiaztagarria ekarri beharko dio eskatzaileari.

Egoera horretatik kanpo geratzen da babes publikoko etxebizitza bat alokairuan edo jabetzan duen gaztea, bai eta etxebizitza baliatzeak ez badio eragiten hileroko gastu ekonomiko egiaztagarririk.

2. artikulua.– Emantzipa programaren ezaugarri orokorrak.

1.– Emantzipa programa dirulaguntza-programa bat da, zeina hilean zenbateko bat ordaintzean datzan, dekretu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten gazteen emantzipazio-prozesuak abiarazteko edo finkatzeko.

2.– Laguntza gehienez 24 hilabetez emango da, laguntza jasotzen den aldi guztiak batuta, betiere onuradunak laguntzak eskuratu ahal izateko eskatzen diren eskakizunak betetzen jarraitzen badu.

3.– Laguntzaren sortzapena hilabete osotan egingo da eta, hala badagokio, eskabidea aurkeztu eta hurrengo hilaren 1ean hasiko da. Laguntza jaso ahal izateko, aldez aurretik ebazpena eman beharko du organo eskudunak, eta laguntza hori 24 hilabetetan emango da gehienez, onuradunak eskubidea aitortuta duen aldi guztiak kontuan hartuta. Nolanahi ere, onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galduko du 30 urte betetzen dituen hilean.

II. KAPITULUA
BETEKIZUNAK ETA BATERAGARRITASUN-ESPARRUA

3. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauek jasotzeko, interesdunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Laguntza eskatzeko unean 23 eta 29 urte bitartekoak izatea, adin horiek barne.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egotea, gutxienez eskabidea egin baino urtebete lehenagotik.

Era berean, dirulaguntza hauek eskatu eta jaso ahal izango ditu eskaera aurkeztu duen egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean bizi eta erroldatuta dagoen orok, nahiz eta aurreko hamabi hilabeteetan bertan etengabe erroldatuta ez egon, baldin eta egiaztatzen badu azken hamar urteetan hiru urte segidan igaro dituela Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzen eta erroldatuta.

3.– Urtean 3.000 eurotik gorako eta 30.000 eurotik beherako diru-sarrerak izatea. Eskatzaileak ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin batera egiten badu zerga-aitorpena, urtean 3.000 eurotik gorako eta 36.500 eurotik beherako diru-sarrerak izatea.

Emandako laguntza ekitaldi ekonomiko bat baino gehiagora luzatzen bada, onuradunak diru-sarreren baldintzak betetzen jarraitu beharko du laguntza jasotzen duen aldi osoan. Horretarako, une bakoitzean eskuragarri dagoen azken ekitaldi fiskalari dagozkion diru-sarrerak hartuko dira kontuan. Baldintzak betetzeari uzten bazaio, onuradunak berehala jakinarazi beharko dio egoera administrazio eskudunari.

Laguntzaren onuradun izateko eska daitezkeen urteko gutxieneko eta gehieneko diru-sarreren mugak urtero eguneratu ahal izango dira gazteriaren arloan eskumena duen saileko titularraren ebazpen baten bidez. Eguneratze horrek kontuan hartuko du Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako Euskadiko Kontsumoko Prezioen azken Indizearen urtetik urterako ehuneko aldaketa.

Kalkulu hori egiteko, honako kontzeptu hauen batura hartuko da urteko diru-sarreratzat:

– Salbuetsitako errentak (3.3 artikulu honetan bertan konputagarritzat jotzen ez direnak izan ezik).

– Lanaren etekin osoak.

– Jarduera ekonomikoen etekin osoak.

– Kapital higigarriaren etekin osoak.

– Kapital higiezinaren etekin osoak.

– Ondare-irabaziak eta -galerak.

– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean sartu behar diren edo sar daitezkeen errenten egozpenak.

Batura horri guztiari gastu kengarriak kenduko zaizkio, PFEZren araudiaren arabera. Gastu kengarritzat hartzen dira zerga-oinarria kalkulatzeko legez deskontatu daitezkeenak, zergadunari aplikatu beharreko zerga-araubidearen arabera.

Laguntza hauek eskuratu edo mantentzeko diru-sarrera mugen kalkuluan ez dira kontuan hartuko honako hauek:

– Dekretu honetan araututako laguntza gisa jasotako zenbatekoak.

– Gaztelagun programaren laguntza ekonomikoa.

– Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoa.

– Alokairua ordaintzeko gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzea.

Edozein kasutan, ez dira kontuan hartuko ondare-irabazi eta -galeren saldo garbi negatiboak.

Konpentsazio-pentsioak eta mantenu-pentsioak kontuan hartuko dira, bai horiek jasotzen dituen ezkontide ohiaren edo izatezko bikotekide ohiaren diru-sarrera gisa, bai horiek ordaindu behar dituen ezkontide ohiaren diru-sarreren murrizketa gisa, betiere horiek ordaindu behar dituen ezkontide ohiak edo izatezko bikotekide ohiak agiri bidez frogatzen badu benetan ordaindu dituela.

Urteko diru-sarrerak kalkulatzeko, eskaeraren aurre-aurreko ekitaldian eskuratutakoak hartuko dira kontutan.

Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, urtero egiaztatuko da laguntza eman aurreko ekitaldiko errenta-maila, eta hori elkarreragingarritasun-plataformetan eskuragarri dagoenean egingo da, beste edozein unetan egiaztatzea galarazi gabe.

4.– Ez izatea 75.000 eurotik gorako finantza-ondasunik, -eskubiderik edo -aktiborik, salbu eta enpresa- edo lanbide-jarduera bati atxikita badaude, ohiko etxebizitza alde batera utzita.

5.– Honako kontratu hauen titular izatea:

a) Errentamendu-kontratua. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako etxebizitza libre bat errentan hartzea, bakarrik edo errentakide gisa, laguntzaren onuradunaren ohiko bizileku iraunkorra izango dena.

b) Salerosketa-kontratua. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako etxebizitza libre baten salerosketa, bakarrik edo jabekide gisa. Laguntzaren onuradunaren ohiko bizileku iraunkorra izan beharko du, eta haren ordainketa hipoteka baten edo zerga-agintaritza eskudunaren aurrean formalizatutako partikularren arteko mailegu-kontratu pribatu baten mende egongo da. Inola ere ez da onartuko erosi den etxebizitza hirugarrenei alokatuta egotea, osorik edo zati batean; etxebizitza hori onuradunaren ohiko bizileku gisa soilik erabili beharko da.

Laguntza honen ondorioetarako, etxebizitza bat ohiko bizileku iraunkorra dela ulertuko da eskatzailea bertan erroldatuta badago eta modu jarraituan bizi bada.

Ez da ulertuko etxebizitza bat bizileku iraunkorra denik aldi baterako edo etenkako bizilekua dela erakusten duten zantzu objektiboak daudenean.

Errentamendu-kontratuen kasuan, aurrekoaz gain, horien iraupena gutxienez urtebetekoa izan beharko da.

6.– Ez izatea ohiko etxebizitzaz bestelako etxebizitza baten titularra edo titularkidea, salbu eta egiaztatzen bada etxebizitza hori ez dagoela erabat erabilgarri banantze- edo dibortzio-arrazoiengatik, edo ezin dela bertan bizi haren borondatearekin zerikusirik ez duen beste edozein arrazoirengatik, behar bezala egiaztatuta.

7.– Laguntza ekonomikoak emateko betekizunak eskabidea aurkezten den unean bete beharko ditu eskatzaileak, eta diruz lagundu daitekeen ekitaldi osoan zehar mantendu beharko ditu, horretarako ezarritako epeetan eta moduan.

8.– Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan aurreikusitako egoeren eraginpean, onuradun izatea eragozten baitute.

Zehazki, eta aipatutako 13.1 artikuluaren e) eta g) ataletan xedatutakoaren ondorioetarako, eskatzaileak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 3. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera, eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak, aipatutako aginduaren 4. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.– Sartzeko betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskatzaileek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste edozein administraziok egindakoak ez aurkezteko. Administrazio jarduleak elektronikoki kontsultatu edo eskatuko ditu dokumentu horiek, datu-bitartekaritzarako plataformen edo horretarako gaitutako beste sistema batzuen bidez, salbu eta interesdunak berariaz aurka egiten badu edo dokumentu horiek lortzea teknikoki bideraezina bada. Hori guztia Administrazio Publikoak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko dituen ahalmenak alde batera utzi gabe.

2.– Organo kudeatzaileak, behar beste aldiz lortu edo egiaztatu ahal izango du ofizioz laguntzen eskatzaileek betebeharrak betetzen dituztela, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak. Hala ere, eskatzaileak kontsultaren aurka egin ahal izango du, eta, orduan, eskakizun horiek betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

3.– Dekretu honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea hasieran ordeztu ahal izango da eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan xedatutakoaren arabera. Dagokion justifikazio-dokumentazioa laguntza emateko prozedura ebatzi aurretik aurkeztu beharko da.

4.– Urteko diru-sarreren eskakizuna betetzen dela egiaztatzeko, eskaeraren aurreko ekitaldiko diru-sarrerei buruz eskura dagoen informazioa hartuko da oinarri. Informazio hori eskuragarri ez dagoenean, osorik ez dagoenean edo eskatzaileak ekitaldi horri dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkeztu ez duenean, diru-sarrerak PFEZaren atxikipenen ziurtagiri ofizialaren (10T dokumentua), Zerga Administrazio eskudunak emandako errentaren ziurtagiriaren edo zuzenbidean onartutako beste edozein justifikazio-agiri baliokideren bidez egiaztatuko dira, lortutako diru-sarreren zenbatekoa zehazteko.

Aurreko ekitaldiko zerga-informazio osoa elkarreragingarritasun-plataformetan eskuragarri dagoenean, organo kudeatzaileak urtero egiaztatuko du onuradunaren benetako diru-sarreren maila, laguntza jasotzen den aldian baldintza ekonomikoari eusten zaiola egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe dekretu honen 6.1 artikulua betetzen dela bermatzeko egin daitezkeen egiaztapen-jarduketa gehigarriak.

5.– Errentamendu- edo salerosketa-kontratu baten titularrek, 3. artikuluko 5. apartatuan araututako kasuetan, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Errentamenduaren kasuan, etxebizitzaren errentamendu-kontratuaren kopia, non honako hauek jasoko baitira: kontratatzaileen identitatea, errentan emandako finkaren identifikazioa, itundutako iraupena eta hasierako errenta, salbu eta kontratu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroan inskribatuta badago; kasu horretan, inskripzio-ziurtagiriaren edo fidantza gordailutu izanaren frogagiriaren kopia aurkeztuko da.

b) Salerosketa kasuan, etxebizitzaren salerosketa-kontratuaren kopia, non erosleen identitatea eta erositako ondasunaren identifikazioa jaso beharko diren, baldin eta salerosketa hori Jabetza Erregistroan inskribatuta ez badago; inskribatuta badago, berriz, dagokion Jabetza Erregistroak emandako informazio-ohar soila aurkeztuko da, finkaren titulartasuna eta indarrean dauden kargak eta gainerako erregistro-inguruabar guztiak jasotzen dituena.

Gainera, errenta, hipoteka edo partikularren arteko mailegu-kontratu pribatua ordaindu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, azken hilabeteko banku-frogagiriaren bidez. Ziurtagiri horretan, honako datu hauek jaso beharko dira: agindu-emailearen datuak, onuraduna, ordaindutako ordainketaren hilabetea eta urtea, kontu-zenbakiak, zenbatekoa eta finantza-erakundearen balidazioa, eragiketa egin dela modu frogagarrian bermatzen duena.

6.– Honela egiaztatuko da 3. artikuluko 6. apartatuan ezarritako eskakizuna betetzen dela:

a) Errentamenduaren kasuan, eskatzailea etxebizitzaren titularra ez dela egiaztatzen duen ziurtagiria, edo kokapen oharra, Jabetza Erregistroko Indize Zerbitzuak emana.

b) Salerosketaren kasuan, eskatzailea etxebizitza baten edo gehiagoren jabe dela egiaztatzen duen ziurtagiria, edo kokapen oharra, Jabetza Erregistroko Indize Zerbitzuak emana.

5. artikulua.– Laguntzaren bateragarritasuna, bateraezintasuna eta konputagarritasuna.

1.– Honako hauekin bateraezina izango da gazteen emantzipazioa bultzatzeko Emantzipa programaren laguntza:

a) Babes publikoko etxebizitza bat errentan baliatzea, bakarrik edo errentakideekin.

b) Etxebizitza pribatu bat errentan baliatzea, bakarrik edo errentakideekin, ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programaren edo Bizigune Etxebizitza Hutsen programaren bidez.

c) Babes publikoko etxebizitza baten jabetza osoaren edo erabilera- eta baliatze-eskubide baten titularra edo titularkidea izatea, salbu eta egiaztatzen bada etxebizitza hori ez dagoela erabat erabilgarri banantze- edo dibortzio-arrazoiengatik, edo etxebizitza hori ezin dela baliatu bere borondateaz bestelako edozein arrazoi tarteko (behar bezala egiaztatuta).

d) Gastu egiaztagarririk eragiten ez duen etxebizitzaz baliatzea, dela alokairua ordaintzeagatik, bakarrik edo errentakideekin, dela ordaintzeke dagoen hipoteka ordaintzeagatik edo zerga-agintaritza eskudunaren aurrean formalizatutako partikularren arteko mailegu-kontratua ordaintzeagatik, etxebizitza jabetzan denean.

2.– Honako hauekin bateragarria izango da gazteen emantzipazioa bultzatzeko Emantzipa programaren laguntza:

a) Diru-sarrerak bermatzeko errenta, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera edo Administrazio publikoen gizarte-inklusiorako politiketatik datorren beste edozein errenta jasotzea.

b) Gaztelagun programaren laguntza ekonomikoa jasotzea.

c) Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoa jasotzea.

d) Gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzea.

e) Alokairu-gastuak ordaintzen edo emantzipatzen laguntzen duten udal-laguntzak edo beste edozein administrazio edo erakunde publikoren laguntzak jasotzea.

3.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak, hala badagokio, diru-sarrera gisa zenbatuko dira, eskatzailearen ahalmen ekonomikoa zehazteko eta baliabide nahikorik ez duten pertsonen pobreziako eta gizarte-bazterketako arrisku-egoerak arintzeko laguntzetan eman beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, dagozkien arauetan aurreikusten den moduan.

6. artikulua.– Zenbatekoa eta onuradunen gehieneko kopurua etxebizitza bakoitzeko.

1.– Laguntzaren gehieneko zenbatekoa hilean 300 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko, gehienez ere 24 hilabetez, betiere laguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen jarraitzen bada.

2.– Etxebizitza berean hiru pertsona baino gehiago bizi badira, prestazioa horietako hiruri emango zaie gehienez, dekretu honetan eskatutako baldintzak bete ondoren. Hiru eskabide baino gehiago badaude, aurkeztu diren hurrenkeraren arabera ebatziko dira.

III. KAPITULUA
DEIALDIA

7. artikulua.– Deialdia.

1.– Dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzetara bideratutako baliabide ekonomikoak urtero jasoko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, eta dagokion Dirulaguntzen Plan Estrategikoan txertatuko dira. Aurrekontu-ekitaldi batean emandako laguntzen zenbatekoa ez da izango, guztira, aurrekontuetan ezarritakoa baino handiagoa, ezta, indarrean dauden legeen arabera aurrekontuetan aldaketak eginez gero, eguneratutako kopuru hori baino handiagoa ere.

2.– Dekretu honen xede diren laguntzen deialdia urtero egingo da, gazteriaren arloan eskumena duen sailburuordearen ebazpen baten bidez. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta dagokion ekitaldiaren hasieran aurrekontuari egotz dakiokeen dekretu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoa finantzatzeko aurrekontu-zuzkidura jasoko du. Eskabideak aurkezteko epea deialdi-ebazpenak ondorioak dituen egunean hasiko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren.

3.– Laguntzak ondoz ondoko esleipen-prozedura irekiaren bidez emango zaizkie dekretu honetan eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiei, eskabideak aurkezteko hurrenkeraren arabera, espedientea osatuta dagoenean. Gazteriaren arloan eskumena duen sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bidez jakinaraziko da laguntza horietarako funtsak agortu direla, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Ebazpen horren bidez, geroko eskabideak eten egingo dira, edo, hala badagokio, ukatu, krediturik ez dagoelako.

4.– Aurrekontu-ekitaldi batean ekitaldi horretako aurrekontu-kredituekin erantzun ezin diren diruz lagun daitezkeen egoerei buruzko laguntza-eskaerak badaude, hurrengo ekitaldiko kredituei egotzi ahal izango zaizkie, eskabidea berriz aurkeztu behar izan gabe, baldin eta eskabide horiek dekretu honetan laguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta hurrengo ekitaldian kreditu egokia eta nahikoa badago, aurrekontu-araudian eta abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Kasu horretan, ebazteke dauden eskabideak izapidetu egingo dira, eta, hala badagokio, aurkezpenaren denbora-ordena zorrotz gordez ebatziko dira, erregistro-dataren eta -orduaren arabera, kreditu berria dagoenean diskrezionalitate-tarterik egon ez dadin.

Berriz ere aurrekontu-baliabideak daudenean egiaztatuko da baldintzak betetzen direla; nolanahi ere, dekretu honetan aurreikusitako organo emaileari dagokio, kasu guztietan, dirulaguntza emateko ebazpena ematea.

IV. KAPITULUA
PROZEDURA

8. artikulua.– Eskabidea.

1.– Laguntza ekonomikoen eskabideak elektronikoki aurkeztu ahal izango dira deialdi bakoitzean argitaratuko den helbidean, edo aurrez aurre Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan–Zuzenean https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/zuzenean-herritarrentzako-zerbitzua/ edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Eskabideak, horiekin batera aurkeztu behar den dokumentazio osagarriarekin batera, interesdunaren legezko ordezkari baten bidez aurkeztu ahal izango dira. Ordezkaritza zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez egiaztatu ahal izango da, modu fidagarrian jasota geratzen bada, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritako baldintzetan.

Eskabidea elektronikoki ere izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

2.– Eskabideak aurkezteko inprimakia eta administrazio-izapideak formalizatzeko gainerako eredu normalizatuak elektronikoak izango dira, eta egoitza elektronikoko prozeduraren fitxan egongo dira eskuragarri.

Eskabide-inprimakian, Administrazioarekiko jakinarazpen- edo komunikazio-kanala hautatuko da, eta jakinarazpen- edo komunikazio-abisuak egiteko datuak emango dira.

3.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Halaber, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskatzaileek bitarteko elektronikoak erabiltzeko arreta eta laguntza eskatu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 12. artikuluan, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean eta Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

5.– Prozeduraren fitxa eta bertarako sarbidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, eta bertan honako hauek egongo dira eskuragarri:

– Prozedura izapidetzeko jarraibideak.

– Eskaera ebazteko epeari eta administrazio-isiltasunaren ondorioei buruzko informazioa.

– Eskabidea betetzeko jarraibideak eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

– Prozedurako betekizunei eta egiaztatzeko moduari buruzko informazio eguneratua, Administrazio Publikoen arteko kontsulta-sistemen bidez lortzea eta interesdunaren erantzukizunpeko adierazpena barne.

– Prozeduran egin daitezkeen izapide guztiak, laguntzaren aldaketa barne.

– Prozeduraren eredu eta inprimaki normalizatu guztiak (eskaerarenak, erantzukizunpeko adierazpenenak...).

9. artikulua.– Kudeaketa.

1.– Gazte-politikaren arloan eskumena duen zuzendaritzari dagokio dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzea, eta organo kudeatzaile gisa jardungo du.

2.– Organo kudeatzaileak egiaztatuko du eskabideak behar bezala bete direla eta laguntza-eskabidea izapidetzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu dela.

3.– Eskabideak eta aurkeztutako dokumentazioak baldintza guztiak betetzen ez badituzte, organo kudeatzaileak eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko dio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

4.– Organo kudeatzaileak egiaztatuko du, halaber, gazteen emantzipazioa bultzatzeko laguntza lortzeko baldintzak betetzen diren, eta dagokion txostena eta ebazpen-proposamena egingo ditu, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

5.– Eskatzaileak Administrazioarekiko harremanetarako kanal elektronikoa aukeratzen badu, eskabidearen osteko izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Atal horretan interesdunek eta haien ordezkariek edozein unetan kontsultatu ahal izango dituzte beren espedienteak.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Gazte-politikaren arloan eskumena duen sailburuordearen ebazpen baten bidez emango edo ukatuko dira eskatutako laguntzak.

2.– Ebazpena sei hilabeteko epean jakinarazi beharko da, espedientea osatu eta hurrengo egunetik aurrera, eta administrazio-isiltasuna ezezkotzat joko da. Hala ere, akatsak zuzentzeko epea zabaltzen bada, aipatutako epea eten egingo da harik eta eskatzaileak jakinarazpena jaso eta eskatutako agiri guztiak aurkezten dituen arte.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek gazteriaren arloko sail eskuduneko titularrari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

4.– Dirulaguntza emateko ebazpena pertsonalki jakinaraziko da eskatzaileak aukeratutako kanalaren bidez, eta jakinaraziko zaio 15 egun naturaleko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat joko dela.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluan ezarritakoa betez, emandako dirulaguntzen zerrenda egoitza elektronikoan argitaratuko da, 191/2023 Dekretua, abenduaren 26koa, gazteen emantzipaziorako Emantzipa programaren laguntzak arautzen dituenaren 10.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hala ere, hilero argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren datu irekien atarian (Open Data Euskadi: https://opendata.euskadi.eus/hasiera/) dagokion aldian emandako eta azkendutako laguntzen kopurua eta guztirako zenbatekoa, lurralde historikoaren eta onuradunaren sexuaren arabera bereizita, bai eta datu publikoak irekitzeko eta berrerabiltzeko arau-esparrua betetzeko behar bezala anonimatutako beste edozein informazio ere. Hori guztia dagokion dirulaguntzen datu-baseari dagokion informazioa emateari kalterik egin gabe.

11. artikulua.– Prestazioa ordaintzea.

1.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak emate-ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko dira, hilabetez hilabete, emakida-aldi osoan, salbu eta onuradunak ez-betetzeren bat egiten badu; kasu horretan, ordainketa bertan behera geratuko da. Laguntza ordaindu ahal izateko, onuradunak alta emanda egon behar du Ogasun eta Finantza Saileko hirugarrenen erregistroan. Ez badago, edo bertan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, dagokion inprimakia bete beharko du, hemen ezarritako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

2.– Ordainketa laguntza ematen den datatik aurrera aginduko da, eta sortu, berriz, eskaera aurkezten den hurrengo hilabeteko lehen egunetik aurrera.

3.– Laguntza ordaindu ahal izateko, onuradunak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. eta 7. artikuluen arabera.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Laguntzaren onuradunek, artikulu honetan zehaztutako betebeharrez gain, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:

1.– Laguntza hau jasotzen duten bitartean, beren ohiko bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan mantentzea.

2.– Laguntza kudeatzen duen organoari jakinaraztea, hilabeteko epean, bizilekua aldatzen denetik edo diruz lagundutako egoeraren xedea edo izaera edo laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen dituen beste edozein inguruabar gertatzen denetik aurrera.

3.– Organo kudeatzaileak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzak fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio guztia ematea.

4.– Emandako laguntzari dagokionez, organo kudeatzaileak egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak ere.

5.– Onuradunek, laguntza sortu eta urtebeteko epean, 4. artikuluko 5 a) eta b) ataletan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Errentamenduaren kasuan: errentaren urteko ordainketen egiaztagiriak, banku-transferentziaren bidez egindakoak. Bertan, gutxienez, datu hauek jaso beharko dira: agindu-emailearen datuak, onuraduna, ordaindutako errentaren hilabetea eta urtea, kontu-zenbakiak, zenbatekoa eta eragiketa egin dela modu frogagarrian bermatzen duen finantza-erakundearen baliozkotzea.

b) Salerosketaren kasuan: hipoteka edo partikularren arteko mailegu-kontratu pribatuaren urteko ordainketen egiaztagiriak, banku-transferentziaren bidez egindakoak.

Era berean, laguntza jasotzen amaitu ondoren, onuradunek honako egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntza emateko aldi osoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, amaitzeko arrazoia edozein dela ere:

a) Errenta ordaindu izanaren ziurtagiria, edo, hala badagokio, hipoteka ordaindu izanaren ziurtagiria edo partikularren arteko mailegu-kontratu pribatuaren ziurtagiria, laguntza azkendu aurreko hilabeteari dagokiona.

b) Erroldari, ondareari eta diru-sarrerei buruzko informazioa elkarreragingarritasunaren bidez lortuko da, 4. artikuluan ezarritakoaren arabera. Bide horretatik lortutako informazioa osatu gabe badago edo datuak trukatzeko plataformetan eskuragarri ez badago, onuradunari dagozkion egiaztagiriak aurkezteko eskatuko zaio.

6.– Hala erabakiz gero, behar ez bezala kobratutako zenbatekoak itzultzea, bai eta dagozkion interesak ere.

13. artikulua.– Laguntza aldatzea.

Etxebizitza aldatzeak, bai eta errenta kideak edo jabekideak aldatzeak ere, laguntza-ebazpena aldatzea ekarriko du, betiere laguntzaren onuradunek baldintzak betetzen jarraitzen badute.

14. artikulua.– Azkentzea.

Honako arrazoi hauengatik azkenduko da gazteen emantzipazioa bultzatzeko laguntza, dagokion egoera gertatu den hilaren lehen egunetik aurrera:

a) Laguntza jasotzeko gehieneko adina betetzea (30 urte).

b) Laguntza lortzea eragin zuten baldintzak ez betetzea.

c) Onuradunak uko egitea.

d) Onuraduna hiltzea.

e) Eskabidean emandako datuak edo erantzukizunpeko adierazpenak faltsuak direla egiaztatzea, hargatik eragotzi gabe zehapen-ondorioak izatea.

f) 12. artikuluan aurreikusitako betebeharrak ez betetzea.

15. artikulua.– Bidegabeki jasotako laguntzak azkentzeko eta itzultzeko prozedura.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko dira bidegabe jasotako laguntzak itzultzeko arrazoiak eta haiek azkentzeko eta itzultzeko prozedura (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

16. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Organo emaileak, organo kudeatzailearen bidez, dekretu honen helburuak betetzen direla bermatzeko beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapen-jarduketak egingo ditu.

Era berean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzak fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betez, interesekoa den informazio guztia eskatu ahal izango diote onuradunari, eta laguntzaren kudeaketari buruz dagozkion egiaztapen-jarduketak egin ahal izango dituzte.

Laguntza eman ondoren, eta laguntza osorik ordaindu arte, organo emaileak jakiten badu onuradun batek ez dituela betekizunak betetzen, itzulketa-prozedura hasteko ebazpena emango du, eta, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 34. artikuluan aurreikusitako kautelazko neurri gisa, erabaki ahal izango du egin gabe dauden ordainketak etetea, arrazoiak azalduta eta alegazio-aldi bat emanda baldintzak benetan betetzen direla egiaztatzeko.

Informazio guztia bildu ondoren, organo emaileak ebazpena emango du, hau adierazteko:

a) Laguntza eskuratzeko eta baliatzeko baldintzak betetzen direla egiaztatu ezean, ez-betetzea gertatu zen hilaren lehen egunetik aurrera laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da, eta, hala badagokio, ordaindutako laguntzak eta dirulaguntzaren izaera dela-eta sortutako interesak itzuli behar direla, ez-betetzearen berri izan den hilabetetik aurrera.

b) Laguntza eskuratzeko eta baliatzeko baldintzak betetzen direla egiaztatu bada, ordainketei berrekingo zaie, eta etendura gertatu zenetik atzeratutako hilekoak ordainduko dira.

17. artikulua.– Zehapen-araubidea.

Zehapen-araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. tituluan eta Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legean aurreikusitakoa da.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Zuzeneko ekintzaren deklarazioa.

Zuzeneko ekintzatzat jotzen da gazteen emantzipaziorako laguntzak izapidetzea eta kudeatzea, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 8.4 eta 8.5 artikuluetan aurreikusitako ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoak nahitaezko txostena egin ondoren.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalen babesa (DBLO).

Eskabidean agertzen diren datu pertsonalak «Emantzipaziorako laguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

– Arduraduna: Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila.

– Helburua: Emantzipaziorako laguntzak.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak: ez dago aurreikusita daturik jakinaraztea.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/168000-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da 191/2023 Dekretua, abenduaren 26koa, zeinaren bidez arautzen baitira gazteen emantzipaziorako Emantzipa programaren laguntzak, hargatik eragotzi gabe dekretu horren arabera emandako laguntzen ondorioek jarraitzea, eman ziren aldia amaitu arte.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 17an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala