Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2026ko martxoaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
1374

41/2026 DEKRETUA, martxoaren 17koa, zeinaren bidez deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu behar dituela, nahitaez desjabetzeko, «Muskizko hondakin-uren araztegitik itsasorako hoditeriaren trazatu-proiektuak» eragingo dituen ondasun eta eskubideak.

«Muskizko hondakin-uren araztegitik itsasorako hoditeriaren trazatu-proiektua» deritzon proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.

2022ko urriaren 24an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hilabeteko epean, iragarkiak argitaratuta bai Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (220. zk.), bai tokiko prentsan, 2022ko azaroaren 18an eta 23an, hurrenez hurren. Geroago, 2025eko uztailaren 29an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea proiektuaren eraginpeko eskubideak eta ondasunak urgentziaz okupatzekoak direla deklaratzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko behar adina datuekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen, egoki zenean, eta lau alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horien okupazioa luzaezintzat jotzen da, eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:

1) Ingurumenaren arloan: Arenako hondartzaren eta Barbadun Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) gaineko eragina ezabatzea; izan ere, hondakin-uren araztegira (HUA) iristen den emari guztiaren bi herenek efluentearen kalitatea hobetzen duen aurretratamendu bat jasotzen dute, baina ez da nahikoa isurketaren osasun- eta ingurumen-parametroak betetzeko.

2) Pertsonen osasunaren arloan: Isurketa horiek ezabatuz ur-masen ingurumen-kalitateko arauak betez gero, ur-masen ingurumen-kalitatea hobetuko litzateke, eta erraztu egingo litzateke horri buruzko arauak betetzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio deklaratzea urgentziaz okupatu behar direla nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Ondorioz, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 17an egindako bilkuran eztabaidatu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Muskizko hondakin-uren araztegitik itsasorako hoditeriaren trazatu-proiektua» gauzatzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 17an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala