
60. zk., 2026ko martxoaren 30a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (254 KB - 19 orri.)
- EPUB (671 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1373
44/2026 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Donostiako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, gazte-arlotik gazteen emantzipazioa bultzatzeko proiektu integral bat garatzeko, gazteen partaidetzarekin, trantsizio sozial eta demografikoko testuinguruan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Donostiako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, gazte-arlotik gazteen emantzipazioa bultzatzeko proiektu integral bat garatzeko, gazteen partaidetzarekin, trantsizio sozial eta demografikoko testuinguruan. Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 25a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 25EKO 44/2026 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA DONOSTIAKO UDALAREN ARTEKOA, GAZTERIAREN ARLOTIK GAZTEEN EMANTZIPAZIOA BULTZATZEKO PROIEKTU INTEGRAL PILOTU BAT GARATZEKO, GAZTEEN PARTE-HARTZEAREKIN, TRANTSIZIO SOZIAL ETA DEMOGRAFIKOKO TESTUINGURU BATEAN
Donostian, sinadura elektronikoaren egunean.
Alde batetik, Nerea Melgosa Vega, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua izendatzeko lehendakariaren ekainaren 24ko 29/2024 Dekretuaren bidez izendatua, Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 3ko bilkuran hartutako erabakiak ematen dion ahalmenaz baliatuz.
Eta bestetik, Íñigo García Villanueva Donostiako Udaleko Inklusio, Aniztasun eta Ingurumeneko zinegotzi ordezkaria (Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarraren 2024ko urriaren 1eko erabakiaren bidez onartutako ordezkaritza), hitzarmen hau sinatzeko baimenduta dagoena Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarraren 2025eko azaroaren 18(e)ko erabakiaren bidez.
Bi alderdiek behartzeko eta hitzartzeko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen (aurrerantzean, Gazteriaren Legea edo GL) 9.1.i).1 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari esleitzen dio emantzipaziorako informazio, dokumentazio, orientazio eta laguntzako jarduera, zerbitzu eta ekipamenduak hornitzea, bai eta Gazteria Sisteman sartzen diren gainerako jarduera, zerbitzu eta ekipamenduak ere, edo pilotuak, gazteen emantzipazioa sustatzeko, biztanleria-sektore horretan espezializatuta dagoen eta Euskal Autonomia Erkidego osora iristen den eta bertan proiektatzen den politika baten esparruan, hargatik eragotzi gabe gainerako administrazioekin (foru- eta toki-administrazioekin) lankidetzan aritzeko aukera.
Bigarrena.– Gazteriaren Legearen 11.e) artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei esleitzen die gazteen emantzipazioa bultzatzeko eginkizuna, bai udal-eremuan, bai udalaz gaindiko eremuan, foru-aldundiekin eta gazteriaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailarekin koordinatuta, 9. artikuluan aurreikusitakoa betez.
Era berean, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.1.36 artikuluak ezartzen du zer eskumen dituzten udalerriek gazte-politiken plangintzan, antolamenduan eta kudeaketan.
Hirugarrena.– Gazteen Legearen 23. artikuluak Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea sortzen du. Sare hori Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko 9.1.i).1 artikuluan aipatutako jarduera eta zerbitzuek osatzen dute, eta EAEko gainerako administrazio publikoek gazteen emantzipazioa bultzatzera bideratzen dituzte, biztanleria-sektore horretan espezializatutako politika baten esparruan eta beren eskumeneko eremu geografikoan.
Laugarrena.– Artikulu horrek Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailari esleitzen dio: a) gazteen emantzipaziorako eta mugikortasunerako online zerbitzu bat bultzatzea, informazioa, orientazioa, bitartekaritza, aholkularitza eta laguntza integral, jarraitu eta pertsonalizatua emateko, itzulera barne; b) aurrez aurreko arreta eskaintzen duten gazteen emantzipazio-zentroen sare bat sustatzea eta koordinatzea, Euskadiko Gazte Informazio eta Dokumentazio Sarearekin, Euskadiko Gazte Informazio eta Dokumentaziorako Zentro Koordinatzailearekin eta lurralde-zentroekin artikulatua; c) Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea koordinatzea, zeinak gune birtual bat izango baitu gazteen emantzipazioaren inguruko ekosistema bat dinamizatzeko, sail arteko, erakunde arteko eta sektore arteko ikuspegiarekin, gazteak eremu horretako ekimenak dituzten sektore eta gizarte-eragile guztiekin konektatuz.
Era berean, laugarren apartatuak ezartzen du Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarearen esparruan, zeina Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailak koordinatuko baitu, beste laguntza batzuk bultzatuko direla emantzipazioa errazten duten faktoreetan eragiteko, batez besteko emantzipazio-adina zenbat murriztu den ebaluatuz eta jardunbide egokiak sistematizatuz, emantzipaziorako politika eta laguntza espezifikoei buruzko ezagutza partekatua sortzeko.
Bosgarrena.– Gazteen Legearen 20.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailak gazteen mugikortasunari eta migrazioei buruzko programa bat bultzatuko du, eragina izango duena gazteen atxikipenean eta gazteen erakarpenean, itzuleran eta konexioan, bertakoak izan edo ez, beste erkidego eta herrialde batzuetan.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari esleitzen dizkio gazteriaren eta emantzipazioaren arloko egitekoak eta jardun-arloak.
Donostiako Udalak, bestalde, gazteentzako hainbat zerbitzu konektatuko ditu programa horrekin – besteak beste, gazteen bizi-ibilbideei laguntzeko aurrez aurreko zerbitzua – eta udal-eremuekin.
Seigarrena.– Donostiako Udalak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak interesa dute Donostian eta EAEn trantsizio sozial eta demografikoari erantzungo dioten gazte-politikak (trantsizio-politikak) hedatzeko proiektu pilotu batean lankidetzan aritzeko, esperientzia pilotuen ebaluaziotik abiatuta. Eta pilotua izango da, alde batetik, esperientzia osatuko duten zerbitzu eta programengatik, eta, bestetik, gazteria-sistematik emantzipazioa errazteko lan egingo delako, gazteen parte-hartzearekin.
Proiektu pilotu hau beste udalerri batzuetan erabiltzeko moduko eredu eraginkorra sortzeko asmoz ezarriko da, testuinguru bakoitzera egokituta. Ikuspegi hori ere kontuan hartu da zerbitzuak eta programak diseinatzerakoan. Era berean, ekimen mota horrek Donostian duen eragina garrantzitsua da EAE osorako, Donostian bizi, lan egin edo ikasten duten gazte ugari baitaude.
Proiektuaren ezaugarri bereizgarriek, gainera, berrikuntza-laborategi bihurtzen dute, trantsizioko gazteria-politikak diseinatu, hedatu eta ikusarazteko, gazteen emantzipazioa errazteko eta erronka demografikoari erantzuteko. Gainera, proiektua ebaluatu, sistematizatu eta mailakatuko denez, proiekzio handiagoa izango du, eta bidea irekiko du Emantzipaziorako Euskal Sarearen diseinuan eta hedapenean aurrera egiteko.
Azaldutako guztiagatik, lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Honako klausula hauek arautuko dute hitzarmena:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak proiektu integral pilotu bat abian jartzeko konpromisoa hartzeko baldintzak finkatzea. Proiektu hori Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen (JL) 9. artikuluaren 1.i).1 apartatuaren arabera eratzen da, gazte-sistematik bertatik gazteen emantzipazioa bultzatuz eta gazteen parte-hartzearekin.
Proiektua Donostian bizi, ikasi edo lan egiten duten edo egin nahi duten 16-34 urteko gazteei zuzenduta dago – Gazteriaren Legearen 3.3 artikuluan zeharkako gazte-politikei buruz aurreikusitakoaren arabera, hala nola emantzipazio-politika –. Beraz, ikuspegi irekia eta eragin zabala izango ditu.
Proiektu pilotu hori Donostian ezarriko da, ebaluaziotik abiatuta eredu eraginkor bat sistematizatzeko, EAEko beste udalerri batzuetan helburu berberak dituzten proiektuak diseinatzeko balioko duena, ebaluazio-, sistematizazio- eta eskalatze-prozesuen bidez, Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea gero eta hobeto konfiguratzen eta egituratzen joateko, Gazteriaren Legearen 23. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Alde horretatik, proiektu honen helburua da ikaskuntza erabilgarriak ateratzea, beste udalerri batzuentzat ere baliagarriak izango direnak, proiektu osoa eta zerbitzu edo programa pilotuak ebaluatuz, sistematizatuz eta mailakatuz. Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak partekatuko dituzte horiek guztiak.
Bigarrena.– Zerbitzuak eta programak.
Proiektuak zerbitzu eta programa hauek izango ditu:
– Gazteen bizi-ibilbideei laguntzeko aurrez aurreko zerbitzua, bi erakundeek lankidetzan sustatua eta Eusko Jaurlaritzaren GAZ (Gazte-ibilbideak Abiarazteko Zerbitzua) zerbitzuarekin artikulatua. Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarearen parte da zerbitzua, eta Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailak koordinatzen du.
GAZek online zerbitzu bat eta espazio birtual bat antolatzen ditu, gazteen emantzipazioaren inguruko ekosistema bat dinamizatzeko, bai eta AMESLARIAK programa ere, mugikortasun- edo migrazio-proiektuak dituzten gazteen erakarpena, itzulera, atxikipena eta konexioa sustatzeko, hurrenez hurren 23. artikuluan (online zerbitzua eta espazio birtuala) eta 20. artikuluko 4. apartatuan (AMESLARIAK programa) aipatzen direnak.
Aurrez aurreko zerbitzua Kontadores Gazte Zentroan egongo da (Pasai San Pedro Hiribidea 13, 20017 Donostia, Gipuzkoa), eta Donostiako Udalak zerbitzuaren esku jarriko ditu gune horiek. Gune horietan, hitzarmen honetan aipatzen diren baliabideak jarriko dira eskuragarri, eta gazteen emantzipazioa sustatzeko jarduerak eta tailerrak ere egingo dira.
– Martx-Up: Donostiako 18 eta 30 urte bitarteko gazteen ideiak, erronkak eta proiektuak bultzatzeko eta abian jartzeko ekimena da, eta prestakuntza, laguntza eta baliabideak eskaintzen dizkie. Batez ere, haien ahalmen sortzaile eta berritzailea sustatu nahi da, bai eta hirian eragile aktibo eta sortzaile izaten lagundu ere.
– Laborategiak: eduki kulturalaz gain, gazteen interesak, beharrak eta kezkak ere kontuan hartuta proposatzen dira.
Laborategi horietan formatu desberdinak onartzen dira: ikastaroak, hitzaldiak, bilerak, espazioaren erabilera desberdinak, eta talde desberdinek proposatzen dituzten jarduera anitzetarako irekita egongo dira. Laborategi horiek areto desberdinetan emango dira, bakoitzaren formatuaren arabera (areto nagusia, tailerra, areto digitala...).
– Lagapenak: Kontadores sorkuntza- eta berrikuntza-proiektuak gauzatzeko bitarteko bat da. Horretarako, gazteen eskura jartzen ditu espazioa, materialak eta beste baliabide batzuk, eta erabiltzaileek kasu bakoitzean adostuko dute zer eskain dezaketen zerbitzu horren ordain gisa.
– Parte-hartzea: programazioan beste eragile batzuek antolatutako eta sustatutako ekimenak sartzen dira, bai eta gazte-kolektiboek proposatutako ekimenen zabalkundea sustatzen dutenak ere. Besteak beste, lankidetza, EGKrekin sinatutako hitzarmen baten esparruan.
Proiektu eta programa horiek guztiak Eusko Jaurlaritzarekin batera egingo dira, eta bi erakundeek finantzatuko dituzte, aurrekontuan aurreikusitakoaren arabera (ikus 1. eranskina).
Zerbitzu eta programen ezaugarriei, ekipamenduari eta Gazteriaren Udal Zerbitzuaren presentziari esker, Donostiako Udala berrikuntza-laborategia izango da Gazteriaren Legearen eta Gazteriaren Euskal Sistemaren helburuekin bat datozen politika berrietan: diseinua, garapena, ebaluazioa eta komunikazioa, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, bereziki gazteen emantzipazioaren eta mugikortasunaren arloan. Gainera, ebaluazioaren, sistematizazioaren eta eskalatzearen bidez, proiektuak EAE osorako baliozko proiekzioa izango du.
Gainera, programa eta zerbitzu horiek printzipio gidari hauen arabera antolatuko dira:
– Genero-ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala:
• Zerbitzu eta programa guzti-guztiak genero-ikuspegian eta ikuspegi intersekzionalean oinarritzen dira. Helburua da guztiek emantzipazio-prozesua baldintza berdinetan eramatea, generoa edozein dela ere, inolako diskriminazio-faktorerik eragin gabe eta, are gehiago, diskriminazio anizkoitza jasaten dutenei arreta ematen saiatuz.
– Belaunaldien arteko ikuspegia:
• Hemen jasotzen diren udal-zerbitzuak eta -programak gizarte-antolaketa erantzunkide eta solidario batera bideratuta daude, premia horri erantzuna eman nahian, belaunaldi guztiak kontuan hartuta: adibidez, elkarri laguntzeko jarduerak antolatuko dira (mentoretza gazte nagusiei laguntzea, gazte nagusiei laguntzea), eta belaunaldien arteko elkarrizketa eta topaketa erraztuko dira. Gainera, belaunaldien arteko ikuspegia hartzeak esan nahi du jarduera batzuk adina edozein dela ere diseinatuko direla, belaunaldi desberdinetako gazteek eta helduek parte har dezaten.
Proiektu pilotua osatzen duten zerbitzu eta programa berritzaile horiek elkarrekin lotuta daude:
– Kontadores Gazte Zentroan kokatuko dira fisikoki.
– Eusko Jaurlaritzarekin elkarrizketan eta lankidetzan garatuko dira, eta bi erakundeek batera finantzatuko dituzte, I. eranskinean (aurrekontua) aurreikusitakoaren arabera.
Zerbitzu eta programen ezaugarriei, ekipamenduari eta Udal Gazteria Zerbitzuaren presentziari esker, Donostiak berrikuntza-laborategi gisa jardungo du Gazteriaren Legearen eta Gazteriaren Euskal Sistemaren helburuekin bat datozen politika berrien diseinuan, garapenean, ebaluazioan eta komunikazioan, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, bereziki gazteen emantzipazioaren eta mugikortasunaren arloan. Gainera, ebaluazioaren, sistematizazioaren eta eskalatzearen bidez, proiektuak EAE osorako proiekzioa izango du.
Hirugarrena.– Izaera juridikoa.
1.– Hitzarmen honek izaera administratiboa du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera, eta Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen aplikazio-eremutik kanpo geratzen da.
2.– Hitzarmen honen interpretaziotik, ondorioetatik edo suntsiarazpenetik sor daitekeen edozein auzitarako, alderdiek hitzarmenean araututako Jarraipen Batzordearen mende jartzea adostu dute, baina, adostasunik ez badago, administrazioarekiko auzien jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitako baldintzetan.
Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzaren betebeharrak.
Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailak betebehar hauek ditu:
– Donostiako Udalarekin koordinatzea hitzarmen hau gauzatzeko behar den guztian.
– Zerbitzu eta programa guztiak diseinatu, ebaluatu eta sistematizatzea, Donostiako Udalarekin lankidetzan. Jarduera horiek proiektu pilotua EAEko beste udalerri batzuetara eramaten lagundu behar dute.
– Proiektuaren esku jartzea zerbitzuak eta programak gauzatzen parte hartzeko behar diren baliabideak, II. eranskinean zehaztutako konpromiso programatiko espezifikoen arabera. Eta, bereziki, gazteen emantzipazioari laguntzeko aurrez aurreko zerbitzua bultzatzea eta koordinatzea, zerbitzu hori emateko online zerbitzuekin artikulatuz eta Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarearen esparruko koordinazioa bere gain hartuz, Gazteriaren Legean aurreikusitako baldintzetan. Zehazki:
• Emantzipazioaren inguruan Eusko Jaurlaritzak garatutako online zerbitzua eta espazio birtuala (webgunea eta APPa) Donostiako Udalak bultzatutako aurrez aurreko zerbitzuarekin konektatzen direla ziurtatzea, zerbitzu horiek gazteentzako informazio-sarearekin konektatzen direla bermatzea, eta baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzea, taldeen arteko lankidetza sustatzea, prestakuntza- eta gainbegiratze-ekintza partekatuak barne, eta hartzaileei eta erabiltzaileei ematen zaien arretaren koherentzia sustatzea.
– Donostiako Udalarekin batera, zerbitzuen eta programen jarraipena egitea, horiek guztiak hedatzen eta behar bezala gauzatzen direla ziurtatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuz, eta Jarraipen Batzordearen esku jartzea beharrezkoak diren memoriak, txostenak eta dokumentuak.
– Proiektua batera finantzatzea, bi alderdien konpromiso ekonomikoei buruzko klausulan eta I. eranskinean aurreikusitakoaren arabera.
– II. eranskinean deskribatutako programa bakoitzaren konpromiso espezifikoak betetzea.
Bosgarrena.– Donostiako Udalaren betebeharrak.
2.– Donostiako Udalaren betebeharrak dira:
– Eusko Jaurlaritzarekin koordinatzea hitzarmena gauzatzeko behar den guztian.
– Zerbitzuak eta programak diseinatzea, ebaluatzea eta sistematizatzea Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, kontuan hartuta haien diseinua, ebaluazioa eta beste udalerri batzuetara bideratzea.
– Proiektua osatzen duten zerbitzu eta programa guztiak gauzatzea, hitzarmen honetan eta Gazteen Legean aurreikusitakoaren arabera. Zehazki:
• Aurrez aurreko zerbitzua emantzipazioko online zerbitzuarekin eta espazio birtualarekin (webgunea eta APPa) konektatzen dela ziurtatzea, bai eta Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarearekin (Eusko Jaurlaritzak koordinatua) eta gazteentzako informazio-sarearekin ere. Horretarako, baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzea eta taldeen arteko lankidetza bultzatuko da, prestakuntza- eta gainbegiratze-ekintza partekatuak barne, bai eta hartzaileei eta erabiltzaileei ematen zaien arretaren koherentzia ere.
– Zerbitzu eta programa horiek gauzatzeko behar diren langileak eta ekipamenduak jartzea proiektuaren eskura, II. eranskinean zehaztutako programa-konpromiso espezifikoen arabera.
– Lankidetzan, zerbitzuen eta programen jarraipena egitea, behar bezala hedatzen eta gauzatzen direla ziurtatzeko neurri egokiak hartuz.
– Jarraipen Batzordeari beharrezko memoriak, txostenak eta dokumentuak ematea, bai eta ekintzen gastuak justifikatzea ere, hala eskatzen zaienean.
– Proiektua batera finantzatzea, bi alderdien konpromiso ekonomikoei buruzko klausulan eta I. eranskinean aurreikusitakoaren arabera.
– II. eranskinean deskribatutako programa bakoitzaren konpromiso espezifikoak betetzea.
Seigarrena.– Koordinazio eta Jarraipen Batzordea.
1.– Koordinazio eta Jarraipen Batzordea sortzen da, alderdi sinatzaileen ordezkari hauek osatua:
a) Eusko Jaurlaritzak izendatutako bi ordezkari; horietako bat batzordeburua izango da.
b) Donostiako Udalak izendatutako 2 ordezkari.
Jarraipen Batzordea sei hilean behin bilduko da, edo beharrek hala eskatzen duten guztietan.
Jarraipen Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen adituak eta teknikariak gonbidatu ahal izango ditu bileretara, aztergaiei buruzko aholkuak emateko Batzordeari.
2.– Koordinazio eta Jarraipen Batzordeak eskumen hauek izango ditu:
– Hitzarmenaren eta proiektuaren jarraipena egitea, honako alderdi hauek kontuan hartuta, besteak beste:
• helburu orokorrak eta operatiboak versus emaitzak;
• xede-biztanleria versus erabiltzaileak;
• jardueren programa eta egutegia versus programa gauzatzea;
• ezarpen-plana versus plana gauzatzea;
• beharrezko baliabideak, finantzaketa-plana, bi alderdien konpromisoak versus baliabideen erabilgarritasuna eta konpromisoak betetzea;
• gazteen komunikaziorako eta partaidetzarako aurreikusitako tresnak versus hedapena;
• aurreikusitako erakunde publiko eta pribatu laguntzaileak versus elkartuak.
– Lankidetza-espazioak proposatu eta dinamizatzea, hitzarmenaren eta proiektuaren aurreikuspenak bultzatzeko eta, azken batean, Gazteriaren Legea hedatzeko.
– Hitzarmena interpretatzean eta betetzean sortzen diren arazoak konpontzea. Era berean, hitzarmenaren edozein aldaketa proposatzea alderdi sinatzaileei.
Akordioak ordezkatutako alderdi guztien adostasunez hartuko dira. Klausula honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren II. kapituluaren 3. atalean xedatutakoaren arabera arautuko da Batzordea, funtzionamenduari eta araubide juridikoari dagokienez.
Zazpigarrena.– Konpromiso ekonomikoak.
Programa garatzeko aurreikusitako gastu-aurrekontua 315.023,65 eurokoa da, eta % 51,48 (162.183,65 euro) Donostiako Udalak finantzatuko du, eta % 48,52 (152.840 euro) Eusko Jaurlaritzak, I. eranskinean (aurrekontua) zehazten den urteko banakapenaren arabera.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Eusko Jaurlaritzak urtero transferituko dizkio Donostiako Udalari hitzartutako zenbatekoak, eta udal horrek, era berean, hitzarmen hau sinatzean bere gain hartutako betebehar ekonomikoei aurre egiteko kreditu nahikoa izango du bere aurrekontuetan.
Bi alderdiek kanpoko ekarpenak erabili ahal izango dituzte beren konpromiso ekonomikoak finantzatzeko. Ekarpen horiek ez dituzte hitzarmenaren baldintzak aldatuko proiekturen batean gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketa gertatuz gero, beste alderdiari jakinaraziko zaio eta jarraipen-batzordea bilduko da. Hitzarmena berrikusi ahal izango da, zortzigarren klausularen arabera.
Ekimenaren hurrengo izapidetzea arintzeko eta 2026ko eta 2027ko ekitaldiei dagokienez hitzarmen honetara lerro hauetan bideratutako baliabideak ahalik eta azkarren eskuragarri jarri ahal izateko, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aurreikusitakoari heltzen zaio. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautzen da. Agindu horretan, espedientea sinatu aurreko ekitaldian gauzatzeko aukera zehazten da, espedientea sinatu aurreko unera arte ondorioak izango dituena, eta horiek emateko baldintza kreditu egokia eta nahikoa egotea izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko Aurrekontu Orokorrak eta hartzen diren konpromisoak indarrean jartzen direnean.
Zortzigarrena.– Aldatzeko araubidea.
Alderdietako edozeinek edozein unetan proposatu ahal izango du hitzarmena berrikustea, egokitzat jotzen dituen aldaketak egiteko.
Klausulak berrikusiz gero, dagozkion aldaketak hitzarmenari erantsi beharko zaizkio, alderdiek sinatuko duten gehigarri baten bidez.
Bederatzigarrena.– Hitzarmena azkentzea.
1.– Hitzarmena azkendu egingo da bere xedea osatzen duten jarduerak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoi hauetakoren bat dagoenean:
a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea eta hura luzatzeko erabakirik ez hartzea.
b) Alderdi sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.
c) Alderdi sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.
Kasu horretan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahal izango dio ez-betetzea egin duen alderdiari, epe jakin batean bete ditzan bete gabekotzat jotzen diren betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimendu hori hitzarmenaren betearazpenaren jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoaren arduradunari eta gainerako alderdi sinatzaileei jakinaraziko zaie. Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak hitzarmena suntsiarazteko arrazoia jakinaraziko die alderdi sinatzaileei, eta hitzarmena suntsitutzat joko da.
d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala.
e) Parte hartzen duen alderdietako batek berariaz salatzea, indarraldia amaitu baino bi hilabete lehenago gutxienez.
Hamargarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatzen den egunetik 2027ko ekainaren 30era arte egongo da indarrean, eta bi urtez luzatu ahal izango da.
Alderdietako edozeinek salatu ahal izango du berariaz hitzarmena indarrean dagoen bitartean.
Egoitza elektronikoa, 2026ko martxoaren 12a.
Donostiako Udaleko Inklusio, Aniztasun eta Ingurumeneko zinegotzi ordezkaria,
IÑIGO GARCÍA VILLANUEVA.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS