
59. zk., 2026ko martxoaren 27a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 2 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
1353
40/2026 DEKRETUA, martxoaren 17koa, «Osasuna Sustatzeko Elkartea – Bizikletaz Adinik Ez» izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak ezartzen du onura publikokotzat aitortu ahal izango direla Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak, baldin eta, beren jardueren bidez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen betetzen badituzte eta, gainera, artikulu horretan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.
Aitorpen hori Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu bidez egiten da, Onura Publikoko Elkarteei eta horien Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren II. kapituluan arautzen den espedientea izapidetu ondoren, eta diskrezionala da, elkarte eskatzaileak garatutako helburuek eta jarduerek merezi duten balorazioaren arabera.
Ildo horretatik, 2025eko apirilaren 15ean, «Osasuna Sustatzeko Elkartea – Bizikletaz Adinik Ez» izeneko elkarteak aitorpen hori eskatu zuen, Onura Publikoko Elkarteen Babesletzari zuzendutako idazki baten bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/G/21213/2017 zenbakiarekin inskribatuta dago, 2017ko urriaren 3ko Ebazpenaren bidez.
Bere funtzioen lurralde-eremuak Gipuzkoako Lurralde Historikoa hartzen du, eta, eratu zenetik, bere helburu nagusiak lortzera zuzentzen ditu bere jarduerak eta, bereziki, adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen bizi-kalitatea eta ongizate fisikoa eta emozionala hobetzera, zahartze aktiboa, kalitatezkoa eta osasungarria sortzen lagunduz, eta, aldi berean, pertsonen arteko loturak eta ingurunearekiko kontaktua sustatzen ditu.
Elkarteak adineko pertsonak komunitatearekin konektatzea sustatzen du, eta gizarte-ehuna indartzen du, nahi ez den bakardade-egoerak arinduz eta saihestuz.
Era berean, azpimarratzekoa da boluntariotza sozialarekin duen konpromiso aktiboa, aldaketarako tresna gisa, eta herritarren parte-hartzea, komunitate inklusiboagoa eta solidarioagoa eraikitzeko, interakzio sozialeko esperientzia esanguratsuak ahalbidetuz.
Onura publikoa aitortzeko eskaerarekin bat egin dute honako erakunde hauek: Asociación de Jubilados/as y Pensionistas Egiatarra; «Gure Egunsentia», Adineko Pertsonen Elkartea; Asociación Club «Jatorra» de Jubilados; Asociación de Jubilados/as y Pensionistas Gure Babesa; San José de la Montaña Egoitza; Asociación de Familiares, Amigos y Personas con Alzheimer u otras demencias de Gipuzkoa / Gipuzkoako Senitartekoen, Lagunen eta Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten Pertsonen Elkartea «Afagi»; Jose Matía Calvo Fundazioa; Zorroaga Fundazioa; Zarauzko Udala; Donostiako Sustapena S.A. eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
Bestalde, 2026ko urtarrilaren 23an, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzak elkartea onura publikokoa dela aitortzearen aldeko txostena egin zuen, zeina eskatu baitzen gaiari buruzko eskumena duelako.
Azkenik, 2026ko otsailaren 4an, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak aldeko balorazio-txosten teknikoa eman zuen. Txosten horretan, dagozkion sailek proposatuta onura publikoa aitortu aurretik, bete beharreko lege- eta erregelamendu-eskakizun guztiak betetzen direla justifikatzen da.
Horrenbestez, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren proposamenez, bai eta Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– «Osasuna Sustatzeko Elkartea – Bizikletaz Adinik Ez» izeneko elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/G/21213/2017 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea eta aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzea.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 17an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS