
60. zk., 2026ko martxoaren 30a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (201 KB - 14 orri.)
- EPUB (120 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELANKIDETZA-LANKIDETZARAKO ETA ELKARTASUNERAKO EUSKAL AGENTZIA
1377
EBAZPENA, 2026ko martxoaren 9koa, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez ezartzen baitira ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako 2026ko ekitaldiko laguntzen oinarri arautzaileak, eta haien deialdia egiten baita.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak (2023ko abenduaren 29ko EHAA, 247. zk.) erregulatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoko entitateek emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.
Ebazpen honen bidez, ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak deitzen dira, bere bi modalitateetan, hau da, ekintza humanitarioko proiektuak eta ekintza humanitarioko estrategiak.
Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau eLankidetzaren 2026-2029ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago –Kontseilu Errektorearen erabakiz onartua 2026ko otsailaren 3an–. Era berean, Lankidetzari eta Elkartasunari buruzko otsailaren 15eko 3/2024 Legean, 2025-2026 Bi Urteko Planean eta 2018-2023 Ekintza Humanitarioko Estrategian (2024-2026rako luzatua) sartzen da. Lege hori eLankidetza-Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentziaren web-orrian www.elankidetza.euskadi.eus argitaratuta dago, «Nortzuk gara» ataleko «Plangintza» azpiatalean, eta «Zer egiten dugu» ataleko «Ekintza humanitarioa» azpiatalean.
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren 2026ko ekitaldirako aurrekontuan –Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legearen bidez onartua (2025eko abenduaren 30eko EHAA, 251. zk.)– kreditu nahikoa aurreikusten da deialdi hau finantzatzeko.
Bestalde, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, erakunde hori sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2026ko otsailaren 3ko bileran, erabaki zuen eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariari proposatzea laguntza-deialdia eta horiek emateko oinarrizko irizpideak onartzea.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntza-deialdia egitea 2026ko ekitaldi honetarako, ekintza humanitarioko proiektuen eta ekintza humanitarioko estrategien modalitatean, eta ebazpen honen eranskinean jasotzen diren oinarriak onartzea.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen honetan iragarritako laguntzak deialdiaren oinarrietan –ebazpen honetan erantsiak– eta arau hauetan aurreikusitakoaren bidez kudeatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritako oinarrizko manuak eta hura garatzeko erregelamendua –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartua–, eta Garapen jasangarrirako eta elkartasun globalerako lankidetzen arloko dirulaguntzak eta laguntzak arautzen dituen martxoaren 11ko 188/2025 Errege Dekretua, hala dagokionean, haien ordez emandako araudia.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
2026ko otsailaren 3ko Kontseilu Errektorean erabakitakoaren arabera, entitate eskatzaile bakoitzak, onartutako dirulaguntza guztiak kontuan hartuta, gehienez 3.100.609,12 euro jaso ahal izango ditu 2026. urtean, dirulaguntza horiek hurrengo ekitaldietan ordaintzen diren kontuan hartu gabe.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 9a.
eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendaria,
FRANCISCO JAVIER CORTÉS FERNÁNDEZ.
ERANSKINA
OINARRIAK
1. oinarria.– Xedea.
Dekretu honen xedea da ekintza humanitarioko esku-hartzeak finantzatzeko laguntzen 2026ko ekitaldirako deialdia egitea, gatazka-testuinguruetan eta beste indarkeria-egoera batzuetan krisi humanitarioak jasaten dituzten pertsonen eskubideak eta giza duintasuna babesteko, sufrimendua arintzeko eta bizitzak salbatzeko, eremu humanitarioan erabiltzen diren nazioarteko estandarren bitartez identifikatuta.
2. oinarria.– Esku-hartzeen modalitateak.
Esku-hartzeen modalitate hauek finantzatu ahal izango dira:
1.– Ekintza humanitarioko proiektuak: krisi humanitarioen eraginpean dauden pertsonak babesteko esku-hartzeak, baldin eta deialdi honetan aurreikusitako betekizunak betetzen dituzten entitateek egiten badituzte.
2.– Ekintza humanitarioko estrategiak, epe ertaineko eta aurrekontu handiagoko esku-hartzeak, zeinek jasotzen baitituzte, halaber, aipatutako babes-ekintzez gain, entitate humanitarioak sendotzeko eta euskal herritarrak sentsibilizatzeko bestelako ekintzak, baldin eta deialdi honetan aurreikusitako betekizunak betetzen dituzten entitateek egiten badituzte.
3. oinarria.– Finantzaketa.
1.– 2026ko ekitaldirako, 5.500.000 euro bideratuko dira deialdi honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.
2.– Proiektuen modalitaterako, 2.300.000 euro bideratuko dira, eta estrategien modalitaterako, gainerako 3.200.000 euroak. Soberako funtsak modalitate batetik bestera eraman ahal izango dira, beharrezkoa bada, edo beste laguntza-programa batzuetara, zenbatekoren bat esleitu gabe geratzen bada, aurrekontu-ekitaldi beraren barruan.
3.– Esku-hartze bakoitzeko gehienez 200.000 euroko dirulaguntza emango da proiektuen modalitaterako, eta 500.000-800.000 euro artekoa estrategien modalitaterako.
4.– Afrikan egindako esku-hartzeei emango zaie lehentasuna. Helburu horrekin, Afrikan egin beharreko ekimenetarako, proiektuen modalitateko gutxienez sei esleipen eta estrategien modalitateko esleipen bat erreserbatuko dira, puntuazioa edozein dela ere, betiere laguntzak arautzen dituen araudiak eskatutako baldintzak betetzen badituzte. Gainerako soberakina puntuazio-ordenaren arabera emango da.
4. oinarria.– Entitate onuradunak.
1.– Entitate hauek izan daitezke deialdi honetan agertzen diren laguntzen onuradun:
Legeen arabera eratuta eta dagokion erregistroan erregistratuta daudenak, eskaerak aurkezteko epea amaitu baino gutxienez bi urte lehenagotik.
Egoitza edo ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoan dutenak, eta funts publikoekin finantzatutako jarduerak kudeatzeko antolakuntza-egitura nahikoa dutenak.
Irabazi-asmorik ez dutenak, gizarte-ekonomiako edo ekonomia solidarioko entitateen kasuan izan ezik, baldin eta beren estatutuetan berariaz baztertzen badute kideen artean mozkinak banatzea.
Estatutuetan berariaz jasotzen dutenak beren xedeetako bat dela ekintza humanitarioko proiektuak garatzea, edo dokumentu bidez egiaztatzen dutenak entitateak arlo horretan gutxienez bi urtez diharduela etenik gabe.
Ekintza humanitarioko estrategia bat eskatuz gero, entitate eskatzaileak ekintza humanitarioko plan estrategiko bat daukatenak Euskal Autonomia Erkidegoko egoitzatik egiten duen lanerako. Plan horrek gutxienez 36 hilabeteko iraupena edukiko du, indarrean egon beharko da eskaera aurkezten den unean eta esku-hartzea garatuko den bitartean, eta haren amaierara arte luzatu ahal izango da. Plan estrategikoan eduki hauek jaso beharko dira gutxienez:
– Entitatearen misioa, ikuskera eta balioak.
– Helburuak eta ildo estrategikoak.
– Biztanleriaren babesarekin lotutako ekintzei eta lekukotza, salaketa eta eraginen ekintzei buruzkoak diren adierazleak, gutxienez.
– Planeko jardueren gutxi gorabeherako aurrekontua.
2.– Eskatzaileak entitate-taldeak badira, entitate bakoitzak bete beharko ditu aurreko apartatuetan aurreikusitako betekizunak, eta bere gain hartu beharko du esku-hartzea egikaritu eta justifikatzearen erantzukizun solidarioa. Taldeko entitate bakoitzak egikaritu behar duen dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da eskaeran.
3.– Entitate onuradunek, gainera, oinarri hauetan jarritako betekizunak bete behar dituzte, eta ezin dute izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekurik.
4.– Entitate onuradun izateko baldintzei eutsi egin beharko zaie laguntza justifikatzeko unean.
5. oinarria.– Esku-hartzeak.
Ekintza humanitarioko laguntzak eskuratzeko, betekizun hauek bete beharko dituzte esku-hartzeek:
a) 2026ko aurrekontu-ekitaldian hastea.
b) Gehienez hamabi hilabeteko iraupena edukitzea –beste sei hilabetez luzatzeko aukerarekin– ekintza humanitarioko proiektuetarako, eta hogeita lau hilabetekoa –beste hamabi hilabetez luzatzeko aukerarekin– ekintza humanitarioko estrategietarako.
c) Ekintza humanitarioko estrategiei dagokienez, krisi humanitarioen eraginpean dauden pertsonak eta komunitatea babesteko ekintzez gain, hauek ere sartu beharko dira esku-hartzeen barruan, euskal herritarrak krisi horiek eragiten dituzten kausez sentsibilizatzeko: tokiko erakunde humanitarioak sendotzeko ekintzak, laguntza hobea izan dezaten, eta lekukotza emateko, salatzeko eta eragiteko ekintzak.
d) Tokiko bazkide baten edo bazkide-talde baten partaidetza edukitzea, publikoa nahiz pribatua izan, esku-hartzea garatuko den lekuan edo lekuetan. Tokiko bazkidea deitzen zaio, zehazki, entitate onuradunarekin lankidetza-harremanak dituen eta dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo partzialki zuzenean egiteko erantzukizuna hartzen duen pertsona juridikoari.
6. oinarria.– Tokiko bazkideak.
Hauek dira aurreko oinarrian aipatutako tokiko bazkideek bete beharreko betekizunak:
a) Esku-hartzea gauzatuko den herrialderen batean aplikagarri den legeriaren arabera eratutako nortasun juridikoa izatea. Estatu betearazleko baldintza politikoen ondoriozko ezintasun juridiko edo politikorik baldin badago, toki-entitateak nortasun juridikoa izan dezake, eskualdeko herrialderen batean aplikatzekoa den legeriaren arabera, baldin eta behar bezala justifikatzen bada.
b) Eskaera aurkezten den egunean, dagokion erregistroan formalki inskribatuta egotea. Baldin eta, tokiko bazkidearen izaera juridikoa dela eta, betearazpen-herrialdeko egoeraren ondoriozko ezintasun juridiko bat edo ezintasun politiko bat badago, tokiko bazkidearen nortasun juridikoa, esperientzia eta jarduera egiaztatuko dira.
c) Eskatzaileak tokiko bazkideen taldeak badira, bazkide bakoitzak bete beharko ditu aurreko apartatuetan aurreikusitako betekizunak, eta bere gain hartu beharko du esku-hartzea egikaritu eta justifikatzearen erantzukizun solidarioa. Taldeko entitate bakoitzak egikaritu behar duen dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da eskaeran.
7. oinarria.– Eskaerak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntza-eskaerak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etatik aurrera aurkeztu ahal izango dira, eta 2026ko aurrekontu-ekitaldi osoan zehar, zuzkidura agortzen bada epea amaitu arren; EHAAn horren berri emango da.
2.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Entitate bakoitzak, banaka edo taldean, gehienez laguntza-eskaera bat aurkeztu ahal izango du ekintza humanitarioko proiektuetarako, eta, gehienez eskaera bat ekintza humanitarioko estrategietarako laguntzen modalitaterako.
4.– Deialdiaren ondoriozko eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak elektronikoki baino ezingo dira egin.
5.– Eskaera-orria www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez baino ezingo da eskuratu eta bete, laguntzen eta dirulaguntzen apartatuan, zehazki. Bertan daude elektronikoki izapidetzeko zehaztapenak eta laguntzen gaineko informazio gehigarria.
6.– Entitate interesdunak, espedientean sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzenketak, jakinarazpenak eta prozedura honekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar du (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).
7.– Eskabera ordezkari baten bitartez egiten bada, legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskaera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5., 6. eta 10. artikuluetan xedatutakoarekin. Ordezkaritza egiaztatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan izena eman behar da (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/). Eskaerarekin batera, oinarri hauetan eskatutako dokumentazioa aurkeztu behar da, eta, hala badagokio, eLankidetza-Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentziak eskatutakoa.
8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
9.– Eskatzaileak berak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko ditu laguntza-eskaera eta eskatutako dokumentazioa.
10.– Eskaerak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.
8. oinarria.– Eskaeraren edukia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eredu normalizatuan dagoen eskaera-orria osorik bete behar da, telematikoki. Eskaera-orri horretan entitate eskatzailearen datu orokorrak, aurrekontua eta diruz lagundu beharreko proposamena bilduko dira, bai eta entitate eskatzaileak sinatu beharreko erantzukizunpeko adierazpenak ere.
2.– Entitate eskatzaileak hauek adieraziko ditu bere erantzukizunpean:
a) Dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituela eta hori frogatzeko dokumentazioa baduela; dokumentazio hori Administrazioaren eskura jarriko duela, eskatzen zaionean; eskubidea aitortzen zaion bitartean baldintza horiek betetzeko konpromisoa hartzen duela; funtsezko zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak izan ditzakeela; eta Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko eskumena duela.
b) Konpromisoa hartzen duela jakinarazteko helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso dituela, edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
c) Tokiko bazkideek ez dutela zigor administratibo edo penalik sexuagatiko bereizkeria egiteagatik.
d) Ez duela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekurik.
e) Baimena ematen duela deialdi hau izapidetu, kudeatu, ebatzi, justifikatu eta kontrolatzeko behar diren datu pertsonalak tratatzeko, bai eta, hala badagokio, beste administrazio publiko batzuei jakinarazteko ere, baldin eta beharrezkoa bada oinarri hauetan ezarritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko, bat etorriz 2016/679 (RGPD) Erregelamenduan (EB) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin.
f) Baimena ematen duela datuak elektronikoki kontsultatu eta egiaztatzeko gaitutako administrazio-elkarreragingarritasuneko plataforma eta sistemen bidez, Datuen Bitartekotzarako Plataforma barne, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Berariaz aurka eginez gero, entitate eskatzaileak konpromisoa hartzen du dagokion dokumentazioa zuzenean aurkezteko, aipatutako legearen 28.3 artikuluaren arabera.
Entitate eskatzaileen taldea eratzen bada, gainerako entitate eskatzaileetako bakoitzak sinatutako erantzukizunpeko adierazpenak ere aurkeztu beharko dira. Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua www.euskadi.eus webgunean dago, laguntza eta dirulaguntzen apartatuan, eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren webgunean ere bai, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» azpiapartatuan.
3.– Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Estatutuen eta inskripzio-egiaztagiriaren kopia. Egoitza edo ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoan eduki beharra eta behar adinako administrazio-egitura edukitzea eskaera-orrian justifikatuko dira. Hala ere, ziurtagiri fede-emailea eskatu ahal izango da.
b) Ekintza humanitarioaren esparruan gutxienez bi urteko etenik gabeko esperientzia egiaztatzea, baldin eta entitatearen estatutuetan ez bada berariaz adierazten bere helburuen artean dagoela ekintza humanitarioko eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren proiektuak egitea. Eskakizun hori ofizioz begiratu edo egiaztatuko da, interesdunak aldez aurretik baimena emanda. Ekintza humanitarioaren esparruko esperientzia egiaztatzeko, dokumentu hauetako bat aurkeztu beharko da: administrazio publikoek emandako ziurtagiriak edo ebazpenak, edo interesdun ez diren beste entitate pribatu batzuek emandako ziurtagiriak (auditoretzak barne), edo administrazio publikoek diruz lagundutako proiektuak jasotzen dituzten aldizkari ofizialetako argitalpenak, edo organo eskudunek egiaztatutako memoriak edo urteko kontuak –horietan, esperientzia jarraitu horrek espresuki adierazita egon behar du–.
c) Esku-hartzean parte hartzen duten tokiko bazkideen eraketa-eskritura edo estatutuak eta erregistro-dokumentuak, eskaera aurkezteko egunean. Baldin eta, tokiko bazkidearen izaera juridikoa dela eta, herrialdeko egoeraren ondoriozko ezintasun juridiko bat edo ezintasun politiko bat badago, erregistroan inskribatuta egoteko eskakizuna egiaztatu beharrean, tokiko bazkidearen nortasun juridikoa, esperientzia eta jarduera egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
d) Ekintza humanitarioko estrategia bat eskatuz gero, entitate eskatzaileak ekintza humanitarioko plan estrategiko bat eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko bere egoitzatik egiten duen lanerako, 4. oinarrian jasotako baldintzetan.
4.– Ekintza humanitarioko esku-hartzeak baloratzeko, entitate eskatzaileak dokumentazio hau aurkeztu ahal izango du:
a) Esku-hartzearen kalitatea eta zeharkakoen integrazioa baloratzeko: dirulaguntzaren proposamen teknikoa eta aurrekontu banakatua, www.euskadi.eus web-orrian (laguntzen eta dirulaguntzen atalean) eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzian («Laguntza, bekak eta sariak» apartatuko «Deialdiak» atalean) argitaratutako ereduen arabera, eta planoekin lotutako obra edo azpiegituren karpeta teknikoak, administrazio-lizentziak eta prestakuntza-planak, eduki eta metodologiekin.
b) Entitate onuradunak baloratzeko: Entitate eskatzaileen Plan estrategikoak, Ekintza humanitarioko plan estrategikoak eta Genero-ekitatearen aldeko planak.
c) Tokiko bazkideak baloratzeko: Tokiko bazkideen Plan estrategikoak, Ekintza humanitarioko plan estrategikoak eta Genero-politikak.
9. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagun daitezkeen gastuak dira diruz lagundutako esku-hartzearen izaerari erantzuten diotenak, hertsiki beharrezkoak direnak, eta ezarritako betearazpen-epean egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuetan, erosketa-kostua ezingo da inola ere merkatuko balioa baino altuagoa izan, eta tokiko bitarteko materialak eta giza baliabideak lehenetsiko dira.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak alderdi hauekin lotutakoak izan daitezke, besteak beste: sargaiak eta materialak erosi eta garraiatzea, ekipamenduak eta espazioak alokatzea, pertsona fisiko eta juridikoak kontratatzea, bidaiak eta egonaldiak egitea, eta produktuak eta materialak sortu eta zabaltzea.
3.– Diruz lagun daitezkeen gastuak honela sailkatzen dira:
a) Identifikazio-gastuak: diruz lagundu beharreko esku-hartzea identifikatu aurreko ekintzekin zuzenean lotuta dauden gastuak; gastu horiek esku-hartzea aurkeztu den dataren aurreko bost hilabeteetan egin beharko dira gehienez.
b) Ondasunak eta zerbitzuak hornitzeko gastuak, komunitateak eta pertsonak babesteko: krisien eraginpean dauden pertsonak eta komunitateak babesteko zerbitzu eta ondasunak ematearekin zuzenean lotutako gastuak –elikadura, ura eta saneamendua, arropa eta babesa, oinarrizko azpiegituren berreraikuntza eta errehabilitazioa, osasuna, hezkuntza, babes juridikoa eta psikosoziala, gaitasunen indartzea, diru-sarrerak sortzen dituzten jarduerak, eta abar–. Zerbitzu horiek gauzatan edo diruzko ekarpen edo bonuen bidez eman ahalko dira.
c) Erakunde humanitarioak sendotzeko gastuak: erakunde humanitarioen, tokian tokikoen eta euskal erakundeen gaitasunak indartzearekin zuzenean lotutako gastuak.
d) Lekukotza, salaketa eta eraginen gastuak: testigantzak jasotzearekin, txostenak egin eta zabaltzearekin zuzenean lotutako gastuak, baita eraginpean dauden pertsonen egoera salatzeko eta tokiko, estatuko edo nazioarteko espazioetan eragiteko gainerako jarduerekin lotutakoak ere.
e) Langile-gastuak: esku-hartzeari lotutako zerbitzuetako langileak lanaldi osoan edo partzialki modu iraunkorrean kontratatzearekin zuzenean lotutakoak.
f) Funtzionamendu-gastuak: tokiko bazkideen zerbitzuetan edo higiezinetan egindako gastuak, esku-hartzea oro har kudeatzeko, duten atxikipenaren arabera hainbanatuta.
g) Ebaluazioko eta kontu-ikuskaritzako gastuak: esku-hartzearen ebaluazioarekin eta kontu-auditoriarekin zuzenean lotutako gastuak. Azken justifikazio-datua entregatzeko datara arte egotzi ahal izango dira gastu horiek.
h) Zeharkako gastuak: entitate onuradunak esku-hartzearen kudeaketa eta jarraipenerako egiten dituen gastuak. Ekintza humanitarioko proiektuen lerroan, zuzeneko kostuen % 10 izango da gehienez, eta ekintza humanitarioko estrategien lerroan, bi tarte egongo dira. 200.000 euroko dirulaguntzaren lehenengo tartean zuzeneko kostuen % 10, eta, kopuru horretatik aurrera, zuzeneko kostuen % 7.
10. oinarria.– Truke-motak.
1.– Betearazpen-herrialdeko edo herrialdeetako legezko diruan egindako aurrekontuak eurotan kalkulatzeko, truke-tasa hauek hartuko da kontuan:
a) Ekintza humanitarioko proiektuak. Europako Banku Zentralak edo proiektua gauzatuko den herrialdeko edo herrialdeetako Banku Zentralak ezarritako truke-tasa hartuko da erreferentziatzat. Eskaeran adierazitako eguna eskaera aurkeztu baino hilabete lehenagokoa izan daiteke gehienez.
b) Ekintza humanitarioko estrategiak. Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean Europako Banku Zentralak edo estrategia gauzatuko den herrialdeko edo herrialdeetako Banku Zentralak zein truke-tasa ezarri duten hartuko da erreferentziatzat.
2.– Esku-hartzeak garatzen diren testuinguruak kontuan hartuta, gerta daiteke informazioa ez eskuragarri egotea aipatutako baliabideetan. Kasu horretan, zenbait web-orritan eskaintzen den truke-tasa erabili ahal izango da (adibidez, www.oanda.com). Entitate onuradunak eskaera normalizatuan adieraziko du zer truke-mota erabili duen eta zer iturritatik lortu duen.
11. oinarria.– Balorazio-irizpideak.
1.– Esku-hartzeak balioesteko, ondoren zehazten diren balorazio-irizpideak eta dagozkien puntuazioak erabiliko dira, eta gehienez 100 puntu lortu ahalko dira:
a) Esku-hartzearen kalitatea: 0 eta 41 puntu artean. Hauek baloratuko dira: esku-hartzearen egokitasuna eta koherentzia testuinguru humanitarioan identifikatutako beharrei erantzuteko, eta esku-hartzearen bideragarritasuna baldintza teknikoei eta giza eta segurtasun alderdiei dagokienez.
b) Zeharkako ikuspegiek esku-hartzean duten lekua: 0 eta 40 puntu artean. 2025-2026 Bi Urteko Planean eta 2018-2023 Ekintza Humanitarioko Estrategian (2024-2026rako luzatua) ezarritako esparruaren barruko ikuspegiak eta dagokion urteko planean aurreikusitakoarekin bat datozenak baloratuko dira.
c) Entitate onuraduna: 0 eta 6 puntu artean. Ekintza humanitarioaren espezializazio-maila eta genero-politikak entitatean duen tokia baloratuko dira.
d) Tokiko bazkidea: 0 eta 13 puntu artean. Entitatearen toki-izaera, ekintza humanitarioaren espezializazio-maila eta genero-politikak erakundean duen tokia baloratuko dira.
12. oinarria.– Esleitzeko prozedura.
1.– Eskatutako esku-hartze modalitatearen arabera, hau izango da laguntza adjudikatzeko prozedura:
a) Segidako emakidako prozedura, era iraunkorrean irekia, ekintza humanitarioko proiektuetarako. Eskaerak aurkezteko ordenari jarraituz esleituko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluan aurreikusten den moduan, eta era ordenatuan ebatziko dira, aurkeztutako eskaera-espedientea osatuta dagoen unearen arabera. Baldin eta azken eskaera baterako funts-soberakinik geratzen bada, dagoen zenbatekoaren arabera murriztuko da emango zaion diru-kopurua. Aurkeztutako eskaerak ezesteko arrazoia izango da aurrekontu-kreditua agortzea, baldin eta horren argitalpen ofiziala baino lehen aurkeztu badira. Argitaratu eta gero, ez da eskaera berririk onartuko.
b) Norgehiagoka-araubideko prozedura, ekintza humanitarioko estrategietarako. Partzialki baietsiko da deialdiko kreditua nahikoa ez izateagatik baietsi ezin diren eskaeren artean puntuaziorik onena lortu duen eskaera, eta haren zenbatekoa erabilgarri dagoen kopururaino murriztuko da, baldin eta modalitate horretarako ezarritako gutxieneko aurrekontua, hau da, 500.000 euro, baino handiagoa bada.
2.– Nolanahi ere, ezarritako baldintza guztiak eta 2025-2026 Bi Urteko Planean eta 2018-2023 Ekintza Humanitarioko Estrategian (2024-2026rako luzatua) ezarritako premisak betetzen dituzten eskaerak baino ez dira hautatuko, betiere gutxienez 50 puntu lortzen badituzte; 3. oinarrian ezarritako aurrekontu-zuzkiduraren mugara heldu arte, gehienez.
13. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak kudeatzea eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko Zerbitzuari dagokio.
2.– Aurkeztutako eskaerak aztertu eta baloratzeko, kide anitzeko organo bat eratuko da, hautaketa-batzorde izendatua, eta pertsona hauek izango dira kideak:
– Batzordeburua: Iker del Río Lahidalga, Lankidetzarako teknikaria, Koordinazio Teknikoaren arduradunaren eginkizunak esleituta, Alazne Camińa Izkararen ordez, Koordinazio Teknikoaren arduraduna.
– Batzordekidea: Alicia Aleman Arrastio, Lankidetzarako teknikaria.
– Batzordekidea: Karen Rodríguez Guinea, Lankidetzarako teknikaria.
– Batzordekidea eta idazkaria: María del Pilar Diez Arregui, Lankidetzarako teknikaria.
14. oinarria.– Ebazpen-proposamena.
1.– Aintzat hartuta balorazio-batzordearen txostena, Koordinazio Teknikorako Zerbitzuak behar bezala arrazoitutako ebazpen-proposamena eginen du, zeinetan adierazi beharko baita dirulaguntza zein entitate eskatzaileri ematea proposatzen den, baita zenbatekoa ere.
2.– Interesdunak azaldutakoak baino egitate, alegazio eta frogak baino gehiago agertzen badira edo kontuan hartzen badira prozeduran, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta pertsona interesdunei jakinarazi beharko zaie, 10 eguneko epea emanda alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena eginen da.
3.– Interesdunek alegatutako egitate, froga edo alegazioetatik harago beste egitate, froga edo alegaziorik ez egoteagatik entzunaldi-izapide hori alde batera utz daitekeen kasuetan, egindako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoarekin.
15. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Behin betiko ebazpen-proposamena eman ondoren, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren titularrari dagokio deialdia ebaztea; ebazpen horretan eman edo ukatuko da eskatutako laguntza, eta ezarriko dira lortutako puntuazioa eta onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Gainera, organo kudeatzailearen txostena jasoko da dirulaguntzak emateko espedientean, eta txosten horretan jasota geratuko da, organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera, entitate onuradunek eskakizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.
2.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren zuzendariaren ebazpenak, eskatutako laguntzak esleitu edo ukatzen dituztenak, banan-banan jakinaraziko zaizkio entitate interesdun bakoitzari.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluarekin bat etorriz, eskaera aurkezten denetik aurrera sei hilabeteko epea igaro ondoren esanbidezko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.
4.– Ebazpen horrek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakaritzari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Hiru hilabete igaro eta berariazko ebazpenik eman ez bada, gora jotzeko errekurtsoa ezetsitzat joko da.
5.– Ekintza humanitarioko proiektuetara zuzendutako funtsak agortuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bitartez jakinaraziko da, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpena argitaratuta.
6.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko, emandako dirulaguntzen zerrenda egoitza elektronikoan argitaratuko da.
16. oinarria.– Laguntza onartzea eta betearazpen-epea.
Entitate onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea, eta, horretarako, hamar eguneko epea egongo da, emakida jakinarazten denetik aurrera. Entitate onuradunak ez badu laguntza onartzen, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak dirulaguntza onartu ez dela ulertuko du, eta, beraz, zenbateko hori hurrengo eskaerara bideratuko da, baldin eta esleipendun izan ez bada eta oinarri hauetan aurreikusitako baldintzak betetzen baditu.
b) Laguntza onartzearekin batera, eta laguntza-eskaeran adierazitako datak aldatu badira, esku-hartzearen hasiera- eta amaiera-data adieraziko ditu entitate onuradunak. Nolanahi ere, aurrekontu-ekitaldia amaitu baino lehen hasi beharko da esku-hartzea.
17. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea.
Dirulaguntzak honela ordainduko dira:
1.– Ekintza humanitarioko proiektuak ordainketa bakarrean ordainduko dira, laguntza onartu ondoren.
2.– Ekintza humanitarioko estrategiak honela ordainduko dira:
a) Lehenengo ordainketa, diruz lagundutako zenbatekoaren % 50ekoa, laguntza onartu ondoren egingo da.
b) Bigarren ordainketa, falta den zenbatekoa duena, emandako dirulaguntzaren % 25 justifikatzen denean egingo da, laguntza onartu den aurrekontu-ekitaldiaren hurrengoa amaitu baino lehen betiere.
3.– Entitateek zuzen jokatu beharko dute funtsak erabiltzean; horrela, esku-hartzearen xedeak betetzeko baino ez dituzte aplikatuko, eta horien trazabilitatea bermatuko dute.
4.– Entitate onuradunei laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen arloan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- eta zehapen-prozedura guztiak amaituta egotea.
18. oinarria.– Gastua justifikatzea.
1.– Esku-hartze humanitarioen justifikazioa burutzeko, egindako gastuaren justifikazio-kontua erabiliko da, kontu-auditoriaren txostena ere aurkeztuta, betiere esku-hartzeak egiten diren herrialdeetako araudiaren arabera. Nazioarteko erakundeek eginiko gastuen kasuan, hauen arabera egin eta egiaztatuko dira: nazioarteko akordioetan, konbentzioetan eta aplikatu beharreko bestelako tresnetan ezarritako mekanismoen arabera.
2.– Esku-hartzea amaitu eta ondorengo sei hilabeteetan aurkeztu beharko da azken justifikazio-kontua. Justifikazio-kontu hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eta eLankidetza-Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentziaren web-orrian eskuragarri dagoen eredura doitu beharko da, eta kontu-auditore batek egin beharko du, Kontabilitate eta Kontu Auditoretzako Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean jarduneko pertsona gisa inskribatuta.
3.– Kontu-auditoriaren txostena atzerrian egiten bada, esku-hartzeen betearazpen-herrialdean edo -herrialdeetan jarduleak diren kontu-auditoreek egin ahalko dute, baldin eta herrialde horietan kontu-auditorian aritzeko gaikuntza-araubide bat baldin badago. Gaikuntza-sistemarik ez badago, herrialdean ezarritako kontu-auditore batek egin ahal izango du txostena, baldin eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak izendatzen badu, edo Agentziak berresten badu, entitate onuradunak hala proposatu ondoren.
4.– Kontu-ikuskaritzaren txostena egitea ezinezkoa bada, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak baimena eman ahalko du, esku-hartzea betearazteko testuinguruaren arabera eta entitate onuradunak behar bezala arrazoitutako justifikazioa eman ondoren, dirulaguntza justifikazio-kontuaren modalitatean justifikatu dadin, gastuen egiaztagiriak aurkeztuta, baina kontu-ikuskaritzaren txostenik gabe.
5.– Gastua justifikatzeko dokumentazio egokia edukitzea zailtzen edo ezinezko egiten duten egoerak gertatuz gero, eLankidetza-Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariak bestelako justifikazio-moduak onartu ahal izango ditu, hala nola behar bezala egiaztatutako eta dagokion erregistro ofizialean inskribatutako tasatzaileen txostenak, lekukoen deklarazioa, egindako emaitzak edo jarduerak egiaztatzea, hornitzaileen erantzukizunpeko adierazpena, faktura bakarreko justifikazioa edo antzeko froga-balioa duten bestelako dokumentuak.
19. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, baita deialdi honetan aipatzen diren laguntzak jasotzeagatik eska daitezkeen legezko gainerako betebehar guztiak ere.
20. oinarria.– Ez-betetzeak.
Laguntzaren entitate onuradunak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13., 14. eta 42. artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan aurreikusitako betebeharren bat betetzen ez badu, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak, entitate onuradunari entzun eta dagokion prozedura gauzatu ondoren, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du.
21. oinarria.– Laguntzak itzultzea.
Bidegabe jasotako laguntzak itzultzeko arrazoiak eta laguntza horiek azkentzeko eta itzultzeko prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan eta hirugarren xedapen gehigarriko laugarren apartatuan ezarritakoaren arabera arautuko dira.
22. oinarria.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Dekretu honen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo entitate publiko edo pribatu batzuek emandako beste laguntza batzuekin, helburu bera badute.
2.– Beste administrazio publiko edo entitate pribatu edo publiko batzuek, estatukoak edo nazioartekoak izan, emandako dirulaguntzekin bat eginez gero, laguntza horien zenbatekoa ez da izango entitate onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, emandako laguntzari kenduko zaio garatu beharreko jardueraren kostua gainditzen duen zenbatekoa.
23. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak, beste administrazio batzuek edo entitate publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzak eskuratzeak, edo helburu berbera lortzeko beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzeak, dirulaguntza emateko ebazpenak aldaraz ditzakete, baldin eta dirulaguntzaren onuradun izateko arau honetan ezarritako gutxieneko betekizunak gordetzen badira.
2.– Horretarako, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren zuzendariak dagokion ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko. Hala ere, emandako dirulaguntza handitzea ekar dezaketen baldintza-aldaketek ez dute hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa aldaraziko.
24. oinarria.– Funtsezko aldaketak.
1.– Entitate onuradunak baimen-eskaera bidali beharko du eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziara, esku-hartzean aldaketa nabarmenak eragiten dituen eraldaketa oro egin aurretik.
2.– Funtsezko aldaketatzat hartzen dira, betiere, hauetan eginikoak: xedeak eta emaitzak, kokapena, tokiko bazkidea edo biztanleria subjektua. Era berean, funtsezkotzat joko dira ekintza humanitarioko proiektuak gauzatzeko hiru hilabetetik gorako atzerapenak eta ekintza humanitarioko estrategiak gauzatzeko sei hilabetetik gorako atzerapenak, bai eta bi esku-hartze modalitateetako % 10etik gorako aurrekontu-aldaketak ere, betiere, 15.000 eurotik gorako aldeak eragiten badituzte soilik.
3.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak emango du proposatutako aldaketei buruzko ebazpena eta, aldaketa egiteko eskaera ukatuz gero, hasieran ezarritako baldintzetan jarraitu beharko du prozesuarekin entitate onuradunak.
4.– Ekintza humanitarioko proiektuen kasuan hiru hilabetetik behera luzatzeko eta ekintza humanitarioko estrategien kasuan sei hilabetetik behera luzatzeko, ez da aldez aurreko baimenik beharko, baina ekimena gauzatzeko epea amaitu aurretik jakinarazi eta justifikatu beharko dira. Hurrenez hurreneko luzapenek guztira hiru edo sei hilabeteko muga horiek gainditzen badituzte, dagokion aurretiko baimena eskatu beharko da.
5.– Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutako zenbatekoa baino baxuagoa bada, entitate onuradunak esku-hartzea birformulatu beharko du, adjudikatutako zenbatekoaren arabera, eta birformulatutako esku-hartzea eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziari jakinaraziko dio.
25. oinarria.– Abala etetea.
Deialdi honetan araututako laguntzei dagozkien ordainketa aurreratuak ez dute bermerik eratu beharrik izango.
26. oinarria.– Eskuratutako ondasunen jabetza eta erabilera. Proiektuaren ikusgarritasuna.
1.– eLankidetza-Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentziaren aurrekontu-esleipenetako funtsen ekarpenen bidez erositako ondasun higigarri eta higiezin guztiak dirulaguntza jasoko duten herritarrenak izango dira, edo, hori ezinezkoa bada, esku-hartzean barne hartutako zerbitzuak ematen dituen toki-entitatearenak, eta bermatu beharko da laguntzak ematen diren horrexetarako erabiltzen jarraitzen dela.
2.– Onartutako proiektuek eLankidetza-Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentziak emandako babesa ikusaraziko dute, haren irudi korporatiboa barne. Hala ere, identifikazio publikoak entitatearen segurtasuna edo esku-hartzearen osotasuna arriskuan jar badezake, ez da ikusgai jarriko, eta entitate onuradunak hori egitea gomendatzen duten arrazoiak justifikatu beharko ditu.
3.– Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, birgaitu eta hobetzeko kasuetan, arau hauek bete behar dira:
a) Pertsona edo entitate onuradunek ondasunak dirulaguntzaren helburu zehatzerako bideratu beharko dituzte. Erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, epe hori ezin da izan hogei urte baino laburragoa, eta, gainerako ondasunen kasuan, aldiz, bi urte baino laburragoa.
b) Erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunak direnean, ezaugarri hori agerrarazi beharko da eskrituran, baita emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere. Dagokion erregistro publikoan erregistratu behar dira bi alderdi horiek.
27. oinarria.– Dirulaguntza jaso duten jarduerak kontratatzea onuradunek.
1.– Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduerari dagokion zenbatekoaren % 50eraino kontratatu ahal izango du, kontratu guztien prezioak batuta.
2.– Nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie entitate onuradunari eta kontratistari.
3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.3 artikuluan aipatutako kontratazioaren kasuan, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariaren aurretiko baimena beharko da.
28. oinarria.– Datuen babesa.
Eskaeretan ageri diren datu pertsonalak «Garapenerako lankidetzako laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira. Datu pertsonalak xedapen hauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira: batetik, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta, bestetik, (EB) 2016/679 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
RSS